(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Landa garapena :
    • Nekazaritza :
      • Landare ekoizpena :
        • Foru Agindua, 1998ko abenduaren 28koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroako produkzio integratuaren erregistroa eta kontrol sistema arautzen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Foru Agindua, 1998ko abenduaren 28koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroako produkzio integratuaren erregistroa eta kontrol sistema arautzen dituena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1999ko 14. NAOn argitaratua, otsailaren 1ean. Aldaketak: 2001eko abuztuaren 6ko Foru Agindua)

Atarikoa

Maiatzaren 26ko 143/1997 Foru Dekretuak, produkzio integratua eta hortik sortutako produktuen bereizketa arautzen dituenak, nekazaritzako produkzio sistema hau definitu eta, besteak beste, erregistro bat sortu zuen, bertan operadoreak inskribatzeko, eta horretarako betebeharreko baldintzak zehaztu, eta halaber, kontrol eta ziurtapenerako entitateek egin beharreko jarduketak eta bete beharreko baldintzak ezarri zituen.

Foru Agindu honetan Foru Dekretua garatzen da erregistroari eta kontrol sistemari dagokienez, haren azken xedapenetatik lehenbizikoan ageri den eskumenaz baliatuz.

Hori horrela, Produkzio Integraturako Koordinazio Batzordeak eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako Ekoizpenaren Zerbitzuak eginiko proposamena ikusirik, agindu dut:

1. artikulua. Nafarroako Produkzio Integratuaren Erregistro Ofiziala.

1.-Nafarroako Produkzio Integratuaren Erregistro Ofizialean inskribatu ahal izanen dira produkzio integratutik heldu diren nekazaritzako produktuak produkzio sistema honekin bat datozen teknikak erabiliz ekoitzi, egokitu edo/eta eraldatzen dituzten operadoreak -pertsona fisikoak edo juridikoak-, maiatzaren 26ko 143/1997 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, hala eskatzen badiote Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.

2.-Eskabideari produktoreek honako dokumentazio hau erantsi beharko diote:

A) Produkzio integratuari buruzko gutxieneko oinarrizko ezagupenak izatearen egiaztagiria edo horiek sei hilabete baino gutxiagoko epean eskuratzeko konpromisoarena.

b) Egin gogo den jarduera azaltzen duen memoria, bertan sartuta, espreski, honako alderdi hauek:

-Produkzioa, dagokion laborerako onetsitako erregelamendu tekniko berariazkoak betez egiteko konpromisoa.

-Ustiapenari buruzko koaderno bat izatea, eredu ofizialekoa, adierazten diren eragiketak eta praktikak bertan agertarazteko.

-Foru Agindu honetan zehazten diren ikuskapena eta kontrolei oztoporik ez jartzea, ikuskatzaileei lurzatietan eta produkzio guneetan eta horrekin zerikusia duten lokaletan arazorik gabe sartzen uztea eta ikuskapenak egiteko beharrezkoa den informazioa ematea.

c) Kontrol eta ziurtapenerako entitate onartu batean inskribiturik egotea.

3.-Erregistroan inskribatu nahi duten operadore- produktoreek labore bakoitzeko gutxieneko azalera bat gainditu beharko dute. Azalera horretara iristen ez diren operadore-produktoreak elkarketen bidez bakarrik inskribatzen ahalko dira eta gainera elkarketa horiek ezarririko gutxieneko azalera hori gainditu beharko dute. Azalera, Nafarroako Produkzio Integratuaren Koordinazio Batzordeak proposatuko du.

4.-Kooperatiba, eraldaketarako nekazaritza sozietate edo produkziorako nahiz merkaturatzeko onartutako beste edozein motatako nekazaritza elkartekoak diren operadoreen kasuan, inskripzio eskabidea bakarra izan daiteke, eta bertan, helbide sozialaz gain, inskribitu beharreko bazkideen datuak eta haien sinadurak ere agertu beharko dira, memoriaren konpromisoak berresteko. Presidenteak edo erakundearen organo eskudunak eskabidearen ziurtapena egin beharko du, operadoreak elkarteko kide direla egiaztatzeko.

5.-Gutxieneko oinarrizko ezagupenak frogatzeko, eskatzailea Nekazaritza eta Abeltzaintzako Ekoizpenaren Zerbitzuak homologaturiko prestakuntza jarduera berariazkoetara, produkzio integratuari buruzkoetara, joan izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da, edo titulazio akademiko nahikoaren jabe izan.

6.-Produkzio integratutik heldu diren nekazaritzako produktuak egokitzen edo/eta haien eraldaketan aritzen diren operadoreek eskabideari memoria bat erantsi beharko diote, egin beharreko elaborazio jardueraren deskripzioa eta honako hauetarako konpromisoa agertuko duena:

a) Produkzio integratutik heldu diren produktuen egokitze edo/eta eraldaketarako onetsitako erregelamendu teknikoek ezartzen dituzten zehaztapenei lotzea.

b) Foru Agindu honetan adierazten diren ikuskapenak eta kontrolak onartzea, ikuskatzaileak elaborazio tokietan eta biltegietan sartzen uztea eta ikuskapenerako behar den dokumentazioa ematea.

c) Idazpen bidezko kontabilitatea egitea, kontrol entitateari produkzio integratutik heldu diren eta operadoreak erosi dituen produktuen jatorria, izaera eta kopuruak ezagutzeko bide emanen diona, bai eta egokitu edo/eta eraldatu diren eta saltzeko garaian produkzio integratua direla adierazirik izan behar duten produktuen izaera, kopuruak eta destinoak ere.

Horrez gain, produktu hauetarako biltegien eta haien elaborazioan erabiliko diren makineriaren eta instalazioen deskripzio zehatz bat, krokis batekin, eta halaber, produktu hauen biltegiratze eta elaborazioa eta beste produktuena, bakoitza bere aldetik egiteko sistema zein den ere zehaztuko da, partida bakoitza beti identifikatu ahal izateko, inolako nahasterik gertatu gabe.

2. artikulua. Kontrol eta ziurtapenerako entitateak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onarpen formala eman diezaieke nekazaritzako produktuak produkzio integratuan egiteari dagozkion arauak betetzen ote diren zaindu, kontrolatu eta ziurtatzeaz arduratzen diren entitateei.

1.-Baldintzak.

Onarpen formala jaso nahi duten kontrol eta ziurtapenerako entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zeregin hori betetzeko beharrezkoak diren baliabideak, langile kualifikatuak eta azpiegitura administratiboa izatea Nafarroan modu iraunkorrean.

b) Plagiziden hondakinak analizatzeko laborategia eduki edo laborategi ofizial edo homologatu baten zerbitzuak itundurik edo kontrataturik izatea.

c) Kontrolatu beharreko operadore ororekin objetibitatez, independentziaz eta inpartzialitatez jokatzeko behar den bermea eskaintzea.

2.-Nekazaritza, Abeltzaintza et Elikadura Departamentuari zuzendutako onarpen eskabideei honako dokumentazio hau erantsi beharko zaie:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Memoria deskriptiboa, artikulu honen aurreko puntuan ageri diren baldintzak betetzen direla zehaztuta: langileak, langileen titulazio akademikoa, esperientzia eta ekipo eta instalazioak, laborategia, etab.

c) Aplikatu beharreko kontrol programa, hartutako obligazioak eta konpromisoak betetzen dituztela ziurtatzeko operadoreei ezarriko zaizkien prebentzio eta kontrol neurrien deskripzio zehatzarekin.

Programak zehaztuko du zein diren tokian bertan egiaztatu behar diren puntuak eta zein ustiapen koadernoetako erregistroetan oinarriturik ebaluatu behar direnak.

Kontrol programa produkzio integratuaren produktuen merkaturatzeaz ere arduratuko da, eta halaber, bereizketa elementuen erabilera zuzenaz.

d) Kontrol jarduera betetzean lortutako datu eta informazioen inguruan erabateko konfidentzialtasuna gordetzeko konpromisoa. Datuak kodifikatu eginen dira ebaluatutako operadorearen nortasuna errespetatzeko, eta operadoreak berak eta ikuskapenaren arduradunek baizik ez dituzte ikusi ahal izanen.

3.-Eginkizunak.

Onarpen formala duten kontrol eta ziurtapenerako entitateek inskribaturik dituzten operadoreak kontrolatzeko jarduketa hauek egin beharko dituzte:

a) Ustiapen koadernoetako idazpen eta erregistroen ikuskapena.

b) Produkziorako lokal eta lurzatien ikuskapenak, ongarri eta produktu fitosanitarioen biltegiak eta oro har, ustiapenean laborearekin eta produkzioarekin zerikusia duen edozein lanetarako erabiltzen direnen ikuskapena.

c) Produkzio integratutik heldu diren produktuak egokitu edo/eta eraldatzeko lokalak eta establezimenduak ikuskatzea.

d) Laginak hartzea, ongarri eta produktu fitosanitarioen hondakinak izan daitezkeenak, analizatzeko.

e) Produkzioaren ebaluazioa, haren ondorioz produktuen ziurtapena edo deskalifikazioa egiteko.

f) Produkzio integratuaren bereizketarako elementuak erabiltzeko baimena eman aurretiko txostena, eta elementu horiek zuzen erabiltzen direla zaindu eta kontrolatzea.

g) Arauak betetzen ez dituztenen berri ematea Koordinazio Batzordeari, aplikatu beharreko zehapenetarako proposamenaren zirriborro batekin batera.

h) Oro har, produkzio integratuaren kontrol eta ziurtapen eginkizunak hobeki betetzeko behar diren jarduketa oro.

4.-Beste betebehar batzuk.

Kontrol eta ziurtapenerako entitate onartuek bete beharrekoak:

a) Nekazaritza eta Abeltzaintzako Ekoizpenaren Zerbitzuari instalazio eta bulegoetara sartzen utzi, ikuskapena egin dezaten, eta horretarako behar duten informazio eta laguntza guztia ematea.

b) Koordinazio Batzordera eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako Ekoizpenaren Zerbitzura igortzea, urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen kontrolatu beharreko operadoreen zerrenda, aurreko urteko abenduaren 31n balio zuena, bai eta aurreko urtean egindako jarduketen memoria bat ere.

c) Kontrolatu beharreko operadoreen ustiapenen % 10, gutxienez, bisitatzea urtero. Ikuskapenetatik heldu diren proposamenak operadoreari jakinarazi beharko zaizkio idatziz.

d) Nekazaritza eta Abeltzaintzako Ekoizpenaren Zerbitzuarekin ados, operadoreen ustiapen koadernoak ikusteko data bat ezarri eta egun horretarako prest edukitzea, entitatearen instalazioetan egin ahal izateko.

e) Biltegi eta egokitze edo/eraldaketarako establezimendu guztiak urtean behin, gutxienez, bisitatzea.

5.-Kontrol eta ziurtapenerako entitateen onarpenak hiru urtetarako balioko du eta ondoren berritu ahal izanen da iraupen bereko epeetarako, entitateak hala eskatuta, artikulu honen 1. puntuan azaldutako baldintzak betez gero, beti ere, eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako Ekoizpenaren Zerbitzuak adostasun txostena eman ondoren.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onarpen formala kendu ahal izanen die kontrol eta ziurtapenerako entitateei Foru Agindu honetan aipatzen diren bermeak, konpromisoak edo beharkizunak betetzen ez badituzte.

3. artikulua. Produktuaren ziurtapena.

1.-Kontrol eta ziurtapenerako entitateak, dagokion operadoreak eskatuta, ziurtapena emanen die produkzio integratuaren nekazaritzako produktuei, betebehar hauekin:

a) Indarra duten erregelamendu tekniko berariazkoek eskatutako produkzio baldintzak betetzea.

b) Xedapen honetan adierazitako kontrol sistemetatik pasatu izana.

c) Produkzio integratuaren produktuen kalifikazioa kentzea ekar dezakeen ohar negatiborik jaso ez izana.

2.-Produktu egokitu edo eraldatuen kasuan, ziurtapena eginen da baldin eta produktuak aurreko idazatian adierazitako baldintzak, bai eta egokitze edo eraldaketari berari dagozkionak ere, erregelamenduan ezarritakoak, betetzen baditu eta salmentarako ontziraturik baldin badago, produktuaren izaerak horretarako bide emanez gero.

3.-Kontrol eta ziurtapenerako entitateak ziurtapena ematea galarazten duten irregulartasunek ukitutako loteak baztertu beharko ditu, eta ez dira merkaturatu ahal izanen produkzio integratuaren aipamenarekin.

4.-Produkzio integratuaren nekazaritzako produktuen etiketan, ziurtapena jaso badute, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak produktu hauetarako bereizgarri gisa onetsitako marka, argigarriak, ikurra edo logotipoa agertu ahal izanen da.

Ziurtapena gauzatzeko kontraetiketa bat, operadore bakoitzari kalkulatzen zaion produkzioaren araberako zenbakia eramanen duena, erabili ahal izanen da.

4. artikulua. Prozesua gainbegiratzea.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako Ekoizpenaren Zerbitzuak, 143/1997 Foru Dekretuan eta Foru Agindu honetan xedatutakoa betez, jarduketa hauek eginen ditu:

a) Kontrol eta ziurtapenerako entitate onartuen objetibotasuna egiaztatu eta kontrolen eraginkortasuna frogatu eta ebaluatzea.

b) Edozein unetan ikuskatzea kontrolatu beharreko operadoreen ustiapen koadernoak, bai eta produkzio lurzatiak eta lokalak, eta halaber produkzio integratutik heldu diren nekazaritzako produktuak bildu, egokitu edo/eta eraldatzeko establezimenduak.

Ikuskapenetan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako Ekoizpenaren Zerbitzuko teknikaria dagokion kontrol eta ziurtapenerako entitatearen teknikari batekin joanen da, ahal bada.

Ikuskapenaren xedea, bereziki, ekarritako erregelamendu teknikoetan produkzioaren inguruan agertzen diren betebeharrak eta debekuak izanen dira.

Bidezkoak diren oharrak ikuskapen protokolo batean idatziko dira, eta bi ikuskatzaileek eta ikuskatutako operadoreak izenpetuko dute. Operadorearen sinadurak ikuskatzaileek egindako oharrekin ados dagoela adieraziko du.

d) Kontrol entitateei onarpen formala eman, onarpen hori berritu eta bertan behera uzteko espedienteen berri ematea.

5. artikulua. Finantzazioa.

Foru Agindu honetan ezarritako kontrol eta ziurtapenerako sistemak sortutako gastuak kontrolaren xede diren operadoreek ordainduko dituzte.

Koordinazio Batzordeak kontrol eta ziurtapenerako erakundeak bere funtzionamendu kostuak finantzatzeko proposatzen dituen prezioen tarifen berri emanen du. Tarifa horiek aplikatu aurretik Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsi beharko ditu.

Azken Xedapen Bakarra

Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa