(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

144/2003 Foru Agindua, urriaren 20koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, nahitaez hil beharreko behiak ordezteko dirulaguntzak arautzen dituena

 

(2003ko 143. NAOn argitaratutako testua, azaroaren 10ean)

Atarikoa

Saneamenduko kanpainen ondorioz hil beharreko behiak ordezteko laguntzak Nafarroako nekazaritza egituren eraginkortasuna hobetzeko laguntzen Erregelamenduan ezarrita daude.

Europako Batzordeak, 33/01 laguntzari buruz 2002ko apirilaren 8an hartutako C745 (2002) Erabakiaren bidez, abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuan azaltzen diren laguntzak onetsi ditu, nekazaritza sektorearentzako estatuetako laguntzei buruzko Europako Elkartearen jarraibideetan ezarritako baldintzen araberakoak direlakoan.

Abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearentzako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamendua onetsi zen, non besteak beste nahitaez hil beharreko behiak ordezteko laguntzak aipatzen baitira, eta saneamenduko kanpainen ondorioz hil beharreko behiak ordezteko laguntzak aldatu zituen azaroaren 22ko 594/1999 Foru Dekretua baliogabetu zen.

Hortaz, bidezkoa da hil beharreko behiak ordezteko laguntzen oinarriak garatzea, 280/2002 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluko 2.b) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea nahitaez hil beharreko behiak ordezteko laguntzak arautzea da. Laguntza horiek Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearentzako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuan ezarrita daude.

Laguntzak konpentsazio moduan emanen dira, saneamenduko kanpainen ondorioz hil beharreko behiak ordezteko egiten diren inbertsioak finantzatzeko. Gaixotasun hauei aurre egiteko osasun kanpainak aintzat hartuko dira: behi bruzelosia, behi tuberkulosia, behi leukosi enzootikoa eta behi perineumonia kutsagarria.

2. artikulua. Onuradunak.

Laguntza hauek eskatu ahal izateko baldintza hauek bete beharko ditu abeltzainak: abeltegia Nafarroan izatea, Nafarroako Abeltegien Erregistroan inskribaturik egotea eta abelburu guztietan saneamendu kanpaina egina izatea, indarreko arauei jarraikiz.

Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Urteroko Planaren barreneko Ugalketarako eta Aurrerako Behi Azienda Ustiatzeko Aseguruan abereen saneamenduagatik nahitaez hil beharreko buruen berme gehigarria sinatzeko moduan dauden abeltegiei ez zaie honelako laguntzarik emanen. Abeltegiaren balizko aseguru horren indarraldian hiltzen diren abelburuengatik ez da laguntzarik emanen.

Honako abelburu hauek ez dute ordezpenerako laguntzak jasotzeko eskubiderik sortuko: esnetarako behiak, zazpi urtetik gorakoak badira, haragitarako eta zezenketarako behiak, hamar urtetik gorakoak badira, eta sei hilabetetik beherako abelburu guztiak. Hil beharreko arrengatik ere ez da laguntzarik emanen, adina gorabehera.

3. artikulua. Betebeharrak.

Laguntza hartu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) 18 hilabetetik bost urtera bitarteko behiak ordeztuko dira.

b) Beste abeltegi batzuetatik datozen behiekin ordeztuz gero, abeltegi horiek gaixotasunik gabekotzat edo bruzelosi gabekotzat joak beharko dute ofizialki, helmugako abeltegiaren kalifikazioaren arabera. Gainera, tuberkulosiak eta leukosiak jo gabeak eta perineumonia gabekoak izanen dira.

c) Salgai diren abereak gehienez ere eraman baino hogeita hamar egun lehenago aztertu beharko dira eta saneamenduko probetan negatibo atera beharko du.

d) Laguntzak hartzen dituzten behiak ordezten dituztenek gutxienez ere hiru urtez iraun beharko dute behitegian.

e) Abeltegi bereko abereekin ordezteko epea gehienez ere hiru urtekoa izanen da. Epe hori positibo eman duen azken aberea hil zutenetik hasiko da, betiere arauzko epean hil bazuten.

f) Beste abeltegi batzuetako abereekin ordezteko epea gehienez ere urtebetekoa izanen da. Epea saneamenduaz arduratzen den agintari eskudunak abereak ekartzeko baimena ematen duenetik hasiko da.

4. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Behi azienda ordezteko laguntzak hauexek izanen dira:

a) Abeltegi bereko abereekin ordeztuz gero:

-300 euro liburu genealogikoan inskribaturiko bigantxako.

-180 euro liburu genealogikoan inskribaturik ez dagoen bigantxako.

b) Beste abeltegi bateko abereekin ordeztuz gero:

-240 euro liburu genealogikoan inskribaturiko bigantxako.

-120 euro liburu genealogikoan inskribaturik ez dagoen bigantxako.

c) Harturiko laguntza eta kalte-ordain guztien baturak, haragiak hiltegian duen balioa gehiturik, ez du behin ere gaindituko bigantxak salduz gero izanen lukeen balioa. Hori frogatzeko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak behar diren ziurtagiriak eskatuko ditu.

d) Abereak ordezteko laguntzak gutxituz joanen dira ustiategian kanpaina ofizialeko gaixotasunen bat atzeman den denboraren arabera. Zehazki, laguntzak %80, %60, %40 eta %20 gutxituko dira urtez urte. Bosgarren urtetik aurrera laguntza jasotzeko eskubidea galduko da.

5. artikulua. Eskabideen aurkezpena.

1. Laguntza eskatzeko, berariazko idazki edo inprimakiak erabili behar dira eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren edozein bulegotan aurkeztu. Orobat, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bitartez aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan aurreikusitako edozein tokitan aurkezten ahal dira.

2. Laguntzen eskaeran datu hauek eman beharko dira nahitaez: eskatzailearen izen-deiturak eta helbidea, abeltegiko datuak eta dirulaguntzaren xede diren abereen identifikazioa eta jatorria.

3. Eskaerak aurkezteko epeak ondokoak izanen dira:

a) Ordezpenak abeltegi bereko behiekin egiten badira, emaitza positiboa eman zuen azken behia hil zenetik hiru urte igaro baino lehen.

b) Ordezpenak beste abeltegi batzuetako behiekin egiten badira, saneamenduaren ardura duen aginte-organoak abereak sartzeko baimena ematen duenetik urte bat igaro baino lehen.

6. artikulua. Eskaerak tramitatu eta ebaztea.

1. Aurkeztutako dokumentazioa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak aztertuko du eta, akatsen bat aurkituz gero, interesatuei jakinaraziko die, gehienez ere hilabete batean okerrak zuzendu edo dokumentazioa osa dezaten eskatzen zaizkien datuak ekarriz; bestela, ebazpena eman ondoren, espedientea artxibatu eginen da.

2. Aurrekontua nahikoa ez bada aurkeztutako laguntza eskaera guztientzat, erregistroan sartzen diren ordenaren arabera emanen dira laguntzak, aurrekontuko diru guztia agortu arte, betiere eskatzen den dokumentazio guztia baldin badute. Laguntzarik jasotzen ez duten eskaerek hurrengo urtean aurkezten direnen aldean lehentasuna izanen dute.

3. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak, dokumentazioa eta egiten diren txostenak ikusirik, foru agindu honetan aurreikusitako laguntzei dagokien ebazpena emanen du. Ebazpen hori positiboa izatera, zenbatekoa eta laguntza lortzeko baldintzak zehaztuko dira.

4. Kasuan kasuko administrazio ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da eskaera Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan sartzen denetik hasita. Epe horretan ez bada berariazko ebazpena jakinarazten, ulertuko da eskaera ukatu egin dela.

7. artikulua. Kontrolak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak behar diren kontrolak ezarriko ditu frogatzeko laguntzapeko ordezpen behiak gutxienez hiru urtez edukitzen direla abeltegian.

8. artikulua. Neurria aplikatzen jarraitzea.

1. Konpromiso-aldian onuradunak laguntzaren xede den ustiategia osorik edo haren zati bat beste bati eskualdatzen baldin badio, lagapen-hartzaileak konpromisoari eutsi ahalko dio hura amaitu arte, betiere foru agindu honetan onuradunari eskatzen zaizkion beharkizunak betetzen baldin baditu. Horrelako kasuetan, lehenengo onuradunaren beharkizunak eta eskubideak bere gain hartuko ditu. Bestela, onuradunak jasotako laguntzak itzuli beharko ditu, gehi ordainketa eta itzulketaren artean igaro den aldiari dagozkion korrituak.

2. Hitzarturiko konpromisoak ez betetzeko ezinbesteko arrazoiren bat gertatzen bada, konpromisoari eutsi zaion aldiari dagokion dirua ez da eskatuko. Ezinbesteko kasuak honako hauek izanen dira:

a) Onuradunaren heriotza.

b) Onuradunaren lanerako ezintasun luzea.

c) Neurria aplikatu zaion ustiategiaren parte handi bat desjabetzea, konpromisoa hartu zen egunean desjabetzapena ezin bazen aurreikusi.

d) Laguntzapeko abeltegia ukitzen duten ezbehar natural larriak.

e) Onuradunaren ustiategian gaitzak agertzea, erauzte eta kontrol neurriak hartzera behartzen dutenak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua begirale dela.

f) Abeltzaintza Zerbitzuak ohiz kanpokotzat hartzen duen beste edozein gorabehera, behar bezala dokumentatuz gero.

Ezinbesteko kasuren bat gertatuz gero, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinarazi beharko zaio, ezbeharra gertatzen denetik hamar egun balioduneko epean gehienez.

9. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Foru agindu honetan aurreikusten diren laguntzak hartzen dituztenek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak dirulaguntzen inguruan egiten duen edozein egiaztapen onartzea.

b) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinaraztea helburu bereko beste dirulaguntza publikorik eskatu dutenetz.

c) Kontabilitatean edo liburu-erregistroan dirulaguntza erregistratzea, indarra duen arautegiaren arabera horretara beharturik egonez gero.

d) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari idatziz jakinaraztea dirulaguntza hartzen duten behietan izaten diren bajak, horiek izan eta hamar eguneko epean gehienez.

10. artikulua. Laguntza itzultzea.

Laguntzak emateko eskatzen diren baldintzak eta konpromisoak betetzen ez badira, oso-osorik itzuli beharko dira eta dagokion berandutza interesa ere eskatuko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Arau-hauste eta zehapenen araubidea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean finkatutakoa izanen da.

2. Arau-hausteak zehaztu eta zehapenak jartzeko prozedura abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuari lotuko zaio, nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloko zehapen prozedura administratiboa onesten duen hari, alegia.

12. artikulua. Laguntzei uko egitea.

Abeltzainen bati eman zaion dirulaguntza interesatzen ez bazaio, laguntzari uko egiten diola idatziz jakinarazi beharko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hogeita hamar eguneko epean. Hala egiten ez badu, onuradunak laguntza eta baldintzak onartzen dituela ulertuko da.

Lehendabiziko Xedapen Gehigarria

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoari men eginen zaio.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak aurrekontuetako mugen araberakoak izanen dira eta 2003ra arte luzatu diren 2002. urteko Nafarroako aurrekontu orokorretako eta hurrengo urteetako "Abeltzainendako dirulaguntzak behiak ordezteko" izeneko 711001-71310-7700-713202 kontusailaren kargura ordainduko dira.

Hirugarren Xedapen Gehigarria

Foru agindu hau aplikatzeko egintzen aurka, gora jotzeko helegitea aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, helegitearen xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Azken Xedapen Bakarra

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa