Castellano | Euskara | Français | English
(2010eko 138. NAOn argitaratua, azaroaren 12an)
ZIOEN AZALPENA
Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legea apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legearen bidez aldatu da; foru lege horrek zenbait foru lege aldatzen ditu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren barne merkatuko zerbitzuei buruzko 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko.
Nafarroan merkataritza arautzen duen Foru Legearen 63. artikuluak ezartzen duenez -apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legearen idazkera oinarri hartuta-, Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Aholku Behatokia merkataritza arloko organo aholku-emailea da Foru Komunitatean eta haren osaera, antolaketa eta funtzionamendua erregelamendu bidez garatuko dira.
Halaber, artikulu horrek ezartzen du Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Aholku Behatokian behar bezalako ordezkaritza izanen dutela Foru Komunitatean sektore horrekin lotura duten agente ekonomiko eta sozial esanguratsuenek, besteak beste, honako hauek: Nafarroako Merkataritza eta Industriako Ganbera, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Nafarroako Merkatarien Elkarteen Federazioa, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa, kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteak, eta sektorearekin lotura duten erakunde sindikal eta enpresarialak.
Adierazitakoarekin bat, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak eskaturik, eta Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin eta Nafarroako Gobernuak 2010eko urriaren hogeita bederatziko bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:
1. artikulua. Xedea.
Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Aholku Behatokiaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea. Erakunde hori merkataritza arloko organo aholku-emailea da Foru Komunitatean.
2. artikulua. Kideak eta osaera.
1. Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Aholku Behatokiak kide hauek izanen ditu:
a) Merkataritza arloan eskumena duen departamentuko titularra; lehendakaria izanen da.
b) Honako arlo hauetan eskumena duten Nafarroako Gobernuko departamentu bakoitzeko pertsona bat: ekonomia eta ogasuna, toki administrazioa, lurraldearen antolamendua, kontsumo eta turismoa.
c) Merkataritza arloan eskumena duen zuzendari nagusia.
d) Merkataritza arloan eskumena duen zerbitzuko zuzendaria.
e) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatzen dituen hiru ordezkari.
f) Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak izendatzen dituen bi ordezkari.
g) Nafarroako Merkatarien Elkarteen Federazioak izendatzen dituen hiru ordezkari.
h) Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak izendatzen dituen bi ordezkari.
i) Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteetako bi ordezkari, merkataritza arloan eskumena duen kontseilariak izendatuak, elkarteek proposatutako hautagaien artetik.
j) Merkataritza sektorearekin zerikusia duten erakunde sindikaletako hiru ordezkari, merkataritza arloan eskumena duen kontseilariak izendatuak, erakunde horiek proposatutako hautagaien artetik.
k) Merkataritza sektorearekin zerikusia duten eta Nafarroa osoan diharduten enpresa erakundeetako hiru ordezkari, merkataritza arloan eskumena duen kontseilariak izendatuak, erakunde horiek proposatutako hautagaien artetik.
2. Merkataritza arloan eskumena duen kontseilariak izendatutako Administrazio Publikoko (Arlo juridikoa) teknikari bat arituko da Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Aholku Behatokiko idazkari lanetan. Horretaz gainera, haren ordezkoa izendatuko du.
3. artikulua. Antolaketa eta funtzionamendua.
1. Organoaren osaera lehen deialdian baliozkoa izan dadin, honako quorum hau beharko da: lehendakaria, idazkaria eta, gutxienez ere, kideen erdiak. Bigarren deialdian, aski izanen da lehendakaria, idazkaria eta behatokiko kideetako bi egotea.
2. Lehendakariaren kargua hutsik bada, edo hura ez badago edo eri bada, merkataritza arloan eskumena duen zuzendari nagusiak ordeztuko du.
3. Erabakiak botoen gehiengo sinplez hartuko dira, eta lehendakariak kalitateko botoa izanen du.
Xedapen iragankor bakarra. Ordezkariak izendatzea.
1. Foru dekretu honek indarra hartu eta hilabeteko epean, 2. artikuluko b), e), f), g) eta h) letretan aipatzen diren erakundeek merkataritza arloan eskumena duen departamentuari jakinaraziko diote nortzuk izendatu dituzten Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Aholku Behatokian ordezkari izateko. Epe bera izanen dute i), j) eta k) letretan aipatzen diren erakundeek beren hautagaiak izendatzeko.
2. Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Aholku Behatokia osatzen duten erakundeek behatokian izanen dituzten ordezkariak izendatzen ez dituzten bitartean, Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Aholku Kontseiluan ordezkari aritzeko izendatutakoek beteko dute lan hori.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Aholku Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen uztailaren 22ko 174/2002 Foru Dekretua.
Azken xedapenetan lehena. Garatzeko gaikuntza.
Merkataritza arloan eskumena duen kontseilariari baimena ematen zaio foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak oro eman ditzan.
Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.