Castellano | Euskara | Français | English
(2014ko 17. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 27an)
Atarikoa
Egun arauak barreiaturik egonda eta, Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legearen 25. artikulua (abere lehiaketak baimentzeko eta haien prebentzioko neurriak) garatu beharrez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren otsailaren 9ko 18/2004 Foru Agindua eman zen argitara, abere lehiaketak arautzen dituena.
Arau horretan ez da erregulatu Nafarroako azienden osasunaren gainean ondorioak izan ditzakeen animalien bestelako bilketarik, nahiz eta abeltzaintzarako ez izan; hori dela eta, interesgarria da errentako animaliak ez direnen bilketa horiek arautzea.
Abeltzaintzaren barnean, animalien osasuna abeltzaintzako ekonomiaren faktore erabakigarria da, batez ere osasun publikoaren arrazoiak direla eta. Irizpen horiek direla eta, beharrezkoak dira, alde batetik, osasunaren kontrol eraginkor bat, hainbat epizootia erauzteko bide ematen duena, eta, bestetik, etengabeko zaintza zorrotza edukitzea, animaliak sartzeagatik gaixotasun exotikoak agertzea galarazten duena.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua
Nafarroako Foru Komunitatean abere lehiaketak eta animalien beste bilketa batzuk erregulatzen dituzten arauak onestea, foru agindu honen I. eranskinean jasotzen den moduan.
2. artikulua
Abere lehiaketetara joaten diren animalien baldintza zoosanitarioak ezartzea, foru agindu honen II. eranskinean jasotzen den moduan.
3. artikulua
Animalien beste bilketa batzuetara joaten diren animalien baldintza zoosanitarioak ezartzea, foru agindu honen III. eranskinean jasotzen den moduan.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe gelditzen dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta batik bat, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren otsailaren 9ko 18/2004 Foru Agindua, Abere Lehiaketak arautzen dituena.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA. Nafarroako foru komunitatean abere lehiaketak eta animalien beste bilketa batzuk erregulatzen dituzten arauak
1. artikulua. Aplikazio eremua.
Foru Agindu honen helburua da Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren abere lehiaketak eta animalien beste bilketa batzuk erregulatzea.
2. artikulua. Abere lehiaketak.
1. Abere lehiaketa da errentako animalien abeltzaintzako agerketa, helburua duena, zenbait kasutan, hautaketa eta produkzio prozesuan lortutakoak agertzea eta haien aurrerapenak erakustea, eta, beste zenbaitetan, berriz, eskualde edo herrialde bakoitzeko arrazako multzoak ezagutzera ematea, arraza horien sustapenerako.
2. Abere lehiaketak honako hauek izan daitezke:
a) Erakustaldia: arraza garbiko abere hautatuen bilketa, ofizialki onartutako arrazen liburu genealogikoetan, erregistro berezietan edo arrazako katalogoetan inskribatuta badaude betiere; espezie desberdineko abereek har dezakete parte.
b) Enkantea: arraza garbiko abere hautatuen bilketa, liburu genealogikoetan inskribatuta badaude betiere, abereak enkante publikoan saldu eta ganadutegi adjudikazio-hartzaileetan ugaldu eta ustiatzeko helburua duena.
c) Lehiaketa: arraza bereko abereen bilketa, zein bere liburu genealogikoan inskribatuta badago; lehiaketara bertaratutako abereak sailkatu eta sarituko dira, lehiaketa motaren araberako erregelamenduan finkatzen diren ezaugarriak kontuan hartuta.
d) Erakusketa: bilketa txikia, normalean egun bat baino gutxiago irauten duena eta bestaren egitarau baten barruan beste jarduera batzuekin egiten dena, salerosteko helburu zehatzik izan gabe.
e) Merkatua edo azoka: toki finko batean egiten den bilketa, aldizkakotasun jakin batekin, abereak bertan daudela edo egon gabe eta merkataritzako helburu hutsarekin, bertan salerosketak egin daitezen.
3. artikulua. Animalien beste bilketa batzuk.
1. Arau honen ondorioetarako, “animalien beste bilketa batzuk” izanen dira lagun egiteko animalien eta beste batzuen agerketa, helburu nagusia ez bada abeltzaintzako errentarik eskuratzea, baizik eta erakustaldia, lehiaketa, erakusketa edo agerraldi kulturala. Jatorri desberdineko animalien bilketa da, haien ezaugarriengatik edo parte hartzen duten espezieengatik errentako espezieen osasunaren gainean ondorioak ekartzen ahal dituena. Kategoria honen barnean ondoko espezie hauen bilketak sartzen dira:
a) Zakurrak edo katuak, lehiaketetarako edo erakustaldietarako biltzen direnean.
b) Zaldi-azienda, jolaserako denean: zaldi lehiaketak eta antzeko ekitaldiak.
c) Fringilidoak eta beste hegazti batzuk: erakustaldiak edo edertasunaren, kantuaren edo trebetasun zehatzen lehiaketak.
d) Behi-azienda: jarduketak zezenketetarako ez diren animaliekin, trebetasunak erakusteko edo kultura ekitaldi tradizionalak. Besteak beste, honako jarduketak sartzen dira: transhumantzia erakustea eta idi probak. Bazter uzten dira plazako zezenekin egiten diren jarduketak, zezen ikuskizunetarako araudian erregulatzen direnak.
2. Animalien bilketa horiek honako hauek izan daitezke:
a) Erakustaldia edo erakusketa: animalien bilketa bat, publikoaren aurrean erakusteko edo agertzeko. Hainbat espezietako animaliek har dezakete parte.
b) Lehiaketa: arraza edo espezie bereko abereen bilketa; lehiaketara bertaratutako abereak sailkatu eta sarituko dira, kontuan hartuta espeziearen araberako ezaugarriak, zein lehiaketaren erregelamenduan finkatuko baitira.
c) Ikuskizuna edo ekitaldi kulturala: animaliekin egindako jarduera, publikoari ekitaldi tradizional bat erakusteko, animalien trebetasun berezi bat agertuz.
4. artikulua. Eskaerak aurkezteko epea.
1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak aldez aurretik baimendu beharko ditu abere lehiaketak edo animalien beste bilketa batzuk.
2. Abere lehiaketak edo animalien beste bilketa batzuk egiteko eskaera aurkeztuko da, gutxienez, hura egiteko aurreikusten den eguna baino 30 egun lehenago. Abere lehiaketen kasuan, entitate antolatzaileak, halaber, urtean zehar egin beharreko lehiaketa guztien aurreikuspena aurkeztu beharko du, urtarrilaren 31 baino lehenago.
3. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentura zuzenduko dira, eta departamentu horren Erregistroan aurkeztuko (González Tablas kalea, 9, Iruñea), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).
Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak en duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home-es/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala izan beharko da.
Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko erregistroetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da.
4. Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Eskabidea, departamentu horrek onetsiko duen eredu ofizialaren araberakoa.
b) Memoria, non ondoko hau jasoko baita argi eta zehatz:
–Lehiaketaren identifikazioa.
–Lehiaketaren eremua deskribatzea, baita haren instalazioak ere.
–Lehiaketa egiteko egunak eta orduak.
–Parte hartuko duten abereen aurreikuspena, espezieen, arrazen eta ustiapenen arabera sailkaturik.
–Osasun neurriak. Animalien isolamendua, eta haiek hartzeko lokalen garbiketa eta desinfekzioa.
–Lehiaketaren erregelamendua, arauak eta antolaketari buruzko beste puntu batzuk.
–Antolaketaren ardura hartzen duen pertsonaren edo pertsonen izen-deiturak, helbidea eta telefonoa, harremanetarako eta datuak eskatzeko.
c) Lehiaketa antolatuko dutenen konpromisoa albaitaritza zerbitzua kontratatzeko, lehiaketan ager daitekeen edozein patologiarengatik animaliak laguntzeko.
5. artikulua. Ebaluazio organoa.
1. Eskaera jasota, Abeltzaintza Zerbitzuak egiaztatuko du 4. artikuluan zehaztutako dokumentazio guztia dakarrela, eta abere lehiaketak eta animalien beste bilketa batzuk sailkatuko ditu, haien antolatzaileek aurkeztutako memoriaren arabera. Agiri guztiak ez badaude, hamar egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, zeina jakinaraziko baitzaio.
2. Agiri guztiak bildu ondoren, egiaztatuko da betebehar guztiak betetzen dituztela. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.
3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak baimena emateko ebazpenaren proposamena eginen du.
4. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du lehiaketa edo animalien beste bilketa bat egiteko baimenari buruz, eta espresuki jakinaraziko du zein eskaera ezetsi den.
5. Baimenaren prozeduraren gainean ebazteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, ekitaldia egin baino lehenago. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, baietsitzat jotzen ahalko da eskabidea, administrazioaren isiltasunagatik.
6. artikulua. Lehiaketetan eta animalien beste bilketa batzuetan parte hartzen duten animalien baldintza zoosanitarioak.
1. Abere lehiaketetan parte hartzen duten animaliek foru agindu honen II. eranskinean zehaztutako baldintza zoosanitarioak bete behar dituzte.
2. “Animalien beste bilketa batzuetan” parte hartzen duten animaliek foru agindu honen III. eranskinean zehaztutako baldintza zoosanitarioak bete behar dituzte.
3. Foru agindu honen babespean abere lehiaketetan parte hartzen duten abeltzainek modu ofizialean ezarritako osasun programak beteko dituzte. Animalien beste bilketa batzuetan parte hartzen dutenek bete beharko dituzte kasuan kasuko espezierako modu ofizialean ezarritako osasun programak, halakorik balego.
7. artikulua. Lekua.
1. Lehiaketa edo animalien bilketa horiek egiteko eraikina edo lekua egokia izanen da espezie bakoitzaren behar etologikoetarako eta ongizaterako, behar adina argi natural edo artifizial izanen du, baita edateko ura ere, bertan bilduko diren animalientzat.
2. Lekua behar bezain zabala eta irekia izanen da, abereak, animaliak, pertsonak eta ibilgailuak modu erosoan hartzeko modukoa, pilaketarik gabe.
3. Pertsonen eta animalien arteko iraganbideak behar bezain zabalak izanen dira; hartara, animaliak ikusteko moduan egonen dira, haiei estresik eragin gabe, eta istripuak saihesteko moduan.
4. Animalien espazioa eta haiek edukitzeko baldintzak egokiak izanen dira istripurik, borrokarik, hozkarik, ostikorik edo ihesirik ez izateko.
5. Antolakuntzaren ardura izanen da erakustaldiaren barrutiaren garbitzea, desinfektatzea eta desintsektatzea, lehiaketa edo animalien bilketa egin aurretik eta egin ondotik.
8. artikulua. Zuzendaritza teknikoa.
Abere lehiaketa bakoitzean edo animalien beste bilketa bakoitzean, ondoko figura hauek izanen dira:
–Antolakuntzak izendatutako arduraduna: haren lana izanen da lehiaketaren oinarriak eta indarreko araudia betetzen direla bermatzea. Orobat, behar diren ondorio guztietarako, antolakuntzaren eta Abeltzaintza Zerbitzuaren arteko lotura izanen da.
–Abeltzaintza Zerbitzuak izendatutako arduradun teknikoa: antolakuntzaren arduradunarekin koordinatuko da edozein puntu argitzeko gai zooteknikoei edo osasun arlokoei buruz.
9. artikulua. Kontrola eta ikuskapena.
1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuak dokumentuen kontrolak edo ikuskapenak egin ditzake in situ, egiaztatzeko abere lehiaketek edo foru agindu honetan erregulatzen diren beste ekitaldi batzuek betetzen dituztela arau honetan erregulatutakoa eta emandako baimena.
2. Antolakuntzak lagundu beharko du kontrol edo ikuskapen horietan, eskatutako dokumentazioa emanez eta ikuskatzeko lana erraztuz.
10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Foru agindu honetan ezartzen diren eginbeharrak ez betetzeak zehatuko dira Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean eta beste xedapen aplikagarri batzuetan xedatutakoari jarraikiz.
II. ERANSKINA. Abere lehiaketetan parte hartzen duten animalien baldintza zoosanitarioak
A) Arau orokorrak.
1. Lehiaketan parte hartzen duten animaliak identifikaturik egonen dira, espezie bakoitzerako indarra duen araudiaren arabera. Haien zerrenda kasuan kasuko osasun dokumentazioan islatuko da. Erleen kasuan, erlauntza bakoitza egonen da identifikaturik, nahitaezko erregistro zenbakiaren bidez.
2. Animalien taldeek Abereen jatorri eta osasuneko gida eta ziurtagiria izanen dituzte, non frogatuko baita B) atalean espezie bakoitzerako zehazten diren osasun baldintzak betetzen direla. Zaldiak salbuesten dira, Nafarroako Foru Komunitatean zaldien mugimendua arautzen duen urriaren 5eko 163/2013 Foru Aginduan xedatua betetzen badute (Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak eman zuen foru agindu hori).
3. Ondoezik edo gaixorik egoteko seinaleak dituzten animaliak lehiaketatik aterako dituzte, albaitari arduradunaren zaintzapean jartzeko.
B) Arau berariazkoak.
1.–Behi-azienda.
1.1. Ofizialki tuberkulosirik eta bruzelosirik izan ez duten ustiategietako animaliek har dezakete parte soilik.
1.2. Halaber, taldea lehiaketara joan aurreko 30 egunetan, bertan parte hartuko duten animaliei tuberkulosiaren eta bruzelosiaren saneamendu proba eginen zaie, eta emaitza negatiboa izanen da. Bruzelosia diagnostikatzeko aldez aurreko probak egitetik salbuetsita egonen dira haien jatorrizko eskualdeak ofizialki bruzelosirik gabekoak baldin badira, edo behien bruzelosia erauzteko programa nazionalak hala ezartzen duenean.
1.3. Abereak ustiategi bakar batetik badatoz, ez zaie aldez aurreko saneamendu proba egin behar.
2.–Ardi- eta ahuntza- azienda.
2.1. Ofizialki bruzelosirik (B. melitensis) izan ez duen ustiategi batetik etorriko dira animaliak.
2.2. Halaber, animaliak lehiaketara joan aurreko 30 egunetan, bertan parte hartuko duten animaliei bruzelosiaren saneamendu proba eginen zaie, eta emaitza negatiboa izanen da. Bruzelosia diagnostikatzeko aldez aurreko probak egitetik salbuetsita egonen dira haien jatorrizko eskualdeak ofizialki bruzelosirik gabekoak baldin badira, edo ardien eta ahuntzen bruzelosia erauzteko programa nazionalak hala ezartzen duenean.
3.–Zerri-azienda.
3.1. Europar Batasuneko edo Espainiako araudiarekin bat, zerriek gaixotasuna izateagatik debekurik edo mugarik izan ez duen ustiategi batetik etorri behar dute animaliek.
3.2. Ofizialki Aujeszkyrik izan ez duen ustiategi batetik etorriko dira animaliak. Orobat, lehiaketa egin baino 30 egun lehenagoko epean, kontrol serologikoa eginen zaie parte hartuko duten animalien %100i, eta emaitza negatiboa izanen da zerri besikularen gaixotasunari dagokionez, zerri izurri klasikoari eta afrikarrari dagokienez eta Aujeszkyren gaixotasunari dagokionez. Abereak ustiategi bakar batetik badatoz, ez zaie aldez aurreko saneamendu proba egin behar.
3.3. Halaber, lehiaketan parte hartuko duten animaliek jatorrizko ustiapenean egonak izanen dira azken 30 egunean edo jaiotzetik, 30 egun baino gutxiago badituzte, eta, epe horretan, ez da beste animaliarik sartu behar izan ustiategi horretan.
4.–Zaldiak.
Lehiaketan parte hartzen duten ekidoen ustiategia zaldi izurri afrikarraren edo zaldi anemia infekziosoaren kasurik diagnostikatu gabea izanen da, edota durinaren, murmuaren, zaldi enzefalomielitisaren eta besikula estomatitisaren kasurik azken 6 hilabetean, eta lupu beltzaren kasurik azken 15 egunean. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Gaixotasunaren sintomarik ez agertzea.
–Aurreko 15 egunean ez egotea gaixotasun infekto-kutsagarria izan duten ekidoekin.
–Gaixotasun kutsagarri bat erauzteko programa bat bete beharrez, desagerrarazi edo suntsitu beharreko animalien artean ez egotea.
5.–Untxiak eta erbiak.
5.1. Parte hartzen duten animaliek ez dute agertuko gaixotasun infektokutsagarriaren sintomatologia klinikorik edo parasitariorik, erakustaldira joateko osasun dokumentazioa igortzen den egunean. Haien ustiategia kontrolaturik egonen da osasunaren aldetik, txertorako higiene profilaxiaren programa baten menpe, eta animalia batek ere ez du mixomatosiaren eta enterocolitisaren sintoma klinikorik agertu beharko azken 6 hilabetean.
5.2. Ustiategi batean amorrua agertu bada edo uste bada agertu dela azken 6 hilabetean, ez da utziko hango animaliarik joaten.
5.3. Lehiaketan zehar beste edozein gaixotasun infektokutsagarriren sintomatologia, arnas konplexuarena edo dermatomicosisarena agertzen duen edozein animalia segituan aterako dute hura sakrifikatzeko.
6.–Haztegiko hegaztiak (ostrukak barne).
Lehiaketan parte hartzen duten haztegiko hegaztiek (hau da, inkubatzeko arrautzak, egun bateko txitak, hazteko hegaztiak eta ustiategiko hegaztiak), abiatzeko momentuan, ez dute gaixotasunaren sintoma klinikorik agertuko beren taldean abiatu aurretik egiten den azterketan. Haien ustiategiak, abiatzeko momentuan, ez du haztegiko hegaztien gainean aplikatzeko moduko neurri murriztailerik izanen animalien osasuna dela-eta, eta, osasun arrazoiengatik neurri murriztaileen menpeko eremutik kanpo egonen da, Europako araudiarekin bat, haztegiko hegaztiei eragiten ahal dien gaixotasun bat agertzeagatik.
7.–Ehiza espezieak.
Uztailaren 3ko 1082/2009 Errege Dekretuan araututakoa betetzea. Haren bidez ezartzen dira animalien osasunari buruzko baldintzak ehiza ustiapenetako, kontinenteko akuikulturako eta gune zoologikoetako animaliak mugitzeko, baita basa faunako animaliak ere. Ustiategitik abiatzeko egunean ez dute gaixotasunaren sintomarik izanen, batez ere espezie desberdinen gaixotasun infektokutsagarrien sintomarik.
8.–Erleak.
Erlauntzen eremuan, azken 30 egunean eta 3 kilometroko erradio batean ez da loke amerikarraren edo barroasiaren kasurik egon behar. Espainiatik etortzen diren erlauntzei dagokienez, albaitariaren ziurtagiri bat aurkeztuta frogatuko da osasun egoera hori.
III. ERANSKINA. Animalien beste bilketa batzuetan parte hartzen duten animalien baldintza zoosanitarioak
A) Arau orokorrak.
Animalien beste bilketa batzuetan parte hartzen duten animaliak identifikaturik egonen dira, espezie bakoitzerako indarra duen araudiaren arabera. Haien zerrenda kasuan kasuko osasun dokumentazioan islatuko da.
Ibilgailu garbietan edo kargatu arretik desinfektatu direnetan garraiatuko dira animaliak. Abeltzaintzako espezieen kasuan, Kontseiluaren 2004ko abenduaren 22ko 1/2005 Erregelamenduan (Garraioan animaliak babesteari buruzkoa) eta 751/2006 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz eginen da garraioa. Beste espezie batzuetarako, indarreko araudiaren arabera, betiere espeziera eta adinera egokitutako baldintzetan.
Antolakuntzak lehiaketan parte hartuko dutenen erregistro bat izanen du, non zehaztuko baita zenbat animaliak parte hartuko duten eta nondik datozen.
B) Arau berariazkoak:
1.–Behi-azienda.
1.1. Ofizialki tuberkulosirik eta bruzelosirik izan ez duten ustiategietako animaliek har dezakete parte soilik.
1.2. Halaber, behiak bilketara joan aurreko 30 egunetan, bertan parte hartuko duten animaliei tuberkulosiaren eta bruzelosiaren saneamendu proba eginen zaie, eta emaitza negatiboa izanen da. Bruzelosia diagnostikatzeko aldez aurreko probak egitetik salbuetsita egonen dira haien jatorrizko eskualdeak ofizialki bruzelosirik gabekoak baldin badira, edo behien bruzelosia erauzteko programa nazionalak hala ezartzen duenean.
1.3. Abereak ustiategi bakar batetik badatoz, ez zaie aldez aurreko saneamendu proba egin behar.
1.4. Transhumantzia erakustean, ezin da zezenketarako aziendarik erabili, eta ezin dira abeltzaintzako beste ustiategi batzuetako animaliekin nahastu. Zezen plazako tegiak edo zezenketetakoak erabiltzen badira, horiek aldez aurretik desinfektatuko dira, eta edozein harreman mota, zuzena edo zeharkakoa izan, eragotziko da jokatzeko zezenekin. Animaliak ateratzean, berriz desinfektatuko dira.
2.–Zaldi-azienda.
Parte hartzen duten ekidoen ustiategia zaldi izurri afrikarraren edo zaldi anemia infekziosoaren kasurik diagnostikatu gabea izanen da, edota durinaren, murmuaren, zaldi enzefalomielitisaren eta besikula estomatitisaren kasurik azken 6 hilabetean, eta lupu beltzaren kasurik azken 15 egunean.
–Gaixotasunaren sintomarik ez dute agertuko.
–Aurreko 15 egunean ez dira egonen gaixotasun infekto-kutsagarria izan duten ekidoekin.
–Gaixotasun kutsagarri bat erauzteko programa bat bete beharrez, desagerrarazi edo suntsitu beharreko animalien artean ez dira egonen.
3.–Txoriak.
3.1. Gaixotasunaren sintomarik ez dute agertuko, batez ere gaixotasun infektokutsagarrien sintomarik, abiatzen diren egunean.
3.2. Animalien titularrak antolakuntzari aurkeztuko dio 92/65 (EE) Zuzentarauaren 7. artikuluan ezarritako irizpideen araberako adierazpen bat, baita parte hartzen duten hegaztien zerrenda bat ere, zehaztuta zer espezietakoak diren eta zein den haien identifikazioa.
3.3. Entitate antolatzaileak baimendutako albaitari baten zerbitzuak eduki behar ditu, ekitaldiaren ardura zoosanitarioa bere gain hartzeko.
3.4. Parte hartzen duten hegazti guztiak, salgai baldin badaude, gune zoologiko gisa behar bezala erregistratuta dauden haztegietatik etorriko dira.
3.5. Debeku da Espezie inbaditzaileen Espainiako edo Nafarroako katalogoan dauden espeziekoek parte hartzea, bai eta guztiz emantzipaturik ez dauden hegaztiek edo mudaldian daudenek ere.
3.6. Banakako kaioletan sartuta egonen dira hegaztiak; kaiolen neurriak tamainaren araberakoak izanen dira, ondoko formula honi jarraituz: luzera: hegaztiaren luzera x 2 / garaiera: hegaztiaren garaiera x 2 / zabalera: hegaztiaren hego-zabalera. Paseriforme txiki batentzat, 32 × 30 × 16 cm izanen dira gutxieneko neurriak. Kaiolak gutxienez 120 zentimetrora jarriko dira bisitariengandik.
3.7. Hegaztiek behar adinako atsedenaldiak izanen dituzte lo egiteko. Egunean 10 orduko ilunaldia izanen dute gutxienez.
4.–Zakurrak eta katuak.
4.1. Gaixotasunaren sintomarik ez dute agertuko, batez ere gaixotasun infektokutsagarrien sintomarik, abiatzen diren egunean.
4.2. Parte hartzen duten animaliak identifikaturik egonen dira, eta dagokien osasun txartela edo pasaportea izanen dute.
4.3. Zakurrek amorruaren kontrako txertoa jarrita izanen dute, eta mikrotxiparekin egonen dira identifikaturik.