Castellano | Euskara | Français | English
(2014ko 158. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 13an)
Atarikoa
Ezka eta Binies ibaiak izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, Izabako, Urzainkiko, Erronkariko, Bidankozeko eta Burgiko udal mugapeetan. Gune horretan Nafarroako aniztasun biologikoaren adierazgarriak diren habitat naturalak eta basa flora eta fauna daude; gainera, zenbait kasutan horiek galzorian daude haien banaketa naturaleko eremuan, edo banaketa naturaleko azalera murritza daukate, bai atzera egin dutelako bai berez eremu murritza dutelako. Horregatik, eremu batzuk hautatu behar dira, non bermatuko baita habitat natural eta basa espezie horiek epe luzean iraunen dutela, kudeaketa aktibo eta prebentiborako sistema eraginkor eta eragingarrien bidez.
Habitat natural nahiz espezie horietako batzuk sarturik daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan, edo Basa hegaztiak kontserbatzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/147/EE Zuzentarauan. Horrenbestez, balio handia dute ez bakarrik Foru Komunitatean, baita Europar Batasunean ere. Bi zuzentarau horiek dira Europar Batasunak naturaren kontserbazioaren arloan duen tresna nagusia. Horretarako, lekuen sare ekologiko bat sortu zen, Natura 2000 Sarea, non Batasunaren interesekotzat hartu diren basa florako eta faunako espezie eta habitat natural guztien adierazgarriak lehengoratu edo egoki kontserbatu behar baitira.
92/43/EEE Zuzentaraua abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren bidez sartu zen Espainiako ordenamendu juridikoan.
Zuzentarauak irizpide zientifiko batzuk eta egutegi bat ezarri zituen Natura 2000 Sarea eratzeko. 4. artikuluaren arabera, Europar Batasuneko estatuek lekuen zerrenda bat proposatu behar diote Batzordeari, eta adierazi leku bakoitzean dauden natur habitat motak eta Batasunaren intereseko espezieak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Gobernuak 2000ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen ahal diren lekuen zerrenda behin-behinekoz onetsi zuen, gero Natura 2000 Europako sare ekologikoan sar zitezen. Horien artean, "Ezka eta Binies ibaiak" izeneko ES22000027 gunea dago.
Batasunaren Garrantzizko Leku gisa onetsirik, Europar Batasuneko estatuak ahalik eta lasterren deklaratu behar du Kontserbazio Bereziko Eremu, gehienez ere sei urteko epean. Horretarako, kudeaketa plan baten bidez, behar diren kontserbazio neurriak ezarri behar dira, Batasunaren Garrantzizko Leku izatearen arrazoi diren natur habitatak eta espezieen populazioak kontserbazio-egoera onean mantentzeko, edo egoera hori berriz ezartzeko.
2003ko abenduaren 22ko 2004/69/EE Erabakiaren bidez, Europako Batzordeak eskualde biogeografiko alpinoaren barreneko Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda onetsi zuen, eta 2006ko uztailaren 19ko 2006/6013/EE Erabakiaren bidez, berriz, eskualde biogeografiko mediterraneoarena. Horrenbestez, Europako zuzentaraua aplikatzearen ondorioetarako, kontserbazio bereziko eremu izendatuko dira leku horiek. "Ezka eta Binies ibaiak" izeneko Lekua bi zerrendetan ageri da.
"Ezka eta Binies ibaiak" gunerako Kudeaketa Plana Europar Batasuneko araudiaren betebeharrekin bat prestatu da, eta, beraz, bertan jaso dira Lekuan dauden habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei dagozkien ekintza, neurri eta jarraibideak, aipatutako 92/43/EEE Zuzentarauan biltzen direnak.
Hori dela eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak proposaturik, 2014ko uztailaren 2an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, Nafarroako Gobernuak, dekretatu dut:
1. artikulua. Xedea.
Foru dekretu honen xedea hauxe da:
1. Batasunaren Garrantzizko ES2200027 Lekua, "Ezka eta Binies ibaiak" izenekoa, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea.
2. "Ezka eta Binies ibaiak" izeneko ES2200027 Kontserbazio Bereziko Eremuaren kudeaketa plana onestea. Foru dekretu honi erantsi zaio.
2. artikulua. Planaren aplikazio eremua eta lurralde mugaketa.
"Ezka eta Binies ibaiak" izeneko gunea Nafarroako ipar-mendebaldeko muturrean dago, eta 288,67 hektareako azalera dauka.
Hona hemen haren lurralde mugak:
Trazadura linealari jarraituz, lekuko goiko muturra Belaguako lautadatik doa, Aztaparreta erreka-zuloan eta Belagua ibaian barna, Uztarroze ibaiarekin bat egiten duen puntura arte. Handik, muga Ezka ibaian behera doa, Salbaterra Ezkako mugaraino (Zaragozako probintzia). Eremuak Binies ibaia ere hartzen du, Olaberria erreka-zulotik (Bidankoze) Ezka ibaian bat egiten duen puntura arte (Burgiko mugapean).
Foru dekretu honek onetsitako planaren aplikazio eremuaren mugaketa ofiziala bertan jaso den kartografiak ezarri du.
Nafarroako Onura Publikoko Mendien (OPM) Katalogoa onetsi duen Nafarroako Gobernu Zibilaren 1912ko maiatzaren 14ko Zirkularraren arabera, eremu horrek 49., 50., 128., 129., 189., 190., 198. eta 203. zenbakietako OPMak ukitzen ditu, 58,22 ha-ko azaleran.
3. artikulua. Zuzendaritza Batzordea.
1. Zuzendaritza Batzorde bat sortzen da “Ezka eta Binies ibaiak” gunearen kontserbazioa kudeatzeko kontsultarako eta partaidetzarako organoa izateko asmoz. Kudeaketa Planaren aplikazio esparruko eragileek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ordezkariek osatuko dute.
2. Zuzendaritza Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Kudeaketa planean jasotako neurriak bete daitezela sustatzea. Aurreikusitako egutegia betetzen saiatuko da eta planaren neurriak aplikatzeko ahalmena duten eskualdeko eragile guztien lankidetza eta koordinazioa bultzatuko du.
b) Planaren lan-programa dauden aukeretara egokitzea, Planaren neurriak ahalik eta errazen eta modurik eraginkorrenean aplikatzen direla errazteko.
c) Proposamenak egitea Planean ezarritako ekintzak eraginkorragoak izan daitezen, aurreikusitako helburuak betetzeari begira.
d) Foru Komunitateko Administrazioari adieraztea Kudeaketa Planaren garapena baldintza dezaketen ekintzak edo mehatxuak.
e) Planaren betetze-maila aldian behin ebaluatzea, eta entitate, administrazio eta organo eskudunei eskatzea neurriak garatzeko behar diren konpromisoak bete ditzatela.
f) Natur baliabideen azterketa eta ikerketa bultzatzea, baita gizarteak baliabide horiek ezagut ditzala eta haiekin goza dadila ere, betiere haien balioekiko errespetua eta ingurumen hezkuntza sustatuz.
Lehen Xedapen Gehigarria. Gaikuntza Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematen zaio behar diren tramiteak egin ditzan foru dekretu hau eta, bidezkoa bada, plana aplikatzeko behar den kostu ekonomikoaren kalkuluak Europar Batzordeari igortzeko, Habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko maiatzaren 21eko Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Lotutako araudia.
1. Burgiko arroilako natur erreserbari dagokionez (NE-18), hein batean "Ezka eta Binies ibaiak" lekuan sartutako espazioa baita, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean eta Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko da.
2. Leku honen barrenean, onura publikoko mendi gisa katalogatutako eremuan, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Azken Xedapenetako Lehena. Kudeaketa Planaren indarraldia.
1. Hauxe da foru dekretu honen bidez onesten den Kudeaketa Planaren indarraldia:
a) Mugagabea, funtsezko elementuei, azken helburuei, arauei eta jarraibideei dagokienez.
b) 10 urtekoa, espero diren emaitzei eta jarduketei (neurriak) dagokienez. Epe hori bukatutakoan, plana berraztertuko da.
2. Hala ere, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak uste baldin badu planean aurreikusirik ez zegoen funtsezko gorabeheraren bat gertatu dela, gunearen balioen zainketan eragina izan dezakeena, plana berraztertzen edo aldatzen ahalko da.
3. Kudeaketa Plana ukitzen ahal duen edozein aldaketa edo berrikuspen foru dekretu bidez onetsi beharko da.
Azken Xedapenetako Bigarrena. Beste plan batzuekiko erlazioa.
1. Foru dekretu honek onesten duen plana bat etorriko da aniztasun biologikoaren kontserbazioari buruz ezartzen diren maila goragoko planekin, eta, zehazki, Nafarroako Naturgune Babestuen Sarerako jarduketa-ildo orokorrak finkatzeko onesten direnekin.
2. Dena dela, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, kudeaketa plan honetako zehaztapenak zuzenean aplikatu beharrekoak dira, eta tokiko entitateen hirigintzako udal planeamenduan sartuko dira, planeamendua egitean edo berraztertzen denean. Hori horrela, oraingo lurralde antolamendurako edo antolamendu fisikorako tresnak, kudeaketa plan honen aurkakoak badira, egokitu beharko dira, lehenbizikoz aldatzen edo berrikusten direnean.
