Castellano | Euskara | Français | English
29/1997 FORU DEKRETUA, otsailaren 10ekoa, Nafarroako lurreko osasun garraioa arautzen duena.
Nafarroako lurreko osasun garraioa uztailaren 30eko 264/1992 Foru Dekretuak arautu zuen.
Arautze hura hein batean aldatu zuen urtarrilaren 30eko 24/1995 Foru Dekretuak.
Foru Dekretu honen xedea da bi testu haiek bat egitea arau batean eta zenbait xedapen sartu eta beste batzuk aldatzea, Europako Batasuneko lurraldean era horretako salgaien elkartrukea ez oztopatzearren, beti ere, arlo horretan Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzekoa den arauterian ezarri diren segurtasun baldintzen edo zehaztapen teknikoen balio berekoak bermatzen badira.
Arautze hau informazio prozeduraren menpean jarria izan da arau eta erregelamentazio teknikoen arloan, Kontseiluaren martxoaren 28ko 83/189/EEE Zuzentarauan eta uztailaren 7ko 1168/1995 Errege Dekretuan aurreikusi bezala.
Hori horrela, Osasun kontseilariak eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko otsailaren hamarreko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:
1. artikulua
Lurreko osasun garraioa, hirikoa nahiz hiriartekoa, publikoa, pribatua edo ofiziala izan, osoki Nafarroako Foru Komunitatean barna iragaten baldin bada, Dekretu honetan ezartzen denari eta osasun eta garraio arloetako arauteriari lotuko zaie.
2. artikulua
Lurreko osasun garraioa hau da: pertsona eriak edo istriputan kolpatuak garraiatzeko xedea duena edo, medikoki justifikatutako arrazoiak direnean, osasunarekin ikusteko duen beste arrazoiren batengatik, horretarakoxe egokitutako anbulantzia izeneko ibilgailuetan burutzen dena.
3. artikulua
Prestazio erregimenari begira, osasun garraioa publiko, pribatu edota ofiziala izan daiteke.
1. Garraio publikotzat, besteren kontura eta dirusari bidez burutzen dena hartuko da.
2. Garraio pribatutzat, ondoko hauek egiten dutena hartuko da: irabazi asmorik gabeko entitate ongileak; jarduera nagusia osasun garraioa ez duten enpresa edo establezimenduak, kolpatu edo eritutako beren langileak eramateko; eritetxeak, beren pazienteak eramateko; eta laguntzarako entitate pribatuak, beren aseguratuak eramateko. Zerbitzu hauek beren enpresa antolakuntzaren barnean dauden langile eta ibilgailuen bidez emanen dira, garraioagatik ordainsari berezirik eskuratu gabe.
3. Osasun garraio ofizialtzat, erakunde publikoek beren egiteko berekiak burutzeko zuzenean egiten dena hartuko da.
4. artikulua
Ibilgailuaren ezaugarriei, ekipamendu materialari eta osasun langileei begiraturik eta zein zerbitzutarako erabiltzen diren kontutan harturik, osasun garriobideak honela sailkatzen dira:
1. Garraiorako anbulantziak.
Medikoki justifikatutako arrazoiak direnean, garraioa behar duten eriak eramateko ibilgailuak dira, haien egoerak bidean berean osasun laguntzarik beharko dutenik aurrez susmatzeko biderik ematen ez badu.
Ibilgailu hauek banaka nahiz multzokako erabilera izan dezakete.
a) Banakako erabilera.
Eriak banaka eramateko dira, sendagilearen iritziz, gisako lekualdatzea kontseilatzen duen eritasun edo elbarritasuna baldin badute.
b) Multzokako erabilera.
Gehienez ere sei eri eramateko dira, sendagilearen iritziz, banakako garraioa beharrezko egiten ez duen eritasun edo minusbaliotasuna baldin badute.
2. Laguntzako anbulantziak.
Furgoi motako ibilgailuak dira, edozein motatako eri edo istriputan kolpatuak eramateko direnak, bidean berean osasun laguntzaren beharra izaten ahal badute. Ibilgailu hauek garraiorako anbulantziaren lanak ere egin ditzakete.
Ekipamendu materialei eta osasun langileen dotazioari begirataurik, laguntzako anbulantziak medikuntzarako egokitu daitezkeenak, medikuntzarako egokituak eta erreskatekoak izan daitezke.
a) Medikuntzarako egokitu daitezkeen anbulantziak (S.A.M.U.).
Eriak edo istriputan kolpatuak eramateko ibilgailu hauetan hainbat laguntza neurri har daitezke bidean berean, hala nola erreanimazioa, bizi konstanteei eutsi eta haien kontrola, heriotz arriskua nahiz pairatutako lesiotik edo garraiotik beretik etor daitezkeen ondorioak ahalbait gutxitzeko.
b) Medikuntzarako egokitutako anbulantziak (S.A.M.U.-U.C.I.).
Arrisku haundiko pazienteak begiratzeko baliabide material aski duten ibilgailuak dira. Haietan, zaintze lan intentsiboa sendagile batek eta erizaintzako diplomatu batek burutzen dute.
Medikuntzarako egokitu daitezkeen anbulantziak, beren zerbitzuak ematerakoan, medikuntzarako egokitutakoen gisa ari daitezke, beti ere Dekretu honetan eta berau garatzen duten arauterian ezartzen diren giza baliabideak eta materialak baldin badituzte.
c) Erreskaterako anbulantziak (Erreskatea).
Anbulantzia hauek, bidean berean hainbat laguntza, hala nola erreanimazioa, bizi konstanteei eutsi eta haien kontrola egiteaz gain, honako kasuotakoren batean sartzen dira:
-Su-itzaltze eta salbamenduko zerbitzu ofizial espezializatuetakoak izatea eta harrapaturik gelditu diren pertsonen erreskate lanetarako behar diren tresna edo baliabideak edukitzea.
-Orografia edo bide motagatik ibiltzeko bereziki zailak diren lekuetan zerbitzu ematea eta, horregatik, trakzio sistema espezifikoa izatea.
5. artikulua
Osasun garraiorako erabiltzen diren ibilgailuen enpresa titularrek ondoko baldintzak bete beharko dituzte.
1. Garraio publikorako enpresak.
a) Ibilgailuak helbideratu behar direneko herrian, izen edo izenburu erregistratua duen egoitza telefonoduna edukitzea.
b) Jarduera Ekonomikoetan edo Lizentzia Fiskalean dagokion epigrafean zergadun gisa altan agertzea.
c) Enpresak jendeari eguneko 24 orduetan zerbitzu emateko jarrera izatea.
d) Osasun garraiorako gutxienez hiru ibilgailu edukitzea. Horiendako, behar diren baimenak batean eskatu beharko dira, eskatzen direnak eta jadanik eskuratu direnak baturik kopuru hori berdindu edo gainditu ezik.
Behar bezala justifikaturiko interes publikoko arrazoia dela eta, salbuets daiteke gutxieneko ibilgailu kopurua edukitzeko beharraz, baldin eta kasuan kasuko herrian, lehenagotik baldintza hori betetzen duen zerbitzu publikoko osasun garraiorako baimenik ez bada.
2. Garraio pribatu edo ofiziala egiten duten erakunde edo enpresak:
a) Ibilgailuak helbideratu behar direneko herrian, izen edo izenburu erregistratua duen egoitza telefonoduna edukitzea.
b) Ibilgailuek baimenaren titularraren jabego izan beharko dute, edo bestela erosteko aukera ematen duen errentamendu kontratuaren bidez errentan hartuak, eta garraioa enpresaren langileek berek egin behar dute.
6. artikulua
1. Anbulantzia guztiek dagokien ziurtagiri tekniko-sanitarioa izan behar dute, osasun garraioan aritzeko eta, kasua bada, garraiorako baimena eskuratzeko aldez aurreko baldintza gisa.
2. Ziurtagiri hori eskuratzeko, enpresek 5. artikuluko baldintzak bete beharko dituzte, eta anbulantziek, berriz, Foru Dekretu honen eraskinean mota bakoitzerako ezartzen diren baldintza tekniko-sanitarioak eta langileei dagozkienak.
3. Ziurtagiri tekniko-sanitarioa eskuratzeko eskabideak eta jarduera uzteko jakinarazpenak, Osasun Laguntzaren Zerbitzura igorri beharko dira (Osasun Zentro eta Jarduerak Ikuskatzeko Atala).
4. Ziurtagiri tekniko-sanitarioa eskuratzeko eskabideei honako agiriak erantsiko zaizkie:
a) Eskatzailearen N.A.N. eta I.F.Z. Eskatzailea pertsona juridikoa bada, Identifikazio Fiskalerako Kodea, eratze eskritura eta eskatzailearen botereak.
b) Egoitza irekitzeko baimena.
c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskaleko altaren frogagiria.
d) Ibilgailuaren ekipamenduaren ezaugarri tekniko- sanitarioei buruzko txostena.
e) Erakundearen ibilgailuetan zerbitzu ematen duten langileen zerrenda, haien titulazio eta dedikazioaren frogagiriak. Langile laguntzaileak, gidaria eta ohatilaria barne, Anbulantzia bidezko Garraiorako Laguntzaile izateko ikastaroko probak gaindutu dituztela frogatu beharko dute. Era berean, Gizarte Segurantzan dagokien alta erantsi beharko da, hala behar denean.
f) Anbulantziaren titularra den enpresa edo erakundeak 5. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituelako frogagiria.
g) Ibilgailua helbideraturik egonen deneko herriko udalerriaren aldeko txostena.
5. Aurkeztutako agiriak ikusirik eta Foru Dekretu honek ezartzen dituen betebehar eta baldintzak betetzen direla frogaturik, eskabidea behar bezela beteta aurkezten denetik gehienez ere bi hilabeteko epearen barrenean, Osasun Departamentuak eman edo ukatuko du eskatutako ziurtagiria.
Aipatu epe horretan berariazko ebazpena ematen ez bada, eskabidea ukatutzat joko da.
6. Ziurtagiri tekniko-sanitarioa halako ibilgailu zehatz bati egokituko zaio eta bertan haren lekua agertuko da 4. artikuluan ezarritako sailkapenaren barnean.
7. Ziurtagiri tekniko-sanitarioa bi urtetik bi urtera berritu beharko da, Osasun Laguntzaren Zerbitzuak (Osasun Zentro eta Jarduerak Ikuskatzeko Atala) ziurtagiriari bide eman zioten betebehar eta baldintzak frogatu ondotik. Gainera, beharrezko erizten diren ikuskapen guztiak burutuko dira.
8. Ibilgailuaren ziurtagiri tekniko-sanitarioa atzera bota daiteke, espediente baten ondotik, enpresei eskatzen zaizkien baldintzak betetzen ez badira, edo ezaugarri tekniko-sanitarioak larriki bestelakatzen badira, kasuan kasuko anbulantzia motarako Foru Dekretu honen eraskinak ezartzen dituen betebeharrak nabarmenki ez betetzeko maneran.
7. artikulua
1. Osasun garraioa burutzeko, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak kasuan kasuan ematen duen administrazio baimena eskuratu beharko da, hala garraio publikorako nola pribaturako. Baimenak halako ibilgailu zehatz bati egokitu behar zaizkio eta VS motakoak izanen dira.
2. Ez da osasun garraiorako baimenik emanen bi urte baino gehiago egin dituen ibilgailu batendako, lehen matrikulazio egunetik kontatzen hasita. Baimenak baliozkoak izanen dira ibilgailuak zortzi urteko antzinatasuna egin arte, haren egoeraren arabera beste urtebetez ere luza daitezkeela.
3. Osasun garraiorako baimenek, zein garraio erregimenetarako eta zein anbulantzia motatarako eman diren, horiexek aipatu beharko dituzte 3. eta 4. artikuluetan eginiko sailkapenari jarraikiz.
4. Osasun garraiorako baimena eskuratzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Garraio Zerbitzuan, ondoko agiriekin batean:
a) Zerbitzu Publikoetarako baimenak.
-Eskatzailearen N.A.N. eta I.F.Z. Pertsona juridikoa izanez gero, Identifikazio Fiskalerako Kodea, eratze eskritura eta eskatzailearen botereak.
-Egoitzari dagokion erreklamazio liburua.
-Baimenak aipatzen dituen ibilgailuen zirkulazio baimena.
-Ibilgailuen azterketa teknikoaren fitxa, legezko aldizkako ikuskapenak indarra duela agertarazten duena, edo, hura ezean, inguruabar horri buruzko ziurtagiria.
-Jarduera Ekonomikoen Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren alta.
-Foru Dekretu honen 6. artikuluan aipatzen den ziurtagiri tekniko-sanitarioa.
-Kasuan kasuko ibilgailuarendako, Erantzukizun Zibil Mugagabea estaltzen duen aseguru poliza sinatua duelako frogagiria.
-Baimena zein ibilgailutarako eskatzen den, hari dagokion erreklamazio-liburua.
-Enpresaren ibilgailuak gidatu behar dituzten pertsonen gidatzeko baimena, B-2 motakoa.
b) Zerbitzu Pribatuetarako baimenak.
-Eskatzailearen N.A.N. eta I.F.Z. Pertsona juridikoa izanez gero, Identifikazio fiskalerako Kodea, eratze eskritura eta eskatzailearen botereak.
-Baimenak aipatzen dituen ibilgailuen zirkulazio baimena.
-Ibilgailuen ikuskapen teknikoaren fitxa, legezko aldizkako ikuskapenak indarra duela agertarazten duena, edo, hura ezean, inguruabar horri buruzko ziurtagiria.
-Jarduera Ekonomikoen Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren alta.
-Foru Dekretu honen 6. artikuluan aipatzen den ziurtagiri tekniko-sanitarioa.
-Kasuan kasuko ibilgailuarendako, Erantzukizun Zibil Mugagabea estaltzen duen aseguru poliza sinatua duelako frogagiria.
-Enpresaren ibilgailuak gidatu behar dituzten pertsonen gidatzeko baimena, B-2 motakoa.
5. Baimenak bi urtetik bi urtera ikus-onetsiko ditu luzatu zituen organo berak. Ikus-onespenerako baldintza izanen da garraioei buruz indarra duen arauteria ez betetzeagatik ezarritako zehapenak ordaintzea.
6. Baimenak edozein momentutan berritu daitezke. Horretarako, hasierako baimena eskuratzeko Foru Dekretu honetan finkatutako baldintza berak betetzen dituen beste batez ordezkatu beharko da lehenik ibilgailua, baita berriarendako dagokion ziurtagiri tekniko-sanitarioa eskuratu ere.
7. Baimenak zer erakundek eman zituzten, horiek onetsi beharko dituzte haien sujetuei dagozkien aldaberritzeak, eskualdatzen baldin badira Foru Dekretu honek baimenak emateko ezarri baldintzak betetzen dituzten ibilgailu titularren jabegoarekin batean.
Baimenak iraungi eginen dira, aitzineko lerroaldeak aipatzen duen ez bezala eskualdatzen badira.
8. Baimenek indarra galduko dute, beti ere, ziurtagiri tekniko-sanitarioa atzera botatzen bada, edo ibilgailuak zortzi urte eginik, edo bederatzi, 7.2 artikuluan ezarritako luzapenaren kasuan, haren ordezkapena eskatzen ez bada.
8. artikulua
Behar den baimena eskuratu duten ibilgailuen jarduera-uztea, gertatu aitzin jakinarazi beharko zaio Osasun Laguntzaren Zerbitzuari (Osasun Zentro eta Jarduerak Ikuskatzeko Atala) eta honek horren berri emanen dio Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Garraio Zerbitzuari. Ustekabea dela eta hori posible ez bada, uztea gertatu zen egunetik 15 egunen barnean eginen da jakinarazpena.
9. artikulua
Behar diren baimenak emateko ahalmena duten agintariek, baldintza berariazkoak ezar ditzakete emate horren lurralde irizpideei dagokienez, baita zerbitzu ematearen erregimen juridikoa eta baldintzei, are tarifa arlokoei, dagokienez ere. Beti ere, baldintza berariazko horiek Foru Dekretu honetako arauak errespetatu beharko dituzte. Halaber, aipatu agintariek betekizun bereziak galdatzen ahalko dituzte enpresek edo ibilgailuek bete behar dituzten baldintzei dagokienez, horiekiko Foru Dekretu honetan ezarritakoak gutxieneko muga izanen direla.
10. artikulua
1. Foru Dekretu honekiko arau-hausteak, osasun garraioari dagozkionak, lurreko garraioaren zehapen erregimenaren arloan indarra duen legeriari jarraikiz zehatuko dira.
2. Ziurtagiri tekniko-sanitarioari dagokionean, xedapen honek dituen aurreikuspenak ez betetzeak, behar den espedientea abiarazi ondotik, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen VII. Kapituluko II. Tituluan ezarritako zehapen erregimena aplikatzea ekarriko du.
Xedapen Gehigarria
Foru Dekretu honetan eta bere eraskinean xedatutakoak ez du eragotziko Foru Komunitatean Europako Batasuneko kide diren beste Estatuetatik nahiz Europako Eremu Ekonomikoaren gaineko Akordioa sinatu duten beste Estatuetatik datozen ibilgailu-anbulantziak erabiltzea, beti ere Estatu horietan indarrean dauden zehaztapen teknikoen arabera eginak badira eta zehaztapen horiek ondoko eraskinean agertzen diren segurtasunerako baldintza teknikoen baliokideak bermatzen badituzte.
Xedapen Iragankorra
Urtebeteko aldi iragankorra ezartzen da, Foru Dekretu honek indarra hartzen duen egunetik aitzina, Foru Dekretu honetan jasotzen diren baldintza tekniko-sanitario berriak anbulantzietan egokitzeko, beti ere, Foru Dekretuak indarra hartzen duen egunean osasun garraioan aritzeko baimena badute.
Xedapen Indargabetzailea
Indarrik gabe gelditzen dira uztailaren 30eko 264/1992 eta urtarrilaren 30eko 24/1995 Foru Dekretuak.
Azken Xedapenak
Lehenengoa
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.
Bigarrena
Esku ematen zaie Osasun kontseilariari, eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariari, Foru Dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren arau eta neurriak eman eta har ditzaten.
ERANSKINA. Osasun garraiorako ibilgailuen baldintza tekniko-sanitarioak
1.-Garraiorako anbulantziak.
1.1. Ibilgailuaren ezaugarri orokorrak.
a) Ibilgailuak erabilpenaren araberako potentzia fiskala behar du izan.
b) Suspentsio eraginkorra, ibilgailuaren karga berarizkoko baldintzetan.
c) Zirkuitu bikoitzeko balazta sistema eta serbo- balazta.
d) Identifikazio eta seinalizazioa:
-Ehuneko 70 baino gehiagotan zuriz pintatutako karrozeria. Aldaketak baimentzen ahalko dira salbuespenez, Foru Dekretu honek indarra hartu aintzin hala erabili baldin bada.
-Anbulantzia hitza alderantziz idatzia aurrealdean, eta Anbulantzia alboetan eta atzealdean. Ez da zilegi izanen beste izen edo ikur tekniko-sanitariorik jartzea.
-Zirkulazio Kodean ezarritakoaren araberako argi eta soinu seinaleztapena.
-Ibilgailua zer enpresa edo erakunderena den, haren izen, helbide eta telefonoa alboetan. Letren tamaina ez da Anbulantzia hitzekoen taimanaren herena baino haundiagoa izanen. Telefono zenbaki horren ordez ibilgailua mugiaraztekoarena para daiteke.
-Lainokontrako faroak aitzinaldean eta lainokontrako foko gorria gibelaldean.
e) Gidariaren tokiak bi lagunendako lekua izanen du gutxienez.
f) Gaixotokiaren eta gidariarenaren arteko komunikazioa izanen da lehiatila edota interfonoaren bidez. Taldekako erabilera dutenetan bi habitakuluen artean bereizterik ez egotea onartuko da.
g) Gidariaren habitakuluan, sartzeko ateak alboetan. Gaixotokian, sartzeko atea eskuinaldean, eta gutxienez ere 180 graduko irekiera duen atea gibelean.
h) Hartzeko-emititzeko irrati ekipoa, eraginkorra bere jarduera eremu osoan.
i) Su-itzalgailua.
j) Horma eta elurretarako kateak.
k) Norbera babestu eta seinalizatzeko materiala: kasko eta zerrenda isladatzaileak; kono isladatzaileak, triangeluak eta eskuargiak.
1.2. Gaixotokiaren ezaugarriak:
a) Karrozeriari aplikatutako isotermia eta intsonorizazio neurriak.
b) Airea berritzeko haizagailua, habitakuluaren barnean haize-kolpeak sortarazten ez dituena.
c) Pazientearen intimitatea gerizatzeko sistema duten beirak.
d) Argitze, haize-berritze eta berotze sistemak, gidariaren habitakulukoez aparte funtzionatzeko aukera ematen dutenak.
e) Zoru eta pareten barne estaldura, ikuzten ahal dena eta garbiketa eta desinfekzio prozedurak jasaten ahal dituena. Zorukoa ez-irristakorra izanen da.
f) Gurpildun ohatila bat zurkaiztu, tinkatu eta irristatzeko karrilak. Ohatilaren mugimendu edo ibiliak eragozteko atxikigailuak.
g) Segurtasun-uhal bikoitza, eria ohatilan lotzeko.
h) Bi konexio elektriko, 12 V-koak.
1.2.1. Gainera, multzokako anbulantziek izanen dute:
a) Gehienez ere 6 jarleku, eratzangarriak eta segurtasun-uhalak dituztenak.
b) Gehienez ere 4 elbarri-orga hartzeko plataforma, ibiliak eragozteko atxikigailuak dituena. Plataformadun ibilgailu bakoitzeko bi izaten ahal dira plataformarik gabekoak, horiek ez izateko arrazoiak emanez gero.
c) Goititzeko arrapala, elbarrien gurpildun orgak sartu ahal izateko, plataformadun ibilgailuetan.
1.3. Materialak.
a) Ohatila. Neurriak eta gurpilen arteko zabalera zedula sanitarioaren tamainari egokituko zaizkio eta, nolanahi ere, pertsona heldu bat bidean eraman eta hari laguntza emateko adinekoa, eta ibilgailuen arteko trukea egiteko modukoa.
b) Ohe-estalkiak, maindireak, ohatilarako plastiko ikuzgarria eta plastikozko pixontzia eta botila hautsi- ezina.
c) Oxigeno-ontzi aldagarria, emari-neurgailua eta hezagailua dituena eta gutxienez 850 l-tarako edukia, oxigeno-maskaratxoa eta konexioak eta heldu, haur eta bularreko haurrendako eskuko haizagailua, maskaratxoa eta konexioak dituena. Mayo tutuak. Zunda nasofaringeoa.
d) Jarioak aspiratzeko sistema.
e) Fonendoskopioa, esfigmomanometroa, termometroa eta azterketarako eskuargia.
f) Botikina, gutxienez ondokoak dituena:
-Guraize zuzenak.
-Arropa mozteko guraizeak.
-Ebakitzeko pintza horztuna.
-Gasa esterilak.
-5 x 5eko 3 benda elastiko.
-5 x 10eko 7 benda elastiko.
-7 x 10eko 5 benda elastiko.
-Telazko esparatrapua.
-Alergiaren kontrako paperezko esparatrapua.
-Algodoizko bendak.
-6 pakete eskularru esteril, erabili eta botatzeko plastikozkoak eta tamaina ezberdinetakoak.
-Pobidona iodoztatua.
-Parazetamola.
-Dipirona.
-Baselina neutro esterilizatua.
-Heparinoide topikoa.
-Ferulak.
-Lepokoa.
1.4. Langileak.
Gidaria eta ohatilaria, Foru Dekretu honetan eskatzen den prestakuntza dituztenak. Pazienteen baldintzek aukera ematen dutenean baizik ez da zilegi izanen bakarrik gidaria egotea.
Habitakulo sanitarioan gehienez ere pertsona bat egon daiteke garraiatzen den pazienteaz edo pazienteez gainera.
2.-Medikuntzarako egokitu daitezkeen anbulantziak (S.A.M.U.).
Garraiorako anbulantzietarako ezarritako baldintzez landa, ondokoak ere bete beharko dituzte:
2.1. Ibilgailuen ezaugarriak.
a) Furgoi motakoak izanen dira.
b) Izanen duen erabilpenerako behar den potentzia fiskala.
c) Anbulantzia hitza alderantziz idatzia aurrealdean, eta Anbulantzia alboetan eta atzealdean. S.A.M.U.ren inskripzioa alboetan, "Anbulantzia" hitzaren tamaina bereko letrekin. Ez da zilegi izanen beste izen edo ikur tekniko-sanitariorik jartzea.
d) Aho bikoitzeko ateak gibelaldean, gutxienez ere 180 graduko irekiera eta gainean argia dutenak.
e) Faro halogenoak eta lainokontrakoak.
f) Nafarroako Gobernuaren sareko higikari irratitelefonikorako aurreinstalazioa, bai kabinatik bai gaixotokitik aukeran erabiltzeko.
2.2. Gaixotokiaren ezaugarriak.
a) Gutxieneko luze-zabalak: barne luzera, ; barne zabalera, ; barne altuera, .
Uztailaren 30eko 264/1992 Foru Dekretua indarra hartzean lanean ari ziren anbulantzien kasuan, zilegi izanen dute 2,3 m-ko gutxieneko barne luzera, baina ez dute medikuntzarako egokitutako anbulantzia gisa jardun ahal izanen. Horien funtzionamendu aldia ez da inola ere Foru Dekretu honen 7.2 artikuluan aurreikusitakoa baino luzeagoa izanen.
b) Hezagailudun aire egokitua.
Uztailaren 30eko 264/1992 Foru Dekretuak indarra hartzean lanean ari ziren anbulantzien kasuan, baldintza hau ez da nahitaezkoa izanen, baina ez dute medikuntzarako egokitutako anbulantzia gisa jardun ahal izanen. Horien funtzionamendu aldia ez da inola ere Foru Dekretu honen 7.2 artikuluan aurreikusitakoa baino luzeagoa izanen.
c) Isurbidedun konketa, 10 litroko edukiera duen ur edangarriaren biltegi batek hornitua, eta erabilitako uraren biltegia.
d) Hiru suero ontzitarako atxikigailuak.
e) 12 V-ko korronte zuzenerako hiru hartune eta 220 V-ko korronte alternorako hiru hartune.
f) Alboetarako mugimendu eta Trendelemburg positibo nahiz negatiboko posizioetarako aukera ematen duen ohatila-etxea. Ohatilaren kokamenduak pazientea alde guztietatik begiratzeko aukera emanen du, eta jarleku bat izanen da ohatilaren buruaren ondoan.
g) Barne argitzapen elektrikoa, erregulagarria, orientagarria eta eman beharreko laguntza motarako intentsitate aski duena.
h) Kolorezko txartelak hondamendietan triagea egiteko.
i) Inkubagailu portatila tinkatzeko sistema, korronte elektrikorako eta oxigenorako hartuneak dituena.
2.3. Materialak.
a) Material, tresneria eta mihiseriarako armairuak.
b) Oxigenorako instalazio finkoa, gaixotokiko paretetan hartuneak dituena. Osotara gutxienez 2.000 litroko edukiera duten bi bonbona, hezagailuak eta emari- neurgailuak dituztenak. Hartuneak oxigeno hitzaz egonen dira errotulaturik.
c) Oxigenoterapiarako ekipo portatila.
d) Itzulera eragozteko balbula duen aspirazio ponparen bidezko huts ekipoa.
e) Edukiera aski duen edukinontzi isotermoa.
f) Huts bidezko finkapen koltxoia, aulki tolestagarria eta aiztur-ohatila.
g) Lepoko zerbikala, motakoa.
h) Haur eta helduendako laringoskopio paladuna.
i) Tutu orotrakealak eta fiadorea.
j) Gutxienez ere ondoko material estelirizatua duen botikin medikoa:
-Mutur fineko guraizeak.
-Bi Kocher-pintza.
-Bisturi kider bat eta xaflak.
-Orratz-kutxa bat.
-Sueroa xiringatzeko sei ekipo.
-Giharrarteko 10 orratz.
-Zainarteko 10 orratz.
-5 cc-ko 5 xiringa.
-10 cc-ko 7 xiringa.
-Intsulinarako 2 xiringa, orratza dutenak.
-Zainarteko 6 branula.
-Konexioak, 2 unitate.
-Tximeletak, 5 unitate.
-Konpresoreak.
-0 zk.dun orratz kurbo atraumatikorako bi hari.
-3/0 orratz kurbo triangelu antzekorako bi hari.
-Tamaina ezberdineko eskularru esterilak.
-Zundaketa besikalerako ekipoak.
-Intubazio endotrakealerako ekipoak.
-Zundaketa nasogastrikorako ekipoak.
-Krikotireotomirako materiala.
(Perfusiorako material guztia elkarrekin konexionagarria izanen da).
Sueroak:
-4 Glukosatu % 5, 500 ml-koak.
-3 Ringer Laktatu, 500 ml-koak.
-2 Bikarbonato 1/6 molar.
Farmakoak:
Gutxienez ondokoa duen maletina:
-2 anpulu Midazolam.
-Aho bidezko Diacepan, 5 mg-koa.
-3 anpulu espasmolitiko-analgesiko.
-Mingain azpiko nitroglizerina.
-3 anpulu Dipirona xiringagarri.
-3 unitate metilprednisolona, 40 mg-koak.
-2 unitate metilprednisolona, 500 mg-koak.
-2 anpulu antiemetiko (metroklopramida).
-3 anpulu aminofilina.
-15 anpulu adrenalina.
-3 anpulu atropina, 1 mg-koak.
-5 anpulu lidokaina % 5.
-4 anpulu furosemida.
-3 anpulu glukosa, zain barnetik
-3 anpulu bit. B6.
-3 anpulu flumazenil, 5 mg-koak.
-3 anpulu Naloxona.
-2 anpulu antihistaminiko.
-Mingain azpiko antihipertentsiboaren ontzi bat (Nifepidinoa).
Behar bezala eginbideturiko erregistro liburu bat izan behar da, botikin horretako materialaren erabilera idazteko. Eguna eta erabiltzen duten sendagile eta OLT-EDUaren izen-deiturak adieraziko dira, profesionari horiek baizik ez baitira horretarako gaiturik.
4. Langileak.
Gidaria eta ohatilaria, Foru Dekretu honetan eskatzen den prestakuntza dutenak.
Habitakulo sanitarioan gehienez ere hiru pertsona egon daitezke pazienteaz gainera.
3.-Medikuntzarako egokitutako anbulantziak (S.A.M.U.-U.C.I.).
Medikuntzarako egokitu daitezkeen anbulantziendako ezarri betebeharrez gain, ondoan aipatzen diren baldintzak ere bete beharko dituzte.
3.1. Ibilgailuaren ezaugarriak:
a) Energi iturri laguntzailea, ibilgailuarenaz landa.
b) Anbulantzia hitza alderantziz idatzia aurrealdean, eta Anbulantzia alboetan eta atzealdean. S.A.M.U.-U.C.I.ren inskripzioa alboetan, "Anbulantzia" hitzaren tamaina bereko letrekin. Ez da zilegi beste izen edo ikur tekniko-sanitariorik jartzea.
3.2. Materiala.
a) Bihotz monitorea eta desfibrilagailu portatila, ECGrako eta desfibrilatzeko balio duten paletak dituena. Azalazpiko taupada-markagailua. Kanal bakarreko elektrodo erregistragailua, gutxienez ere hiru deribaziotarako aukera ematen duena.
b) Pulsiometroa.
c) Tentsiometroa.
d) Arnasgailu bolumetrikoa, % 50 baino gehiagoko kontzentrazioa eta 10etik 40 ziklo/minutu bitarteko arnas maiztasuna emateko aukera duena.
e) Edukiera aski duen hozkailua.
f) Bizkarrezurra inmobilizatzeko tresna.
g) Infusorea.
h) Hiru bideko giltza.
i) Drenaje torazikorako tutuak.
j) Bide zentraletako katetereak.
k) Botikin medikoa, medikuntzarako egokitu daitezkeen anbulantziek dutenaz gain, ondokoa izanen duena:
-Kloruro morfikoa.
-Isoproterenola.
-Dopamina.
-Dobutamina.
-Nitroglizerina, zain barnetik
-Propanolola.
-Amiodarona.
-Verapamila.
-Sukzinil kolina.
(Eta gainerakoa medikuaren iritziaren arabera).
3.3. Langileak.
Sendagile bat eta OLT-EDU bat beharko dira, biak larrialdietarako trebatuak, eta Anbulantzia bidezko Garraioko gidari laguntzaile bat, Foru Dekretu honetan eskatzen den prestakuntza duena.
Gaixotokian, sendagileaz eta OLT-EDUaz gainera gehienez ere Anbulantzia bidezko Garraiorako laguntzaile bat egon daiteke edo behar bezala kreditaturik praktiketan ari den ikasle bat.
4. Erreskateko anbulantziak:
Medikuntzarako egokitu daitezkeen anbulantzien (S.A.M.U.) baldintza guztiak bete beharko dituzte, ondotik aipatzen diren aldaketa hauekin:
a) Su-itzaltze eta salbamenduko zerbitzu ofizialetako ibilgailuek izan beharko dute beste leku bat, preso gelditu direnak askatzeko materiala eramateko, gaixotokitik bereiz eta bere sarrera propioa izanen duena.
b) Lau gurpiletarako trakzioa, orografi arazoengatik ibilgailu hauek erabiltzeko baimena ematen den salbuespeneko kasuetarako.
c) Anbulantzia hitza alderantziz idatzia aurrealdean, eta Anbulantzia atzealdean. Erreskate hitza idatzirik alboetan, Anbulantzia hitza idazteko erabili diren neurri bereko letrekin, eta identifikazio eta seinaleztapenerako ezarrita dauden gainerako baldintzekin.
d) Gaixotegiaren gutxieneko neurriak: barne luzera, ; barne zabalera, ; barne altuera, .
e) Su-itzaltzeko zerbitzu ofizialetako ibilgailuak nahitaez eduki behar den alboko aterik gabeak ere izan daitezke, aldez aurretik ez-izate hori justifikatzen bada.
f) Langileak. Gidaria eta ohatilaria, Foru Dekretu honetan eskatzen den prestakuntza dutenak. Gaixotokian, gehienez ere bi pertsona egon daitezke, bertan doan eriaz gainera. Pertsona horiek osasun langileak izan beharko dute, edo bestela Anbulantzia bidezko Garraiorako laguntzaileak, baina haietako bat behar bezala kreditaturik praktiketan ari den ikasle bat ere izan daiteke.