(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

110/2011 Foru Agindua, martxoaren 8koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, "nekazaritzako ustiategiak modernizatzeko" eta/edo "gazteak nekazaritzako ustiategian sartzeko" neurrietako inbertsioen hasieraren berri emateko ...

110/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 8koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, "nekazaritzako ustiategiak modernizatzeko" eta/edo "gazteak nekazaritzako ustiategian sartzeko" neurrietako inbertsioen hasieraren berri emateko prozedura ezartzen duena, Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren barruan, 2011ko ekitaldian

(2011ko 53. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 17an)

Atarikoa

Kontseiluaren irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamenduak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bitartez kudeatzen diren landa garapenerako laguntzei buruzkoak, Europar Batasunak LGENFen bitartez finantzaturik landa garapenerako ematen duen laguntzari buruzko arau orokorrak ezartzen ditu.

Erregelamendu horren esparruan bideratzen dira nekazaritzako ustiategiak modernizatzeko eta nekazari gazteak nekazaritzako ustiategian sartzeko neurrietarako laguntzak.

Neurri horietarako laguntzak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren otsailaren 18ko 72/2010 Foru Aginduaren bidez arautzen dira. Agindu horren bitartez "Nekazaritza ustiategiak modernizatzeko" eta "Nekazari gazteak beren gain hasteko" laguntzei buruzko arauak ezarri dira, Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren barruan.

Bestalde, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 1eko 520/2010 Foru Aginduaren bidez, behin-behinekoz itxi zen otsailaren 18ko 72/2010 Foru Agindu horretan aipatutako laguntzak eskatzeko epea.

Kontroletarako Erregelamendu berri bat argitaratu baita, indarra duen araudia egokitu egin behar baita eta tresna informatikoak Nafarroako 2011rako aurrekontu orokorren egitura berriaren arabera moldatu behar baitira, atzerapena sortu da arau berrien argitalpenean eta, horregatik, bidezkoa da, horiek indarra hartu bitartean, prozedura bat ezartzea onuradunek inbertsio proiektua noiz hasi behar duten eta/edo instalazioa noiz egin behar duten jakinaraz dezaten, horrela data horiek jaso eta ez hastearen aurretiazko akta egin ahal izateko.

Neurri honen xedea onuradunendako edozein eragozpen saihestea da, beren gain hasteko eta/edo inbertitzeko erabakiak hartzerakoan. Hala ere, horren ondorio bakarra proiektuak hasteko eguna finkatzea da, haien ondoriozko gastu guztiak diru-laguntzen xede izan ahal daitezen, arauetan ezartzen diren betebeharrak betetzen badituzte.

Jarduketa hau aurreikusita dago abenduaren 4ko 1852/2009 Errege Dekretuaren 3. artikuluko 16. puntuan. Dekretu horren bidez, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) kofinantzaturik Landa Garapeneko Programen esparruan gastuak diruz laguntzeko irizpideak ezartzen dira.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:

Artikulu Bakarra

"Nekazaritzako ustiategiak modernizatzeko" eta/edo "gazteak nekazaritzako ustiategian sartzeko" neurrietako inbertsioen hasieraren berri aurretiaz emateko prozedura ezartzea, Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren barruan.

"Nekazaritzako ustiategiak modernizatzeko" eta/edo "gazteak nekazaritzako ustiategian sartzeko" neurrietako inbertsioen hasieraren berri emateko prozedura ezartzen da, Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren barruan, 2011ko ekitaldian. Honako hau izanen da:

1. Nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egin behar dituztenek eta/edo beren gain hasi behar duten nekazari gazteek, Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren barruan ezartzen diren laguntzak hartu nahi badituzte 2011ko ekitaldian, aldez aurretik horren berri ematen ahalko diote Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

2. Jakinarazpen hori eskabide orokorraren bidez eginen da eta kontu hauek bildu beharko ditu:

-Eskatu nahi den laguntza mota: nekazaritzako ustiategiak modernizatzea eta/edo beren gain hastea.

-Inbertsioen azalpen laburra.

-Aurreikusten den gastuaren zenbatekoa, gutxi gorabehera.

-Hasteko aurreikusten den eguna.

-Inbertsioen tokia, zehazki herria, poligonoa eta lurzatia aipatuz.

-Interesa duen beste edozein argibide.

3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak inbertsioa hasi aurreko akta eginen du.

4. Ez hastearen aktaren ondorengo inbertsioek dakartzaten gastuak laguntzen ahalko dira diruz.

5. Foru agindu honek indarra galduko du 2011ko arauak onesten dituen foru aginduak indarra hartzen duenean, eta horrek ez du alde batera utziko laguntza eskabidea aurkeztu beharra arauek ezartzen duten prozeduraren arabera.

Azken Xedapen Bakarra

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa