Castellano | Euskara | Français | English
FORU AGINDUA, 2000ko ekainaren 19koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana. "Nafarroako Aratxea" delako Adierazpen Geografiko Babestuaren Erregelamendua onesten du, zeina aldi baterakoa izanen baita, Europako Komunitatearen 2081/92 (EEE) Erregelamenduko 5.5. artikuluak agindu bezala
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2000ko 108. NAOn argitaratu zen, irailaren 6an. Aldaketak: 2001eko irailaren 10eko Foru Agindua; 2002ko uztailaren 29ko Foru Agindua)
Atarikoa
Nafarroako Aratxeari buruzko lan taldeak Komunitateko Jatorrizko Deituren eta Adierazpen Geografiko Babestuen Erregistroan "Ternera de Navarra edo Nafarroako Aratxea" delakoa inskribatzea eskatu du, eta baita haren babes nazionala ere, iragaitza-aldirako.
Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuak txostena eman du, zeinak aditzera ematen baitu espedienteak Kontseiluaren uztailaren 14ko 208/92 (EEE) Erregelamenduak agintzen dituen pauso guztiak bete dituela (nekazaritzako produktuen eta elikagaien adierazpen eta jatorrizko deiturak babestu beharrari buruzkoa) eta bai urriaren 22ko 1643/1999 Errege Dekretuak agintzen dituenak ere (arautzen du zer prozeduraren bidez tramitatuko diren Europako Elkartearen Jatorrizko Deitura Babestuen eta Adierazpen Geografiko Babestuen Europako Erregistroan inskribatzeko eskaerak). Dagoeneko jakinarazi du Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eskaera Europako Batzordera bidali duela; bidezko da, beraz, Adierazpen Geografiko Babestuari Europako Komunitatearen 2081/92 erregelamenduko 5.5. artikuluak agintzen duen babes nazional aldi baterakoa ematea.
Horiek horrela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 b) artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:
Artikulu Bakarra
2081/92 (EEE) Erregelamenduko 5.5. artikuluak agindu bezala, aldi baterako "Ternera de Navarra edo Nafarroako aratxea" delakoaren erregelamendua onestea; Foru Agindu honen eranskinean dago jasoa.
Azken Xedapenetako Lehena
Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuari ahalmena ematen zaio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Kalitate Deituren Azpizuzendaritza Orokorrera Foru Agindu hau bidaltzeko, honen berri izan eta berrets dezan.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Agindu hau, halaber, Nafarroako Aratxeari buruzko lan taldeari igorriko zaio.
Azken Xedapenetako Hirugarrena
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
ERANSKINA. "Ternera de Navarra edo Nafarroako Aratxea" delako adierazpen geografiko babestuaren eta haren kontseilu arau-emailearen erregelamendua
I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak
1. artikulua. Babesaren lege oinarria.
Abenduaren 2ko 25/1970 Legea; bere Erregelamendua, martxoaren 23ko 835/1972 Dekretuak onetsia; urriaren 9ko 1297/1987 Errege Dekretua eta uztailaren 8ko 728/1988 Errege Dekretua, nekazaritzako produktuen jatorrizko izen berariazko eta orokorrek (ardoaren arlokoak salbu) bete behar dituzten arauak ezartzen dituena; Kontseiluaren 2081/92 (EEE) Erregelamendua, 1992ko uztailaren 14koa, nekazaritzako eta elikadurarako produktuen deitura geografikoen eta jatorrizko izenen babesari buruzkoa; Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren 1994ko urtarrilaren 25eko Agindua, nekazaritzako produktuen Jatorrizko Deituren eta Jatorrizko Adierazpen Geografiko Babestuen arloko Espainiako legeriaren eta 2081/92 (CEE) Erregelamenduaren elkargarritasuna zehazten duena. Eta horiek kontuan hartuz "Ternera de Navarra edo Nafarroako Aratxea" Adierazpen Geografiko Babestuaren izenpean gerizaturik geratzen da piriniar, Akitaniako Blondea, alpetar nabar eta charolais arrazetako behi aziendaren haragia eta baita horien arteko gurutzaketen ondoriozko aziendarena ere, baldin eta Erregelamendu honetan zehazten diren ezaugarriak badituzte eta Erregelamendu honetan eta gainerako legerian ezartzen diren ekoizpen eta elaborazio beharkizunak betetzen badituzte.
2. artikulua. Babesaren eremua
1. Ematen den "Ternera de Navarra edo Nafarroako Aratxea" Jatorrizko Adierazpen Geografiko Babestuak bai gaztelaniazko bai euskarazko izena hartzen ditu.
2. Galarazia dago Erregelamendu honetan arautzen direnez gainerako behi haragien kasuan erabiltzea izen horren antz fonetikoa edo grafikoa dela-eta nahasgarriak izan daitezkeen izen, marka, termino, esapide edo zeinuak, baita aurretik edo atzetik ezartzen bazaizkie ere honako hitz edo esapide hauek edo antzekoak: "antzekoa" "tankerakoa" "zaporekoa" "-n jaioa" "-n hazia" "-n hila", "-han zatitua", "-n ontziratua".
3. artikulua. Organo eskudunak.
1. "Ternera de Navarra edo Nafarroako Aratxea" Jatorrizko Adierazpen Geografiko Babestuaren defentsa, bere Erregelamenduaren aplikazioa, erregelamendu hori nola betetzen den begiratzea, hala nola produktu babestuaren sustapena eta kalitate kontrola honako erakunde hauen esku izanen dira: Jatorrizko Adierazpen Geografiko Babestuaren Kontseilu Arau-emailea, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa, bakoitzak bere eskumenen esparruan.
2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsiko du Kontseilu Arau-emaileak prestatutako Kalitate eta Prozeduraren Eskuliburua, produktuen ziurtapena egiten duten ziurtapen erakundeei buruzko irizpide orokorrak zehazten dituen EN-450011 Araua aplikatuz, eta eskuliburu hori Jatorrizko Adierazpen Geografiko Babestura bildutako guztiei emanen zaie.
3. Kontseilu Arau-emaileak hartzen dituen erabakiak Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsi beharko ditu, baldin eta inskribatuen eskubide eta betebeharretan eragina badute.
II. KAPITULUA. Ekoizpena
4. artikulua. Ekoizpen eremua
1. Jatorrizko Adierazpen Geografiko Babestuak bere geriza emanen dion haragitarako ekoizpen, hazte eta gizentze eskualdea honako hau da:
I. eskualdea: ipar-mendebaldea, osorik.
II. eskualdea: Pirinioak, osorik.
III. eskualdea: Iruñerria, osorik.
IV. eskualdea: lerria, osorik.
V. eskualdea: Nafarroako Erdialdea, osorik.
VI. eskualdea: Goi Erribera, osorik.
VII. eskualdea: Erribera beherea. Honako udalerri, hauek bakarrik: Valtierra, Arguedas, Castejón, Corella, Fitero, Cintruénigo, Tutera, Murchante, Cascante, Tulebras, Monteagudo, Barillas, Ablitas, Fontellas, Cabanillas, Ribaforada, Fustiñana, Buñuel eta Cortes.
2. Aurreko idatz-zatiak aipatzen dituen eskualdeak eta horietako udalak zein diren zehaztua dago Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1998ko martxoaren 2an emandako Foru Aginduan, Nafarroako nekazaritza-eskualdeen banaketa aditzera ematen duenean.
5. artikulua. Arraza egokiak.
Arraza piriniarra, Akitaniako Blondea-a, alpetar nabarra, charolais-a eta horien arteko gurutzaketak dira soil-soilik egokiak Jatorrizko Adierazpen Geografiko Babestuak gerizatutako haragia hornitzeko.
6. artikulua. Aziendaren bazka.
1. Jatorrizko Adierazpen Geografiko Babestuaren gerizpean egon nahi bada, haragitarako aziendaren bazka Nafarroako bazkatze arau ohikoetara egokituko da, Nafarroako haragi ekoizpenaren berezitasunetara alegia, Foru Komunitate honetako faktore geografiko eta soziologikoei lotuak baitira.
2. Aratxeak jaio eta gutxienez lehenbiziko lau hilabeteetan hartu beharko du titia. Titia ematen ari direnean, behi hazleei bazkaz gain, labore eta lekalez egindako bazka emendiozkoa ematen ahal zaie, eta baita Kontseilu Arau- emaileak baimendutako eta Kalitate Eskuliburuan zehaztutako janari kontzentratuak ere.
3. Gizentzeko prozesuan, bazka tradizionala izanen da, eta galarazia dago giza kontsumorako arriskutsua den edo haragiaren kalitatea hondatzen duen beste edozein substantzia erabiltzea.
4. Kontseilu Arau-emaileak Kalitate Eskuliburuan behitegiak gobernatzeari buruzko neurri osagarriak ematen ahal ditu, eta baita bazkaren eta pentsuen ezaugarri eta kalitateei buruzkoak ere.
5. Betiere, arlo honetako legeek diotena beteko da.
7. artikulua. Aziendaren higienea, ongizatea eta identifikazioa.
1. Jatorrizko Adierazpen Geografiko Babestura bildutako behitegiek nahitaez egin beharko dituzte saneamendu kanpaina ofizialak, eta beste edozein neurri profilaktiko ofizial bete beharko dute. Halaber, egin beharko dute behi hazleen desparasitazioa udaberrian eta udazkenean, eta aratxeena gizendegian sartzean.
2. Behitegiek nahitaez aurkeztu beharko dute aziendari eman zaizkion botiken zerrenda, egindako tratamendu terapeutiko eta prebentziozkoak kontrolatu ahal izateko.
3. Behitegiek argi, tenperatura, hezetasun, aireztapen, eguraste eta gainerako giro gorabeheren aldetik, esate baterako gasen kontzentrazio eta soinu intentsitatearen aldetik, aziendaren gobernu egokiak erakutsitakoa bete behar dute. Aziendak bere premia fisiologiko eta etologikoak asetzeko, behar adinako erosotasuna izan behar du mugimendu aldetik, bai ukuilu-sistema libreetan bai katekoetan, eta garbitasun aldetik lekuak txukun edukiko dira.
4. Jatorrizko Adierazpen Geografiko Babestuaren erregistroetan inskribatutako edozein behitegitako buru guztiek bat-banaka identifikatuak izan behar dute.
5. Identifikazioa legeetan arrak eta emeak identifikatzeko baimendutako belarritakoaren bidez eginen da. Kontrola egiten denean, akta bat eginen da, eta bertan jasoko dira behitegiari buruzko datuak, azienda-buru bakoitzari buruzkoak (belarritako zenbakia, arraza, adina eta sexua), kontrolaren eguna eta jasotako laginen aipamena. Informazio hori guztia Kontseilu Arau-emaileari igorriko zaio, eta datu horiek datu-base informatizatuan jasoko dira.
Arraza piriniarreko aziendaren kasuan, identifikazioak, lehengoez gain, marka eta Liburu Genealogikoko identifikazio zenbakia jasoko du.
6. Identifikazioa galdu edo hondatzen bada, Kontseilu Arau-emaileari horren berri emanen zaio, eta gorabehera hori konponduko da.
7. Artikulu honetako 5. puntuan ezartzen den gisara identifikaturik ageri ez diren animalien haragiak ezin du Jatorrizko Adierazpen Geografiko Babestuaren geriza izan.
8. artikulua. Azienda motak.
Azienda hil aurretik nola bazkatu den eta haren adina kontuan hartuz honako mota hauek bereizten dira:
Zekorra: 5. artikuluan definitutako arrazetako animalia arra, Erregelamendu honetako 4. artikuluan jasotako ekoizpen eremuan jaioa eta Kontseilu Arau-emaileak erabakitako arauen arabera bazkatu eta hazia. 9 eta 13 hilabeteko tartean hiltzen da.
Bigantxa: 5. artikuluan definitutako arrazetako animalia emea, Erregelamendu honetako 5. artikuluan jasotako ekoizpen eremuan jaioa eta Kontseilu Arau-emaileak erabakitako arauen arabera bazkatu eta hazia. 8 eta 12 hilabeteko tartean hiltzen da.
III. KAPITULUA. Elaborazioaz
9. artikulua. Elaborazio eremua
Haragi babestuen elaborazio eremua bat dator Erregelamendu honetako aziendaren ekoizpeneko eta gizentzekoarekin.
10. artikulua. Azienda nola garraiatu.
1. Azienda hiltegiraino eramatean, haren etorkia eta osasun egoera bermatzen duten agiri ofizialak eraman behar dira. Kontseilu Arau-emaileak Kalitate Eskuliburuan ezarriko ditu hiltegirainoko garraioaren iraupen, baldintza eta distantziei buruzko arau zehatzak. Azienda hil bitartean hiltegian edukitzeko modua aziendaren araberakoa izanen da. Azienda-buru bakoitza banaka edukitzeko instalazioak izatea gomendatzen da.
2. Bereziki zaindu behar den kontua aziendari estresik ez sortzea da, kaltegarria baita haragiaren kalitaterako.
3. Debekatua da lasaigarriak erabiltzea.
11. artikulua. Hiltzeko adina.
Zekorrak 9 eta 13 hilabeteko tartean hilko dira, eta bigantxak, berriz, 8tik 12 hilabeteko tartean.
12. artikulua. Azienda nola hil behar den.
1. Jatorrizko Adierazpen Geografiko Babestuko erregistroan inskribatutako hiltegien ukuiluetan, hil aurreko atsedenaldian, erabat bereizita egonen da inskribatutako azienda eta inskribatu gabea.
2. Azienda-sail inskribatuetako animaliek Erregelamendu honen 7. artikuluak aipatzen duen identifikazio belarritakoa berekin izan behar dute hiltegira eramaten direnean, bestela Jatorrizko Adierazpen Geografiko Babestuak ezin die bere gerizpea eman.
3. Animalien hilketa eta haragien maneatzea ezin da egin inskribatu gabeko beste aziendarekin batera, eta mota berdineko taldeak egin behar dira, 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.
4. Azienda hiltzean, zatitzean eta haragi freskoa erabiltzean, kontuan hartuko da urtarrilaren 29ko 147/1993 Errege Dekretuko I. eranskineko VII. artikuluan eta gainerako lege aplikagarrietan ezarritakoa.
5. Hilketa, antolaketa premien arabera, hiltegi desberdinen artean koordinaturik egitera behartzen ahal da, eta baita bakoitzean gutxienez hainbat buru hiltzera ere.
6. Kanala zein azienda-bururi dagokion argi egonen da denbora guztian.
7. Jatorrizko Adierazpen Geografiko Babestuak gerizatu behar dituen kanalak ezin dira izoztu.
13. artikulua. Kanalen identifikazioa.
Kontseilu Arau-emaileak sistema bat ezarriko du babespeko kanalak eta zatiak markatzeko eta identifikatzeko, Kalitate Eskuliburuan zehaztutakoaren arabera, lanketan eta merkaturatutakoan edozein unetan identifikatu ahal izateko.
Kanal hauek bakarrik markatuko dira: Erregelamendu honetan jasotako beharkizunak eta Kalitate Eskuliburuan Kontseilu Arau-emaileak ezarritako arauak betetzeaz gain, Kontseilu Arau-emaileak ezartzen duen moduan Jatorrizko Adierazpen Geografiko Babestuak gerizatzeko egokitzat ematen dituenak.
Zigilaketa, betiere, Kontseilu Arau-emailearen behaketa-arduradunek eginen dute azienda hil den hiltegian.
14. artikulua. Biltegiratzeko tenperatura.
Freskotako haragiak hil ondoko ikuskapena egin eta berehala jarriko dira hotzetan eta etengabe edukiko dira 7 gradu zentigradoko edo beheragoko barne-tenperaturetan, bai kanalak eta bai zatiak.
15. artikulua. Ontzeko aldia.
Ontzeko aldia, gutxienez, azienda hiltzen denetik zazpi egunekoa izanen da, kontsumitzailearen irispidean jarri baino lehen.
16. artikulua. Zatikatzea.
1. Zatikatze geletan, Jatorrizko Adierazpen Geografiko Babestuak gerizatutako kanalen eta zatien atalkatzea ezin da egin babesik gabeko beste kanal eta zatiena egiten den aldi berean.
2. Biltegietan beste zati eta atalekin ez nahasteko moduan jasoko dira.
3. Kontseilu Arau-emaileak Kalitate Eskuliburuan haragien identifikazioa eta etorkia bermatzeko sistema ezarriko du.
IV. KAPITULUA. Haragiaren ezaugarriak
17. artikulua. Canalen sailkapena.
Europako arauetako S - E - U - R kategorietakoak bakarrik onartuko dira, honela baitaude definituta:
-S mota: profil oso-oso ganbileko guztiak, gihar garapen aparta eta gihar bikoitzak dituztenak (atze-dobleak).
-E mota: profil ganbil edo oso ganbileko guztiak, gihar garapen aparta dutenak.
-U mota: profil ganbilak oro har, gihar garapen handikoak.
-R mota: profil zuzenak oro har, gihar garapen onekoak.
18. artikulua. Gantz aldetik aziendak duen egoera.
Gantz aldetik egiten den sailkapenean Europako arautegiko 2. edo 3. motan egon behar du.
2. mota: geruzarik gabea; oso gantz gutxi gainean; giharra ia kanal osoan ikusten da. Gantz geruza mehea du aurrealdean eta saiheskietan. Bularraldeko barrunbearen barnealdean saiheski arteko giharra aise ikusten da.
3. mota, geruzaduna: geruza mehe bat du aurrealdean eta saiheskietan, giharra ezkutuan uzten dituena. Bizkarreko eta zangoko giharreak ez daude estaliak. Bularraldeko barrunbeen barnealdean saiheski arteko giharra ikusten da oraindik. Ez dago gantzik saiheskien artean, edo oso gutxi.
19. artikulua. Kolorea.
Haragiaren koloreak gorria izan behar du, eta behikiaren kalitate arauaren mugak bete behar ditu; alegia, honako balio hauen artekoa izan behar du: "2" edo larrosa, "3" edo gorri argia eta "4" edo gorria.
20. artikulua. pH.
pH-aren neurketa azienda hil eta 24 ordutara egin behar da eta ezin da izan 6 baino handiagoa.
21. artikulua. Haragiaren hondakinak.
Ternera de Navarra edo Nafarroako Aratxea" deiturapeko haragiak osasun aldetik kalitate bikainekoen beharkizun guztiak bete behar ditu. Kalitate hau definitzen duten parametroen barruan, jarraian zehazten diren hondakinik ez izateari garrantzi berezia emanen zaio, eta Jatorrizko Deitura Geografikoak kontrolatuko ditu: hormonak, klenbuterola, lasaigarriak, inhibitzaileak, metal astunak, tireostatikoak, eta bere osaeragatik giza kontsumorako arriskutsua den beste edozein produktu.
V. KAPITULUA. Erregistroak
22. artikulua. Kontseilu Arau-emailearen Erregistroak.
1. Kontseilu Arau-emaileak honako erregistro hauek izanen ditu:
a) Behitegien erregistroa
b) Nekazaritzako elaborazio eta merkaturatze kooperatiben erregistroa.
c) Hiltegien erregistroa
d) Zatikatze gelen erregistroa
e) Elaboratzaile-hornitzaileen erregistroa.
2. Inskripzio eskaerak Kontseilu Arau-emaileari eginen zaizkio, eta kasu bakoitzean xedapen eta arau indardunetan eskatzen diren datu, dokumentu eta ziurtagiriak erantsi behar zaizkie. Horretarako Kontseilu Arau-emaileak Kalitate Eskuliburuan ezarritako inprimakiak erabiliko dira edo hark ezartzen duen beste moduren bat.
3. Kontseilu Arau-emaileak, arrazoituz, ezezkoa emanen die Erregelamendu honetan ezartzen diren arauekin bat ez datozen eskaerei.
4. Prozesuaren fase bat baino gehiago egiten dituzten enpresek beren azienda-sailak eta instalazioak dagozkien erregistroetan izan behar dituzte.
5. Erregistroetan inskribatzea borondatezkoa da, bai eta baja eskatzea ere. Baja emanez gero, bi urteko epea baino lehen ezin da berriro inskribatu, non eta titulartasun aldaketa gertatzen ez den.
6. Inskripzioak beren erregistroetan indar har dezaten, nahitaezkoa da, Erregelamendu honek ezartzen dituen beharkizunak betetzea uneoro, eta Kontseilu Arau-emaileari adierazi beharko zaio, 15 eguneko epean, gertatzen den edozein aldaketa, inskripzioan emandako datuetan eragina baldin badu. Beraz, Kontseilu Arau-emaileak inskripzioak etenda uzten ahal ditu behin-behinekoz edo behin betikoz, haien titularrek arauak betetzen ez badituzte, prozeduraren instrukzioa administrazio prozedura arruntaren arauei jarraikiz egin ondoren.
7. Behin-behineko etenaldia -gehienez ere hiru hilabetekoa- ezarriz gero, prozedura irekitzeko probidentziarekin batera behin-behineko etenaldiaren arrazoiak emanen dira eta gehienez ere hiru hilabeteko eperako izanen da.
8. Kontseilu Arau-emaileak aldian-aldian ikuskapenak eginen ditu, artikulu honetan xedatzen denaren eraginkortasuna egiaztatzeko.
23. artikulua. Behitegien erregistroa.
1. Behitegien erregistroan sartuko dira, ekoizpen eskualdean kokatuak egoteaz eta Erregelamendu honetan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, Adierazpen Geografiko Babestuaren gerizpera bildu nahi dutenak.
2. Erregistro horretan inskribatuko dira, bereizirik, honako behitegi mota hauek:
A) Arraza piriniar, Akitaniako Blondea, alpetar nabar eta charolais-eko behitegiak eta arraza horien gurutzaketetatik sortutako azienda, behitegiaren arabera:
a) Beste behitegi batzuetan gizentzeko larreko zekorrak hazten dituztenak.
b) Ziklo itxiko behitegiak.
c) Ziklo itxiko behitegiak, horrez gain Adierazpen Geografiko Babestuko erregistroetan inskribatutako behitegietan eskuratutako zekorrak hazten dituztenak.
B) Adierazpen Geografiko Babestuko erregistroetan inskribatutako behitegietatik soil-soilik ekarritako zekorrak hazten dituztenak.
3. Inskripzioan Nafarroako Gobernuko Abeltzaintzako Erroldan erregistratutako behitegiaren titularraren izena edo sozietate izena agertuko da, eta horrez gain, behitegiaren zenbakia, titularra den entitatearen edo pertsonaren helbidea, behi taldea osatzen duten buruen kopurua, banaka adierazirik hazitarakoak, ugalketarako emeak eta gizentzeko animaliak, eta baita ere inskribatutako azienda-sailaren kalifikazio, lokalizazio eta identifikaziorako beharrezkoak diren datu guztiak.
24. artikulua. Elaborazio eta merkaturatzeko nekazaritzako kooperatiben erregistroa.
1. Elaborazio eta merkaturatzeko nekazaritzako kooperatiben erregistroan sartuko dira, elaborazio eskualdean egonik, Adierazpen Geografiko Babestuak gerizatzen duen produktua ekoizten den behitegietan animalia biziak erosi, garraiatu, hil eta elaboratzen dituztenak, betiere baimena ematen bazaie eta beren borondatez sartzea eskatzen badute.
2. Inskripzioan enpresaren sozietate izena agertuko da, eta baita egoitza non duen eta sozietatearen helbidea ere.
25. artikulua. Hiltegien erregistroa.
1. Hiltegien erregistroan sartuko dira, elaborazio eskualdean egonik, Adierazpen Geografiko Babestuak gerizatzen duen haragia ematen duen azienda inskribatua hiltzen dutenak, betiere baimena ematen bazaie.
2. Inskripzioan agertuko dira enpresaren sozietate izena, egoitza non duen eta sozietatearen helbidea, eta baita instalazioen ezaugarriak eta hotz kamaren kopurua eta edukiera ere.
26. artikulua. Zatikatze gelen erregistroa.
1. Zatikatze gelen erregistroan sartuko dira, elaborazio eskualdean egonik, Adierazpen Geografiko Babestuak kalifikatu, gerizatu eta identifikatutako kanalak, kanal erdiak eta zatiak merkaturatu nahi dituztela-eta, horretarako baimena ematen zaienak.
2. Inskripzioan agertuko dira enpresaren sozietate izena, egoitza non duen eta sozietatearen helbidea, eta baita instalazioen ezaugarriak eta hotz kamaren kopurua eta edukiera ere.
27. artikulua. Elaboratzaile-hornitzaileen erregistroa.
1. Elaboratzaile-hornitzaileen erregistroan sartuko dira, elaborazio eskualdean egonik, Adierazpen Geografiko Babestuak gerizatzen duen produktua ekoizten den behitegietan animalia biziak erosi, garraiatu, hil eta elaboratzen dituztenak, betiere baimena ematen bazaie eta beren borondatez sartzea eskatzen badute.
2. Inskripzioan enpresaren sozietate izena agertuko da, eta baita egoitza non duen eta sozietatearen helbidea ere.
VI. KAPITULUA. Eskubideak eta betebeharrak
28. artikulua. Eskubideen titularrak.
1. Beren azienda-sailak dagozkien erregistroetan inskribatuak dituzten pertsona fisiko edo juridikoek soil-soilik hornitzen ahal dituzte Adierazpen Geografiko Babestuak gerizatu ahal duen haragia ematen duten animaliak.
2. Beren industriak hiltegien erregistroan inskribatuak dituzten pertsona fisiko edo juridikoek soil-soilik hiltzen ahal dituzte inskribatutako azienda-sailetako buruak, Adierazpen Geografiko Babestuak bere geriza eman eta kanalak merkaturatu ahal izateko.
3. Beren industriak zatikatze gelen erregistroan inskribatuak dituzten pertsona fisiko edo juridikoek soil-soilik zatitzen eta merkaturatzen ahal dituzte kanalak eta haien zatiak.
4. Hiltegien eta zatikatze gelen erregistroetan inskribatutako instalazioetatik ateratako haragiari soil-soilik aplikatzen ahal zaio "Ternera de Navarra edo Nafarroako Aratxea" Adierazpen Geografiko Babestua.
5. Adierazpen Geografiko Babestua propagandan, iragarkietan, dokumentazioan prezinto edo etiketetan erabiltzeko eskubidea Deituraren erregistroetan inskribatutakoek soil-soilik erabiltzen ahal dute.
6. Adierazpen Geografiko Babestuak gerizatutako haragi etiketetan, hala nola prezintoen ziurtagiri eta gainerako dokumentazioan, leku nabarmena izanen du Adierazpen Geografiko Babestuaren izenak, gaztelaniaz edota euskaraz.
7. Inskribatutako pertsona fisiko nahiz juridikoak beharturik daude Arautegi honetako eta Kalitate Eskuliburuko xedapenak betetzera; horiez gain bete behar dituzte Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak bere eskumenen barruan hartzen dituen gainerako erabakiak, eta dagozkien ordainarazpenak pagatu.
8. Erregelamendu honek emandako edozein eskubide gauzatzeko edo Kontseilu Arau-emaile honek ematen duen edozein zerbitzuz baliatzeko, inskribatutako pertsona fisiko nahiz juridikoek inskripzioak beren erregistroetan eguneratuak izan behar dituzte eta berdin Kontseilu Arau-emailearekiko betebeharren ordainketa.
29. artikulua. Aziendaren kontrola.
1. Abeltzain bakoitzak animalia bat jaio eta hogeita hamar eguneko epean Kontseilu Arau-emaileari horren berri eman behar dio, honako datu hauek erantsiz: zekor edo bigantxaren belarritakoaren zenbakia, amaren identifikazio zenbakia, jaiotza eguna, sexua, arraza eta behitegia.
2. Berri-ematearen ondoko hiru hilabeteen barruan kontrol bisita bat eginen da, abeltzainak emandako informazioa gainbegiratu eta egiaztatzeko.
3. Zekor edo bigantxaren inskripzioaren berri ematean, fitxa bat edo Animaliaren Identifikazio Agiria eginen da, hiltegira iritsi arte haren gorabeherak jasoko dituena. Fitxa honetan, lehen emandako datuez gain, animaliak izandako gorabehera guztiak jasoko dira; esate baterako, tratamenduren batean erabilitako medikamenturen bat, etab.
4. Behaketa-arduradunak, behitegia bisitatzen duenean, behi aziendaren ustiapenaren liburu ofizialak aztertuko ditu eta akta sinatuko, behitegian izan dela jasota gera dadin.
5. Gutxienez, urtean behin bisitatuko dira behitegiak, instalazioak nola dauden ikusi eta azienda nola gobernatzen den eta osasun aldetik nola dagoen egiaztatzeko.
6. Lagin bilketa gutxienez urtean behin eginen da eta bisita bakoitzean kontrolatuko diren animalien kopurua behitegiko sailen eta adinaren araberakoa izanen da.
7. Gernu, pentsu eta uraren laginak hartuko dira, eta baita Erregelamendua ez betetzea dakarkeen beste edozein substantziarena ere.
8. Abeltzainak bere burua behartzen du Adierazpen Geografiko Babestuko behaketa-arduradunari behitegian sartzen uztera eta bere lanerako hari erreztasunak ematera. Behitegiaren liburu ofiziala edozein momentutan aurkeztu behar du.
Horrez gain, bere burua behartzen du behaketa-arduradunak egiten duen akta sinatzera hark egiten duen bisita bakoitzean. Honako datu hauek jaso behar ditu: jabearen edo sozietatearen izena, bisita-eguna, instalazioen egoera, azienda nola dagoen gobernatze eta osasun aldetik eta aziendaren identifikazioa, belarritakoaren bidezkoa.
30. artikulua. Salerosketaren kontrola.
1. Azienda jaio den behitegia eta gizentzen dena ez baldin bada bat bera, salerosketa aitorpen bat egin behar da, eta bertan honako datu hauek jaso: animalia jaio den behitegia, animalia bidali den behitegiaren zenbakia, erosketa- tratamentu eguna, animalien bat-banakako identifikazio zenbakia.
2. Azienda jaio den behitegia eta gizentzekoa Adierazpen Geografiko Babestuan erregistratuak direla egiaztatuko da. Egiaztatuko da, horrez gain, beste behitegi batean gizentzeko saldutako animalien kopurua azienda jaio den behitegian deklaratutako kopuruarekin bat datorrela
3. Saltzen diren animalien kontrola jaio diren behitegian eginen da.
31. artikulua. Hiltegiko kontrola.
1. Ikuskatzaileak animalien hilketari buruzko honako datu hauek jasoko ditu hiltegian: animaliak zein behitegitakoak diren (zenbakia), hiltzera eramandako animalien identifikazio zenbakia, eguna eta zein hiltegitara bidali diren.
2. Hiltegian honako kontrol hauek eginen dira: pisua, adina, kanalaren sailkapena eta laurden bakoitzaren identifikazioa.
3. Ezartzen den kontrol estatistikoko programaren arabera, ausazko laginak hartuko dira.
4. Kanal laurdenei etiketak paratzea eta banatzaileen erregistroa Adierazpen Geografiko Babestuko behaketa-arduradunak eginen du.
Gainera, behaketa-arduradun horrek irteeren erregistrorako beharrezkoak diren datuak jasoko ditu.
32. artikulua. Etiketatze eta zatitzea.
1. Hiltegiko irteeran, haragia kanaletan, kanal erdietan edo kanal laurdenetan banatuko da.
2. Kanal laurden bakoitza, hala nola burua eta gibela, hiltegiko osasun zigilu ofizialez identifikaturik joanen dira, eta horrez gain erabilera bakarreko etiketa zenbakidun bat izanen dute, Adierazpen Geografiko Babestuaren ezaugarriaz hornitua, Kontseilu Arau-emaileak luzatua.
3. Etiketak honako datu hauek izanen ditu: Adierazpen Geografiko Babestuaren izena eta logotipoa, animaliaren zenbakia, arraza, animalia bakoitza hazi den behitegia, zen egunetan hil den, zein laurden den (aurrekoa edo atzekoa, ezkerrekoa edo eskuinekoa), eta horrez gain legeek ezartzen dituzten datu orokorrak.
4. Animalia hiltegira iristen denean, dagokion jaiotza-ziurtagiriaren bitartez, arraza zehaztuko da.
5. Kanal bakoitzarekin batera kanal horren zatikatzetik ateratzen diren zatiak adina etiketa erabilera bakarreko behar dira.
6. Zatikatzearen momentuan, zati bakoitza bere etiketaz identifikaturik geratuko da.
7. Zati bakoitzaren etiketan jasoko dira kanal laurden bakoitza identifikatzeko etiketan dauden datuak eta zatiaren izena.
8. Zatikatze estandarra izanen da eta jarraibide gisa honela eginen da: solomoa, azpizuna, maskala, tapa, kontratapa, mokorra, gaina, koxkorra, kontrarriba, mokor muturra, lepoaldea, ezpata, sorbaldako koxkorra, aurrealdeko zankarra, atzealdeko zankarra.
33. artikulua. Zatikatze gelak.
1. Adierazpen Geografiko Babestuaren zatikatze gelen erregistroetan inskribatu ahal izateko baimena Kontseilu Arau-emaileak emanen du.
2. Baimendutako zatikatze gelak Kalitate Eskuliburuan programatutako kontrol sistemaren menpe egonen dira.
3. Gerizatutako haragien lanketa eguneko edota asteko epe jakinetan soil-soilik eginen da.
4. Adierazpen Geografiko Babestuak gerizatutako kanalak, laurdenak eta zatiak zatikatze gelako leku jakin, isolatu eta identifikatuan gordeko dira.
5. Zatiak egin ondoren, Kalitate Eskuliburuan zehazten den moduan behar bezala ontziratu eta identifikatuko dira.
6. Arduradunaren izena Kontseilu Arau-emaileari jakinaraziko zaio eta bera izanen da haren harremanetarako solaskide bakarra.
7. Sarreren eta irteeren kontabilitate zehatza antolatuko da, eta bertan etorkia, pisua, zatia, destinoa eta sarrera eta irteera egunak jasoko dira.
34. artikulua. Kanalen biltegiratzea.
Hiltegien eta zatikatzea eta bidalketa gelen erregistroetan inskribatutako enpresek kanal kalifikatuak eta horietatik egindako zatiak bakarrik biltegiratzen ahal dituzte, betiere inskripzioan adierazitako lokaletan.
35. artikulua. Ikur edo logotipoa.
Kontseilu Arau-emaileak bere eginen duen ikur edo logotipo bat erregistratuko du, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak aldez aurretik onartua, Kalitate Eskuliburuan deskribatuko dena. Halaber, Kontseilu Arau-Emaileak bere esku izanen du, instalazio inskribatuaren kanpoaldean, eta leku nabarmenean, horren berri ematen duen xafla bat edukitzera behartzea.
36. artikulua. Produktuaren ziurtapena.
1. Kontseilu Arau-Emaileak, hiltegiekin ados jarririk, Ziurtapen Batzordearen programa bat ezarriko du kanalak aztertzeko, Adierazpen Geografiko Babestuak bere geriza emateko egokiak diren egiaztatzeko, ondoren zigilua ezar dakien, Kalitate Eskuliburuan ezarritakoaren arabera.
2. Kontseilu Arau-Emaileak egiaztatzen duenean zekorrak edo aratxe haragia ez direla Erregelamendu honetako beharkizunen arabera lortuak edo akats edo aldaketa nabarmenak dituztela, ezin dira merkaturatu "Ternera de Navarra edo Nafarroako Aratxea" Adierazpen Geografiko Babestuaren gerizpean; eta horrek ez du ezertan galarazten Erregelamendu honetan jasotako arauzko zehapenak ezartzea.
3. Deskalifikazio espedientea irekitzen denetik, animaliak, kanalak edo haien zatiak behin-behinekoz bereizirik eta Kontseilu Arau-emailearen kontrolpean egonen dira espedientea ebatzi arte, non eta jabeak ez dion uko egiten Adierazpen Geografiko Babestuaren gerizpeari animalia, kanal edo zati horien kasuan.
Animaliak, kanalak edo zati deskalifikatuak inola ere ez dira Adierazpen Geografiko Babestuaren erregistroetan inskribatutako beste instalazio batera bidali, ez eta haren gerizpean merkaturatu ere.
37. artikulua. Marka eta etiketa baimenduak.
1. "Ternera de Navarra edo Nafarroako Aratxea" Adierazpen Geografiko Babestuak gerizatutako haragia merkaturatzen duten hiltegi eta zatikatze gela bakoitzaren etiketetan nahitaez agertuko da, leku nabarmenean, haren izen eta logotipoa, animaliaren identifikazio zenbakia, arraza, zein behitegitakoa den, zein egunetan hil den, eta legeek ororentzat zehazten dituzten gainerako datuak.
2. Aurreko idatz-zatiak aipatzen dituen etiketak zirkulazioan jarri baino lehen, Kontseilu Arau-emaileak horretarako baimena eman behar du, Erregelamendu honetan jasotzen diren ondorioetarako. Ukoa emanen zaie edozein arrazoi dela-eta kontsumitzailearentzat nahasgarri izan daitezkeen etiketei. Lehendik onartutakoen baimena ere baliogabe utz daiteke, baldin eta haren jabe den enpresan aldaketak gertatu badira, betiere hark esaten duena aditu ondoren. Espedientearen instrukzioa Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezartzen duenaren arabera eginen da.
3. Markak, ikurrak, sinboloak, propagandako esapideak edo babestutako produktuari buruz erabiltzen den beste edozein propaganda mota ezin da erabili, ez eta titularrek berek ere, Adierazpen Geografiko Babestuak babesten ez duen beste edozein aratxe haragi merkaturatzean.
VII. KAPITULUA. Kontseilu Arau-emailea
38. artikulua. Definizioa
Kontseilu Arau-emailea autonomia estatutuko erregimenpeko entitate publikoa da, bere jarduera zuzenbide pribatuari lotua dago eta nortasun juridiko propioa du; orobat, gaitasun osoa du bere xedeak eta erregelamendu honetan atxikitzen zaizkion eginkizun guztiak gauzatzeko, indarrean dagoen legeriak xedatzen duenarekin bat.
Bere eskumen esparrua honela dago mugatua:
a) Lurraldeari dagokionez, ekoizpen eta hilketa eskualdea du muga.
b) Haragiari dagokionez, Adierazpen Geografiko Babestuak gerizatzen duena du muga, ekoizpen, zirkulazio, maneatze eta merkaturatze faseetako edozeinetan.
c) Pertsonei dagokienez, erregistroetan inskribatutakoak ditu muga.
39. artikulua. Eginkizunak.
1. Kontseilu Arau-Emailearen eginkizun nagusia Erregelamendu honetako arauak aplikatu eta bete daitezen saiatzea da; eta horretarako gauzatu beharko ditu 25/1970 Legeak 87. artikuluan eta xedapen osagarrietan kontseilu arau-emaileen eginkizuntzat hartzen direnak, eta baita Erregelamendu honetan espresuki adierazten direnak ere.
2. Kontseilu Arau-emailea da animaliak, kanalak eta zatiak zaintzeko egitura, bai eta Adierazpen Geografiko Babestuaren erregistroetan inskribatutako abere behitegiak eta instalazioak kontrolatzekoa ere.
3. Kontseilu Arau-emaileak Kalitate Eskuliburuan produktuaren ziurtapenerako langileak eta ziurtapen prozedurak ezarriko ditu.
40. artikulua. Osaera.
1. Kontseilu Arau-emailea honela osatuko da:
a) Kontseiluburua, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak izendatua, Kontseilu Arau-emaileak proposaturik.
b) Kontseiluburuordea, kontseilukideen artean hautatua eta kontseiluburua bezalaxe izendatua.
c) Abeltzainen ordezkari izanen diren bost kontseilukide.
d) Eraldaketa-merkaturatze sektorearen ordezkari izanen diren bost kontseilukide:
-Elaborazio eta merkaturatzeko nekazaritzako kooperatiben ordezkaria.
-Hiltegien ordezkaria.
-Zatikatze gelen ordezkaria
-Elaboratzaile-hornitzaileen ordezkariak, bi.
Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ordezkari bat izendatzen ahal du, Kontseiluaren bileretara joanen dena.
2. Kontseilu Arau-emaileak bere bileretara gonbidatzen ahal ditu beren ezagupen edo eskarmentua direla-eta Adierazpen Geografiko Babestuaren helburuak hobekien betetzeko baliagarriak iruditzen zaizkion pertsonak.
3. Kontseiluburua hautatutako kontseilukideen artetik hauta daiteke, eta kasu horretan orduan ez da beteko sortutako kontseilukide hutsunea.
4. Kontseilukide bakoitzeko, ordezko bat izendatuko da, titularra bezalaxe hautatua eta hura zen sektore berekoa.
5. Kontseilukideen karguak lau urtetik behin berrituko dira, eta zilegi izanen da berriro lehengo berak hautatzea.
41. artikulua. Kontseilukideen lotura.
Aurreko artikuluko 1. idatz-zatiko c) eta d) letrek aipatzen dituzten Kontseilu Arau-emaileko kideek lotura izan behar dute beren sektoreekin, dela zuzenean dela ordezkatzen dituzten jardueretan aritzen diren sozietateetako zuzendaritzan aritzeagatik.
Enpresa inskribatu bateko zuzendaritzan aritzeagatik hautatutako kontseilukideek kargua utziko dute enpresa horretako zuzendaritzakoa uzten dutenean, nahiz eta, beste enpresa batera pasatu direla-eta, sektore berean jarraitu.
42. artikulua. Kontseiluburuaren eginkizunak.
1. Kontseiluburuari dagokio:
Lehena. Kontseilu Arau-emailearen ordezkari izatea: ordezkaritza hau Kontseiluko edozein kideri uzten ahal dio espresuki, beharrezkoa baldin bada.
Bigarrena. Lege eta erregelamendu mailako arauak betearaztea.
Hirugarrena. Kontseiluaren sarrerak eta fondoak administratu eta ordainketak agintzea.
Laugarrena. Kontseiluaren bileretarako deia egin eta buru-eginkizunetan aritzea: eguneko gai zerrenda prestatu, bere eskumeneko gaiak erabakigai jarri eta hartutako erabakiak gauzatu.
Bosgarrena. Kontseiluaren barne-araudia antolatu.
Seigarrena. Kontseiluko langileak kontratatu, kontratuak behin-behinekoz etenda utzi edo berritzea.
Zazpigarrena. Zerbitzuak antolatu eta zuzentzea.
Zortzigarrena. Ekoizpenean eta merkatuan gertatzen diren gorabeheren berri goragoko erakundeei ematea.
Bederatzigarrena. Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari bidaltzea Kontseiluak, Erregelamendu honen arabera dagozkion eskumenak erabiliz, hartzen dituen erabaki orokorrak, eta baita beren garrantzia dela-eta ezagutu beharrekoak iruditzen zaizkionak ere.
Hamargarrena. Kontseilu honek erabakitzen dituen edo Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak ematen dizkion gainerako eginkizunak.
2. Kontseiluburuaren kargualdia lau urtekoa izanen da, eta berriro hauta daiteke.
3. Kontseiluburuak bere kargua utziko du:
-Bere kargualdia amaitzen denean.
-Berak hala eskaturik, kargu uztea onartu eta gero.
-Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseiluaren erabaki arrazoituz.
-Legeetan onartutako gainerako arrazoiengatik.
4. Kontseiluburuaren kargu-gabetzea, uztea edo heriotza gertatuz gero, Kontseilu Arau-emaileak hutsunea gertatzen denetik hilabeteko epean, beste hautagai bat izendatzeko proposamena eginen du.
43. artikulua. Kontseiluaren bilerak, deialdiak eta erabakiak.
Kontseilu Arau-emailearen bilerak kontseiluburuak deiturik eginen dira, hark bere kabuz edo kontseilukideen erdiek hala eskatuta dei eginik; bilera-deia egin bezain laster bilduko da, eta, betiere, nahitaezkoa izanen da hiru hilean behin gutxienez biltzea.
Kontseiluaren bileretarako deia gutxienez bi eguneko aurrerapenez eginen da, eta deiari bilerako gai zerrenda erantsi behar zaio, bileretan aldez aurretik adierazitako gaiak baizik ez baitira aztertuko. Dena dela, Kontseiluaren bilera baliozkoa izanen da kontseilukide guztiak bertan izanik aho batez horrela erabakitzen badute.
Titularrak edo ordezkoak bilerara agertzerik ez duenean, bere ordezkaritza beste kontseilukide bati uzten ahal dio, baina kontseilukideek ezin dituzte bi ordezkaritza baino gehiago izan, berena barne.
Agertu ezina edo eritasuna tartean bada, eta, oro har, arrazoi zentzuzko bat tartean denean, Kontseilu Arau-emaileko titularren ordezkoek hartuko dute haien lekua, ordezkorik bada.
Kontseiluaren erabakiak agertutako kideen gehiengoaz hartuko dira eta, baliozkoak izan daitezen, beharrezkoa da Kontseilua osatzen dutenen erdiak baino gehiago bertan izatea.
Erregelamendu honetan eragina duten funtsezko kontuei buruzko gaietan, hala nola Kontseilu Arau-emailearen finantzaketari buruzkoetan, erabakiak kontseilukideen adostasunez hartuko dira.
44. artikulua. Idazkaria eta Kontseilu Arau-emailearen zerbitzuak.
1. Bere helburuak betetzeko, Kontseiluak beharrezkoak diren langileak izanen ditu, eta plantillari dagokion diru-kopurua Kontseiluaren aurrekontuan agertuko da.
2. Kontseiluak idazkari bat izanen du, Kontseiluak berak hautatua, honako eginkizun berariazkoak izanen dituena:
a) Kontseiluaren lanak prestatu eta hark erabakitakoa gauzatzeko tramiteak egitea.
b) Bileretan egotea, mintzatzeko eskubidearekin baina botorik gabe, bilera-deiak bidaltzea, aktak egitea eta Kontseiluaren liburu eta dokumentuak gordetzea.
c) Erakundearen barne-araudiari buruzko kontuak, bai langileei bai administrazioari buruzkoak.
d) Kontseiluburuak eskumeneko gaiak prestatu eta bideratzeko, kontseiluburuak ematen dizkion eginkizunak.
e) Era guztietako kontratuak sinatzea Kontseilu Arau-emailearen izenean Osoko Bilkurak edo, bestela, kontseiluburuak onetsi ondoren.
f) Kontseiluko langile guztien burutza bere gain hartzea, langileak hautatu eta aldi bateko kontratuak sinatzea, eta baita Osoko Bilkurak edo, bestela, kontseiluburuak onetsi ondoren, langile finkoak kontratatzea.
g) Kontseilu Arau-emailearen sarrera eta fondoak administratzea eta ordain-aginduak ematea, kontseiluburuarekin batera.
h) Kontseilukideen komunikazio egintzak eta, beraz, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo jakin beharreko beste edozein idazki jasotzea.
i) Kontsulta, irizpen eta hartutako erabakiei buruzko ziurtagiriak ematea.
3. Eman zaizkion eginkizun teknikoetarako, Kontseiluak beharrezko zerbitzu teknikoak izan ditzake bere esku, eta haien zuzendaritza teknikari adituen esku egonen baita.
Kontrol eta zainketa zerbitzuetarako, bere ikuskatzaile edo behaketa-arduradunak izaten ahal ditu. Ikuskatzaile horiek Kontseiluak hautatuko ditu eta Nekazaritza Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak gaituko, honako ikuskapen eskumen hauek izanen dituzte:
a) Inskribatutako abeltzaintzako behitegiak.
b) Inskribatutako industriak.
c) Babestutako produktuen gainean, Adierazpen Geografiko Babestuaren esparruan.
4.-Kontseiluak behar diren langileak kontratatzen ahal ditu presako lanak egiteko, baldin eta kontzeptu horretarako diru-kopururik onetsi bada aurrekontuan.
5.-Kontseiluko langile guztiei, bai finko bai aldi baterakoei, lan legeria aplikatuko zaie.
45. artikulua. Ziurtapen Batzordea.
1. Ziurtapen Batzordea ziurtapen jardueran Kontseilu Arau-emailearen alderdikeriarik eza bermatzeko aholkularitza-organoa da eta horretarako ziurtapen sistemaren eduki eta funtzionamenduan eragina duten interesen parte-hartzea bultzatuko du.
Ziurtapen Batzordea honako hauek osatuko dute:
a) Abeltzaintzaren sektoreko ordezkari bat.
b) Eraldatze-merkaturatze sektoreko ordezkari bat
c) Kontsumitzaileen ordezkari bat.
Abeltzaintza eta Eraldatze-merkaturatze sektoreetako ordezkariak Kontseilu Arau-emaileko kideen artetik hautatuko dira.
Kontseilu Arau-emaileko burua izanen da ziurtapen batzordeburu ere baldin sektore horietako baten ordezkaria bada. Bestela, a) edo b) letretan aipatzen direnetako batzordekide bat izanen da batzordeburu.
Kontseilu Arau-emaileko idazkaria arituko da idazkari Ziurtapen Batzordean ere.
Ziurtapen batzordeko kide guztiek izanen dute hitza eta botoa batzordean, idazkariak ezik, hark hitza baizik ez baitu izanen.
2. Ziurtapen Batzordeari dagokio, kasu bakoitzean, Kontseilu Arau-emaileak gerizatutako produktuaren ziurtapenari buruzko erabaki eta jarduerei buruzko txostenak egitea; txosten hori Kontseiluak berak eskatu behar du honako hauetarako:
a) Kalitate politikaren ildoak eta gerizatutako produktuen aurkezpen, etiketatze eta iragarkietako irizpideak erabakitzea.
b) Kalitate Eskuliburuaren eta ziurtapen egituraren jardunbidearen edukia.
c) Ziurtapen eta deskalifikazio jardunbideari buruzko erreklamazio eta errekurtsoak.
d) Barne auditoretzak eta kalitate sistemaren aldizkako berrikusketak.
Ziurtapen Batzordeak funtzionamenduko barne-araudia idatzi eta onetsiko du.
3. Ziurtapen Batzordeak eskatzen badio, Kontseilu Arau-emaileak ziurtapenari buruz gauzatutako jarduketak arrazoituko ditu, eta haren esku jarriko du behar den dokumentazioa jarriko.
4. Ziurtapen Batzordeak emandako txostenei Kontseilu Arau-emaileak entzungor egiten badie, hark zilegi du Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentura jotzea.
46. artikulua. Finantzaketa.
