(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Arau orokorrak :
    • 413/2010 Foru Agindua, abenduaren 31koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, familian eta gizartean integratzeko laguntzak arautzen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

413/2010 Foru Agindua, abenduaren 31koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, familian eta gizartean integratzeko laguntzak arautzen dituena

 

(2011ko 36. NAOn argitaratua, otsailaren 22an)

Nafarroako Foru Komunitateak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluaren bidez, eskumen osoa du gizarte zerbitzuen arloan. Horren arabera, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea eman du, funtsezko helburua, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, herritarren gizarte ongizatea lortzea duena, gizarte zerbitzuetarako eskubide unibertsala bermatuta.

Foru lege hori garatzeko, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. Horren bidez, gizarte zerbitzuen sistema publikoko laguntza guztiak zehazten dira. Haien aplikazio esparrua Nafarroako Foru Komunitate osoa da.

Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroak, I. eranskineko F.10 letran, familian eta gizartean integratzeko diru-laguntzak jasotzen ditu. Bestetik, Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoak (2008-2012), 1.3.7 jarduketan, diru-laguntza horiek arautzeko foru agindu bat onestea aurreikusten du.

Horregatik, foru agindu honen xedea da familian eta gizartean integratzeko laguntzen arautzea onestea, haien ezaugarri berariazkoak kontuan hartzen dituzten baloraziorako irizpide teknikoak eta haien emakida eta ebazpen prozedurak ezarriz.

Laguntzen hartzaileak izanen dira gizartetik modu iraunkorrean baztertuta dauden pertsonak, baina beren autonomia psikofisikoaren eta sozialaren mailak direla-eta eguneroko bizitzari aurre egiten ahal diotenak eta gizarteratzeko egoitza arreta berariazkorik behar ez dutenak.

Bestalde, foru agindu honek barnean hartzen ditu, modu osagarrian eta iragankortasunez, Gizarte Zerbitzuen Zorroan jasotako zerbitzu berariazkoak ezarri bitartean, laguntzen onuradun gisa, honako pertsona hauek: oro har ezarritako baldintzak bete eta buru nahaste larria dutenak, osasun arloko zerbitzu publiko batek diagnostikatuta, baina beren autonomia psikofisikoaren eta sozialaren mailak direla-eta eguneroko bizitzari ingurune irekian aurre egiten ahal diotenak eta egoitza arretarik behar ez dutenak. Pertsona horiek, gizarteratze programa baten barruan egon ordez, Osasun Mentaleko Zentroaren eta Esku-hartze Soziokomunitarioko Zerbitzuaren jarraipen etengabea izan beharko dute.

Horiek horrela, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Definizioa eta xedea.

Foru agindu honen xedea da familian eta gizartean integratzeko laguntzak arautzea, horien onuradunak gizartean finkatu eta, horrela, egoitza batean sartzea saihesteko. Laguntza horiek dira ingurune irekian mantenu eta ostatu gastuak estaltzeko aldizkako prestazio ekonomikoak.

Diru-laguntza horiek eskatzaileak eskuratzen dituen edo ahal dituen bestelako diru-sarreren osagarri eta subsidiarioak dira.

2. artikulua. Onuradunak.

1. Laguntzen onuradun izanen dira gizartetik modu iraunkorrean baztertuta dauden pertsonak, baina beren autonomia psikofisikoaren eta sozialaren mailak direla-eta eguneroko bizitzari aurre egiten ahal diotenak eta gizarteratzeko egoitza arreta berariazkorik behar ez dutenak.

2. Foru agindu honen ondorioetarako, gizartetik modu iraunkorrean baztertuta daude lanaren bidez gizarteratzeko atzera bueltarik gabeko zailtasunak sortzen dituzten faktore baztertzaileak pairatzen dituzten pertsonak eta, hortaz, administrazio publikoen diru-laguntza jarraitua behar dutenak gizarteratzeko ibilbideak egiteko.

3. artikulua. Sartzeko baldintzak.

Laguntzaren eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a.-18 urtez gorakoak eta 65 urtez beherakoak izatea.

b.-Laguntza eskatu aurreko bi urteetan Nafarroan egiazki eta jarraian bizi izan dela frogatzea.

c.-Aldez aurretik eskatu izana eskumena duen edozein administrazio publikotan zuzenbideari jarraikiz dagozkiekeen laguntzak, pentsioak, prestazioak edo sorospenak, edozein motatakoak, elikatzeko edo konpentsazioko pentsioak ezarri eta ordaintzeko legezko ekintzak egikaritzea barne.

d.-Gizartean oso baztertuta egotea eta bizirauteko oinarrizko beharren kostuari aurre egiteko adinako baliabide eta laguntzarik ez izatea.

e.-Ingurune normalizatuan bizimodu autonomoa izatea galarazten dion narriadurarik ez izatea.

f.-Gizarteratze programa batean sartuta egotea, norberaren bizitokiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren bidez, ezertan galarazi gabe foru agindu honen lehen xedapen iragankorrean ezarritakoa.

4. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Laguntzaren onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a.-Diru-laguntzak zer xedetarako eman diren, horretarako erabiltzea.

b.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko organo eskudunak egiten ahal dituen egiaztatze jarduketei men egitea, eta horretarako eskatzen ahal diren dokumentazioa eta frogagiriak aurkeztea.

c.-Laguntzak emateko kontuan hartutako inguruabarren edozein aldaketaren berri ematea, aldaketa gertatu eta 15 eguneko epean.

d.-Laguntzak dirauen bitartean, dagokiokeen eduki ekonomikoko prestazioetarako eskubidea baliaraztea.

e.-Bere bizitokiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuarekin sinatutako gizarteratze akordioa betetzea.

f.-Prestazioa jasotzeko eskatzen diren baldintzei buruzko egiazko datuak ematea.

5. artikulua. Zenbatekoa.

1. Laguntzak diru-sarreren osagarri izanen dira, bizirauteko oinarrizko gastu edo beharrak estali arte, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zuen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Laguntzaren hileko gehieneko zenbatekoa ez da urteko LGSaren %150etik gorakoa izanen.

2. Laguntzaren zenbatekoa erabiltzailearen ekarpenaren -haren hileko per capita errentaren arabera kalkulatuta- eta bizirauteko oinarrizko beharren arteko aldearen araberakoa izanen da.

3. Foru agindu honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:

a) Bizirauteko oinarrizko beharrak: ostatu eta mantenu kostuak gehi foru agindu honetan zehaztutako zenbateko libre eskuragarria.

b) Hileko per capita errenta: pertsona onuradunak urtean izandako diru-sarrerak -oinarrizko errentako prestazioaren balorazioan horretarako indarreko araudiaren arabera kalkulatuak- zati hamabi hileko soldata.

4. Zenbateko libre eskuragarria da, laguntzaren ondorioetarako, urteko LGSaren %25a.

5. Ostatu gastuak behar bezala justifikatuko dira. Erantzukizun partekatuko hornidurak badira, eskatzailearen etxebizitzan bizi diren pertsona kopuruaren proportzio berean egotziko dira.

6. Diruz lagun daitezkeen mantenu gastuak ez dira inola ere urteko LGSaren %50etik gorakoak izanen.

6. artikulua. Laguntzak emateko prozedura.

1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak tramitatu eta ebatziko ditu laguntzak.

2. Oro har, eta ezertan galarazi gabe foru agindu honen lehen xedapen iragankorrean xedatutakoa, eskaerak Oinarrizko Gizarte Zerbitzura igorriko dira; hark gizarte txostena erantsiko du, oinarrizko errentako prestaziorako ezarritakoari jarraikiz, eta hartan jasoko da eskatzailearen bazterkeria egoera, 3. artikuluan adierazitako esparruei dagokienez.

3. Eskaera honako hauez osatuko da:

A.-Eskabide eredu normalizatua.

B.-Eskatzailearen nortasuna ziurtatzen duen agiriaren fotokopia.

C.-Errolda eta bizikidetasun ziurtagiria, Nafarroan bizitzen zenbat urte daramatzan adierazten duena.

D.-Eskatzailearen egungo diru-sarreren egiaztagiria edo, bestela, erantzukizuneko aitorpena.

E.-Ostatuaren kostuaren eta motaren egiaztagiria, erregimena eta benetako sarrera data ere jasotzen dituena.

F.-Diru-laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskaera. Hartzailea eta eskatzailea pertsona bera ez bada, baimen idatzia aurkeztu beharko da, orobat.

G.-Bere bizitokiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuarekin sinatutako gizarteratze akordioa.

4. Behin espedientea jasota, hura tramitatzeaz arduratzen den organoak egiaztatuko du erantsi ote diren eskatzen ahal diren agiri guztiak prestazioa kobratzeko beharrezko baldintzen betetzen diren baloratzeko, eta administrazio eskudunetan eginen ditu beharrezko egiaztapenak oro.

5. Aurkeztutako agirietan akatsik edo kontraesanik atzemanez gero, pertsona eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsa zuzen dezala edo agintzen diren agiriak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaera ezetsi eginen dela, horretarako emandako ebazpen bidez.

6. Arloan eskumena duen organoak ebazpen arrazoitua emanen du eta pertsona eskatzaileari ebazpenaren berri emanen dio, eskaera Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuan sartu eta berrogeita bost eguneko epean; ondorio horietarako, zenbaketaren hasiera ezin izanen da inola ere atzeratu, eskaera Foru Komunitateko Administrazioaren erregistroan sartu eta hamar egun baliodun baino gehiagoan.

7. Prestaziorako eskaera aurkeztearekin, Gizarteratze Zerbitzuari baimena ematen zaio administrazio eskudunen aurrean bidezko diren egiaztapen lanak egin ditzan, interesdunek emandako informazioa benetakoa ote den, eta eskatutako baldintzak eta emakidaren ondoriozkoak betetzen ote dituzten egiaztatzeko.

Bestalde, Gizarteratze Zerbitzuari baimena ematen zaio fitxategi automatizatuetan sartzen diren datu pertsonal, ekonomiko eta sozialak beste xede batzuetarako, hala nola estatistiketarako edo ikerketa zientifikorako, erabiltzeko, datu pertsonalak babestearen gaineko arloan indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz.

7. artikulua. Sorrarazpena eta ordaintzea.

1. Familian eta gizartean integratzeko laguntzen ordainketa hilero eginen da, eta behar bezala betetako eskaera aurkeztu eta hurrengo hilabeteko lehen egunetik izanen ditu ondorioak.

2. Diru-laguntzak, oro har, 12 hilabeterako emanen dira. Dena dela, emakida epe laburrago baterako izaten ahalko da, kasuko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak aldez aurreko proposamen arrazoitua eginda.

3. Diru-laguntza hauek berritzeko, haiek emateko prozedurari jarraikiz tramitatuko dira, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak gizarteratze akordioaren betetze mailari buruzko ebaluazioa eginen du.

4. Oro har, laguntza eskatzaileari ordainduko zaio; dena dela, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eskatuta eta onuradunaren aldez aurreko baimen espresa izanda, hark izendatutako beste pertsona edo entitate bati ordaintzen ahalko zaio.

8. artikulua. Aldaketa eta iraungipena.

1. Laguntzaren zenbatekoaren aldaketa (hura emateko kontuan hartutako inguruabarrak aldatzeagatik) eta haren iraungipena (hura emateko baldintzen desagertzearen ondorioz) ofizioz zein interesdunak eskatuta egiten ahalko dira, eta organo eskudunak, horretarako, beharrezko agiri guztiak eskatzen ahalko ditu.

2. Laguntza honako kasu hauetan iraungiko da:

A.-Prestazioa emateko ezarritako betebehar edo baldintzaren bat galtzea.

B.-Onuraduna hiltzea.

C.-Laguntza eskuratzeko iruzurrezko jokabidea.

D.-4. artikuluan ezarritako baldintzak ez betetzea.

3. Laguntzaren iraungitzeak horretarako arrazoia sortu eta hurrengo hilabeteko lehen egunetik aurrera izanen ditu ondorioak, eta, horrekin batera, hala badagokio, bidegabeki jasotako zenbatekoa itzuli beharko da.

9. artikulua. Bateraezintasunaren araubidea.

Foru agindu honetan araututako laguntzak bateraezinak izanen dira oinarrizko errentako prestazioarekin eta beste edozein administrazio publikok antzeko beharrak estaltzeko emandako laguntza subsidiarioekin.

Lehen Xedapen Iragankorra. Buru nahaste larria duten pertsonak (osasun mentaleko zerbitzu publiko batek diagnostikatuta).

1. Laguntzen onuradun izanen dira, gizartetik modu iraunkorrean baztertuta egoteaz gain, buru nahaste larria (osasun mentaleko zerbitzu publikoek diagnostikatuta) duten pertsonak.

2. Halakoetan, 6. artikuluan ezarritako emakida prozedurari jarraituko zaio, eskaerak Osasun Mentaleko Zentroaren bidez tramitatuko dira, eta Nafarroako Mendekotasun Agentziak ebatziko ditu, Gizarteratze Zerbitzuak aldeko txostena eman ondotik. Kasu horietan, gizarte txostena Osasun Mentaleko Zentroko gizarte langileak eginen du.

3. Pertsona eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, 3. artikuluan ezarritakoez gain:

-Administrazio eskudunak %33ko edo hortik goitiko desgaitasun maila aitortzea.

-Prestazioaren onuradun izateko egoera egoki eta aproposean egotea; hori frogatzeko, behar diren txosten psikiatrikoak aurkeztu beharko dira.

-Osasun Mentaleko Zentroaren jarraipen etengabeko programaren barne egotea.

-Buru nahaste larria duten pertsonentzako Esku-hartze Soziokomunitarioko Zerbitzuaren programa baten barne egotea.

4. Hartzaile horiek ez dute zertan gizarteratze akordiorik sinatu.

5. Halakoetan, familian eta gizartean integratzeko laguntzak iragankorrak izanen dira, onuradunak Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroak buruko eritasunak dituztenentzako bermatutako edozein zerbitzutan sartzen diren arte.

Bigarren Xedapen Iragankorra. Aurretik emandako laguntzen araubide iragankorra.

Laguntzon egungo onuradunek haiek jasoko dituzte aitortu zaien epea agortu bitartean, foru agindu honek indarra hartu aurretik aitortutako zenbateko eta baldintza beretan.

Azken Xedapena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa