(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ingurumena :
    • Flora eta Fauna :
      • Flora :
        • 16/1996 Foru Dekretua, urtarrilaren 15ekoa, Etxauriko harkaiztia Basa Fauna Babesteko Eremu (BFBE-14) deklaratzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

16/1996 Foru Dekretua, urtarrilaren 15ekoa, Etxauriko harkaiztia Basa Fauna Babesteko Eremu (BFBE-14) deklaratzen duena

 

(1996ko 14. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 31n)

Atarikoa

Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 22. artikuluak, ekainaren 21eko 8/1994 Foru Legeak emandako idazketan, sortu zuen Basa Fauna Babesteko Eremuen Sarea, basa faunako espezieen eta beren habitat naturalen kontserbazioa ziurtatzeko, horretarako arrazoi biologiko, zientifiko edo hezkuntzakoak kontuan harturik.

Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko aipatu Foru Legearen 22. artikulua betez, Basa Fauna Babesteko Eremu deklaratuko dira babestutako hegaztien habiak, elikatzea edo ugalketa hartzen duten lurrak, are gehiago hegazti horiek, Bonelli arranoa (Hieraaetus fasciatus Veillot, 1882) bezala, Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan "galzorian dauden espezieak" kategorian sartuta baldin badaude. Deklarazio hau osatzen da lurralde esparrua eta eremu horien babes, kontserbazio eta kudeaketa araubidea finkatuz.

Basa Fauna Babesteko Eremua sortzeak eremu horren kontserbazio eta kudeaketarako plan bat prestatzea eskatzen du.

Hori horrela, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko urtarrilaren hamabostean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz.

Dekretatu dut:

1. artikulua

Etxauri eta Ziritzako udalerrietan dagoen Etxauriko harkaiztia Basa Fauna Babesteko Eremu (BFBE-14) deklaratu da. 73 hektareatako azalera dauka.

2. artikulua

Lurralde esparrua, babeserako araubidea eta deklaratutako Eremuaren kontserbazio eta kudeaketa plana Foru Dekretu honen Eraskinean azaltzen dira.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Etxauriko harkaiztiko Basa Fauna Babesteko Eremua, Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 54.5 artikuluak ehiza barrutietarako ezartzen dituen erreserben portzentaiaren barruan konputatu ahalko da, Ehiza Antolatzeko Planek justifikatuki hala ezartzen dutenean eta Foru Dekretu honen Eraskinean eragozten ez denean.

Azken Xedapenetako Lehenengoa

Baimena eman zaio Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari, Foru Dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

ERASKINA

I.-Lurralde esparrua.

1.1. Egoera.

Etxauriko harkaiztiaren erdialdea eta Sarbileko mendiaren hegoaldeko hegia, Iruñetik Lizarrarako NA-7.000 toki errepideraino. Ekialde-Mendebalde norabideko harkaizti multzoa, Soportilloko haitzartearen eta El Ranchoko haitzartearen artean.

Etxauriko udalerriko herrilurrak hartzen ditu, bai eta Etxauri-Ziritzako 55. eta Etxauri-Elioko 56. fazeroetakoak ere.

1.2. Kartografia:

Orria (1/10.000 eskala): 141 (1).

Orriak (1/5.000 eskala): 141 (2-1) eta (2-2).

1.3. Mugak:

Iparraldea: El Ranchoko haitzarteko 1. puntutik (UTM koordenadak: X 596.100, Y 4.739.420, Z 850), ekialderantz zuzenean Etxauriko erroitzen gainetik, San Ciriacoren haitzarteko 2. punturaino (UTM koordenadak: X 596.690, Y 4.739.580, Z 825), eta Soportilloko haitzarteko 3. punturaino (UTM koordenadak: X 597.580, Y 4.739.590, Z 755).

Ekialdea: Soportilloko haitzarteko 3. puntutik, zuzenean jeisten da hego-hegoekialderantz, Etxauri-Elioko 56. fazeroko muga segituz 4. punturaino harrobira iristeko pistan (koordenadak: X 597.650, Y 4.739.150, Z 505).

Hegoaldea: 4. puntutik mendebalderantz segituz, lehenbizi harrobira iristeko pista eta gero Iruñetik Lizarrara Etxaurin barna joateko NA-7.000 toki errepidea, El Ranchoko haitzarteko 5. punturaino (koordenadak: X 596.200, Y 4.739.130, Z 585).

Mendebaldea: 4. puntutik gora egiten du ipar-iparmendebalderantz El Ranchoko haitzartean zehar, 1. punturaino.

1.4. Azalera:

Azalera 73 hektarea ingurukoa da.

II.-Babeserako araubidea.

2.1. Oihan lurzorua.

Basa Fauna Babesteko Eremuko lurren artean, hirigintza planeamenduari dagokionez oihan lurzoruaren kategoria duen zatiari, babeserako araubide hau ezarriko zaio:

A) Eraikuntzaz kanpoko iharduerak:

1. Debekatuta dago Basa Fauna Babesteko Eremuaren barruan legarrak eta hareak ateratzea, meatzeak eta harrobiak eraiki eta ustiatzea, pista berriak irekitzea, landaredia erretzea, kirol antolatuak egitea eta kanpaketa.

2. Basa Fauna Babesteko Eremuaren barruan oihan ustiapena baimendu ahalko da. Hala ere, oihan lan guztiak (seinaleztapen, ustiapen eta mendien berreskurapen eta hobekuntza lanak barne) garai kritikotik kanpora egin beharko dira. Garai hori martxoaren 1etik uztailaren 31 artekoa da.

3. Eraikuntzaz kanpoko gainerako iharduerak baimendu ahalko dira babeserako araubidearekin duten bateragarritasunaren arabera.

B) Eraikuntza iharduerak:

1. Salbuespen gisa baimendu ahalko dira interes orokorreko eraikuntza eta azpiegiturak, beti ere babestu nahi den eremua larriki kaltetzen ez badute.

2. Gainerako iharduerak baimendu ahalko dira, deklaratutako eremuaren kontserbazioarekin eta hegaztien habitataren beharrezko babesarekin duten bateragarritasunaren arabera.

2.2. Nekazaritzako produktibitate ertaineko lurzorua.

Basa Fauna Babesteko Eremuko lurren artean nekazaritzako produktibitate ertaineko kategoria duen zatian, baimenduta daude tradizionalki egiten diren nekazaritza iharduerak eta horiei lotutakoak.

Gainerako iharduerak baimendu ahalko dira, deklaratutako eremuaren kontserbazioarekin eta hegaztien habitataren beharrezko babesarekin duten bateragarritasunaren arabera.

III.-Kontserbazio eta kudeaketa plana.

3.1. Erabilpen Plana.

a) Aireuntziak ezin izango dira aire esparruan ibili, edozein lur kotaren gaineko 2.000 metroko altuera baino beherago, zientzia, segurtasun, kontserbazio, merkataritzako linea, salbamendu edo ezinbesteko arrazoiak izan ezik. Beste asmakari edo hegagailu batzuk, motordunak edo gabeak, horien artean delta hegala, parapentea eta ultra-arinak, ezin izango dira Basa Fauna Babesteko Eremuaren aire esparruan ibili, edozein lur punturen gaineko 500 metroko altuera baino beherago. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eremu horretan hegaketarako dauden mugak ezagutzera emango dizkie klub aeronautikoei.

b) Debekatuta dago babestutako eremuaren barruan nekazaritzakoak ez diren ibilgailu motordun eta mekanikoak geratzea eta zirkulatzea, utzitako edo baimendutako erabilpen eta ihardueretarako izan ezik, edo NA-7.000 toki errepideko menpekotza tarteetan izan ezik.

c) Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoaren arabera salbuespen gisa baimen daitezkeen ehiza iharduerak, beti ere, hegaztiendako garai kritikotik kanpora egin beharko dira. Garai hori urtarrilaren 15ean hasten da.

d) Eskaladako kirol iharduera Basa Fauna Babesteko Eremuaren barruan egin ahalko da, baina Bonelli arranoak habia egiten duen garai kritikoan (martxoaren 1etik uztailaren 31ra), habi tokietatik 100 metrora baino gutxiagora dauden bideak ezin izango dira erabili, beti ere habien erabilpena egiaztatzen bada.

Bide horiek behar bezala seinaleztatuko dira. Gainera debekatu egin ahalko da bide berrien irekitzea eta, hala balitz, oraingoak tresneriarik gabe uztea, baldin eta jarraikako erabilpen egiaztatua duten habi puntuetatik igarotzen badira.

e) Huso-tik gertuko balkoiaren hegoaldeko haitzuloetako batean dagoen mendi aterpea, eraiki zenean eman zitzaizkion erabilpenetarako erabili ahalko da. Mantenimendu eta hobekuntza lanak baimendu ahalko dira, baldin eta Basa Fauna Babesteko Eremua babesteko helburuari kalterik egiten ez badiote.

f) Bideak: Basa Fauna Babesteko Eremuaren hegoaldeko muga NA-7.000 toki errepideak eta Etxauriko harrobietara iristeko pistak egiten dute. Bide horien erabilpenak ohizkotasunez egiten direnak baizik ezingo dira izan. Errepidearen haunditzea eta hobetzea Basa Fauna Babesteko Eremuarekin bateragarria izango da. Harrobietara iristeko pistak hobetu edo haunditzeko edozein lanek aldez aurretik ingurugiroko baimena beharko du, eta hori emango da Basa Fauna Babesteko Eremua babesteko helburuari kalterik egiten ez diola egiaztatzen bada.

3.2. Ikerketa plana.

Basa Fauna Babesteko Eremuan egin beharreko ikerketa lanak honako hauek izango dira:

a) Harkaitzetako espezie babestuen errolda.

b) Espazioen erabilpenaren azterketa, bai eta harkaitzetako hegazti ezberdinen banantzea babestutako eremuaren barruan.

c) Sai arrearen (Gyps fulvus) populazioek Bonelli arranoaren (Hieraaetus fasciatus) habietan duten eraginaren jarraipena.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa