Castellano | Euskara | Français | English
(2002ko 154. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 23an)
Atarikoa
Abenduaren 18ko 265/1985 Errege Dekretuak, nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloko zerbitzuak Estatuko Administrazioaren eskutik Nafarroako Foru Komunitatera aldatzen dituenak, E eranskineko 2. puntuan, g letran, aipatzen ditu gune zoologikoen baimena, kalifikazioa eta erregistroa, baita haien kontrol zoosanitarioa ere.
Halaber, Kontseiluaren 1999ko martxoaren 29ko 1999/22/CE zuzentarauak, basa-animaliak parke zoologikoetan izateari buruzkoak, parke horiek bete beharreko baldintza orokorrak ezartzen ditu administrazioaren baimena eskuratzeko.
Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak, besteak beste, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren esku uzten ditu gune zoologikoak baimendu, kalifikatu, erregistratu eta haien kontrol zoosanitarioa egiteko eskumenak, animalien osasunetik eta azienden babesetik begiratuta.
Gune zoologikoen ezaugarriak eta abeltegienak desberdinak dira, zein animaliaz osatzen ahal diren ikusita; beraz, lehen adierazitako xedapenei jarraituz, beharrezkoa da haiek baimentzeko baldintzak eta mantentzeko beharkizunak ezartzea. Hori guztia, apirilaren 29ko 196/1996 Foru Dekretuak, abereen babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea garatuz, Nafarroako Gobernuko beste Departamentuen gain utzitako eskumenak ukatu gabe.
Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Abereen osasun kontrolaren ikuspegitik, Foru Agindu honetan xedatutakoak arautuko du nola baimendu, erregistratu eta kontrolatu behar diren Nafarroako Foru Komunitatean diharduten gune zoologikoak, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuaren ardura izanen da.
2. artikulua. Gune zoologikoak.
Foru Agindu honen ondorioetarako, "gune zoologikoak" dira animalien bilduma zoologikoak dituzten zentro edo establezimenduak, animaliak bertakoak edo kanpokoak izan, helburuak zientifikoak, kulturalak, jostetakoak, merkataritzakoak edo animalien ugaltze, berreskuratze eta kontserbazioari lotuak egon. Parke edo lorategi zoologikoak, zoosafariak eta erreserba zoologikoak edo animalien bankuak, bilduma zoologiko pribatuak eta beste elkarte zoologiko batzuk hartzen ditu.
Baztertuta daude, espresuki, apirilaren 29ko 196/1996 Foru Dekretuaren bidez Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren esku dauden instalazio eta jarduerak.
3. artikulua. Familiako animaliak edukitzea.
Familian lagun egiteko animaliak, bertakoak nahiz kanpokoak, badira, ez da Foru Agindu hau bete beharko.
Dena dela, familian lagun egiteko diren animalien jabeek Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, osasunaren babesgarri, oro har eskatzen dituen xedapen zoosanitarioak bete beharko dituzte.
4. artikulua. Gune zoologikoek bete beharreko baldintza zoosanitarioak.
Gune zoologikoek baldintza zoosanitario hauek beharko dituzte bete, gutxienez:
a) Behar bezala isolatutako tokia, kanpoko animaliarik sar ez dadin, ezta gune zoologikokorik atera ere.
b) Ingurune higienikoa sortu, animaliak arriskuetatik babestu eta zeregin zoosanitarioetan lagunduko duten eraikin, instalazio eta ekipoak.
c) Espeziearen portaera naturala eta ongizatea bideratuko duten instalazioak eta maneiua.
d) Edateko ura izatea.
e) Gorotza eta hondakin ura ezabatzeko metodo eraginkorra izatea; horretarako, haiek kudeatu edo ezabatzeko plana aurkeztu beharko da.
f) Aise garbitu eta desinfektatzen ahal diren barrunbe, lokal edo kaiolak izatea, gaitzak direla-eta animaliak isolatu, bahitu edo aztertzeko identifikatu eta kontrolatu behar direnean.
g) Baimendutako metodoa izatea animalien gorpuak modu higienikoan desegin edo deuseztatzeko.
h) Animalien higiene, profilaxi eta maneiurako programa zehaztua.
i) Arduradun tekniko albaitaria izatea.
5. artikulua. Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroa.
Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroa sortu da eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuaren esku utzi haren kudeaketa.
6. artikulua. Erregistroan inskribatzeko eskaera.
Gune zoologikoaren titularrak edo bere ordezkari legalak aurkeztuko ditu eskaerak Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan inskribatzeko; Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentura igorriko dira eta dokumentazio hau erantsiko zaie:
a) Sozietatearen izena.
b) Datu hauek jasoko dituen dokumentazioa: txosten deskriptiboa, kokaeraren plano edo krokisak -hartzen dituen poligonoa eta lurzatiak aipatuz-, eraikinak, instalazioak, gelak, sarbideak eta baliabide materialak nola dauden banatuta eta zein ezaugarri tekniko dituzten.
c) Txosten teknikoa, Foru Agindu honen 4. artikuluan zehaztutako eskakizun zoosanitarioak kontuan hartzen dituena, eta gune zoologikoa osatzen duten espezieen zerrenda eta animalien kopurua.
d) Albaitaritza zerbitzu baten laguntza tekniko-sanitarioa badela frogatzea.
e) Udalaren irekitze lizentzia.
