Castellano | Euskara | Français | English
(1996ko 112. NAOn argitaratutako testua, irailaren 16an)
Atarikoa
Leurtzako urtegiak aprobetxamendu hidroelektrikoa lortzeko egin ziren. Izen bereko errekaren buruan kokatuak daude, Urrotz eta Beintza-Labaiengo udalerrien lurretan.
Duela hamar urte baino gehiagotik, Leurtzako urtegietara bisitari asko hurbiltzen dira, udaberritik udazkenera bitartean, mota askotako jolas jarduerak egiteko asmoz. Inguru hori erakargarria da, izan ere, arro itxi eta isolatuan dago, baso naturalez inguratua, uraren laminak batetik, pagadiek eta urtegien bazterretara iristen diren belardiek bestetik, kontraste ederra sortzen duten tokian. Uda beroetan gordeleku berde eta freskoa da, bisitari guztientzat Urrotzetik sarbide erraza duena.
Leurtzako urtegiek naturgune eta jolasgune gisa duten baloreaz oharturik, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eta Urrotz eta Beintza-Labaiengo udalek, bisitarien gozanahia eta eremu horretako balore naturalak zaintzea bateragarri egin nahian, 1996. urtean hitzarmen bat sinatu zuten hurrengo hogei urteetarako, eremu hori Aisiarako Natur Eremu bihurtzeko helburua zuena.
Harrezkero, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua zerbitzu instalazioak egiteaz, eremua mantentzeaz eta erabilera publikoa gainbegiratu eta kontrolatzeaz arduratu da. Lan horiek Urrotz eta Beintza-Labaiengo herritarrek egin dituzte.
Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Lege onetsi berriaren 3. artikuluaren arabera, Aisiarako Natur Eremuak zenbait balore natural edo paisajistiko dituzten guneak dira eta halaxe deklaratzen dira aisialdi, atsedenaldi edo jostetaldietarako tokiak izateko, beti ere naturaren kontserbazioarekin eta ingurugiro hezkuntzarekin bat eginez. Halako definizioa duen babes figura hori egokia da Leurtzako urtegietarako.
Horrenbestez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko irailaren bian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:
1. artikulua. Deklarazioa.
1. Leurtzako urtegiak, Urrotz eta Beintza-Labaiengo udalerrietan kokatuak daudenak, Aisiarako Natur Eremu (ANE-2) deklaratzea.
2. Leurtzako urtegien Aisiarako Natur Eremuaren ezaugarriak honakoak dira:
a) Izena: Leurtzako urtegiak.
b) Dermioa: Urrotz eta Beintza-Labaiengo udalerriak.
c) Azalera: 381,5 hektarea.
d) Mugaketa: Aisiarako Natur Eremuaren muga Leurtzako errekaren isurialdeko arroko goi-ibarraren muga bera da. Mendebaldetik mugak Ipar-ekialdera jotzen du altitude handiena duten puntuen lerroari segituz, hau da, Zuatxapiko gainetik () Benozorroteraino (). Hemendik, behera egiten du nabarmenki, Ipar-ekialdera, Urrotzetik urtegietara doan errepideraino, erreka gurutzatzen duen zubiraino hain zuzen, 525. metroko kotan. Ipar-ekialdeko muga urtegietako errepidea bera da, 180º dituen biraguneraino, 525 metroko kotan kokatua hau ere. Ekialdetik mugak arestian adierazitako puntutik hegoaldera jotzen du, Leurtzako errekaren isurialdeko arroaren muga den bizkarretik gora, , , , dituzten gailurretatik igaro eta dituen gailurreraino, hori baita eremuko punturik hegoaldekoena. Toki horretatik, Mendebaldera segituz, Hegoaldeko muga aldaparik altuenen lerroa hartu eta, , eta dituzten gailurrak lotu ondoren, hasierako punturaino iristen da, Zuatxapi mendiraino, alegia.
2. artikulua. Babes araubidea.
Leurtzako urtegietako Aisiarako Natur Eremuko erabilpen eta jardueren araubidea honakoa izanen da:
A) Eraikitzekoak ez diren jarduerak.
Debekatuta dago legarra eta harea ateratzea, harrobiak ustiatzea, ubideak zuzentzea, luberritzea, oihanak erabat soiltzea eta landaredia erretzea.
Gainerako jarduerak baimendu ahalko dira Foru Dekretu honen eraskinean agertzen den Erabili eta Kudeatzeko Planean finkaturiko araubide berariazkoarekin duten bateragarritasunaren arabera.
B) Eraikitzeko jarduerak:
Baimendu ahalko dira Eremuari berari lotutako ekipamendu, dotazio eta zerbitzuetarako eraikuntza eta instalazioak, Eremuarekin berarekin zerikusia duten kirol edo aisia jarduerei lotutako eraikuntza eta instalazioak eta interes orokorrekoak edo onura publikokoak diren azpiegiturak.
Debekatuta daude gainerako guztiak.
3. artikulua. Erabili eta Kudeatzeko Plana.
Onetsi egin da Leurtzako urtegietako Aisiarako Natur Eremua Erabili eta Kudeatzeko Plana, Foru Dekretu honen Eraskinean agertzen dena, eta aurreko artikuluan xedatu ez den oro arautuko duena.
Azken Xedapenetako Lehena
Ahalmena ematen zaio Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.
ERASKINA. Leurtzako Urtegietako Aisiarako Natur Eremua Erabili eta Kudeatzeko Plana
Lehena. Helburua.
Leurtzako urtegien ingurua Aisiarako Natur Eremu izateko deklarazioaren helburua eskualde horretako balore ekologiko eta paisajistikoak gordetzea da, baina aisiarako jarduerak bultzatu eta ohizko erabilerak mantentzearekin bateragarri eginez.
Bigarrena. Eremuaren deskripzioa.
2.1. Kokagunea.
Leurtzako urtegiak Urrotz eta Beintza-Labaiengo udalerrien lurretan daude, kantauri eta mediterraneoko uren banaketa mugatik hurbil, Ezkurra ibaiaren adarra den Ameztia ibaiaren isurialdeko arroan. Eremu horrek urtegiez gain, belardiak, mendi-hegaletako pagadiak eta gailurretako soiluneak ere hartzen ditu, 381,5 hektarea guztira, 325 eta bitarteko esparrua.
Eremura iristeko Urrotzen barna egin behar da, herrigunetik hegoaldera doan errepidetik.
2.2. Ezaugarri ekologikoak.
Paisajean pagadiak dira nagusi. Botanikaren ikuspegitik, pagadi azidofiloak (Saxifrago hirsutae-Fagetum) dira gehienak, mendi-hegal aldapatsuetan sortuak, zoru ranker eta lur arre azidoen gainean. Kararrizko azaleramenduetan Nafarroako kantauri aldean nagusi diren pagadi basofiloak (Carici sylvaticae-Fagetum) agertzen dira. Horien osaketa botanikoan aurrekoenetan baino taxon gehiago biltzen dira.
Pagadi oligotrofoen ordez agertzen diren sasiak ezpondetan, baso mugetan, soiluneetan eta arbolarik ez duten maila handiko mendi-hegaletan sortzen dira. Egitura horretan txilar batzuk ageri dira, Daboecia cantabrica endemismo eta otearekin batera (Ulex cantabricus), horiek guztiek Daboecio-Ulicetum cantabrici osatzen baitute.
Isurialdeen banalerroko basoetatik gorako soiluneetan txilarrek eta otadiek batetik eta larre oligotrofono lodiek mosaiko moduko bat osatzen dute. Larre horiek Jasonio laevis-Danthonietum decumbentis motakoak dira eta Zuatxapi edo Soratxipi gainetan bereziki ugariak dira, Nardus stricta espezieak aberastuak.
Urtegiko ur gainaren inguruko belardietan eta, udako urak jaistearekin batera, ageriagoa den udaberri parteko belar-zerrendan komunitate hidrofitiko bereziak sortzen dira, Nafarroan oso bakanak direnak. Horien artean ugariena kamamila fina da (Anthemis nobilis), nahiz eta, espezie horren kalitateaz eta ugaritasunaz jabeturik, bisitari asko hura biltzera bertaratu eta urtero burugabetzen duten.
Arestian aipatu ditugun fitozenosiak (pagadi azidofiloak, ordezko txilarrak eta soiluneetako larreak) eta uren inguruko beste zenbait komunitate interesekoak deklaratu ditu Europako Batasunak, natur habitatak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzko maiatzaren 21eko Kontseiluaren EEE/92/32 Jarraibidearen bitartez. Horien kontserbazioa bermatuta dago, ondoren ematen den arautegian agertzen den erabileren araubideari esker.
Eremuan agertzen den fauna hezetasun handiko Nafarroaren eskualde honetako baso atlantikoetako ekosistemetan ohikoa dena da. Uretan igel gorria ugaria da negualdeko errunaldian. Espezie horren kontserbazioa bermatuta dago, elikatzeko eta babesteko tokia hurbil duelako inguruko basoetan. Urtegia baso barruan kokatua dagoenez, inguru handiago batean bizi diren animalia asko hurbiltzen dira paraje honetara, batez ere basurdeak, azeriak, lepazuriak eta azkonarrak. Larreratze mugimenduetan desmanak eta bisoi europarrak ere ager daitezke.
Hegaztien fauna bioaniztasun handikoa da. Migrazioaldietan hegazti paseriformeak eta kurriloak ugariak dira, garai jakinetan. Eremuaren gaineko zeruetan arrano beltza, arrano txikia, arrano sugezalea, aztorea, gabiraia, sai arrea eta basoetako beste zenbait espezie ikus daitezke, okil handia eta okil berdea, esate baterako.
Paisajearen ikuspegitik, Leurtzako urtegien eremua arro itxi bat da, iparraldetik piska bat irekitzen dena, kantauri eta mediterraneoko ibaiartean sostengatua, eta hortik urtegia inguratzen duten sendogarriak jaisten dira. Paisajea baso girokoa da erabat. Basoak mendi hegal gogorrak tapizatzen ditu eta baso lerro hori goitik behera jarraikitzen da, harik eta pagadiak eta ur gardenak bat egin arte. Multzoak ez-ohizko edertasun naturala du. Are ederragoa da udazkenean, orduan basoak kolore arreak hartzen baititu, eta udaberri hasieran, belardi berde eta samurrak, kamamilaz eta menta lurrinduaz beteak, sortzen direnean.
Zuatxapi-Benazorroteko gailurretatik begiratuta, ikuspegi eder eta zabala dago, Bortzirietako mendikateko gailur altuek eta erliebe gogorrek aldizka eteten dutena, kaduzifoliez, larreez, txilardiez eta iraztiez tapizaturik dauden goitik beherako aldapak erakusteko. Esmeralda kolorea duten ibarren hondoetan, Nafarroa hezearen ezaugarri bihurtu diren zelaiak ikusten dira, hesiez inguraturiko larreek osatzen duten mosaikoa, gure ondoan dagoen Ipar Euskal Herrian "bocage" izenekoak eta fruitarbolak agerian ditugula. Mendi gailur borobilduek eta harkaiztegi zutituek osatzen duten erliebearen plastizitateak estetika handiko paisajea osatzen du, Ezkurra eta Ezpelurra ibaien pasabidea diren ibar meharrek osatzen duten nahas-mahasean. Doneztebe eta Leitza artean kokatuta dagoen goi Nafarroako pasabide honetako landare paisajearen kromatismoak, urtaro begetatiboetan kolore berdeak eta udazken eta neguan arre eta okreak nagusi dituenak, ñabardura zenbait erakusten ditu, bai hezetasunez betetako atmosferaren eraginez, bai, halaber, Kantauri itsaso hurbiletik sarritan etorri eta mendiak inguratzen dituzten lainoen eraginez.
2.3. Erabilera eta jarduerak.
Urtetan, Leurtzako pagadien oihan aprobetxamendua horien jabe diren toki entitateen esku egon da. Erabilera publikoa duten mendi katalogatuak dira, 1968. urtean erredaktatu eta egun berrikusten ari den Antolamenduko Proiektu baten arabera antolatuak daudenak.
Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimena eman ahalko die jabe diren toki entitateei egurraren aprobetxamendua eta oihan antolamenduan aurreikusita ez dauden basoko bestelako baliabideen aprobetxamendua egin dezaten.
Eremu horretako ehiza arloko jardueren erregulazioa NA-10.434 Ehiza Barrutiaren Ehiza Antolatzeko Planean bilduta dago.
Hango bideak aziendaren igarobide gisa eta tradiziozko bestelako jardueretarako erabiltzea bateragarria da aurreikusi diren kudeaketa arauekin. Toki entitateak eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua ados jartzen badira, zenbait arau eman ahalko dira urtegien inguruko pistatik eta, urtegietatik abiatuta, kantauri-mediterraneo aldeko uren banaketa puntura igotzen den pistatik zirkulatzeko.
Azken urteotan, Leurtzako urtegietan egin diren turismo eta aisialdiko jarduera nagusiak paseoari eta talde txikiendako kanpaleku eta janlekuei lotuak izan dira, batez ere familia taldeak erakarri dituztenak. Jarduera horiek Natur Eremua erabileren arabera zonifikatzeko egin den antolamenduan aurreikusi dira.
