(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

245/1994 Foru Dekretua, azaroaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitatean kirol teknikarien titulu ofizialak lortzeko irakaskuntza arloko eginkizunak esleitzen dituena

 

(1994ko 155. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 26an)

Atarikoa

Konstituzioaren 148.1.19 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 eta 47. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, Nafarroako Foru Komunitateak du eskumen osoa kirol arloan eta aisia denboraren erabilera egokian, bai eta horren irakaskuntza hedadura, maila eta gradu guzietan arautu eta administratzeko ere, arlo horren gainean Konstituzioaren aginduetan, horiek garatzen dituzten Lege Organikoetan eta titulu akademikoak lortu, luzatu eta homologatzeko baldintzen araudian ezarritakoa ezertan ukatu gabe, ezta hura bete eta bermatzeko Estatuaren goi ikuskapena ere.

Urtarrilaren 24ko 335/1986 Foru Dekretuaren bitartez iragan ziren, kirol arloan, Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatera.

Abuztuaren 31ko 1070/1990 Foru Dekretuaren bitartez iragan ziren, irakaskuntza ez-unibertsitarioaren arloan, Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatera.

Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legearen 55. artikuluan xedatutakoaren babesean eman da apirilaren 8ko 595/1994 Errege Dekretua, kirol teknikarien irakaskuntza eta titulu ofizialei buruzkoa.

Azken Errege Dekretuak haren araudia garatzeko eskumena aitortzen die hezkuntza arloan eskumen osoa duten Komunitateei.

Kirol iharduerak gizarte nafarrean gero eta garrantzi handiagoa duenez gero, bistakoa da beharrezkoa dela sistema egonkor eta homogeneoa finkatzea kirol teknikariak prestatzeko. Sistema egokia ezartzeko, bi ardatz nagusi hartu behar dira oinarritzat:

a) Kirol teknikariak prestatzeko kalitatea hobetu eta batzea.

b) Hartutako prestakuntza balio ofiziala duen titulazio bidez egiaztatzea.

Foru Dekretu honek irakaskuntza ofizial gisa sartu nahi ditu irakaskuntza hauek Nafarroako hezkuntza sisteman, baina kudeantza Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren esku utziz, bistakoak diren eraginkortasun eta ekonomi arrazoiengatik.

Hori dela eta, zehazki mugatu behar dira ukitutako Departamentu bakoitzaren eginkizun eta zerbitzuak eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren gain irakaskuntza horiek irakaskuntza sistema ofizialean sartu ahal izateko ezinbestekoak diren eskumenak soilik utzi (ikasketa planen onespena, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak proposaturik, eta araututako Lanbide Heziketako antzeko irakasgaien konbalidazioa eta Gorputz Hezkuntza, behar izanez gero), eta kudeantzaren eskumen guztiak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari ematea, hark baititu baliabide material eta pertsonalak kirol arloan bereziki kualifikatuak.

Horrenbestez, Gizarte Ongizate, Kirol eta Etxebizitza Kontseilariak eta Hezkuntza eta Kulturakoak batera proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamalauko azaroaren hogeita zortzian egin bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

1. artikulua

Foru Dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean kirol teknikarien titulu ofizialak lortzeko irakaskuntza arloko eginkizunak esleitzea, Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legearen 55. artikuluan, apirilaren 8ko 595/1994 Errege Dekretuan eta xedapen osagarrietan aurrikusitakoari jarraituz.

2. artikulua

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak hartuko ditu bere gain eginkizun eta zerbitzu hauek:

a) Kirol teknikariak prestatzeko irakaskuntza aitortu eta, behar izanez gero, ematea ere.

b) Ikasketa planak proposatzea.

c) Kirol titulazio ofizialen izapideak egin eta haiek luzatzea, behar izanez gero.

d) Kirol teknikari ofizialak prestatzeko zentroak onetsi, baita sortzea ere.

e) Egungo kirol titulazioak homologatu eta baliozkotzea.

3. artikulua

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak eginkizun eta zerbitzu hauek eginen ditu:

a) Kirol teknikarien ikasketa planak prestatzen parte hartzea.

b) Ikasketa planak onestea, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak proposaturik.

c) Araututako Lanbide Heziketako antzeko irakasgaiak baliozkotzea, titulu profesionalak ezartzen dituzten Errege Dekretuetan eta Lanbide Heziketako Zikloen curriculumean, Gorputz eta Kirol Ihardueraren lanbide arlorako Nafarroako Gobernuak aldarrikatutakoak, bildutako eduki, baldintza eta betebeharrei lotzen bazaizkie.

Azken Xedapenetako Lehenbizikoa

Ahalmena ematen zaie Gizarte Ongizate, Kirol eta Etxebizitza Kontseilariari eta Hezkuntza eta Kulturakoari Foru Dekretu honetan xedatutakoa garatzeko, Departamentu bakoitzari dagozkion eskumenei dagokienez.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa