Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2008ko 79. NAOn argitaratua, ekainaren 27an. Aldaketak: 101DEP/2011 Foru Agindua, martxoaren 17koa)
Atarikoa
Nafarroako Enpresak Nazioartera Ateratzeko 2008-2011 aldiko Plana, Enpresa Zuzendaritza Nagusiak egina, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Nazioarteko Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak sustaturiko Nafarroa Nazioartekotzeko Planaren zati da.
Plan horren helburuak dira, besteak beste, oinarri esportatzailea zabaltzea, Nafarroako esportazioen hartzaile diren herrialdeen kopurua handitzea eta sektore eta azpisektore esportatzaileak gehitzea.
Plana prestatzeko faseetan egiaztatu denez, enpresak kanpoan sustatzeko babesa emateak helburu horiek lortzen laguntzen du. Antzeman da, halaber, beharrezkoa dela aurreko urteetan izandako programak merkatu bakoitzeko enpresen egoerari egokitzea, diru-laguntzen araubidea egonkor mantenduz.
Nazioartekotzeak enpresa-estrategia izan behar du eta, ondorioz, denboran zehar eutsi behar zaio, enpresen eta, horrenbestez, eskualdearen egonkortasuna eta lehiakortasuna hobetzen lagundu ahal dezan.
Foru agindu honen xedea da enpresak kanpoan sustatzeko ekintzetarako diru-laguntzen araubidea ezartzea 2008-2011 aldirako.
Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean tramitatuko dira, Gobernuak araubide hori erabiltzeko baimena eman baitu 2008ko maiatzaren 26ko Erabakiaz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluak xedatzen duenarekin bat, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Diru-laguntzaren xedea da Nafarroako enpresei nazioartekotzeko babesa ematea. Horrela gero eta gehiago izanen dira Nafarroako esportazioen hartzaile diren herrialdeak eta sektore esportatzaileak.
Helburu horrekin, laguntza ekonomikoa eskaintzen da enpresen nazioartekotze estrategia garatzeko, herrialdeka sustapen plan berariazkoak burutzeko laguntza finantzarioa emanez.
Nafarroako enpresen arteko baterako sustapen ekintzak ere lehenetsi beharrekotzat jotzen dira. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak laguntza handiagoa eman behar die, baliabideen erabilera eraginkorragoa ahalbidetzen duten heinean. Hori dela eta, sustapen taldeen figura aurreikusten da. Gutxienez hiru enpresak osatutako taldeak dira; enpresa horiek lankidetza akordioa egiten dute, toki jakin batean sustapen plana garatzeko.
2. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
Eskatzaile bakoitzak diru-laguntzak jaso ahalko ditu herrialde bakoitzerako aurkeztutako planeko sustapen ekintzetarako. Planari lotutako gastuak bakarrik izanen dira diru-laguntzaren xede.
Diru-laguntzaren iraunaldia gehienez ere hiru urtekoa izanen da esportazioak hasteko eta hiru urtekoa esportazioak sendotzeko, hautaturiko herrialdean.
Eskatzailea ekoizpenaren aldetik ezarririk dagoeneko herrialdeetan eginiko sustatze gastuak ez dira diru-laguntzen xede.
Honako gastu hauek dira diruz laguntzen ahal direnak:
1. Atzerriko hizkuntzan eginiko zabaltze-materiala:
Katalogoak, liburuxkak, bideoak sartzen dira, bai eta web-orria sortu edo haren edukiak aukeratutako herrialdeko hizkuntza ofizialean jartzea ere, betiere hizkuntza hori gaztelania ez bada. Ez da sartuko kontzeptu horien ondoriozko autofakturazioa.
Aurrekoa gorabehera, diru-laguntzaren xede izan daiteke hautaturiko herrialdean ofizialak ez diren atzerriko hizkuntzetan eginiko zabaltze-materiala, betiere zuzeneko lotura ezartzen ahal bada herrialderako sustapen planarekin. Halakoetan ez dira diru-laguntzaren xede izanen foru agindu honen atal hauetan aipatzen diren portzentajeak: 3.1 artikulua, e) eta f) letrak, edo, kasua bada, 3.2 artikulua eta 3.3 artikuluko a) eta b) letrak.
Gaztelaniazko zabaltze-materiala ere diru-laguntzaren xede izan daiteke, atzerritarrentzako gaztelania ikastaroen sustapenerako materiala denean.
2. Publizitatea atzerriko hedabideetan:
Aukeratutako herrialdean zabaltzen diren hedabideetarako prestatutako iragarkiak besterik ez dira sartuko kontzeptu honen barrenean. Publizitate horretan, enpresa eskatzailearen izena eta marka agertu beharko dira.
Argitalpena hainbat herrialdetan zabaltzen bada, planaren xede den herrialdean argitalpenak duen zabalkunde portzentajearen arabera emanen da gasturako diru-laguntza.
3. Patente eta markak atzerrian homologatu, ziurtatu, normalizatu eta erregistratzea:
Barne sartzen dira aukeratutako herrialdera produktuak egokitzeko homologazio, ziurtapen eta normalizaziorako gastuak.
Halaber atal honetan sartzen dira planaren xede den herrialderako patenteak eta markak erregistratzeko gastuak eta, halaber, beharrezko tramiteak egiteko kudeaketa-gastuak.
Era berean, lagungarritzat hartzen dira hautatutako atzerriko herrialdeetako bezeroek eskatzen dituzten ziurtapenak lortzeko auditoretza-gastuak.
Aurrekoa gorabehera, diru-laguntzaren xede izan daiteke patente eta marka komunitario edo nazioartekoen erregistroa, betiere zuzeneko lotura ezartzen ahal bada herrialderako sustapen planarekin. Halakoetan ez dira diru-laguntzaren xede izanen foru agindu honen atal hauetan aipatzen diren portzentajeak: 3.1 artikulua, e) eta f) letrak, edo, kasua bada, 3.2 artikulua eta 3.3 artikuluko a) eta b) letrak.
4. Merkatu-azterketarako bidaiak:
Aukeratutako herrialderako bidaiak, baldin eta Espainiatik egiten badira.
Merkatua aztertzeko bidaietarako diru-laguntzetan pertsona batek turista-klasean bidaiatzeko eta ostatatzeko gastuak sartzen ahal dira, eta lurraldeko ezarria den bidaia-poltsaren zenbatekoraino iristen ahal da gehienez ere, foru agindu honen 1. eranskinean aipatzen den poltsaren zenbatekoraino, alegia.
Ondorio horietarako, ez dira bidaia-gastutzat hartuko lekualdaketak.
Bidaiak herrialde bat baino gehiago hartzen baditu, bidaia-poltsa handiena emanen da.
Halaber atal honetan sartuko dira merkataritzako misioak, lankidetzarako bilerak edo azoketara egiten diren bisitak, betiere Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak, Nafarroako Gobernuko departamentuek, sozietate publikoek edo egoitza Nafarroan duten finantza erakundeek antolatuak badira.
5. Azoketan parte hartzea:
Nork bere erakustokia izanik edo beste batzuekin batera parte hartzen duten enpresentzat. Inportatzaileak edo banatzaileak ordezkatuta ere egoten ahal dira. Enpresak inportatzaile edo banatzaile bat baino gehiago baditu herrialdean, horietako batek bakarrik ordezkatuta parte hartu ahalko du.
Aukeratu den herrialdean egin beharko da azoka. Hala ere, Espainia ez beste herrialdeetan egiten diren mundu eragineko azoketan parte hartzea ere diru-laguntzaren xede izaten ahalko da, baldin eta herrialderako sustapen planarekin zuzeneko harremanik ezartzen ahal bada. Kasu horretan, diru-laguntzak ez ditu hartuko foru agindu honetako 3.1 artikuluaren e) eta f) letretan, edo, kasua bada, 3.2 artikuluko eta 3.3 artikuluko a) eta b) letretan jasotako ehunekoak.
Kontzeptu hauei ematen ahal zaie diru-laguntza:
-Lekua errentan hartzea.
-Estanda apaintzea.
-Produktuak garraiatzea.
-Zerbitzariak eta interpreteak kontratatzea.
-Joan-etorriak eta ostatua. Ez dira bidaia-gastutzat hartuko lekualdaketak.
-Izena ematea eta nahitaezko asegurua, hala nola azokaren katalogoan sartzea.
6. Bezeroen edo bezero izan litezkeenen bisitak:
Diru-laguntza jaso ahalko da planaren xede den herrialdeko bezeroen edo bezero izan litezkeenen ostatu eta bidaia gastuetarako, enpresa eskatzailearen egoitzara etortzen direnean. Pertsona bakoitzeko, jatorrizko herrialderako ezarria den bidaia-poltsaren zenbatekoraino iristen ahal da diru-laguntza gehienez ere, foru agindu honen 1. eranskinean aipatzen den poltsaren zenbatekoraino, alegia.
Pertsona gonbidatuek enpresan ardurako postua izan behar dute. Laguntza hau eman dadin, justifikazio arrazoitua egin beharko da, egitekoak diren jardueren azalpen zehatzean.
7. Bestelako sustapen ekintzak:
Hautaturiko herrialdean sustapen plana gauzatzeko eskatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen sustapen ekintza guztiak sartuko dira atal honetan, baldin eta modu egokian frogatzen bada haien bideragarritasuna.
3. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Eskatzaile bakoitzak, kanpoko sustapen ekintzetarako, gehienez ere 40.000 euro jasotzen ahal ditu aurrekontuko ekitaldi batean.
1. Enpresentzat, diru-laguntzaren xede izan daitekeen gastuaren %25 izanen da diru-laguntzaren gutxieneko portzentajea, eta irizpide hauen arabera handitu ahal izanen da:
a) Sektore hauetakoa izateagatik, %5: nekazaritzako elikagaiak, automozioa, ekipamendu-ondasunak, bioteknologia, eraikuntza bioklimatikoa, energia berriztagarriak, logistika eta garraioa, aisia, kultura eta turismoa, IKT, osasuna eta nanoteknologia.
b) Enpresa txikia izateko baldintzak betetzen badira, %5.
c) Enpresak esportazio departamentua badu, %5; lanaldi partzialeko esportazio-kudeatzailea kontratatua badu, %2,5.
d) Gehienez %5 gehiago, salmenten artean esportazio portzentaje txikiagoa duten enpresentzat; honela kalkulatuko da: (100-%esportazioa)*0,05.
e) Planaren xedeko herrialdea A taldekoa bada, %5, eta B taldekoa bada, %2,5. Plana herrialde baterako baino gehiagotarako egina bada, diru-laguntzaren portzentajea aldatu eginen da herrialde batetik bestera. Foru agindu honen 2. eranskinean ageri dira talde bakoitzeko herrialdeak.
f) Merkatu batean hasteko plana bada, %15 gehiago lehen urtean, %10 bigarrenean eta %5 hirugarrenean. Enpresa batek merkatu batean hasteko diru-laguntza jaso dezake 3 urtean eta merkatu horretan finkatzeko diru-laguntza beste 3 urtean.
2. Foru agindu honen 4.3 eta 4.4 artikuluetan aipatutako eskatzaileentzat, diru-laguntzaren gutxieneko portzentajea diru-laguntzaren xede izan daitekeen gastuaren %50 izanen da, eta faktore hauen arabera handitu ahalko da:
a) Planaren xedeko herrialdea A taldekoa bada, %5, eta B taldekoa bada, %2,5. Foru agindu honen 2. eranskinean ageri dira talde bakoitzeko herrialdeak. Plana herrialde baterako baino gehiagotarako egina bada, diru-laguntzaren portzentajea aldatu eginen da herrialde batetik bestera.
b) Merkatu batean hasteko plana bada, %15 gehiago lehen urtean, %10 bigarrenean eta %5 hirugarrenean. Sustapen-talde edo esportazio-partzuergo batek merkatu batean hasteko diru-laguntza jaso dezake 3 urtean eta merkatu horretan finkatzeko diru-laguntza beste 3 urtean. Taldeko enpresa guztietatik merkatuan esperientzia luzeena duenaren egoeraren araberakoa izanen da portzentaje hori.
3. Foru agindu honen 4.5 artikuluan aipatutako eskatzaileentzat, diru-laguntzaren gutxieneko portzentajea diru-laguntzaren xede izan daitekeen gastuaren %30 izanen da, eta faktore hauen arabera handitu ahal izanen da:
a) Planaren xedeko herrialdea A taldekoa bada, %5, eta B taldekoa bada, %2,5. Foru agindu honen 2. eranskinean ageri dira talde bakoitzeko herrialdeak. Plana herrialde baterako baino gehiagotarako egina bada, diru-laguntzaren portzentajea aldatu eginen da herrialde batetik bestera.
b) Merkatu batean hasteko plana bada, %15 gehiago lehen urtean, %10 bigarrenean eta %5 hirugarrenean. Atal honetan aipatutako eskatzaileetako batek merkatu batean hasteko diru-laguntza jaso dezake 3 urtean eta merkatu horretan finkatzeko diru-laguntza beste 3 urtean.
4. artikulua. Onuradunak.
Onuradun izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko orotariko betebeharrez gain, eskatzaileek ondoren aipatzen diren berariazko betebeharrak bete beharko dituzte.
Baldintzak betetzen direla frogatzeko, foru agindu honen 5. artikuluan aipatzen diren agiriak aurkeztu behar dira.
1. Eskatzaile guztien betebeharrak:
a) Nazioartekotzeko plana edukitzea, herrialdeka ezarria, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak diru-laguntzaren xedetzat hartua.
Diru-laguntzaren xedetzat har dadin, planak enpresaren nazioartekotze estrategiarekin bat etorri behar du. Gainera, proposatzen diren ekintzek bat etorri behar dute ezarritako helburuekin, eta planaren betetze mailari buruzko adierazleak aurkeztu behar dira.
b) Aukeratutako herrialdean gehienez hiru urte lehenagotik jardutea, merkataritzako agente edo langilerik inoiz izan gabe. Baldintza hori bete beharko da aukeratutako herrialdea hastapenekotzat kalifikatu dadin.
c) Aukeratutako merkatuan 3 urte baino lehenagotik jardutea edota hautaturiko helburuan merkataritzako langileren bat izatea, edo izana, eta esportazioen edota merkatu horretako bezeroen kopurua gero eta handiagoa izatea. Baldintza hori bete beharko da aukeratutako herrialdea finkapenekotzat kalifikatu dadin. Aurrekoa gorabehera, eskatzaileak goian aipatu diren magnitudeetan bilakaera positiborik ez duenean ere, hori eskatzailearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik edo kanpoko faktoreen eraginez gertatzen bada, merkatua finkapenekotzat jo ahal izanen da, aurkeztutako planaren arabera.
2. Enpresak izanez gero:
a) Helbide fiskala Nafarroan izatea.
b) Eskabidea aurkezten den eguna baino urtebete lehenago eratuak izatea, gutxienez.
c) Eskabidea aurkezten den egunean Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea.
d) ETE-en beharkizunak betetzea, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.
e) Beren produktu edo zerbitzuren bat izatea.
3. Sustapen-taldeak izanez gero, gutxienez Nafarroako hiru enpresak osatuak izan behar dute, eta enpresa horiek guztiek bete behar dituzte goian azaldutako baldintzak.
4. Esportazio-partzuergoak izanez gero, ezin dira ICEXen programetakoak izan, eta Nafarroan izan behar dute egoitza, edo bestela Nafarroako enpresek haietan gutxienez %25eko partaidetza izan behar dute. Partzuergoan parte hartzen duten Nafarroako enpresen kopuruaren araberakoa izanen da diru-laguntza.
5. Prestakuntza arloko erakundeek diru-laguntza jaso ahalko dute, baldintza hauek betez gero: helbidea Nafarroan izatea, ez-egoiliarrentzako gaztelania ikastaroak eskaintzea, eta zerbitzu osoa eskaintzea (hizkuntzaren irakaskuntza, ostatua eta astialdiaren kudeaketa).
5. artikulua. Eskabideak aurkeztea eta eskatzen diren agiriak.
1. Eskaerak kasuan kasuko kontratua sinatu eta hurrengo hilabetean aurkeztuko dira.
Eskabideak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez. Fitxan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da, eta beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea, identifikatzeko.
2. Eskabidea ondoko dokumentazioarekin batera aurkeztuko da, eta agiriak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta izen batekin (ad: "Nazioartekotze Plana", eta abar) egon beharko dira:
a) Eskatzailea sustapen multzo bat bada, lankidetza hitzarmena, Fc7.07.19 inprimaki ereduaren araberakoa.
b) Eskatzailea partzuergoa bada, haren eraketaren ziurtagiria.
c) Eskatzailearen nazioartekotze plana, sustapenaren xede den herrialdearen aipamen bereziarekin.
3. Nazioartekotze planean ondokoak bildu beharko dira gutxienez:
a) Eskatzailearen eta egiten dituen jardueren deskribapena.
b) Jardueraren DAFO azterketa, enpresaren alde ahulak eta sendoak, ingurunean eta merkatuan dituen arriskuak eta aukerak.
c) Nazioartekotzeko estrategia.
d) Zeintzuk herrialdetara esportatzen duen.
e) Zeintzuk herrialdetan eginen duen sustapena, eta haietako bakoitzeko, datu hauek:
1. Zergatik aukeratu duen herrialdea.
2. Merkatuko sektorearen azterketa estrategikoa; bertan zehatz azaldu behar dira egungo egoera, ustez izanen den bilakaera, lehiaren esparrua eta lehiakide nagusiak.
3. Herrialdean sartzeko estrategia.
4. Badu banatzailea/agentea/lankidetza-akordioa/merkataritza-ezarpena/ekoizpen-ezarpena.
5. Zenbat denbora egin duen herrialde horretara esportatzen.
6. Zein ekintza eginen dituen herrialde horretan eskaeraren urtean eta hurrengoan.
7. Ekintzen kronograma.
Entitateak diru-laguntza eskatzen badu herrialde batean sustapena egiteko eta hiru urte igaro aurretik berriz ere diru-laguntza eskatzen badu beste herrialderen batean sustapena egiteko, ez da beharrezkoa izanen planean artikulu honetako 3. idatz-zatiko a, b eta c atalak sartzea.
Entitateak, herrialde batean sustapena egiteko jaso duen diru-laguntzaren epea bukatu ondoren, bere helburuak lortzearren, bere ekintzetan jarraitu nahi badu, plana aurkeztu beharko du, gutxienez ondokoak bilduko dituena:
8. Planaren kudeaketaren eta aurrerapenaren adierazleak.
9. Epe berrian eginen diren ekintzak.
6. artikulua. Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak.
Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioko araubidean emanen dira. Hori dela-eta, eskabideak foru agindu honen 3. artikuluan ezarririko irizpideekin bat ebaluatuko dira eta laguntza ebaluazio horren ondorioz gertatzen den portzentajearekin esleituko da.