Debekatuta dago kanpaldi librea egitea, Aisialdiko Natur Eremu osoan. Urrotz eta Beintza-Labaiengo udalek proposaturik eta batera prestatuko den arautegiari jarraikiz, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimena eman ahalko du erabilera intentsiboko esparruan kanpatzeko. Horren kudeaketaren ardura toki entitate sustatzaileak izanen du.
Orain artean, jende askok kanpatu du inguru honetan eta, nahiz eta oso urtaro zehatzetan izan (Aste Saindua, uztaila eta abuztua), jarduera horrek kalte handia egin dio ingurugiroari, izan ere, zaborrak pilatu dira, bisitarien arteko arazoak izan dira, e.a. Hortaz, ekipamenduek eta eremuak berak dituzten mugak ikusirik, kanpamenduak arautu eta kontrolatzeko proiektu bat prestatu arte ez da horrelakorik onartuko.
Ingurugiro hezkuntzako jarduerek egun garrantzi txikia badute ere, interesgarria litzateke horiek sustatzea, eremu hau hobeki ezagutzera emateko.
Hirugarrena. Zonifikazioa
Aisialdiko Natur Eremua bi esparrutan banatu da:
A) Erabilera intentsiboko esparrua.
B) Erabilera estentsiboko esparrua.
A) Erabilera intentsiboko esparrua
Urtegien ingurukoa da. Horren mugak urtegien buelta osoan dauden bideek markatzen dituzte.
Esparru horretako azalera osoa hogeita hamalau hektareakoa da, harreralekua eta janlekuak barne.
Esparru horretan ezin da kanpatu. Dena den, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua eta eskualdeko udalerriak ados jartzen badira, lehenbizikoak ahalmena izanen du kanpatzeko gune kontrolatu bat ezartzeko baimena emateko, kasuan kasuko hitzarmenean zehaztuko diren kudeaketa irizpideek arautuko dutena.
Zona horretan kokatuko dira harrera eta argibide tokiak. Inguruari kalterik eragitea ebitatzeko moduko ekipamendua jarriko da bertan eta, aldi berean, bisitariek eremua erabili eta bertan jostatzeko beharrak asetzeko adinakoa. Kanpoan egiten diren aisialdiko ekintzak baimenduko dira. Motoredun ibilgailuak aparkalekuan baino ezin dira utzi eta adierazita dagoen muga ezin izanen dute inolaz ere gainditu, ez eta horiez kanpo zirkulatu ere.
B) Erabilera estentsibolo esparrua.
Aisialdiko natur eremuko gainerako lurrak hartzen ditu, larreak, pagadiak eta basoen gaineko soiluneak barne. Bateragarri egin nahi dira zona horretako baliabideen aprobetxamendu zuzena, orain arte aplikatu izan diren tradiziozko irizpideen araberakoa, eta natur inguruaren kontserbazioa eta iraupena.
Zona horretako gutxi gorabeherako azalera 347,5 hektareakoa da.
Esparru honetako ekosistemen ezaugarri naturalak aztertzeko bideak jarriko dira eta ingurugiro hezkuntza sustatuko da, beti ere basoaren kontserbazioarekin bateragarri diren bitartekoak erabiliz.
Debekatuta dago bertan kanpatzea.
Bidexka seinaleztatuak prestatuko dira eta bertako ekosistemen ezaugarri kultural eta ekologikoak interpretatzeko sistema bat jarriko da, jendeak bakarka edo talde antolatuek erabil ditzaten. Ez da onartuko ibilgailu motoredunak zirkulatzea, non ez diren eskualdeko herritarren tradiziozko jarduerei lotuak edo zerbitzu publikokoak.
Laugarrena. Kudeaketa.
Aisialdiko Natur Eremuari buruzko erabakiak hartzeko Jarraipen Batzorde bat eratuko da, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren eta Urrotz eta Beintza-Labaiengo udalen ordezkariek osatua.
Hartzen diren erabakiak betearazteko ardura Nafarroako Gobernuko Ingurugiroko Zuzendaritza Nagusiak izanen du.
Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eta Urrotz eta Beintza-Labaiengo udalek lankidetza hitzarmenak sinatu ahalko dituzte, zehaztuko diren jarduera programak aurrera eramateko eta, hala badagokio, erabilera intentsiboko esparruan kanpamendu kontrolatuak egiteko proiektua prestatzeko.