Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1999ko 37. NAOn argitaratua, martxoaren 26an. Aldaketak: 15/2000 Foru Legea, abenduaren 29koa)
Atarikoa
Gaur egun, Europako herrialde guztietan ari dira lanaldiaren murriztea oinarri duten esperientziak egiten, hainbat aplikazio eredu eta tresna erabiliz, eta guzti hori enplegu politikaren barrenean.
Horien artean, Frantziako eta Italiako Gobernuek bultzatutako lege ekimenak daude; horiei, dagokien aurrekontu-esleipenak ere egin zaizkie. Nahi dena da negoziazio prozesu orokorra bultzatu, lanaldia murriztu eta berrantolatzeko, horrela, lehentasunezko helburua lortu ahal izateko: lana sortzea.
Nafarroan dagoen langabezi tasa Europan dagoenaren antzekoa da, eta beharrezkoa da arazoa gizartearentzat onargarri den mailara txikiagotzea, ondoren, enplegu betea lortzeko.
Urte hauetan Administrazio Publikoaren artean eta gizarte-eragile eta eragile ekonomikoen artean lortutako adostasuna dela medio, langabezia gutxitzeko jarduketa zehatzak egitea errazten duen giroa sortu da, eta horren islada izan dira sektoreen arteko zenbait akordio eta enplegu plan.
Akordio horietan, erakunde sindikalek proposatu dute neurri multzo bat kontutan izatea eta horiek zehaztea; neurri horien artean daude emaitza positiboak izan dituzten politikei eustea eta baita neurri berriak hartzea ere, eta horien artean lanaldiaren murrizketa.
Esparru horretan garatu dira foru lege honetako artikuluak. Foru lege honekin nahi izan dena da gizarte-eragile eta eragile ekonomikoen arteko akordioak osatu eta garatu; helburua da lege-tresna sortzea, lanaldia murriztuz enplegua handiagotzeko aukera horri buruzko negoziazio prozesuak irekitzen lagunduko duena.
Beraz, gure komunitatea politika berritzaileen aitzindari izatea da helburua; hemengo politikak Europan enpleguarekiko joerekin batera gara daitezela eta, halaber, gai izan daitezela ebaluatzeko lanaldia murrizteak, epe laburrean, enplegu berriak sortzeko duen eragina. Politika horiek praktikan jartzeko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak bideratuko dira.
1. artikulua
Foru Lege honen xedea da neurri publikoak ezartzea lanaldia berrantolatu eta murrizteko eta hogeita hamabost orduko lanaldia progresiboki ezartzeko Foru Komunitateko Administrazioan, Nafarroako toki entitateetan eta Foru Komunitateko produkzio-sektore ezberdinetako enpresetan.
2. artikulua
Foru lege honen ondorioetarako, ondoko kontzeptuak honela ulertu beharko dira:
1. Lanaldiaren berrantolaketa:
a) Funtsezko aldaketak eguneko, asteko, hileko edo urteko lanaldiaren ordu banaketan.
b) Lana txandaka ezarri eta berrantolatu.
c) Ordutegi zatitua ordutegi jarraitua bihurtu, edo alderantziz.
d) Errendimentuagatiko ordainketa sistemak ezarri, lan denbora kentzen dutenak.
e) Beste edozein, urteko lanaldiari eutsita ere, funtsean, lanaldi horren banaketa ezberdina badakar.
2. Lan denbora gutxitzea: urtean zehar osotara lan egin behar diren orduak gutxitzea, beti ere ondoko arrazoiren bategatik bada:
a) Lanaldiaren murrizte zuzena.
b) Jai egun eta oporren gehitzea.
c) Lege bidez edo hitzarmenen bidez ezarritako baimenengatiko denboraren gehitzea.
d) Lanaldiaren beste edozein murrizte, horrekin kontratazio berriak egiten badira.
3. artikulua
Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen 2000. urterako eta hurrengo urteetarako lan baldintzak sindikatuetako ordezkariekin negoziatzerakoan, Nafarroako Gobernuak lanaldia berrantolatu eta murrizteko behar diren neurriak aurkeztuko ditu Negoziazio Mahai Orokorrean, hartan azter daitezen; neurri horiek 35 orduko lan astea ezartzea bideratuko dute, lanaldi orokorra egiten dutenentzat, eta hein bereko lanaldi-murrizketa txandaka edo txanda berezitan lan egiten dutenentzat.
Asteko 35 orduen urteko zenbaketak 1.592 ordu egiten du, guztira.
Neurri horiek aplikatzeak lanpostu berrien beharra ekarriko du, behar horiek betetzea ezinbestekoa bada zerbitzuaren maila mantentzeko. Horren berri eman beharko da kasuan kasuko enplegu eskaintza publikoan sartzeko.
Bai lanaldiaren murriztea zehazteko formulak, bai zerbitzua bermatzeko behar den enplegu egonkorraren sorrera zehazteko formulak, langileen legezko ordezkariekin negoziatu beharko dira.
3. bis artikulua
Foru Komunitateko Administrazioak eta bere menpeko organismo autonomoek zuzenean edo zeharka kapitaleko partehartze maioritarioa duten enpresetan, 3. artikuluan adierazitako neurrian eta bertan zehazturikoari jarraituz aplikatuko da lanaldiaren berrantolaketa eta murrizketa.
Negoziazio Mahai Nagusiari buruz 3. artikuluak egiten duen aipamena ulertuko da enpresetako zuzendaritzen eta haien langile-ordezkaritzen arteko lan-itunetarako bilerei buruz egina dela.
4. artikulua
1. Nafarroako Gobernuak, 5. artikuluan esaten denaren arabera, lanaldiaren berrantolamendua eta murrizketa sustatuko ditu enpresetan, baldin eta Foru Komunitateko Administrazioak, toki entitateek edo haien menpeko organismo autonomoek parte hartzen badute aipatu enpresen kapitalean, zuzenean edo zeharka.
2. Era berean, aparteko orduen mugatzea beren gain hartuko dute.
5. artikulua
1. Nafarroako Gobernuak lanaldiaren berrantolamendua eta murrizketa sustatuko ditu Foru Komunitateko produkzio-sektore eta zerbitzu guztietan, aurreko artikuluetan adierazitako terminoetan.
Horretarako, ondorengo laguntzak ezartzen dira, besteren konturako langileei kontratu mugagabeak egitea bultzatzeko, bai lanaldi osorako, bai zati baterako, enpresetan lortzen diren akordioetatik ondorioztatzen direnak, plantilla osorako edo haren zati baterako.
2. Urteko lanaldiaren murriztea 100eko 5ekoa izanen da, gutxienez; aldi batean edo bitan antolatu daiteke, betiere lanaldiaren murrizketa bi urteetako bakoitzean urteko orduen 100eko 2 baino gehiagokoa bada.
Urteko lanaldiaren murrizketa, lan egutegia malgutzeko neurriekin edo bestelakoekin konpentsatu beharko da.
Hori dela eta, enpresek lanaldiaren murrizketa eta beraren berrantolamendua ezartzeko plan bat eginen dute; hartan, justifikatu beharko dute murrizketa horrek ez duela lehiakortasunaren galerarik ekarriko ez eta produktuen edo zerbitzuen prezioa igoko ere.
Plan hori enpresako zuzendaritzak eta langileen legezko ordezkariek sinatu beharko dute enpresa bakoitzean.
Langileen legezko ordezkaririk ez bada, enpresarioak edozein akordio hartzea planteatu ahal izanen dio hitzarmen kolektiboaren batzorde parekideari, baldin eta akordioa aipatu batzorde parekide horretan dauden sindikatuetako ordezkariekin sinatzen bada, halakorik bada; akordioa ordezkari gehien dituzten gizarte erakundeekin ere sinatu ahal izanen da.
3. Laugarren idazatian aurreikusitako laguntza guztiak jaso ahal izateko, lanaldiaren murrizte horrek ekarriko duen enplegu berri bakoitzak 100eko 3ko plantilaren gehikuntza sortuko du. Gehikuntza 100eko 3 baino gutxiagokoa bada, aipatu idazatiko c) letrako laguntzak baizik ezin izanen ditu lortu enpresak. Bi kasu horietan, dirulaguntzak jasotzeko, beren plantilak lan-kontratu mugagabeekin handitzen dituzten enpresek langile horiek gutxienez hurrengo lau urteetan mantenduko dituzten konpromisoa hartuko dute.
4. Arestian aipatu baldintza betetzen dituzten enpresek eskubidea izanen dute ondoko zerga-onurak aplikatzeko:
a) Amortizatzeko askatasuna dagoen ibilgetu materialerako eta erosi berritako materialerako.
b) Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 63. artikuluak aipatzen duen kenkariak 100eko 25era igotzea.
c) Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 71. artikuluaren 1 eta 3 idazatiek aipatzen duten kenkaria 100eko 50era igotzea. Enpleguaren handitzea ebaluatzeko erabiliko den erreferentziazko plantila, lanaldiaren murrizketa eta berrantolamendua ezartzeko akordioa indarrean sartu aurreko urteari dagokiona izanen da.
Zerga onura horiek jaso nahi dituzten entitateek tributu-administrazioari Ezarpen Plana aurkeztu beharko dio; hartan, inbertsioei eta lana sortzeari buruzko programa jasoko da, bai eta lanaldia berrantolatu eta murrizteari buruzko proiektu teknikoa ere.
Aurreko idazatietan aipatzen den enpleguaren gehikuntza lanaldi osokoa baizik lanaldi partzialekoa bada, dirulaguntzen zenbatekoa proportzioan gutxiagotu beharko da.
5. Neurri hauek bi urtez izanen dute indarra, Foru lege hau indarrean sartzen denetik aurrera; edonola ere, epe hori zabaldu ahal izanen da.
Lege honek lortu nahi duen helburua lortzeko ematen diren zerga laguntzak eta zuzeneko laguntza bateragarriak izanen dira enpresak jaso ditzaketen gainerako guztiekin.
Azken Xedapenetan Lehena
Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau garatzeko behar diren erregelamendu mailako xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Hala ere, ondorio ekonomikoak 2000. urteko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu.