Castellano | Euskara | Français | English
(2013ko 203. NAOn argitaratua, urriaren 21ean)
Atarikoa
2010eko abenduaren 17an, Nafarroako Gobernuaren, Nafarroan den Gobernu Ordezkaritzaren, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren (Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia ordezkatuz), Nafarroako Fiskaltza Nagusiaren eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkariek erakunde arteko akordio bat izenpetu zuten emakumeen aurkako indarkerian arreta eta prebentzioa benetan koordinatzeko.
Akordio horrek emakumeen aurkako indarkeria prebenitzen eta haren ondoriozko biktimak laguntzen ari diren erakundeen arteko ahalik eta koordinaziorik onena lortzea du helburu; orobat, jarduketarako jarraibide homogeneoak ezartzea Nafarroako Foru Komunitate guztian, kalitatezko arreta bermatua izan dadin osasun, polizia, epaiketa eta gizarte arloan, baita prebentzio lana ere hezkuntza eta sentsibilizazio neurrien bidez.
Batzorde Iraunkorrak, erakunde arteko akordioan erabakiak hartzeko kide anitzeko organo gisa, 2013ko ekainaren 25ean, jarduketa protokolo bat onetsi zuen emakumezkoen mutilazio genitalaren aurreko prebentzio eta jarduketa arloan, generoko indarkeriaren biktima diren emakumeenganako babesarekin eta arretarekin loturiko hainbat jarduketa eremutako profesionalentzat.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz, agindu dut:
1. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
Foru agindu honen eranskina, “Nafarroan emakumezkoen mutilazio genitalaren aurreko prebentzio eta jarduketarako protokoloa” jasotzen duena, interesdunen eskura egonen da Nafarroako Gobernuaren web orri honetan:
http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/8346E44F-1C60-4850-AAC8-7934034AB5C6/257636/Protocolo25junio.pdf.