(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

280/2002 Foru Dekretua, abenduaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamendua onesten duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2003ko 26. NAOn argitaratua, otsailaren 28an. Aldaketak: 130/2005 Foru Dekretua, urriaren 17koa; 81/2008 Foru Dekretua, ekainaren 30ekoa)

Atarikoa

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak laguntza asko ematen dizkio nekazaritza sektoreari, oso-osorik Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik finantzatzen direnak. Gaur egun, laguntza horiei buruzko arautegia arau askoren artean dago banatua, gehienbat foru dekretu eta aginduetan, kasuan-kasukoa arautzen baitute.

Bestetik, Espainia Europako Batasunaren barruan dagoenez, laguntza horiek Europako Batzordeak "Estatuko laguntzak" deritzenen artean daude eta, beraz, Europako Batasuna Osatzeko Tratatu Bategineko 87. eta 88. artikuluetan aipatzen diren mugak badituzte.

Tratatuko 87. artikuluak, lehenbiziko atalean, merkatu batuarekiko bateraezintzat jotzen ditu Estatuak ematen dituzten laguntza batzuk, lehiakortasuna faltsutu edo enpresa edo ekoizpen batzuen alde jotzen dutenak, hain zuzen ere. Bigarren atalean hasierako bateraezintasun horren salbuespenak biltzen dira. Gainera, 88. artikuluaren arabera, dirulaguntzetarako proiektu edo araubideak Batzordeari jakinarazi behar zaizkio, harexek erabaki beharko baitu Tratatuarekin bat datozenentz.

Europako Batasunak, 2002ko apirilaren 8ko 33/01 laguntzari buruzko C (2002) 745 Erabakiaren bidez, Foru Dekretu honetan aipatzen diren laguntzak onetsi ditu, adierazi baitu nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko Europako Batasunaren zuzentarauetan aurreikusiriko baldintzak betetzen dituztela, baita EE Tratatuko I. eranskineko produktuen publizitaterako Estatuko laguntzei dagozkien Europako Batasuneko zuzentarauetan eta lana sortzeko laguntzei buruzko Europako Batasuneko zuzentarauetan ere. Hori dela eta, uste du EE Tratatuko 87.3.c) artikuluan aurreikusiriko salbuespenaren barruan sartzen ahal direla.

Europako Batasuneko arau horiek, dirulaguntza kopuru handiak eta arautegi kopuru handiak ere zail egiten dute interesatuek osorik ezagut ditzatela. Horregatik, gorabehera haiek denek eta Konstituzioko segurtasun juridikoaren printzipioak komenigarri egiten dute Foru Komunitateak nekazaritza sektoreari ematen dizkion laguntzen orotariko araubideak kode bihurtzea, Europako Batasunarekin batera finantzatzen direnak kanpo utziz.

Bilduma hori egiteko nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko Europako Batasuneko zuzentarauetan laguntzak taldekatu eta sailkatzeko aipatzen diren irizpideei jarraiki zaie.

Horiek horrela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko abenduaren hogeita hamarreko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra

Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamendua onesten da. Haren testu artikuluduna Foru Dekretu honen eranskinean heldu da.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Foru Dekretu honek xedatzen duenaren aurkako maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak indargabetzen dira; bereziki, honako hauek:

-Abenduaren 9ko 23/1982 Foru Dekretua, nekazari kooperatiben administrazioa eta kontabilitatea gaurkotzeko dirulaguntzak ematen dituena.

-Maiatzaren 15eko 116/1987 Foru Dekretua, auditoretzak egiteko nekazari kooperatibei dirulaguntzak emateko arauak ezartzen dituena.

-Ekainaren 12ko 128/1987 Foru Dekretua, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuari nekazaritzaren eta elikaduraren arloko industrietarako laguntza batzuen kudeaketa esleitzen diona.

-Urtarrilaren 31ko 48/1991 Foru Dekretua, boilurra eskualde behartsuetan lantzeko laguntzak ezartzen dituena.

-Ekainaren 27ko 236/1991 Foru Dekretuko 2. artikulua. Foru Dekretu horren bidez uztondoak erretzetik gelditzea gomendatu eta egiteko hori arautu zen.

-Maiatzaren 12ko 177/1992 Foru Dekretua, frisiar arrazako kalitate genetiko handiko hazitarako zezenen hazi dosiak erosteko dirulaguntzak arautzen dituena.

-Uztailaren 20ko 256/1992 Foru Dekretua, nagusiki nekazariak direnendako pentsioetarako planetarako laguntzak ezartzen dituena.

-Irailaren 28ko 297/1992 Foru Dekretua, Nafarroako nekazaritzako egituren eragingarritasuna hobetzeko laguntzen Erregelamendua onesten duena.

-Urriaren 1eko 302/1993 Foru Dekretua, uztailaren 20ko 256/1992 Foru Dekretua aldatzen duena.

-Azaroaren 22ko 351/1993 Foru Dekretuko 4. artikulutik 9. artikulura bitarte. Foru Dekretu horren bidez nekazaritzako makinak erabiltzen dituzten kooperatibak eta haiek sustatzeko laguntzak arautu ziren.

-Martxoaren 28ko 72/1994 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuaren bidez, ematen dituen maileguen iraupena eta korritu tasa entitate finantzarioekin negoziatzeko askatasuna ezartzen duena, emaniko laguntza aldatu gabe.

-Maiatzaren 23ko 103/1994 Foru Dekretuko 6. artikuluko 5. atala. Foru Dekretu horren bidez Nekazaritzako Elikagaien Artisautza arautu zen.

-Azaroaren 14ko 228/1994 Foru Dekretua, nekazari kooperatiben berregituraketa eta lehiakortasuna sustatzeko laguntzak ezartzen dituena.

-Apirilaren 3ko 87/1995 Foru Dekretua, Nafarroan olibondoa eta elorri beltza sustatzeko laguntza araubide bat ezartzen duena.

-Martxoaren 27ko 79/1995 Foru Dekretua, Nafarroako nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko baldintzen hobekuntza sustatzen duena.

-Irailaren 18ko 383/1995 Foru Dekretua, 866/90, 867/90 eta 3699/93 EEE Erregelamenduetan aurreikusiriko laguntzak kudeatzeko prozedura arautzen duena. Erregelamendu horiek nekazaritza, oihangintza eta akuikulturako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko baldintzak ezartzen dituzte, hurrenez hurren.

-Irailaren 25eko 422/1995 Foru Dekretua, apirilaren 3ko 87/1995 Foru Dekretua aldatzen duena.

-Irailaren 25eko 423/1995 Foru Dekretua, lurra elkarlanean lantzeko nekazari kooperatibei azaroaren 22ko 351/1993 Foru Dekretuaren bidez makinak eta tresnak erosteko ezartzen diren laguntzak ematen dizkiona.

-Abenduaren 4ko 581/1995 Foru Dekretua, nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko baldintzak hobetzeko inbertsioetarako Nafarroako Foru Komunitatearen laguntzei Batzordeak 1994ko martxoaren 22an harturiko Erabakiaren eranskineko hautatze irizpideak aplikatzea xedatzen duena.

-Abenduaren 4ko 586/1995 Foru Dekretua, uztailaren 20ko 256/1992 Foru Dekretua aldatzen duena.

-Urtarrilaren 8ko 8/1996 Foru Dekretua, martxoaren 27ko 79/1995 Foru Dekretua aldatzen duena.

-Apirilaren 13ko 173/1996 Foru Dekretua, "oinarrizko ustiatze azalera" deritzona lortzen duten ustiategietarako lurzatiak berrantolatzeko aldeetan eman beharreko laguntzak arautzen dituena.

-Maiatzaren 20ko 220/1996 Foru Dekretua, martxoaren 28ko 72/1994 Foru Dekretua aldatzen duena.

-Apirilaren 14ko 103/1997 Foru Dekretua, martxoaren 27ko 79/1995 Foru Dekretuko 4. artikulua aldatzen duena.

-Abenduaren 9ko 370/1997 Foru Dekretua, irailaren 28ko 297/1992 Foru Dekretua aldatzen duena.

-Ekainaren 7ko 216/1999 Foru Dekretua, nekazaritzako elikagai enpresetan jarduketak egiteko mailegu hobaridunak beste finantza entitate batera eramaten direnean korritu tasen hobariak ez direla aldatuko adierazten duena.

-Azaroaren 22ko 594/1999 Foru Dekretua, saneamenduko kanpainen ondorioz hil beharreko behiak ordezteko laguntzak aldatzen dituena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi kontseilariak 1990eko irailaren 3an eman Foru Agindua, hazitarako hautatuak erosteko dirulaguntza bat ezartzen duena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi kontseilariak 1992ko maiatzaren 4an eman Foru Agindua, abeltzaintza aldeak egin eta egokitzeko toki entitateei laguntzak ematen dizkiena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi kontseilariak 1992ko maiatzaren 25ean eman Foru Agindua, maiatzaren 12ko 177/1992 Foru Dekretua aplikatu eta garatzen duena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi kontseilariak 1992ko irailaren 2an eman Foru Agindua, uztailaren 20ko 256/1992 Foru Dekretua aplikatu eta garatzen duena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi kontseilariak 1992ko irailaren 2an eman Foru Agindua, uztailaren 20ko 256/1992 Foru Dekretua aplikatu eta garatzen duena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi kontseilariak 1992ko urriaren 5ean eman Foru Agindua, irailaren 28ko 297/1992 Foru Dekretua aplikatu eta garatzen duena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi kontseilariak 1993ko abuztuaren 9an eman Foru Agindua, pirinioar arrazako abelgorriak Liburu Genealogikoan inskribatzea sustatzen duena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi kontseilariak 1994ko otsailaren 1ean eman Foru Agindua, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak homologaturiko kontratuen arabera, Nafarroan ekoizten zainzuriaren sal-erosketak pizteko laguntzak ezartzen dituena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi kontseilariak 1994ko abenduaren 19an eman Foru Agindua, maiatzaren 23ko 103/1994 Foru Dekretuan aurreikusiriko laguntzak emateko prozedura eta irizpideak ezartzen dituena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi kontseilariak 1995eko martxoaren 13an eman Foru Agindua, azaroaren 14ko 228/1994 Foru Dekretua aplikatu eta garatzen duena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilariak 1995eko abuztuaren 3an eman Foru Agindua, martxoaren 27ko 79/1995 Foru Dekretua aplikatu eta garatzen duena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilariak 1995eko urriaren 23an eman Foru Agindua, irailaren 18ko 383/1995 Foru Dekretua aplikatu eta garatzen duena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilariak 1995eko urriaren 23an eman Foru Agindua, irailaren 25eko 423/1995 Foru Dekretua aplikatu eta garatzen duena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilariak 1996ko uztailaren 22an eman Foru Agindua, irailaren 18ko 383/1995 Foru Dekretua aplikatu eta garatzen duena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1996ko azaroaren 28an eman Foru Agindua, lurzatien berrantolamenduko eremuetan, ustiategiek ustiapeneko oinarrizko azalera deritzana erdiesteko laguntzen prozedura arautzen duena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1997ko otsailaren 17an eman Foru Aginduko 8. artikulua. Foru Agindu horren bidez urriaren 19ko 233/1989 Foru Dekretua garatu zen. Foru Dekretu horren bidez herri, eskualde eta lurralde mailako abereen erakusketak arautu ziren.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1997ko ekainaren 2an eman Foru Agindua, urtarrilaren 24ko 27/1986 Foru Dekretuan aurreikusiriko korritu hobariak lortzeko irizpideak ezarri eta jarduera ekonomiko horiek zehazten dituena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1997ko ekainaren 2an eman Foru Agindua, urtarrilaren 31ko 35/1986 Foru Dekretuan aurreikusiriko errentamendu finantzarioko eragiketetan korritu hobariak lortzeko irizpideak ezarri eta jarduera ekonomiko horiek zehazten dituena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1998ko martxoaren 23an eman Foru Agindua, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1997ko otsailaren 17an eman Foru Agindua. Horren bidez urriaren 19ko 233/1989 Foru Agindua garatu zen.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1998ko abenduaren 21ean eman Foru Aginduko lehenbiziko xedapen gehigarria. Foru Agindu horren bidez Nafarroan olibondoaren eta elorri beltzaren laborantza garatzeko planak onetsi ziren.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1999ko martxoaren 29an eman Foru Agindua, elikagaien kalitatezko izendapenen Kontseilu Arau-emaileentzako laguntzak arautzen dituena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1999ko ekainaren 21ean eman Foru Agindua, "bakterio sua" edo Erwinia amylovoraren aurka borrokatzeko kalteordainen baremoak ezartzen dituena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2000ko urtarrilaren 24an eman Foru Agindua, 1999ko martxoaren 29ko Foru Agindua aldatzen duena. Foru Agindu horren bidez, elikagaien kalitatezko izendapenen Kontseilu Arau-emaileentzako laguntzak arautu ziren.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2000ko otsailaren 7an eman Foru Agindua, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1999ko ekainaren 21ean eman Foru Agindua aldatzen duena. Horren bidez "bakterio sua" edo Erwinia amylovoraren aurka borrokatzeko kalteordainen baremoak ezarri ziren.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak maiatzaren 15ean eman Foru Agindua, zer neurri hartuko diren Nafarroan nekazaritzako makina eta tresnerietan teknologia berriak bultzatu eta sustatzeko era arautzen duena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2000ko azaroaren 13an eman Foru Agindua, 1999ko martxoaren 29ko Foru Agindua aldatzen duena. Foru Agindu horren bidez, elikagaien kalitatezko izendapenen Kontseilu Arau-emaileentzako laguntzak arautu ziren.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2001eko urtarrilaren 29an eman Foru Agindua, Nafarroako lehen mailako nekazaritza kooperatibek nekazaritzako makinak erosteko laguntzak arautzen dituena.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2002ko martxoaren 18an eman Foru Agindua, pirinioar arrazako behiak eta nafar eta latxa arrrazetako ardiak ekoizpen estensiboko erregimenean sustatzeko laguntzak arautuko dituzten oinarriak ezartzen dituena.

Azken Xedapenetako Lehenbizikoa

Esku ematen zaio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan, bere eskumenen barruan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA. Nafarroako Foru Komunitateak Nekazaritza sektoreari ematen dizkion Estatuko laguntzen erregelamendua

I. KAPITULUA. Orotariko xedapenak

1. artikulua. Xedea.

1. Erregelamendu honen xedea da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Europako Batasuneko Tratatuko I. eranskinean aipatzen diren nekazaritzako produktuak ekoitzi, eraldatu eta merkaturatzeko ematen dituen dirulaguntza publikoei dagokien orotariko araubidea ezartzea, laguntza horiek, Europako Batasuneko arautegiarekin bat, "nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzatzat" jotzen badira.

2. Erregelamendu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatu bezala eginen da.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

Honako hauek gelditzen dira Erregelamendu honetatik kanpo:

a) Laguntza fiskal eta parafiskalak.

b) Arrantza eta akuikultura sektorearendako Estatuko laguntzak.

c) Basogintzarako laguntzak, alorrak basoberritzekoak barne.

d) Eskualde baterako laguntzak.

e) Enpresa txiki eta ertainendako Estatuko laguntza berariazkoak.

3. artikulua. Nafarroako nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzen zerrenda eta sailkapena.

Honakoak joko dira Nafarroako nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzatzat:

A) Nekazaritzako ustiategietan inbertsioetarako laguntzak, haien helburua bada:

-Nafarroako Gobernuak interes sozialekotzat jo dituen lurrak erostea.

-Olibondoaren eta elorri beltzaren laborantza sustatzea.

-Boilurra alde behartsuetan lantzea.

-Hemengo arrazetako hazitarako hautatuak erostea.

-Hemengo arrazetako ordezpenerako abereak erostea: pirinioarra abelgorrietan eta arraza nafarra eta latxa azienda zurian.

-Nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko sektorean inbertitzeko laguntzak.

-Elkarlanean erabiltzeko makinak eta tresnak erosteko laguntzak.

B) Ingurumenerako laguntzak haien helburua bada:

Lastoa xehatzeko makinak erostea.

C) Garaia baino lehen erretiratzeko edo nekazaritza uzteko laguntzak, haien helburua bada:

-Nekazariek pentsioetarako planak hartzea.

D) Ekoizleak elkartzeko laguntzak

-Nekazari kooperatiben lehiakortasunaren hobekuntzarekin loturik egonez gero.

E) Ekoizpenaren edo nekazaritzarako ekoizpen-baliabideen kalte-ordainak, haien helburua bada:

E.1. Hondamenek edo ohiz kanpoko bestelako gertakizunek eraginiko kaltea konpontzeko:

-Hondamenek eraginiko kaltea arintzea.

E.2. Abereen gaixotasunen kontrako borrokari dagokionez:

-Nahitaez hil beharreko behiak ordeztea.

E.3. Landareen gaixotasunen kontrako borrokari dagokionez:

-"Bakterio su" edo Erwinia amylovora delakoaren kontrako borrokaren barruko kalte-ordainak.

F) Lurzatiak berrantolatzeko laguntzak, haien helburua bada:

-Oinarrizko ustiatze azalerak osatzeko lurrak erostea.

G) Kalitateko nekazaritzako produktuak ekoitzi eta merkaturatzeko laguntzak, haien helburua bada:

-Elikaduraren kalitateko Deitura Kontseilu arau-eamileak.

H) Sektorearendako laguntza teknikoa, haren helburua bada:

-Kooperatiben kudeaketa hobetzea.

-Nekazaritzako elikagaien artisau-enpresak.

-Abere lehiaketak antolatzea.

I) Abeltzaintza sektorearendako laguntzak haien helburua bada:

-Pirinioar arrazako abelgorriak liburu genealogikoan inskribatzea sustatzea.

4. artikulua

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emanen ditu, Foru Aginduen bidez, Erregelamendu honen xede diren laguntzak, eskumen hori zuzendari nagusiei esleitzeko ahalmena deusetan galarazi gabe.

5. artikulua

Erregelamendu honetan aipatzen diren laguntzen eskabideak, bakoitzerako ezartzen den epearen barruan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan aurkeztuko dira edo bestela Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian eta Lege hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean aipatzen diren tokietan.

6. artikulua

Laguntzen eskaerekin batera, kasuan-kasuan behar diren agiriak aurkeztuko dira. Hala ere, ohartuz gero bertan akatsik dagoela edo agiri guztiak ez daudela edo agirietan akatsik dagoela, interesatuari eskatuko zaio zuzendu dezala gehienez ere hilabeteko epean. Ohartaraziko zaio, epe horretan egin ezik, ulertuko dela bere eskaera bertan behera utzi duela. Horretarako aldez aurretik ebazpen bat emanen da.

7. artikulua

Eskaeren gaineko ebazpena emateko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, epe berezirik eman ezik. Epe hori iragan eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, ulertzen ahalko da eskaera ukatu dela.

8. artikulua

1. Diru-itzultze, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Erregelamendu honek zehazten ez duen guztian, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21., 27. eta 28. artikuluetan xedaturikoari jarraikiko zaio, lege hartan ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

2. Arau hausteak finkatzeko eta zehapenak ezartzeko Administrazioak erabiltzen duen prozedurak abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuak agintzen duena hartuko du aintzat. Foru Dekretu horren bidez nekazaritza, abeltzaintza eta elikagaien arloetan zehapenak ezartzeko administrazio prozedura ezarri zen.

9. artikulua

Onuradunen batek, Erregelamendu honen arabera eman zaion laguntza interesatzen ez bazaio, halaxe jakinarazi beharko dio, idatziz, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, hogeita hamar eguneko epean, laguntza eman zaiola jakinarazi eta biharamunetik aurrera. Hala egiten ez badu, onuradunak laguntza eta baldintzak onartzen dituela ulertuko da.

10. artikulua

Erregelamendu honetan aurreikusiriko laguntzak aurrekontuetako diru eta mugen menpe egonen dira.

II. KAPITULUA. Nekazaritzako ustiategietan inbertitzeko laguntzak

11. artikulua. Nafarroako Gobernuak interes sozialekotzat jo dituen lurrak erostea.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak laguntzak ematen ahalko ditu interes sozialekotzat jotzen diren lurrak erosteko, baldin eta normalean merkaturatzerik ez duten produktuen ekoizpena gehitzen ez badute. Horiek horrela, laguntzaren xede diren lurren erabilerari dagokionez aurreko egoera aldatzen denean, onuradunak ustiategiaren bideragarritasuna frogatzeko aurkeztu beharko duen azterlanean, artikulu honetako 5. idatz-zatian aipatzen den horretan, behar bezala frogatuko da laguntzaren xede diren lurretan ekoitzi asmo diren produktuak normaltasunez merkaturatzen ahalko dira. Gainera, kasu horretan muga hauek egonen direla:

a) Olibo-laborantzak Erregelamenduko 12. artikuluko 6. idatz-zatian horretarako ezarririk dauden mugak errespetatu beharko ditu.

b) Lurrak ez dira erabiliko lihoa eta kalamua lantzeko, ehungintzarako lihorako izan ezik.

c) Ezin izanen da mahatsondorik landu, horretarako erkideen eskubiderik ez badago edo behar den baimenik ez badute.

d) Lurretan ez da barazki edo fruiturik landuko, horietan, hiru urte honetan, gehiegi ekoiztegatik nabarmenki eskutik utzi badira.

2. Laguntzak kapitalaren zuzeneko dirulaguntzen moduan edo korrituen hobarien moduan edo bietara ematen ahalko dira. Korrituen hobariaren funtsa mailegu edo kredituko korrituen % 8ko dirulaguntza izanen da, gehienez ere. Betiere, hobaria aplikatu ondoren gertatzen diren maileguen korrituen tasa gutxienez ere %1,5ekoa izanen da.

3. Laguntzak gehienez ere 90.000 euroko (14.974.740 pezetako) inbertsioei aplikatzen ahalko zaizkie lan-unitate edo langileko eta ustiategi bakoitzari gehienez ere 270.000 euro (44.924.220 pezeta) emanen zaizkio.

4. Aurreikusiriko laguntzaren gehieneko zenbatekoa, dirulaguntzaren xede den inbertsioaren zenbatekoa ehunekoetan adierazia, %40koa izanen da, eta alde behartsuetan, %50ekoa.

5. Laguntza hartu ahal izateko, frogatu beharko da haren xede diren ustiategiak diru aldetik bideragarriak direla eta Europako Batasuneko ingurumenari eta abereen higieneari eta ongizateari buruzko gutxieneko arauak bete beharko dituzte. Hori frogatu ahal izateko, apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretuak xedatu bezala eginen da. Horren bidez nekazaritzako ustiategietan inbertitu eta nekazari gazteak bere gain hasteko laguntzak eman ziren.

Gainera, onuradunak, pertsona fisikoa izanez gero, nekazaritzarako aski den gaitasuna izan beharko du, 162/2000 Foru Dekretuko 1. artikulutik 10. artikulura bitarte ezarri baldintzetan, edo bestela frogatu bost urtez nekazaritzan jardun duela edo nekazaritzarako gaitzeko ikastaro edo mintegiak egin dituela, urtero 25 ikastordu dirautenak, bost urte haiek osatu arte.

Onuraduna pertsona juridikoa izanez gero, gutxienez ere bazkideen ehuneko 50ek bete beharko dute betebehar hori, alegia, nekazaritzarako aski den gaitasuna.

12. artikulua.

13. artikulua.

14. artikulua.

15. artikulua.

16. artikulua. Nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko sektorean inbertitzeko laguntzak.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak laguntzak ematen ahalko ditu nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko.

Laguntzak erabiltzen ahalko dira nekazaritzako produktuetarako inbertsioetan, 2006-2006 Nafarroako Nekazaritza Garatzeko Programaren xede ez badira.

2. Laguntza hauetarako, nekazaritzako produktu baten eraldaketatzat joko da produktu horretan eginiko eragiketa, haren emaitza oraindik ere Tratatuko I. eranskinean aipatzen den produktua bada. Alegia, Tratatuko I. eranskinean aipatzen diren nekazaritzako produktuak, eraldatuz gero bertan aipatzen ez diren produktuak bihurtzen badira, laguntza hauen esparrutik kanpo gelditzen dira.

3. Eskuarki, dirulaguntzaren xede izan daitezke, onuradun guztiendako:

a) Ondasun higiezinak egin eta erostea, lurrak erostea izan ezik.

b) Makina berriak eta tresnak erostea, informatikako programak barne.

c) Orotariko gastuak, adibidez arkitekto, ingeniari eta kontsultoreen lansariak, bideragarritasun azterlanak eta patenteak eta lizentziak erostekoak, a) eta b) letretan aipatzen den gastuari erantsiko zaizkio, gastu horren % 12 goiko muga dela.

4. Dirulaguntzaren xede diren inbertsioak Nafarroan egin beharko dira.

5. Inbertsioen bideragarritasuna eta errentagarritasuna azterlan ekonomiko baten bidez frogatu beharko dira.

6. Inbertsio hauek laguntzetatik kanpo gelditzen dira:

a) Produktu izoztu edo ultraizoztuak hotz gordetzeko biltegietarakoak, salbu eta eraldaketarako instalazioek normaltasunez jarduteko beharrezkoak badira.

b) Normaltasunez merkaturatzerik ez daukaten produktuerakoak, behar den moduan frogatu ezik. Kudeaketa organoak baloratuko du normalatasunez merkaturatzen ahal diren, eskatzaileek aurkezten dituzten agirien arabera. Horietan merkatu-azterlanak, estatistikak, salmentetarako planak, enpresaren merkataritzarako plana, banaketarako baliabideak eta abar bildu beharko dituzte. Argibide horiek egiaztatu eta alderatuko dira ekoizpen eta kontsumoaren agiri estatistiko ofizialekin, egokitasunez baloratzearren.

Merkaturako irtenbide normalak, betiere, ebaluatuko dira produktuak, inbertsio ehunekoa eta oraingo eta geroko gaitasuna kontuan hartuz. Ekoizpenaren edozein murrizketa edo Europako Batasunaren sustenguaren gutxitzea aintzakotzat hartuko da, Europako Batasun osoko merkaturako erakundeen ondoriozkoak badira.

Europako Batasuneko merkaturako erakunde batek ekoizpenaren murrizketak edo Europako Batasunak nekazari, ustiategi edo eraldaketarako instalazioei emaniko sustenguaren gutxitzea aurreikusten baditu, murrizketa edo muga horiez gaindi ekoizpena handitzen ahal duten inbertsioetarako ez da laguntza bat ere emanen.

c) Txikizkako sektorean.

d) Garraio osagaiak, non eta ez dauden ezin bereizizko moduan loturik eraldatze prozesuekin.

e) Bakarrik aurreko batzuk ordeztekoak direnak.

f) Europako Batasuneko merkaturako erakundeen arabera, ekoizpenaren murrizketak edo Europako Batasunaren laguntzen gutxitzeak errespetatzen ez dituztenak.

g) Eskabideak aurkeztu aitzin hasiak.

7. Partikularzki, sektore eta jarduera hauetarako laguntzak baztertzen dira:

a) Behi esnearen eta esnekien sektorean, produktuak eraldaketara unitaterako ematen dituzten ekoizleek, ekoizpen araubide osagarriaren barruan, dituzten banakako erreferentziako kopuru guztiak gainditzen dituzten inbertsioak baztertuko dira, baita produktu hauekin loturik daudenak ere: gurin, gazur-hauts, esne-hauts, butteroil, laktosa, kaseina eta kaseinatoekin. Halaber, esnekietan esnea imitatu edo ordezten duten produktuetarako inbertsioak ere baztertuko dira.

Edateko esnerako edo behi-gaztarako inbertsioak ere baztertuko dira, enpresen gaitasuna handitzen badute, salbu eta enpresa berean edo beste enpresa batzuetan antzeko gaitasunari uko egiten badiote.

b) Barazki eta fruitu sektorean (senda-belar eta espezietan izan ezik), produktuak eraldatzeko gaitasuna handitzen duten inbertsioak baztertuko dira, produktu horietarako nabarmenki igartzen bada ez dagoela merkaturik, salbu eta produktuek eskariaren bilakaerarekin bat datorren berritasun handi samarra badute.

c) Ardo eta alkohol sektorean, mahaiko ardoen gaitasuna handitzen duten inbertsioak baztertuko dira, baita ardo-alkoholetarako gaitasuna handitzen dutenak ere.

d) Azukre eta isoglukosa sektorean, inbertsio guztiak baztertuko dira, baita produktu horiek ordezten ahal dituzten nekazaritzako produktuen edozein berezko eztitzailerekin loturikoak ere.

e) Hegazti sektorean, hegazti gehiago hiltzera behartzen duten inbertsioak baztertuko dira, salbu eta enpresa berean edo beste enpresa batzuetan neurri berean gutxitzen badira.

8. Karga finantzarioa bere gain hartzen duten pertsona fisiko edo juridikoak izanen dira laguntzen onuradunak, dirulaguntzaren xede diren inbertsio eta gastuen azkeneko arduradunak badira, bideragarritasun ekonomikoa frogaturik daukaten enpresetan, enpresa horiek ingurumenari eta abereen higieneari eta ongizateari buruzko gutxieneko arauak betetzen badituzte.

Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak beteak izan beharko dituzte.

9. Hauek dira ematen ahal diren laguntzak:

9.1. Eskuarki, laguntzek inbertsioaren %30 egiten ahalko dute, gehienez ere. Hala ere, ehuneko hori %35ekoa izaten ahalko da, onuradunak kooperatibetan, eraldaketarako nekazari elkarteetan edo elkartzeko beste edozein era juridikotan antolaturiko nekazari edo abeltzain taldeak badira, betiere erabakiak hartzen dituzten organoetan ordezkari gehienak nagusiki nekazariak direnak badira.

Erregelamendu honetarako, organo hauek dira erabakiak hartzen dituztenak: lehendakaria edo ordezkaritzako pertsona bakarreko organoa eta ohiko administrazio edo kudeaketako organo kolegiatua.

9.2. Halaber, nekazaritzako elikagaien enpresek edo enpresa batasunek hartzen ahal dituzten laguntzak hauen xede den inbertsioaren %35ekoak izanen dira, gehienez ere, betiere Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak artisautzat jo baditu enpresa edo batasun horiek.

9.3. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ezarriko du, Foru Agindu baten bidez, laguntza hauek emateko orotariko baremoa.

Laguntzak emateko Europako Batasuneko arautegiek ezartzen dituen mugak kontuan hartuko dira.

9.4. Laguntzak eskuratu ahal izateko, gutxieneko inbertsioek 150.000 eurokoak (24,96 milioi pezetakoak) izan beharko dute. Dena den, enpresa txiki eta ertainetarako, gutxieneko inbertsioa 36.000 eurokoa (5,9 milioi pezetakoa) izanen da, nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresa bat edo horien elkartea denean salbu, orduan 12.000 eurokoa (2 milioi pezetakoa) izanen baita.

Erregelamendu honetan enpresa txiki eta ertaintzat joko dira enpresa txiki eta ertainendako Estatuko laguntzei buruzko Europako Batasuneko zuzentarauetan Batzordeak zehazturiko ezaugarriak dituztenak, haien izaera juridikoa edozein delarik ere, betiere laguntzak ematerakoan zuzentarau horiek indarrean badaude.

10. Enpresek jasotzen dituzten laguntzak ez dira izanen kapital sozial eskrituratua eta desenboltsatua baino gehiagokoa. Betebehar hau ez da eskatuko enpresa onuradunak nekazari kooperatibak badira, Nafarroako Kooperatibei buruzko uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legeak arautuak.

11. Erregelamendu honetan aurreikusiriko laguntzen onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari bide ematea, inbertsioak gauzatu ondoko bost urteetan, eskatzen zaion adina ikuskatze, datu, eta irizpen gaiak egiteko, espedientea izapidatu eta aurkeztu proiektua benetan gauzatu dela eta hartutako konpromisoak bete direla egiaztatu ahal izateko.

b) Departamentu hari xede berarekin eskatu edo jaso diren bestelako dirulaguntzen berri ematea.

c) Kooperatibaren kontabilitate edo erregistro liburuetan, jasotako dirulaguntza erregistratzea.

d) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan frogatzea jasotako fondoak laguntza emateko arrazoi izan ziren helburuetarako erabili direla, jarritako epe eta moduan.

12. Aurreko idatz-zatiak aipatu duen bost urteko epe hartan agertzen bada desbideratze handiak izan direla kontu, balantze eta egoera finantzarioetan, hasierako aurreikuspenetatik, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak zilegi izanen du emandako laguntzen zenbatekoa ikuskatzea.

13. Negozioa ixteagatik enpresaren jarduera eteten bada, lana sei hilabete baino gehiagoan gelditzen, enpresa Nafarroatik lekutzen, krisi espedientea sortzen, lanpostu edo lanaldi erregulazioa egin edo enpresak pagu etena edo kiebra egiten badu, zilegi izanen da emandako laguntzak erabat edo hein batean murriztea, eta hala bide denean Nafarroako Ogasun Publikoari lehendik jasotako diru guztia itzularaztea gehienez hilabeteko epean, betiere egoera horiek laguntzak emateko ebazpena eman ondorengo bost urteetan gertatzen badira. Nolanahi ere, enpresa beharturik dago Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari aipatu gorabehera horiek guztiak idatziz adieraztera, gertatzen diren orduko.

14. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Batzordeari jakinaraziko dizkio berariaz, Tratatuko 22. artikuluko 3. idatz-zatian xedaturikoaren arabera, 25 milioi eurotik goitiko gastu finantzagarriak dituzten inbertsioetarako laguntzak edo 12 milioi eurotik goitiko egitezko bolumena dutenak.

17. artikulua.

III. KAPITULUA. Ingurumenerako laguntzak

18. artikulua.

IV. KAPITULUA. Garaia baino lehen erretiratzeko edo nekazaritza uzteko laguntzak

19. artikulua.

V. KAPITULUA. Ekoizle batasunendako laguntzak

20. artikulua.

VI. KAPITULUA. Nekazaritzako produktuek edo ekoizpen baliabideek sufrituriko kalteak ordaintzeko laguntzak

1. saila. Berezko hondamenek edo ohiz kanpoko bestelako gertaerek eginiko kalteen konponketa

21. artikulua.

2. saila. Abereen gaixotasunen aurkako borroka

22. artikulua.

3. saila. Landareen gaixotasunen aurkako borroka

23. artikulua.

VII. KAPITULUA. Lurzatiak berrantolatzeko laguntzak

24. artikulua. Oinarrizko ustiatze azalerak osatzeko lurrak erosteko laguntzak.

1. Xedea.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak laguntzen bidez erraztasunak emanen ditu laborantzako lurrak erosi eta lur horiek oinarrizko ustiatze azalerak bihurtzeko, baldin eta bihurtze hori lurzatien berrantolamenduko finketan egiten bada, bai jabetzan, bai errentamenduan, eskualdeko nekazaritzako oinegituretan jarduteko Foru Dekretuan ezarririko oinarrizko ustiatze azalerako gutxieneko tamaina iritsi edo gainditzearren. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ez ditu laguntza horiek emanen normaltasunez merkaturatzerik ez daukaten produktuen ekoizpena handitzen ahal dutenean.

2. Onuradunak.

Lurzati berrantolamenduko aldeetan honakoak izan daitezke laguntzen onuradun:

a) Ustiategien titularrak, haien lurrak lurzati berrantolamenduko aldearen barruan badaude, eta jabetzan edo errentamenduan eskualdatzean eskualde horretarako ezartzen den oinarrizko ustiatze azalerako gutxieneko tamaina iritsi edo gainditzen dutenean.

b) Kooperatibak, eraldaketarako nekazari elkarteak edo bestelako batasunak, haien xedea lurrak batera ustiatzea izanez gero, batasun horrek dihardueneko eremuak, lurrak erosiz gero, gutxieneko tamaina iristen badu eta eskualderako ezarririko banakako oinarrizko ustiatze azalerako gehieneko tamaina gainditzen ez badu, nagusiki nekazaritzan eta zuzenean haren kudeatzen diharduten bazkideen kopuruarekin biderkaturik.

c) Saltzaileak, haien lurrak lurzati berrantolamenduko aldearen barruan egonez gero, baldin eta lur horiek egiazki ahalbidetzen badiete erosleei oinarrizko ustiatze azalerak osatzea, betiere ustiategien gutxieneko eta gehieneko tamainen artean.

Lehenagotik zegoen ustiategia berrantolamenduko aldearen barruan badago eta oinarrizko ustiatze azalera osatzeko ezarririko ezaugarriak baditu, alegia, nekazaritzako oinegituretan jarduteko Foru Dekretuan zehazten direnak, ustiategi osoa eskualdatuko da eta osoa ez bada, saltzailearen esku gelditzen diren lurren eremuak Foru Dekretu hartan ezarririko oinarrizko ustiatze azalerako gutxieneko tamaina iritsi edo gainditu beharko du.

Betiere, ustiategiak bideragarritasun azterlan bat eduki beharko du, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsi beharko duena. Gainera, onuradunak nahikoa gaitasuna izan beharko du nekazaritzan jarduteko eta, lan horretan, ingurumenari eta ongizatearen higieneari eta ongizateari buruzko gutxieneko arauak bete.

Halaber, ustiategiak Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egon beharko du.

3. Baztertzeko arrazoiak.

Oinarrizko ustiatze azalerak osatzeko laguntzak hartu dituzten saltzaileek ezin hartuko dute berriro laguntzarik nekazaritzako ustiategiaren eremua handitzen duten kontratuak izenpetzeagatik.

Ezkontideen edo lehen mailako ahaide edo ezkon-ahaideak direnen artean egiten diren sal-erosketak ere ezin izanen dira laguntza hauen xede.

4. Laguntzak.

Laguntza, eskualde bakoitzean, onuradunek egiazki oinarrizko ustiatze azalera salerosketaren bidez osatzeko eskuratzen dituzten lurren eremuaren arabera emanen dira eta gehienez ere eskualde horretako ustiategietarako ezarririko gehieneko tamainaren adinako eremua iristen duen ustiategi bat osatzeko.

a) Eskuarki:

-Salerosketako agirian azaltzen den prezioak ezarririko moduluaren bidez lortzen dena gainditzen badu, saltzaileek lurren balioaren ehuneko bost hartuko dute. Balio hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak eskualderako ezartzen dituen moduluen arabera zehaztuko du.

-Erosleek laguntzak lortzen ahalko dituzte artikulu honetan arautzen diren lurrak erosteko. Ulertuko da horretarako lurzati berrantolamenduaren onura publikoaren adierazpenean interes sozialekotzat joko dela espresuki.

b) Nekazaritza garatzeko Europako arauekin bat alde behartsutzat jotzen diren horietarako, laguntzaren gehieneko zenbatekoa inbertsioaren balioaren ehuneko berrogeita bostekoa izanen da. Beste aldeetan ehuneko hogeita hamabostekoa izanen da. Laguntza horiek ehuneko bost handitzen ahalko dira nekazari gazteak izanez gero, bere gain hastearekin batera edo hortik bost urteko epean hobekuntzetarako plan bat aurkezten badute eta laguntza hartzean lanean jarduteko aski den gaitasuna frogatzen. Lurren balioa zehazteko ezarririko moduluek mugatuko dute inbertsioaren balioa.

5. Betebeharrak eta eginbeharrak.

a) Oinarrizko ustiatze azalera bat osatzen duten ustiategien titularrek gutxienez ere bost urtez bertako ondasun higiezinak ustiatu eta mantendu beharko dituzte, Itunak indarra hartzen duenetik hasita. Horrenbestez, oinarrizko ustiatze azalera osatzen duten ondasun higiezinen jabetza edo jabetza soila ezin izanen da eskualdatu, ez eta azalera hori osatzeko izenpeturiko errentamenduko kontratuak deuseztatu, lehen esan bezala, hamabost urtez. Hala ere, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak baimena ematen ahalko du ustiategia beste nekazari bati osorik eskualdatzeko, arrazoi objektiboak tartean daudelarik, hala nola, adina, legez aitorturiko eskubideen erabilera eta Departamentuak askiesten dituen beste batzuk, oinarrizko ustiatze azalerak bere horretan badirau. Baimen hori interesatuak eskaturik emanen da. Hark bere gain hartuko ditu aurreko titularraren konpromisoak.

Eginbehar horiek betetzen direla bermatzeko, oinarrietan eta itunean idatziko dira eta jabetza tituluetan ere bai.

b) Oinarrizko ustiatze azalerak iristen duten zehazteko, ustiategia osatzen duten lur guztiak, baita jarduketaren xede ez diren aldeetakoak ere.

c) Dirulaguntza hauen xede den eremu osoak lurzati berrantolamendurako oinarrietan egon beharko du eta eskatzaileek eta interesatuek finkak arazorik gabe aurkitu eta haien titulartasuna edo eskuragarritasuna frogatzeko behar diren agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte.

Partikularzki:

-Errentamenduen kasuan, landa errentamenduen erregistro bereziko ziurtagiriaren bidez. Errentamendu justifikatuek balioko dute osatzen den ustiategi berriaren tamaina zehazteko eta tamaina hori laguntzak eskuratzeko mugen barruan ote dagoen begiratzeko. Errentamendu horien gastuak ez dira behin ere dirulaguntzen xede izanen, laguntza araubide honen babesean.

-Finkak erosteko espedienteetan frogatu beharko da erosketa hori artikulu honetako 6.b) idatz-zatian laguntza eskatzeko ezarririko epearen barruan egin dela. Hori epe horretan emaniko agiri publiko bat aurkeztuz frogatuko da edo epe horretan emaniko agiri pribatu baten bidez eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga kitatu ondoren, edo zuzenbidean onartzen den beste edozein agiriren bidez.

c) Onuradunek frogatu beharko dute osatzen duten ustiategi berria bideragarria dela. Horretarako, bideragarritasun azterlan bat aurkeztu beharko dute, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsi beharko duena. Bideragarritzat jotzen diren betebeharrak Erregelamendu honetan ustiategietarako aipatzen diren inbertsioetarako beste laguntzetarako eskatzen direnak dira eta Nafarroako Nekazaritza Garatzeko Programaren barruan aipatzen diren laguntzetan eskatzen direnekin bat datoz (apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretua).

d) Ekoizpena normaltasunez merkaturatzen ahal dela bermatzeko, onuradunek lurrak adierazten dituen orrialde bat aurkeztu beharko dute eta horrekin batera hitz emanen dutela erosiriko lurrak ez direla erabiliko ekoizpena murrizteko Europako Batasuneko araubideen barruan esleituriko banakako kopurua gainditzen duten laborantza edo lur motetarako.

e) Nekazaritzarako aski den gaitasuna frogatu beharko da, nekazaritzako ustiategietan inbertitu eta nekazari gazteak bere gain hasteko laguntzak ematen dituen apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretuko 1. artikulutik 10. artikulura bitarte ezarri baldintzetan, edo bestela frogatuz bost urtez nekazaritzan jardun dela edo nekazaritzarako gaitzeko ikastaro edo mintegiak egin direla, urtero 25 ikastordu dirautenak, bost urte haiek osatu arte. Onuraduna pertsona juridikoa izanez gero, gutxienez ere bazkideen ehuneko 50ek bete beharko dute betebehar hori, alegia, nekazaritzarako aski den gaitasuna.

6. Prozedura.

a) Laguntza eskaerekin batera, lehenagoko ustiategia, erosketak eta errentamenduak ziurtatzen dituen agiriak aurkeztu beharko dira, oinarrizko ustiatze azalerak osatu direla frogatzen dutenak. Agiri horiek finken jabetza edo, hala bada, izenpeturiko errentamendu kontratuak frogatu beharko dituzte. Gainera hitz emanen da azalera hori gutxienez ere hamabost urtez ustiatu eta mantenduko dela eta onuradunen beste eginbeharrak espresuki onartuko direla. Gainera, ustiategia Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturik dagoela frogatzen duen ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

Interesatuaren eta salerosketan lurrak saltzen dituzten jabeen eskabideak espediente bakartzat joko dira.

b) Laguntza eskatzeko epea nekazaritzako oinegituretan jarduteko Foru Dekretua argitaratzen denean hasi eta oinarriek indarra hartzean bukatuko da. Hala ere, ureztaketa lur bihurtzen ari diren aldeetan epea lurzati berrantolamendurako Erabakia onesten duen Ebazpena eman arte luzatuko da.

7. Ez-betetzeak.

a) Oinarrizko ustiatze azalera duen ustiategi bati loturiko ondasun higiezinak osatzen denetik hamabost urte pasa baino lehen eskualdatzeak, artikulu honetako 5. idatz-zatiko a) letran aipatzen den salbuespena izan ezik, ez du zuzenbidean balio bat ere izanen.

b) Errentamenduko kontratuak hamabost urte baino lehen deuseztatuz gero, onuradunek itzuli egin beharko dituzte harturiko laguntzak, diruaren legezko korritua gehiturik, haren ondorioz ustiategiak oinarrizko ustiatze azalera iristen ez badu.

c) Laguntzak hartzen dituen batasun, kooperatiba, eraldaketarako nekazaritza sozietate edo elkartea, haiek ematen direnetik hamabost urte baino lehen iraungitzen bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari itzuli beharko dizkio artikulu honen babesean harturiko laguntza edo onurak eta saltzaileei emaniko laguntzak Foru Komunitateko Administrazioari ordaindu, diruaren legezko korrituak gehiturik.

VIII. KAPITULUA. Kalitateko nekazaritzako produktuak ekoitzi eta merkaturatzeko laguntzak

25. artikulua.

IX. KAPITULUA. Nekazaritza sektorerako laguntza teknikoa

26. artikulua.

27. artikulua.

28. artikulua.

X. KAPITULUA. Abeltzaintza sektorerako laguntzak

29. artikulua.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa