(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

72/2003 Foru Agindua, irailaren 22koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, ekoizpen integratua sustatzeko, ekoizpen ekologikoa sustatzeko eta desagertzear dauden arrazak mantendu eta sustatzeko laguntzetarako ...

72/2003 FORU AGINDUA, irailaren 22koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, ekoizpen integratua sustatzeko, ekoizpen ekologikoa sustatzeko eta desagertzear dauden arrazak mantendu eta sustatzeko laguntzetarako eta Nafarroako alde behartsuetako konpentsazio-ordainerako baldintzak betetzen ez direnerako neurriak hartzen dituena

(2003ko 133. NAOn argitaratutako testua, urriaren 17an)

Atarikoa

Kontseiluaren 1999ko maiatzaren 17ko 1257/1999 (EE) Erregelamenduak, (FEOGA) Nekazaritzako Orientazio eta Bermerako Europako Fondoaren kontura nekazaritza aldeak garatzeko laguntzari buruzkoak, zenbait erregelamendu aldatu eta indargabetzen ditu; V. kapituluan, 13.-15. artikuluetan, bere egiten ditu alde behartsuendako eta ingurumen aldetik muga bereziak dituztenendako laguntzak eta, VI. kapituluan, 22.-24. artikuluetan, nekazaritzako zer ingurumen neurri hartu behar diren nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizpen metodoak erabiltzen direnean, ingurumena babestu eta alorrak zainduko badira. Aipatu erregelamenduaren 40. -44. artikuluek Landa Garapeneko Programa bat, zazpi urtez iraunen duena, aurreikusten dute egokientzat jotzen den lurralderako.

Arauzko aurreikuspen horiek bete daitezen, Nafarroako Gobernuak Landa Garapeneko Programa (2000-2006) prestatu zuen, zeinak nekazaritzako ingurumen neurrien artean ekoizpen integratua sustatzea, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa sustatzea, desagertzear dauden arrazak sustatu eta mantentzea eta alde behartsuetako konpentsazio-ordaina hartzen baititu kontuan. C(2000) 2660 azken Batzordeak onetsi zuen programa 2000/09/15eko Erabakiaren bitartez. C(2002) 1616 Batzordeak, 2002/05/15eko Erabakiaren bitartez, Nafarroako nekazaritza garatzeko programazioaren dokumentuari egindako aldaketak onetsi zituen, 2000-2006 aldirako.

Erregelamendu horren 14. artikuluak zehazten duenez, nekazaritza jasangarriaren bidetik praktika egokiko metodoak, ingurumena zaindu eta alorrak babesten dituztenak, darabiltzaten nekazariek bakarrik hartzen ahal dute konpentsazio-ordaina. Orobat, 23. artikuluak dio nekazaritzako ingurumen konpromisoak ezin direla ohiko praktika egokien aplikazio hutsera mugatu.

Batzordearen 445/2002 (EE) Erregelamenduak, 2002ko otsailaren 26koak, Batzordearen 1999ko maiatzaren 17ko 1257/1999 (EE) Erregelamendua, (FEOGA) Nekazaritzako Orientazio eta Bermerako Europako Fondoaren kontura nekazaritza aldeak garatzeko laguntzari buruzkoa, aplikatzeko xedapenak ezartzen ditu eta, 64. artikuluan, dio kide diren estatuek erabakiko dutela zer zehapen aplikatu erregelamenduko xedapenen aurkako arau-hausteetan, eta behar diren neurriak hartuko dituztela aplikazioa segurtatzeko. Zehapenek eraginkorrak izan beharko dute, proportziozkoak eta jokaera aldarazleak.

Alde horretatik, Erregelamenduaren 62. artikuluan biltzen denez, azaleran oinarritutako laguntzari murrizketak eta baztertzeak aplikatuko zaizkio gehiegizko deklarazioak daudenean, 2419/2001 (EE) Erregelamenduaren 30., 31., eta 32. artikuluen arabera, Europako zenbait laguntza araubide kudeatu eta kontrolatzeko sistema integratua aplikatzeko xedapenak ezartzen baititu. Aipatu erregelamenduaren 36., 38. eta 40. artikuluak aziendan oinarrituta emandako laguntzari aplikatuko zaizkio.

Hutsegiteak eta laguntzetan dituzten ondorioak erregulatzen dituen araua ematera behartzen du lehen aipatu 445/2002 (EE) Erregelamenduak, eta gainera beharrezkoa da murrizketa ekonomikoak hutsegitearen larritasunaren araberakoak izanen badira, ez dadin gertatu hutsegite txiki batek ondorio larria izatea laguntza eskatzailearen kontuan.

Nekazaritza eta Abeltzaintzaren gaietan Nafarroako Foru Komunitateak du eskumen osoa eta, ingurumenaren eta bere lurraldeko jarduera ekonomikoaren plangintzaren gaietan, araugintzako eta Estatuko oinarrizko arauteriak aplikatzeko eskumenak ere baditu.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Xedea.

Laguntzak murriztu eta haiek gabe uztea da foru agindu honen helburua, ohiko nekazaritza praktika egokiak betetzen ez direnean eta ekoizpen integratua sustatzeko, ekoizpen ekologikoa sustatzeko eta desagertzear dauden arrazak sustatu eta mantentzeko laguntzetarako eta Nafarroako alde behartsuetako konpentsazio-ordainerako baldintza eta konpromisoak huts egiten direnean.

2. artikulua. Definizioak.

Foru agindu honentzat, definizio hauek aplikatuko dira:

A) Deklaratutako azalera: Nafarroako alde behartsuetako konpentsazio-ordainaz ari garela, titularrak eskaeran sartu duen azalera. Ekoizpen integratuaren eta ekoizpen ekologikoaren kasuan, lehen kanpainan, titularrarentzat laguntzagai den azalera eta hurrengoetan, zer azaleratarako eskatzen dituen titularrak urteko ordainketak, edo ekoizpen orientazio bera duen azalera guztia eskatzaileak hartaz konpromisoa hartu badu, laguntzagai den azalera baino handiagoa izanez gero. Urtean ordaintzeko laguntzagai den azalera ez da konpromisoa hartutako azaleraren %85 baino txikiagoa izanen, ezta %75 baino txikiagoa abeltzaintza ekologikorako laguntzaren eskatzailea denean.

B) Jakineko azalera: laguntzak erregulatzen dituen araudian ezarritako baldintza guztiak betetzen dituena da eta zein den laborea, haren araudian eta erregelamendu teknikoetan eta produkzio sistematan ezarritakoa. Nekazaritzako praktika egokien kasuan, zer azaleratan erabaki den praktika egokiak betetzea, huraxe.

C) Jakineko animaliak: administrazio kontrolaren ondotik, identifikazio eta erregistro kontuan indarra duen araudia betetzen duten guztiak.

D) Laguntzak murriztea: erabat edo partzialki izaten ahal da eta kanpaina jakin batean aplikatuko da, huts egiteen ondorioz. Kanpaina batean azkenik, murrizketak aplikatuta, dagokiona baino gehiago ordaindu bada, bidegabe jasotakoa itzuli beharko du titularrak eta, diruak legezko korritua emanez gero, hura ere bai.

E) Laguntza araubidetik baztertzea: titularrari emandako laguntzak kentzea dakar, eta jasotakoa itzultzea diruaren legezko korritua gehituta.

3. artikulua. Ekoizpen integratuari, ekoizpen ekologikoari eta desagertzear dauden arrazei laguntzeko eta konpentsazio-ordainetarako eskaerak aurkeztea.

1.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak foru agindu baten bitartez kanpaina bakoitzerako ezarriko duen epean aurkeztuko dira eskaerak eta urteko ordainketenak. Epetik kanpo aurkezten diren eskaerei Kontseiluak abenduaren 11ko 2419/2001 (EE) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie, hartan Europako zenbait laguntza araubide kudeatu eta kontrolatzeko sistema aplikatzeko arauak finkatzen baitira.

2.-Laguntzak aldi baterako eman eta ez bada neurri jakin baterako urteko ordainketaren eskaera aurkeztu, ez zaio urtekoa ordainduko titularrari. Dena dela, ondoko kanpainetarako laguntza eskubideari eutsiko zaio, konpromisoa bukatu arte, hitz emandakoa eta baldintzak betetzen ez direla argi ez badago. Bestelakoan, laguntza araubidetik kanpo geldituko da titularra.

3.-Nekazaritzako ingurumen neurrietarako laguntzak aldi baterako eman eta bi urtez, segidan edo ez, urteko ordainketaren eskaera aurkezten ez bada, laguntza araubide horretatik kanpo geldituko da titularra.

4.-Deklarazio faltsuen kasuan, Batzordearen 2002ko otsailaren 26ko 445/2002 (EE) Erregelamenduaren 63. artikuluan xedatutako zehapenak aplikatuko dira.

4. artikulua. Nekazaritzako ohiko praktika egokiak, 2000ko abuztuaren 21eko foru aginduan araututakoak, ez betetzea ustiategi osoan.

1.-Foru agindu honen I. eranskinean aipatzen diren helburuak betetzen ez badira, 2000ko abuztuaren 21eko foru aginduan zehaztutako eremu eta laboreetan nekazaritzako praktikak egin ez direlako, ustiategiko azalera guztiak hartuko dira kontuan, laguntzarik ez dutenak barne, murrizketa eta bazterketetarako. Foru agindu honetan bildutako laguntzei aplikatuko zaizkien murrizketa ekonomikoak zehazteko, zer azaleratan ez diren baldintzak bete hartuko da kontuan, ondoren azaldu bezala:

-Jakineko azaleraren %3an baino gutxiagoan bete ez badira, laguntzak portzentaje berean murriztuko dira.

-Jakineko azaleraren % 3 eta % 20 artean bete ez badira, portzentajea halako bi murriztuko dira laguntzak.

-Jakineko azaleraren % 20an baino gehiagoan bete ez badira, titularrak ez du laguntzarik hartuko kanpaina horretan.

Neurri bakoitzeko baldintzak ez betetzeagatik egindako murrizketen ondoko laguntzei aplikatuko zaizkie portzentajeen araberako murrizketak.

2.-Foru agindu honen I. eranskinean sartu gabeko nekazaritzako ohiko praktika egokietako baten helburuak badira bete ez direnak, titularrak ez du kanpaina horretako laguntzarik hartuko. Konpromisoa hartu eta bi urtez, segidan edo ez, praktika horiek betetzen ez badira, ekoizpen integratua eta nekazaritza ekologikoa laguntzeko araubide guztietatik baztertuko da titularra.

3.-Kanpaina batean, nekazaritzako praktika egokietako bat edo gehiago ez betetzeak larritasun berezia ekartzen badio ingurumenari edo abereen osasunari, nekazaritzako ingurumen neurrietarako laguntzetatik baztertuta gelditzen ahal da titularra, baita alde behartsuetako konpentsazio-ordainetik ere.

4.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2000ko abuztuaren 21eko foru aginduan ezarritakoak dira Nekazaritzako Praktika Egokien Kodea betetzeko kontrolaren metodoak, hartan zehazten baitira nekazaritzako ohiko praktika egokiak landa garapenerako, zenbait laguntza jasotzeko FEOGAren Berme Atalaren eskutik.

5. artikulua. Konpromisoaren xedeko azalera ekoizpen integratuan edo ekoizpen ekologikoan izatea.

1. Konpromisoek indarrean dirauten bitartean, onuradunak kanpaina batean, arrazoi agronomikoak direla eta, ezin badio konpromisoei eutsi, haiek murrizteko eskatzen ahal du kanpaina horretan. Murrizketa ez da azaleraren % 20rako baino gehiagorako izanen, ezta labore multzo bakoitzerako ezarritako gutxieneko azalera baino gehiagorako laguntza mota bakoitzean. Murrizteko eskaerak txosten bat beharko du lagungarri, teknikari eskudunen batek egina. Ez da murrizteko eskaera bat baino gehiago onartuko konpromisoak dirauen bitartean.

2. Labore multzo bakoitzeko gutxieneko azalerak, indarrean den araudian ezarritakoak, errespetatzen ez badira, titularra laguntza araubidetik kanpo geldituko da.

6. artikulua. Ekoizpen integratua ez betetzea.

1.-Laguntza araubidetik baztertzen dutenak.

-Ikuskapen lanak galarazi edo ez laguntzea eta eskatzen den informazioa ukatzea.

-Nafarroako Ekoizpen Integratuaren Erregistro Ofizialean ekoizle gisa inskribatuta ez egotea Ekoizpen Integratuaren Erregistro Ofizialeko prozeduraren esku-liburuan aurreikusitako epeetan.

-Kontrol entitatearekiko kontratua indarrik gabe izatea.

-Aholkularitza teknikoaren egitura batean inskribatuta ez izatea.

2.-Kanpaina batean laguntzarik gabe uzten dutenak.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, zuzenean edo Nekazaritzaren Kudeaketarako Institutu Teknikoaren bitartez, antolatutako prestakuntzetan parte ez hartzea, haietara deituak izanik, eta titularraren ordezkaririk ez igortzea.

-Antolatzen diren babes fitosanitario edo zoosanitarioko programetan parte ez hartzea, haietara deituak izanik.

-Lurzoruen analisiak ez egitea, ekoizpen integratuaren erregelamendu teknikoetan ezarri bezala.

Horrelakorik, ez nahitaez horiek berak, konpromisoak dirauen bitartean, bi urtez, segidan edo ez, gertatuz gero, ekoizpen integraturako laguntzetatik baztertuko da titularra.

3.-Laguntzak murriztea dakartenak, Batzordearen 2001eko abenduaren 11ko 2419/2001 (EE) Erregelamenduaren 30., 31. eta 32.1 artikuluen arabera.

-Eskatutako azalerak ekoizpenaren erregistro ofizialean inskribatuta ez izatea.

-Erabilerarekin edo azalerarekin zerikusia dutenak, administrazio kontrolaren prozesuetan eta lurzoruaren gainekoetan zehaztutakoak.

-Laborearen erregelamendu teknikoak ez betetzea.

Labore multzo bakoitzean, zer azaleratan ez diren bete baldintzak, haien arabera zehaztuko dira murrizketa ekonomikoak, ondotik azaldu bezala:

-Jakineko azaleraren %3an baino gutxiagoan bete ez badira, laguntzak portzentaje berean murriztuko dira.

-Jakineko azaleraren % 3 eta % 20 artean bete ez badira, portzentajea halako bi murriztuko dira laguntzak.

-Jakineko azaleraren % 20an baino gehiagoan bete ez badira, titularrak ez du laguntzarik hartuko kanpaina horretan.

Murrizketa horiek ez zaizkie laguntzei aplikatuko labore multzo batean konpromisotik kanpo landutako azalera beste labore multzo batekin konpentsatzen bada. Konpentsatutako azalera ez da konpromisoari lotutako azalera osoaren %15 baino gehiago izanen, eta landu gabe utzitako hektareak kenduko dira deklaratutako azaleratik.

4.-Laguntza araubidetik baztertzen dutenak, Batzordearen 2001eko abenduaren 11ko 2419/2001 (EE) Erregelamenduaren 32.2 artikuluaren arabera.

-Ustiategi osoan, artikulu honen 3. zenbakian adierazitakoak ez badira jakineko azaleraren % 30ean baino gehiagoan betetzen, titularra laguntzetatik baztertuko da.

-Ustiategi osoan, 3. zenbakian adierazitakoak jakineko azaleraren % 50an baino gehiagoan betetzen ez badira, ekoizpen integratuko laguntzetatik baztertuko da titularra eta ezin izanen du beste konpromiso baterako laguntzarik eskatu gainerako programazioan.

7. artikulua. Ekoizpen ekologikoa ez betetzea.

1.-Laguntza araubidetik baztertzen dutenak.

-Nekazaritza Ekoizpen Ekologikoaren Nafarroako Kontseiluaren lizentziarik ez izatea laguntzak eskatzeko eguna baino lehen. Abeltzaintza ekologikorako laguntzak eskatzen badira, lizentzia hori ez izatea, ez nekazaritzako ekoizpenerako ez abeltzaintzarako.

-Ekoizle batek bere ustiategian ekoizpen ekologikoa eta ohikoa egiten baditu, ekoizpen ekologikoaren unitateak eta ohikoarenak erabat bereizita ez izatea.

-Administrazioko eta ziurtatu eta kontrolatzeko ardura duen entitateko ikuskatzaileei lurzatietan eta ustiategiari lotutako instalazioetan sartzea galarazi eta trabatzea, eta laguntzaren xede den jarduerari buruz eskatzen zaien informazioa ukatzea.

2.-Kanpaina batean laguntzarik gabe uzten dutenak.

-Dokumentuetan oinarritutako kontabilitaterik ez izatea, Kontseiluaren 2092/91 (EEE) Erregelamenduaren III. eranskinaren 6. puntuan adierazitakoaren arabera.

-Nekazaritza ekologikoan debekatutako lehengaiak pilatzea ekoizpen ekologikoaren unitatean.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak antolatzen dituen prestakuntza ekintzetan parte ez hartzea, norbera edo ordezkari bat agertzeko adierazi ondoren.

-Abeltzaintza ekologikorako laguntzen eskatzaileek tratamenduen liburua eta ustiategiko identifikazio liburua bete gabe edo eguneratu gabe izatea.

-Abeltzaintza ekologikorako laguntzen eskatzaileek ekoizpen ekologikoa merkaturatu gabe izatea.

Horrelakorik, ez nahitaez horiek berak, konpromisoak dirauen bitartean, bi urtez, segidan edo ez, gertatuz gero, ekoizpen ekologikorako laguntzetatik baztertuko da titularra.

3.-Laguntzak murriztea dakartenak, Batzordearen 2001eko abenduaren 11ko 2419/2001 (EE) Erregelamenduaren 30., 31. eta 32.1 artikuluen arabera.

-Laguntzagai diren lurzatiak CPAEN-NNPEK-en inskribatu gabe izatea eskaera aurkezteko eguna baino lehen.

-Kontseiluaren 2092/91 (EEE) Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritakoaz bestela aplikatzea ongarria, lurraren moldatzaileak eta gai fitosanitarioak.

-Kontseiluaren 2092/91 (EEE) Erregelamenduaren II. eranskinean aipatzen diren produktuak erregelamendu horren I. eranskinean esaten denaz bestela erabiltzea, ustiategietako ekoizpen ekologikoaren printzipioez kanpo, alegia.

-Barietate bat bera lantzea ekoizpen ekologikoan, integratuan edo ohikoan, Kontseiluaren 2092/91 (EEE) Erregelamenduaren III. eranskinean jasotakoa izan ezik, non espezie bizikorrak aipatzen baitira (fruta-arbolak, mahastia eta lupulua), ikerketa agronomikoan, haziak, landare erreprodukzioko materiala eta arbola-landareak ekoizten erabiltzen diren lurrak, eta artzaintzako belardiak.

-Erabilerarekin edo azalerarekin zerikusia dutenak, administrazio kontrolaren prozesuetan eta lurzoruaren gainekoetan zehaztutakoak.

-Kontseiluaren 2092/91 (EEE) erregelamenduetan ezarritako beste edozein, ekoizpen ekologikoa arautzen baitu, eta abeltzaintza ekologikoaren ekoizpenari buruzko abuztuaren 24ko 1804/1999 (EEE) Erregelamendukoa.

-Abeltzaintza ekologikorako laguntzen eskatzaileek ustiategiaren koadernoa bete eta eguneratu gabe izatea. Bertan, lurzati bakoitzean egindako laborantza-lan guztiak adieraziko dira, baita lurzatietan egiten diren abeltzaintzako aprobetxamenduak ere.

-Abeltzaintza estentsiboaren aprobetxamenduari ez eustea azalera horietan abeltzaintza ekologikorako laguntza eskatua izanik, eta aprobetxamenduaren egutegia ez betetzea.

Labore multzo bakoitzean, zer azaleratan ez diren bete baldintzak, haien arabera zehaztuko dira murrizketa ekonomikoak, ondotik azaldu bezala:

-Jakineko azaleraren %3an baino gutxiagoan bete ez badira, laguntzak portzentaje berean murriztuko dira.

-Jakineko azaleraren % 3 eta % 20 artean bete ez badira, portzentajea halako bi murriztuko dira laguntzak.

-Jakineko azaleraren % 20an baino gehiagoan bete ez badira, titularrak ez du laguntzarik hartuko kanpaina horretan.

Murrizketa horiek ez zaizkie laguntzei aplikatuko labore multzo batean konpromisotik kanpo landutako azalera beste labore multzo batekin konpentsatzen bada. Konpentsatutako azalera ez da konpromisoari lotutako azalera osoaren %15 baino gehiago izanen, eta landu gabe utzitako hektareak kenduko dira deklaratutako azaleratik.

4.-Laguntza araubidetik baztertzen dutenak, Batzordearen 2001eko abenduaren 11ko 2419/2001 (EE) Erregelamenduaren 32.2 artikuluaren arabera.

-Ustiategi osoan, artikulu honen 3. zenbakian adierazitakoak ez badira jakineko azaleraren % 30ean baino gehiagoan betetzen, titularra laguntzetatik baztertuko da.

-Ustiategi osoan, 3. zenbakian adierazitakoak jakineko azaleraren % 50ean baino gehiagoan betetzen ez badira, titularra laguntzetatik baztertuko da eta ezin izanen du beste konpromiso baterako laguntzarik eskatu hurrengo kanpainan.

8. artikulua. Konpentsazio-ordainerako neurriak ez betetzea.

1.-Laguntzak murriztea dakartenak, Batzordearen 2001eko abenduaren 11ko 2419/2001 (EE) Erregelamenduaren 30., 31. eta 32.1 artikuluen arabera.

Ordainaren xedeko jakineko azalera eskatutakoa baino txikiagoa bada, laguntzen murrizketak aplikatzeko, labore azalerak hartuko dira kontuan alde batetik eta bazkatokiak bestetik, Batzordearen 2419/2001(EE) Erregelamenduaren 30., 31. eta 32.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz. Murrizketa ekonomikoak zehazteko, ordainaren xede izateko eskatu den azalera hartuko da kontuan, eta ordainaren xedeko jakineko azalera, ondotik esan bezala:

-Eskatu den ordainaren xedeko azaleraren eta jakineko azaleraren arteko aldea azken horren %3 baino txikiagoa bada, laguntzak portzentaje berean murriztuko dira.

-Jakineko azaleraren % 3 eta % 20 arteko aldea bada, portzentajea halako bi murriztuko dira laguntzak.

-Jakineko azaleraren % 20an baino gehiagoko aldea bada, titularrak ez du laguntzarik hartuko kanpaina horretan.

Bazkatokien multzoan, ez da murrizketarik aplikatuko jakineko bazkatokiaren azalerak ALU bateko edo gutxiagoko azienda dentsitatea badu hektarea bakoitzeko. Halaber, ez da aurreko murrizketarik aplikatuko ordainaren xedeko jakineko azalera 100 hektareakoa bada edo handiagoa.

2.-Laguntza araubidetik baztertzen dutenak, Batzordearen 2001eko abenduaren 11ko 2419/2001 (EE) Erregelamenduaren 32.2 artikuluaren arabera.

-Ustiategi osoan, aurreko zenbakian adierazitako aldea jakineko azaleraren % 30 baino handiagoa bada, titularra laguntzetatik kanpo geldituko da kanpaina horretan.

-Ustiategi osoan, aurreko zenbakian adierazitako aldea jakineko azaleraren % 50 baino handiagoa bada, titularra laguntzetatik kanpo geldituko da, eta ezin izanen du laguntzarik eskatu hurrengo kanpainarako.

3.-Alde behartsu batean nekazaritzan aritzeko konpromisoa ez betetzea, laguntzak lehen kanpainan hartu eta bost urtean.

Konpromiso hori betetzen ez bada, aurreko kanpainetan jasotakoa itzuli beharko da, diruaren legezko korritua gehituta.

9. artikulua. Desagertzear dauden arrazak sustatu eta mantentzeari buruzko arauak ez betetzea.

1.-Laguntzak murriztea dakartenak, Batzordearen 2001eko abenduaren 11ko 2419/2001 (EE) Erregelamenduaren 36., 38. eta 40. artikuluen arabera.

Laguntza eskaeraren kopuruan deklaratutako abere kopurua administrazio kontroletan edo ustiategian egindakoetan zehaztutakoa baino handiagoa bada, honela kalkulatuko da laguntza:

Eskaerako abere kopuruaren eta zehaztutakoen arteko aldea 3 abere artekoa bada, zehaztutako abereengatik ordainduko da.

-Aldea 3 aberetakoa baino handiagoa bada, honela murriztuko da ekoizlearen eskubidea den laguntza:

A) Frogatutako abere kopuruaren eta eskatutakoaren arteko aldearen portzentajea, %10 baino handiagoa ez den bitartean.

A) Frogatutako abere kopuruaren eta eskatutakoaren arteko aldearen portzentajea halako bi, %10 baino handiagoa eta % 20 baino txikiagoa den bitartean.

-Aldea % 20 baino handiagoa bada, titularrak ez du laguntzarik hartuko kanpaina horretan.

2.-Laguntza araubidetik baztertzen dutenak.

-Eskaeran sartutako abere kopuruaren eta frogatutakoaren arteko aldea %50 baino handiagoa bada, titularra laguntzetatik baztertuko da, eta ezin izanen du laguntzarik eskatu beste konpromiso batean hurrengo kanpainan.

3.-Ezinbestekoren bat dela eta, ekoizleak ezin izan badu konpromisoa bete, hura gertatu arte hartutako laguntzaren eskubidea izaten jarraituko du.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Foru agindu honetako arauek ez dituzte ondoko neurriak galarazten:

a) Batzordearen 2092/91 (EEE) Erregelamendua, 1991ko ekainaren 24koa, nekazaritzako ekoizpen ekologikoari eta haren adierazpideari buruzkoa nekazaritzako eta elikadurako produktuetan.

b) Abenduaren 20ko 617/1999 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ekoizpen ekologikoari eta haren adierazpideari buruzko Erregelamendua onesten duena nekazaritzako eta elikadurako produktuetan.

c) 220/2002 Foru Dekretua, urriaren 21ekoa, uraren bitartez, nekazaritzako nitratoez kutsa daitezkeen eremuak izendatu eta dagokien jarduketa programa onesten duena.

d) 2000ko abuztuaren 21eko Foru Agindua, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, ohiko nekazari praktika egokia definitzen duena FEOGAren Berme atalak landa garapena bultzatzeko kofinantzatzen dituen laguntzak jasotzeko.

e) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren urteko foru aginduak, zeinen bitartez arautzen baitira azaleraren arabera ordaintzen diren zenbait produktu, nekazariendako primak, eskualde behartsuetako konpentsazio-ordainak eta nekazaritzako ingurumena zaintzekoak.

f) Ekoizpen integratuko labore bakoitzak dituen erregelamendu teknikoak.

Azken Xedapen Bakarra

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2003ko kanpainan eta hurrengoetan aplikatuko da.

Iruñean, bi mila eta hiruko irailaren hogeita bian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Echarte Echarte.

I. ERANSKINA. Helburua

1.1.-Higatzeko arriskua gutxitzea lurra iraultzeko lanak atzeratuz, lurra udazkenean bakarrik agerian utzita.

1-2.-Higatzeko arriskua gutxitzea, lurra iraultzean mugitutako bolumena gutxituz.

1-3.-Higatzeko arriskua gutxitzea maldetako isurketa gutxituz.

2-2.-Minda bidez lurra eta ura kutsatzeko arriskua gutxitzea, haren aplikazioa mugatuz maldan dauden alorretan.

2-3.-Lurra eta ura kutsatzeko arriskua gutxitzea ongarriaren aplikazioa mugatuz, alorra elurrak edo urak hartua dagoenean.

2-5.-Ura, lurra eta airea kutsatzeko arriskua gutxitzea; orobat, beste ustiategiek eta jendeak, oro har, jasan dezaketen ondorioa eta arazoak mugatzea, simaurra eta minda behar bezala kudeatuz.

2-6.-Ura, lurra eta airea kutsatzeko arriskua gutxitzea; orobat, beste ustiategiek eta jendeak, oro har, jasan dezaketen ondorioa eta arazoak mugatzea, gorozkiak nekazaritzako balorizazioaren bidez ezabatzeko kontrolaren bitartez.

2-7.-Ur baliabideak modu arrazionalean erabiltzea.

4-1.-Nekazaritzan erabiltzen den plastikoa biltzea.

4-2.-Gai fitosanitarioen ontziak ezabatzea.

5-1.-Basoko sute arriskua gutxitzea eta zereal guneetako flora eta faunaren babesa hobetzea galondoak erretzea murriztuz edo galaraziz.

5-3.-Gai fitosanitarioak ez erabiltzea izurriei eta gaitz endemikoei aurre egiteko.

5-4.-Kimatu ondoko hondarrak garbitzea.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa