Castellano | Euskara | Français | English
(2014ko 214. NAOn argitaratutako testua, urriaren 31n)
Atarikoa
Herri baten gizarte, kultur eta ingurumeneko ezaugarriek bertako behar eta inguruneari egokitutako abere arrazak sortzea ekarri ohi dute. Betizu behi arraza autoktonoa da, mugako egoeretan bizirauteko baldintzetara bereziki egokitua dagoena, oso itxura gogorrekoa eta egokitzeko gaitasun handia duena. Azkeneko hamarkadetan, gizartearen aldaketengatik eta hobeki garatzen diren haragitako beste arraza batzuk sartzeagatik, haien kopurua nabarmen murriztu da.
Gaur egun arraza galzorian dago. Badira urte batzuk arraza hau berreskuratzen eta harmonizatzen ari dela, Nafarroako eta Euskadiko gobernuek sustatuta, baita arraza horretako probintzia bakoitzean aitortuta dauden abeltzainen elkarteek ere. Hartara, egun badaude zenbait liburu genealogiko aitorturik eta berreskurapenerako zenbait plan. Estandar morfologiko eta funtzional bat ezarri beharra dago, arraza homogeneoa izan dadin bizileku dituen toki guztietan. Orobat, arraza berreskuratzeko, ezinbestekoa da hazleek hautaketa eta berreskurapen plan orokorrak ezartzea, oinarri izanen dituztenak arraza-estandarra eta arrazaren liburu genealogiko bakarra sortzea, eta, ondotik, arraza kontserbatzeko plan bakarra onestea, dauden buru guztiak bilduko dituena.
Abere arrazak zaindu, hobetu eta sustatzeko programa nazionala ezartzen duen abenduaren 26ko 2129/2008 Errege Dekretuak, bere 9. artikuluan, eskumenak ezartzen ditu aitorpena egiteko abere arrazei, haien liburu genealogikoei eta liburu horiek kudeatzen dituzten elkarteei, zein, banaketaren eta zentsuaren arabera, Ingurumen, Landagune eta Itsas Ingurunetako Ministerioaren eskumenekoak edo zentsurik handiena duen autonomia erkidegoarenak izan baitaitezke.
Betizu arrazaren kasuan, Nafarroako Komunitate Autonomoaren eta Euskadiren artean banatzen da, eta, Nafarroako Komunitate Autonomoak zentsurik handiena duenez gero, hari dagokio aitortzea, 2129/2008 Errege Dekretuari jarraituz, arraza-estandarra eta liburu genealogikoaren egitura eta liburu horren entitate kudeatzaileak.
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50. artikuluan ezartzen da Nafarroako Foru Komunitateak, bere foru araubidearen indarrez, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren inguruko gaietan eskumen esklusiboa duela, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera.
Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua
Betizu behi arrazaren arraza-estandar funtzionala aitortzen da, foru agindu honen I. eranskinean jasotzen den bezala.
2. artikulua
Betizu behi arrazaren liburu genealogikoa sortzen da, foru agindu honen II. eranskinean jasotzen den bezala.
3. artikulua
Arrazaren liburu genealogikoa bateratzeko eta liburu genealogikoen kudeatzaileek egiten duten lana kontrolatu eta baliozkotzeko, datu base bat sortuko da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Abeltzaintza Zerbitzuari atxikia, eta sei hilabetetik sei hilabetera Betizu behi arrazaren liburu genealogikoa kudeatzen duten entitateek edo elkarteek gertatu diren animalien inskripzioen eta balorazioen berri eman beharko dute.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Estatu mailako programak aplikatzea.
Arau honetan jaso ez den orotan, Abere arrazak zaindu, hobetu eta sustatzeko programa nazionala ezartzen duen abenduaren 26ko 2129/2008 Errege Dekretuari jarraituko zaio.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe gelditzen da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak ekainaren 4an eman 179/2007 Foru Agindua, Betizu behi arrazaren arraza-estandarra onartu eta liburu genealogikoaren berariazko araudia onesten duena.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA. Betizu behi arrazaren arraza-estandarra
1.–Sarrera.
Arrazaren eredu honek Betizu behi arrazaren ezaugarri morfologikoak bildu nahi ditu. Arraza horren egungo populazioak morfologia zehatza baldin badu ere, animalien zentsua txikia dela ikusirik, berreskuratu, kontserbatu eta hautatzeko programa bat gauzatu behar da.
2.–Sorlekua: Nafarroa eta Euskadi.
3.–Arrazaren historiaren laburpen txikia:
Nafarroako eta Euskadiko mendi batzuetan, hala tzia aldean nola Espainia aldean, oraindik ere bizirik dago basa behien arraza bat, duela gutxira arte Pirinioalde osoan eta inguruetan bizi zena: betizuak deritzotenak.
Behi eta zezen izugarri berezi horiek gaur egun arte biziraun dute, erabateko askatasunean biziz, oreinak, orkatzak edo basahuntzak bezala. Hautapen naturala izan da arrazaren iraupenaren eta biziraupenaren ardatza. Betizuak iberiar penintsulan erdi basa bizi diren behi-espezie bakarretako bat da, ia gizakiaren kontrolik gabe bizi baita.
XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran behi-aziendaren populazioan aldaketa nabarmen batzuk gertatu ziren. Bertako azienda hobetzeko, kanpoko arrazak ekarri ziren. Horrez gainera, bertako arrazak hobetzeko ahalegin batzuk egin ziren, eta hori helburu, Pirinioetako arrazaren erregistro genealogikoak sortu ziren, hazitarako zezenen estaltze zerbitzuak eskaini eta lehiaketak antolatzen hasi ziren. Urte haietan bereizketa bat finkatzen hasi zen: batetik, azienda autoktono bat, hobetzeko modukoa eta eremu egokietan kokatu zena, kostaldeko ibar eta inguruetan batik bat, eta beste azienda mota bat eremu marjinal eta menditsuetara aldendu zena, larre gutxi eta muturreko klima dagoen tokietara, hain zuzen. Eta testuinguru horretan biziraun zuten betizuek, inguruneari ezin hobeki egokitzen zaizkion gogortasun handiko behiak baitira.
Toki izugarri gogor eta zakar horietan, betizuak genetikoki fosilizaturik gelditu ziren, gurutzatu eta hobetzeko saioetatik aparte, eta horri esker iritsi dira gaur egunera arte.
4.–Funtzio zooteknikoa:
Arraza izugarri gogorra da, mendialdean bizitzera egokitua, haragitarako erabiltzen dena. Garrantzi handiko beste lan bat ere egiten du, hots, sarbide zaila duten mendialdeetako basoak garbitzea.
5.–Arrazaren prototipoa.
5.1.–Hasierako azalpenak.
Betizu arraza gogortasun handiko eta gorpuzkera txikiko behi multzo batek osatzen du. Oro har, eumetrikoak izaten dira, luzangak eta, albotik begiratuta, lerro zuzenekoak. Gorputzaren aurreko heren-zatia atzekoa baino handiagoa da nabarmen.
5.2.–Itxura orokorra.
Arina, bizia eta harmonikoa.
5.3.–Ilea, larrua eta mukosak.
Gari-kolorekoak dira, argienetik bizienera, sexuaren eta urte sasoiaren arabera. Dekolorazio zentrifugoa hankartean, perineoan, galtzarbeetan, gorputz-adarretan, muturrean eta begi-inguruan, beste kolore batzuetako ilerik ez dutela. Ile ugari izaten dute. Larru lodia dute, zuri horixka, eta ageriko mukosa haragi-kolorekoak, gorrixkak. Mihi eta barreneko mukosak kolore argikoak, pigmentatu gabeak.
5.4.–Burua eta lepoa.
Buru txiki eta fina dute, eta sudur-zulo estuak. Kopeta zabal eta zapala izaten dute, zabalagoa arrek eta estuagoa emeek. Soslaia zuzena edo subkonkaboa. Belarri ertainak, ile finez estaliak barreneko aldean, eta ezko ugari. Bisaia luzea. Begi adierazkorrak, ateri samarrak, eta begi-inguru argia (eper-begia). Adarrak gazte-gaztetik ateratzen zaizkie eta ilargi-erdiko formakoak izaten dira, arrenak irekiagoak emeenak baino. Emeen adarrek, adinean gora, lira edo kiribil itxura hartu ohi dute. Adarren sekzioa zirkularra da, zapalagoa sorlekuan. Zuri nakar kolorekoak izaten dira, kolore biziagokoak oinarrian eta horixkatik gorrira bitartekoak adarpuntan. Adarbilduak izatea akastzat hartu ohi da, bai horizontalak, bai eroriak. Kopetaren gainaldean eta okzipitalaren aldean, ile finaz osaturiko tupe bat izaten dute.
Lepo motza, lodia eta gihartsua. Emeetan lepoaren gainaldeko lerroa zuzena da. Arrek lepogain nabarmena dute. Kokospe markatua, bi sexuetan.
Buruarekin eta bizkarrarekin egoki txertatua.
5.5.–Enborra.
Enborra luzanga eta sakona da eta saihetsaldeak ez oso kakotuak. Bularralde sakona, estua; arrena gihartsuagoa izaten da. Bizkar motza eta zuzena.
Soingurutze nabarmena. Arraza honen indarra, batez ere, sorbaldetan, soingurutzean eta lepoan datza. Bizkar eta gerri aldeko lerroa zertxobait zelatua eta goranzkoa zerra aldera. Gerrialdean gihar gutxikoa.
Zerra eta ipurmasail txiki eta estuak; hezurren irtenuneak ongi markatuak, emeetan batez ere. Buztana goi-goian sortzen da, luzea da eta motots ugaria du muturrean.
5.6.–Sexu-organoak eta errapeak.
Barrabil ongi garatuak, behar bezala jaitsiak, eta anatomikoki ongi eginak.
Emeek errape txikiak dituzte, garatu gabeak, eta babes-ile ugari dituzte (otso-ileak). Titiburuen arteko distantzia handia da. Arrosa kolorekoak dira errapeak.
Normalean, ugalketa zikloa naturala da, urtaroei lotua.
5.7.–Gorpuzkera.
Txikia, luzanga atzean eta proportzionatua. Abelburu guztietan aurreko heren-zatia nabarmenagoa da atzekoa baino.
5.8.–Gorputz-adarrak eta hanka-jarrerak.
Aurreko hankak finak dira eta, luzeraz, ertainak. Atzekoek luzeagoak direla ematen dute. Izterrak eta ipurmasailak gutxi garatuak. Hanka-jarrera egokia. Apoak txikiak, gogorrak eta higagaitzak, itxiak eta horiaren tonalitate guztikoak. Apoen puntan bermatuta ibiltzen dira eta, ondorioz, oinatz borobila uzten dute lurrean.
5.9.–Izaera eta portaera.
Izaera zaputzeko abereak dira, eta lurraldea mugatzeko joera handia dute. Neguan toki ireki, zabal eta eguzkitsuak nahiago dituzte. Udan inguru ospelak bilatzen dituzte (basoak eta sakanak).
5.10.–Ezaugarri baztertzaileak:
Oro har, baztertzeko modukotzat hartzen da herentziazko akats edo malformazio fisiko nabarmenen bat izatea. Eta zehazki, honako hauek:
–Goiko edo beheko prognatismoa.
–Ipurdi handiak izatea.
–Kolorazio beltz edo arbelaren antzekoa mihian, mukosetan, apoetan eta adarretan.
–Ohiz kanpoko kolore bateko larrua eta/edo ileak izatea, gorputzaren edozein tokitan.
II. ERANSKINA. Betizu behi arrazaren liburu genealogikoa
1.–Liburu Genealogikoan inskribaturiko animalien identifikazioa.
Aziendaburu guztiak animalia hauentzat dagoen sistema ofizialaren arabera identifikatuko dira, nahitaez. Identifikazio osagarri gisa, tatuajea, hausnar boloduna edo identifikaziorako beste sistema bat ere erabiltzen ahalko da.
Animalia guztiek identifikazio ofiziala eramanen dute, nork berea, bizitza osorako. Kode horiek datu base batean erregistratuko dira eta hartatik behi bakoitzaren genealogiari, jabeari, produkzioei, indize morfologikoei eta abarrei buruzko informazioa erdiesten ahalko da.
2.–Liburu genealogikoaren titulartasuna eta kudeaketa.
a) Betizu behi arrazaren liburu genealogikoa Betizu arraza garbiko behi-azienda inskribatzeko erregistroa, fitxategia edo sistema informatizatua da. Hartan datu batzuk bilduko dira: aziendaburuaren aurrekoak, ondorengoak eta haren morfologiaren kalifikazioetan (fenotipoa), ugaltzaile gisa edo lan probetan, izandako merezimenduak (baldin badira). Erregistroaren organo erantzulea eta eskuduna Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua izanen da eta liburuaren kudeaketa delegatzen ahalko die aginte ahaldunaren aitorpen ofiziala duten erakundeei, abenduaren 26ko 2129/2008 Errege Dekretuak eta harekin bat heldu den legeriak ezartzen dutenaren arabera.
b) Elkarte edo entitate batek abenduaren 26ko 2129/2008 Errege Dekretuaren eta horrekin bat datorren legeriaren araberako aitorpen ofiziala jaso nahi badu eta liburu genealogikoa behar bezala kudeatzeko baliabideak eta azpiegiturak baldin baditu, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak liburuaren kudeaketaren ardura delegatzen ahalko dio.
c) Arrazaren liburu genealogikoa bateratzeko eta liburu genealogikoen kudeatzaileek egiten duten lana kontrolatu eta baliozkotzeko, datu base bat sortuko da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren Abeltzaintza Zerbitzuari atxikia, eta sei hilabetetik sei hilabetera Betizu behi arrazaren liburu genealogikoa kudeatzen duten entitateek edo elkarteek gertatu diren animalien inskripzioen eta balorazioen berri eman beharko dute.
3.–Betizu behi arrazaren liburu genealogikoak honako erregistro hauek izanen ditu.
–Hasierako Erregistroa (HE).
–Jaiotzeen Erregistroa (JE).
–Behin betiko Erregistroa (BE).
–Erregistro Lagungarria (EL).
–Merezimenduen Erregistroa (ME).
3.1.–Hasierako Erregistroa (HE).
Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskadik aitortutako bi liburu ofizialetan gaurdaino dauden hasierako erregistroek osatzen dute.
3.2.–Jaiotzeen Erregistroa (JE).
Erregistro honetan Hasierako Erregistroan edo Behin betiko Erregistroan inskribaturik dauden abereen kumeak sartuko dira, arrak zein emeak, baldintza hauek betetzen badituzte:
–Arrazaren berezko ezaugarriak edukitzea.
–Akats edo malformaziorik ez izatea.
–Emeen ugalketa kontrolak behar bezalako bermeak izatea.
–Erregistro honetan inskribatzeko eskaera aurkeztea txekorrari titia kendu baino lehen.
3.3.–Behin betiko Erregistroa (BE).
Erregistro honetan Jaiotzeen Erregistrotik datozen abereak sartzen ahalko dira, emeek bi urte betetzen dituztenean eta arrek, berriz, 14 hilabete betetzen dituztenean. Horretarako, kalifikazio morfologikoan 60 eta 65 puntu baino gehiago lortu beharko dituzte, hurrenez hurren. Bestalde, Erregistrotik aterako dira emankortasun edo ugalkortasun baxua dakarten herentziazko tasunak edo amatasunerako ezaugarri eskasak erakusten dituzten aurrerako abere guztiak, arrak eta emeak, bai eta horien ondorengoak ere.
3.4.–Erregistro Lagungarria (EL).
Erregistro honetan eme ugaltzaileak jasoko dira, genealogia ezezaguna dutenak edo zegokien unean erregistratu gabe gelditu zirenak, betiere arraza-prototipoan zehaztutako ezaugarriak badituzte. Bertan sartzeko baldintzak Behin betiko Erregistroan sartzeko berberak dira (Jaiotzeen Erregistrotik etortzea izan ezik), baina gutxieneko puntuazioa 75 puntu izanen da, hala arrentzat nola emeentzat. Erregistro Lagungarriko emeak kategoria hauetan sailkatuko dira:
–A kategoria: aurretik adierazitako baldintzak betetzeagatik erregistratuak.
–B kategoria: A kategoriako emeen eta Behin betiko Erregistroko arren ondorengoak.
3.5.–Merezimenduen Erregistroa (ME).
Merezimenduen Erregistroan sartuko dira arrazako ugaltzailerik nabarmenenak, jatorria Behin betiko Erregistroan badute. Erregistroak bi atal izanen ditu: emeak eta arrak. Buruek merezimendu bereizgarririk lortu dutela frogatzen duten agiri guztietan, merezimendu hori izenaren ondoan jasoko da, dagokion siglarekin ordezkaturik, eta ondoren, zer hilabetetan eta zer urtetan jaso zuten agertuko da.
Emeen atala: atal honetan merezimenduko eme gisa sartzeko, Hezleen Federazioak etorkizuneko hazitarako buru baten ama gisa sailkatu beharko ditu Behin betiko Erregistroan inskribatutako eme ugaltzaileak, gutxienez bitan bere ugaltze aldian, kontuan izanik Betizu arrazako emeen morfologian eta ugalketan desiragarriak diren merezimenduak.
Arren atala: atal honetan merezimenduko ar gisa sartuko dira frogatutako arrak, Arraza kontserbatzeko eskemaren esparruan genetika baloratzeko ezartzen den protokolo ofizialaren arabera.
3.6.–Ganadutegien erregistroa.
Abereak Liburu Genealogikoan erregistratu ahal izateko, abeltegiak martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuaren arabera erregistraturik egon beharko du, horren bidez abeltegien erregistro orokorra ezarri eta arautzen baita, eta Betizu behi arrazaren liburu genealogikoan ere erregistraturik egon beharko du.
4.–Kalifikazio morfologikoa.
Aintzat hartu beharreko karaktereak 0tik 10era bitarte puntuatuko dira, eskala honen arabera:
–Perfektua: 10 puntu.
–Bikaina: 9 puntu.
–Oso ona: 8 puntu.
–Ona: 7 puntu.
–Onargarria: 6 puntu.
–Nahikoa: 5 puntu.
–Baztertzekoa: 5 baino gutxiago.
Baloragai den atalen batean bost puntutik behera lortuz gero, abelburua bazter utziko da, eta ez dira kontuan hartuko beste ataletan lortutako puntuazioak.
Arraza-estandarraren eskakizunen arabera, puntuen bidezko kalifikazioa emanen da, abere bakoitza ikuskatuz.
Kalifikazio eta Onarpen Batzordea, liburu genealogikoaren kudeaketan parte hartzen duen elkarte bakoitzeko teknikari batek eta abeltzain batek osatuko dute, erakunde eskudunak onartu eta izendatu beharrekoek.
Kalifikazio eta Onarpen Batzordeak esku hartuko du teknikarien balorazio proposamenetan, teknikariaren eta abeltzainaren artean adostasunik ez dagoenean. Batzordearen lan baldintza administratiboek elkarteen federazioaren zuzendaritza batzordearen ikus-onetsia izan beharko dute beti.
Ondoko hauek dira kalifikatuko diren alderdiak eta bakoitzaren ponderazio koefizientea. Alderdi bakoitzari ematen zaion puntuazioa dagokion koefizientearekin biderkatuko da eta hortik aterako da behin betiko puntuazioa:
Koefiziente biderkatzaileen taula
KALIFIKATZEN DIREN GORPUTZ-ATALAK |
KOEFIZIENTEAK | |
Arrak |
Emeak | |
Burua eta lepoa |
1,5 |
1,5 |
Bizkarra eta soingurutzea |
1 |
1 |
Bularra eta saihetsaldea |
1 |
1 |
Bizkarraldea eta gerruntzea |
1 |
1 |
Zerra eta buztana |
1 |
1,5 |
Gorputz-adarrak eta hanka-jarrerak |
1,5 |
1,5 |
Sexu-ezaugarriak |
0,5 |
0,5 |
Izaera eta bestelakoak |
2,5 |
2 |
BATURA |
10,0 |
10,0 |
Azkeneko puntuazioa honen arabera ateratakoan, abelburuak honela sailkatuko dira:
|
LORTUTAKO PUNTUAK |
Perfektua |
100 |
Bikaina |
91tik 99,99ra |
Oso ona |
81etik 90,99ra |
Ona |
75etik 80,99ra |
Onargarria |
70etik 74,99ra |
Nahikoa |
60tik 69,99ra |
Gutxiegi |
55etik 59,99ra |
Txarra |
55 baino gutxiago |