Castellano | Euskara | Français | English
FORU AGINDUA, 2001eko uztailaren 11koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Asociación de Criadores de Raza Equina Jaca Navarra (JACANA) "Nafarroako zaldikoa" behor arrazaren liburu genealogikoaren kudeatzailea dela aitortu eta liburu genealogiko horri buruzko berariazko arautegia onesten duena
(2001eko 105. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 29an)
Atarikoa
Herri baten gizarte, kultura eta ingurumenaren arloetako egiteko eta ezaugarriek abere arrazak sorrarazten dituzte, behar horietara eta ingurumenera egokitzen direnak. "Nafarroako zaldikoa" behor arraza hemengoa da, auzoko eta mugaz gaindiko aldeetan entzute handikoa zuena, lanerako aberea baitzen, baina gaur egun gizartearen aldaketengatik eta haragitako arrazekin lehian aritzerik ez edukitzeagatik, iraungitzeko arrisku larrian dago.
Europako Batasunak eta nazioarteko beste erakunde batzuek, FAOk hala nola, gobernuei eskatu diete iraungitzeko arriskuan dauden arrazen babesa, balorazioa eta iraupena bultzatzeko. Horretaz jabeturik, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak orain arte ekintza batzuk egin ditu "Nafarroako zaldikoa" izeneko behor arraza lehenagoratu, zaindu eta sustatzeko.
Ikusirik Abeltzaintza Zerbitzuaren txostena eta kontuan harturik apirilaren 21eko 391/1992 Errege Dekretua, liburu genealogikoez arduratu edo horiek sortzen dituzten arraza hezitzaileen erakunde edo batasunen aitormen ofiziala arautzen duena, bidezkotzat jotzen da "Nafarroako zaldikoa" izeneko behor arrazaren ezaugarriak argitaratzea eta haren liburu genealogikoa sortzea. Halaber, Asociación de Criadores de Raza Equina Jaca Navarra (JACANA) delakoari aitormena ematen zaio liburu genealogiko hori kudeatzen arduratzeko.
Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.
Agindu dut:
1. artikulua
G/31651581 IFZ duen Asociación de Criadores de Raza Equina Jaca Navarra (JACANA) "Nafarroako zaldikoa" behor arrazaren liburu genealogikoaz arduratu eta hori kudeatzeko gaituriko entitatea dela aitortzea.
2. artikulua
Asociación de Criadores de Raza Equina Jaca Navarra (JACANA) delakoak Foru Agindu honen eranskinean agertzen den berariazko arautegiarekin bat eginen du jarduketa hori.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
ERANSKINA. "Nafarroako zaldikoa" behor arrazaren prototipoa
Aintzinsolasa
Prototipo honek "Nafarroako zaldikoa" behor arraza morfologigoki definitzen dituen ezaugarriak bildu nahi ditu. Arraza horretako gaur egungo populazioak morfologia zehatza badu ere, lehenagoratze eta zaintze programa bat abiatu beharra dago, mehatxupean bizi baita, gehiago ekoizten duten kanpoko arrazen eraginaren ondorioz.
1.-Arraza prototipoa.
"Nafarroako zaldikoa" behor mota bat da, mendialderako ohitua. Zarpail, sendo eta indartsua da, urte asko bizi dena, bizi eta bizkorra. Behor arraza honek elipometriarako joera du, erdilerro eta soslai zuzen-ahurrekoa da.
Orotariko itxura
Abere honen itxura bizkor, harmoniatsu eta orekatua da, txiki samarra, zaldikotzat hartua. Garaiera orekatua du, luzerako egokia, 1,22tik 1,36ra bitartekoa baita. Sabel garatua du sobera bildua izan gabe. Nahiko berandu garatzen da, heldutasuna hiruzpalau urte dituela izaten du.
Larrua, ilea eta muki-mintzak
Larrua mehe eta fina du. Hartatik zehar zain sistema periferikoa igartzen da, buruan, enborrean eta gorputz-adarretan.
Ohiko geruza gaztain kolorekoa du, gehienetan iluna. Alerik gehienek ez dute zuri kolorerik (izar, kordoi eta hanketan) aurpegian eta hanketan.
Mingaina eta barruko muki-mintzak arrosa kolorekoak dira.
Burua eta lepoa
Buru handi samarra, baina adierazgarria, soslai zuzen edo ahurrekoa. Belarri txikiak, adierazgarritasun handiko begi biziak, aurpegiko giharreak oso markatuak, masetero indartsuak, apofisi zigomatiko sakonak, sudurzulo oso zabalak, goiko ezpaina gogorra eta bihurgune nabarmenekoa, ale batzuek bibote bitxi bat dutela, beheko ezpaina pixka bat eroria belar motzean etengabe bazkatzeagatik. Kopeta zabala eta masailezurreko nabarmenak, baina ez oso lodiak.
Abere gehienen hortzek pigmentazio azkarra dute, bai luzeran, bai higatze azaleran. Kasu gehienetan zeharkako plano anormal bat dago goiko ebakortzen aurreko ertzen gainean, lurra eten gabe igurzteagatik landareak motz-motzak diren tokietan bazkatzean.
Luzera ertaineko lepoa, piramide formakoa, iletsua izan ohi deneko zurdekin osatua.
Paparra, bizkarra eta toraxa
Papar gihartsua, bizkarra enborrari indarrez lotua. Torax sakona eta saihets-hezurrak ongi osatuak, upela diruditenak.
Bizkar-gurutzea, gibelaldea eta bizkarraldea
Gurutzea ez da oso nabarmena eta lepoari ongi lotua. Gibelalde zuzena, sabela bildu samarra. Bizkarraldeak joera du zabala izateko.
Zerra eta buztana
Ongi elikaturiko abereengan polita da, borobildua, goiko aldean sobera sakondu gabe. Haren giharreak goitik behera luzatzen dira. Arin ibiltzeko balio handia du.
Buztana ongi kokatua eta joria.
Organo genitalak eta errapea
Barrabilak normalean garatuak, ongi jaitsiak eta osaera anatomiko zuzenekoak.
Emeengan, errape ongi osatuak, ongi kokatuak, ugatz ongi garatuak eta kokatuak. Ilunak eta kalparrik gabe.
Gorputzaren garapena
Tamainak ertain eta orekatua izateko joera izan behar du. Hautatuagoak diren beste arraza batzuen aldean berantago garatzen da.
Izterrak, ipurmasailak, gorputz-adarrak eta bertikaltasuna
Izterrak eta ipurmasailak garatuak eta ongi jaitsiak.
Gorputz-adarrak finak, artikulazio orekatukoak. Kuartilla laburra da. Indartsu eta sendoak, goiko erradioak luze xamarrak. Apatx txikia, baina oso gogor eta trinkoa.
Bertikaltasuna ia erabatekoa, baina kasu batzuetan belaunburuz nahiko itxiak dira.
Ezaugarri kanporagarriak
Eskuarki, herentziako akats oro edo malformazio fisiko nabarmen oro baztergarria izanen da. Bereziki hauek:
-Goiko edo beheko prognatismoa.
-Larruan edo geruzan araukoa ez beste kolore bat izatea.
-Orotariko itxuran alterazio garrantzitsuak.
-Etenak, monorkordia edo kriptorkidia.
2.-Sailkapen morfologikoa.
Arraza prototipoaren eginbeharren arabera, puntuen bidez eta zaldiak ikusi ondoren baloratuko dira. Sailkapen Batzordeak kide hauek izanen ditu:
-Nafarroako Gobernuko Abeltzaintza Zerbitzuko albaitari bat.
-Elkargoak izendaturiko albaitari bat.
-Elkargoko abeltzain bat.
Baloratu beharreko ezaugarriak 0tik 10ra bitarte baloratuko dira, sailkapen eskala hau kontuan hartuz:
-Akatsik gabea: 10 puntu.
-Bikaina: 9 puntu.
-Oso ona: 8 puntu.
-Ona: 7 puntu.
-Onargarria: 6 puntu.
-Nahikoa: 5 puntu.
-Ez nahikoa: 5 puntutik beheiti.
Atal batean 5 puntu baino gutxiago lortzea kanporatzeko zioa izanen da gainerakoetan lorturiko puntuak kontuan hartu gabe.
Ondoko laukian aipatzen direnak izanen dira "Nafarroako zaldikoa" arrazako aleak baloratzeko edo kontuan hartzeko alderdiak. Parametro horietariko bakoitzak koefiziente bat du hainbanatzeko, ematen zaion hautatze interesaren arabera. Hori puntu hauen arabera aplikatuko da:
Puntuazio laukia:
|
ARRAK |
EMEAK |
Burua eta lepoa |
1 |
1 |
Paparra, bizkarra eta toraxa |
1,5 |
1,5 |
Bizkar-gurutzea, gibelaldea eta bizkarraldea |
1 |
1 |
Zerra eta buztana |
1,5 |
2 |
Izterrak eta ipurmasailak |
1,5 |
1 |
Gorputz-adarrak eta bertikaltasuna |
1 |
1 |
Organo genitalak |
0,5 |
0,5 |
Larrua eta ilea |
0,5 |
0,5 |
Gorputzaren garapena |
1 |
1 |
Orotariko itxura |
0,5 |
0,5 |
Guztira |
10 |
10 |
Parametro bakoitzari emaniko puntuak, hainbanatzeko kasuan kasuko koefizientearekin biderkatuak eta guztira batuak azkeneko puntuazioa izanen dira. Horren arabera, zaldiak ondoren aipatzen diren motetan sailkatzen dira:
Akats gabea: 100.
Oso ona: 81etik 99,99ra bitarte.
Ona: 70etik 80,99ra bitarte.
Onargarria: 65etik 69,99ra bitarte.
Ez nahikoa: 65 baino gutxiago.
Sailkapen morfologikoan 70 puntu baino gutxiago dituzten arrak ez dira gai izanen eta 65 puntu baino gutxiago dituzten emeak ere ez.
3.-Liburu genealogikoan inskribaturiko abereen identifikazioa.
Nahitaez, animaliak lepoko goiko herenean, ezkerreko aldean, zurden azpian (garondoko lotailuan) mikrotxipak gihar artean sakonki sartuz identifikatu beharko dira.
Mikrotxip horiek kode bat dute, animalia guztiak banan-banan eta bizitza osorako identifikatuko dituztenak. Halaber, kode horiek datu base batean sartuko dira. Horretatik abere bakoitzaren genealogia, jabe, ekoizpen, indize morfologiko eta abarri buruz datu guztiak lortzen ahalko dira.
4.-Liburu genealogikoaren antolamendua.
Abereak liburu genealogikoetan jatorriagatik edo hasiera batez sartzen ahalko dira. Azken hau fundazioko erregistroan sartzen ahal diren abereendako da.
Jatorriagatik sartzen diren abereei dagokienez, hasiera batez edo jatorriagatik erregistraturiko "Nafarroako zaldikoa" arrazako behorrengandik jaiotakoak sar daitezke, izaera bereko "Nafarroako zaldikoa" arrazako hazitakoek estaliak badira, estaltzea eta jaiotzea adieraziz gero.
Fundazioko erregistroa
Ar eta eme guztiak agertzen ahalko dira, bi urtetik aurrera, arraza prototipoaren betebeharrak betetzen badituzte.
Erregistro honetako inskripzioa, emeen eta arren kasuan, 2001eko urriaren 31 arte onartzen ahalko da.
Jaiotzen erregistroa
Fundazioko edo behin betiko erregistroan erregistratzen diren animalien ondorengoak diren bi sexuetako kumeak sartuko dira, baldin eta betebehar hauek betetzen badituzte:
-Arrazaren berezko ezaugarriak betetzea.
-Akatsik edo okerrik ez izatea.
-Emeen ernaltze kontrolak behar adina berme izatea.
-Moxala erregistro honetan inskribatzeko eskaera titia kendu baino lehen aurkeztea.
Behin betiko erregistroa
Erregistro honetan jaiotzen erregistrotik datozen abereak inskribatzen ahalko dira. Emeak eta arrak hiru urte betetzean inskribatuko dira, baina sailkapen morfologikoan 65 eta 70 puntuak gainditu beharko dituzte, hurrenez hurren.
Emankortasun edo ugalkortasun gutxi edo ama izateko nolakotasun urria herentziakoak direnean ugaltzaile guztiak, ar zein eme, eta haien ondorengoak kenduko dira erregistrotik.