Espedienteak eskabideak aurkezten direneko hurrenkerari jarraituz tramitatuko dira eta emanen da haien gaineko ebazpena, aurrekontuetan horretarako dirua dagoeino.
7. artikulua. Diru-laguntza ematea.
Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak eskabideak ebaluatuko ditu, foru agindu honetan ezarritako balorazio irizpideei jarraituz. Horretarako aditu independenteen laguntza eskatu ahalko du, planaren konplexutasunak eta bestelako arrazoiak kontuan harturik.
Ebaluazioa bukaturik, organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza kobratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Enpresa zuzendari nagusiari dagokio. Ebatzi eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Epe hori iragan eta berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ukatu dela ulertuko da.
Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka administrazio publikoak ez diren interesdunek, zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
8. artikulua. Egindako gastu eta ordainketak frogatzea.
1. Diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako epeetan, onuradunek frogatu egin beharko dituzte egindako gastuak eta ordainketak. Horretarako agiri hauek aurkeztuko dituzte:
a) Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuen justifikazioa (Fc7.07.10 inprimakia, behar bezala beterik).
b) Gogobetetzeari buruzko inkesta, Fc7.07.16 inprimakian egina.
c) Fakturen kopiak.
d) Ordainketen frogagirien kopiak, esaterako, kontuko zordunketenak eta bankuko ordainagirienak.
e) Zabaltze-materiala aurkezten bada, ale bat aurkeztuko da, fakturetan diru-laguntza jasotzeko agertzen den kontzeptu bakoitzeko.
f) Atzerriko hedabideetan publizitatea egin izana frogatzeko, agertu den hedabidearen ale bat aurkeztuko da, eta portadaren eta iragarkiaren kopia bat.
g) Bezeroen edo bezero izan litezkeenen bidaiak frogatzeko, bidaia egin duen pertsonaren bisita-txartela.
h) Ekintzak burutu direla egiaztatzeko behar diren beste guztiak.
Egindako gastutzat joko dira justifikazio epea amaitu aurretik ordaindutakoak.
Diru-laguntza emateko ebazpenean ezarririko moduan eta epean hala justifikatu ezik laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
2. Diru-laguntzaren xede den jardueraren gastuak 12.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu, aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, bi eskaintza aurkeztuko ditu gutxienez, eta hautatakoa aukeratzeko arrazoiak emanen ditu.
Onuradunak ez du aurreko lerroaldekoa bete beharko, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez daudenean edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin denean.
9. artikulua. Diru-laguntzaren ordainketa.
Egiaztagiriak azterturik, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresa zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.
Onuradunen bati diru-laguntza kobratzeko eskubidea kentzen bazaio, aurrekontuan nahikoa diru ez izateagatik hasieran baztertu diren beste eskatzaile batzuei eman ahal izanen zaie diru-laguntza hori.
Era berean, hasieran baimendutako aurrekontua handitzeko aukera izan daiteke, dagozkion kontusailetan zenbat diru dagoen.
10. artikulua. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.
1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar zehatzak bete beharko dituzte:
a) Diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoa betetzea, gastu eta ordainketen egiaztagiriak aurkezteko epeei dagokienez.
b) Diru-laguntzaren xede diren ekintzak burutu direla egiaztatzen laguntzea, eskatzen diren agiriak eta argibideak emanez.
c) Onuradun izateko baldintzak betetzeari eragiten ahal dion edozein gorabehera Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuari jakinaraztea.
2. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.
Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta dauzkala egiaztatzeko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko baldintzei eta jasotako laguntzei buruzko erantzukizuneko aitorpenean, eskatzaileari jakinarazten zaio baimena ematen diola Departamentuari hura frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.
3. Diru-laguntza emateko ebazpenean, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharretako baten bat bete ezean, onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du edo, bestela, itzuli egin beharko du, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Gainera, aurreko betebehar horietakoren bat zati batean betetzen ez bada, baliteke emandako diru-laguntzaren zenbatekoa proportzionaltasun printzipioa aplikatuta birdoitzea, eta kasu batzuetan baita bidezko kopurua itzuli behar izatea ere.
11. artikulua. Diru-laguntzen bateraezintasuna eta "de minimis" izaera.
1. Foru agindu honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduera beretarako emandako beste laguntza batzuekin.
Horrelakoetan, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
PIPE programan dauden enpresek ezin dute deialdi honetan adierazitako diru-laguntzarik eskatu, programaren hiru faseak eta jarraipen programa amaitu arte; azken hori, gutxienez ere, zuzkidura ekonomikoari dagokionez.
2. Foru agindu honetan araututako diru-laguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean eman 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emaniko "de minimis" laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da hiru zergaldiko edozein denboralditan. Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako "de minimis" laguntzak adieraztera, eskabidearekin batera ematen zaien inprimakian.
12. artikulua. Diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Urteko deialdia.
Enpresa zuzendari nagusiak baimena emanen du, ebazpen bidez, enpresak kanpoan sustatzeko ekintzetarako diru-laguntzak, foru agindu honetan araututakoak, emateko urteko deialdiari dagokion gastua egiteko.
Xedapen Iragankor Bakarra. 2007ko deialdietara bildutako ekintzak.
1. Foru agindu hau argitaratu aurretik egin diren eta diru-laguntzaren xede izan daitezkeen ekintzak:
a) 2007ko urriaren 1etik foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera bitartean egindako sustapen ekintzak 2007ko laguntza-deialdi hauetan ezarritakoaren bidez arautuko dira:
-Erena Programa (1040/2007 Ebazpena, apirilaren 11koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana).
-Natur Programa (1041/2007 Ebazpena, apirilaren 11koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana).
-Dibertsifikaziorako Promex programa (1120/2007 Ebazpena, apirilaren 25ekoa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana).
b) 2007ko uztailaren 1etik foru agindu hau argitaratzen den egunera bitartean egindako sustapen ekintzak, berriz, Hasmentako Promex programako deialdian ezarritakoaren bidez arautuko dira (921/2007 Ebazpena, martxoaren 28koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana).
2. Aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko eta xedapen honen 1. atalean azaltzen diren ekintzak frogatzeko epea hilabetekoa izanen da. Foru agindu hau argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta hurrengo hilean amaituko, argitalpenaren egun berean.
3. Aurkeztu beharreko agiriak.
Xedapen honen 1. atalean aipatzen diren deialdietan eskatutako agiriak aurkeztu beharko dira. Ez da aurkeztu beharko, ordea, Hasmentako Promex eta Dibertsifikaziorako Promex programetako deialdien 4. oinarrian aipatzen den inkesta, laguntzak baloratzekoa.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA
HERRIALDEA POLTSA (eurotan)
ALBANIA 870
ALEMANIA 410
ANGOLA 1.730
SAUDI ARABIA 1.220
ALJERIA 360
ARGENTINA 1.730
ARMENIA 1.020
AUSTRALIA 1.940
AUSTRIA 610
AZERBAIJAN 1.220
BANGLADESH 1.530
BELGIKA 410
BIELORRUSIA 1.020
BOLIVIA 1.630
BOSNIA-HERZEGOVINA 610
BOTSWANA 1.840
BRASIL 1.560
BRUNEI 1.940
BULGARIA 920
KAMERUN 1.330
KANADA (EKIALDEKO KOSTA) 1.120
KANADA (MENDEBALDEKO KOSTA) 1.430
TXAD 1.120
TXILE 1.840
TXINA 2.080
ZIPRE 710
KOLONBIA 1.330
KONGO 1.730
HEGO KOREA 2.040
BOLI KOSTA 1.330
COSTA RICA 1.330
KROAZIA 610
KUBA 920
DANIMARKA 410
EKUADOR 1.330
AEB (ERDIALDEA) 1.140
AEB (EKIALDEKO KOSTA) 940
AEB (MENDEBALDEKO KOSTA) 1.460
EGIPTO 820
EL SALVADOR 1.330
ARABIAR EMIRERRIAK 1.220
ESLOVAKIA 610
ESLOVENIA 510
ESTONIA 1.020
ETIOPIA 1.220
FILIPINAK 1.840
FINLANDIA 610
FRANTZIA (HEGO-MENDEBALDEA) 205
FRANTZIA (GAINERAKOA) 360
GABON 1.330
GEORGIA 1.220
GHANA 1.330
GREZIA 560
GUATEMALA 1.330
GINEA BISSAU 920
GINEA CONAKRY 1.020
EKUATORE GINEA 1.120
HOLANDA 410
HONDURAS 1.330
HUNGARIA 710
INDIA 1.560
INDONESIA 1.840
IRAK 1.120
IRAN 1.330
IRLANDA 410
ISLANDIA 920
ISRAEL 820
ITALIA 410
JAMAIKA 1.330
JAPONIA 2.080
JORDANIA 920
KAZAKHSTAN 1.430
KENIA 1.220
KIRGIZISTAN 1.430
KUWAIT 1.220
LETONIA 1.020
LIBANO 920
LIBERIA 1.020
LIBIA 820
LITUANIA 1.020
LUXENBURGO 410
MADAGASKAR 1.840
MALAYSIA 1.840
MALAWI 1.840
MALI 1.220
MAROKO 360
MAURITANIA 820
MEXIKO 1.140
MOLDAVIA 1.120
MONGOLIA 2.040
NAMIBIA 1.840
NEPAL 1.730
NIKARAGUA 1.330
NIGERIA 1.330
NORVEGIA 610
ZEELANDA BERRIA 2.040
OMAN 1.220
PAKISTAN 1.530
PANAMA 1.330
PARAGUAI 1.630
PERU 1.630
POLONIA 710
PORTUGAL 200
PUERTO RICO 1.020
QATAR 1.200
ERRESUMA BATUA 410
AFRIKA ERDIKO ERREP. 1.330
TXEKIA 710
KONGOKO ERREP. DEMOKRATIKOA 1.730
DOMINIKAR ERREP. 920
ERRUMANIA 920
ERRUSIA 1.040
SENEGAL 920
SERBIA-MONTENEGRO 610
SINGAPUR 1.840
SIRIA 920
SOMALIA 1.220
SRI LANKA 1.840
HEGOAFRIKA 1.330
SUEDIA 610
SUITZA 510
THAILANDIA 1.840
TAIWAN 2.040
TUNISIA 410
TURKMENISTAN 1.430
TURKIA 820
UKRAINA 1.120
URUGUAI 1.730
UZBEKISTAN 1.430
VENEZUELA 1.330
VIETNAM 2.040
YEMEN 1.220
ZAMBIA 1.730
ZIMBAWE 1.730
2. ERANSKINA
HERRIALDEA TALDEA
BRASIL A
BULGARIA A
TXINA A
ZIPRE A
AEB A
ESLOVAKIA A
ESLOVENIA A
ESTONIA A
HUNGARIA A
INDIA A
JAPONIA A
LETONIA A
LITUANIA A
MAROKO A
MALTA A
MEXIKO A
POLONIA A
TXEKIA A
ERRUMANIA A
ERRUSIA A
TURKIA A
AUSTRALIA B
AUSTRIA B
BELGIKA B
KANADA B
TXILE B
HEGO KOREA B
DANIMARKA B
ARABIAR EMIRERRIAK B
FINLANDIA B
GREZIA B
IRLANDA B
ISRAEL B
ITALIA B
LUXENBURGO B
MALAYSIA B
HERBEHEREAK B
PORTUGAL B
SINGAPUR B
HEGOAFRIKA B
SUEDIA B
SUITZA B