(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Lana :
    • 182/1994 Foru Dekretua, urriaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan arituko den Hauteskunde Sindikalen Jarraipen eta Kontrol Batzordea eratzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

182/1994 Foru Dekretua, urriaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan arituko den Hauteskunde Sindikalen Jarraipen eta Kontrol Batzordea eratzen duena

 

(1994ko 124. NAOn argitaratutako testua, urriaren 14an)

Atarikoa

Maiatzaren 19ko 11/1994 Legearen bidez, Langileen Estatutuaren, Laneko Araubideari buruzko Legearen Testu Artikuludunaren eta Langileriaren arloko Arau‑hauste eta Zehapenei buruzko Legearen zenbait artikulu aldatu ziren. Lege haren aldarrikapenaren ondorioz, enpresako langileen ordezkaritza organoetarako hauteskundeei buruzko arauteria nabarmenki aldatu da. Izan ere, besteak beste, hauteskundeetako emaitzak zenbatzeko sistema aldatu da, Hauteskunde Sindikalen Batzordeak zenbatu beharrean administrazio erregistro baten bidez eginen baita. Hauteskundeen inguruko inpugnazioak arbitrai sistemaren bidez ebatziko dira, eta horren ondorioz, abuztuaren 31ko 233/1990 Foru Dekretuaren bidez eratu zen batzorde hori, emaitzen kontrola eta aldarrikapenaren arloan zereginik gabe gelditu denez, deuseztatu beharra dago.

Beti ere, 11/1994 Lege horrek sarturiko aldaketak kontuan izanik eta aldaketa horiek Nafarroako Foru Komunitateko sindikalgintza, langileria eta lan esparruko egungo egoerari egokitzeko asmoz, Foru Dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan arituko den Hauteskunde Sindikalen Jarraipen eta Kontrol Batzordea eratzea, bulego publikoaren laguntza, aholkularitza eta jarraipen lanak, ez bestelakorik, egin ditzan eta hauteskunde prozesuan ager daitezkeen arazoak konpontzeko baliabide izan dadin. Horrexegatik, Batzorde honen erabakiak ez dira lotesleak izanen aipatu bulegoarentzat. Eginkizun nagusia liskarrak konpontzea izanen da, eta hauteskunde prozesuaren gardentasuna, objetibotasuna eta hortaz, fidagarritasuna bermatzea, Zentral Sindikalen partaidetzarako bideak irekiz.

Azkenik, Jarraipen eta Kontrol Batzorde honetan sindikatuek izanen duten partaidetzari dagokionean, Epaimahai Konstituzionalak urtarrilaren 18an eta otsailaren 26an, hurrenez hurren, eman zituen 7/1990 eta 32/1990 epaietan adierazitakoarekin bat jokatuko da, ordezkaritzarik handienaren irizpidea saihestu baitzuten eta, aldi berean, adierazi horrek ez dakarrela nahitaez Erakunde Sindikal guztiek Hauteskunde Sindikalen Batzordean parte hartzeko eskubidea dutenik. Hori horrela, beharrezko da ordezkaritzarik handiena barik, beste irizpide zabalago bat hartzea eta horregatik ordezkaritza sinplearen irizpidea aukeratu da. Horren arabera, aipatu batzordean Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, langile delegatuen, Enpresa Batzordeko kideen edo Administrazio Publikoetako kasuan kasuko Organoetako ordezkarien %10 gutxienez lortu duten zentral sindikalak aritu ahalko dira, ordezkaritza handienetakoak ez badira ere.

Horrenbestez, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamalauko urriaren hiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

1. artikulua. Eraketa.

Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, enpresetako langileen ordezkaritza organoak eta Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen ordezkaritza organoak aukeratzeko Hauteskunde Sindikalen Jarraipen eta Kontrol Batzordea eratzea.

Batzorde hori Bulego Publikoaren laguntza eta aholkularitza organo gisa eratu da, antolamendu juridikoak Bulegoari eman dizkion eginkizunetan lagundu diezaion.

Batzordearen funtzionamendua eta erabakiak hartzeko sistema Foru Dekretu honetan eta Batzordeak berak onesten dituen barne arauetan adierazitakoarekin bat etorriko dira.

2. artikulua. Osaketa.

1. Jarraipen Batzordea hauexek osatuko dute: Lan Zerbitzuko Zuzendaria edo honek izendaturikoa presidente lanetan, hizpidea bai baina boto eskubiderik izanen ez duena, eta Nafarroako Foru Komunitatearen esparruko Enpresa Batzorde edo Langileri Batzordeetan ordezkarien %10 gutxienez lortu duen zentral sindikal bakoitzetik Batzordekide titular bat eta ordezko bat, sindikatuak aukeratu beharko dituenak.

2. Batzordeburuak Idazkari bat izendatu beharko du.

3. artikulua. Eginkizunak.

1. Jarraipen eta Kontrol Batzordeak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Enpresa edo lantokietan hauteskundeak sustatu eta lantoki esparru batean baino gehiagotan orokorrean hauteskundeak egin daitezen erabakiak hartzea eta hauteskundeak egiteko egutegiak finkatzea, beti ere Langileen Estatutuaren, Laneko Prozedurari buruzko Legearen Testu artikuludunaren eta Langileriaren arloko Arau‑hauste eta Zehapenei buruzko Legearen zenbait artikulu aldatu zituen maiatzaren 19ko 11/1994 Legearen Bigarren Xedapen Iragankorreko lehen lerroaldean adierazitako epearen barruan.

b) Erregistro eta Gordailapen Bulego Publikoaren eskutik aldizkako informazioa jasotzea, hauteskunde prozesuaren aldian gerta daitezkeen gorabeherei buruz eta horiek ebazteko harturiko ebazpenei buruz, hauteskunde sindikalen kontrol eta segimendu lanak egin ahal izateko.

c) Hauteskunde prozesuaren gainean egin daitezkeen inpugnazioak ebatziko dituzten arbitroak izendatzea, Langileen Estatutuaren, Laneko Prozedurari buruzko Legearen Testu artikuludunaren eta Gizarte arloko Arau‑hauste eta Zehapenei buruzko Legearen zenbait artikulu aldatu zituen maiatzaren 19ko 11/1994 Legeak emandako idazketaren arabera, Langileen Estatutuaren 76.3 artikuluaren 2. ataleko azken lerroaldeak eta irailaren 9ko 1844/1994 Errege Dekretuak, enpresako langileen Ordezkaritza Organoetarako Hauteskundeei buruzko Erregelamendua onesten duenak, bere 4. artikuluan, xedatzen dutenari jarraikiz.

d) Hauteskunde‑akten inguruan gerta daitezkeen arazoei buruz aholkuak ematea, baita Bulego Publikoak eskatzen ahal dion beste edozein gorabeheraren inguruan ere.

2. Edozein modutan, arestian aipaturiko eginkizunak betetzeko asmoz, Jarraipen eta Kontrol Batzordeak harturiko irizpide eta erabakiak ez dira, nahitaez, lotetsiak izanen Bulego Publikoarentzat.

4. artikulua. Ikuskatzaileen izendapena.

Hauteskunde sindikalen fidagarritasuna ahalik eta handiena izan dadin, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak, Hauteskunde Sindikalen Jarraipen eta Kontrol Batzordeari aholkua eskatuta, bi ikuskatzaile izendatuko ditu, 50 langilez beheitiko enpresetako hauteskundeetan ofizioz ihardun dezaten, salbu eta enpresa horietan sindikatu bat baino gehiago aurkeztu baldin bada.

Batzordeak berak erabakitako bestelako kasuetan ere ihardun ahal izanen dute.

Azken Xedapenetan Lehena

Foru Dekretu honetan aurrikusita ez dagoen orotan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. Tituluaren II. Kapituluan ezarritakoa aplikatuko da.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Hirugarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa