Castellano | Euskara | Français | English
(1996ko 115. NAOn argitaratutako testua, irailaren 20an)
Atarikoa
Lurraldearen Babes eta Erabilpenerako Herrialdeko Hirigintza Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearen lehenbiziko xedapen gehigarrian, Pitillasko Aintzira Natur Erreserba (RN-27) deklaratu zen.
Lurralde bat Natur Erreserba deklaratzeak berekin dakar Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gune horren Erabilpen eta Kudeaketa Plana egitea, bertan azalduz zer balio natural dituen, babesteko zer arau aplika daitezkeen, bai eta bertan egiten ahal diren jardueren arautegia, eta kontserbatu, kudeatu, mantendu eta zaintzeko zer egintza administratibo behar diren.
Horrela ezartzen du Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 19. artikuluak, zeinek xedatzen baitu Natur Erreserben erabilpena eta kudeaketa beren Plan Gidarien arabera eginen dela. Plan Gidari horiek Nafarroako Gobernuak Foru Dekretu bidez onetsi beharrekoak dira, beti ere Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, aldez aurretik Nafarroako Ingurugiro Kontseiluak txostena emanda.
Orain arte, Pitillasko Aintzirako Natur Erreserbari aplikatzen zitzaion apirilaren 11ko 138/1991 Foru Dekretuaren bidez Natur Erreserba guztientzat onetsi zen Erabilpen eta Kudeaketa Planen arautegi orokorra.
Hala ere, Natur Erreserba honentzat Erabilpen eta Kudeaketa Plan berariazko bat egiteko arrazoiak badaude:
Lehenbizi, aintzirak azken urteotan hartu duen garrantzi ekologiko geroz eta handiagoa, hori horrela izanik 1990. urtean Nafarroako Gobernuak proposaturik Hegaztien Babesgune Berezi deklaratu baitzen, basa hegaztien kontserbazioari buruzko 1979ko apirilaren 2an Kontseiluak emandako 79/409/EEE Zuzentaraua betez.
Bigarren, apirilaren 3ko 86/1995 Foru Dekretuak Basa Fauna Babesteko Eremu gisa sailkatu zuen Aintzira. Deklarazio horrek aipatu eremua kontserbatu eta kudeatzeko plan bat egin beharra sortzen du, basa fauna eta bere habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 22. artikuluko 3. zenbakiaren ondorioz.
Halaber, Nafarroako Gobernuak, 1995eko abenduaren 4ko Erabakiaren bidez, Estatu espainiarrari proposatu zion Aintzira Nazioarteko Garrantzia duten Hezeguneen zerrendan sartzea, 1971eko Ramsar-eko Hitzarmenaren arabera. Proposamen horrek Naturaren Babeserako Batzorde Nazionalaren adostasun txostena jaso zuen 1996ko maiatzaren 7an, beraz, beharrezkoa da Aintzira babesteko neurri zorrotzagoak hartzea.
Azkenik, Europako Batzordearen Ingurugiroko XI. Zuzendaritza Nagusiak iradoki zuen, Itoizko presa eraikitzeko proiektuari buruzko P-4758/92 Kexa artxibatu zen garaian, Nafarroako handiena den Aintzira honen kontserbaziorako neurri prebentiboak hartu behar zirela; Nafarroako Gobernuaren iritziz, iradokizun hori erabat bete da Erabilpen eta Kudeaketa Plan hau onestearekin.
Hori horrela, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko irailaren bian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat, dekretatu dut:
1. artikulua
1. Pitillasko Aintzirako Natur Erreserbaren Erabilpen eta Kudeaketa Plana onestea. Natur Erreserba deklaratu zuen, Lurraldea babestu eta erabiltzeko Herrialdeko Hirigintza Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legeak.
2. Natur Erreserbaren Erabilpen eta Kudeaketa Planaren edukia Foru Dekretu honen Eraskinean dago.
3. Plan honek, Pitillasko Aintzirako Basa Fauna Babesteko Eremuaren kontserbazio eta kudeaketarako plan izaera du, basa fauna eta bere habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 22. artikuluko 3. zenbakian xedatutakoaren ondorioetarako.
2. artikulua
Erabilpen eta Kudeaketa Plan honen indarraldia mugagabea izanen da, eta berrikusi egin ahalko da hori eskatzen duten gorabehera berriak sortzen diren aldiro, Natur Erreserabaren ahalik eta kontserbazio hoberena berma dadin.
3. artikulua
Erabilpen eta Kudeaketa Plan hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren jarduketak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak burutuko ditu.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
ERASKINA. Pitillasko Aintzirako Natur Erreserbaren erabilpen eta kudeaketa plana
Lehena. Deskribapena.
1.1. Kokalekua.
Pitillasko Aintzirako Natur Erreserba Nafarroan dauden estepa erako hezeguneetan zabalena da eta Ebroren ibarreko garrantzitsuenetako bat. Bere motakoen artean, penintsulako iparraldeko beste guztiak baino iparralderago dago. Jatorriz, iparraldeko Uxueko Mendiaren eta hegoaldeko Aragoi ibaiaren artean garatutako sistema endorreikoarekin erlazionatua dago, eta Ebroren ibarreko prozesu tektoniko orokorrei lotua.
Hezegune babestuak hartzen dituen 216 hektareak, itsas mailaren gainetik 350 metrotara daude, eta administratiboki Pitillas eta Santacarako dermioetan egon arren hegoekialdeko zatia, eremua gehien batean Pitillasen dago. Pitillasen kokatutako azalera guztia Udalaren herrilurra da, eta Santacaran kokatutako 34 hektareak, berriz, Nafarroako Ondarekoak.
1.2. Geologia eta klima.
Geologikoki, hezegunearen kokaleku den arro hidrogeografikoa moldatua dago jatorri kontinentaleko (mesozoiko) eta izaera detritikodun lursail tertziarioen gainean, lur horiek osatuak buztinez, lohiez, hareharriz paleokanaletan, eta osagarri gisa ibaiaren eragineko jatorri sedimentariokoen gainean. Buztin eta lohien artean igeltsuak daude tartekatuta, eta horiek gazitasuna ematen diote sistema hidrologikoari eta eremu lauetan eta sakonunetan kokatutako lurzoruei.
XVII. mendeko aipamen historikoek diotenez aintzira gazi ttiki bat zegoen orduan, zeini geroago eusteko dike bat gehitu zitzaion, ura biltzeko edukiera handitzearren eta nekazaritzako ureztaketan erabiliko zen erregulazio hidrikoko biltoki bat sortzearren. Halaber, sakonune endorreikoa eskualdeko isurketa sistemari lotua geratu zen, Pozo Pastor eta Bescos sakanen bidez, horiek euri ura ekartzen baitute 7.639 hektareako arro hidrografiko zabala drenatzen duen sare dendritiko baten bitartez. Arro horren goi-ibarra Uxueko Mendian dago. Aintzirako sakonera handiena ez da hiru metrotik gorakoa, eta ur libreen laminaren zati handi bat behetik metro eta erdi baino gutxiagora dago.
Hezegunearen makroklima mediterraniar erdikontinentala da; urtean metro karratuko euri egiten du erregimen ekinozialean eta udako ekaitz erauntsietan. Batezbesteko tenperatura 13,3 gradu zentrigradukoa da, termizitate indizea (TI) 235ekoa eta kontinentalitate indizea 49,3koa. Izozte ziurrik gabeko denboraldia apiriletik azarora bitartekoa da. Bereizgarritasun bioklimatikoak, Rivas MartÃnezen irizpideen (1991) arabera, eremua kokatzen du goi estai mesomediterraniarrean goi onbroklima lehorrarekin, onbroklima subhezearen mugan. Ebapotranspirazio potentziala (ETP) metro karratuko 739 litrotara iristen da, erreala (ETR) askoz handiagoa delarik, ziertzoaren eraginez, kubetaren morfometriarengatik eta dagoen landaredia motagatik.
Ikuspegi hidrokimikotik, Pitillasko Aintzirako urek oinarrizko pH bat dute, neguko gutxieneko baloreetatik (7,7 - 7,8) biziki oinarrizkoak diren udakoetara (8,2 - 8,8) aldatuz. Urteko gora-beherek zerikusia dute disolbaturiko gatzen diluzio mailarekin. Konduktibitateak uda garaian 22.100 milimho/cm-ko kopuruetara hel daitezke. Gazitasuna sortzen da sulfato eta kloruro anioiak eta sodio, kaltzio eta magnesio katioiak batez ere kontzentrazio handitan daudelako. Aintziraren bereizgarritasun limnologikoa era kloruratu sodikoko mesohalinakoa da.
Ekaitz erauntsien garaietan aintziran antzematen diren solido esekien deskargak gertatzen dira euri urek eragindako errekastoak sartzen direlako. Arrazoi larriagoak dira bide sareak eraldatzeko lanak eta, oro har, arro hidrografikoaren barnean egiten diren lur mugitzeak. Ondorioz, uhertasuna nabarmen handitzen da eta gainezkatze bizkorreko prozesua hasten, oraindik ebaluatu gabe badago ere, hezegunea geroz eta lehorrekoagoa den ingurune baterantz eboluzionarazten duena, kubetaren obliterazioagatik. Horren eraginez, hezegunearen iraupen aldia murriztu egiten da. Ez da aurkitu eutrofizazio fenomeno aipagarririk, nahiz eta uretan nitrato eta fosfato kopuruak handitzeko joera izan, arro hidrografikoan dauden landak ongarritzearen ondorioz.
1.3. Landaredia.
Biogeografikoki, Pitillasko Aintzira Bardeak-Monegroak sektorean kokatua dago, Bardeetako azpisektorearen ipar mugan. Hezeguneko eta horren inguruko floran eta landaredian lurralde horietan bereizgarri diren taxonen eta asoziazioen kopuru handia dago.
Ekosistema hezeak berezko duen landarediaren egitura osatzen dute zerrenda urperatuek, urgaineratuek, ur- lehorrekoek eta lehorrekoek, eremua urak zenbateraino hartzen duen bata edo bestea, kubetako hondoen topografiaren arabera.
Ur sakonetan, landaredi hidrofilo urperatuan ia monoespezifikoki Potamogeton pectinatus-a baizik ez da agertzen. Landaredi helofitikoaren lehen zerrenda lezkadi zabal batek osatzen du, Typho angustifoliae- Phragmitetum australis asoziaziokoa, zeinetan lezka (Phragmites australis) eta ez beste baita nagusi. Zerrenda zabal bat hartzen du, sakoneren banaketen arabera zabalera bat edo beste duena, eta ur libreko eremu guztiak inguratzen ditu. Landare formazio hau hezegunean daudenen artean zabalduena da eta Pitillasko fauna ornitiko bereziena kontserbatzen gehien laguntzen dutenetakoa.
Lezkadiaren kanpoko ertzeko inguru guztian, ziperazeoen eta junkazeoen zerrenda bat dago, batezbeste 3 metrotik 8ra bitarteko zabalera duena, non garatzen baita Scirpetum compacto-littoralis asoziazioa, antzara hankagorriztaren (Anser anser) populazio migratzaile eta negukoarentzat bereziki onuragarria dena.
Urtero exondatzen diren istiltzeko joeradun lurzoruetan eta gazietan, Juncetalia maritimi-ari dagozkion komunitateak garatzen dira, junkazeo eta gramineo halofiloek osatuak. Zabalduen eta nabarienak Aeluropo littoralis-Juncetum subbulati, Bupleuro tenuissimi-Juncetum gerardii eta Soncho crassifoliae- Juncetum maritimi erako ihitokiak dira. Ihitoki horiek guztiak lehentasunezko interesa duten habitatak dira, Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauko I. eraskinaren arabera. Aeluropo littoralis-Puccinelietum tenuifoliae erako soropil graminoideoek iparmendebaldeko zatian zabalera handi samarra hartzen dute eta horiek ere lehentasunezko interesa duten habitatak dira.
Aintziraren inguruan, quenopodiazeo krasikauleak nagusi dituzten asoziazioek kolonizaturiko gatz-lurrak agertzen dira: Suaedetum braun-blanquetii eta Camphorosmetum monspeliacae, biak lehentasunezko interesekoak, eta eremu gazienetan, Suaedetum braun- blanguetii-Salicornietum patulae (ramosissimae), aipatu Zuzentarau komunitarioko adierazpen berarekin.
Istiltzeko joera duen eremutik kanpo, Limonietalia-ren albardinare halofiloen hondarrak daude, Limonietum ruizii asoziazioa ordezkari dutela, zein endemikoa baita Ebroren ibarrean eta lehentasunezko interesa duen habitata.
Era honetako ekosistemen kanpoko zerrendako bereizgarri diren milazka (milazkadi) halofiloetatik ale gutxi batzuk baizik ez dira gelditzen, lezkadia ehizarako erabiltzearen eta uztondoak erretzearen ondorioz lehenago maiz izaten ziren suteen eragina jasan ez dutenak. Asoziazio potentziala Agrostio stoloniferae-Tamaricetum canariensis da. Ingurugiro Zerbitzuak 90eko hamarkadaren hasieran egindako landaketek aztarna-landare unitate hau berregiteko joera dute.
Lehorreko inguru perilakunarrean ontinareak garatzen dira, Ruto angustifoliae-Brachypodietum retusi erako albitz-belarreko larreak, eta dagoen ardi-azienda maiz ibiltzen da bertan. Hesilaharrak eta miter feniziarrak ere badituzten abariztiak, Rhamno lycioidis-Quercetum coccifarae erakoak, tamaina handieneko zuhaiska motako landareak dira, zereal alorren artean paleokanaletan azaleratutako hareharriei lotuak.
Pitillasko paisaian ez da gelditzen eremuko oihan potentziala osatuko lukeen artadi mesomediterraniarraren arrastorik. Horren ordez, lurzoru arre kararrizkoetan, arestian aipaturiko abarizti eta albitz-belarreko larreez gainera, Salvio lavandulifoliae-Ononidetum fruticosae erako ezkai eta erromero sailak daude. Aintziraren inguruko lurren %30a hartzen duten landare mota horiei lotuta daude eremuan ibiltzen diren estepa hegaztiak, horien artean nabarmenenak ganga, basoiloa eta atalarra. Gainerako %70a osatzen dute zereal alorrek lehorreko lurretan, mahastiek eta almendrondoek.
1.4. Fauna.
1.4.1. Ur-hegaztiak.
Pitillasko Aintziran negua pasatzen duten ur-hegaztiei buruz 1985az geroztik sistematikoki egindako erroldek erakusten dute, hau dela Nafarroako hezegune garrantzitsuena hegaztien kopuru osoari dagokionean. Neguan eremu horretan erregularki babesa hartzen duten ur-hegaztien kopurua Nafarroan dauden guztien %60 ingurukoa da. Talde faunistikoka, anatidoen %80ra iristen da bertan, zingira-mirotzen %81era (100 hegaztitik gora) eta larolimikola guztien %60ra. Urte batetik bestera kopuru osoak aldatu egiten dira, hezeguneak duen egoeraren ariora eta, bereziki, Europaren erdialdeko neguaren gogortasunak du eragina. Espezierik ohikoenak dira basahatea, ipar-ahatea, ahate txistularia, ahate mokozabala, murgilari arrunta, zertzeta arrunta, kopetazuri arrunta, txilinporta txikia, zingira-mirotza, mirotz zuria eta antzara.
Pitillasko Aintzira Nafarroako hezeguneen artean garrantzitsuena da halaber, erregularki negua pasatzen duten hegaztien aberastasunari dagokionean.
Ezteiondoko migrazioa eta kontrapasa izaten den hilabeteetan, Aintziran biltzen da Pirinioak mendebaldetik zeharkatzen dituen ibilbideari jarraituz joan-etorria Nafarroako iraganbide piriniarretik egiten duten hegazti migratzaileen multzo handiena. Eremu honek atseden eta elikatze toki gisa duen garrantzi estrategikoa, Pirinioen hesitik hurbilen dagoen hezegunea eta zabalena izateagatik, handitu egiten da eguraldi gaiztoko egunetan, halakoetan ezteiaurreko migraziorako egokiak diren iraganbideak iragazkaitz bihurtzen baitira. Denboraldi laburretan, Aintziran antzara (10.000 ale 1988an), kurrilo, ahate eta paseriformeen pilaketa handi samarrak gertatzen dira, inguruko alor ereinduetan zenbait ondorio sor ditzaketenak.
Habia egiten duten ur-hegaztien urteroko erroldei esker hezegunea Nafarroako nagusiena dela ziurta daiteke, bai kopuru aldetik bai kalitatearen aldetik (aniztasun biologikoa).
Dagoen lezkadi zabalak babesa ematen dio ardeidoen kolonia garrantzitsu bati, hain zuzen: txori zezen arrunta, amiltxoria, lertxun hauskara (100 bikotetik gora) eta lertxun gorria (20 bikote). Anatido ugarienak basahatea, ipar-ahatea, ahate gorrizta eta murgilari arrunta dira. Kopetazuri arrunta gutxitu egin da azken bost urteotan. Zingira-mirotza geroz eta gehiago agertu da 80ko hamarkadatik hona (31 bikote). Lertxun hauskararen kolonia Nafarroako garrantzitsuena da.
Habi garaian txori zezen arrunta (Botaurus stellaris) eta uroilanda txikia (Porzana pusilla) erregularki agertzen direnez, lertxun hauskararen (Ardea cinerea) eta lertxun gorriaren (Ardea purpurea) populazioak eta zingira-mirotzaren (Circus aeruginosus) komunitateak geroz eta ugariagoak direnez neguan eta habi garaian, Pitillasko Aintzirak nazioarteko garrantzia duten hezeguneen maila hartu du, Ramsar-eko Nazionarteko Hitzarmenaren arabera. Horri buruzko adostasun txostena eman zuen 1996ko maiatzaren 7an Naturaren Babeserako Batzorde Nazionalak.
Adierazi diren irizpideei jarraituz eta eremuak migraziorako iraganbide gisa duen garrantzia aintzat harturik, Pitillasko Natur Erreserba Hegaztien Babesgune Berezien (HBB) sare europarrean sartu zen 1991n.
Gainera, nazioarteko garrantzia duten Hezeguneen zerrendan sartzea proposatu da.
1.4.2. Ugaztun, anfibio eta narrastiak.
Ekosistemaren egitura biozenotikoa osatzen da mikrougaztun eta mesougaztunen faunarekin, horietako espezie aipagarrienak Arvicola sapidus ur ekologiakoa eta lehorrean, berriz, Croccidura russulae, Suncus etruscus, Mus musculus eta Apodemus silvaticus-en populazio ugariak, zingirako harraparien dietako zati garrantzitsua direnak.
Gutxiago agertzen dira eta ez dira hain ugariak erbinudea, azkonarra eta katajineta, azken hau noizean behin bakarrik. Ohikoak dira nahiz eta urtean zehar dentsitate ezberdina izan, azeria eta basurdea. Azken hau lezkadi zabalean babesten da neguan eta ehizaren presio handia dagoenean.
Fauna herpetelogikoaren barnean interes berezia dute anfibioek, ardeidoen eta hegazti harraparien dietako zati garrantzitsua direnak. Garrantzi handienekoa Pelobates cultripes da, gutxixeagokoa Pelodiytes punctatus eta Bufo calamita. Ur-igela ez da hain ugaria.