7. artikulua. Erregistroan inskribatzea.
Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren bitartez jakinaraziko da Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan egindako inskripzioa, Abeltzaintza Zerbitzuak instalazioak eta aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren.
8. artikulua. Erregistro Liburua.
Irekitzeko baimena emanik, gune zoologikoek erregistro liburu bat beharko dute izan, uneoro albaitaritza zerbitzu ofizialen eskura egonen dena. Honako hauek jasoko ditu:
a) Eskuratutako animaliak nongoak diren eta noiz eman zaien sarrera edo alta, haien kopurua eta espeziea zehaztuta, baita identifikazio banan-banakoa edo kolektiboa ere, baldin badute.
b) Noiz eman zaien irteera edo baja animaliei, egunak adierazita, baita eskuratu dituenaren datu pertsonalak ere.
c) Osasun dokumentazioaren kopia edo gordekina, lekuz aldatzeko baimena ematen duten gida-orriak eta animaliak legez eskuratzeko babesa ematen duen nazioko dokumentazioa edo nazioartekoa.
9. artikulua. Osasun Tratamenduaren Liburua.
Gune zoologikoek Osasun Tratamenduen Liburua izan beharko dute, Abere Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera egindako txerto eta tratamendu sanitarioak jasoko dituena.
10. artikulua. Espezie babestuak.
Gune zoologikoetan espezie babestuko animaliarik izatera, organo eskudunaren baimen ofiziala badela dioen dokumentazioa izan beharko da, nahitaez. Orobat, erosketaren ordainagiria edo animalia eskuratu dela frogatzen duen agiria.
Beste herri batzuetako animaliak badira, jatorrizko herrialdeko osasun arloko agintariek emandako dokumentazioa erantsiko zaio eta, behar izanez gero, kanpoko osasun arloan eskumena duen organoko albaitaritza zerbitzuek emandako baimena.
Basa Fauna eta Florako Espezie Mehatxatuen Nazioarteko Itunaren (C.I.T.E.S.) eranskinetan eta (EEE) 3626/1982 Erregelamenduarenean sartutako espezie mehatxatuak badira, beti izan beharko dute C.I.T.E.S. dokumentazioa, animalia legearen arabera eskuratu eta edukitzen dela frogatzen duena.
11. artikulua. Etxeko espezieak.
Gune zoologikoan etxeko espezieetako animaliarik izanez gero, arauak bete beharko dituzte animalien identifikazio, osasun eta ongizateari dagokienez, baita bete behar duten beste edozein ere. Eritasunak kutsa ez daitezen, gune zoologikoko animaliak ezin dira berriz abeltegietara itzuli.
12. artikulua. Jarraipen txostena.
Gune zoologikoko osasunaren ardura duen albaitariak seihilekoan behin igorriko du txosten bat Abeltzaintza Zerbitzura, non atzemandako eritasunak, hartutako aurreneurriak eta sendatzeko egindako tratamenduak adieraziko baitira; orobat, animaliak beren behar fisiologiko eta etologikoen arabera erabiltzen diren edo ez. Horretaz gain, berehala jakinarazi beharko zaie albaitaritza zerbitzu ofizialei edozein eritasun, legeriaren arabera nahitaez deklaratu beharrekoa bada.
13. artikulua. Animalia haragijaleak.
Gune zoologikoan animalia haragijaleak daudenean, animaliak hil eta txikitzeko eta haien produktuak merkaturatzeko baimena duten zentroetatik aterako dira haiei jaten emateko okela eta hondakinak.
14. artikulua. Egiaztatze lana eta ikuskapenak.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Albaitaritza Zerbitzuek egiaztatuko dituzte Foru Agindu honetan eskatutako baldintzak, ezarrita dauden beste batzuk edo ezartzen ahal direnak, eta osasun programak begiratu eta kontrolatuko. Horretarako, animaliak ustiatzearekin zerikusia duten geletan sartzen utziko zaie albaitaritza zerbitzuei eta nahitaezko erregistro liburuak ikusten. Uneoro utziko da ikuskapen lana egiten.
15. artikulua. Jarduera jakinaraztea.
Gune zoologikoak behartuta daude Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari edozein aldaketaren berri ematera, jarduera handitu, lekuz aldatu, titularra aldatu edo jarduera uzten bada, baita animalien higiene eta osasun baldintzetan eragina duten aldaketak eginez gero, edo beste albaitari batek gunearen ardura hartuz gero ere.
Xedapen Iragankor Bakarra
Foru Agindu honek indarra hartzen duenean lehendik dauden gune zoologikoek Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan inskribatzeko eskaera egin beharko dute eta, horretarako, 6. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztuko dute sei hilabetean, luze jota.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.