(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Merkataritza :
    • 111/2001 Foru Dekretua, maiatzaren 7koa, Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren barne-araudia behin betikoz onesten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

111/2001 Foru Dekretua, maiatzaren 7koa, Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren barne-araudia behin betikoz onesten duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2001eko 70. NAOn argitaratua, ekainaren 8an. Aldaketak: Nafarroako Gobernuaren Erabakia, 2009ko abuztuaren 31koa; 357/2004 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa)

Atarikoa

Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialari buruzko azaroaren 18ko 17/1998 Foru Legearen 30. artikuluan xedatuta dago Korporazio horrek barne-araudi bat prestatuko duela. Behin Ganberako Osoko Bilkurak onetsi ondoren, Nafarroako Gobernuari bidaliko zaio, bidezkoa bada, behin betikoz onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dezan.

Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak, 2001eko urtarrilaren 30ean egindako Osoko Bilkuran, aho batez onetsi zuen barne-araudiaren testua, Nafarroako Gobernuak proposatu aldaketak barne zirela.

Horregatik guztiagatik, bidezko da Nafarroako Gobernuak Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren barne-araudia onestea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, indarra har dezan.

Horrenbestez, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan eta Teknologia kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko maiatzaren zazpian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

Artikulu bakarra

Behin betikoz onestea Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren barne-araudia. Hona hemen testua:

I. TITULUA. IZAERA ETA ARAUBIDE JURIDIKOA

1. artikulua. Izaera.

Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofiziala zuzenbide publikoko korporazioa da, nortasun juridikoa duena, eta bere helburuak betetzeko bidean jarduteko erabateko gaitasuna.

Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofiziala Administrazio Publikoen aholkularitza eta lankidetzarako organo gisa eratu da, baina helburu dituen interes pribatuak alde batera utzi gabe.

2. artikulua. Xedea eta helburuak.

Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak Legeak esleitzen dizkion eskumen publikoak izanen ditu, hala nola administrazio publiko eskudunek agindu edo esleitzen dizkiotenak.

Ganberaren helburu nagusia da, halaber, Nafarroako merkataritza eta industriaren interes orokorrak ordezkatu, sustatu eta defendatzea eta jarduera horietan aritzen diren enpresei zerbitzu ematea.

3. artikulua. Antolaketa eta funtzionamendurako irizpideak.

Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren egitura eta funtzionamendua demokratikoak izanen dira.

4. artikulua. Lurralde eremua.

Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren jarduera eremuak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoa hartzen du.

Ganberaren helbide korporatiboa Iruñean izanen da, baina, tokian tokiko jarduera ekonomikoaren arabera, Nafarroako beste eskualde edo herri batzuetan delegazio edo ordezkaritzak irekitzen ahalko dira.

5. artikulua. Araubide Juridikoa.

1. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren jarduna honako arau hauek gidatuko dute: Nafarroako Merkataritza eta Industriako Ganbera Ofizialari buruzko azaroaren 19ko 17/1998 Foru Legea, deusetan galarazi gabe Merkataritza, Industria eta Nabigazioko eta kanpoko merkataritzako ganbera ofizialen arloan estatuan dagoen oinarrizko legedia; Foru Lege hori garatzeko ematen diren arauak; maiatzaren 2ko 1291/1974 Dekretuaren bidez ezarritako Ganberen Erregelamendu Orokorra (martxoaren 27ko 753/1978 eta ekainaren 22ko 816/1990 Errege Dekretuek aldatua), betiere aurreko xedapenetan ezarritakoari aurka egiten ez zaion heinean; eta honako barne-araudi hau.

2. Ordezko arau gisa, Administrazio Publikoen egitura eta funtzionamenduari buruzko legedia aplikatuko da, haren izaerarekin eta helburuekin bat etortzen bada.

3. Kontratazioaren eta ondare-araubidearen arloetan, hala nola eginkizun publiko-administratiboez bestelakoei dagozkienetan, zuzenbide pribatuaren pean egonen da.

II. TITULUA. ESKUMENAK

6. artikulua. Izaera publikoa duten eskumenak.

Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak honako eskumen publiko-administratibo hauek izanen ditu:

a) Jatorriari buruzko ziurtagiriak egitea, hala nola nazioko edo nazioarteko merkataritzako trafikoari loturiko gainerako ziurtagiriak, indarra duen legerian ezarritako kasuetan.

b) Nafarroak merkataritza arloan dituen arauzko usadio eta ohiturak biltzea, hala nola negozioetako praktika eta usadioak, eta horiek erabili ohi direla egiaztatzeko ziurtagiriak egitea, argitara ematea eta zabaltzea.

c) Foru Komunitateko Administrazioari eta, kasua bada, Estatukoari proposatzea, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren edo eskumena duen ministerioaren bidez, merkataritza eta industria sustatzeko kasuan-kasuan egoki edo beharrezkotzat hartzen diren berrikuntza edo neurriak.

d) Administrazio Publikoendako organo aholku-emaile gisa aritzea, haiek ezartzen duten moduan, merkataritza eta industria garatzeko eskatzen dioten informazioa eta laguntza emanez.

e) Kanpoko merkataritza lagundu eta sustatzeko jarduerak egitea, bereziki esportazioa sustatzeko eta Nafarroako produktu eta zerbitzuen kanpoko presentzia areagotzeko, nola eta Esportazioak Sustatzeko Ganberaren Plana prestatu eta burutuz, estatuko legediarekin bat.

f) Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza administrazioarekin lankidetzan aritzea Lanbide Heziketa arautuko irakaskuntzen barrenean lantegietan ematen den prestakuntza praktikoa kudeatzen, bereziki lantegi eta enpresen hautapen eta homologazioaren arloan, ikasleen tutoreen izendapenetan eta programazioa betetzeko kontroletan.

g) Enpresei laguntzeko programa publikoak izapidatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin lankidetzan, kasuan-kasuan ezartzen den bezala. Orobat, laguntza horiei loturiko zerbitzu publikoak kudeatu beharko ditu, laguntzen kudeaketa Estatuko Administrazioari dagokion kasuetan.

h) Ganberaren eremuan dauden enpresa guztien eta haien establezimendu, ordezkaritza eta agentzien errolda publikoa prestatzea; datu horiek eskatzen dituen pertsona orori bideratuko dizkio.

i) Merkataritza arloko arbitro lanak egitea, nazio barruko nahiz nazioarteko liskarretan, indarra duten legeetan ezarritakoari jarraikiz.

7. artikulua. Beste eginkizun publiko batzuk.

Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialari dagozkio, orobat, ondotik datozen eginkizun publiko-administratiboak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zehazten duen moduan eta neurrian:

a) Nafarroako merkataritza eta industriari buruzko estatistikak egitea, bai, halaber, ebaluazio-inkestak eta merkataritza eta industri sektoreei buruzko azterlanak, eta horiek guztiak argitaratu eta zabaltzea, betiere Estatistikako Funtzio Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legean, Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legean eta aplikagarri diren gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

b) Feria eta erakustazokak sustatu eta antolaketan laguntzea.

c) Enpresari buruzko prestakuntza ez-arautua ematea eta zabaltzea.

d) Enpresek, ikastetxe publiko edo pribatuek eta, kasua bada, Administrazio Publiko eskudunek etengabeko prestakuntzarako ezartzen dituzten programetan laguntzea, sinatzen diren lankidetza hitzarmenen arabera.

e) Kontratazio-lonjak eta azpikontrataziorako boltsak sortu eta administratzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren aldez aurretiko baimena lortuta.

f) Merkataritza edo industriaren interes orokorrak zuzenean ukitzen diren kasuetan, Nafarroako Foru Komunitateak ematen dituen arauen proiektuei buruzko txostenak egitea, hala nola lurraldea antolatzeko baliabideei buruzkoak, haien helburu nagusia merkataritza edo industri jarduera handiak ezartzea bada, eta baita saltoki handiak ezartzeko espedienteei buruzko txostenak ere, Txikizkako Merkataritzaren Antolamenduari buruzko urtarrilaren 15eko 7/1996 Legean xedatutakoarekin bat.

g) Enpresei laguntzeko programa publikoak betearazten laguntzea, kasuan-kasuan ezartzen den moduan, eta laguntza horiei loturiko zerbitzu publikoak kudeatzea, haien kudeaketa Nafarroako Foru Komunitateari dagokion kasuetan.

h) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin lankidetzan aritzea, lurraldea antolatzeko eta industria eta merkataritza kokatzeko azterketa, lan eta jarduketen gaineko txostenak eginez.

8. artikulua. Merkataritza eta industria defendatu eta sustatzeko eskumenak.

1. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialari honako eskumen hauek dagozkio:

a) Foru Komunitateko merkataritzaren eta industriaren interes orokorrak ordezkatu, sustatu eta defendatzea.

b) Hautesleei informazio, prestakuntza, aholkularitza eta laguntza teknikorako zerbitzuak ematea.

2. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak beste edozein jarduera egiten ahalko du, Nafarroako merkataritza eta industria nola edo hala sustatu eta defendatzeko, eta bereziki, enpresei argibideak eta aholku emateko zerbitzuak ezarri.

9. artikulua. Esportazioa Sustatzeko Plana.

1. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak Esportazioak Sustatzeko Ganberen Plana prestatzen eta betearazten lagunduko du, arlo horri buruzko Estatuko legeek ezartzen duten moduan.

2. Parte-hartze hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plangintza eta proiektuekin koordinatu beharko da aurretik.

10. artikulua. Elkartzeko eskubidea.

Dagozkion eginkizunak egoki betetzeko -derrigorrezko eginkizunak bereziki-, Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak eskumena izanen du era guztietako elkarteak, fundazioak eta sozietate zibil edo merkataritzakoak sustatzeko eta haietan parte hartzeko eta, orobat, beste merkataritza ganbera batzuekin lankidetza hitzarmenak sinatzeko. Horretarako, dena den, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren baimena beharko du aurretik.

11. artikulua. Eskuordeturiko eginkizunak.

1. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagozkion eginkizun batzuk eta jarduera batzuen kudeaketa lanak bere gain hartzen ahalko ditu, Nafarroako Gobernuak eskuordetzen baldin badizkio.

2. Eskuordetza kasuetan, Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren onarpen berariazkoa beharko da.

3. Eskuordetzaren bidez Ganberak hartzen dituen ebazpenetan inguruabar hori adierazi beharko da berariaz, eta Nafarroako Gobernuak emanak bailiran izanen dira.

12. artikulua. Kudeaketa agintzea.

1. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak diren jarduera material, tekniko edo zerbitzu arlokoak egiten ahalko ditu, kudeaketa agintzeko teknika administratiboa baliatuz, betiere hark aginduz gero.

2. Kudeaketa agintzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren arteko hitzarmen batean formalizatuko da, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko baita. Hitzarmenean agintzen diren jarduerak azalduko dira, agindutako kudeaketaren izaera eta nondik-norakoak eta, kasua bada, alderdi bakoitzak jartzen dituen baliabide ekonomikoak.

III. TITULUA. OSAERA, ANTOLAKETA ETA FUNTZIMENDUA

I. KAPITULUA. Osaera

13. artikulua. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialeko hautesleak.

Ganberako osoko bilkurako hautesle dira merkataritza, industria eta nabigazio jarduerak egiten dituzten eta Nafarroako Foru Komunitatean onetsitako azkeneko erroldan inskribatutako establezimenduak, ordezkaritzak edo agentziak dauzkaten pertsona fisiko edo juridikoak, Espainiakoak edo atzerrikoak.

14. artikulua. Hautesle izaera ematen duten jarduerak.

1. Erregelamendu honen ondorioetarako, merkataritza, industria edo nabigazioko jardueratzat hartuko dira erauzketa, industria, eraikuntza, merkataritza edo zerbitzu sektorean egiten direnak, nork bere kontura, beste baten mandatuz edo agente gisa.

2. Zehazki, honako jarduera hauek sartzen dira atal horretan: ostalaritza, garraioa, komunikazioak, aurrezki kutxak, finantzak, aseguruak, alokairuak, ikuskizunak, jokoak, arte jarduerak, hala nola merkataritza gaietarako gestoria, bitartekotza, ordezkaritza edo kontsignazioei buruzko jarduerak, mota guztietako tasazio eta likidazioak, eta higiezinen, industri jabetzaren, balore negoziagarrien, aseguruen eta kredituen agentziei dagozkienak.

3. Erregelamendu honen ondorioetarako, honako hauek ez dira merkataritza, industria edo nabigazio jardueratzat hartuko:

a) Lehen mailako nekazaritza, abeltzaintza edo arrantzako jarduerak. Horren ondorioetarako, Nafarroako Kooperatibei buruzko uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legearen 62. artikuluak aipatzen dituen lehen mailako nekazaritza kooperatibak lehen mailako nekazaritza jardueretan aritzen direla ulertuko da.

b) Aseguruen agente eta artekari zerbitzuak, pertsona fisikoak badira.

c) Aurreko atalean aipatuak ez diren lanbide liberalak.

15. artikulua. Jarduera.

1. Pertsona natural edo juridiko bat merkataritza, industria edo nabigazioko jarduera batean ari dela ondorioztatuko da, baldin eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari edo Lizentzia Fiskalari atxikita baldin badago.

2. Pertsona bera jarduera batean baino gehiagotan ari baldin bada, hautesle izateko bidea ematen dioten jarduerengatik atxikiko zaio Ganberari, ez besterengatik.

II. KAPITULUA. Antolaketa eta funtzionamendua

16. artikulua. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialeko gobernu organoak.

Hauek dira Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialeko gobernu organoak: Osoko Bilkura, Batzorde Betearazlea eta lehendakaria.

1. atala. Osoko Bilkura

17. artikulua. Izaera eta osaera.

1. Osoko Bilkura Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialeko gobernu eta ordezkaritzarako organo gorena da.

2. Hogeita hamasei kide izanen ditu, horietatik hogeita hamabi hautagai izanen dira eta gainerako lauak kide hautetsiek aukeratuko dituzte, Foru Komunitatearen ekonomia arloan izen handiko pertsonen artetik.

18. artikulua. Hautagaiak.

1. Hogeita hamabi hautagai horiek hautesle-erroldan dauden Ganberako Osoko Bilkurako hautesle guztien artean aukeratuko dira, sufragio libre, berdin, zuzen eta isilpekoaren bitartez, Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganberari buruzko abenduaren 19ko 17/1998 Foru Legearen III. Tituluan eta Erregelamendu honen IV. Tituluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Hautesleak hainbat talde eta kategoriatan banatuko dira, Erregelamendu honetako I. Eranskinean azaldu bezala, ordezkatzen duten sektoreen garrantzi ekonomikoaren arabera.

3. Lau urtean behin, Erregelamendu honek indarra hartzen duenetik, talde eta kategoria bakoitzean dauden hautesleen sailkapena berraztertuko da, eta, behar bada, zuzenduko, ordezkaturiko sektore bakoitzak aldian-aldian Nafarroan duen pisu ekonomiko errealaren arabera egokitzearren.

19. artikulua. Hautetsiek aukeratu beharreko kideak.

Hautetsiek aukeratu beharreko beste lau kideak Nafarroako Foru Komunitatearen arlo ekonomikoan izen handia duten pertsonak izanen dira, Nafarroako sektore arteko enpresa erakunde garrantzitsuenek proposatuak (hauteskundeetarako deialdiarekin batera zehaztuko da nortzuk diren). Hortaz, erakunde horiek hautagai zerrenda bana aurkeztu beharko dute, horrela bete beharreko kide kopurua baino heren bat handiagoa.

20. artikulua. Osoko Bilkurako kideen Estatutua.

1. Osoko Bilkurako kideen agintealdia lau urtekoa izanen da, baina bukatutakoan berriz ere hautatzen ahalko dira.

2. Osoko Bilkurako kide izaera talde bakar baten ordez aritzeko da, eta eskuordezina. Hortaz, Osoko Bilkurako kideek ezin izanen dute Erregelamendu honetako I. Eranskinean ezarritako talde edo kategoria bat baino gehiago ordezkatu, eta, halaberean, ezinezkoa izanen dute eginkizunen ordezkaritzarik egin. Osoko Bilkurako kide diren pertsona juridikoek ahalorde nahikoa duten pertsona fisikoak izendatu beharko dituzte, dagozkien eginkizun korporatiboen zuzeneko ordezkari izan daitezen.

3. Osoko Bilkurako kide guztiek bilkura guztietara agertzeko eskubidea eta beharra dute, botoa eta hizpidea dutela, joatea galarazten dien bidezko arrazoirik izan ezean. Kasu horretan, Korporazioko lehendakariari adierazi beharko diote idatziz, ahalik eta azkarren.

4. Hona Osoko Bilkurako kideen eskumenak:

a) Erregelamendu honetan ezartzen den epean, bilkurako deialdia jasotzea, gai-zerrenda eta guzti. Gai-zerrendan ageri diren aztergaiei buruzko informazioa kideen eskura izanen da aurretik, aipatu epean berean.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Boto eskubidea baliatzea eta boto partikularra ematea, hala nola botoaren gaineko azalpen eta arrazoiak adieraztea.

d) Galde-eskaerak egitea.

e) Esleituriko eginkizunak aurrera eramateko informazioa jasotzea.

f) Karguari dagozkion gainerako eginkizunak.

21. artikulua. Osoko Bilkuraren eskurantzak.

Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialeko organo gorena den aldetik, Osoko Bilkurari honako eskurantza hauek dagozkio:

a) Lehendakaria hautatzea eta kargutik kentzea.

b) Ganberako gainerako organoen kontrola eta fiskalizazioa.

c) Barne-araudia eta haren aldaketak behin-behinekoz onestea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari igortzea, behin betikoz onets ditzan.

d) Administrazio Publikoekin eta beste erakunde batzuekin sinatu beharreko lankidetza hitzarmenak onestea.

e) Ganberak elkarteak, fundazioak eta sozietate zibil edo merkataritzakoak sortu edo horietan parte hartzeko erabakiak hartzea, hala nola haiek desegitekoak edo haietan parte-hartzeari uztekoak.

f) Ganberako plantilla organikoa onestea.

g) Ganberako aurrekontua eta urteko kontuak hasiera batez onestea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aurkeztea, behin betikoz onets ditzan.

h) Kreditu transferentziak, kreditu osagarriak, kreditu bereziak eta aurrekontuaren beste aldaketa batzuk hasiera batez onestea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aurkeztea, behin betikoz onets ditzan.

i) Batzorde Betearazlean parte hartu behar duten Osoko Bilkurako kideak hautatu eta kargutik kentzea.

j) Kide kooperatzaileak hautatu eta kargutik kentzea.

k) Idazkari nagusiaren kargua betetzeko deialdiaren oinarriak hasiera batez onestea.

l)Idazkari nagusia izendatu eta kargutik kentzea.

m)Ganberaren zerbitzuan arituko diren goi zuzendaritzako langileak izendatu eta kargutik kentzea.

n) Administrazio Publikoei igorri beharreko txostenak onestea.

ñ) Egintza judizialak hasteko erabakiak hartzea eta errekurtsoak aurkeztea dagokion jurisdikzioan.

o) Ondarea besterentzea, bere eskumeneko gaien inguruko gastuak egitea eta kreditu eragiketak hitzartzea.

p) Ganberako jarduketa eta kudeaketaren urteko planak onestea.

q) Batzorde aholku-emaileak eta ponentziak eratzea.

r) Ganberak beste erakunde batzuetan izanen dituen ordezkariak izendatzea.

s) Eskualdez eskualdeko delegazio edo ordezkaritzak ezar daitezela erabakitzea, iraunkorrak edo aldi baterakoak.

t) Legeek espresuki esleitzen dizkioten gainerako eskurantzak.

22. artikulua. Eskurantzak eskuordetzea.

1. Ganberako Osoko Bilkurak ahalmena du dagozkion eskurantzak lehendakariari edo Batzorde Betearazleari eskuordetzeko, salbu eta 22. artikuluko a), b), c), f), g), h), i), j), k) eta l) ataletan aipatuak.

2. Eskuordetza egiteko Osoko Bilkurak hartzen duen erabakian esleitzen diren eskumen edo eginkizunak zehaztu beharko dira, eta gainera, eskuordetza zein organori egiten zaion, zein ahalmen eskuordetzen diren, horiek baliatzeko berariazko baldintzak eta, kasua bada, eskuordetza zenbat denborarako den eta Osoko Bilkurak berarentzat erreserbatzen dituen kontrol-bideak.

3. Eskuordetzaren bidez lehendakariak edo Batzorde Betearazleak hartzen dituen erabakietan inguruabar hori adierazi beharko da propio, eta Osoko Bilkurak emanak bailiran hartuko dira.

4. Eskuordetza egiteko erabakiak, hala nola bertan behera uztekoak, hartu eta biharamunean hartuko du indarra, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharra deusetan galarazi gabe.

5. Osoko Bilkurak noiznahi utz dezake bertan behera egindako eskuordetza.

6. Finantzen kudeaketaren inguruan Osoko Bilkurak egiten dituen eskuordetzak, aurreko ataletan ezarritakoari jarraikiz, aurrekontuaren exekuziorako oinarrien bitartez egiten ahalko dira. Hortaz, ondoko aurrekontua onestearekin batera eskuordetza hori baliogabetuko da, zuzenean.

7. Nolanahi ere, Osoko Bilkurak egindako eskuordetzen iraunaldia ezin izanen da haren agintealdia baino luzeagoa izan, Ganberako Osoko Bilkura berritzearekin batera iraungiko baitira.

23. artikulua. Bilkurak eta deialdia.

1. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialeko Osoko Bilkurak, gutxienez, sei bilkura arrunt eginen ditu urtean, eta bataren eta bestearen artean ezin izanen dira laurogeita hamar egun natural baino gehiago joan. Bilkurak publikoak izanen dira, Osoko Bilkurak berak erabakiz gero.

2. Ganberako Osoko Bilkurak bilkura berezia eginen du lehendakariak deituta, berak erabakita edo zazpi kidek edo gehiagok eskatzen badute. Azken kasu horretan, eskaerarekin batera aztertu beharreko gai-zerrenda aurkeztu beharko da eta lehendakariak hilabete bateko epea izanen du deialdia egiteko.

3. Osoko Bilkuraren deialdia lehendakariak eginen du. Bertan, bilkuraren eguna eta tokia, gai-zerrenda eta aztertu beharreko gai guztiei buruzko informazioa azaldu beharko da, bilera hasi baino berrogeita zortzi ordu lehenagotik kide guztiek deialdia jasoko dutela aseguratzeko moduren bat erabiliz. Presako kasuetan, lehendakariak ahalmena izanen du Osoko Bilkura aipatu epeak bete gabe deitzeko, baina bilera hori baliozkoa izanen da, bakar-bakarrik, baldin eta kide guztiei jakinarazi zaiela argi gelditzen bada eta Osoko Bilkurak biltzeko premia dagoela berresten baldin badu bozketa bidez.

4. Bilkurak Ganberaren egoitzan eginen dira edo Iruñeko beste toki egoki batean. Behar izanez gero, Osoko Bilkura beste toki batean biltzeko deialdia egin liteke.

24. artikulua. Osoko Bilkuraren eraketa eta erabakiak.

1. Osoko Bilkura eratua izateko, lehenbiziko deialdian, lehendakariak, edo legezko ordezkariak, eta kideen bi herenek egon beharko dute. Idazkaria ez badago, Erregelamendu honen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera ordezkatuko da.

2. Lehendabiziko deialdian aurreko atalean ezarritako kide kopurura iristen ez bada, Osoko Bilkura bigarren deialdian eratzeko bidea izanen da, aurreikusitako ordua baino ordu erdi bat beranduago, betiere kideen erdiak gehi bat bertaratuz gero. Kasu horretan, erabakiak baliozkoak izatekotan, bertaraturiko kideen bi herenen aldeko botoa beharko da, salbu eta lehenbiziko deialdian eratzeko eskatzen den kopurura iristeko adinako kide etorri eta Osoko Bilkuran parte hartzen badute.

3. Bigarren deialdirako zitazioa, hau da, lehenbizikorako finkatu ordua baino ordu erdi bat beranduago hastekoa, Osoko Bilkuraren deialdiaren jakinarazpenean berean dagoela ulertuko da, non ez den adierazten bigarren deialdia egiteko beste ordu eta tokirik.

4. Osoko Bilkuraren erabakiak gai-zerrendan ageri diren gaien ingurukoak izanen dira. Osoko Bilkurako kide guztiak agertzen badira, presakotzat hartzen diren beste gai batzuei buruzko erabakiak ere hartzen ahalko dira, bertaraturiko kideen gehiengoak aldeko botoa emanez gero.

5. Aurreko artikuluaren bigarren atalean azalduriko kasuan izan ezik, Osoko Bilkuraren erabakiak onesteko, bilerara azaldu eta botoa emateko eskubidea duten kideen gehiengo soila beharko da. Betiere, bilkuraren legezko burua den kidearen botoa erabakigarria izanen da.

6. Barne-araubidekoak ez diren Osoko Bilkuraren erabakiak Ganberaren Aldizkarian argitaratuko dira. Gainera, beste komunikabide batzuetan ere argitaratzea erabakitzen ahalko da.

7. Kontrako botoa eman edo abstenitzen diren Osoko Bilkurako kideak erabakia hartzetik datozkeen erantzukizunetatik salbu egonen dira.

2. sekzioa. Batzorde Betearazlea

25. artikulua. Izaera eta osaera.

1. Batzorde Betearazlea Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren kudeaketa, administrazio eta proposamenerako organo iraunkorra da.

2. Batzorde Betearazlea honako hauek osatuko dute: batzordeburua, bi batzordeburuorde, diruzaina eta Osoko Bilkurako sei kide, Osoko Bilkurak aukeratuak barne-araudi honetan ezartzen den moduan.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ordezkari bat izendatuko du eta Batzorde Betearazlearen bileretarako deia hari ere helaraziko zaio. Bileretan hizpidea izanen du, baina boto eskubiderik ez.

26. artikulua. Batzorde Betearazleko kideen Estatutua.

1. Batzorde Betearazleko kideen agintealdia lau urtekoa izanen da, eta bukatutakoan berriz ere hautatzen ahalko dira.

2. Batzorde Betearazleko kide izaera utziezina da. Dena den, kideren bat kanpoan, eri edo, beste egoera bat dela kausa, aldi baterako ezinduta baldin badago, behar bezala justifikatuz gero, Batzorde Betearazleko beste kide baten esku uzten ahalko du dagokion ordezkaritza, kasu jakin horretarako betiere.

3. Batzorde Betearazleko kideei honako hauek dagozkie:

a) Erregelamendu honetan ezartzen den epean, bilkurako deia jasotzea, gai-zerrenda eta guzti. Gai-zerrendan ageri diren aztergaiei buruzko informazioa kideen eskura izanen da aurretik, aipatu epean berean.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Boto eskubidea baliatzea eta boto partikularra ematea, hala nola botoaren gaineko azalpen eta arrazoiak adieraztea.

d) Galde-eskaerak egitea.

e) Esleituriko eginkizunak aurrera eramateko behar den informazioa jasotzea.

f) Karguari dagozkion gainerako eginkizunak.

27. artikulua. Eskurantzak.

Batzorde Betearazleak honako eskurantza hauek izanen ditu:

a) Ganberaren helburuei loturiko txosten eta azterlanak egin edo eginaraztea.

b) Jarduketa eta kudeaketa korporatiboari buruzko urteko planak proposatzea Osoko Bilkurari, onetsitako planak zuzendu eta betearaztea, eta Osoko Bilkurari adieraztea noraino bete diren.

c) Aurrekontuen proiektuak prestatzea eta Osoko Bilkurari aurkeztea, onets ditzan.

d) Urteko Kontu Orokorrak prestatzea eta Osoko Bilkurari aurkeztea, onets ditzan.

e) Langileen kontratazioa agintzea, salbu eta goi zuzendaritzakoenak.

f) Ganberaren baliabide iraunkorraren bilketa eta likidazioari buruzko ebazpenak onestea.

g) Ganberaren ondarearen eta gainerako dirusarreren ohiko kudeaketa egiteko erabakiak hartzea.

h) Gastuak onartu eta agintzea, aurrekontuetan aurreikusitako kredituen mugen barnean.

i) Hautesleen Errolda onestea eta hari egiten zaizkion inpugnazioak ebaztea, deusetan galarazi gabe hauteskunde prozesuetan Hauteskunde Batzordeari esleitzen zaizkion eskumenak.

j) Presako kasuetan, Osoko Bilkuraren eskumenekoak diren gaiei buruzko erabakiak hartzea. Horrelakoetan, Osoko Bilkurak egiten duen lehenbiziko bileran horren berri eman beharko zaio, erabakiak berretsi ditzan.

k) Ganberako zerbitzuak zuzen joan daitezen begiratzea.

l) Osoko Bilkurak eskuordetzen edo agintzen dizkion eskumenak erabiltzea.

m) Osoko Bilkurari proposatzea bere eskumenekoak diren gaiei buruzko erabakiak har ditzala.

n) Beste organo bati propio esleiturik ez dauden Ganberaren eskumenak erabiltzea.

28. artikulua. Bilkurak eta deialdiak.

1. Batzorde Betearazleak gutxienez hamar bilkura arrunt eginen ditu urtean. Bataren eta bestearen artean ezin dira hirurogeita hamabost egun natural baino gehiago joan.

2. Batzorde Betearazlearen bilkura berezia lehendakariak deituta eginen da, berak erabakitakoan edo gutxienez bi kidek eskatutakoan. Azken kasu horretan, bilera-eskaerarekin batera, aztertu beharreko gai-zerrenda erantsi beharko da eta lehendakariak hamabost egun baino lehen egin beharko du deialdia.

3. Batzorde Betearazlearen bilkuren deialdia lehendakariak eginen du. Bertan, bilkuraren eguna eta tokia, gai-zerrenda eta aztertu beharreko gai guztiei buruzko informazioa azalduko da, bilera baino berrogeita zortzi ordu lehenagotik kide guztiek deialdia jasoko dutela aseguratzeko moduren bat erabiliz. Presako kasuetan, lehendakariak ahalmena izanen du Batzorde Betearazlea aipatu epeak bete gabe deitzeko, baina bilera hori baliozkoa izanen da, bakar-bakarrik, baldin eta kide guztiei jakinarazi zaiela argi gelditzen bada eta Batzorde Betearazleak biltzeko premia dagoela berresten baldin badu, bozketa bidez.

4. Bilkurak Ganberaren egoitzan eginen dira edo Iruñeko beste toki egoki batean. Behar izanez gero, Batzorde Betearazlea Nafarroako beste toki batean biltzeko deialdia egin liteke, baita Nafarroatik kanpora ere.

29. artikulua. Batzordearen eraketa eta erabakiak.

1. Batzorde Betearazlearen eraketa baliozkoa izateko, lehenbiziko deialdian, lehendakaria, edo legezko ordezkaria, eta osakideen erdiak gehi bat beharko dira, betiere Ganberako idazkariarekin edo horren ordezkariarekin batera.

2. Bigarren deialdian -ordu erdi bat beranduago-, organoaren eraketa baliozkoa izanen da zenbanahi kide izanda ere, baldin eta lehendakaria, edo horren legezko ordezkaria, eta, gutxienez, hiru batzordekide baldin badira, idazkariarekin batera betiere.

3. Batzorde Betearazlearen erabakiak gai-zerrendan ageri diren gaien ingurukoak izanen dira. Osoko Bilkurako kide guztiak agertzen badira, presakotzat hartzen diren beste gai batzuei buruzko erabakiak ere hartzen ahalko dira, bertaraturiko kideen gehiengoaren aldeko botoaz presakoa dela onartuz gero.

4. Erabakiak onesteko, bilerara azaldu eta botoa emateko eskubidea duten kideen gehiengo soila beharko da. Bilkuraren legezko burua den kidearen botoa erabakigarria izanen da.

5. Kontrako botoa eman edo abstenitzen diren Batzorde Betearazleko kideak erabakia hartzetik datozkeen erantzukizunetatik salbu egonen dira.

3. sekzioa. Bilkuretako aktak

30. artikulua. Organo kolegiatuen bilkuretako aktak.

1. Osoko Bilkuraren eta Batzorde Betearazlearen bilera guztietan idazkariak akta egin beharko du eta bertan honako hauek bilduko dira nahitaez: bertaraturiko kideak, bileraren gai-zerrenda, non eta noiz egin den, eztabaidagai nagusiak eta hartutako erabakien edukia.

2. Kideren batek eskatuz gero, organoak hartutako erabaki baten aurka ematen duen botoa edo abstentzioa jaso beharko da, hala nola erabaki hori argitzeko arrazoiak edo aldeko boto baten azalpena. Gainera, kide guztiek dute euren adierazpenaren edo proposamenaren transkripzio oso-osoa egin dadila eskatzeko eskubidea, baldin eta bilkuran berean, edo lehendakariak ematen dien epean, adierazpenaren testu fidela aurkezten baldin badute. Hori aktan jasoko da, edo eranskin gisa atxikiko zaio.

3. Gehiengoaren erabakiaren aurka dauden kideek boto partikularra ematen ahalko dute, idatziz, berrogeita zortzi orduko epean. Idazki hori onetsitako testuari atxikiko zaio.

4. Aktak kasuan kasuko bilkuran edo hurrengoan onetsiko dira. Nolanahi ere, idazkariak ahalmena izanen du hartutako erabakien bakarkako ziurtagiriak egiteko, akta ondotik onetsi beharra deusetan galarazi gabe. Akta onetsi aurretik, erabakiren baten ziurtagiria eginez gero, inguruabar hori aipatu beharko da berariaz.

4. sekzioa. Lehendakaria

31. artikulua. Izaera eta eginkizunak.

Lehendakaria Ganberaren ordezkaritza eta organo kolegiatu guztien burutza bere gain duen gobernu-organoa da. Osoko Bilkuraren eta Batzorde Betearazlearen erabakiak betearazteko arduraduna ere bada, eta honako eskurantza hauek dagozkio:

a) Ganberako Osoko Bilkuraren, Batzorde Betearazlearen eta gainerako organo guztien bileretarako deiak egitea, haien buru izatea eta zuzentzea. Bozketetan berdinketarik izanez gero, haren botoa erabakigarria izanen da.

b) Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren ordezkaria izatea.

c) Informazio batzordeetako buruak izendatzea.

d) Ganberako organo kolegiatuen erabakiak betearaztea.

e) Gastuak egiteko aginduak ematea, bere eskumeneko mugen barrenean, ordainketa guztiak agintzea eta Osoko Bilkurari kontuak ematea.

f) Osoko Bilkuraren eta Batzorde Betearazlearen erabakien akta eta ziurtagiriak ikus-onestea.

g) Legeek eta barne-araubide honek agindu edo Ganberako Osoko Bilkurak eskuordetzen dizkion gainerako eginkizunak egitea.

32. artikulua. Hautaketa.

Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialeko lehendakaria Osoko Bilkurak hautatuko du bere kideen artetik, Erregelamendu honetako 75. artikuluan ezarritako prozedura erabiliz.

Lehendakari izaera pertsona bakar batena da, eta eskuordezina, Erregelamendu honetan ezarritako kasuetan izan ezik.

33. artikulua. Eskurantzak eskuordetzea.

1. Lehendakariak lehendakariordeen esku uzten ahalko ditu eskurantza batzuk, Osoko Bilkuran eta Batzorde Betearazleetan buru izatea agintzen diona izan ezik, hori guztia Legean edo Erregelamendu honetan finkatutako ordezkapen kasuak galarazi gabe.

2. Orobat, lehendakariak eskuordetza bereziak ematen ahalko dizkio Osoko Bilkurako edozein kideri, noiznahi, gai jakin batzuk zuzendu eta kudeatu ditzan.

3. Eskuordetza emateko erabakian eskumenak edo eginkizunak mugatu beharko dira, eta horrekin batera honako hauek: eskuordetza zein organo edo kideri ematen zaion, eskuordeturiko ahalmenak, horietaz baliatzeko berariazko baldintzak eta, horrelakorik baldin badago, eskuordetzaren epea.

4. Lehendakariaren eskuordetzaren bidez ematen diren erabakietan inguruabar hori adierazi beharko da berariaz, eta lehendakariak emanak bailiran hartuko dira.

5. Hala eskuordetza emateko erabakiak, nola bertan behera uztekoak, onetsi eta biharamunean hartuko dute indarra, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharra deusetan galarazi gabe.

6. Nolanahi ere, lehendakariak egindako eskuordetzak haren agintealdia amaitu bitartekoak izanen dira gehienez ere, eta lehendakariak kargua uztearekin batera iraungiko dira.

5. sekzioa. Lehendakariordeak

34. artikulua. Izendapena, kargu-uztea eta eginkizunak.

1. Lehendakariordeak Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialeko Osoko Bilkuraren erabakiaren bidez aukeratu eta kargutik kenduko dira. Osoko Bilkurako kide izan beharko dute.

2. Lehendakaria kanpoan edo eri dagoenean, lehendakariordeei dagokie hura ordezkatzea, ordenaren arabera.

3. Lehendakariordeek, gainera, lehendakariak eskuordetzen dizkien eginkizunak izanen dituzte, barne-araubide honetako 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6. sekzioa. Diruzaina

35. artikulua. Izendapena eta eginkizunak.

Diruzaina Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialeko Osoko Bilkuraren erabakiaren bidez aukeratu eta kargutik kenduko da. Organo horretako kide izan beharko du eta hari dagokio entitatearen ekonomia eta finantzen, aurrekontuen eta kontabilitatearen kudeaketa zerbitzuen goi zuzendaritza eta entitatearen fondo eta baloreak gordetzea.

36. artikulua. Ordezkapena.

Ganberako Osoko Bilkurak erabakiko du nola ordezkatu diruzaina, kargua uzten duenean edo eginkizunetan aritzeko aldi baterako ezindua dagoenean.

III. KAPITULUA. Aholkularitza eta laguntzarako beste organo batzuk

1. sekzioa. Batzorde aholku-emaileak eta ponentziak

37. artikulua. Batzordeak.

1. Osoko bilkurak beharrezko deritzen informazio eta aholku batzordeak osatzen ahalko ditu, eta hark ezarritako eginkizun, osaera eta epea izanen dute.

2. Osoko bilkurak hautatuko ditu batzordekideak, haren kideen artetik. Era berean, ganberako lehendakariak batzordekide jartzen ahalko ditu osoko bilkurako kide ez izan arren batzordean landuko den gaiarekin lotutako pertsonak.

3. Ganberako lehendakariak osoko bilkurako kideetako bat izendatuko du batzordeburu. Idazkari bat esleituko zaio, ganberako kideen artetik hautatua.

38. artikulua. Bilkurak.

1. Batzorde bakoitzaren lehenbiziko bileran bilkuren egutegia finkatuko da.

2. Batzordeetako bileretara joatea izanen dute, hizpidea bai baina botorik gabe, beste batzorde batzuetako batzordekide titularrek eta kooperatzaileek, hala nola Korporazioko idazkariak eta zuzendari nagusiak.

39. artikulua. Funtzionamendua.

1. 1. Batzorde Betearazleari dagokio lana batzordeen artean banatzea.

2. Batzordeek Ganberako agiri, datu eta argitalpen guztiak izanen dituzte eskuragai, eta beste korporazio edo entitateei ere eskatzen ahalko dizkiete. Gainera, aldian-aldian egokien diren pertsonei aholku eskatzen ahal diete, eta azpibatzordeak sortu nahiz beste batzordeekin batu. Horretarako guztietarako beharkizun bakarra harremanetarako bide ofiziala erabiltzea izanen da, Ganberako lehendakariak sinatuta.

40. artikulua. Araubide ekonomikoa eta aurrekontuak.

1. Batzorde iraunkor bakoitzak bere funtzionamendurako gastuen aurreproiektua prestatu eta Batzorde Betearazlera igorriko du, horrek aztertu eta, bidezko bada, Korporazioaren urteko aurrekontu arruntaren proiektua sar dezan.

2. Batzorde bakoitzak lehendakariari proposatzen ahal dio batzordearen beharrezko funtzionamendu gastuak aurreko puntuari jarraikiz esleitzen zaizkion aurrekontu kredituekin pagatzea.

3. Batzorderen batek aurrekontuko diru izendapenik gabeko aparteko gastu bat egin nahi badu, batzorde betearazleari edo lehendakariari gastu hori egiteko agindua eman dezan proposatzen ahal dio. Organo horiek dagozkien ahalmenen eremuan ebatziko dute.

4. Osoko Bilkurak onesten dituen batzordeen jarduketa programen kudeaketa, proposamena egin duen batzordeari berari esleitzen ahalko zaie. Kasu horretan, Batzorde Betearazleak behar diren baliabide ekonomikoak jarriko ditu.

2. sekzioa. Ponentziak

41. artikulua. Izendapena eta eginkizunak.

Osoko Bilkurak kide bat edo gehiago izenda ditzake ponentziak osatzeko. Ponentzia horiek berariaz esleitzen zaizkien gaiak aztertu edo proposatzeko ardura izanen dute.

Kasu guztietan, Osoko Bilkurak ezarriko ditu ponentziaren osaera, iraupena, eskumenak, eginkizunak eta funtzionamendu araubidea. Horren osagarri, aholkularitza batzordeentzat ezartzen diren xedapenak aplikatzen ahalko dira.

3. sekzioa. Batzordekide kooperatzaileak

42. artikulua. Izendapena eta eginkizunak.

1. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak egoki deritzon pertsona kopurua izendatzen ahalko du lankide. Osoko bilkurak hautatuko ditu, ganberako kideen artetik edo Nafarroako esparru ekonomiko eta sozialean entzute handia duten pertsonen artetik.

2. Batzordekide kooperatzaileek berariaz esleitzen zaizkien zeregin jakin batzuk kudeatzen eta aurrera eramaten lagunduko dute. Ganberaren ordezkari aritzen ahalko dira, lehendakariak kasu jakin baterako eman beharreko eskuordetzaren bitartez, eta, halaber, Osoko Bilkuraren edo Batzorde Betearazlearen bilkuretara ere deitzen ahalko zaie, hizpidea bai baina botorik gabe.

3. Batzordekide kooperatzaileek ezin izanen dute Batzorde Betearazleko kargurik hartu, ezta horiek ordezkatu ere, ez Osoko Bilkurako kideak edo beste batzordekide laguntzaile batzuk izendatzeko bozketetan parte hartu, ez eta entitate iraunkorretan Ganberaren ordezkari aritzeko hautatu ere.

IV. KAPITULUA. Ganberaren zerbitzuko langileak

1. sekzioa. Langileak, orohar

43. artikulua. Araubide juridikoa.

Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren zerbitzuko langile guztiak lan zuzenbideari atxikita geldituko dira, deusetan galarazi gabe Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialari buruzko azaroaren 19ko 17/1998 Foru Legearen bigarren xedapen iragankorrean adierazitakoa, hala nola aldian-aldian Ganberako Langileen Erregelamenduan ezartzen dena.

44. artikulua. Langileen plantilla.

Ganberako Osoko Bilkurari dagokio Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren zerbitzuko langileen plantilla onestea. Plantilla urtero onetsiko da eta bertan lanpostu guztiak ageriko dira, behar bezala sailkatuak, izena, eginkizunak eta kategoria zehazturik.

45. artikulua. Lanpostu hutsak betetzeko bidea.

1. Idazkari nagusia eta goi zuzendaritzako langileak izendatzeko Osoko Bilkurari dagozkion eskumenak alde batera utzita, Ganberako plantilla organikoan lanposturen bat hutsik gelditzen den bakoitzean, Batzorde Betearazleak deialdi publikoaren bidez betetzeko agindua emanen du. Kasu guztietan, deialdiko oinarrietan merezimenduen baremo bat ezarriko da eta kasuan kasurako proba objektibo batzuk, bete beharreko lanpostuari dagozkion eginkizunen arabera.

2. Batzordearen erabakien eta langileak hautatzeari begira hartzen diren gainerako ebazpen guztien oinarri, kasu guztietan, berdintasuna, izangaien gaitasuna eta merituak izanen dira.

46. artikulua. Hautapen Batzordea.

1. Batzorde betearazleak langileak hautatzeko batzorde bat izendatzen ahalko du; batzordekideak aukeratuko ditu, batzorde betearazleko kideen edo ganberako langileen artetik, eta hautapen batzordeetan edo lanpostuak ukitzen duen gaian adituak izanen dira.

2. Batzorde betearazleak, edo, hala badagokio, langileak hautatzeko batzordeak, hautapen irizpideak osatu eta jakinaraziko ditu, behar izatera. Halaber, izangaiei deituko die ezarritako probak egitera.

3. Batzordeak batzorde betearazleari proposatuko dio hautatutako pertsonarik aproposena kontrata dezala. Hautagai kopurua deitutako lanpostuena baino handiagoa bada, batzorde betearazleak haiek kontratatzen ahalko ditu aurrerago, horretarako beharrik ikusten badu.

47. artikulua. Onarturiko izangaien zerrenda argitara ematea eta kontratazioa.

Batzorde Betearazleak hautaturiko izangaien zerrenda onetsi ondoren, lehendakariak eta kasuan kasuko izangaiek behar bezalako kontratuak sinatuko dituzte, aplikagarri den lan arloko legediaren babesean.

48. artikulua. Aldi baterako langileak kontratatzea.

Langileak aldi baterako kontratatzeko behar larriak daudenean, batzordeburuak aldi baterako kontratuak izenpetzea erabakitzen ahalko du, ahal dela kontratazio eskaintza publikoa eginez. Batzorde betearazleari kontratu horien berri emanen zaio eginen den lehenengo bilkuran.

2. sekzioa. Idazkari nagusia

49. artikulua. Izaera, izendapena eta kargu-uztea.

1. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak idazkari nagusi iraunkor bat izanen du soldatapean, zuzenbidean lizentziatua, aholku emateko hizpidea bai baina boto-eskubiderik gabe. Lanpostu hutsa betetzeko deialdi publikoa eginda, Korporazioko Osoko Bilkurari dagokio idazkariaren izendapena egitea, kideen erdiak gehi batek hartutako erabakiaren bidez.

2. Deialdiaren oinarriak Ganberako Osoko Bilkurak onetsi beharko ditu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

3. Idazkari nagusia hautatzeko prozesuan kapitulu honetako 3. sekzioan azaltzen diren arauak aplikatuko dira, 1. atalean adierazitako Osoko Bilkuraren eskumena deusetan galarazi gabe.

4. Idazkari nagusiaren kargu-uztea erabakitzea Ganberako Osoko Bilkurari dagokio, kideen erdiak gehi batek hartutako erabaki arrazoituaren bidez.

50. artikulua. Idazkari nagusiaren eginkizunak.

Hona hemen idazkari nagusiaren eginkizunak:

a) Organo kolegiatuen bilkuretara joatea, hizpidea bai baina botorik gabe.

b) Ganberako gobernu organoen erabakiak legezkoak izan daitezela begiratzea.

c) Organo kolegiatuen aktak idaztea, haiek hartutako erabakien eta egintzen fede-emailea izatea eta akta-liburuak gordetzea eta zaintzea.

d) Osoko Bilkuretako eta Batzorde Betearazleko kideak bilkuretara joan direla egiaztatzeko eta hutsegiteak desenkusatzeko sinaduren erregistroaren arduraduna izatea, eta bilkura bakoitzean behar den quoruma dagoela fede ematea.

e) Barne-araubide honek berariaz agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

51. artikulua. Ordezkapenak.

Ganberako Osoko Bilkurak izendatuko du idazkari nagusiaren ordez arituko den pertsona, alegia, hura kanpoan edo eri dagoenean, lanpostua hutsik dagoen bitartean edo eginkizunetan aritzeko aldi baterako gorabeheraren bat gertatzen den guztietan. Aukeratuak Erregelamendu honetako 49.1 artikuluan adierazitako titulua eduki beharko du.

3. sekzioa. Goi zuzendaritzako langileak

52. artikulua. Goi zuzendaritzako langileak.

Goi zuzendaritzako karguak abuztuaren 1eko 1383/1985 Errege Dekretuan zehaztutakoari -edo horren ordez ezartzen diren xedapenei- jarraikiz arautuko dira, bai halaber, haiek kontratatzeko Osoko Bilkurak kasuan-kasuan hartzen dituen erabakietan zehazten denari jarraikiz.

Nolanahi ere, zuzendari nagusia goi zuzendaritzako langiletzat hartuko da. Haren eginkizunak, eskurantzak, lansariak eta gainerako lan baldintzak Osoko Bilkurak erabakiko ditu.

Goi zuzendaritzako karguak konfiantzazkoak direnez, horiek kontratatzeko Osoko Bilkurak kasuan-kasuan ezartzen duen prozedura erabiliko da, ez besterik.

IV. TITULUA. HAUTESKUNDE ARAUBIDEA

I. KAPITULUA. Hauteskunde errolda

53. artikulua. Hautesleen errolda.

1. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren hautesleen erroldan hautesle guzti-guztiak sartuko dira, talde eta kategorietan sailkatuak, sektore ekonomiko bakoitzaren garrantzi ekonomikoaren arabera.

2. Foru Komunitateko Administrazioak zehaztuko du nola sailkatu hautesleak, Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialeko Osoko Bilkurak proposatuta.

3. Hautesleen errolda osatzeko, Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialeko Batzorde Betearazleak Nafarroako Gobernuak emanen dituen datu ofizialak hartuko ditu oinarri. Urtero berrikusiko da urtarrilaren 1eko erreferentzia hartuta, eta kopia eguneratua Foru Komunitateko Administrazioari igorriko zaio.

4. Hautesleen erroldaren inguruko erabakien kontra erreklamazioak jartzen ahalko dira, hura argitaratu eta hilabeteko epean. Hautesleen erroldaren aurkako erreklamazioei buruz Ganberak hartzen dituen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua.

54. artikulua. Sufragio aktiboa.

1. Ganberako Osoko Bilkurako kide izateko hautagaiak aukeratzeko hauteskundeetarako eskubide aktiboa dute Ganberak onetsitako azkeneko erroldan inskribaturiko pertsona natural eta juridiko guztiek, betiere hauteskundeei buruz indarra duten legeen arabera ezgaitua izateko egoeran ez baldin badaude.

2. Enpresa-buruek nork bere izenean erabiliko dute hauteskunde eskubidea; adingabeek eta ezgaituek, aldiz, enpresa jardueran aritzeko izendatu duten ordezkari eskuordetuaren bitartez. Pertsona juridikoek ahalorde nahikoa duen ordezkari baten bitartez erabiliko dute hauteskunde eskubide aktiboa.

3. Erroldako talde batean baino gehiagotan aritzen direnek horietan guztietan izanen dute hauteskunde eskubide aktiboa.

55. artikulua. Sufragio pasiboa.

1. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialeko gobernu organoetan parte hartzeko hautagaiek, hautesle gisa dagozkien eskubideak gaitasun osoz baliatzeko behar diren baldintzez gainera, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako edo Europako Batasuneko kide den beste herrialde bateko naziotasuna izatea.

b) Aipatu lurraldeetan gutxienez bi urte eramatea enpresa jarduera horretan.

c) Ganberaren baliabide iraunkorraren ordainketan zorrik ez izatea.

d) Ganberako langile ez izatea, eta, hautagai zerrenda aurkeztu edo hauteskundeak egiten direnean, Ganberak deitutako lehiaketa edo obretan parte hartzen ez egotea.

2. Osoko Bilkurako hautagai izateko, gainera, hauteskunde erroldan egon behar da, hautabidean jartzen den talde eta kategorian.

Talde batean baino gehiagotan ageri diren pertsona natural edo juridikoak horietan guztietan izan daitezke hautagai. Dena den, talde batean baino gehiagotan hautatzen badira, azkeneko hautapena egin eta ondoko hiru egunetan aukeratu beharko dute zein talderen ordez aritu nahi duten, bakar batean aritu beharko baitute.

3. Beste naziotasun bateko pertsonak ere hautagai izan daitezke, elkarrekikotasunaren printzipioaren arabera, betiere aurreko zenbakietan eskatutako baldintzak betez gero.

II. KAPITULUA. Hauteskunde prozesua

56. artikulua. Hauteskunde prozesuaren hasiera eta erroldaren aurkako erreklamazioak.

1. Hauteskunde prozesua hasi eta hamar egunera, legedi orokorrari jarraikiz, ganberak errolda jendaurrean jarri beharko du bere egoitzan, ordezkaritzetan eta ahalik eta jende gehienak ikusteko moduko lekuetan, hogei egun naturaleko epean, eta hautesleen eskura jarri beharko du Interneten, ganberaren hasierako orrian ongi ikusteko moduan. Enpresak dagozkien talde eta kategorietan sartu edo ateratzearen gaineko erreklamazioak aurkezteko epea errolda jendaurrean jartzen denetik jendaurreko epea amaitu eta hurrengo hamar egunetara izanen da. Ganberako idazkaritzak erreklamazioak aurkeztu direla egiaztatzen duen agiria banatu beharko du.

2. Ganberako batzorde betearazleak hamar eguneko epean ebatzi beharko ditu aurkeztutako erreklamazioak, horiek aurkezteko epea amaitu eta hurrengo hamar egunen buruan. Ganberaren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua. Ebazpena Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren txostena aztertu ondotik emanen da. Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere,15 egunekoa izanen da. Aipatu errekurtsoak administrazio bidea amaituko du.

3. Errekurtso hori eta administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkezteak ez du hauteskunde prozesua etenen. Prozesua eten eginen da Nafarroako Gobernuak uste badu, kasuko inguruabarrak aztertuta, eteterik eza prozesurako arrisku larria dela.

4. Ganberak Interneteko hasierako orrian ageriko lekuren batean ikusgai izanen ditu agiri arautuen eredu guztiak, hautesleek eta hautagaiek erraztasunez behera kargatu ahal izateko.

57. artikulua. Hauteskundeetarako deia.

1. Aurreko artikuluko 2. idatz zatian ezarritako epeak igaro ondotik, Nafarroako Gobernuko Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak, ganberari baimena eskatu eta gero, hauteskundeak deituko ditu.

Deialdia hautapen eguna baino gutxienez ere hogeita hamar egun lehenago argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean gehien zabaltzen diren egunkarietako batean.

Ganberak deialdia bere egoitzan, ordezkaritzetan eta egoki deritzen komunikabideetan argitaratuko du.

 2. Deian honako alderdi hauek adieraziko dira:

a) Ordezkariak hautatzeko botoa zein egunetan eta zein ordutan eman behar den, taldez talde eta kategoriaz kategoria.

b) Zenbat Hauteskunde Kolegio izanen diren eta non kokatuko diren.

c) Botoa postaz emateko epeak.

d) Hauteskunde Batzordearen egoitza non kokatuko den.

e) Boto-paperaren eredu edo formatoa.

3. Talde eta kategoria bakoitzari dagozkion bozketak egun berean eginen dira eta, kolegio bat baino gehiago baldin badaude, aldi berean guztietan.

4. Osoko Bilkura berria eratu bitartean edo, hala egokitzen bada, kudeaketa batzordea izendatu bitartean, Ganberako aurreko gobernu organoek lanean segituko dute.

58. artikulua. Hauteskundeetan parte hartzea sustatzea.

Hauteskunde prozesuak iraun bitartean eta hauteskundeen eguna baino hogeita lau ordu lehenago arte, Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak publizitate instituzionala egiten ahalko du, hautagaien aurkezpena eta hautesleen parte-hartzea sustatzeko.

59. artikulua. Hauteskunde Batzordea.

1. Hauteskundeetarako deialdia egin ondoko zortzi eguneko epean, Hauteskunde Batzordea eratu beharko da. Kide hauek izanen ditu: Ganberako hautesleen hiru ordezkari eta Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak aukeraturiko bi pertsona, horietako bat batzordeburu izanen baita.

2. Batzordeburuak Hauteskunde Batzordeko idazkaria izendatu beharko du, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko funtzionarioen artetik. Idazkariak hizpidea izanen du, baina boto eskubiderik ez. Edonola ere, Hauteskunde Batzordeak Ganberako idazkariaren laguntza izanen du zuzenbideari loturiko gaietan.

3. Ganberako hautesleek Hauteskunde Batzordean dituzten ordezkariak zozketaz aukeratuko dira, Ganberako Osoko Bilkurak proposatuko duen hautesleen zerrenda batetik. Talde bakoitzetik pertsona bat proposatuko du. Zozketa jendaurreko ekitaldi batean eginen da, Administrazio gidariaren ordezkari baten zuzendaritzapean, deialdia argitaratu ondoko lehenbiziko egun baliodunean. Ekitaldi horretan berean, kide bakoitzeko bi ordezko hautatuko dira. Osoko Bilkurarako hautagai zerrendaren batean parte hartuz gero, hautagaiak Hauteskunde Batzordean parte hartzeari uko egin beharko dio.

4. Hauteskundeen ondorioz sortzen den Osoko Bilkura eratzen den egunean berean, Hauteskunde Batzordea deseginen da.

60. artikulua. Hauteskunde Batzordearen eginkizunak.

1. Hauteskunde Batzordea hauteskunde prozesuaren arauak eta informazio printzipioak zorrozki betetzen direla begiratzeko ardura duen organoa da. Hortaz, honako eskumen hauek izanen ditu:

a) Hautagai zerrendak jasotzea eta, legez eta erregelamenduz ezarritako baldintzak betez gero, aldarrikatu eta argitaratzea.

b) Hauteskunde mahaietako buruak eta kideak izendatzea.

c) Hauteskunde mahaiek aurkezten dituzten zalantzak ebaztea.

d) Hauteskunde mahaien erabakien aurka hautesleek aurkezten dituzten erreklamazioak ebaztea, mahaiburuei entzunaldia eman ondoren.

e) Hautetsiak aldarrikatu eta gaitzea.

f) Hauteskunde prozesuaren gardentasuna eta objektibotasuna, hautagaien eta hautesleen berdintasun printzipioa eta botoa askatasunez eta isilpean emanen dela bermatzeko behar diren erabakiak hartzea.

2. Hauteskunde Batzordeetako erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Nafarroako Gobernuari zuzendua.

61. artikulua. Hautagai zerrendak aurkeztea eta hautagaiak aldarrikatzea.

1. Hautagai zerrendak ganberako idazkaritzan aurkeztuko dira hauteskunderako deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar eguneko epean. Zerrendek dagokien taldeko edo, hala badagokio, kategoriako hautagaien %5aren sinadurak izanen dituzte gutxienez. Talde edo kategoriako hautagai kopurua berrehunetik gorakoa bada, aski izanen da hamar hauteslek sinatzea hautagaia aurkezteko. Sinaduren benetakotasuna fede emaile publiko, banku aitorpen edo udalbatzako idazkariaren ziurtagiri bidez egiaztatuko da.

2. Hautagai zerrendak aurkezteko epea amaitu ondotik, hauteskunde batzordeak, zerrendak aurkezteko baldintzak betetzen direla egiaztatuta, zerrendak aurkezteko epea amaitu eta bost eguneko epean izendatuko ditu hautagaiak.

 3. Talde edo kategoriaren batean aldarrikatzen diren hautagaien kopurua eta hautatu beharreko kide kopurua berdinak baldin badira aldarrikatzearekin batera hautatu ere eginen dira. Hortaz, ez da hautapenik egin beharko.

Hautagaiak hautatu beharreko kideak baino gutxiago badira, Hauteskunde Batzordeak hautatutzat hartuko ditu aldarrikatzen diren hautagaiak eta, zortzi eguneko epean, kasuan kasuko taldeko edo kategoriako enpresen artetik zozketa eginez, bete gabeko postuak betetzeko kideak hautatuko ditu, betiere 55. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen baldin badituzte.

4. Hauteskunde Batzordeak akta batean adieraziko du zein hautagai aldarrikatu diren, hala nola artikulu honetan aipatzen diren gorabehera guztiak. Horren kopia ziurtatua Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, hiru egun igaro baino lehen, eta aktan jasotakoa aditzera eman beharko da, Ganberako egoitzan eta, gutxienez, Nafarroan gehien hedatzen diren egunkarietariko batean jarri beharreko iragarki baten bidez.

5. Hauteskunde batzordearen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua. Errekurtsoak ez du prozesua etenen, non eta administrazio gidariak bere ebazpena prozesuaren garapenerako funtsezkoa dela uste duen.

62. artikulua. Hauteskunde mahaiak.

1. Hauteskunde Batzordeak zehaztuko du zenbat hauteskunde mahai behar diren eta non eratu behar diren, eta egin beharreko lanetarako behar dituzten giza nahiz gauzazko baliabideak helaraziko dizkie. Horretarako, Hauteskunde Batzordeak kudeaketa arloan Batzorde Betearazleari dagozkion ahalmen berberak izanen ditu.

2. Hauteskunde mahai bakoitza mahaiburuak eta bi kidek osatuko dute, zeinek hauteskunde kolegio horretako herrian helbideratuta egon beharko baitute. Mahaiburua eta mahaikideak Hauteskunde Batzordeak hautatuko ditu, Kolegioa jartzen den herrian helbideraturik dauden hautesleen artetik zozketa eginez (hautagaiak alde batera utzita). Hori helburu, Ganberako Osoko Bilkurak hautesleen zerrenda bat proposatu beharko du, talde bakoitzetik bi hautesle adieraziz. Hauteskunde Batzordeak, orobat, ordezko mahaiburu eta mahaikideak izendatuko ditu. Mahaiburuak, gainera, Ganberako langile baten laguntza eskatzen ahalko du.

3. Hautagai zerrendak argitaratzearekin batera, Hauteskunde Batzordeak aditzera emanen ditu hauteskunde mahaietako osakideak eta haiek eratzeko tokiak, hala nola mahai bakoitzean botoa eman behar duten hautesleen zerrenda.

63. artikulua. Kontu-hartzaileak.

1. Hautesle guztiek dute hauteskunde prozesua fiskalizatzeko eskubidea. Hautagai bakoitzak bi kontu-hartzaile izendatzen ahalko ditu mahai bakoitzeko, bozketa eta boto-kontaketa fiskalizatzeko.

2. Hautagaiek Hauteskunde Batzordeari jakinarazi beharko dizkiote kontu-hartzaileen izenak bozketa eguna baino lehen.

3. Kontu-hartzaileen eskubidea da egiten dituzten kexa eta oharrak hauteskunde mahaiaren aktan jasotzea.

64. artikulua. Mahaiak eratzeko bidea.

1. Hauteskunde mahaiak bozketa egunean eratuko dira, goizeko bederatzietan, bozketa egin behar den tokian berean. Ezin izanen zaio bozketari hasiera eman harik eta mahaiaren eraketa akta egin arte. Hautagaiek eskatuz gero, horren kopia ziurtatuak eginen dira, mahaiburuak eta mahaikideek sinatuak. Kontu-hartzaile aritzeko baimena mahaiburuak emanen du, bozketari ekin baino lehen izaera hori egiaztatuz gero.

Mahaia eratzeko orduan kideren bat -edo denak- falta badira, honako hauek hartuko dituzte haren eginkizunak: a) mahaiburuarenak, Foru Administrazioaren ordezkari batek; b) mahaikideenak, Ganberako langile batek.

65. artikulua. Bozketa.

1. Bozketa isilpekoa izanen da. Hautesleek nork bere taldeari dagokion hautestontzian sartu beharko dute botoa, hauteskundeetarako deialdiaren argitalpenean adierazten den egunean eta orduetan.

2. Mahaiburuak, mahaikideek lagunduta, boto-emaileen izen-abizenak egiaztatuko dituzte eta, erroldan badaude eta botorik eman ez badute, botoa onartuko dute.

3. Botoa boto-paper baten bidez emanen da. Horren formatoa edo eredua hauteskundeetarako deialdian argitaratzen denaren araberakoa izanen da. Eredu horren araberakoak ez diren boto-paperetan ematen diren botoak baliogabekoak izanen dira.

4. Boto-paperetan ageri diren izenak kasuan kasuko talde edo kategorian bete beharreko kide kopurua baino gehiago badira, lehenbizikoak baino ez dira aintzat hartuko.

5. Bozketa ezinbesteko kasuetan baino ez da etengo, kasuan kasuko mahaiaren erantzukizunpean betiere. Bozketa bertan behera utziz gero, mahaiak horren akta egin beharko du eta Hauteskunde Batzordeko buruari emanen dio, horrek, bere aldetik, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunari lehenbailehen jakinarazi diezaion, bozketa berriz egiteko eguna finkatzeko.

6. Hauteskunde kolegioetan hauek baino ez dira sartuko: hautesleak, hautagaiak, horien ahaldun edo kontu-hartzaileak, bozketako egintzaren batean -isilpekotasun printzipioa urratu gabe- fede emateko deitzen diren notarioak eta, mahaiburuak onartuz gero, agintaritzako agenteak.

7. Mahaiburuak agintea du bozketa zuzen joateko eta boto-ematean askatasuna egonen dela aseguratzeko behar diren neurriak hartzeko. Mahaiburuaren aginduak betetzen ez dituen hauteslea kanporatuko da eta bozketa horretan botoa emateko eskubidea galduko du, legokiokeen erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

66. artikulua. Posta bidezko botoa.

1. Posta bidez bozkatu nahi duten hautesleek arau hauek bete beharko dituzte:

Bat.-Aurretik eskaera egin beharko dute, Ganberak emanen duen eredu normalizatu batean, hauteskundeetarako deialdia argitaratu ondoko hogei egunetan. Eskaera hori Ganberako Idazkaritzan aurkeztu beharko da edo posta ziurtatuaren bidez igorri.

Eskaera horretan honako hauek aipatu beharko dira:

a) Hauteslearen izen-abizenak. Horretarako, sinatzailearen nortasun agiri nazionalaren fotokopia bat aurkeztu beharko da.

Pertsona juridikoa bada:

-Sozietatearen helbidea.

-Ordezkariaren datu pertsonalak eta sozietatean duen kargua.

-Entitatearen identifikazio fiskaleko zenbakia.

-Ahalorde-agiria.

b) Zein talde edo kategoriatan bozkatu nahi den. Ez bada ezer adierazten, erroldaturik dagoen talde eta kategoria guztietan bozkatu nahi duela ulertuko da.

Bi.-Ganberako Idazkaritzak egiaztatuko du eskatzailea hauteskunde erroldan ote dagoen. Gainera, horren inguruko ziurtagiria eginen du eta, botoa zuzenean ematera joanez gero ez onartzeko idazpena erroldan egin ondoren, behar den dokumentazioa igorriko dio eskatzaileari, bozketa eguna baino hamar egun lehenago gutxienez.

Dagokion taldean bozketa egin beharrik ez badago, eskatzaileari horren berri emanen zaio.

Ganberako Idazkaritzak Hauteskunde Batzordeari jakinaraziko dio zenbat ziurtagiri eskatu eta egin diren.

Hiru.-Parte hartzen duen talde edo kategoria bakoitzeko, honako dokumentazio hau bidali behar zaio eskatzaileari:

-Hauteskunde Batzordeko idazkariari zuzendutako gutunazala, kasuan kasuko Hauteskunde Kolegioko zein mahaibururi eman behar zaion adierazita.

-Botoa jasotzeko eskubidea duten talde guztien boto-paperak.

-Boto-paper bakoitza sartzeko gutunazalak. Atzeko aldean taldea eta, kasua bada, kategoria azaldu beharko dira.

-Erroldan inskribaturik dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

-Talde edo kategoria horretan aldarrikaturiko hautagaiak.

-Jarraibide orria.

Lau.-Hautesleak dagokion gutunazalean sartu beharko du boto-papera, hots, zer talde edo, kasua bada, kategoria dagokion, atzealdean hori idatzita duen gutunazalean. Itxi ondoren, gutunazal hori eta erroldako inskripzio-agiria bigarren gutunazalean sartuko ditu eta Hauteskunde Batzordeko Idazkaritzari igorriko dio posta ziurtatuaren bidez, bozketa egin aurreko eguneko hamabiak baino lehen irits dadin.

Ordu horretatik aurrera jasotzen diren posta bidezko botoak ez dira onartuko.

2. atalean aipatutakoa gorabehera, posta bidez bozkatzeko ziurtagiria eta dokumentazioa jasota ere, zuzenean bozkatu nahi duten hautesleek botoa ematen ahalko dute, agiri horiek Hauteskunde mahaiari itzuliz gero. Horrela egin ezean, botoa ez da onartuko.

2. Hauteskunde Batzordeko idazkariak mahaiburuei emanen dizkie posta bidez jasotako botoak, bozketa amaitu baino lehen.

Bozketa bukatuta, mahaiburuak posta bidez igorritako boto-paperen gutunazalak sartuko ditu hautestontzian, betiere aurkeztu beharreko dokumentazioa erantsi dela eta hauteslea erroldan dagoela egiaztatu ondoren. Ondoren, hautesle horien izenak boto-emaileen zerrendan idatziko dira.

67. artikulua. Boto kontaketa.

1. Bozketa bukatuta, mahaikideek hautestontziak irekiko dituzte, aretoan dauden kontu-hartzaileen aurrean. Ekitaldi hori jendaurrekoa izanen da.

2. Horren ondotik, boto kontaketari ekingo zaio. Boto kontaketa aktan azaldu beharko da, hautagai-zerrenda bakoitzak lortutako boto kopurua, txuriz emandako botoak eta balio gabeko botoak adieraziko baitira.

3. Erreklamazioak ekitaldian berean egin beharko dira, idatziz, eta hauteskunde mahaiei igorri beharko zaizkie, zeinek ekitaldia amaitu baino lehen ebatziko baitute. Hauteskunde Batzordean apelazioa egiteko egun bateko epea egonen da. Horren ebazpenaren aurka, azkenik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua.

68. artikulua. Hauteskunde mahaiaren akta.

1. Hauteskunde mahaietan, mahaikiderik gazteena idazkari lanetan arituko da. Horren ardura izanen da akta egitea, zeina mahaiburuak, mahaikide guztiek eta nahi duten kontu-hartzaileek sinatuko baitute. Aktan honako hauek bildu beharko dira: mahaiaren eraketa, kontu-hartzaileen kreditazioa, bozketa hasteko eta bukatzeko ordua, boto kontaketa, bozketaren emaitzak eta bozketaldian gertatutako gorabeherak.

Akta egin eta segituan, mahaiburuak Hauteskunde Batzordeko buruari kopia bat emanen dio. Akta guztiak Ganberako Idazkaritzara igorriko dira, gorde ditzaten. Hautagaiek eskatuz gero, kopia ziurtatuak eginen zaizkie.

69. artikulua. Hautetsiak aldarrikatzea eta Osoko Bilkura eratzeko deialdia.

1. Hauteskunde Batzordeak, horretarako propio bildurik, mahaietako aktetako emaitza guztiak bilduko dituen akta bat prestatuko du eta, horren ondorioz, hautetsiak aldarrikatuko ditu eta horien zerrenda argitaratuko du. Boto gehien jasotzen duten hautagaiak izanen dira hautetsiak. Berdinketarik gertatuz gero, Ganberako erroldan antzinatasunik handienaren alde joko da eta, horrela ere berdin segituz gero, kuota handiena ordaintzen duenaren alde.

2. Kide titularrak aukeratu dituen hautesle taldearen ordezkari arituko dira Osoko Bilkuran. Hautagai bera erroldako talde baterako baino gehiagorako hautatzen baldin badute, Hauteskunde Batzordeko buruak dei eginen dio hiru eguneko epean haietako bat bakarra aukeratu eta besteak utzi ditzan. Epe horretan aukerarik egiten ez badu, antzinatasunik handiena duen taldea aukeratu duela ulertuko da eta, antzinatasun berdina izanez gero, kuotarik altuena ordaintzen duen taldea. Horrelakoetan, boto kontaketan haren atzean gelditu den hurrengo hautagaiak ordezkatuko du.

70. artikulua. Hauteskundeen espedientea.

Hauteskundeen espedientea Ganberan artxibatuko da. Kopia ziurtatu bat Nafarroako Gobernuaren organo eskudunari igorriko zaio, hauteskundeak amaitu eta hurrengo hamar egunetan.

71. artikulua. Jarduneko organoak.

1. Ganberako gobernu organoek jardunean jarraituko dute, deialdiaren datatik (57. artikuluko 1. idatz zatian adierazia) osoko bilkura berria eratu arte edo, hala badagokio, kudeaketa batzordea izendatu arte.

2. Osoko bilkura berria balio osoarekin eratu ezin bada, Foru Komunitateko Administrazioak kudeaketa batzorde bat izendatuko du, ganberaren funtzionamendurako. Batzordeak ez badu lortzen osoko bilkura hiru hilabeteko epean kapitulu honetan ezarritako prozedurei jarraikiz eratzea, Foru Administrazioari hauteskundeak berriro deitzeko eskatuko dio.

3. Eginkizun horien gauzatzeak udalbatzaren ohiko funtzionamendurako ezinbesteko kudeaketa, administrazio eta ordezkaritza jarduerak baizik ez ditu barrenean hartzen, gobernuko organo hautetsi berrien jarduketari enbarazurik ez egiteko.

72. artikulua. Hautetsien kreditazioa eta Osoko Bilkurarako deialdia.

1. Hautatzen diren pertsonek Osoko Bilkurako hautetsi izaera izanen dute.

2. Hauteskunde Batzordeak kide hautetsiaren kredentziala emanen die eta, aldi berean, pertsona juridikoei eskatuko die eginkizun korporatiboez arduratuko den ordezkaria izenda dezan, ahalorde nahikoa izanen duena; izendapen hori Osoko Bilkura eratzeko bilkura hasi baino lehen egon beharko da Ganberako Idazkaritzan.

Ordezkaturiko pertsona juridikoak noiznahi aldatzen ahalko du ordezkaria, betiere Ganberari horren berri emanda. Nolanahi ere, ordezkari aldaketak ez du ondoriorik sortuko harik eta Ganberako Idazkaritzak komunikazio hori hartu izanaren agiria sinatu arte.

Dena den, ordezkari hori Ganberako lehendakari edo Batzorde Betearazleko kide gisa aritzen bada, pertsona juridikoak ordezkaria aldatzearekin batera lehendakaritza edo, kasua bada, Batzorde Betearazleko postu hori hutsik gelditu dela deklaratuko da. Hortaz, postu hori Erregelamendu honetako 75 eta 76. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz bete beharko da, kasuan-kasuan.

3. Bozketa egunetik hasita hogei egun balioduneko epean gehienez, Hauteskunde Batzordeak Ganberako Osoko Bilkurarako deia eginen du. Bilkura horretako gai-zerrendan honako gai hauek baino ez dira agertuko: lehendakariaren hautapena, Nafarroako sektorearteko enpresa erakunderik garrantzitsuenek proposaturiko kideen hautapena, Batzorde Betearazleko kideen hautapena, lehendakariordeena eta diruzainarena.

III. KAPITULUA. Osoko Bilkuraren eraketa eta lehendakariaren eta Batzorde Betearazlearen hautapena

73. artikulua. Osoko Bilkura eratzeko bilera.

1. Osoko bilkurako hautetsiak kideak hautatzeko bilera (74. artikuluan aipatzen da) egin baino lehen jabetuko dira beren postuaz. Bilera horren berri berehala emanen zaio administrazio gidariko organo eskudunari. Pertsona naturalek pertsonalki eginen dute; juridikoek, horretarako izendatutako ahalorde askietsia duen ordezkari baten bidez.

2. Hautetsiak agertzerik ez badu, jabetza hartu duela ulertuko da, baldin eta idatziz adierazten badu osoko bilkurako kide izan nahi duela, eta ez agertzea behar bezala justifikatzen badu. Aitorpen horrek ganberako idazkaritzan egon beharko du bilkura hasi baino lehen

 3. Osoko Bilkura eratzeko bilkuran Hauteskunde Batzordeko burua arituko da lehendakari lanetan edo, hura ez badago, bertaratzen den kiderik zaharrena, zeinek lehendakari izendatzen denari postua utziko baitio. Hauteskunde Batzordeko buruarekin batera, Osoko Bilkurako behin-behineko mahaia kiderik zaharrenak eta gazteenak osatuko dute, Ganberako idazkariak lagunduta betiere.

4. Bertaraturiko kideen kreditazioak, ez-agertzeak eta 69.2 artikuluan adierazitako aukerabideaz baliatu direnak ikusita, bilkura horretako lehendakariak Ganberako Osoko Bilkura eratu dela deklaratuko du eta osakideen izenak emanen ditu. Nahi izanez gero, hutsik gelditu diren postu hutsak ere adieraziko ditu.

74. artikulua. Nafarroako sektorearteko enpresa erakunderik garrantzitsuenek proposatutako kideen hautapena.

Nafarroako sektorearteko enpresa erakunderik garrantzitsuenek proposaturiko lau kide izendatuko dira. Proposamen hori Ganberako Idazkaritzari jakinarazi beharko zaio, Osoko Bilkura eratu baino bost egun lehenago gutxienez. Proposamenik egiten ez bada, kide horien hautapena hurrengo Osoko Bilkurarako utziko da.

75. artikulua. Lehendakaria eta batzorde betearazlea hautatzea, eta eraketa bilkurako akta.

1. Osoko bilkura eratuta, bozketa izendun eta sekretuaren bidez hautatuko dira lehendakaria eta batzorde betearazlea osoko bilkurako kideen artetik.

2. Bozkatu beharreko hautagaien proposamen txanda hasiko da. Lehenik, lehendakaria hautatuko da eta, jarraian, batzorde betearazleko gainerako karguak, hurrenkera honetan: buruordeak, diruzaina eta kideak. Hautagaiak gehiengo soilaren bidez hautatuko dira. Lehendakari izateko hautagaiak hautagai zerrenda bakarra aurkezten ahalko du. Bertan, lehenik bozkatuko diren batzorde betearazleko beste kargu batzuk sartzen ahalko dira. Hautagai zerrendak onesten badira, ez da zertan banaka hautatu. Hautagai zerrendak bozketa egin baino gutxienez ere 24 ordu lehenago aurkeztu eta jendaurrean jarri beharko dira.

3. Hauteskunde mahaiak zenbaketa egin, eta osoko bilkurari emanen dio emaitzaren berri. Halaber, ohartaraziko du hauteskunde ekitaldiarekin edozein desadostasun adierazten ahalko duela. Ondoren, dagokion akta eginen da. Bertan, hauteskunde ekitaldiko gorabeherak, bozketaren emaitzak eta egiten diren erreklamazioak jasoko dira, eta, jarraian, kopia ziurtatua igorriko zaio, lehendakariaren bitartez, administrazio gidariko organo eskudunari. Organo horrek, interesdunei entzun eta gero, planteatutako gorabeherak ebatziko ditu.

4. Gorabeherak, egonez gero, ebatzi ondoren, administrazio gidariko organo eskudunak lehendakariaren, batzorde betearazleko karguen eta osoko bilkurako kideen izendapenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzen ahalko du.

76. artikulua.

77. artikulua.

IV. KAPITULUA. Gobernu organoetako karguak utzi, kargutik kendu eta berriz betetzeko bidea

78. artikulua. Osoko Bilkurako kide izaera galtzea.

1. Osoko Bilkurak honelako kasuetan erabakitzen ahal du kide izaera kentzea:

a) Bat-bateko arrazoiak direla kausa, hautetsia izateko behar diren baldintzetariko bat betetzetik uzten denean.

b) Erregelamenduz ezartzen den epean, kargua hartzen ez denean.

c) Urte natural batean, justifikaziorik gabe, osoko bilkurako edo batzorde betearazleko hiru bileratara huts egiten bada.

d) Behar bezala jakinarazitako dimisio edo uko egitea gertatzen denean.

e) Sekretu profesionala urratzen bada edo Ganberaren izen onaren aurkako arau-hauste larri bat egiten denean.

2. Osoko Bilkuraren erabakia hartuko da interesatuari eta, hala bada, ordezkatzen duen enpresari entzunaldia eman ondoren. Erabaki horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua.

3. Kargu huts hori betetzeko Erregelamendu honen 79. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio, baina ezin izanen da bete harik eta Administrazioko organo eskudunak errekurtsoa ebatzi arte, horrelakorik baldin badago.

4. Hautatutako kidearen eta hark ordezkatzen zuen pertsona juridikoaren ordezkaritza harremana bukatzearen ondorioz sortutako lanpostu hutsak betetzeko, ez da beste hauteskunde bat deitu beharrik izanen; kide hura enpresak erabakitzen duen kideak ordezkatuko du. Arau hori ez da aplikatuko ez lehendakariarekin ez batzorde betearazleko beste kide batzuekin.

79. artikulua. Osoko Bilkurako kargu hutsak betetzeko bidea.

1. Heriotzagatik, dimisioagatik, uko egiteagatik edo karguan aritzea ezinbidetzen duen beste edozein arrazoirengatik, Osoko Bilkuran hutsik gelditzen diren postuak kasuan kasuko talde edo kategorian egin beharreko hautapenaren bidez beteko dira.

Hori helburu, lanpostua hutsik gelditu delako deklarazioa egin eta hurrengo hamar egunetan, Ganberako Idazkaritzak horren berri emanen die kasuko hautagaiei, idatziz, interesatuek kandidatura aurkeztu ahal dezaten Erregelamendu honi jarraikiz. Ehun hautagai baino gehiago badira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean hedapenik handiena duten egunkarietariko batean jarri beharko du iragarkia. Hori guztia Nafarroako Gobernuari jakinaraziko zaio.

Kasu horretan, Hauteskunde Batzordeari dagozkion eskumenak Batzorde Betearazleak hartuko ditu.

2. Bete beharreko posturako hautagai bakarra baldin badago, aldarrikapenarekin batera hautapena ere eginen da. Hortaz, ez da hautapen deklarazio berariazkorik egin behar. Kandidaturarik ez badago, Osoko Bilkurak kargu horri dagokion talde edo kategorian dauden enpresen arteko zozketa eginen du, kargu hutsa betetzeko. Aukeratzen den pertsona ordezkatzen duenari zegokion agintealdia amaitu arte arituko da karguan.

80. artikulua. Batzorde Betearazleko kideen kargu-uztea eta kargu hutsak betetzeko bidea.

1. Agintealdia amaitzen denean alde batera utzita, Batzorde Betearazleko kideek honelako kasuetan utziko dute kargua:

a) Osoko Bilkurako kide izaera galtzeko, Erregelamendu honetako 78. artikuluan adierazitako arrazoiengatik.

b) Osoko bilkurako kideen bi herenek hala erabakitzen badute.

c) Karguari uko eginda, Osoko Bilkurako kide izaera galdu gabe.

2. Lanpostu hutsa osoko bilkurak beteko du, lanpostua hutsik geratu eta hamabost eguneko epean horretarako deitutako bilkuran, erregelamenduko 75. artikuluak ezarri bezala. Hautatutako pertsonak lanpostua beteko du ordezkatzen duen pertsonari kargu horretan egoteko geratzen zitzaion denborarako.

3. Dena den, Batzorde Betearazleko kide izateko kargua uzteko arrazoia Osoko Bilkurako kide izaera galtzea denean, lehenbizi Osoko Bilkurako postua beteko da, Erregelamendu honetako 79. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

81. artikulua. Ganberako lehendakariaren kargu-uztea eta kargu hutsa betetzeko bidea.

1. Agintealdiaren ohiko amaiera alde batera utzita, Ganberako lehendakariak honelako kasuetan utziko du kargua:

a) Osoko Bilkurako kide izaera galtzeko, Erregelamendu honetako 78. artikuluan adierazitako arrazoiengatik.

b) Osoko bilkurako kideen bi herenek zentsura mozioa onartzen badute. Mozioa osoko bilkurako kideen bostetik batek proposatu beharko du gutxienez, horretarako propio eginen den bilkura batean, eta, nahitaez, ganberako lehendakari izateko beste hautagai bat proposatu beharko da.

c) Dimisioa.

d) Karguan aritzeko ezgaitzen duen epai irmoa.

e) Heriotza.

2. Arestiko b), c), d) edo e) letretan ezarritako kasuak gertatuz gero, Ganberako lehendakariaren ordez lehendakariordeak arituko dira, harik eta Erregelamendu honetako 75. artikuluan ezarritakoari jarraikiz beste lehendakari bat izendatu arte.

3. Lehendakariak kargua uzteko arrazoia Osoko Bilkurako kide izaera galtzea denean, lehenbizi Osoko Bilkurako kide postua beteko da, Erregelamendu honen 79. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta gero lehendakari berria hautatuko da.

V. TITULUA. DELEGAZIOAK ETA ORDEZKARITZAK

82. artikulua. Delegazioak edo ordezkaritzak sortzea.

Osoko Bilkurak ahalmena du Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren lurraldeko delegazio edo ordezkaritzak sortzeko, iraunkorrak nahiz aldi baterakoak, ganberaren eragin esparruko edozein tokitan, eremu geografikoaren ezaugarri ekonomikoen arabera.

83. artikulua. Lurraldeko delegatu eta ordezkariak.

1. Lurraldeko delegatu edo ordezkariak izendatu eta kargutik kentzea Osoko Bilkurari dagokio. Kargu horietan aritzen ahalko dira Ganberaren zerbitzuko langile kontratatuak edo horrelako kargu batean aritzeko baldintzak betetzen dituzten beste pertsona batzuk.

2. Delegatu eta ordezkariei Ganberako organo kolektiboen bileretara deitzen ahalko zaie, beren eremuari loturiko aferak jorratu behar baldin badira. Horrelako bileretan ez dute botorik izanen.

3. Hona hemen lurraldeko delegazio eta ordezkaritzen eginkizunak:

a) Kasuan kasuko lurralde eremuko afera ekonomikoen gainean, Ganberak egiten dizkien kontsultei bide ematea.

b) Eremu horretako merkataritza eta industriari buruz Ganberak eskatzen dizkien datuak ematea.

c) Ganberari proposatzea kasuan kasuko lurralde eremuko merkatari eta industrialen interes ekonomikoetarako egokien diren neurriak hartzea.

d) Ganberak egiten dizkien aginduak betetzea, bere eskumenak erabiliz.

4. Osoko Bilkurak behar diren aurrekontu-kredituak sortuko ditu lurraldeko delegazio edo ordezkarien funtzionamendurako.

84. artikulua. Beste ordezkaritza batzuk.

1. Ganberako lehendakariak duen ordezkaritza galarazi gabe, Osoko Bilkurak beste instituzio, erakunde edo entitate batzuetan aritzeko ordezkari iraunkor nahiz aldi baterakoak izenda ditzake. Erakunde ofizialetarako ordezkaritza kasuetan, izendatuak Osoko Bilkurako kide titular izan beharko du nahitaez, horretarako propio izendatzen diren beste pertsona batzuen laguntza izan badezake ere.

2. Osoko Bilkurak Ganberaz kanpoko pertsonak izenda ditzake ordezkari edo ordezkaritza talde bateko partaide, kasuan kasuko lana egoki aurrera eramateko behar den gaitasuna edo ezagutza teknikoa baldin badute.

VI. TITULUA. FINANTZEN, AURREKONTUEN ETA KONTABILITATEAREN ARLOKO ARAUBIDEA

I. KAPITULUA. Ganberaren baliabideak

85. artikulua. Finantza baliabideak.

Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak, bere jarduerak finantzatzeko, honako dirusarrera hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialari buruzko azaroaren 19ko 17/1998 Foru Legearen V. Tituluan araututako Ganberaren baliabide iraunkorrean sartutako kontzeptuengatiko etekina.

b) Industria, Merkataritza eta Nabigazioko beste ganbera batzuetatik heldu diren ekarpenak.

c) Ematen dituen zerbitzuetatik eta, oro har, garatzen dituen jardueretatik datozen dirusarrerak, arruntak zein bereziak.

d) Bere ondarearen ekoizkinak, errentak eta gehikuntzak.

e) Hautesleek egiten dituzten borondatezko ekarpenak.

f) Jasotzen dituen dirulaguntzak, legatuak eta dohaintzak.

g) Egiten dituen kreditu-eragiketen emaitzak direnak.

h) Legez, hitzarmenez edo antolamendu juridikoan ezarri denarekin bat datozen gainerako prozeduren bidez esleitzen ahal zaizkion gainerakoak.

86. artikulua. Ganberaren baliabide iraunkorraren pentzutan finantzatuko den gehieneko ehunekoa.

1. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak ganberaren baliabide iraunkorraren bidez eskuratzen dituen sarrerek ezin dute Korporazioaren sarrerek guztira egiten dutenaren 100eko 60 gainditu.

Aurreko lerroaldean ezarri denaren ondorioetarako, ez dira Ganberaren sarreren barruan zenbatuko ondoko hauek: zorpetzetik datozenak; ganberaren baliabide iraunkorrekoak izanik, manuz helburu zehatz bati lotuta dauden ehunekoak, adibidez, Esportazioak Sustatzeko Ganbera Planerako edota lanbide eta enpresa prestakuntzarako bideratuak.

2. Ganberaren baliabide iraunkorraren sarrerek, aurreko ataleko bigarren lerroaldean adierazi direnak salbuetsita, arestian adierazi den 100eko 60ko muga gainditzen baldin badute, soberakin hori erreserbako fondo bat eratzeko erabiliko da.

Erreserba horiek, ondoko ekitaldietan, ganberaren baliabide iraunkorraren sarrerak osatzeko baino ezin dira erabili, eta hori ere, harik eta beste jatorri batzuetako sarrerak kontuan hartuta, baimenduriko gehieneko ehunekora iritsi arte.

Erreserba, baldin eta aurreikusteko modukoa bada, aurrekontuan sartuko da eta aurrekontua likidatzeko unean eratuko; hurrengo ekitaldietako baliabideen pentzutan konpentsatuko da, kasua bada.

Erreserba eratu den ekitaldia bukatu denetik bost urte igaro baldin badira, eta ezinezkoa izan bada erreserba edo horren etekinak arestian adierazi den eran aplikatzea, Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialari buruzko 56. artikuluko 2. atalean ezarri diren eginkizunetariko bat finantzatzeko erabiliko dira edo, bestela, ganberaren baliabide iraunkorraren kuotak ingresatu dituztenei itzuliko zaizkie, egin dituzten ekarpenen ehunekoen arabera.

3. Esportazioen Planari atxiki zaion ganberaren baliabide iraunkorraren zatirako benetan bildutakoa plan hori finantzatzeko egin diren gastu eta inbertsioak baino gehiago denean, Ganberak ondare erreserba bat eratuko du. Erreserba hori epe laburreko erabilgarrian gauzatuko da, eta ezin izanen da hurrengo ekitaldietan erabili, non ez den arestian aipatu Planean sartu diren jarduerak finantzatzeko.

II. KAPITULUA. Aurrekontuak

87. artikulua. Aurrekontuak.

1. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren finantza jarduera aurrekontu eta kontabilitatearen araubideari lotuta dago eta, beraz, horren aurrekontu eta kontabilitateko egitura Nafarroako Ogasun Publikoa araupetu duen araudian bildu diren oinarrien menpean dago.

2. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak urte naturalarekin bat etorriko den aurrekontu arrunta prestatuko du, urtero; aurrekontu horretan sartuko dira likidatzeko aurreikusi diren dirusarrera guztiak, eta aldi horretan onets daitezkeen betebeharrak, eta beti eutsiko zaio aurrekontuaren orekari.

3. Gastuen egoerako kredituak zertarako baimendu diren aurrekontuan, horretarako baino ezinen dira erabili.

4. Ezinezkoa da dagokion gastuen egoeran baimendu diren kredituen munta gainditzen duen gastu konpromisorik.

Aurreko ataletan ezarri dena gorabehera, kredituen gehikuntzak eta transferentziak egiten ahal dira, baita aurrekontuaren beste edozein aldaketa ere, baldin eta horien arrazoiak era egokian justifikatzen badira, eta aurrekontua onesteko aurreikusi den prozedura erabiltzen bada.

5. Salbuespenetan, eta aparteko inbertsioak egiteko baino ez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aparteko aurrekontua prestatzea baimen dezake.

88. artikulua. Aurrekontuak prestatzea eta onestea.

1. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak bere aurrekontuak prestatuko ditu; aurrekontu horiek kapitulu, artikulu, kontzeptu eta kontusailka taxutuko dira, barne-araudi honetan ezartzen diren egitura eta erak betez. Ganberak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren onespenaren menpe utziko ditu, gero.

Aurrekontuaren proiektua prestatzea Batzorde Betearazleari dagokio; organo horrek Ganberaren Osoko Bilkurari aurkeztuko dio urriaren 31 baino lehen, behin-behinekoz onets ditzan.

89. artikulua. Aurrekontuaren egitura.

Ganberaren aurrekontuan gastuen egoera sartuko da eta, horren barrenean, ahalik eta zehatzenik, beharkizunak betetzeko behar diren kredituak, hala nola dirusarreren egoera, ekitaldi horretan likidatu beharreko eskubide ekonomikoen kalkulua barne.

90. artikulua. Dirusarreren egoeraren egitura.

Aurrekontuko dirusarreren egoeran sartuko diren baliabideak bakoitzaren izaera ekonomikoaren arabera antolatuko dira, kapituluz kapitulu, artikuluz artikulu eta kontzeptuz kontzeptu.

91. artikulua. Gastuen egoeraren aurrekontua.

Ganberako aurrekontuko gastuen egoeretan sailkapen organikoa, funtzionala, programaz programakoa eta ekonomikoa erabiliko dira.

a) Sailkapen organikoan, gastua baimentzeko eskumena duen organoaren arabera aurkeztuko dira gastuetarako kredituak.

b) Sailkapen funtzionalean, kredituak egin beharreko jardueren izaeraren arabera sailkatuko dira.

c) Gastu arruntak eta kapital gastuak bereizita aurkeztuko dira, eta haien sailkapen ekonomikoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1. Gastu arruntetarako kredituetan, zerbitzuko funtzionamendu gastuak, finantza gastuak eta ohiko transferentziak bereiziko dira.

2. Kapital gastuetarako kredituetan, inbertsio errealetarakoak, kapital transferentziak eta finantza aktibo eta pasiboen aldaketak bereiziko dira.

92. artikulua. Aurrekontuko egituraren garapena.

Batzorde Betearazleari dagokio aurrekontua sailkatzeko Erregelamendu honetan ezarritako irizpideak garatzea.

93. artikulua. Aurkezteko modua.

Aurrekontua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aurkeztuko zaio, urte bakoitzeko azaroaren 1a baino lehen, behin betikoz onets dezan. Aurrekontuarekin batera, ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Aurrekontua azaltzen den oroit-idazkia.

b) Jarduteko egitaraua eta aurreikusi diren inbertsioak.

c) Indarreko aurrekontuen betetzearen egoera.

d) Finantzazioaren egoera eta jarduketena.

94. artikulua. Foru Komunitateak aurrekontuak onestea.

1. Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunak aurrekontua oso-osorik onets dezake, edo onespena Ganberak egin beharreko aldaketa txiki batzuk sartzearen baldintzapean jarri, edo, halaber, arrazoiak eman eta ez onetsi.

2. Aurrekontuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aurkeztu eta hiru hilabeteko epean, horrek inolako kexarik aurkezten ez badu behin betikoz onetsi direla ulertuko da.

95. artikulua. Urteko aurrekontuaren luzapena.

Baldin eta aurrekontua ez badago behin betiko onetsita ekitaldi ekonomikoa hasi den unean, aurreko ekitaldiko aurrekontu finkatua berez luzatu dela ulertuko da.

96.artikulua. Aurrekontu bereziak.

Aurrekontu arruntean aurreikusirik ez dauden inbertsioetarako aurrekontu berezia prestatzeko aurrekontu arrunta prestatzeko arau berberei segituko zaie, aurrekontu horien izaeraren aurkakoak ez badira, salbu eta Osoko Bilkurari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aurkezteko epeari dagokionez.

III. KAPITULUA. Kontabilitatea eta erantzukizunak

97. artikulua. Kontabilitateko araubidea.

Ganbera kontabilitateko araubide baten menpe egonen da, liburu, erregistro eta kontuetan eramanen dena, anotatu behar diren eragiketak eta egoerak nolakoak diren, egokien diren prozedura teknikoak erabiliz.

98. artikulua. Aurrekontuen likidazioa.

1. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak Korporazioaren urteko kontuak prestatu eta onetsiko ditu. Kontu horietan ondoko dokumentuak agertuko dira:

a) Burutu diren jardueren alderdirik garrantzitsuenak azaltzeko oroit-idazkia.

b) Burutzen ari diren aurrekontu arrunt eta berezien urteko likidazioa.

c) Korporazioaren ondare eta finantza egoera zein den frogatzen duen urteko balantzea.

d) Balantzeari buruzko iruzkinak.

e) Baldin eta aurrekontuko kontusail baten pentzutan egin diren gastuak hasierako kredituaren % 80 baino gutxiago badira, aurrekontuko sail horren betetze ezaren zioei buruzko txosten arrazoitua aurkeztuko da, betetzearen egoerarekin batera.

2. Batzorde Betearazleak urteko kontuak prestatu beharko ditu, eta lan hori egiteko gehienez ekitaldia itxi eta hiru hilabeteko epea du. Kontu horiei auditoretza-txostena eginen zaie eta hurrengo urteko maiatzaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira Ganberako Osoko Bilkuran, bidezko erabakia har dezan.

3. Urteko kontuak, auditorearen irizpenarekin eta Osoko Bilkuraren erabakiaren edukia azaltzen duen ziurtagiriarekin batean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari igorriko zaizkio behin betikoz onets ditzan.

99. artikulua. Kanpo kontrola.

1. Kontuen Ganberari dagokio, bere arautegian ezarri denarekin bat, Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak ganberaren baliabide iraunkorraren etekinen ondorioz jaso dituen munten fiskalizazioa egitea.

2. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren aurrekontuko sarrera eta gastuen likidazioak, Esportazioak Sustatzeko Ganbera Planari dagozkionak, Kontuen Epaitegiak fiskalizatuko ditu.

100. artikulua. Erantzukizuna.

Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren ondasunak eta eskubideak kudeatzen dituzten pertsonek Ganberari eragin diezazkieketen kalteordainak ordaindu beharko dituzte, baldin eta atzipe, erru edo utzikeria larrien kasuak eta indarreko arautegiaren urratzeak diren ekintza edo ez-egiteen ondorio badira, betiere egotz dakizkiekeen zigor erantzukizuna edo beste edozein gorabehera deusetan galarazi gabe.

VII. TITULUA. GANBERAREN BALIABIDE IRAUNKORRA

101. artikulua. Definizioa eta araubide juridikoa.

Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren ganberaren baliabide iraunkorra Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialari buruzko azaroaren 19ko 17/1998 Foru Legearen V. Tituluan adierazten diren ordainarazpenek hornituko dute. Ordainarazpen parafiskala da eta zer tributu dituen xede, haien araubide juridikoari erabat atxikitzen zaio, kudeaketari, bilketari eta erantzukizunei dagokienez. Aipatu Foru Legeak eta Erregelamendu honek araupetuko dute.

102. artikulua. Batzorde Betearazleak eta lehendakariak ganberaren baliabide iraunkorra kudeatu eta dirubilketa egiteko dituzten ahalmenak.

1. Batzorde Betearazleari dagokio Ganberari atxikitako eskubide ekonomikoen kudeaketa, likidazioa eta dirubilketa egitea.

Aurreko lerroaldean aipatu eskumenak baliatzeko, honako hauek dagozkio Batzorde Betearazleari:

a) Ganberako ordainarazpenen eta eskubide ekonomikoen behin-behineko edo behin betiko likidazioei buruzko erabakiak hartzea.

b) Eskumena duten erakunde publikoei eskatzea legez edo erregelamenduz ezartzen den laguntza ematea, Ganberako eskubide ekonomikoen kudeaketa, ikuskapena, likidazioa eta dirubilketa egiteko.

c) Beharrezko diren premiamendu probidentziak luzatzea. Agiri horiek premiamendu prozedurari hasiera emateko aski izanen dira.

d) Dirubilketaren kudeaketa egiteko akordioak sinatzea entitate publiko zein pribatuekin, hala borondatezko aldirako nola derrigorrez biltzeko aldirako.

e) Ganberak oker egindako dirusarrerak itzul daitezela erabakitzea.

f) Ganberaren egintzen aurka jartzen diren errekurtsoei buruzko txostena egitea eta haiek ebazteko eskumena duten Foru Komunitateko Administrazioko organoei igortzea.

g) Ganberako eskubide ekonomikoak ukitzen direnetan, Administrazio Publikoen erabakien kontra errekurtsoak jar daitezela erabakitzea.

2. Ganberako lehendakariak ganberaren baliabide ekonomikoen kudeaketa, likidazio eta dirubilketaren arloan Batzorde Betearazleak hartzen dituen erabakiak zehatz-mehatz betetzen direla begiratuko du, eta zehazki, zordunen ondasun eta eskubideak -zorpeturiko kreditua kitatzeko behar adina- bahitu daitezela agintzeko ahalmena izanen du, hala nola derrigorrezko dirubilketaren prozeduraren izapide guztiak bultzatzeko, harik eta Ganberako ondasun eta eskubide ekonomiko guztiak oso-osorik jaso arte.

103. artikulua. Ganberaren baliabidearen likidazioa, hautesle izaera ematen ez duten jardueren kasuan.

1. Ganberako kideren bat, ganberan egotea ahalbidetzen dion jardueraz gainera, besteren batean aritzen baldin bada, ganberaren baliabide iraunkorraren likidazioa egiteko, Erregelamendu honetako 13. artikuluan aipatu jarduerei egozten ahal zaizkien etekin, oinarri eta kuotak hartuko dira kontuan, ez besterik.

2. Aurreko atalean aipatutakoa aplikatzeko, subjektu pasiboak etekinak, oinarriak edo kuotak xehekatzeko behar diren datuak aurkeztu beharko ditu.

104. artikulua. Baliabidea biltzea.

Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialari buruzko azaroaren 19ko 17/1998 Foru Legean eta barne-araudi honetan aurreikusita ez dagoen orotan, Ganberaren Baliabide Iraunkorraren bilketa egiteko, abenduaren 20ko 1684/1990 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirubilketaren Erregelamendu Orokorrean edo horren ordez ezartzen denean xedatutakoa aplikatuko da.

105. artikulua. Ordaintzeko tokia.

1. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak egiten dituen ganberaren baliabide iraunkorraren likidazioen ordainketa Ganberako Kutxan eginen da, edo finantza entitateetan irekitako kontuetan dirua sartuz. Entitate horien izenak likidazioaren jakinarazpenean aipatu beharko dira.

2. Dirubilketa beste entitate batzuei esleitzen zaienean, ordainketa Kutxan edo dirubilketa entitatearen kontuetan eginen da, eta hori ordainketa errekerimenduetan adieraziko da.

106. artikulua. Ordaintzea atzeratzea eta zatikatzea.

1.Interesatuek eskatuz gero, Batzorde Betearazleak erabakitzen ahalko du Ganberaren Baliabide Iraunkorreko kuoten ordainketa atzeratzea, baldin eta berehalako ordainketak arazo larriak eragiten badizkio zordunari eta Batzordeak onartzen badu.

2. Ordainketaren atzerapena edo zatikapena onartzeko, Batzorde Betearazleak banku abal baten bermea eskatzen ahalko du, printzipalaren eta luzapenean sortzen diren korrituen adinakoa. Bankuaren abalik ezean, Batzorde Betearazleari behar adinakoak iruditzen zaizkion beste berme batzuk onartzen ahalko dira.

3. Atzeraturiko zorrek berandutza korrituak sortuko dituzte Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren alde.

107. artikulua. Ondasun edo zerbitzutan ordaintzea.

Ganberaren Baliabide Iraunkorreko kuoten ordainketaren partez, Batzorde Betearazleak beste ondasun edo zerbitzu batzuk onartzen ahalko ditu, Ganberarentzat interesgarriak baldin badira eta sorturiko kuoten adinakoak baldin badira. Ondasun edo zerbitzutan ordaintzeko baimenaren ebazpena Ganberako idazkari nagusiak egin beharreko txosten arrazoitu batean oinarrituko da, horrelakorik onartzea egokia ote den adieraziko duena. Erabaki hori Osoko Bilkurari jakinaraziko zaio.

108. artikulua. Dirubilketarako hitzarmenak.

Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak hitzarmenak sinatzen ahal ditu Ganberaren Baliabide Iraunkorraren dirubilketa Nafarroako Ogasun Publikoari edo Nafarroako toki entitateei delegatzeko.

109. artikulua. Ganberaren baliabide iraunkorreko etekinen banaketa.

Dirubilketako gastuak kenduta, ganberaren baliabide iraunkorrean sortzen den etekin likidoa arau hauen arabera banatuko da:

a) Etekin likido orokor horren % 6, Ganberen Kontseilu Nagusiarentzat izanen da.

b) Sozietateen gaineko Zergari eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagozkion kuoten gainerako zatia zerga ordaintzera behartuta dagoen pertsona fisiko edo juridikoaren establezimendu, ordezkaritza edo agentziak dauden eremuko ganberen artean banatuko da, nola eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan establezimendu bakoitzari dagokion edo egotzi zaion kuotak zerga horregatik subjektu pasiboak ordaindutako kopuru osoaren gainean egiten duen proportzio berean. Hala ere, enpresaburuak -dela sozietatea, dela banakakoa- duen helbideari dagokion ganbararentzako zatia ezin da izan kasuan kasuko ganberaren baliabide iraunkorreko kontzeptuaren kuota osoaren % 30etik beheitikoa.

Aurreko lerroaldean ezarritakoaren ondorioetarako, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren kuota kalkulatzeko, lokalen azalerari dagokion tributu-zatia ere sartuko da, ez ordea kasuko arautegian zehazturiko errekargu eta gehikuntzak.

c) Kopuru zehatzak Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak interesaturik dauden beste ganberekin sinatu beharreko hitzarmenetan adieraziko dira. Hitzarmen horiek Ganberen Kontseilu Nagusiak erabakitzen ahalko ditu.

110. artikulua. Ganberaren baliabide iraunkorreko etekinak nora bideratu.

1. Ganberaren baliabide iraunkorretik datozen dirusarrerak Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren berariazko helburuak betetzeko bideratuko dira.

2. Zehazki, Sozietateen gaineko Zergaren kuoten ordainarazpenen etekinaren bi herenak Esportazioak Sustatzeko Ganbera Planaren finantzaketari atxikita daude. Gainerako herena Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialari buruzko azaroaren 19ko 17/1998 Foru Legearen 3. artikuluko 1. ataleko f) letran eta 2. ataleko d) letran azaltzen diren prestakuntza lanetan eskumenak dituzten administrazioekiko lankidetza finantzatzeko izanen da.

VIII. TITULUA. ADMINISTRAZIO BABESA

111. artikulua. Administrazio babesa.

1. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren jarduerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren babespean daude, kanpo merkataritzako oinarrizko legediak Estatuko administrazioarentzat gorde duen babesaren kaltetan gabe.

2. Babes horren kariaz, honako administrazio ahalmen hauek baliatzea dagokio: onespena, fiskalizazioa, errekurtsoak ebaztea, etenaldiak eta desegiteak agintzea, legeetan ezartzen denaren arabera.

3. Legeak bestelako epeak jartzen ez baditu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak hilabeteko epea izanen du, Ganberak eskabide formala egiten duenetik zenbatuta, Ganberari bidezko baimena emateko. Delako baimen hori eman egin dela ulertuko da baldin eta epe horretan berariazko adierazpenik egiten ez bada.

112. artikulua. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren egintzen aurkako errekurtsoak.

1. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak bere dituen eskumen publiko eta administratiboak betez ematen dituen ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Nafarroako Gobernuari zuzendua.

2. Ganberak beste eremu batzuetan izaten dituen jarduketak eta, batez ere, lanaren alorrekoak horretarako eskumenak dituzten epaitegi eta auzitegietan ebatziko dira.

3. Hori guztia gorabehera, hautesleek Nafarroako Foru Komunitateko Administraziora jo dezakete Ganberaren jarduketari buruzko kexak aurkezteko.

113. artikulua. Informazioa eman beharra.

1. Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak Ganberaren gobernu organoek hartzen dituzten erabakien kopia edo horien laburpenak igorri beharko dizkio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, barne-araudiak ezartzen duen epean eta moduan.

2. Informazioa emateko erantzukizuna duten organoak lehendakaria eta, kasua bada, idazkari nagusia dira.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak artikulu honetan aipatu den informazioa zabaltzea edo argitzea eska dezake.

114. artikulua. Ganberaren jarduera etetea eta Ganbera desegitea.

1. Nafarroako Gobernuak eten dezake Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren jarduna, baldin eta indarrean dagoen antolamendu juridikoaren aurkako urratze larriak gertatu badira eta, ondorioz, biderik onena neurri hori bada; halaber, bide hori aukera dezakete organo horien ohiko funtzionamendua ezinezkoa denean.

2. Eteteko erabakian etenaldiaren iraupena ezarriko da, hiru hilabetetik beherakoa betiere; halaber, aldi horretan Ganberaren interesak kudeatuko dituen organoa zehaztuko da.

3. Etenaldia bukatu eta eteteko arrazoiek lehengo horretan badiraute, Ganberaren gobernu organoek desegiteari eta hauteskundeetarako deia egiteari ekingo zaio, hilabeteko epean.

IX. TITULUA. ARBITRO ETA BITARTEKO LANAK

115. artikulua. Adiskidetzea.

1. Merkatariek edo industrialek eskatuz gero, Ganberari dagokio haien artean sortutako liskarrak konpontzea.

2. Hori helburu, Ganberak hasierako bitarteko lanak eginen ditu, sorturiko arazoak konpontze aldera.

116. artikulua. Arbitro-lanak.

Aurrekoa gorabehera, interesatuen nahia merkataritzako liskarrak arbitrajearen bidez konpontzea baldin bada, hala zuzenbidearen arabera, nola berdintasunaren izenean, Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren Arbitraje Gorteak eskaintzen duen arbitraje instituzionala eskatzen ahalko dute.

117. artikulua. Arbitrajearen administrazioa.

1. Bi alderdik hitzarmen bidez adosten badute liskarren bat Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren Arbitraje Gortera eraman behar dela, arbitrajearen administrazioa eta arbitroen izendapena, alderdiek zehaztua ez duten guztietan, Gorte horretan aldian-aldian indarra duen Erregelamenduaren arabera eginen dira, salbu eta Arbitrajeari buruzko abenduaren 23ko 60/2003 Legean edo ordezten duen edozeinetan xedatutakoa.

2. Arbitraje Gorteak Erregelamenduaren interpretazioaren gainean sortzen diren zalantzak ebatziko ditu, alderdiek edo arbitroek eskatuta, bi alderdiak entzutearen printzipioari jarraikiz.

3. Gortearen arbitrajea zuzenbidezkoa izanen da, non ez duten bi alderdiek ekitatezkoa izan dadila berariaz ituntzen.

 X. TITULUA. MERITUAREN DOMINAK EMATEA

118. artikulua. Onuradunak.

Merituaren Domina honako ezaugarri hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoei ematen ahal zaie:

a) Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren edo, orohar, Nafarroako ekonomiaren garapenaren alde, zerbitzu aipagarriak eman izana.

b) Merkataritza, zerbitzuak eta haien egiturak nabarmen zabaldu eta hobetzeko ikerlanak egin izana, hala nola metodoak sortu edo hobetzea, e.a.

c) Industriarentzat onuragarriak izan diren aurkikuntza zientifikoak, ikerkuntza teknikoa, asmakizunak edo antzekoak egina izatea.

d) Ganberaren edo Nafarroaren irudia gure mugetatik kanpora hobetzen lagundu izana.

119. artikulua. Kategoriak.

Dominak bi kategoria izanen ditu: urrezkoa eta zilarrezkoa.

a) Urrezkoa: Ganberaren edo Nafarroako jarduera ekonomikoaren garapenaren alde, lan benetan bikaina egin izan duten pertsona edo erakundeentzat izanen da bakarrik.

b) Zilarrezkoa: sari hau lortzeko ezarritako merezimenduren batean nabarmendu diren pertsona edo entitateentzat izanen da.

120. artikulua. Emateko espedientea.

1. Domina emateko, espediente bat irekiko da, ondoko baten ekinbidez:

a) Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren lehendakariaren ekinbide zuzen eta pertsonalaren bidez.

b) Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialeko Batzorde Betearazlearen ekinbidez.

c) Gutxienez Osoko Bilkurako hamar kidek sinatu eta Batzorde Betearazleari zuzenduriko eskaeraren bidez.

2. Batzorde Betearazleak aurkezten diren espedienteak aztertuko ditu. Horretarako, espedientean ageri ez diren datu edo txosten osagarriak eskatzen ahalko ditu, domina ematea bidezkoa den ala ez erabakitzeko iritzia sendotzeko. Domina ematearen aldeko iritzia baldin badu, Osoko Bilkurari eginen dio proposamena.

3. Espedienteetan honako alderdi hauek bildu beharko dira:

a) Merituaren Domina eman nahi zaion pertsona edo entitatearen merezimenduak, Erregelamendu honen lehenbiziko arauan ezarritako ataletan aipatutakoak oinarri hartuta, dominaren kategorien oinarrietan azaltzen diren ezaugarrien arabera aurkeztuak.

b) Domina jasotzeko izangaiaren curriculuma.

c) Hirugarren arauko c) atalaren kasuan, eskatzen diren gutxieneko sinadurak.

121. artikulua. Emateko proposamena.

Domina emateko proposamena Osoko Bilkurari eginda, hari egokituko zaio domina eman behar ote den erabakitzea.

Dena den, salbuespen gisa, Osoko Bilkura bildu arte itxarotea ezinbidetzen duten inguruabar bereziak gertatzen badira, Batzorde Betearazleari aholku eskatuz gero, lehendakariak ahalmena izanen du Domina emateko, eta are jartzeko ere. Kasu horretan, Osoko Bilkurak egiten duen lehenbiziko bileran horren berri eman beharko dio.

122. artikulua. Domina jartzeko ekitaldia.

Dominak jartzeko ekitaldia kasuan-kasuan egokien den tokian eginen da, biltzen diren egoera pertsonalak aztertuta. Inguruabar horiek baloratzea Ganberako lehendakariari dagokio. Ahal delarik, ekitaldia Ganberako Osoko Bilkuraren bilera batean eginen da.

123. artikulua. Emandako Dominen Erregistroa.

Ganberako idazkari nagusia ematen diren dominen erregistro-liburuaz arduratuko da. Dominak kategoriaz kategoria sailkatuko dira.

Domina jasotzen dutenek, zeinahi kategoriatakoak direla, ziurtagiri bat jasoko dute.

124. artikulua. Diseinuaren ezaugarriak.

Dominaren, ziurtagiriaren eta botoi-zulorako bereizgarriaren ezaugarriak Nafarroako Ganberaren Irudi Korporatiboaren Esku-liburuan agertuko dira.

125. artikulua. Onurak.

Domina emateak, zeinahi kategoriatakoa, ohorezko onurak ekarriko ditu, ez bestelakorik.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialari buruzko azaroaren 18ko 17/1998 Foru Legearen V. Tituluan ezarritako ordainarazpenetatik sortutako Ganberaren Baliabide Iraunkorraren gainean barne-araudi honetan xedatu den guztia aplikatuko da Foru Lege horrexen aurreko legeetan Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialaren alde ezarritako baliabideak kudeatu, likidatu, bildu eta berraztertzeko eragiketa guztietan.

Xedapen Iragankor Bakarra

Ganberako gobernu organoak Erregelamendu honetan ezarritako moduan hautatu bitartean, Osoko Bilkurari, Batzorde Betearazleari, lehendakariari, lehendakariordeei eta diruzainari dagozkien eginkizun eta eskumenak, hurrenez hurren, Osoko Bilkuraren, Batzorde Betearazlearen, lehendakariaren eta lehendakariordeen gain izanen dira.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbera Ofizialak gaur arte zuen barne-araudia indarrik gabe utzi da.

Azken Xedapen Bakarra

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA

Lehena

Ganberako barne-araudiko 18.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hautesleek honako talde eta atal hauetarako kideak aukeratuko dituzte:

Industria sektorea:

1. taldea. Metalezko produktuak eta metalen lehenbiziko eraldaketa. Ganberako Osoko Bilkurako bi kide izendatzeko eskubidea izanen dute.

2. taldea. Ibilgailuak eta ibilgailuetako piezak. Ganberako Osoko Bilkurako bi kide izendatzeko eskubidea izanen dute.

3. taldea. Makineria eta material elektrikoa. Ganberako Osoko Bilkurako kide bat izendatzeko eskubidea izanen dute.

4. taldea. Makineria eta ekipo mekanikoak. Ganberako Osoko Bilkurako kide bat izendatzeko eskubidea izanen dute.

5. taldea. Meategietako gai ez-metalikoak. Ganberako Osoko Bilkurako kide bat izendatzeko eskubidea izanen dute.

6. taldea. Elikagaiak eta edariak. Ganberako Osoko Bilkurako bi kide izendatzeko eskubidea izanen dute.

7. taldea. Paper eta arte grafikoak. Ganberako Osoko Bilkurako kide bat izendatzeko eskubidea izanen dute.

8. taldea. Zura eta altzarigintza. Ganberako Osoko Bilkurako kide bat izendatzeko eskubidea izanen dute.

9. taldea. Industria kimikoa. Ganberako Osoko Bilkurako kide bat izendatzeko eskubidea izanen dute.

10. taldea. Zapatak eta ehunak. Ganberako Osoko Bilkurako kide bat izendatzeko eskubidea izanen dute.

11. taldea. Bestelako industria jarduerak. Ganberako Osoko Bilkurako kide bat izendatzeko eskubidea izanen dute.

12. taldea. Txikizkako merkataritza. Ganberako Osoko Bilkurako hiru kide izendatzeko eskubidea izanen dute.

Azpitaldeak:

01.-Elikagaiak, edariak eta tabakoa, kide 1.

02.-Elikagaiak ez diren beste produktu batzuk eta tokiz tokiko salmena, kide 1.

03.-Merkataritza mistoa edo integratua, kide 1.

13. taldea. Handizkako merkataritza. Ganberako Osoko Bilkurako bi kide izendatzeko eskubidea izanen dute.

14. taldea. Ostalaritza, tabernak, hotelak eta jatetxeak. Ganberako Osoko Bilkurako bi kide izendatzeko eskubidea izanen dute.

Azpitaldeak:

01.-Tabernak, jatetxeak eta kafetegiak, kide 1.

02.-Ostatu-etxeak, kide 1.

15. taldea. Garraioa. Ganberako Osoko Bilkurako bi kide izendatzeko eskubidea izanen dute.

Azpitaldeak:

01.-Errepideko salgaien garraioa, kide 1.

02.-Bidaiarien garraioa eta bestelakoak, kide 1.

16. taldea. Enpresa eta partikularrentzako zerbitzuak. Ganberako Osoko Bilkurako bi kide izendatzeko eskubidea izanen dute.

Azpitaldeak:

01.-Enpresentzako zerbitzuak, kide 1.

02.-Partikularrentzako zerbitzuak, kide 1.

17. taldea. Finantza erakundeak. Ganberako Osoko Bilkurako hiru kide izendatzeko eskubidea izanen dute.

18. taldea. Konponketa tailerrak. Ganberako Osoko Bilkurako kide bat izendatzeko eskubidea izanen dute.

Eraikuntzaren sektorea.

19. taldea. Eraikuntza eta herrilanak. Ganberako Osoko Bilkurako hiru kide izendatzeko eskubidea izanen dute.

Azpitaldeak:

01.-Eraikuntza eta eraikinen instalazioak, kide 1.

02.-Obra zibilak, kide 1.

03.-Sustapena, kide 1.

Bigarrena

Hautesleak aipatu talde eta sektoreetan sartzeko, haien enpresei Nafarroako Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan dagokien taldeari begiratuko zaio, ondoko korrespondentziaren arabera:

1. taldea. Metalezko produktuak eta metalen lehenbiziko eraldaketa:

2. kide

211, 212, 221, 222, 223, 224, 225, 234, 311, 312, 313, 314, 315, 316.

2. taldea. Ibilgailuak eta ibilgailuen piezak

2 kide

3212, 361, 362, 363, 371, 372, 381, 382, 383, 380.

3. taldea. Makineria eta material elektrikoa

Kide 1

3292, 341, 342, 343, 344, 345, 346, 351, 352, 353, 354, 355.

4. taldea. Makineria eta ekipo mekanikoak

Kide 1

3211, 322, 323, 324, 325, 326, 3291, 3293, 3294, 3299, 330, 391, 392, 393, 399.

5. taldea. Meategietako gai ez-metalikoak

Kide 1

231, 232, 241, 242, 243, 244, 245, 246, 247, 249.

6. taldea. Elikagaiak eta edariak

2 kide

411, 412, 413, 414, 415, 416, 417, 418, 419, 420, 421, 422, 423, 424, 425, 426, 427, 428, 429.

7. taldea. Papera eta Arte Grafikoak

Kide 1

471, 472, 473, 474, 475, 476.

8. taldea. Zura eta altzarigintza

Kide 1

461, 462, 463, 464, 465, 466, 467, 468, 492.

9. taldea. Industria Kimikoa

Kide 1

251, 252, 253, 254, 255, 481, 482.

10. taldea. Zapatak eta Ehunak

Kide 1

431, 432, 433, 434, 435, 436, 437, 439, 441, 442, 451, 452, 453, 454, 455, 456.

11. taldea. Bestelako industria jarduerak.

Kide 1

111, 112, 113, 114, 121, 122, 123, 124, 130, 141, 142, 143, 151, 152, 153, 161, 162, 233, 239, 491, 494, 495.

12. taldea. Txikizkako Merkataritza

3 kide

Azpitaldeak:

01.-Elikagaiak, edariak eta tabakoa, kide bat.

02.-Elikagaiak ez diren beste produktu batzuk eta tokiz tokiko salmena, kide 1.

03.-Merkataritza mistoa edo integratua, kide 1.

01 azpitaldea:

641, 642, 643, 644, 645, 646, 647.

02 azpitaldea:

651, 652, 653, 654, 655, 656, 657, 659, 663.

03. azpitaldea:

661, 662, 664, 665.

13. taldea. Handizkako Merkataritza

2 kide

611, 612, 613, 614, 615, 616, 617, 618, 619, 621, 622, 623, 631.

14. taldea. Jatetxeak, Kafetegiak eta Ostalaritza

2 kide

Azpitaldeak:

01.-Tabernak, jatetxeak eta kafetegiak, kide 1.

02.-Ostatu-etxeak, kide 1.

01. azpitaldea

671, 672, 673, 674, 675, 676, 677.

02. azpitaldea

681, 682, 683, 684, 685, 686, 687.

15. taldea. Garraioa

2 kide

Azpitaldeak:

01.-Errepideko salgaien garraioa, kide 1.

02.-Bidaiarien garraioa eta bestelakoak, kide 1.

01 azpitaldea

722.

02 azpitaldea

711, 712, 721, 729, 731, 732, 733, 741, 742.

16. taldea. Enpresentzako eta Partikularrentzako Zerbitzuak.

2 kide

Azpitaldeak:

01.-Enpresentzako zerbitzuak, kide 1.

02.-Partikularrentzako zerbitzuak, kide 1.

01. azpitaldea

751, 753, 754, 755, 756, 757, 761, 769, 841, 842, 843, 844, 845, 846, 847, 849, 851, 852, 853, 854, 855, 856, 857, 859, 861, 862, 911, 912, 913 eta ondoko profesional hauek:

511 Merkataritzako Agenteak

611 Trenetako Agenteak

721 Jabetza Ind. eta Higiezinen Jabetzaren Agente Kolegiatuak

722 Administrazio Kudeatzaileak

724 Eraikinen Sustapenaren Bitartekoak

727 Maileguetako Agente edo Bitartekoak

728 Aduanetako Agenteak

748 Baloreen Administratzaileak

749 Artekari Interpretariak eta Itsas Artekariak

853 Artistak Lanean Jartzeko Agenteak

854 Biltzarrak Antolatzeko Adituak

885 Matxuren Likidatzaileak eta Komisarioak

888 Grafologoak

02. azpitaldea

493, 921, 922, 931, 932, 933, 934, 935, 936, 941, 942, 943, 944, 945, 951, 952, 961, 962, 963, 964, 965, 966, 967, 968, 969, 971, 972, 973, 974, 975, 979, 981, 982, 983, 989, 991, 999 eta ondoko profesional hauek:

725 Klase Pasiboetako Gaituak

855 Apostuetako Agente eta Artekariak

871 Loterien Saltoki Ofizialak

872 Apostuen Saltoki Ofizialak

873 Apostuen Saltoko ez-ofizialak

884 Peritu Tasatzaileak: Aseguruak, Bitxiak.

17. taldea. Finantza Erakundeak eta Aseguruak

3 kide

811, 812, 819, 821, 822, 823, 831, 832.

18. taldea

Tailerrak eta Konponketak

Kide 1

319, 691, 692, 699.

19. taldea. Eraikuntza

3 kide

Azpitaldeak:

01.-Eraikuntza eta eraikinen instalazioak, kide 1.

02.-Obra zibilak, kide 1.

03.-Sustapena, kide 1.

01. azpitaldea

5011, 5013, 5021, 5022, 5024, 5026, 5031, 5034, 504, 505, 506, 507.

02. azpitaldea

5012, 5023, 5025, 5032, 5033, 508.

03. azpitaldea

833, 834.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa