Castellano | Euskara | Français | English
804/1996 FORU AGINDUA, uztailaren 31koa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Vianan dagoen Salobreko edo Las Cañasko Urtegiko Natur Erreserba (RN-20) eta Hegaztien Babesgune Berezia (B-134) Nazioarteko Garrantzia duten Eremu Hezeen zerrendan sartzea proposatzen duena, ur-hegaztien habitatei buruzko Ramsar-eko Hitzarmenaren arabera
(1996ko 106. NAOn argitaratutako testua, irailaren 2an)
Atarikoa
Las Cañasko Aintzira, bertan Las Cañasko edo Salobreko Urtegia ere deitzen dutena, Natur Erreserba (RN-20) deklaratu zen, lurraldearen babes eta erabilpenerako Herrialdeko Hirigintza Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearen bidez.
Geroztik, 1990.eko abenduaren 27ko Erabakiaren bitartez, Nafarroako Gobernuak Las Cañasko Aintzira Hegaztien Babesgune Berezitzat hartu zuen eta Estatuaren Administrazioko Naturaren Kontserbaziorako Institutuari proposatu zion horrela izapida zezala Europako Elkarteko agintaritzen aurrean, basa-hegaztien kontserbazioari buruz 1979.eko apirilaren 2an Kontseiluak emandako 79/409/CEE Zuzentaraua betez.
Nazioarteko Garrantzia duten Eremu Hezeei buruzko Hitzarmenak, Ramsar hirian 1971.eko otsailaren 2an sinatu eta Estatu Espainiarrak 1982.ean berretsiak (1982.eko abuztuaren 20ko "E.A.O.") bilatzen du, fauna bereziaren habitata diren eremu hezeak kontserbatzea, bereziki ur-hegaztien habitata denean, balio zientifiko eta kultural haundiko natur baliabideak baitira.
Las Cañasko Aintzirako eremu hezea genetikoki erlazionatuta dago Ebro ibaiaren hurbilean izaera endorreikoa duen ingurune batekin, zein kokatua baitago iparraldeko lurralde Miozenikoaren eta Ebro ibaiaren ezkerraldeko ertzean dauden goi terrazen arteko igarobidean. Gaur egun funtsean aldatua dago isurketa alogenoak ekarri direlako eta barneko dike txiki bat eta kanpoko beste bat eraiki direlako. Ingurune endorreiko hori 6.602 hektareako elikadura arro bateko isurketa sarearen bitartez heltzen diren ekarpenek hornitzen dute. Ura deribatzen da funtsean isuri ekinoziala duen Perizuelas errekaren bitartez. Ur-biltokia Tertziarioko (Miozenoa) materialen gainean kokatua dago, material horiek paleokanalen buztin, lima eta hareharriz eginak izanik. Hegoaldeko ertzean Ebro ibaiaren terraza koaternarioak agertzen dira.
Aintziraren azalera 100,9 hektareakoa da: horietako 99,6 ur askeak eta zingiretako landarediak hartzen dituzte eta 1,3 hektarea larreek. Vianako Udaleko herrilurretan dago. Sakonera handiena ez da bost edo sei metrotik gorakoa.
Eremu hezeek hegaztientzat duten nazioarteko garrantzia baloratzeko garatu diren irizpideekin bat etorriz, eta azken hamar urteetan egindako ikerketa eta jarraipenaren ondorioz, Las Cañasko Aintzirak Nazioarteko Garrantzia duten Eremu Hezeen zerrendan sartu ahal izateko honako irizpideak betetzen dituela adierazi da: amiltxori arrunta (Nyaticorax nyaticorax), gutxienez 75 bikote behar dituena, 1987. urteaz geroztik maila horretatik gorako baloreetan dabil eta 1994.ean 470 bikotetara iritsi zen; lertxun gorria (Ardea purpurea) 1989. urteaz geroztik behar diren 25 bikotetik gora heldu da; 1988. urtetik txori zezen arrunta (Botaurus stellaris) ikusi da eta bere ugalketa 1994.ean egiaztatu ahal izan zen; uroilanden (Porzana porzana, P. parra eta P. purilla) agerpenak, erregulartasunez gertatzen ez badira ere, aipagarriak dira.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluak eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen apirilaren 15eko 182/1996 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenei jarraikiz, agindu dut:
Lehena
Ingurugiro Ministerioari proposatzea Nafarroako Vianako udalerrian (Nafarroan) dagoen Las Cañasko edo Salobreko Aintzira Nazioarteko Garrantzia duten Eremu Hezeen zerrendan sar dezala, ur-hegaztien habitatei buruzko 1971.eko otsailaren 2ko Ramsar-eko Hitzarmenaren arabera.
Bigarrena
Foru Agindu hau jakinaraztea Ingurugiro Ministerioari (Naturaren Kontserbaziorako Zuzendaritza Nagusia), behar diren ondorioak izan ditzan.