Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1991ko 35. NAOn argitaratua, martxoaren 20an. Aldaketak: 11/2004 Foru Legea, urriaren 29koa)
Atarikoa
Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak Hamaikako, Hamabosteko eta Hogeiko Batzordeei buruzko 1979.eko uztailaren 4eko Arauak eta Kontzeju irekiak eratu eta direlako Batzordeak hautatu eta eratzeari buruzko urriaren 13ko 31/1983 Foru Legea derogatu egin zituen. Foru Lege horiek, haiek garatu eta exekutatzeko arautegi bidez emandako xedapenekin batera, Nafarroako Kontzejuetako gobernu eta administrazio organoen eraketa eta haien kideen hautaketa arautzen zuten.
Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko aipatu Foru Legearen 38. artikuluak ezartzen du Kontzeju horietako gobernua eta administrazio Presidente eta Batzar bat edo Kontzeju ireki baten bidez, populazioaren arabera, zuzenduko direla eta Presidentea eta Batzarre lau Batzarkideak gehiengoaren sistemaz hautatuko direla, bertan bizi eta hauteskunde-zentsuan sartuak diren hautesleen zuzeneko botazioaz alderdi, federakunde, koalizio edo hautesleen elkarteek aurretik hautagaiak aurkeztuta eta hauteskunde eguna udal hauteskundeetarako den huraxe izanen delarik.
Orain artean azalduaren ondorioz, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2an emandako 6/1990 Foru Legeak, Kontzejuez ari denean, bereizi egiten ditu hautesle eta hautagai izaerak, lehenbizikoa hauteskunde-zentsuan sartua izateari lotua uzten baitu eta bigarrena, bizilagun egoiliar izaerari; orain hondarreko hori aldatu egiten du Foru Lege honek, hautagai izateko nahitaezko baldintza baita hautesle izatea, beti ere Kontzejuetako eskubide politikoen erabilera hauteskunde-zentsuan sartua izateari lotua gelditzen delarik.
Gainerakoan, Foru Lege honek Nafarroako Kontzejuetako gobernu eta administrazio organoen eraketa eta haien kideen hautaketa arautu egiten ditu, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko6/1990 Foru Legean ezarritakoaren ildoan, eta besteak beste, kontzejuetako hauteskunde prozesua entitate lokalen prozesu orokorraren barrenean sartu egiten du, oinarrizko ezaugarri zenbaitzu, adibidez, hauteskunde-zentsuaren unitatea, Administrazio Bakar baten partehartzea eta hauteskundeen garantiak errespetatuz, horiek baitira zuzeneko sufragio orokorraren bidezko hauteskunde prozesu guztietan nahitaez aplikatu behar direnak. Horrela, Nafarroak beti eduki eta erabili duen eskubide historikoa, Konstituzioaren Lehenbiziko Xedapen Gehigarriak babestua eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 46. artikuluan finkatua, gaurkotu egiten da eta hiritarrek afera publikoetan parte hartzeko duten eskubidearen erabilera, kontzejuetako ordezkaritzaren bitartez, egokitu egiten da gai horri buruz konstituzioaren aginduetatik heldu diren parametroen arabera.
1. artikulua. Hasierako Xedapena.
1. Nafarroako Kontzejuetako gobernu eta administrazioa ondoko era hauetan burutuko da:
a) Kontzeju irekiaren eraentzan, eskubidedun populazioa 16 biztanletik 50era bitartekoa baldin bada.
b) Batzar baten bidez, eskubidedun populazioa 50 biztanletik goitikoa baldin bada.
2. Kontzeju irekiaren eraentzan, gobernua eta administrazioa Presidenteari eta sufragio aktiborako eskubidea izanik Kontzeju bakoitzeko hauteskunde-zentsuan sartuak diren bizilagunek osatutako
asanblada bati dagokio. Presidenteak hautatuko du asanbladako kide bat, bera agertu ez edo eri dagoenean, bere ordezkari gisa iharduteko.
3. Batzarrak Presidentea eta lau Batzarkide izanen ditu. Presidenteak hautatuko du Batzarkide bat, bera agertu ez edo eri dagoenean, bere ordezkari gisa iharduteko.
4. Kontzeju irekien eraentzapeko Kontzejuetako Presidenteak eta Batzarretako Presidente eta Batzarkideak gehiengoaren bidezko sistemaz hautatuko dira, Foru Lege honetan agindutakoaren arabera.
2. artikulua. Kontzejuetako Populazioa.
1. Arestiko artikuluaren 1 zenbakian ezarritakoa aplikatu ahal izateko, Kontzejuetako eskubidedun populazioaren hondarreko zifrak hartuko dira kontutan, Foru Komunitateko Administrazioak ofizialtzat
deklaratuak eta kontzejuetako hauteskundeen deialdia baino lehenago Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman zirenak.
2. Foru Komunitateko Administrazioak kontzejuetako hauteskundeen deialdiarekin batera Kontzejuen zerrenda, alfabetikoki eta Udalez-Udal sailkatuak, emanen du argitara ondoko datu hauek zehaztuko direlarik:
a) Kontzeju bakoitzeko eskubidedun populazioa.
b) Kontzeju bakoitzean, Batzarreko Presidentea eta Batzarkideak hautatu behar diren edo, kontzeju irekien kasuan, Presidentea bakarrik.
3. artikulua. Sufragio aktiboa.
Kontzeju irekien eraentzapeko Kontzejuetako Presidentea eta Batzarretako Presidentea eta Batzarkideak aukeratzeko hauteskundeetan sufragio aktiborako eskubidea izanen dute Kontzejuari dagokion Udalerriaren hauteskundeetan sufragio aktiborako eskubidea dutenek, hau da, Kontzejuan egoitza izan eta indarrean dagoen hauteskunde-zentsuan sartuak direnek.
4. artikulua. Sufragio pasiboa.
1. Honakoak dira hautagarri: adinez nagusiak diren herritarrak, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera hautatzaile izanik hautaezintasun edo bateraezintasun kausan sartuak ez direnak.
2. Kontzeju irekietako Presidenteei eta Batzarretako Presidente eta Batzarkideei aplikatzen ahalko zaizkie kontzejukideei buruz legeria orokorrean ezarritako hautaezintasun eta bateraezintasun kasuak.
5. artikulua. Hauteskunde Barrutiak.
Udal hauteskunde barrutietan udalerri bakoitzean dauden Kontzejuetako Presidentea edo Batzarretako Presidentea eta Batzarkideak, kasuan kasu, hautatuko dira.
6. artikulua. Deialdia.
1. Kontzeju irekien eraentzapeko Presidentea eta Batzarretako Presidentea eta Batzarkideak hautatzeko deialdia, Nafarroako Gobernuak erabakiko du Foru Dekretu bitartez eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara.
2. Kontzejuetako hauteskundeen deialdia onesten duen Foru Dekretua udal hauteskundeetarako deialdia onesten duen Errege Dekretuarekin batera, edo haren ondotik, eman ahalko da argitara, baina beti ere arestian aipatutako Errege Dekretuak indarra hartzen duen egun berean hartuko du indarra.
Deialdiaren Foru Dekretuak zehaztuko du kontzejuetako hauteskundeak zein egunetan eginen diren, eta udal hauteskundeak egiten diren egunean izanen da.
7. artikulua. Hautagai zerrenden aurkezpena.
1. Kontzeju irekien eraentzapeko Kontzejuetako Presidente izateko, baita Batzarretako Presidente eta Batzarkide izateko ere, ondoko hauek aurkezten ahal dituzte hautagaiak:
a) Behar den erregistroan sartutako alderdi eta federakundeak.
b) Alderdi eta federakundeek osatutako koalizioak, epearen barrenean eratuak eta udal hauteskundeetarako hautagaien koalizioendako ezarritako arauei jarraikiz.
c) Hautesleen elkarteak, hirugarren zenbakian ezartzen diren baldintzak betetzen baldin badituzte.
2. Kontzejuetako hauteskundeetarako alderdi eta federakundeen koalizioak aditzera eman beharko zaizkio Zonalde hartako Hauteskunde Batzordeari.
3. Hautagaiak edo hautagai-zerrendak aurkeztu ahal izateko, hautesleen elkarteek Kontzejuko hautesleen zerrendan sartuak direnen sinadura kopuru bat behar dute, notariak nahiz Kontzejua dagoen tokiko Udalaren Idazkariak kautotuak, eta ondoko baremoaren arabera zehaztua:
a) Kontzeju irekien eraentzapeko Kontzejuetako Presidente izateko hautagaiak aurkeztu ahal izateko, guttienez ehuneko hamarreko kopurua.
b) Batzarretako Presidente eta Batzarkide izateko hautagaien zerrenda aurkeztu ahal izateko, guttienean Kontzejuko hautesleen zerrendan sartuak direnen ehuneko bateko kopurukoa behar du izan eta inolaz ere ez daiteke izan hamar baino guttiagokoa.
8. artikulua. Hautagaien zerrenda aurkezteko era eta hautagaien aldarrikapena.
1. Kontzeju irekien eraentzapeko Kontzejuetako Presidenteak hautatzeko, alderdi, federakunde, koalizio eta elkarte bakoitzak hautagai bakarra aurkeztu ahalko du.
2. Kontzejuetako Batzarren Presidente eta Batzarkideak hautatzeko, alderdi, federakunde, koalizio eta elkarte bakoitzak gehienez ere bost izen dituen zerrenda bat aurkeztu ahalko du.
3. Hautesleen elkarteen sustatzaileek eta alderdi, federakunde eta koalizioen ordezkariek sinatutako hautagaien zerrendak Zonaldeko Hauteskunde Batzordeari aurkeztuko zaizkio, udal hauteskundeetarako hautagaien zerrendak aurkezteko finkatua dagoen epearen barrenean, horiek burutzeko ezarrita dauden baldintzei jarraikiz.
4. Hautagaien zerrendak argitaratu, hautagaiak aldarrikatu eta aldarrikapen horren aurkako helegiteak jartzea, udal hauteskundeetarako ezarritakoari lotuko zaizkio.
9. artikulua. Hautesleen ordezkariak.
1. Udal hauteskundeetara jotzen duten alderdi, federakunde eta koalizioek aukeratutako ordezkari nagusiak, kontzejuetako hauteskundeetarako ere izaten ahalko dira aukeratuak. Halaber, alderdi, federakunde eta koalizioek udaletan aurkezten dituzten hautagai-zerrenden ordezkariak, udal haietako Kontzejuetako hauteskundeetan aurkeztutako hautagai-zerrendena ere izan ahalko dira.
2. Kontzejuetako hauteskundeetara jotzen duten elkarteen sustatzaileek beren hautagai-zerrenden ordezkariak izendatu ahalko dituzte Zonaldeko Hauteskunde Batzarrari zerrendak aurkezten dizkioten unean, eta izendapen hori ekintza horrexetan behar da onartu.
10. artikulua. Ahaldunak eta Interbentoreak
Udal hauteskundeetarako izendatzen diren Ahaldun eta Interbentoreek, hauteskundeetarako legeriak horrelakoetan iharduteko ematen dizkien eskubideak kontzejuetako hauteskundeetan ere erabili ahalko dituzte.
11. artikulua. Hauteskundeetako propaganda eta titulartasun publikoko komunikabideen erabilpena.
1. Kontzejuetako hauteskundeetako hauteskunde kanpaina, udal hauteskundeetakoa egiten den egunetan eginen da.
2. Kontzejuetako hauteskundeetara jotzen duten alderdi, federakunde, koalizio eta elkarteek titulartasun publikoko komunikabideetan dohainik diren emanaldirako eskubidea, Kontzeju haietako udalerriko udal hauteskundeetan dutenaren barrenean dagoela ulertu beharko da.
12. artikulua. Hauteskundeetako txartel eta gutunazalak.
Kontzejuetako hauteskundeetan udal hauteskundeetan txartel eta gutunazalei buruz ezarritakoa izanen da aplikagarri.
Foru Komunitateko Administrazioak boto emateko txartel eta gutunak nahikoak izanen direla ziurtatzen du, hauteskundeetara jotzen duten alderdi politikoek ere horrelakoak burutzen ahal dituztela ezertan ukatu gabe.
13. artikulua. Hauteskunde Mahaiak.
1. Kontzejuetako hauteskundeetan, udal hauteskundeetan erabilitako Hauteskunde Mahai berberetan emanen da botoa.
Udal hauteskundeetako Hauteskunde Mahaia bakarra baldin bada, hantxe eman beharko da udalerri hartako Kontzejuei dagozkien hauteskundeetako botoa, eta horretarako Kontzeju bakoitzak izanen du bere atabaka.
Udal hauteskundeetarako Mahai bat baino gehiago baldin bada, udalerri bakoitzeko Kontzejuei dagozkien hauteskundeetako botoa udal hauteskundeetan ezarritakoa dagoen hautesle banaketa bera erabiliz emanen da, eta horretarako Mahai bakoitzean Kontzeju bakoitzak izanen du bere atabaka.
2. Kontzeju bakoitzari dagokion atabaka behar bezain argi seinalatuko da, Mahai hartan egiten diren gainerako hauteskundeetatik behar bezala bereizteko.
14. artikulua. Boto ematea eta kontaketa
1. Kontzejuetako hauteskundeetan, boto eman eta kontatzeko ekintzak udal hauteskundeetan aplikagarri diren arauei lotuko zaizkie.
2. Entitate lokalei dagozkien txartelen kontaketa egiterakoan, ondoko ordenari jarraituko zaio: lehenbizi, udal hauteskundeei dagozkien txartelen kontaketa, eta ondotik kontzejuetako hauteskundeei dagozkienena, Kontzejuen ordena alfabetikoari jarraikiz.
15. artikulua. Hautatuen aldarrikapena.
1. Udal hauteskundeetan bezalaxe, kontzejuetako hauteskundeetako hautatuen aldarrikapena egiteko eskumena Zonaldeko Hauteskunde Batzordeei dagokie.
2. Kontzeju irekien eraentzapeko Kontzejuetako Presidentea hautatzeko hauteskundeetan, boto gehien lortzen duen hautagaia hautatua dela aldarrikatuko da, eta berdinketarik gertatzez gerotan
zozketa bidez ebatziko da.
3. Kontzejuetako Batzarren Presidente eta Batzarkideak, 100 biztanletik 250era bitarteko udalerrietako zinegotziak hautatzeko prozedurari jarraikiz eginen dira hautatu eta aldarrikatu, ondoko
arauak bete beharko direla:
a) Hautesle bakoitzak gehienez ere aldarrikatu direnen arteko lau hautagaiei ematen ahalko die botoa.
b) Kontzejuetako hautagai bakoitzak lortutako botoen kontaketa egiteko, erdietsi dituzten boto kopuruak, haundienetik ttikienera, erreldun jarriz eginen da.
c) Boto gehien lortzen duen hautagaia Presidentetako hautatzen dela aldarrikatuko da, eta berdinketarik gertatzez gerotan zozketa bidez ebatziko da.
d) Arestiko atalean aipatutakoaren ondotik, boto gehien lortzen duten hurrengo lau hautagaiak, Batzarkidetako hautatzen direla aldarrikatuko da, eta berdinketarik gertatzez gerotan zozketa bidez
ebatziko da.
e) Presidentearen heriotza, ezgaitasuna edo uko egitea suertatzez gerotan, harek uzten duen hutsunea boto kopuruaren araberako zerrendan haren ondotik heldu den Batzarkideari esleituko zaio, eta geroan izan daitezkeen hutsuneak esleitzeko ere prozedura berberari jarraituko.
f) Batzarkideren baten heriotza, ezgaitasuna edo uko egitea suertatzez gerotan, edo Batzarkideren batek Presidentearen izaera hartzeagatik, harek uzten duen hutsunea boto kopuruaren araberako
zerrendan haren ondotik heldu den hautagaiari esleituko zaio, eta geroan izan daitezkeen hutsuneak esleitzeko ere prozedura berberari jarraituko.
g) Hautatuen kopurura hiru baino ttikiagoa bada, eta orduan bakarrik, Kudeaketa Batzorde bat eratuko da eta bertan parte hartuko dute ihardunean segitzen duten Batzarkideek eta Foru Komunitateko Administrazioak Batzarkideen kopurua osatzeko izendatzen ahal dituenek, hondarreko horiek, alderdi, federakunde, koalizio eta elkarteen ordezkariei adituta, egokitasun eta entzutea dutenen artean aukeratuko direlarik.
4. Kontzeju irekien eraentzapeko Presidentearen heriotza, ezgaitasuna edo uko egitea suertatzez gerotan, harek uzten duen kargua boto kopuruaren araberako zerrendan hasieran izendatuaren ondotik heldu den hautagaiari esleituko zaio, eta geroan izan daitezkeen hutsuneak esleitzeko ere prozedura berberari jarraituko. Bakarrik ere ez bada, Kontzejuko kideek, gehiengo absolutuaz, aukeratzen duten Kontzejukidea izanen da kontzeju irekiaren Presidentea, eta gehiengo absolutua inork lortzen ez badu, bilkura hartan bertan eginen da beste bozketa bat eta boto gehien lortzen duena huraxe izanen da Presidente aukeratua, berdinketak zozketa bidez ebatziko direlarik.
16. artikulua. Hauteskunde partzialak.
1. Kontzejuren batean hautagairik aurkezten ez bada, Kontzeju hartan hauteskunde partzialak egin beharko dira.
Kontzejuetako hauteskunde partzialen deialdia, kontzejuetako hauteskunde orokorretarako agindutakoari lotuko zaio eta horiek burutzeko data udal hauteskunde partzialak egiteko den huraxe izanen da.
2. Deialdi honetan ere hautagairik aurkezten ez bada, kontzeju irekien eraentzapeko Kontzejuetako Presidenteak arestiko artikuluko 4. zenbakiko bigarren lerromultzoan agindutakoari jarraikiz hautatuko dira, eta Batzarren bidez zuzendutako Kontzejuetan, Foru Komunitateko Administrazioak Kudeaketa Batzorde bat, bost Batzordekidek osatua, izendatuko du eta eurek hautatuko dute beren artean Presidentea, 100 biztanletik 250era bitarteko udaletako Alkatea hautatzeko prozeduraren arabera.
17. artikulua. Kontzejuetako Batzarren eraketa.
Kontzejuetako Batzarrak eratzerakoan, Udalak eratzeko ezarrita dauden arauei jarraituko zaie.
18. artikulua. Hautatuen Agintaldia.
Kontzeju irekien eraentzapeko Kontzejuetako Presidenteen Agintaldia, baita Kontzejuetako Batzarkideena ere, Udaletako Kideek dutena izanen da.
Behin agintaldia bukatuz gero, beren ihardunean segituko dute baina ohizko administraziorako bakarrik, eta inolaz ere ezin izanen dute erabakirik hartu, horrelakoak hartzeko legez gehiengo kualifikatua behar baldin bada, behintzat.
19. artikulua. Hauteskundeetako helegiteak, delitu eta lege hausteak.
Kontzejuetako hauteskundeetan, hauteskundeetako helegite, delitu eta lege hausteei buruz izaera orokorrez ezarritakoa izanen da aplikagarri.
Xedapen Gehigarri Bakarra
Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen Lehenbiziko Xedapen Gehigarriaren lehenbiziko arauean ezarritakoaren barrenean ez izateagatik, iraungi ez diren Kontzejuak, duten eskubidedun populazioa 16 bizilagun baino ttikiagoa izanda ere, kontzeju irekien eraentzapean zuzenduko dira, kontzeju izaera mantentzen duten bitartean.
Lehen Xedapen Iragankorra
1. Lehenbiziko artikuluan xedatutakoa gorabehera, Foru Lege honek indarra hartzean udalerri independiente bilakatzeko beren udalerritik banantzeko prozesuan dauden Kontzejuetan, Lege honek indarra hartu ondorengo lehendabiziko agintaldiari dagozkion gobernu eta administrazio organoen eraketa eta horietako kideen hautapena, erregela berezi hauei jarraikiz eginen dira:
a) Batzarra osatuko duten Batzarkideen kopurua, udalerriak izanen balira biztanlegoaren arabera legokiekeen zinegotzien kopuru bera izanen da, hauteskundeen legeria orokorrean xedatutakoari jarraikiz,horrek zuzendu eta administratuko duelarik Kontzejua, Udalentzat aurrikusitako modu berberean.
b) Alderdi, federakunde, koalizio edo hautesleen elkarteek hautagai-zerrendak aurkeztea, horiek aurkezteko modua, hautagaien aldarrikapena, eta hautatuen bozketa eta aldarrikapena, 250 biztanle baino gehiagoko udalerrietako Udaletan zinegotziak hautatzeko dagoen legeria orokorrean ezarritako arauei jarraikiz eginen da.
c) Batzarburuaren hautapena ere 250 biztanle baino gehiagoko Udaletan Alkatea hautatzeko dagoen legeria orokorrean ezarritako arauei jarraikiz eginen da. Horretan ere zentsura mozio bidez kargutik kentzeari buruz ezarrita dagoena aplikatu ahalko da.
d) Halaber, Batzarburu edo Batzarkideen kargu hutsak eta, behar bada, Batzorde Kudeatzailearen eraketa, 250 biztanle baino gehiagoko Udaletan Alkate edo zinegotzien kargu hutsendako dagoen legeria orokorrean aurrikusi bezala ebatziko da.
2. Banantzearen ondoren sortutako udalerri berria, hurrengo udal hauteskundeak egin arte, Batzorde Kudeatzaile batek zuzenduko du. Batzorde hori Nafarroako Gobernuak hautatuko du eta bertako Batzordeburu eta Batzordekideak izanen dira, hurrenez hurren, Kontzejuko Batzarrekoak zirenak.
Banantze espedientearen ondorioz hori gertatzen ez bada, Kontzejua hauteskundeak egin eta gero eratutako Batzarreak segituko du zuzentzen, harik eta hurrengo kontzejuetako hauteskundeak egin arte.
3. 2.2 artikuluan aipatutako Kontzejuen zerrendan, Xedapen honen aurreko zenbakiek aipatzen duten Kontzejuetako bakoitzari dagokion Batzarkideen kopurua adieraziko da, ezargarria den hauteskunde sistema ere azalduz.
4. Aurreko zenbakietan aurrikusitakoa ez zaie ezarriko, batasunean udalerri independiente bilakatzeko banantze prozesuan dauden Kontzejuei.
Bigarren Xedapen Iragankorra
Foru Lege honen 1. eta 2. artikuluetan ezarritakoen ondorioetarako, Lege honek indarra hartu ondoren Kontzejuetako lehenbiziko hauteskundeak egiten direnean, kontutan hartuko dira 986/1990 Foru Aginduaren bidez eskubidedun populazioari buruz ofizialtzat emandako zenbakiak. Foru Agindu hori urriaren 19koa da, Ekonomia eta Hazienda Kontseilariak emana, azaroaren 9ko 136 zk.dun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, eta urtarrilaren 28ko 12 zk.dun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman zen urtarrilaren 14ko 46/1991 Foru Aginduak aldatua.
Azken Xedapenetan Lehena
Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio, Foru Lege hau bete eta burutzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena
Foru Lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.