1. Kontseilu Arau-emailearen betebeharrak honako baliabide hauen bitartez eginen dira:
Lehena. 25/1970 Legeko 90. artikuluan finkatzen diren urteko ordainarazpen parafiskalek emandakotik, honako tasa hauek aplikatuko baitzaizkie, gehienez ere:
a) Erregistroetan inskribatutako behitegien ordainarazpenen oinarriaren gaineko ehuneko bat (% 1). Oinarria honako hau izanen da: interesatu bakoitzaren behi kopurua x behi batek urte horretako kanpainan pezetatan ematen duen batez besteko balioa.
b) Merkaturatutako animalia bakoitzak freskotan saldurik duen oinarriaren gaineko ordainarazpenaren ehuneko bat koma bost (% 1,5). Oinarria honako balio hau izanen da: gerizatutako produktu unitatearen batez besteko prezioa x saldutako kopuru osoa.
c) Ehun pezeta egiten den ziurtagiri edo faktura-bisatu bakoitzeko eta emandako etiketa edo kontraetiketen kostuaren prezioaren bikoitza.
2. Ordainarazpen hauetako bakoitzaren subjektu pasiboak honako hauek dira: behitegien gaineko ordainarazpenetan, erregistroan inskribatutako behitegien titularrak; gerizatutako animalien gaineko ordainarazpenean, erregistroetan inskribatutako maneatze edo merkaturatze zentroen titularrak eta elaborazio industrien titularrak; c) idatz-zatikoetan, ziurtagiriak, fakturen bisatuak eta etiketa edo kontraetiketak eskuratzeko eskaerak egiten dituztenak.
Bigarrena. Jasotzen dituen dirulaguntzak, legatuak eta dohaintzak.
Hirugarrena. Kontseilu Arau-emaileari edo ordezkatzen dituen interesei egindako kalte eta galeren kalte-ordain gisa jasotako zenbatekoak eta Erregelamendu honetako arauak hausteagatik ezarritako zehapenenak.
Laugarrena. Bere ondarea osatzen duten ondasunak eta horren emaitzak eta salmentenak.
2. Aurrekontuetan jasotzen diren sarrerak eta gastuak kudeatzea Kontseilu Arau-emaileari dagokio.
3. Aipatutako ordainarazpenak ordaintzen ez badira, premiamendu bidea erabiliko da; horrek, hala ere, ez ditu galaraziko bidezkoak izan daitezkeen zehapenak.
47. artikulua. Erabakiak, publizitatea eta errekurtsoak.
1. Kontseiluaren erabakiak, partikularrak ez badira eta "Ternera de Navarra edo Nafarroako Aratxea" delakoaren ekoizpen edo merkaturatzearekin loturiko pertsona edo enpresetan eragina badute, jakinarazi egingo dira Kontseilu Arau-emailearen bulegoetan, Eskualdeetako Bulegoetan edo ekoizpen eskualdeko udaletan Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak dituen Alorretan edo ekoizpen eskualdeko Udaletxeetan agerian paratuko diren zirkularren bidez eta baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz ere. Kontseilu Arau-emaileak bide horiek erabili beharrean beste batzuk erabiltzen ahal ditu, baldin eta bere erabakiak hobeki ezagutarazteko egoki ikusten badira.
2. Kontseilu Arau-emaileak hartutako erabaki eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua.
3. "Nafarroako Aratxea" AGBren Kontseilu Arau-emaileak auzitegietara jotzen ahal du adierazpenaren defentsan egoki iduritzen zaizkion guztietan. Bereziki, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal du Foru Komunitateko Administrazioak erregelamendu hau aplikatzean gauzatzen dituen egintzen kontra.
48. artikulua. Elkarlanerako hitzarmenak.
Kontseilu Arau-emaileak erostetxe handiekin, harategiekin eta bestelako banaketa-bideekin lankidetza hitzarmenak sinatzen ahal ditu, "Ternera de Navarra edo Nafarroako Aratxea" kontraetiketarekin merkaturatutako haragien jatorria eta kalitatea bermatzeko.
VIII. KAPITULUA. Arau-hausteak, zehapenak eta zehapen prozedura
49. artikulua. Legezko oinarria.
Zehapen espedienteen arloan egin beharreko jarduketa guztiak Erregelamendu honetako arauei lotuko zaizkie, eta baita ere beste hauei ere: Mahastiaren, Ardoaren eta Alkoholen Estatutuaren abenduko 2aren 25/1970 Legea, eta bere Erregelamendua, martxoaren 23ko 835/1972 Dekretuaz onetsia; ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretua, kontsumitzailearen defentsaren arloko eta nekazaritzako elikagaien ekoizpenareneko arau-hausteak eta zehapenak arautzen dituena; Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 25eko 30/1992 Legea, azaroaren 26ko 4/1999 Legeak aldatua; 369/1997 Foru Dekretua, abenduaren 9koa, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta nekazaritzako elikagaien arloetan zehapenak ezartzeko administrazio prozedura onesten duena; eta, horren ordezpenean, abuztuaren 4ko 1393/1993 Errege Dekretua, zehapen ahalmena gauzatzeko prozedurari buruzko Erregelamendua onesten duena; eta gai honi buruz indarrean diren gainerakoak.
Aurreko arauak aplikatzeko, kontuan hartuko da nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloan Estatuko Administrazioak Nafarroako Foru Komunitateari eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeari buruzko abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuak esaten duena.
50. artikulua. Zehapen motak.
1. Erregelamendu honetako arauak eta Kontseilu Arau-emailearen erabakiak haustearen aurkako zehapenak hauek izanen dira: isuna, salgaia bahitzea, Adierazpen Geografiko Babestuaren erabilpena aldi baterako erabiltzerik ez izatea edo erregistroan baja ematea. Zehapen hauek aurreko artikuluan aipaturiko arauek ezartzen dituzte -horien laburpena dira- eta ondoko artikuluetan daude araututa; hala ere, ez ditu galaraziko arlo honetako legeria orokorraren aurkakoak izateagatik ezar daitezkeen zehapenak.
2. Arau-hauste edo zehapenak pilatzen badira, legeria penalean jasotako eta jurisprudentziak babestutako printzipioak aplikatuko dira.
3. Isunak ezartzeko oinarriak martxoaren 23ko 835/1972 Dekretuaren 120 artikuluan jasoak dira.
51. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.
825/1972 Dekretuko 129.2 artikuluak xedatzen duenaren arabera, Adierazpen Geografiko Babestuaren erregistroetan inskribatutako pertsonek egindako arau-hausteak, zehapenetarako, honela sailkatzen dira:
A) Hutsegite administratiboak. Oro har, aitorpenetan, erregistro liburuetan, zirkulazio bolanteetan eta produktuen kalitatea eta jatorria bermatzen duten kontroleko beste dokumentu batzuetan egindako akats txikiak, eta bereziki hauek:
1.-Erregistroetan kasu bakoitzean beharrezkoak diren datu eta egiaztagirietan datu okerrak ematea edo behar direnak ez ematea.
2.-Kontseilu Arau-emaileari berehala ez adieraztea erregistroetan inskribatzean emandako datuetan gertatutako edozein aldaketa.
3.-Ekoizpenari edo produktuen mugimenduari buruzko daturik ez ematea edo datu okerrak ematea.
4.-a) idatz-zatiak aipatzen dituen gaietan Erregelamenduaren aurka egindako gainerako arau-hausteak.
Arau-hauste hauengatik ezarriko den isuna dagokien salgaien balioaren 100eko 1etik 10era bitartekoa izanen da.
B) Aziendaren ekoizpenean, hilketan eta haragien maneatzean egindako arau-hausteak. Horrelakotzat hartzen dira honako hauek:
1.-Aziendaren ustiapen eta elikadura sistemei buruzko arauak ez betetzea.
2.-Aziendak tititik kentzean eta hiltzean izan behar duen adina ez errespetatzea.
3.-Ekoizpen prozesuan azaroaren 22ko 1423/1987 Errege Dekretuak debekatutako eta eragin hormonal edo tireostatikoa duen edozein substantzia erabiltzea, eta baita ere haragia giza osasunarentzat arriskutsu edo kaltegarri bihur dezakeen beste edozein gai baliatzea, bai legeek bai Erregelamendu honek xedatzen dutenaren arabera.
4.-Hilketako arauak eta kanalen maneatzeari buruzkoak ez betetzea hiltegian.
5.-Haragi zatien eta atalen maneatze, ontziratze eta bidaltzeari buruzko arauak ez betetzea.
6.-Erregelamenduan edo Kontseilu Arau-emailearen erabakietan xedatutakoaren aurka egindako arau-hausteak, B) idatz-zati honek aipatzen dituen gaietan.
c) Adierazpen Geografiko Babestuaren erabilpen bidegabeagatiko edo hari kaltea edo izen-galtzea ekartzeko moduko egintzengatiko arau-hausteak.
1.-Gerizatu gabeko haragien merkaturatzean Adierazpen Geografiko Babestua aipatzen duten sozietate izenak, izen komertzialak, markak, ikurrak edo ezaugarriak edo hark babestutako izenak, edo kontsumitzailea nahas dezaketenak erabiltzea.
2.-Adierazpen Geografiko Babestua erabiltzea legeetan eta Erregelamendu honetan ezarritako arauen arabera ekoiztu, hil edo maneatu ez diren haragietan, edo haragi horien ezaugarri izan behar duten baldintza organoleptikoak betetzen ez dituztenetan.
3.-Kontseilu Arau-emaileak onetsi ez dituen izen komertzial, marka, belarritako edo etiketak erabiltzea.
4.-Adierazpen Geografiko Babestuaren agiri, belarritako, etiketa, zigilu, ikur edo karaktereak bidegabeki edukitzea, negoziatzea edo erabiltzea, edo haiek faltsutzea.
5.-Merkaturatze baliabideetan aipatzen diren kalitate ezaugarriak ez dituzten haragiak merkatura ateratzea.
6.-Adierazpen Geografiko Babestuak gerizatutako haragiak etiketa zenbakidunik gabe edo Kontseilu Arau-emaileak ezarritako kontrol bitartekorik gabe ateratzea, zirkulazioan jartzea edo merkaturatzea.
7.-Kontseilu Arau-emaileak inskribatu eta baimendutakoak ez diren beste lokal batzuetan haragiak zatitu, ontziratu, prezintatu edo kontraetiketatzea.
8.-Erregelamendu honetan xedatutakoa ez betetzea Adierazpen Geografiko Babestuak gerizatzen duen azienda hil eta haragia maneatu, ontziratu eta igortzean.
9.-Behin-behinekoz geldiarazitako salgaiak erabili, lekualdatu edo nolabait erabiltzea.
10.-Hoztegi eta leku baimengabeak erabiltzea.
11.-Aurreikusitako ordainarazpen parafiskalak ez ordaintzea.
12.-Oro har, Erregelamendu honetako C) idatz-zatiak aipatzen dituen gaietan ezarritakoaren aurkako edozein egintza.
Arau-hauste hauei 10.000 pezetatik salgai edo produktu horien balioaren halako biko baliorainoko isuna ezarriko zaie, baldin eta balioa zenbateko hura baino handiagoa bada, eta horrez gain bahitzea ere berekin ekarriko dute.
52. artikulua. Inskribatu gabekoen arau-hausteak.
1. Kontseilu Arau-emailearen erregistroetan inskribatu gabeko pertsonek egindako arau-hausteak honako hauek dira:
a) Adierazpen Geografiko Babestuaren erabilera bidegabea.
b) Adierazpen Geografiko Babestuak gerizatutako izenekin edo haren zeinu eta ezaugarrien antz fonetikoa edo grafikoa dutelako, produktuen izaera edo jatorriari buruz nahasgarriak izan daitezkeen izen, marka, termino, esapide edo zeinuak erabiltzea, eskuratutako eskubideak ezertan galarazi gabe, baldin eta erakunde eskudunek behar bezala onartuak badira.
c) Adierazpen Geografiko Babestuak gerizatutako izen geografikoak erabiltzea produktuen etiketetan edo publizitatean, nahiz eta "motakoa" hitza edo antzeko esapideak erantsi.
d) Adierazpen Geografiko Babestuari kalte edo izen-galtzea ekar diezaiokeen edozein egintza, edo hari buruz kontsumitzailea nahas dezakeena.
2. Arau-hauste hauen berri Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari emanen zaio, eta 20.000 pezetatik salgaiaren balioaren halako biko bitarteko isuna ezarriko zaie, balioa zenbateko hura baino handiagoa bada, eta berekin ekarriko du hura bahitzea.
53. artikulua. Zehapenen mailaketa.
Aurreko artikuluetan aurrez ikusitako zehapenak aplikatzeko honako arau hauek hartuko dira kontuan:
1. Behereneko mailakoak ezarriko dira.
a) Erregelamendua betetzean egindako oker txikiak direnean, kontsumitzaileentzat zuzeneko ondoriorik ez dutenean edo arau-hausleari etekin berezirik ematen ez diotenean.
b) Kontseilu Arau-emaileak emandako epean akatsak zuzentzen badira.
2. Bitarteko mailakoak ezarriko dira:
a) Arau-hausteak kontsumitzailearentzat zuzeneko ondorioa duenean edo arau-hausleari etekinak ematen ez dizkionean.
b) Kontseilu Arau-emaileak ezarritako epean akatsak zuzentzen ez direnean.
c) Arau-haustea zabarkeriagatik eta Kontseilu Arau-emaileak espresuki erabakitako jokabide-arauak ez betetzeagatik gertatzen denean.
d) Behereneko eta goreneko mailako zehapenak aplikatzea bidezko ez den kasu guztietan.
3. Goreneko mailakoak ezarriko dira:
a) Informazioa emateari, laguntza emateari edo Erregelamendu honetako edo Kontseilu Arau-emailearen erabakien arabera nahitaezko dokumentaziorako irispideari oztopoak behin baino gehiagotan jartzen zaizkienean.
b) Arau-hauslea asmo txarrez aritu dela frogatzen denean.
c) Arau-hausteak Adierazpen Geografiko Babestuari kalte larriak ekartzen dizkionean.
54. artikulua. Berriro eginiko arau-hausteak.
Arau-haustea berriro egiten bada, edo produktuak esportaziorako direnean, isunen zenbatekoak Erregelamendu honetan adierazten diren gehieneko isunen % 50ean gehitutako isunak jarriko dira.
Arau-haustea berriro egin duenak, handik aurrera arau-hausterik egiten badu, zilegi izanen da isunak gehieneko horien halako hirukoak izatea.
Arau-hauste bat berriro egina dela ulertuko da hauslea Erregelamendu honetako arau-hauste batengatik aurreko bost urteetan ebazpen irmo baten bidez zehapena hartutakoa bada.
55. artikulua. Espedienteak ireki eta ebaztea
baten bidez 1. Kontseilu Arau-emaileari dagokio espedienteak ireki eta instruitzea, ustezko arau- hauslea haren erregistroetako batean inskribaturik dagoenean.
Kontseilu Arau-emaileak bere kideen edo bere langileen artetik izendatuko du instruktore bat zehapen espediente horietako bakoitzerako.
2. Erregelamendu honek agintzen duenaren kontra Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean kokaturik bai baina Kontseilu Arau-emailearen erregistroetan inskribaturik ez dauden enpresek egindako arau-hausteen kasuan, Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko organo eskudunari dagokio espedientea ireki eta instruitzea.
3. Kontseilu Arau-emaileak irekitako espedienteak ebaztea Kontseiluaren osoko bilkurari dagokio ezarri beharreko zehapena berrogeita hamar mila pezetatik gorakoa ez denean. Betiere, ongi bereizirik egonen dira instrukzio aldia eta zehapen aldia.
Gainerako kasuetan, bai eta espedientatua erregistroetan inskribaturik ez dagoenean ere, Kontseilu Arau-emaileak hala emanen dio aditzera Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari eta ekintzak hari aldatuko.
4. Aurreko lerroaldeak aipatzen duen zenbatekoa finkatzeko, isunaren zenbatekoari dekomisatu den salgaiaren balioa erantsiko zaio.
5. Salgaiak behin betiko dekomisatzeko erabakitzea eta haiekin zer egin behar den erabakitzea, espedientea ebazteko eskudun denari dagokio.
6. Espedientea ebazten duen organoak zilegi izanen du, hala bide denean, ezarritako zehapenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea, gizartearen eskolagarri.
7. Kasuko arau-haustea Adierazpen Geografiko Babestua bidegabeki erabiltzea izan bada, Kontseilu Arau-emaileak, Administrazioak geroago zehapenak jarri edo ekintzak egitea ezertan galarazi gabe, zilegi izanen du auzitegietara jotzea eta bertan industri jabetzaren defentsarako legeetan aitortzen diren egintza penal eta zibilak erabiltzea.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Indargabetzen da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi kontseilariaren 1994ko ekainaren 13ko Foru Agindua, zeinak onesten baitu "Nafarroako Aratxea" Nafarroako Kalitate Izendapena eta haren Kontseilu Arau-emailea izendatzen.