Apoarmatu istilzalearen (Emys orbicularis) populazio egonkorra dago.
Ofidioen faunan sartzen dira suge gorbataduna eta gutxixeago suge biperakara. Inguruko lurretan eskailera- sugea eta Montpellierko sugea agertzen dira dentsitate handi samarra dutela.
Bigarrena. Historia.
Sabasango istila, izen hori baitzuen agiri zaharretan, errege jabetzakoa zen eta ehizarako erabilpena ematen zitzaion. Istil honi buruzko aipamen zaharrenak XVII. mendekoak dira eta aintzira gazi ttiki bat zegoela adierazten dute, geroago ura biltzeko handitu zena, noizbait nekazaritzan hartaz baliatzeko asmoz.
Ureztatzeko erabilgarritasunik izan gabe, Aintzira ehizarako erabili zen urtetan, Udalak errentan emanda etekin ekonomi gutxirekin.
Hirurogeiko hamarkadaren bukaera aldera drenatu eta lehortu egin zen laborantzarako erabiltzearren. Proiektua bertan behera utzi zen geroago, lurzoruek gazitasun handia zutelako eta gizarteak kontrako jarrera hartu zuelako. 1976an Foru Diputazioak onetsi egin zuen Aintzira hogei urte luzagarritarako errentan ematea, eta 1977an Ehiza Babesleku deklaratu zuen, Estazio Biologikoaren moduan, 1970eko Ehizaren Legea ezarriz. Urte hartatik aurrera bukaera eman zitzaion ehizari eta errentamenduaren helburuak hezegunearen kontserbazioa bermatu zuen, bere eboluzio naturalaren eraginpean geratu baitzen.
Urte batzuk geroago, Aintzira Natur Erreserba deklaratu zen Lurraldearen Babes eta Erabilpenerako Herrialdeko Hirigintza Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legean. Azken hamar urteotan lehorteak izan dira, eragin natural handikoak edo txikiagokoak, aldian aldian izan diren aparteko idortasun klimatikoko zikloekin lotuta. Horrek guztiak zerikusia du penintsulako alde mediterraniarrari bereziki eragiten dioten klima orokorraren gora-beherekin. Horren ondorioz gertatzen den estres hidrikoa ez da larria landarediarentzat, eta alde mediterraniarreko ekosistema endorreikoen ekologiaren funtsezko ezaugarritzat jo behar da. Horrek hezeguneko hegaztien kopuruari ekartzen dion aldaketa latza da, nahiz eta epe motz eta ertainean lehenera daitekeen. Zenbait ikuspegiren arabera, ekosistemaren multzoak malgutasun handia du ur laminaren eta osagai biotiko erlazionatuen gora-beheren aurrean.
Hirugarrena. Natur erreserba babesteko arautegi berezia. Jardueren arautzea.
3.1. Paisaian eragina duten ekintzak.
Debekaturik daude:
a) Paisaia aldatu, ikus-eremua mugatu, ingurunearen berezko armonia desitxuratu edo hausten duten nolanahiko ekintza edo instalazioak. Interes orokorreko azpiegiturei dagokienean, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Legearen 11,2 eta 13. artikuluetan xedaturikoa hartuko da kontutan.
b) Edozein publizitate, iragarki mota edo antzeko jartzea.
c) Edozein dela prozedura, natur inguruneko edozein elementutan inskripzio, ikur, zeinu edo marrazkirik egitea.
d) Natur Erreserban hesi berririk jartzea, Natur Erreserbaren kon- tserbazio arrazoiengatik aldi baterako baimentzen direnak izan ezik.
3.2. Ingurune fisikoan eragina duten ekintzak.
Debekaturik daude:
a) Geomorfologia aldatu edo desitxuratzen duten ekintza edo hutsegiteak, zuzen edo zeharka higadura haunditu edo lurzoruaren kalitatea txikitzen dutenak eta oreka naturalak aldatzen dituztenak.
b) Objektu edota hondakin-gairik bertan uztea, bai eta zabor, hondakin eta isurkinik sortu edota kutsadura edafikoa dakarren nolanahiko ekintza edo hutsegiterik burutzea ere.
c) Azaleko uren edo lurrazpikoen zirkulazio erregimena edo konposizio naturala, edota horien elementu biotiko elkartuak, zuzen edo zeharka kaltetzen dituzten nolanahiko jarduerak.
d) Airearen edo natur ingurunearen kalitateari kalte egin diezaioketen gas, ke eta partikulak edo erradiazioak sortzen dituzten nolanahiko jarduerak.
e) Faunaren ohiko portaera eragoz dezaketen megafonoak edo ozentasun haundiko soinuak, ultrasoinuak edo asotsak sortzen dituzten tresnak erabiltzea.
f) Argi edota diztirarik egitea, zientzi, segurtasun, kontserbazio, salbamendu edo halabeharrezko arrazoiengatik ez bada.
3.3. Flora eta faunan eragina duten ekintzak.
Debekaturik daude:
a) Landare komunitateak, landareak, haziak edo hedakaiak aldatu, suntsitu edo kaltetzen dituzten jarduerak.
b) Babesturiko faunari tratu txarra eman, atzetik segitu, harrapatu eta minik edo kalterik egitea eta beren ugalketa, elikadura edota gordeleku eremuak suntsitu edo hondatzea ekartzen duten jarduerak.
c) Natur esparruarentzat arrotza den animali edo landare espezierik sartzea. Orokorki debekatu egiten da hezituriko animaliak sartu edo bertan izatea. Debekatua dago txakurrak ibiltzea.
d) Harri, landare edo animalien laginak edo ekosistemen antolamendu biologikoaren edozein hondakin, puska, egitura edo zeinu helburu jakinik gabe biltzea. Helburu bati begira hautaturiko laginen bilketa egiteko baimena eman ahalko du Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, baldin eta Natur Erreserba kontserbatzeko xedea eragozten ez badu. Baimena jaso ahal izateko, behar den eskabidea aurkeztuko da, eta bertan behar bezala arrazoituriko lagin bilketarako programa zehaztuko.
e) Ehiza eta arrantza.
f) Lezka ustiatzea eta landare usaintsuak edo sendatzekoak biltzea.
3.4. Kirol eta aisia jarduerak.
Debekaturik daude:
a) Bakarka edo multzoan akanpatzea eta Natur Erreserban antolaturiko kirol jarduera edo probak, Pitillastik Santacararako errepidean antolatuak izan ezik.
b) Natur Erreserbaren gainean hegan ibiltzea kirol motako aireuntziekin eta ultrarinekin edo beste hegagailu batzuekin, baino gutxiagoko altitudean.
c) Herriz-herriko merkataritza jarduerak.
Argazkigintza, zine eta bideo jardueretarako baimena eman ahalko da, baldin eta jarduera horiek ez badute Natur Erreserba kontserbatzeko helbururik oztopatzen. Baimena jaso ahal izateko, behar den eskabidea aurkeztuko da, eta bertan, garatu gogo den jardueraren Programa zehaztuko, behar bezala arrazoiturik.
3.5. Jarduera didaktikoak.
Ingurugiroari buruzko heziketarekin zerikusia duten jarduera didaktikoak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimendu ahalko ditu, baldin eta jarduera horiek ez badute Natur Erreserba kontserbatzeko helbururik oztopatzen. Baimena jaso ahal izateko, behar den eskabidea aurkeztuko da, eta bertan, behar bezala arrazoituriko programa didaktikoa zehaztuko.
Jarduera didaktikoak Hegaztien Behatokian eta helburu horretarako egokitu eremuetan soilik egin ahalko dira.
3.6. Zientzi jarduerak.
Zientzi edo ikerketa jarduerak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimendu ahalko ditu, baldin eta ez badute Natur Erreserba kontserbatzeko helbururik oztopatzen. Baimena jaso ahal izateko, behar den eskabidea aurkeztuko da, eta bertan, behar bezala arrazoituriko ikerketa programa zehaztuko.
3.7. Ekosistemen erabilera.
Natur Erreserbako ekosistemen egitura eta eginkizun orekatua, edo ezohiko desoreka jasaten ari den horien osagairen batena berregin, kontserbatu edo mantentzea beharrezkoa denean, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimena eman dezake zenbait jarduera burutu dadin, natur orekak berriz ezartzen eta Natur Erreserba kontserbatzeko helburuak lortzen laguntzeko.
Laugarrena. Inguruko babes eremuko jardueren eta erabilpenen araubidea.
Pitillasko Aintzirako Natur Erreserbaren inguruko babes eremua Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeko Eraskinean mugatuta agertzen dena da.
Inguruko babes eremu horren barnean egiten diren jardueren eta erabilpenen araubide juridikoa aipatu Foru Legearen 18. artikuluko 3. eta 4. zenbakietan ezarritakoa izanen da.
Bosgarrena. Kontserbazioa eta kudeaketa.
5.1. Aintziraren iraupena bermatu eta uraren kalitatea mantendu eta hobetzearren, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak honako kudeaketa jarduerak eginen ditu:
a) Kubetaren lurreztatzea txikiagotzearren, esekiak dauden solido aloktonoen karga kontrolatu eta murriztu eginen da, Aintziraren aurretiko dekantazio eremuak sortuz, behar den aldizkotasunez dragatuko direnak.
b) Urak hilabetero kontrolatuko dira, parametro fisiko-kimiko nagusienen eboluzioa ezagutzeko asmoz.
c) Arreta berezia jarriko zaio uren kalitatearen jarraipen analitikoari, ekosistemaren eutrofizazioa eta arro hidrografikoan erabilitako bioziden eragina kontrolatzeko.
d) Kubetaren altxaketa topografikoa eginen da, horren morfometria zehatz ezagutzearren.
5.2. Habitaten kontserbazioa eta kudeaketa:
a) Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ekologia aztertuko du eta, bereziki, Aintziran eta inguru hurbilean ezagutzen diren landare asoziazio garrantzitsuenendako lurzoru-landaredi harremanak.
b) Arro hidrografikoan dagoen floraren azterketa zehatza eginen du.
c) Urpeko eta urgaineko landarediak izan duen leku eboluzioaren aldizkako jarraipena eginen du, bai eta horren kartografiaketa ere eskala egokian.
Seigarrena. Mantenimendua eta zaintza.
Aintziraren mantenimendua eta zaintza bermatzearren, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ekintza hauek burutuko ditu:
a) Milazka halofiloen zerrenda eta Pitillas-Santacara errepidearen hurbileko ertzean zehar hedatutako zuhaitz babesa sendotuko ditu.
b) Urtero, negua pasatzen duten eta habia egiten duten ur-hegaztien inbentarioa eginen du, bai eta migrazioaren kontrola eta jarraipena ere.
c) Urtero eginen du inguru guztiko hesiaren mantenimendua, ateken konponketa eta seinalizazio eta mugarriena ere bai. Elementu horiek behar den aldizkotasunez berrituko dira.
d) Aldizka fauna aloktono, piszikola eta astazikolaren kontrola eginen du.
e) Inguru hurbileko laboreen eboluzioaren jarraipena eginen du (nekazaritzako jarduera mota, nekazaritzan ingurugiro neurriak hartzea, jarduerak uztea, etab.).
f) Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko ingurugiro arloko basozainek Foru Dekretuko honetan aurreikusitako arautegiaren betetzea zainduko dute, eta Pitillasko Aintzirako Natur Erreserbaren eta Inguruko Babes Eremuaren mugen barnean gertatzen den edozein gora-behera kontrolatuko dute.