(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ingurumena :
    • Flora eta Fauna :
      • Flora :
        • 926/1996 Foru Agindua, irailaren 6koa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Nafarroako naturgune, habitat eta erabilera publikoko mendien lehen inbentarioa onesten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

926/1996 Foru Agindua, irailaren 6koa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Nafarroako naturgune, habitat eta erabilera publikoko mendien lehen inbentarioa onesten duena

 

(1996ko 147. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 4an)

Atarikoa

Nafarroak baditu naturguneak eta habitatak ugari, ofizialki horrelaxe deklaratuak daudenak, Nafarroako ekosistemen, lurraldearen eta paisajearen aberastasuna, aniztasuna, berezitasuna eta edertasuna islatzen dutenak.

Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeak Nafarroako Naturguneen Sarea osatzea du helburu, besteak beste. Sare horretan sartzen dira Erreserba Integralak, Natur Erreserbak, Natur Lekuneak, Aisiarako Natur Eremuak, Monumentu Naturalak, Paisaje Babestuak eta Parke Naturalak.

Bestetik ere, sektoreko zenbait legeriaren bidez, europarrak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak emandakoak izanik, euskarri juridiko batzuk sortu dira guzti-guztiak ekosistemak, basa faunako eta florako espezieak eta haien habitatak, edota balio natural handiko mendiak babestu eta beren horretan mantentzen direla bermatzeko. Horregatik bada, ondoko hauek sortu dira: Hegaztien Babesgune Bereziak, Kontseiluko EEE/79/409 Zuzentarauaren bitartez eta basa hegaztiak kontserbatzeko asmoz; Babesgune Bereziko Eremuak, Kontseiluko maiatzaren 21eko EEE/92/43 Zuzentarauaren bitartez eta basa faunaren eta floraren habitatak kontserbatzeko asmoz; baita Basa Fauna Babesteko Eremuak ere, azkeneko hori basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean biltzen baitira.

Orobat, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak dio Erabilera Publikoko Mendiak eginkizun ekologiko ukaezina duten mendi publikoak direla, eta halakoa non haien azaleraren ehuneko bosta, gutxienez, bilakaera naturalaren menean utzi behar den, gizakiaren eraginetik bereizita, hori guztia landaredien eta estazioen aniztasuna bere horretan mantentzeko, izan ere aipatu Foru Legearen 22. artikuluak babesten baitu horrelako mendietako oihana, beren hedapena eta aniztasunarekin. Erabilera publikoko mendiak ingurugiroari dagokionez babestu beharrak direla gero eta nabarmenago dago, aipatu EEE/92/43 Zuzentarauan babestuak dauden baso eta habitatak kontserbatu behar baldin badira, hortaz bada, sartu beharrak dira Lehen Inbentario honetan, balio natural handiko eremu gisa.

Natura babesteko alorrean hain dira ugari euskarri juridikoak, urtez urte argitara ematen baitira, orain egokia dela Inbentarioa sortzea, Natur Eremuak, Habitatak eta Erabilera Publikoko Mendiak bertan bilduz. Inbentario horrek sistematikoki bilduko ditu horiek guztiak, euren katalogoarekin, hiritarrek eta gai horretan interesa duten elkarte edota erakundeek informazio orokorra hobeki jaso ahal izateko.

Inbentario honek deklarazioaren izaera du baina ez ordea eraketaren izaerarik, eta horregatik ematen da Foru Agindu gisa. Hemen leku natural bakoitzeko ezaugarri nagusienak aipatu besterik ez da egiten, hala nola, izena, zein udal dermiotan kokatzen den, azalera, deklarazioaren tresna juridikoa, e.a.

Azkenik, Inbentario hau sortzea eta argitara ematea, baita aldizkako berrikuspenak egitea ere, horren guztiaren helburua da interesa duen orok informazio ofiziala eta sistematikoa eskura izan dezaten, inoiz erakunde publikoen babes deklarazioa jaso duten zenbait lekuren ezaugarri bereziei buruz, beren horretan kontserbatu eta ondorengoei trasmititzeko asmoz.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluarekin bat etorriz, agindu dut:

Lehena

Naturgune, habitat eta erabilera publikoko mendien Lehen Inbentarioa, Foru Agindu honen eraskinean agertzen dena, onestea.

Bigarrena

Inbentarioa eta haren aldizkako berrikuspenak egiteko, naturguneen eta habitaten ondoko sailkapenari jarraikiko zaio:

a) Naturguneak.

I.-Erreserba Integralak (EI).

II.-Natur Erreserbak (NE).

III.-Natur Lekuneak (NL).

IV.-Aisiarako Natur Eremuak (ANE).

V.-Monumentu Naturalak (MN).

VI.-Paisaje Babestuak (PB).

VII.-Parke Naturalak (PN).

b) Habitatak.

VIII.-Hegaztien Babesgune Bereziak (HBB).

IX.-Basa Fauna Babesteko Eremuak (BFBE).

X.-Babesgune Bereziko Eremuak (BBE) edo proposatutako lekuak, Kontseiluko 1992ko maiatzaren 21eko EEE/92/43 Zuzentarauaren ondorioz.

c) Erabilera publikoko mendiak eta babesleak.

XI.-Erabilera Publikoko Mendiak edo Katalogatuak (EPM).

XII.-Nafarroako Oihan Ondareko Finkak(NOF).

XIII.-Mendi Babesleak (MB).

Hirugarrena

Inbentarioak ondoko datuak zehaztuko ditu naturgune edo habitat bakoitzeko: izena, zein udal dermiotan dagoen, azalera, deklarazioaren euskarri juridikoa, mugapena, eta Erabili eta Kudeatzeko Planik edo inguruko babes eremurik ba ote duen. Mendi bakoitzeko bildu beharko da haren izena, udal dermioa, azalera eta, hala balitz, Erabilera Publikoko Mendien Katalogoan duen zenbakia.

Laugarrena

Foru Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea, behar diren ondorioak izan ditzan.

ERASKINA. Naturgune, habitat eta erabilera publikoko mendien lehen inbentarioa

*************tabla inventario***************

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa