Castellano | Euskara | Français | English
FORU AGINDUA, 2003ko maiatzaren 28koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana; beraren bidez nekazaritzako azpiegituretan esku hartu behar den eremuetako herrilurrak edo haien baliokide diren lurrak ureztalur bihurtzeko edo oraingo ureztalurrak hobetzeko ura banatzeko presiozko sareak jartzeko inbertsioak finantzatzeko eta hartarako laguntzak emateko araubidea ezarri da
(Testu bateratua. Jatorrizkoa2003ko 90. NAOn argitaratua, uztailaren 14an. Aldaketak: 278/2006 Foru Agindua, abuztuaren 31koa)
Atarikoa
Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduak, martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, 11. artikuluan toki erakundeek edo haiekin berdinetsitakoek nekazaritzako azpiegituretan esku hartu behar den eremuetako herrilurrak edo haien baliokide diren lurrak ureztalur bihurtzeko edo oraingo ureztalurrak hobetzeko laguntzen onuradunek betekizun batzuk betetzeagatik dagokien finantzaketa-zatiaren arabera jasoko duten dirulaguntzaren portzentajea ezartzeko irizpideak finkatu ditu.
Erregelamendu betearazle honetan xedatutakoak ahalmena ematen dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari hura garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapenak emateko.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenak erabiliz, hauxe, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Foru agindu honen xedea toki erakundeek edo Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko Hamargarren Xedapen Gehigarrian aipatutakoek herrilurretan edo haien baliokide diren lurretan ura presiozko sareen bidez banatzeko inbertsioak nola finantzatu eta haien zenbatekoa arautzea da, bai eta erakunde horiek nekazaritza azpiegituretan esku hartu behar den eremuetako lurrak ureztalur bihurtzeko edo oraingo ureztalurrak hobetzeko laguntzen onuradunek betekizun batzuk betetzeagatik dagokien finantzaketa-zatiaren arabera jasoko duten dirulaguntza ere.
2. artikulua. Toki erakundeek bete beharreko betekizunak.
Herrilurretan edo haiekin berdinetsitako lurretan ura presiozko sareen bidez banatzeko sistema jartzeko inbertsioen oinarrizko finantzaketa jasotzeko, toki erakundeek ondokoak bete behar dituzte:
a) Lursaila ezin da izan nekazaritzako azpiegituretan esku hartu beharreko eremuko oinarrizko ureztalur-unitatea baino txikiagoa.
b) Herrilur sailen azalera hamabost urtean mantendu behar dute.
c) Lursaileko instalazioen diseinua eremurako oro har ezarritako baldintza teknikoen araberakoa izan behar da.
3. artikulua. Finantzaketa.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak herrilurretan edo haiekin berdinetsitako lurretan ureztatzeko presiozko sistemak instalatzeko inbertsioaren %50 finantzatzen ahal du, baldin eta toki erakundeek edo haiekin berdinetsitako erakundeek 2. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badituzte.
4. artikulua. Dirulaguntzak.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak herrilurretan ureztatzeko presiozko sistemak instalatzeko inbertsioetan toki erakundeei dagokien finantzaketa-zatiaren araberako dirulaguntza eman ahal izanen du; hona kopuruak eta baldintzak:
1. Instalazioaren kostu osoaren %15eko dirulaguntza aldatutako herrilurren edo berdinetsitako lurren %60, gutxienez, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasuneko gisa katalogatuta dauden nekazaritzako ustiategiei esleituta badago.
2. Dirulaguntzari instalazioaren guztirako kostuaren %10 gehituko zaio toki erakundeak ondokoetako bat frogatzen badu:
a) Herrilur sailen edo haiekin berdinetsitako lursailen adjudikaziodunen %75, gutxienez, ureztapena eta fertirrigazioa programatzeko ikastaro homologatuetan izan direla, ureztapena has daitekeela adierazi edo, bestela, obrak jaso aurretik.
b) Herrilur sailen edo haiekin berdinetsitako lursailen adjudikaziodunen %75ek, gutxienez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Riegos de Navarra S.A.ren bidez ezarritako ur-kontsumorako jarraibideak betetzen dituztela, eta frogatu ere ureztapena has daitekeela adierazi ondoko kanpaina amaitu baino lehen edo obrak jaso baino lehen.
5. artikulua. Eskabideak nola aurkeztu.
1. Toki erakundeek Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari bidali behar dizkiote dirulaguntza eskabideak Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluan aurreikusitako bideetako bat erabiliz.
2. Eskabideak ureztapena has daitekeela adierazi edo, bestela, obrak jaso ondoko bi urteko epean aurkeztu ahal izanen dira.
3. Laguntza eskabideari agiri hauek erantsi behar zaizkio:
a) Herrilur sailen edo haiekin berdinetsitako lursailen adjudikaziodunez toki erakundeak egindako zerrenda-ziurtagiria.
b) Herrilur sailen edo haiekin berdinetsitako lursailen adjudikaziodunek ureztapena programatzeko ikastaro homologatuetan izan direla frogatzen duen agiria, toki erakundeak ureztapena has daitekeela adierazi edo, bestela, obrak jaso aurretik emana.
c) Herrilur sailen edo haiekin berdinetsitako lursailen adjudikaziodunen %75ek, gutxienez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Riegos de Navarra S.A.ren bidez ezarritako ur-kontsumorako jarraibideak betetzen dituztela frogatzen duen ziurtagiria, toki erakundeak emana ureztapena has daitekeela adierazi ondoko kanpaina amaitu baino lehen edo obrak jaso baino lehen.
6. artikulua. Ematea eta ordainketa.
1. Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien zuzendari nagusiak, aurkeztutako agiriak eta egindako txostenak ikusirik, eskaerak ebatziko ditu, aurrekontuan nahikoa diru dagoenez aintzat hartuz.
2. Administrazio ebazpenak agiriak aurkezten direnetik sei hilabete igaro aurretik jakinarazi behar dira. Epealdi horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, gaitziritzi egin zaiola pentsatu beharko du.
7. artikulua. Betebeharrak.
Toki erakundeek ondoko betebeharrak izanen dituzte:
a) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak jasotako dirulaguntzen inguruan egiten dituen egiaztapenak onartu behar dituzte, batez ere Riegos de Navarra, S.A.k ureztatzeari buruzko ikastaroez eta ur-kontsumoez egiten dituen egiaztapenak.
b) Kontabilitatean laguntza kobratu izana erregistratu behar dute, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badaude.
8. artikulua. Itzulketa.
Dirulaguntzak emateko eskatzen diren baldintza eta konpromisoak bete ezean, laguntzak oso-osorik itzuli beharko dira, baita bidezko diren berandutza korrituak ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
1. Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuenak, xedatzen du arau-hauste eta zehapenen araubidea.
2. Arau-hausteak zehazteko eta zehapenak jartzeko prozedura abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuari lotuko zaio, hots, nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloko zehapen prozedura administratiboa onesten duenari.
10. artikulua. Laguntzei uko egitea.
Laguntza ekonomikoa eman ondoren jaso nahi ez bada, toki erakundeak edo berdinetsitako erakundeak idatziz adierazi beharko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari uko egiten diola, ebazpena jakinarazi eta hogeita hamar egun igaro baino lehen. Hala egiten ez badu, onuradunak laguntza eta baldintzak onartzen dituela ulertuko da.
Lehen Xedapen Gehigarria
Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoari men eginen zaio.
Bigarren Xedapen Gehigarria
Foru agindu honen aplikazio bidean ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Hirugarren Xedapen Gehigarria
Foru agindu hau aplikatzeko gastuak Nafarroako Aurrekontu Orokorreko 720.000-72130-7400-532100 kontusailaren kargura ordainduko dira ("Ureztalur berriak sortzeko edo oraingoak hobetzeko dirulaguntza").
Azken Xedapen Bakarra
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.