Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2003ko 157. NAOn argitaratua, abenduaren 12an. Aldaketak: 20/2004 Foru Agindua, otsailaren 16koa)
Atarikoa
Nafarroan hazten diren errentako animalien arrazek maila nabarmena lortu dute, hazitarako arren hautapen egokia egin baita. Horrek oso merkatu lehiakorra ekarri du, non abereen prezioa oso altua izaten baita.
Egoera hori arintzeko, eta kontuan harturik kanpoko arrazek ez dutela bertakoek adina sustapen ekintzarik behar, dela errentagarriagoak direlako, dela bestelako laguntzak jasotzen dituztelako, bidezkoa da laguntzak abeltzainek arraza autoktonoetako hazitarako ar hautatuak erosteko bideratzea.
Laguntzen xedea da abereen zakartasuna handitzea eta ingurunera hobeki egokitzea. Ingurumena eta natur baliabideak babesten dituzten ustiategi estentsiboak bultzatuko dira, hemengo arrazekin, ez ordea ingurunera hain egokiturik ez dagoen kanpoko aziendarekin.
Europako Batzordeak, 33/01 laguntzari buruz 2002ko apirilaren 8an hartutako C745 (2002) Erabakiaren bidez, abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuan azaltzen diren laguntzak onetsi ditu, eta Europako Elkartearen jarraibideetan nekazaritza sektorerako Estatuko laguntzei buruz ezarritako baldintzak betetzen dituztela deklaratu du.
Abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuak estatuak nekazaritza sektorerako ematen dituen laguntzen Nafarroako Foru Komunitateko Erregelamendua onetsi zuen. Laguntza horien artean arraza autoktonoetako aurrerako abere hautatuak erostekoak daude, besteak beste. 280/2002 Foru Dekretuaren bidez, orobat, 1990eko irailaren 3ko Foru Agindua indargabetu zen, hazitarako ar hautatuak erosteko dirulaguntza bat ezarri zuena.
Hortaz, bidezkoa da arraza autoktonoetako aurrerako abere hautatuak erosteko laguntzen oinarriak garatzea, 280/2002 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluko 2.b) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Foru agindu honen xedea arraza autoktonoetako hazitarako ar hautatuak erosteko laguntzak arautzea da. Laguntza horiek Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearentzako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuan ezarrita daude.
Dirulaguntzak "Aurizko zaldia" eta "Nafarroako zaldikoa" izeneko arrazetako garañoak erosteko izanen dira, bai eta arraza hauetako hazitarako arrak erosteko ere: behi-aziendari dagokionez, arraza pirenaikokoak eta Betizu arrazakoak, eta ardi-aziendari dagokionez, Latxa arrazakoak.
2. artikulua. Onuradunak.
Nagusiki nekazariak direnek eskatzen ahalko dituzte laguntza hauek, haien abeltegia Nafarroan badago, Nafarroako Abeltegien Erregistroan inskribatua badago eta abeltzaintzan jarduteko lanbide-gaitasun nahikoa badute, dela eskaera aurkeztu baino urtebete lehenagotik bederen abeltzaintzan aritzen direlako, dela abeltzaintzarako prestakuntza ikastaroren bat egin dutelako, 30 ordukoa gutxienez.
3. artikulua. Betebeharrak.
Laguntza hartu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Hazitarakoek kasuan kasuko liburu genealogikoan inskribatuta egon beharko dute eta kasuan kasuko arrazarako ezarritako hautapen eta hobekuntzarako eskeman eskaturiko gutxieneko puntuazioa eduki edo gutxieneko etekinak eman beharko dituzte, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak berretsita. Hazitarako abere bakoitzaren balorazio genetikoa adieraziko da, hautapen eskemaren xede diren ezaugarri guztietan, hala nola bere genoma ezagutzeko eskura dagoen informazio osagarria.
b) Hazitarako abereen gutxieneko adina:
-15 hilabete, zaldi-aziendaren kasuan.
-12 hilabete, behi-aziendaren kasuan.
-7 hilabete, ardi-aziendaren kasuan.
c) Ugalketarako emeak erosten den hazitarakoaren arraza berekoak izanen dira, eta abeltegi bakoitzean gutxieneko kopuru hauek eduki beharko dira: behi-aziendaren eta zaldi-aziendaren kasuan, hamar eme, eta ardi-aziendan, berriz, berrogeita hamar.
d) Hazitarakoak denbora jakin bat mantendu beharko dira onuradunaren ustiategian, hots: behi-aziendakoak bi urtez, ardi-aziendakoak hemezortzi hilabetez eta zaldi-aziendakoak hiru urtez. Hala ere, Abeltzaintza Zerbitzuak baimena ematen ahalko du hazitarakoak lehenago kentzeko, hala komeni denean. Kasu horretan, dirulaguntzaren onuradunak goian aipatu betebehar horretatik salbuetsiko ditu. Bestela, dirulaguntza zati bat itzuli beharko dute, falta den denboraren arabera.
e) Dirulaguntza jasotzen duten abeltegiek bideragarritasun ekonomikoa frogatu beharko dute, nekazaritzako ustiategietan inbertitu eta nekazari gazteak bere gain hasteko laguntzak ezartzen dituen apirilaren 17ko 162/000 Foru Dekretuak 4. artikuluan xedatu bezala. Halaber, Europako Batasunak ingurumenari eta abereen higieneari eta ongizateari buruz emaniko gutxieneko arauak bete beharko dituzte.
f) Aurrerako behi-aziendako abelburu guztiek identifikazio elektronikoa beharko dute eta bakoitzaren genotipoa eman beharko da, ikararako. Honako genotipo hauetakoren bat izan beharko dute: ARR/ARR, ARR/AHQ, AHQ/AHQ, ARR/ARQ, ARR/ARH, ARQ/ARH edo AHQ/ARH.
4. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.
Dirulaguntza hazitarakoaren erosketa balioaren %25erainokoa izanen da (BEZa kenduta); gehienez ere 450 euro behi-eta zaldi-aziendetarako eta 90 euro ardi-aziendarako. Dirulaguntza behin bakarrik emanen da hazitarako bakoitzarengatik.
Abeltegientzako laguntzen mugak hauek izanen dira: behi-azienda duten abeltegietan, hazitarako ar bat berrogei behiko eta, gehienez ere, hazitarako bi ar erosteko adina; zaldi-aziendako abeltegietan, hazitarako ar bat hogeita bost behorreko, gehienez ere hazitarako bi ar; ardi-aziendako abeltegietan, hazitarako ar bat berrogeita hamar ardiko, gehienez ere hazitarako hamar ar.Gehieneko kopuru horiek handitzen ahalko dira abereren bat hil edo onuradunen gogoz kontra ezinbestez kenduz gero, betiere albaitari baten ziurtagiriaren bidez hala frogaturik.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren helburu berbererako laguntzak ere eskatuz gero, Ministerioaren laguntzaren zenbatekoa hazitarako aberearen erosketa preziotik kenduko da, intseminazio artifizialetik datozen hazitarako abereak direnean izan ezik.
5. artikulua. Eskabideen aurkezpena.
1. Laguntza eskatzeko, berariazko idazki edo inprimakiak erabili behar dira, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren edozein bulegotan aurkeztu. Orobat, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bitartez aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan aurreikusitako edozein tokitan aurkezten ahal dira.
2. Laguntzen eskaeran datu hauek eman beharko dira nahitaez: eskatzailearen izen-deiturak eta helbidea, ustiategiaren datuak, denboraldi bakoitzean estaltzen den eme kopurua eta dirulaguntzaren xede den hazitarakoaren jatorria.
3. Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa da, hazitarakoak erosten direnetik hasita. Ez da eskaerarik onartuko urtearen azken hiruhilekoan, erosketa egin eta hurrengo urteko lehen hilean aurkeztu beharko baitira.
6. artikulua. Eskaerak izapidatu eta haien gainean ebaztea.
1. Aurkeztutako dokumentazioa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak aztertuko du eta, akatsen bat aurkituz gero, interesatuei jakinaraziko die, gehienez ere hilabete bateko epean okerrak zuzendu ditzaten, edo dokumentazioa osa dezaten eskatzen zaizkien datuekin; bestela, ebazpena eman ondoren, espedientea artxibatu eginen da.
2. Aurrekontua nahikoa ez bada aurkeztutako laguntza eskaera guztientzat, erregistroan sartzen diren ordenaren arabera emanen dira laguntzak, aurrekontuko diru guztia agortu arte, betiere eskatzen den dokumentazio guztia baldin badute. Laguntzarik jasotzen ez duten eskaerek hurrengo urtean aurkezten direnen aldean lehentasuna izanen dute.
3. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak, dokumentazioa eta egiten diren txostenak ikusirik, foru agindu honetan aurreikusitako laguntzei dagokien ebazpen administratiboa emanen du. Ebazpen hori aldekoa izatera, zenbatekoa eta laguntza lortzeko baldintzak zehaztuko dira.
4. Laguntzei buruzko ebazpena emateko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, eskatzaileak haiek lortzeko behar diren agiri guztiak aurkezten direnetik hasita. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu beharko da.
7. artikulua. Kontrolak.
1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak laguntza hauen segimendua eginen du, egoki iruditzen zaizkion kontrolen bitartez. Onuradunek kontrol lan horietan lagundu beharko dute.
2. Gainera, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak behar diren kontrolak ezarriko ditu, ekoizpenak merkatuan irtenbide arruntik ez badu laguntzarik ez dela emanen bermatzeko.
8. artikulua. Neurria aplikatzen jarraitzea.
1. Konpromiso-aldian onuradunak laguntzaren xede den ustiategia osorik edo haren zati bat beste bati eskualdatzen baldin badio, lagapen-hartzaileak konpromisoari eutsi beharko dio epea amaitu arte, eta aurreko onuradunaren beharkizun eta eskubideak bere gain hartuko ditu. Bestela, hartutako laguntzak itzuli beharko ditu onuradunak, baita korrituak ere, zein den ordaindu eta onuradunak jasotakoa itzuli arte iragaten den denbora, horren arabera.
2. Hitzarturiko konpromisoak ez betetzeko ezinbesteko arrazoiren bat gertatzen bada, ez da konpromisoari eutsi zaion aldiko dirua eskatuko. Hauek dira ezinbestekoak:
a) Onuradunaren heriotza.
b) Onuradunaren lanerako ezintasun luzea.
c) Neurria aplikatu zaion ustiategiaren parte handi bat desjabetzea, konpromisoa hartu zen egunean desjabetzapena ezin bazen aurreikusi.
d) Lagundutako abeltegia ukitzen duten ezbehar natural larriak.
e) Onuradunaren ustiategian gaitzak agertzea, erauzte eta kontrol neurriak hartzera behartzen dutenak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua begirale dela.
f) Beste edozein inguruabar, behar bezala dokumentatua, Abeltzaintza Zerbitzuak salbuespentzat hartzen duena.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinarazi beharko zaizkio ezinbestekoak, ezbeharra gertatzen denetik hamar egun balioduneko epean, gehienez.
9. artikulua. Onuradunen betebeharrak.
Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak hartzen dituztenek betebehar hauek dituzte:
a) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egiten duen edozein egiaztapen onartzea, eman edo hartutako dirulaguntzekin zerikusia dutenak.
b) Helburu bereko beste dirulaguntza publikorik eskatuz gero, haien berri ematea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.
c) Hartutako diru laguntza kontabilitatean edo liburu-erregistroan erregistratzea, indarra duen araudiaren arabera horretara beharturik egonez gero.
10. artikulua. Laguntza itzultzea.
Laguntzak emateko eskatzen diren baldintzak eta konpromisoak betetzen ez badira, oso-osorik itzuli beharko dira eta dagokion berandutza interesa ere eskatuko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.
11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
1. Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen diru laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean finkatutakoari segituko zaio.
2. Arau-hausteak zehaztu eta zehapenak jartzeko prozedura abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuari lotuko zaio, nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloko zehapen prozedura administratiboa onesten baitu.
12. artikulua. Laguntzei uko egitea.
Abeltzainen bati eman zaion diru laguntza interesatzen ez bazaio, laguntzari uko egiten diola idatziz jakinarazi beharko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hogeita hamar eguneko epean. Hala egiten ez badu, onuradunak laguntza eta hura emateko baldintzak onartzen dituela ulertuko da.
Lehendabiziko Xedapen Gehigarria
Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoari men eginen zaio.
Bigarren Xedapen Gehigarria
Foru agindu honen aplikazio bidean ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Hirugarren Xedapen Gehigarria
Foru agindu honen aplikazioak sortzen duen gastua 2003ra arteko luzatu diren 2002ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Hazitarako abere hautatuen erosketa" izeneko 711001-71310- 7700-713200 kontusailaren kargura ordainduko da, eta hurrengo aurrekontuetan ezartzen diren antzeko kontusailen kargura.
Azken Xedapen Bakarra
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.