Azken Xedapenetako Hirugarrena. Garatzeko gaikuntza.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Azken Xedapenetako Laugarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
ERANSKINA. "Ezka eta Binies ibaiak" izeneko ES2200027 Kontserbazio Bereziko Eremuaren kudeaketa plana
Aurkibidea
I.–Planaren helburua.
II.–Kontserbatu beharreko balio naturalak.
III.–Planaren azken helburuak.
IV.–Planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak.
V.–Araudia.
VI.–Kudeaketarako jarraibide edo orientazioak.
VII.–Jarduketak.
VIII.–Kudeaketa planaren finantzaketa.
IX.–Mugak.
X.–Jarraipen-programa.
XI.–Mugaketa-mapa eta barnean dauden entitateak.
I.–Planaren helburua.
Plan honen helburua da behar diren neurri aktiboak eta prebentzio neurriak ezartzea hurrengo atalean adieraziko diren habitat naturalak, espezieak, prozesu ekologikoak eta osagai natural eta kulturalak kontserbazio-egoera onean mantentzeko edo egoera onera berriz ekartzeko (kasua zein den).
Kudeaketa plan honen arabera hartzen diren neurrien azken helburua da gunearen osotasun ekologikoa bermatzea eta Nafarroako Natura 2000 Sareari koherentzia ematen laguntzea. Kontserbazio Bereziko Eremua ukitzen ahal duen beste edozein plan, programa edo proiektuk bat etorri beharko du helburu horrekin.
Hala ere, plan honen bidez hartzen diren neurriek eta haren ondoriozkoek kontuan hartuko dituzte betebehar ekonomiko, sozial eta kulturalak, eta, ahal den neurrian, saiatuko dira bateragarri egiten gaur egungo erabilera eta aprobetxamenduak eta gizartearen eskari berriek ekar ditzaketenak, hala nola, aisialdia, ingurumeneko hezkuntza eta ikerketa. Era berean, eremu hau babesteko arrazoi diren balioak galtzea ekar dezaketen aldaketak saihestuko dira.
II.–Kontserbatu beharreko balio naturalak.
Leku honek ibaiei lotutako habitaten azalera handia dauka. Ibai-ertzeko eremuek osatzen dute lurraldearen %40 baino gehiago: "zuhaixkako sahastiak" eta "lizardi piriniotarrak" batik bat. Lehenak nabarmentzen dira habitatei buruzko zuzentarauan Batasunaren intereseko habitat gisa hartuta egoteagatik, bai eta ugariak izateagatik eta ongi kontserbatuta egoteagatik ere. Ezka eta Binies ibaietako sahastiek Nafarroako ibai kantauriar-piriniotarretako zuhaixken %33 baino gehiago osatzen dute.
Eremu honek tamaina handiko bi tufarri ditu, Nafarroako handienak. Tufarri horiek Batasunaren intereseko habitat gisa hartzen ditu habitatei buruzko zuzentarauak.
Lekuak, Burgiko arroilan, "ezpeldi iraunkorrak" ditu, baita, mosaiko moduan, "artadi submediterraneoak", "mendiko baso mistoak" edo "pagadi basofilo eta xerofilo prepiriniotarrak" ere. Kareharrizko ezproietan, zuhaizti horiek sabina feniziarraren presentziarekin aberasten dira (Juniperus phoenicea), eta horma bertikaletan, hegalkinetan, zenbait landare harkaiztar daude, hala nola Saxifraga longifolia, S. losana, Petrocoptis hispanica edo Valeriana longiflora.
Eremuko ipar-ekialdeko muturrean, Belagua ibaia, tarte batean, ibai ohe glaziar baten gainetik doa, morfologia kordatuko ibilgu aktiboa edukita. Bereizgarritasun hidrologikoa da hori, Nafarroan metaketa glaziarren gainetik doan tarte kordatu bakarra baita. Ibai ohe horretako legarretan Campanulla speciosa aurkitu da, Pirinioetako endemismo bat, Nafarroan oso urria dena.
Faunaren aldetik, zainketa bereziko eremuan aipatzen diren espezierik aipagarrienak igaraba (Lutra lutra) eta Pirinioetako desmana (Galemys pyrenaicus) dira. Biak sartuta daude habitatei buruzko zuzentarauan. KBEan dauden intereseko faunako beste bi espezie martin arrantzalea (Alcedo atthis) eta ur-zozoa (Cinclus cinclus) dira, biak Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartuak, eta gainera, lehenbizikoa hegaztiei buruzko zuzentarauaren I. eranskinean ere badago. Anfibioen artean, uhandre piriniotarra (Euproctus asper) eta igel piriniotarra (Rana pyrenaica) dira nabarmenak. Biak Nafarroan katalogatuak dira eta, gainera, lehendabizikoa habitatei buruzko zuzentarauaren IV. eranskinean dago sartuta.
Nafarroako ibai gehienetan ez bezala, aipagarria da Ezka eta Binies ibaietan taxon aloktonorik ez izatea. Azpimarratzekoa da loinaren presentzia (Chondrostoma miegii), habitatei buruzko zuzentarauan sartutako espezie bat. Barbo buztangorria (Barbus haasi), bertan ere badagoena, urritzat hartzen da Penintsularen mailan.
Aurreko balioak kontuan hartuta, habitat batzuk eta KBE honetan dauden edo egon litezkeen flora eta faunako espezie batzuk hautatu dira, lurraldearen adierazgarri diren balio natural guztiak ordezkatzen dituztenak. Habitat eta espezie horiei "funtsezko elementu" esaten zaie. Izan ere, KBEaren kontserbazio "aktiboa" oinarritzeko ardatz gisa erabiltzen dira. Hori horrela, funtsezko elementu guzti-guztietarako proposatutako helburuetatik abiaturik, gaur egungo kontserbazio-egoera baldintzatzen duten faktoreak aztertu ondoren, arauak, kudeaketako jarraibideak eta jarduketak proposatu dira, KBE osoaren balio naturalak mantentzeko eta hobetzeko aukera ematen dutenak.
Hona hemen KBEa kudeatzeko "funtsezko elementuak":
1.–Belagua ibaiko ibilgu kordatua.
2.–Ibai korridorea.
3.–Ibai habitatak.
4.–Tufarriak.
5.–Arrainak: loina.
6.–Igaraba arrunta eta Pirinioetako desmana.
Gainera, lan-arlo hau zehaztu da:
–A. Erabilera publikoa.
III.–Planaren azken helburuak.
Kudeaketak, aurreko atalean aipatutako funtsezko elementu guztien kontserbazio-egoera ona ahalik eta lasterren lortzeko, bilatu behar dituen xede edo helmugak dira azken helburuak.
1.–Belagua ibaiko ibilgu kordatua.
1.1. Azken helburua: Belagua ibaiko ibilgu kordatuaren kontserbazioa bermatzea.
2.–Ibai korridorea.
2.1. Azken helburua: ibai korridorearen egoera ekologiko ona bermatzea.
3.–Ibai habitatak.
3.1. Azken helburua: ibai habitaten kontserbazioa lortzea eta ibaien mosaikoko heterogeneotasuna hobetzea.
4.–Tufarriak.
4.1. Azken helburua: tufarrien kontserbazio egoera ona mantentzea.
5.–Arrainak: loina.
5.1. Azken helburua: arrain autoktonoen populazioaren kontserbazioa bermatzea.
6.–Igaraba arrunta eta Pirinioetako desmana.
6.1. Azken helburua: igaraba arruntaren eta Pirinioetako desmanaren presentzia bermatzea.
–A. Erabilera publikoa.
A.1. Azken helburua: bertakoek eta bisitariek tokia hobeki ezagutzea eta aintzat hartzea.
IV.–Planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak.
Gerta liteke ezinezkoa izatea planaren azken helburuak edo helmugak lortzea haren indarraldiaren bitartean, arrazoi ekologiko, sozial edo ekonomikoengatik. Horregatik, indarraldi horretan planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak zehazten dira. Emaitza horiek proposatu diren azken helburuak lortzen lagundu behar dute. Hona hemen, bada, espero diren emaitzak funtsezko elementuei eta azken helburuei emandako zenbakien arabera:
1.–Belagua ibaiko ibilgu kordatua.
1.1.1. Helburu operatiboa: Belagua ibaiko ibilgu kordatua zaintzea.
2.–Ibai korridorea.
2.1.1. Helburu operatiboa: ibai bazterretan landaredi naturaleko zerrenda bat berreskuratu eta ezartzea, funtzionaltasun ekologikoa duena.
2.1.2. Helburu operatiboa: ibai korridorearen irazkortasuna hobetzea arrainentzat.
2.1.3. Helburu operatiboa: uren kalitate ona mantentzea.
2.1.4. Helburu operatiboa: ur emari naturalak bermatzea (solidoak eta likidoak).
2.1.5. Helburu operatiboa: hegaztiek linea elektrikoen kontra jotzearen eta haietan elektrokutatzearen kasuak gutxitzea.
3.–Ibai habitatak.
3.1.1. Helburu operatiboa: ibaietako habitatek okupatutako eremua kontserbatu eta handitzea.
3.1.2. Helburu operatiboa: ibaietako habitatei loturiko intereseko faunaren espezie batzuk hobeki ezagutzea.
4.–Tufarriak.
4.1.1. Helburu operatiboa: tufarriak kontserbatzea.
5.–Arrainak: loina.
5.1.1. Helburu operatiboa: loinaren populazioen egoera ezagutzea.
5.1.2. Helburu operatiboa: arrainen habitataren egoera hobetzea.
6.–Igaraba arrunta eta Pirinioetako desmana.
6.1.1. Helburu operatiboa: igaraba arruntaren eta Pirinioetako desmanaren eboluzioa ezagutzea.
6.1.2. Helburu operatiboa: igaraba arruntak eta Pirinioetako desmanak habitatean behar dituzten baldintzak hobetzea.
–A. Erabilera publikoa.
A.1.1. Helburu operatiboa: lekuaren balio ekologikoei buruzko informazio eta sentsibilizazio ekintzak gauzatzea.
V.–Araudia.
–Araudi orokorra:
1. Baso-zoruan egin nahi den edozein jarduketa otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatutako Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen bidez arautuko da. Foru lege horren arabera, mendi katalogatuetan onura publikoko mendiaren edo mendi babeslearen izaerarekin bateragarriak diren jarduerak baino ez dira baimenduko.
2. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menpe egonen dira haren eranskinetan ageri diren titulartasun publiko nahiz pribatuko plan, programa, proiektu eta jarduerak, haiek sortu, abian jarri edo gauzatzearen ondorioz ingurumenaren baldintzak aldatzen ahal dituztenak, edo ingurumenari, pertsonen osasunari edo segurtasunari eta haien ondasunei kalte eragiten ahal dietenak.
3. Ematen diren baimen guztietan bermatuko da Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean ezarritakoa betetzen dela eta ez direla ukitzen Batasunaren intereseko animalia eta landare espezieak, ez haien habitatak, ezta Kontserbazio Bereziko Eremua kontserbatzeko garrantzi handia duten paisaiako elementuak ere.
4. Ematen diren baimen guztietan bermatuko da honako arau hauetan ezarritakoa beteko dela: batetik, Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea, eta bestetik, otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretua, babes bereziko araubidea duten basa espezieen zerrenda eta espezie mehatxatuen Espainiako katalogoa garatzekoa.
5. Urei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoa aplikatu beharko da, baita obra hidraulikoen arloko zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeko azaroaren 18ko 1391/1988 Errege Dekretuan ezarritakoa ere.
–Berariazko araudia:
1.–Burgiko arroilako natur erreserba (NE-18).
1.1. Burgiko arroilako natur erreserban (NE-18) egiten diren jarduera edo jarduketa guztiak Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean eta Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko dira.
2.–Ibai tarteak.
2.1. Emarien erregimena uren gaineko araudiaren eta kontzesioaren araberakoa dela bermatuko da, habitaten eta espezieen kontserbazioa bermatzeko.
2.2. Ez da onartuko azaleko uren erregimen naturala aldatzea dakarren jarduketa edo proiekturik, salbu eta herriak hornitzeko edo nekazaritzako eta abeltzaintzako erabileretarako ezinbestekoak direnak.
2.3. Ibilguaren alterazio morfologikoa dakarten jarduketak ez dira onartuko, salbu eta tartean giza-osasunari, segurtasun publikoari edo natur balioen kontserbazioari lotutako arrazoiak badaude.
2.4. Ibaien ibilguekin muga egiten duten eremuetarako proiektu publikoetan eta haien erabilera eta aprobetxamendu berrietan, gutxienez zabal izanen den babes zerrenda etengabe bat utziko da ibilguaren ondoan, ibai bazterreko formazio naturalak sor daitezen.
2.5. Ibaiaren ibilguaren ondoan zuhaitzak botaz gero (arraseko mozketak), gutxienez zabal izanen den zerrenda bat errekuperatuko da ibilguaren ondoan, eskualdeko landare espezie naturalekin.
2.6. Debeku da urak kutsatzeko edo tokia degradatzeko arriskua ekar dezaketen hondakin solidoak, obra-hondakinak edo substantziak uztea ibaian.
2.7. Lekuaren mugetan jartzen diren itxituretan, behar diren neurriak hartuko dira basa-ornodunen mugimenduak eta hedapena bermatzeko eta itxituren eraginezko heriotzak saihesteko. Instalazioak 5 metroko zortasuna errespetatu beharko du kasu guztietan.
2.8. Ibaien habitatak ukitzen dituzten erabilera eta jarduketetan, habitat horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira, salbu eta tartean giza-osasunari eta segurtasun publikoari lotutako arrazoiak badaude.
2.9. Tobetan eta haien elikadura hidrikoko eremuetan egiten diren erabilera eta aprobetxamenduetan, habitat horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira, salbu eta tartean giza-osasunari eta segurtasun publikoari lotutako arrazoiak badaude.
VI.–Kudeaketarako jarraibide edo orientazioak.
Kudeaketarako jarraibide edo orientazio hauek gomendio gisa hartu behar dira, eta kontrakoa justifikatzen duen arrazoi oinarriturik ez badago, aplikatu beharko dira.
1. Ibaien ibilguekin muga egiten duten eremuetarako proiektu, erabilera eta aprobetxamenduetan, bazter osoan landare naturaleko zerrenda bat ezartzea lehenetsiko da, ibai-tarte bakoitzean zabalera desberdina izanen duena, uholde-lautadaren ezaugarrien arabera (5 metrokoa oso malkartsuak diren ibai bazterretan, eta 15 metrokoa uholde-lautada zabala duten eremuetan).
2. Nekazaritzarako, oihangintzarako eta ingurumen arloko laguntzak plan honen jarraibideetara egokituko dira, ahal den neurrian.
3. Ibai aldeak lehengoratzeko proiektuetan, landaketak egin behar baldin badira, ibai bazterretako espezie autoktonoak erabiliko dira, edo inguruan dauden berezko landare espezie berberak, eta, ahal den neurrian, jatorri berekoak.
VII.–Jarduketak.
Plan honek indarra duen eperako, jarduketa hauek ezarri dira:
1.–Ibilguari eta ibai-korridoreari lotutako neurriak.
1.1. Belagua ibaiaren ibilgua, Izaba-tzia errepideko zubitik gora (kp 12), lehengoratzeko aukerak aztertzea.
1.2. Landaredi naturaleko zerrendarik ez duten edo andeatuak dauden ibai bazterrak lehengoratzeko proiektuak erredaktatu eta gauzatzea.
1.3. Proiektu pilotuak egitea harri-lubetak landareztatzeko.
1.4. Arrain eskalen eraginkortasuna ebaluatzea eta funtzionalak ez direnak zuzentzea.
1.5. Bidankozeko uharkaren irazkortasuna.
1.6. Laginketa egitea Binies ibaiko uren kalitate fisiko-kimikoa eta biologikoa aztertzeko eta neurri zuzentzaileen proposamena, kalitatea txarra izanez gero.
2.–Habitatei lotutako neurriak.
2.1. Tufarrien kontserbazio egoera ona aldian-aldian monitorizatzea.
3.–Faunari lotutako neurriak.
3.1. Arriskupeko lepidopteroen eta odonatoen presentzia eta kontserbazioa zehazteko prospekzioak egitea.
3.2. Uhandre piriniotarraren (Calotriton asper) presentzia eta ugaritasuna zehazteko prospekzioak egitea.
3.3. Igel piriniotarraren (Rana pyrenaica) presentzia eta ugaritasuna zehazteko prospekzioak egitea.
3.4. Martin arrantzaleen (Alcedo atthis) eta ur-zozoen (Cinclus cinclus) zentsua prestatzea.
3.5. Behar diren linea elektrikoak zuzentzea, hegaztiek haien aurka jo edo elektrokutatzeko arriskua baldin badago.
3.6. Aldian aldiko laginketak egitea loinarako (Chondrostoma miegii), haien populazioen parametro nagusiak monitorizatzea ahalbidetzen duten laginketaren eta metodologiaren arabera.
3.7. Nafarroako Gobernuak bost urtean behin igarabarako (Lutra lutra) egiten dituen laginketak mantentzea.
3.8. Pirinioetako desmanaren (Galemys pyrenaicus) kontserbazio egoera Ezka eta Binies ibaietan aldian-aldian monitorizatzea.
4.–Erabilera publikoari lotutako neurriak.
4.1. Informazioa eta edukiak paratzea eremuko balio naturalen inguruan Erronkariko Natura Interpretatzeko Zentroan.
VIII.–Kudeaketa planaren finantzaketa.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak honako hauek hartuko ditu bere gain:
–Guneko kontserbazio-egoera ona bermatzen duten mantentze eta lehengoratze proiektuak gauzatzeko behar diren diru-zenbatekoak.
–Ekipamenduak eta kudeaketaren egitura mantentzeko behar diren diru-zenbatekoak.
–Erabilerak eta jarduerak murriztearen ondoriozko kalte-ordainak eta ingurumenaren arloko borondatezko kontratuak ordaintzeko behar diren kontu-sailak.
–Plana gauzatzeko eta haren helburuak lortzeko behar diren bestelako kontu-sailak.
Hori guztia ordainduko da horretarako kreditu egokia baldin badago. Beraz, behar diren konpromisoak hartuko dira unean-unean aurrekontuan dagoen diruaren arabera.
Nafarroako Gobernuko departamentuek beren politika sektorialak ingurumenean integratzeko sustatzen dituzten jarduketek, baita toki entitateek sustatzen dituzten ekintzek eta ekarpen pribatuekin edo Europar Batasunaren ekarpenekin egiten direnek ere, laguntzen ahal dute plan hau garatzen.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak oso-osorik finantzatzen ahalko ditu partikularrek edo tokiko entitateek beren herrilurren ondarea administratzeko sustatzen dituzten jarduketak, baldin eta horien helburua plan hau garatzea bada, irabazi asmorik gabe, eta KBEaren kontserbazio-egoera ona mantentzen laguntzen badute. Inguruko herriguneen garapen sozioekonomikoa sustatzeko asmoz, departamentu honen menpeko beste edozein laguntzatan, ahal denean, lehentasuna emanen zaie Kontserbazio Bereziko Eremu honen barnean proposatzen diren jarduketei, guneen kontserbazioarekin bateragarriak badira. Gainera, laguntzaren portzentajea handiagoa izanen da, eremu horretatik kanpo edo beste edozein naturgunetatik kanpo proposatzen diren beste jarduketa batzuekin alderatuta. Halaber, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua aurrekontuetatik kanpoko funtsak aplikatzen saiatuko da, haien helburua plan honetan aurreikusitako ekintzetako baten bat garatzea bada.
IX.–Mugak.
Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 28. artikuluan xedatu bezala ordainduko dira erabilerak eta jarduerak murriztearen ondoriozko kalte-ordainak. Hala ere, bestelako ordainak ere hitzartzen ahalko dira, hala nola laguntzak, diru-laguntzak, zerbitzuak ematea edo bestelako sustapenak.
X.–Jarraipen programa.
Jarraipena egiteko programa bat ezartzen da, plana ongi gauzatzen dela eta haren helburuak lortzen direla bermatzeko. Programa horrek objektiboki egiaztatzen ahal den adierazle bat izanen du, gutxienez, helburu bakoitzerako.
Urtero, programa horren emaitzen eta, oro har, planaren gauzatze-mailaren berri emanen zaio Zuzendaritza Batzordeari.
Lortutako emaitzei erreparatuta, ikusten bada espero ziren emaitzen aldean desbiderapena gertatu dela edo aurreikusten zen epean ezin direla lortu, kudeaketaren eragingarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko behar diren neurri guztiak eransten ahalko zaizkio planari.
FUNTSEZKO ELEMENTUA |
AZKEN HELBURUA |
HELBURU OPERATIBOA |
ADIERAZLEA |
HASIERAKO BALIOA |
ARRAKASTAREN IRIZPIDEA |
1. Belagua ibaiko ibilgu kordatua. |
1.1. Belagua ibaiko ibilgu kordatuaren kontserbazioa bermatzea |
|
Kontserbazio oneko ibilgu glaziarraren luzera. |
|
|
|
1.1.1. Belagua ibaiko ibilgu kordatua zaintzea |
Ukipen kopurua |
Agregakinak ateratzea, landaketak ibilguan, lubetak |
0 | |
2. Ibai korridorea |
2.1. Ibai korridorearen egoera ekologiko ona bermatzea |
|
Landaredi naturaleko zerrendan dauden etenen metro linealak |
Ezezaguna |
0 ml (ibilgu glaziarraren tartean izan ezik) |
|
Arrainentzat irazkor diren oztopoen % |
Ezezaguna |
Oztopoen %100 irazkorrak | ||
Hegaztiei eragiten dieten linea eta deribazio elektrikoen kopurua |
8 linea eta deribazio ukipenarekin |
Eragina duen linea edo deribazio elektrikorik bat ere ez | |||
2.1.1. Ibai bazterretan landaredi naturaleko zerrenda bat berreskuratu eta ezartzea, funtzionaltasun ekologikoa duena |
Lehengoratutako landare-zerrendaren metro kopurua / Berriz landareztatutako harri-lubeten metro kopurua / Lehengoratutako puntu beltzen kopurua |
Lehengoratutako landare-zerrenda, / Berriz landareztatutako harri-lubetak, / Lehengoratutako puntu beltzak, 0 |
Lehengoratutako landare-zerrenda, / Berriz landareztatutako harri-lubetak, / Lehengoratutako puntu beltzak, 50 | ||
Ibai habitat naturalen azalera |
|
Egungo azalera handituta | |||
2.1.2. ibai korridorearen irazkortasuna hobetzea arrainentzat |
Eskala funtzionalen kopurua |
Ezezaguna |
%100 | ||
Kendutako oztopoen kopurua |
0 |
1 | |||
2.1.3. Ezka eta Binies ibaietako uren kalitate ona mantentzea |
Ezka eta Binies ibaietako uren kalitate fisiko-kimikoa eta biologikoa |
Ezka = kalitate ona Binies = ezezaguna |
Ezka = kalitate ona Binies = kalitate ona | ||
2.1.4. Ur emari naturalak bermatzea (solidoak eta likidoak) |
Ingurumeneko emarien erregimena |
Ezezaguna |
Emarien erregimena habitaten eta espezieen kontserbazioa bermatzeko modukoa da | ||
2.1.5. Hegaztiek linea elektrikoen kontra jotzearen eta haietan elektrokutatzearen kasuak gutxitzea |
Hegaztiei eragiten dieten linea eta deribazio elektrikoen kopurua |
8 lineak eta deribaziok eragiten diete hegaztiei |
Linea eta deribazio batek ere ez diete eragiten hegaztiei | ||
3. Ibaietako habitatak |
3.1. Ibai habitaten kontserbazioa lortzea eta ibaien mosaikoko heterogeneotasuna hobetzea |
|
Ibai habitaten zenbateko azalera dagoen kontserbazio-egoera onean |
Ikus eranskina Ekintza planeko ibai habitatetan |
Hasierako balioa baino handiagoa |
|
3.1.1. Ibaietako habitatek okupatutako eremua kontserbatu eta handitzea |
Ibaietako habitaten eremua |
|
Hasierako balioa baino handiagoa | |
3.1.2. Ibaietako habitatei loturiko intereseko fauna espezie batzuk hobeki ezagutu eta kontserbatzea |
Uhandre piriniotarraren laginketa |
Egin gabeko laginketak |
Ebaluazio bat 5 urtetik behin | ||
Igel piriniotarren laginketak |
Laginketak egin gabe |
Ebaluazio bat 5 urtetik behin | |||
Lepidopteroen eta odonatoen laginketak |
Laginketak egin gabe |
Ebaluazio bat 5 urtetik behin | |||
Martin arrantzalearen eta ur-zozoaren laginketak |
Laginketak egin gabe |
Ebaluazio bat 5 urtetik behin | |||
4. Tufarriak |
4.1. Tufarrien kontserbazio egoera ona mantentzea |
|
Kontserbazio egoera onean dauden tufarrien kopurua |
2 |
2 |
|
4.1.1. Tufarriak kontserbatzea |
Tufarrien kopurua |
2 |
2 | |
Ukipen kopurua |
0 |
0 | |||
5. Arrainak: loina |
5.1. Arrain autoktonoen populazioaren kontserbazioa bermatzea |
|
Loinen ugaritasuna |
Ezezaguna |
Ingurunearen ahalmenaren araberako ugaritasuna |
|
Ibai korridorea izeneko funtsezko elementuari buruzko adierazleak aplikatuko dira |
|
| ||
5.1.1. Loinaren populazioen egoera ezagutzea |
Loinaren ugaritasunaren laginketak |
Bat ere ez |
Ebaluazio bat 5 urtetik behin | ||
5.1.2. Arrainen habitataren baldintzak hobetzea |
Ibai korridorea izeneko funtsezko elementuari buruzko adierazleak aplikatuko dira |
|
| ||
6. Igaraba arrunta eta Pirinioetako desmana |
6.1. Igaraba arruntaren eta Pirinioetako desmanaren presentzia bermatzea. |
|
Igaraba arruntaren presentzia Ezka eta Binies ibaietan gai diren tarte guztietan |
Espeziearen presentzia Ezka ibaiko beheko eta erdiko tarteetan eta Binies ibaiko beheko tartean |
Espeziearen presentzia Ezka eta Binies ibaietan gai diren tarte guztietan |
|
Pirinioetako desmanaren presentzia Ezka eta Binies ibaietan gai diren tarte guztietan |
Espeziearen presentzia Ezka ibaiko erdiko tartean |
Espeziearen presentzia Ezka eta Binies ibaietan gai diren tarte guztietan | ||
6.1.1. Igaraba arruntaren eta Pirinioetako desmanaren eboluzioa ezagutzea |
Igaraba arruntaren laginketak |
Ebaluazio bat 5 urtetik behin |
Ebaluazio bat 5 urtetik behin | ||
Pirinioetako desmanaren laginketak |
Ez da egin |
Ebaluazio bat 5 urtetik behin | |||
6.1.2. Igaraba arruntak eta Pirinioetako desmanak habitatean behar dituzten baldintzak hobetzea |
Ibai korridorea izeneko funtsezko elementuari buruzko adierazleak aplikatuko dira |
|
| ||
A. Erabilera publikoa |
A.1 Bertakoek eta bisitariek lekua hobeki ezagutzea eta aintzat hartzea |
|
Ezka eta Binies ibaietako lekuaren balioen dibulgazioa egiteko interpretazio zentroen kopurua |
Ez dago |
Zentro bat |
|
A.1.1. Lekuaren balio ekologikoei buruzko informazio eta sentsibilizazio ekintzak gauzatzea |
Erronkariko Natura Interpretatzeko Zentroan lekuari buruz dagoen dibulgazio materiala |
Ez dago |
Dibulgazio materiala eskuratua |
XI.–Mugaketa-mapa eta barnean dauden entitateak