Castellano | Euskara | Français | English
(2003ko 146. NAOn argitaratutako testua, azaroaren 17an)
Atarikoa
Gaur egun, behi azienda pirenaikoaren abeltzaintza estentsiboa eta nafarra zein latxa arrazetako ardi aziendena, garrantzi handiko produkzioa da, bai ikuspuntu ekonomikotik, bai gizartearen eta ingurumenaren aldetik, eta abere horien jarraipena interes handikoa da balio handiko ekosistemek irauteko, bestela guztiz andeatzen ahal baitira.
Gainera, abeltzaintza hori, Nafarroako Foru Komunitateko ingurumen baldintzei egokitua, tresna baliagarria da demografia txikiko eremu zabaletan jendea bizitzen jartzeko.
Bidezko dirudi behi pirenaikoen produkzioa eta nafarra zein latxa arrazetako ardiena bultzatzea abeltzaintza estentsiboan.
Europako Batzordeak, 33/01 laguntzari buruz 2002ko apirilaren 8an hartutako C745 (2002) Erabakiaren bidez, abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuan azaltzen diren laguntzak onetsi ditu, eta Europako Elkartearen jarraibideetan nekazaritza sektorerako Estatuko laguntzei buruz ezarritako baldintzak betetzen dituztela deklaratu du.
Abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko Erregelamendua, nekazaritza sektorerako Estatuko laguntzei buruzkoa, onesten du, arraza autoktonoetako aurrerako abereak erostea, besteak beste: behi pirenaikoak eta nafarra zein latxa arrazetako ardiak, eta indarrik gabe uzten du 2002ko martxoaren 18ko Foru Agindua, laguntzetarako arauak ezartzen dituena behi pirenaikoak eta nafarra zein latxa arrazetako ardiak produkzio estentsiboan sustatzeko.
Bestalde, berriki argitaratu da Batzordearen 2003ko otsailaren 13ko 2003/100/EE erabakia, gutxieneko baldintzak finkatzen dituena entzefalopatia espongiforme kutsagarrietarako (EEK) gogorra den ardi aziendaren hazkuntza programak ezartzeko. Bertan, kide diren estatu guztietan hazkuntza programak ezartzeko baldintzak adierazi dira, EEKetarako gogorrak diren ardi aziendak hauta daitezen, bai arraza autoktonoetakoak bai lurralde batean ugari direnak.
Bidezko da orain arraza pirenaikoa, behietan, eta nafarra zein latxa arrazak, ardietan, produkzio estentsiboan bultzatzeko laguntzak arautzen dituzten oinarriak garatzea, 280/2002 Foru Dekretuan adierazitakoari jarraituz eta lehen aipatu erabakia kontuan izanik.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluko 2.b) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Nafarroan, produkzio estentsiboan, behi azienda pirenaikoa eta nafarra zein latxa arrazetako ardi azienda sustatzeko laguntzak ematea du xede foru agindu honek, ingurumena eta naturaren baliabideak behar bezala babesteko bateragarria delako.
Laguntzen funtsa hauxe da: diru bat emanen da bigantxa pirenaikoen eta nafarra eta latxa arrazetako arkazteen enkante publikoetara agertu eta bertan saltzen den abelburu bakoitzagatik, betiere Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak edo Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak antolatu badituzte.
2. artikulua. Onuradunak.
Laguntzen onuradunak izanen dira nagusiki nekazariak diren abeltzainak, behitegi edo artegien titularrak eta ustiategien titular gisa bere gain hasteko prozesuan dauden nekazari eta abeltzain gazteak, enkante publikoan aurrerako bigantxa pirenaikoak edo nafar eta latxa arrazetako arkazteak erosten badituzte eta, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren arabera, nekazaritzan jarduteko lanbide-gaitasuna badute eta 3. artikuluan aipatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.
3. artikulua. Onuradunen betebeharrak.
Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Ustiategiak Nafarroan egon beharko du, eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatua.
b) Ustiategiak aurreko bi urteetan arkazterik saldu ez izatea enkanteetan, eta hurrengo bietan ez saltzeko konpromisoa hartzea.
c) Laguntzaren xede diren ustiategien bideragarritasun ekonomikoa frogatu beharko da. Hori frogatu ahal izateko, apirilaren 17ko 162/000 Foru Dekretuak 4. artikuluan xedatu bezala eginen da. Haren bidez, nekazaritzako ustiategietan inbertitu eta nekazari gazteak bere gain hasteko laguntzak eman ziren.
d) Europako Batasunak ingurumenari eta abereen higieneari eta ongizateari buruz emaniko gutxieneko arauak bete beharko dituzte.
e) Konpromisoa hartzea erositako abereak ustiategian gutxienez ere bost urtez mantentzeko, ezinbestez izan ezik, eta Abeltzaintza Zerbitzuak egiten dituen kontrolak onartzea. Hiltzen diren abereak ustiategiaren liburuan erregistratu beharko dira.
f) Ustiategiko gehieneko abere trinkotasuna hauxe izanen da: azienda larriko bi unitate, bazka hektarea bakoitzeko, edo hiru, ustiategi guztietako abereak azienda larriko hamabost unitate baino gutxiago badira. Ustiategi batean trinkotasuna kalkulatzeko kontuan hartuko den abere kopurua Kontseiluak maiatzaren 17an emaniko EE 1254/1999 Erregelamenduko 4. artikuluko 1. atalean xedatu bezala zehaztuko da. Erregelamendu horren bidez, Europako Batasuneko Behi Haragiaren Sektoreko Merkatuen Antolamendua ezarri zen. Aipatu (EE) 1254/1999 Erregelamenduaren III. eranskinean agertuko da azienda larriko unitateen taula.
4. artikulua. Abereek bete beharreko baldintzak.
1. Bigantxa pirenaikoek, enkantean erosteko diru laguntzarik eman bada, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Behi pirenaikoaren liburu genealogikoan inskribatuta egotea.
b) Ofizialki T3 tuberkulosiak, B4 bruzelosiak, leukosiak eta behien perineumonia kutsagarriak jo ez dituzten ustiategietatik etortzea.
Gainera, azken hogeita hamar egunetan gaixotasun horiei buruz proba bat iragan beharko dute, eta emaitza negatiboa atera.
c) Baztertzeko akatsik ez izatea.
d) Zortzi hilabetetik hamasei hilabetera bitartekoak izatea.
2. Nafar eta latxa arrazetako arkazteek, enkantean erosteko diru laguntzarik eman bada, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Zein bere arrazako liburu genealogikoan inskribaturik egotea.
b) Bruzelosiak ofizialki jo gabeko ustiategietatik etortzea, edo bruzelosiak jo gabekoetatik, hartzen duen ustiategiko osasun kalifikazioaren arabera.
Gainera, azken hogeita hamar egunetan proba bat gainditu beharko dute, eta emaitza negatiboa atera.
c) Baztertzeko akatsik ez izatea.
d) Hiru hilabetetik sei hilabetera bitartekoak izatea.
e) PrP geneari dagokionez, genotipo hauetako bat izatea: ARR/ARR, ARR/AHQ, AHQ/AHQ, ARR/ARQ, ARR/ARH, ARQ/AHQ, AHQ/ARH, ARH/ARH, ARQ/ARH.
5. artikulua. Diru laguntzen zenbatekoa.
Diru laguntzaren zenbateko osoak aberearen kostuaren ehuneko 50 egiten ahalko du alde behartsuetan, eta ehuneko 40 beste aldeetan, betiere 150 euro gainditu gabe bigantxa bakoitzeko, eta 36 euro arkazte bakoitzeko.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak (MAPA) sustatutako enkantea denean, MAPAtik hartu beharreko zenbatekoa hartuko da kontuan, bi diru laguntzen artean ez dadin ehuneko 50 eta 40 gainditu, alde bakoitzerako adierazi bezala.
6. artikulua. Eskabideak aurkeztea.
1. Laguntza eskatzeko, berariazko idazki edo inprimakiak erabili behar dira, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren edozein bulegotan aurkeztu. Orobat, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bitartez aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan aurreikusitako edozein tokitan aurkezten ahal dira.
2. Eskaerekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira, gutxienez:
a) Eskatzailearen NANaren edo IFZren fotokopia.
b) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko ziurtagiria, lehentasunezkoari buruz.
c) Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Landa Garapenerako Zerbitzuaren txostena, eskatzailea, nekazari gazte gisa, lehen instalazioa tramitatzen ari dela dioena, hala denean.
d) Eskatzailearen aitorpena, aurreko 2 urtean arkazterik enkantean saldu ez duela eta hurrengo 2 urtetan salduko ez duela dioena.
e) Abereak enkantean erosi izanaren ziurtagiria.
f) Finantza erakundearen ziurtagiria, eskatzailea kontuaren edo libretaren titularra dela dioena.
g) Ustiategiko aurrerako abereen zentsuaren deklarazioa, enkantearen garaikoa.
h) Ziurtagiria, abereen banan banako identifikazioa eta haien balorazio morfologikoa eta genealogikoa egiten dituena; baita PrP generako genotipoa ere ardi aziendaren kasuan.
i) Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak helburu bererako emandako laguntzen gaineko jakinarazpena.
3. Laguntzen eskaerak abereak erosi eta hogeita hamar eguneko epean aurkeztuko dira. Horretarako, ematen diren inprimaki ofizialak osorik bete beharko dira. Ez da eskaerarik onartuko urtearen azken hiruhilekoan, erosketa egin eta hurrengo urteko lehen hilean aurkeztu beharko baitira.
7. artikulua. Eskabideak tramitatu eta ebaztea.
1. Aurkeztutako dokumentazioa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak aztertuko du eta, akatsen bat aurkituz gero, interesatuei jakinaraziko die, gehienez ere hilabetean okerrak zuzendu ditzaten, edo dokumentazioa osa dezaten eskatzen zaizkien datuekin; bestela, ebazpena eman ondoren, espedientea artxibatu eginen da.
2. Aurrekontua ez bada aurkeztutako eskaera guztiak adinakoa, eskaeretan sartutako abereen artean hainbanatuz emanen da laguntza.
3. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak, aurkeztutako dokumentazioa eta egiten diren txostenak ikusirik, foru agindu honetan aurreikusitako laguntzei dagokien ebazpena emanen du. Ebazpen hori positiboa izatera, zenbatekoa eta laguntza lortzeko baldintzak zehaztuko dira.
4. Sei hilabetekoa da administrazio ebazpena jakinarazteko gehieneko epea, eskaera Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan sartzen denetik hasita. Epe horretan ez bada berariazko ebazpena jakinarazten, eskaera ukatutzat eman beharko da.
8. artikulua. Kontrolak.
1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak laguntza hauen segimendua eginen du, egoki iruditzen zaizkion kontrolen bitartez. Onuradunek kontrol lan horietan lagundu beharko dute.
2. Gainera, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak behar diren kontrolak ezarriko ditu, ekoizpenak merkatuan irtenbide arruntik ez badu laguntzarik ez dela emanen bermatzeko.
9. artikulua. Neurria aplikatzen jarraitzea.
1. Konpromiso-aldian onuradunak laguntzaren xede den ustiategia osorik edo haren zati bat beste bati eskualdatzen baldin badio, lagapen-hartzaileak konpromisoari eutsi beharko dio epea amaitu arte, eta aurreko onuradunaren beharkizun eta eskubideak bere gain hartuko ditu. Bestela, hartutako laguntzak itzuli beharko ditu onuradunak, baita korrituak ere, zein den ordaindu eta onuradunak jasotakoa itzuli arte iragaten den denbora, horren arabera.
2. Hitzarturiko konpromisoak ez betetzeko ezinbesteko arrazoiren bat gertatzen bada, ez da konpromisoari eutsi zaion aldiko dirua eskatuko. Hauek dira ezinbestekoak:
a) Onuradunaren heriotza.
b) Onuradunaren lanerako ezintasun luzea.
c) Neurria aplikatu zaion ustiategiaren parte handi bat desjabetzea, konpromisoa hartu zen egunean desjabetzapena ezin bazen aurreikusi.
d) Lagundutako abeltegia ukitzen duten ezbehar natural larriak.
e) Onuradunaren ustiategian gaitzak agertzea, erauzte eta kontrol neurriak hartzera behartzen dutenak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua begirale dela.
f) Beste edozein inguruabar, behar bezala dokumentatua, Abeltzaintza Zerbitzuak salbuespentzat hartzen duena.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinarazi beharko zaizkio ezinbestekoak, ezbeharra gertatzen denetik hamar egun balioduneko epean, gehienez.
10. artikulua. Onuradunen betebeharrak.
Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak hartzen dituztenek betebehar hauek dituzte:
a) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak diru laguntzen inguruan egiten duen edozein egiaztapen onartzea.
b) Helburu bereko beste diru laguntza publikorik eskatuz gero, haien berri ematea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.
c) Hartutako diru laguntza kontabilitatean edo liburu-erregistroan erregistratzea, indarra duen araudiaren arabera horretara beharturik egonez gero.
11. artikulua. Laguntza itzultzea.
Laguntzak emateko eskatzen diren baldintzak eta konpromisoak betetzen ez badira, oso-osorik itzultzea eskatuko da, baita haien berandutzagatiko korritua ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen diru laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.
12. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen diru laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean finkatutakoa da arau-hauste eta zehapenen araubidea.
2. Arau-hausteak zehaztu eta zehapenak jartzeko prozedura abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuari lotuko zaio, nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloko zehapen prozedura administratiboa onesten baitu.
13. artikulua. Laguntzei uko egitea.
Abeltzainen bati eman zaion diru laguntza interesatzen ez bazaio, laguntzari uko egiten diola idatziz jakinarazi beharko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hogeita hamar eguneko epean. Hala egiten ez badu, onuradunak laguntza eta hura emateko baldintzak onartzen dituela ulertuko da.
Lehendabiziko Xedapen Gehigarria
Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen diru laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoari men eginen zaio.
Bigarren Xedapen Gehigarria
Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak aurrekontuetako mugen araberakoak dira, eta "Arraza autoktonoak eta ustiategi estentsiboak erosketa bidez sustatzea" izeneko 711001- 71310-7700-713203 kontusailaren kargura ordainduko dira, 2003ra arte luzatu diren 2002. urteko Nafarroako aurrekontu orokorretatik eta hurrengo ekitaldietatik.
Hirugarren Xedapen Gehigarria
Foru agindu hau aplikatzeko egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurtsoaren gaia den egintza jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Azken Xedapen Bakarra
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.