Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2003ko 19. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 12an. Aldaketak: Auzitegi Gorenaren Epaia, 2009-05-19koa; 55/2009 Foru Dekretua, ekainaren 15ekoa)
Atarikoa
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 2.1 eta 6. artikuluek ezartzen dute herritar guztiek dutela gaztelania eta euskara jakin eta erabiltzeko eskubidea, hartan zehatz adierazten den eran. 2.2 artikuluak ezartzen du gaztelania dela Nafarroa osoko hizkuntza ofiziala, eta euskara hizkuntza koofiziala dela gaztelaniarekin batera Nafarroako eremu euskaldunean, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluan eta Euskarari buruzko Foru Lege horretakoetan ageri den eran.
Euskarari buruzko Foru Lege horrek, 5. artikuluan eta harekin bat datozenetan, hiru hizkuntza eremu ezarri ditu Nafarroan, eta Foru Dekretu honek esparru horiek hartzen ditu bere baitan. Eremu euskaldun bat dago, eta hartan euskara koofiziala da gaztelaniarekin batean, horrez gain eremu mistoa eta, hirugarrenik, eremu ez-euskalduna; azken bietan euskara ez da hizkuntza ofiziala. Hiruetan aitortzen zaie herritarrei administrazio publikoekiko harremanetan euskara erabiltzeko eskubidea, Foru Legean berean ezarritako eran, eta eskatzen zaie administrazio horiei eremu bakoitzean hainbat neurri har dezatela eskubide hori gauzatzeko, modu eta maila ezberdinetan.
Guztiendako Administrazio Prozeduraren arloan indarra duen araudiak aitortzen du herritarrek, administrazio publikoekiko harremanetan, eskubidea dutela beren autonomia erkidegoetako lurraldean hizkuntza ofizialak erabiltzeko, lurralde bakoitzean ofizialak diren hizkuntzak hain zuzen. Orobat ezartzen du, Estatuko Administrazio Orokorreko organoek -egoitza autonomia erkidego batean dutenek-prozeduretan parte hartzen dutenean, prozedurak interesatuak hautatzen duen hizkuntza ofizialean tramitatuko direla, interesatuaren beraren hizkuntza eskubideen arabera. Era berean, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoak gai hori arautzen du aplikatzen den esparruan.
Bidezko izanik, beraz, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzea, martxoaren 21eko 70/1994 Foru Dekretua eman zen lehenbizi, eta, ondoren, uztailaren 4ko 135/1994 Foru Dekretua. Ikusi da azken horretan ageri diren agindu batzuk berrikustea komeni dela, horrela segurtasun juridikoaren printzipioa sendotzeko, erabilera gauzatzeko behar diren bitartekoekin euskara ponderatzeko eta Nafarroako errealitate soziolinguistikoari erantzuteko, orain arteko esperientziari jarraikiz.
Horri loturik, Administrazio prozedura erregulatzen duten arauei jarraikiz interesatuak diren herritarrek prozeduretan dagozkien jarduera administratiboak hizkuntza ofizialetako edozeinetan -edo bietan batera-egiteko duten eskubidea eta ahalmena (Euskarari buruzko Foru Legearen 10, 11 eta 12. artikuluetan ezarritakoaren arabera) egiazkoa eta eraginkorra egiteko betebeharra bateragarria izan dadin eremu euskalduneko administrazio publikoek beren egintza, komunikazio eta jakinarazpenak ele bitan egiteko duten lege-aginduarekin, Foru Dekretu honek, Legearen ezinbesteko osagarri gisa, ezarri du eremu euskalduneko administrazio publikoetako organo eskudunek, beren autonomia eta antolaketarako ahalmenak errespetatuz, eskubide hori bermatzeko behar diren elementu materialez hornitzeko aukera izanen dutela.
Administrazio publiko horiek eta beren menpeko erakundeek beste administrazio batzuekin izaten dituzten harremanei dagokienez, alde batetik bereizten dira Estatuko Administrazioarekin eta Justizia Administrazioarekin izaten direnak, halakoetan Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko legeriari eta Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan xedaturikoari jarraituko baitzaio.
Nafarroako gainerako administrazio publikoekin izaten diren harremanetan, berriz, aldeen borondate eta autonomiaren printzipioari jarraituko zaio, non eta administrazio horiek prozeduran interesatuak direla ageri ez den, administrazio prozedura erregulatzen duten arauen arabera. Halakoetan, Euskarari buruzko Foru Legearen 10, 11 eta 12. artikuluek interesatuak diren gainerako herritarrentzat ezarritakoa beteko da.
Bestalde, doktrina konstituzionalaren arabera, "berariazko betebeharra" kalifikazioaren ordez (aurreko araudiak euskaraz jakiteari ematen ziona zenbait lanpostu betetzeko nahitaezkoa denean), "nahitaez jakitea" kalifikazioa jarri da, Euskarari buruzko Foru Legearen 15.2 artikuluan azaltzen denari hobeki lotzen baitzaio, eta, horrela, Konstituzioaren 103. artikuluan ageri diren merezimendu eta gaitasun printzipioen arabera neurtu behar diren jakiteen esparruan sar baitaiteke.
Azkenik, araudi teknika dela medio, aurreko testua ordezkatuko duen beste bat erabili da berrikuspen hau egiteko.
Nafarroako Kontseiluak 2003ko urtarrilaren 14ko bilkuran hartutako erizpenarekin bat etorriz.
Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko otsailaren hamarreko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:
I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua
1. Foru Dekretu honek garatzen du Nafarroako administrazio publikoetan izanen den euskararen erabilera normal eta ofizialaren erregulazioa.
Aplikazio eremua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, toki administrazioek eta haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateek osatzen dute.
2. Funtsezko helburu hauek ditu:
a. Eremu euskaldunean, berdin erabili ahal izatea hizkuntza ofizial bata nahiz bestea, laneko nahiz herritarrari zerbitzua emateko hizkuntza gisa.
b. Eremu mistoan, eremu horretan herritarrek beren hizkuntza eskubideak erabiltzea ahalbidetzeko beharrezkoak diren langileak antolatu eta gaitzea.
c. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzu nagusietan, erabiltzaileari, eskatzen duenean, zerbitzua euskaraz eman ahal izateko behar diren langileak antolatu eta gaitzea.
Nafarroako Foru Komunitateko zerbitzu nagusiak Nafarroako biztanle guztiei zerbitzua ematen dietenak dira, zehazki zein lurraldetan kokaturik dauden kontuan hartu gabe.
3. Foru Dekretu honen aplikazioa pixkana-pixkana eginen da, Administrazio bakoitzak unean-unean dituen ahalbideen arabera, betiere.
2. artikulua
Foru Dekretu honek aipatzen dituen eremuak, mugaz eta izenez, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoak dira.
3. artikulua
Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzerakoan, Euskarari buruzko Foru Legean, Foru Dekretu honetan eta osagarri dituen xedapenetan ezartzen den eran eta haien ondoriozko baldintzetan aplikatuko da nahitaezkotasunaren printzipioa, eta halaberean baloratuko da euskaraz jakitea merezimendu gisa.
4. artikulua
Nafarroako Gobernuak zehaztuko du zein izanen den, Foru Dekretu honetan ageri diren jarduera guztietan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen artean arituko den organo laguntzailea eta, hala behar denean, organo koordinatzailea, bereziki Nafarroako Gobernuak euskararen erabilerarako onesten dituen jarduera planak, hala denean, gauzatzeari dagokionez.
Halaber, zehaztuko du, toki entitateetan eta beste administrazio publiko batzuetan euskararen erabilerarako jarduera planak egiteko organo laguntzailea zein izanen den, Foru Dekretu honetan azaltzen denari jarraikiz, betiere entitate eta administrazio horiek eskaera egiten badute.
5. artikulua
Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotutako zuzenbide publikoko entitateek, Foru Dekretu honetako 1.2 artikuluan aipatu helburuak pixkana-pixkana erdiestera joko duten planak egin eta onetsiko dituzte.
Halaber, toki administrazioek beren planak egin ahalko dituzte, dagokien jarduera eremuaren barnean.
6. artikulua
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, toki administrazioek eta haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateek, euskaraz jakin eta euskara erabiltzeko behar diren langileak pixkana-pixkana gaitzera joko duten neurriak hartuko dituzte, horrela Euskarari buruzko Foru Legean, Foru Dekretu honetan eta garatuko duen araudian, hala denean, ezarritakoa pixkanaka bete dadin.
II. TITULUA. EUSKARA ADMINISTRAZIOAN
I. KAPITULUA. Eremu euskalduna
1. atala. Xedapen orokorra
7. artikulua
Eremu euskalduneko Nafarroako administrazio publikoetan eta haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateetan euskara eta gaztelania erabiliko dira Euskarari buruzko Foru Legean eta Foru Dekretu honetan ezartzen diren irizpideen arabera. Errespetatuko da, betiere, herritarrek zerbitzuetara jotzean bi hizkuntza ofizialetako edozein askatasunez hautatzeko duten eskubidea, bai eta hizkuntzagatik baztertuak ez izateko eskubidea ere.
2. atala. Kanpo eta barne erabilera
8. artikulua
1. Administrazio jarduera guztiak baliodunak izanen dira eta eraginkortasun juridiko osoa izanen dute, zein den ere erabilitako hizkuntza ofiziala.
2. Berez egintza administratiboak diren administrazio jarduerak, antolamendu juridikoak ezartzen duenari jarraikiz, eremu bereko beste pertsona fisiko edo juridiko batzuei jakinarazi behar bazaizkie, gaztelaniaz eta euskaraz idatzi beharko dira, ez badute behintzat interesatuak diren guztiek (administrazio prozedurari buruzko arauen arabera) hizkuntza bat bakarra erabiltzea espresuki eskatzen, Euskarari buruzko Foru Legearen 10.1, 11 eta 12. artikuluen arabera.
3. Administrazio publikoetako eta beren menpeko erakundeetako organo eskudunek gaztelaniaz, euskaraz edo ele bitan idatzitako inprimaki, eredu edo formularioak eduki ahalko dituzte interesatuek egin beharreko jardueretarako, aurreko puntuan ezarritakoaren arabera.
3. atala. Administrazio publikoen arteko harremanak
9. artikulua
1. Eremu euskalduneko administrazio publikoek eta haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateek elkarri igortzen dizkioten agiri, jakinarazpen eta komunikazio administratiboak bi hizkuntza ofizialetan idatzi beharko dira, euskarri bakarrean edo bitan, alde ukituek hizkuntza bakarrean egitea espresuki hitzartzen dutenean izan ezik, Administrazioaren edo dagokion entitatearen organo eskudunak ezartzen duena kontuan harturik.
2. Euskarari buruzko Foru Legearen 12 eta 13. artikuluetan ezarritakoaren arabera eta haietan azaltzen den eran, fede publiko administratiboa eta ziurtatze administratiboaren eginkizuna esleitua duten funtzionario publikoek gaztelaniaz egin beharko dituzte, beti, beren administrazioen aurrean eman eta ondorioak eremu euskaldunetik kanpo izan behar dituzten agiri publikoen kopiak. Horretaz gain, administrazio publikoen menpeko erregistroetan dauden idazpenen kopiak eta ziurtagiriak hizkuntza ofizialetako edozeinetan eginen dituzte.
3. Eremu euskalduneko administrazio publikoek eta beren menpeko erakundeek Estatuko Administrazioarekin eta menpeko dituen erakundeekin gaztelaniaz izanen dituzte harremanak; Nafarroan egoitza duten organoetara zuzentzen direnean, aldiz, euskara ere erabili ahalko dute, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 36. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
4. Justizia Administrazioarekin izaten diren harremanei dagokienez, aipatu administrazio publikoek Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan ezarritakoari jarraituko diote.
5. Eremu euskalduneko administrazio publikoek, beren arteko harremanetan, eremu horretako beste administrazioekin askatasunez hitzartzen duten hizkuntza erabili ahalko dute; salbuespena izanen da administrazio prozedura arautzen duen legeriaren arabera beste administrazioak interesatuak izatea administrazio prozedura batean eta harremana prozedura horren ondoriozkoa izatea. Halakoetan, Euskarari buruzko Foru Legearen 11. artikuluan eta Foru Dekretu honen 8.2 artikuluan xedaturikoa bete beharko da.
4. atala. Administratuekiko harremanak
10. artikulua
1. Eremu euskalduneko bereko pertsona fisiko nahiz juridikoei igortzen zaizkien komunikazio eta jakinarazpenak ele bitan eginen dira, ez badute behintzat interesatuek bi hizkuntza ofizialetarik bat bakarra erabiltzea espresuki eskatzen, Euskarari buruzko Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2. Harremana herritarrak edo beste administrazio publikoak interesatuak diren prozeduren ondoriozkoa denean, Foru Dekretu honen 8.2 eta 9.5 artikuluetan azaltzen denari jarraikiz, gaztelaniaz, euskaraz edo ele bitan idatzitako inprimaki, eredu eta formularioak erabili ahalko dituzte.
2. Ahozko komunikazioetan, funtzionarioek zerbitzua eman ahalko diete administratuei azken hauek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean.
5. atala. Irudia, oharrak eta argitalpenak
11. artikulua
1. Bulego, langela eta egoitzetako errotuluak, paperen idazpuruak edo menbreteak, zigilu ofizialak eta gainerako identifikazio nahiz seinalizazio elementuak ele bitan idatziko dira.
2. Xedapenak eta eraginkortasuna izateko Aldizkari Ofizialean egiten diren horien argitalpenak, bai eta kaleen errotulazioa eta tokien izenak gaztelaniaz eta euskaraz izanen dira, Euskarari buruzko Foru Legearen 16. artikuluari jarraikiz.
II. KAPITULUA. Eremu mistoa
1. atala. Aplikatzeko irizpide orokorrak
12. artikulua
1. Eremu mistoko Nafarroako administrazio publikoetan euskara eta gaztelania erabiliko dira Foru Dekretu honek ezartzen dituen irizpideen arabera.
2. Zerbitzua eremu mistoan ematen duten Nafarroako administrazio publikoek behar diren neurriak hartuko dituzte, herritarrek Administrazioarekin euskaraz egiteko duten eskubidea ahalbidetzera jotzeko, Foru Dekretu honetan ageri den moduan.
3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzu nagusietan, egoitza Iruñean badute eta beren jarduera biztanle guztientzat baldin bada, euskara-gaztelania itzulpen ofizialeko unitate administratiboa ezarriko da, eta, erabiltzaileak eskatzen duenean, oinarrizko administrazio zerbitzuak euskaraz eman ahal izatera joko duten neurri osagarriak hartuko dira. Eremu mistoko Nafarroako beste administrazio publiko batzuek hautazkoa izanen dute beren zerbitzu nagusietan itzulpeneko unitate administratiboa sortzea. Aurreikuspen hori garatuko da Foru Dekretu honen 5. artikuluan aipatu planen barnean.
2. atala. Baliabide materialak
13. artikulua
Egoitza eremu mistoan duten Nafarroako administrazio publikoen eta haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateen zerbitzuek erabiltzen dituzten barne inprimakietan eta paperetan idazpuruak eta menbreteak gaztelaniaz idatziko dira. Inprimakiak kanpoko jendeak erabiltzeko badira, gaztelaniaz eta ele bitan idatzitako formulario bereiziak izanen dira, interesatuak horietako bat hautatzeko.
3. atala. Erakundeen arteko harremanak
14. artikulua
1. Eremu mistoko administrazio publikoek eta haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateek elkarri edo eremu euskaldunekoei igortzen dizkieten agiri, jakinarazpen edo komunikazio administratiboak ele bitan izan ahalko dira, euskarri bakarrean, baina gaztelaniaz izan beharko dute hizkuntza bakarra erabiliz gero.
2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta hari lotutako zuzenbide publikoko entitateek, hots, egoitza eremu mistoan dutenek, eremu euskaldunean eta mistoan dauden beste administrazioetara igortzen dituzten agiri, jakinarazpen eta komunikazio administratiboak gaztelaniaz idatzi beharko dira, eremu euskaldunean eta euskaraz hasitako administrazio prozedurei dagozkienak izan ezik, horiei ele bitan eman ahalko baitzaie jarraipena.
3. Aurreko idatz-zatietan sartzen ez diren administrazio publikoei eta haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateei igortzen zaizkien agiri, jakinarazpen eta komunikazio administratiboak gaztelaniaz idatziko dira; ele bitakoek ere balioa izanen dute, eremu euskaldunean eta euskaraz hasitako administrazio prozedurak baldin badira.
4. atala. Administratuekiko harremanak
15. artikulua
1. (baliogabetua).
2. Eremu mistoko pertsona fisiko edo juridikoek erabiltzeko inprimaki eta formularioetan gaztelania hutsean edo ele bitan (gaztelania-euskara) idatzitako dokumentua erabili ahalko da, baina ale bereiziak izanen dira, erabiltzaileak bat hauta dezan.
5. atala. Irudia, oharrak eta argitalpenak
16. artikulua
1. Egoitza eremu mistoan duten Nafarroako administrazio publikoen eta haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateen bulego, langela eta egoitzetako errotuluak, paperen idazpuru eta menbreteak, zigilu ofizialak eta gainerako identifikazio nahiz seinalizazio elementuak gaztelaniaz idatzi beharko dira.
2. Xedapenak, oharrak, argitalpenak, iragarkiak eta mota guztietako publizitatea gaztelaniaz izanen dira.
3. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa galarazi gabe, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zerbitzu nagusiek biztanle guztientzat egiten dituzten informazio foiletoak, kanpainetako material grafikoa, argitalpenak edo antzeko idazkiak gaztelania hutsean, edo edizio bakar elebidunean, edo gaztelania eta euskarazko edizio bereizietan idatzita egon ahalko dira, kasuen arabera, argitalpenaren ardura duen Departamentuko kontseilari titularraren erabakiari jarraikiz.
III. KAPITULUA. Eremu ez-euskalduna
17. artikulua
1. Eremu ez-euskalduneko administrazio publikoek interesatuei eskatuko diete euskaraz aurkezten dituzten agirien gaztelaniazko itzulpena ere aurkez dezatela aldi berean, baina, ezinezkoa bada, itzulpen ofizialeko zerbitzuak erabili ahalko dituzte herritarrei zerbitzua emateko, horiek, beren eskubideak erabiliz, administrazioetara euskara hutsean zuzen daitezkeenean.
2. Eremu ez-euskalduneko administrazio publikoek eta haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateek egiten duten jarduera, inprimaki, zigilu, agiri, jakinarazpen, komunikazio, seinalizazio, errotulazio, argitalpen eta publizitate oro gaztelaniaz izanen da.
III. TITULUA. EUSKARA NAHITAEZ JAKITEA, ETA EUSKARA BALORATZEA LANPOSTUAK BETE BEHAR DIRENEAN
I. KAPITULUA. Eremu euskalduna
18. artikulua
1. Nafarroako administrazio publikoek, ebazpen arrazoituaren bidez, beren plantilla organikoetan adieraziko dute euskaraz jakitea zer lanpostu eskuratzeko izanen den nahitaezkoa, zereginen, Foru Dekretu honetako zehaztapenen eta eskariaren arabera; lanpostu horien zereginei dagokien jakite maila adierazi beharko da.
2. Gero, hizkuntza eskakizun hori kasuan kasuko lan eskaintza publikoetan eta lanpostuen deialdietan adieraziko da.
3. (baliogabetua).
4. Errespetatu eginen dira euskaraz jakitea etorkizunean nahitaezkoa izanen duten lanpostuak orain euskaraz jakin gabe betetzen dituzten pertsonek eskuratutako eskubideak. Betiere, euskara ikasteko prestakuntza ekintzarik antolatzen bada, nahi badute horietan parte hartzeko aukera eskainiko zaie.
19. artikulua
Gainerako lanpostuak bete behar direnean, merezimenduzko lehiaketa bidez egiten bada, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatutzat hartuko da, beste batzuen artean.
20. artikulua
1. Maila guztietako lanpostuetan, baldin eta euskaraz jakitea lanpostuan aritzeko nahitaezkoa edo merezimendu kualifikatua bada, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiriaren bidez edo ofizialki baliokidea den titulazio baten bidez egiaztatu ahalko da jakitea, edo, bestela, izangaiak plantilla organikoan edo deialdian eskatutako hizkuntza maila baduen ala ez zehazteko proba gaindituz.
2. Foru Komunitateko Administrazio Publikoak, eskatzen zaionean eta dituen baliabideen arabera, hizkuntza maila zehazteko probak eginen ditu eta laguntza emanen du itzulpen ofizialeko lanetan, euskara berariazko jakite gisa baloratzeko lanpostuen azterketan, lanpostuak betetzeko baremoen kalkuluan eta langile publikoentzat programatzen diren euskara ikastaroetan.
21. artikulua (indargabetua)
II. KAPITULUA. Eremu mistoa
22. artikulua
1. Egoitza eremu mistoan duten Nafarroako administrazio publikoak ez daude inolaz ere behartuta euskaraz jakitea nahitaezko kalifikatzera beren plantilletako lanpostuak bete behar dituztenean, euskara-gaztelania itzulpen lanekoetan izan ezik.
Eremu mistoan lanpostu zehatz baterako euskaraz jakitea nahitaezko kalifikatzen denean, Foru Dekretu honen 18. artikuluko 1. idatz-zatitik 4.era bitartekoetan ageri diren xedapenak aplikatuko dira.
2. Egoitza eremu mistoan duten Nafarroako administrazio publikoek, nahi badute, zehaztu ahalko dute euskaraz jakitea, beste merezimendu batzuen artean, zein lanpostu zehatz eskuratzeko izanen den merezimendu beren oinarrizko administrazio zerbitzuetan. Hori arrazoituriko ebazpenaren bidez egin eta plantilla organikoan adierazi beharko dute.
3. Euskaraz jakitea Foru Dekretu honen 20. artikuluan ezarritakoari jarraikiz egiaztatuko da.
23. artikulua (indargabetua)
III. KAPITULUA. Langileen hizkuntza gaitasuna
24. artikulua
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoak euskaraz gaitzeko ikastaroak antolatuko ditu, eta, horien bidez, euskaraz gai diren langileen behar besteko kopurua izanen dela ziurtatzera joko da, horrela Euskarari buruzko Foru Legean, Foru Dekretu honetan eta bere aplikazioaren ondoriozko araudian eta planetan ageri diren helburuak bete ahal izateko.
Arauz finkatuko dira ikastaro motak, ikastaroetan hasi eta parte hartzeko baldintzak, eta beren borondatez parte hartzen dutenek zer betebehar hartuko duten jendeari zerbitzua euskaraz emateko lanetan eta euskara-gaztelania itzulpenekoetan.
Lehen Xedapen Gehigarria
Nafarroako Gobernua lankidetzan ariko da Estatuko Administrazioarekin, Nafarroan kokaturik dagoen Estatuko Administrazioko langileak pixkana-pixkana euskaraz gaitzera joko duten neurriak har ditzaten organo eskudunek, betiere langile horiek hizkuntza hori erabili behar badute zerbitzu administratiboa ematen dutenean, Administrazio Publikoetarako Ministerioak 1990eko uztailaren 20an eman zuen Aginduaren, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen eta Foru Dekretu honen arabera.
Bigarren Xedapen Gehigarria
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak proposaturik, Erabakia hartuko da, Foru Dekretu honekin bat, lanpostuak betetzeko edozein deialditako behin betiko baremoak egiteko arauak ezar daitezen; frantsesa, ingelesa edo alemana (Europako Batasuneko hizkuntza ofizial gisa) jakiteagatik kontuan hartuko den berariazko merezimendua sartuko da, bai eta euskarari dagokiona ere.
Hirugarren Xedapen Gehigarria
Hezkuntzako funtzio publikoan euskararen erabileraren berariazkotasuna eta balorazioa arautzeko, Erabakia hartuko da, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak proposaturik, eta lehengo araudia Foru Dekretu honi egokituko zaio.
Laugarren Xedapen Gehigarria
Foru Dekretu honen arabera zilegi denean ele bitan egitea errotuluak, seinalizazioak, agiriak, inprimakiak, formularioak, zigiluak, jakinarazpenak, argitalpenak, publizitatea eta komunikazioak, euskarri fisiko bereizietan egin ahalko da, hots, gaztelaniaz bata eta euskaraz bestea, edo biak batera, Administrazioko edo dagokion entitateko organo eskudunak erabakitzen duenaren arabera, non eta Foru Dekretu honetan espresuki besterik agintzen ez den.
Bosgarren Xedapen Gehigarria
Agiri ofizialen gaztelaniazko eta euskarazko bertsioak interpretatzean arazorik sortzen bada eta arazo hori ebatzi behar denean, Administrazio Publikoek eta haiei lotutako entitateek gaztelaniaz idatzitako agiriaren bidez ebatziko dute, lehen instantzian eta behar diren ondorioak izan ditzan.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Indarrik gabe utzi dira Foru Dekretu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, berariaz, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen uztailaren 4ko 135/1994 Foru Dekretu osoa eta haren babesean garaturiko araudi guztia.
Xedapen Iragankor Bakarra
Nafarroako Administrazio Publikoek eta haien menpeko erakundeek pixkanaka eta etengabe egokituko dituzte irudi, jakinarazpen, ohar eta argitalpenen elementu guztiak, harik eta Foru Dekretu honen 16. eta 17. artikuluetan aurreikusitakoa erabat bete arte. Horretarako, aipatu elementuak mantentzeko, zaintzeko eta berritzeko erabili ohi diren aurrekontuetako diru kopuruak erabiliko dira.
Azken Xedapenetako Lehenbizikoa
Ahalmena eman zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari, Foru Dekretu hau betearazi eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.