Castellano | Euskara | Français | English
50/1996 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 22koa, hko hauek arautzen dituena: Plagiziden Establezimendu eta Zerbitzuen Erregistro Ofizialaren inskripzio eta funtzimendua, Plagizida Arriskutsuei buruzko Mugimenduen Liburu Ofiziala arautzen duen arautegiaren aplikazioa, Nafarroako Foru Komunitatean plagizidak erabiltzeko trebetasuna lortzeko ikastaroak eta agiria
(1996ko 20. NAOn argitaratua, de 14 de febrero de 1996)
Atarikoa
Plagizidak fabrikatu, merkaturatu eta erabiltzeko Erregelamendu tekniko-sanitarioak, azaroaren 30eko 3349/1983 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoak, zeina otsailaren 8ko 162/1991 Errege Dekretuak eta martxoaren 11ko 443/1994 Errege Dekretuak aldatu baitzuten, Europako Komunitateko legeei egokitzeko, ezartzen du, kontrol ofiziala erraztearren, aipatu Erregelamentazioak araututako ihardueretan ari diren establezimenduek inskribatuta egon behar dutela Plagiziden Establezimendu eta Zerbitzuen Erregistro Ofizialean.
Otsailaren 7ko 40/1986 Foru Dekretuaren bitartez Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuaren esku jarri ziren Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloko eginkizun eta zerbitzuak eskualdatzeari buruzko abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuaren bidez Foru Komunitateari transferitutako eginkizunak eta zerbitzuak. Horren arabera, Erregistroaren eginkizunak egungo Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako Departamentuari dagozkio.
Abenduaren 5eko 256/1986 Foru Dekretuaren bidez, Foru Komunitateko Plagiziden Establezimendu eta Zerbitzuen Erregistro Ofiziala arautu zen eta Osasun Departamentuko zerbitzu tekniko-sanitarioen ardurapean utzi ziren plagiziden gainean aldez aurretik egin beharreko txostena eta horien arautegi tekniko-sanitarioa betetzen dela ikuskatu eta kontrolatzea ere.
1993.eko otsailaren 24ko Gorteekiko Harremanetarako Ministerioaren eta Gobernuko Idazkaritzaren Agindua medio, normalizatu egin zen, izaera orokorrez, Plagiziden Establezimendu eta Zerbitzuen Erregistroaren inskripzioa eta funtzionamendua eta, era berean, aipatu Ministerioak 1993.eko otsailaren 24an emandako beste Agindu baten bitartez finkatu zen Plagizida Arriskutsuei buruzko Mugimenduen Liburu Ofiziala arautzen duen arautegia, lehendik estatu osoan zeuden xedapenak indarrik gabe utziz eta epe konkretu batzuk ezarriz erregistroko inskripzio eta berritzeak egokitzeko eta Mugimenduen Liburu Ofizialak, liburu eta taloitegi eredukoak, beste batzuekin ordezteko, arestian aipatu aginduekin bat etorriz.
Erregelamentazio Tekniko-Sanitarioan, bere 6.4 eta 10.3 artikuluetan eta 1994.eko martxoaren 8ko Aginduan, tratamenduak plagizidekin egiteko trebezia lortzeko ikastaroen homologazioa arautzen duen arautegia finkatzen zuen hartan, aurrikusten zen plagizidak emanen dituzten langileak trebatzeko ikastaroak egitea eta, orobat, zehaztutako mailak gainditu dituztela egiaztatzen duen agiri bat luzatzea. Horretarako, eta plagizida arloan eskudun diren administrazioen iharduketak koordinatzeko asmoz, bidezko da arlo horretako agintaritza eskuduna zehaztea, aditu talde bateen aholkularitzapean eta Foru Administrazioko Departamentuen ordezkapenean arituko dena eta plagiziden arloan bai eta osasunean, ingurugiroan eta lanaren esparruan izan daitezkeen ondorioetan erantzukizunak izanen dituena.
Estatu osoan indarra duen arautegiaren aldaketa hauek, eta orobat, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legea argitaratu zenetik aitzina Foru Komunitateko osasun sisteman egin diren antolamendu eta egiturazko aldaketak eta eginkizunen berresleipena; Ingurugiroa Babesteko Iharduera Sailkatuen Kontrolari buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legearen eta hari dagozkion arauen promulgazioa, zeinen aplikazio eremuan sartzen baitira Plagiziden Establezimendu eta Zerbitzuak; horrek guztiak beharrezko egiten du egungo foru arautegia egoera berrietara egokitu dadin aldaketa batzuk egitea.
Horrenbestez, Osasun kontseilariak eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko urtarrilaren hogeita biko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:
I. KAPITULUA. Plagiziden Establezimendu eta Zerbitzuen Erregistro Ofiziala
1. artikulua
1. Plagiziden Establezimendu eta Zerbitzuen Erregistro Ofizialak, hemendik aurrera Erregistro hitza soilik erabiliko da, helburu izanen du Nafarroako Foru Komunitatean plagizidak fabrikatzen, manipulatzen, biltegiratzen edo merkaturatzen dituzten, eta oro har, produktu horien aplikazio zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatean ematen ari diren establezimenduen inskripzioa egitea, plagiziden fabrikazio, merkaturatze eta erabiltzearen gaineko Erregelamentazio Tekniko-sanitarioan, hemendik aitzina ETS, ezarritakoari jarraikiz (azaroaren 30eko 3349/1983 Errege Dekretuak onetsi eta otsailaren 8ko 162/1991 Errege Dekretuak eta martxoaren 11ko 443/1994 Errege Dekretuak aldatu dutena).
2. Foru Dekretu honetan xedatutakoa plagizida mota hauei aplikatuko zaie:
-Abeltzaintzan erabiltzekoak, edo animalien ingurunean zein horien ustiapenarekin zerikusi zuzena duten ihardueretan.
-Produktu fitosanitarioak.
-Elikagaien industrian erabiltzekoak.
-Ingurugiroan erabiltzekoak.
-Etxean erabiltzekoak.
3. Erregistroa bi sailetan egituratu da: Establezimenduak eta Zerbitzuak.
Zerbitzuen saila ihardueren bi adarretan banatzen da:
A) Produktu fitosanitario edo/eta abeltzaintzarakoak erabiltzen direneko iharduerak.
B) Ingurugiro edo/eta elikagaien industriarako plagizidak erabiltzen direneko iharduerak.
Establezimenduen sail osoa eta Zerbitzuen saileko A adarra Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako Departementuak kudeatuko ditu.
Zerbitzuen saileko B adarra Osasun Departamentuak kudeatuko du.
4. Establezimenduen sailean inskripzioa egin beharra izanen dute, plagizidak fabrikatu, biltegiratu edo merkaturatzen direneko edo horretarako instalazio finkoetan tratamenduak egiten direneko lokalen zein instalazioen titular diren pertsona natural edo juridikoek. Horiek Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako Departamentuan aurkeztu beharko dute eskabidea, deklarazioarekin batera, Foru Dekretu honen 2. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
5. Zerbitzuen sailean inskripzioa egin beharra izanen dute, industri, korporazio edo hirugarrenentzako zerbitzu izaeraz plagizidekin tratamenduak egiten dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoek. Horiek dagokien Departamentuan eskabidea eta deklarazioa aurkeztu beharko dituzte, Foru Dekretu honen 2. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Zerbitzu saileko inskripzioak ez du salbuesten instalazio edo biltegi bakoitza Establezimendu sailean inskribatu beharra, aurreko idazatian xedatu bezala. A adarrean sartzen diren iharduerak soilik praktikatzen badira, eskabidea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako Departamentuan aurkeztu beharko da. B adarrean edo bietan sartzen diren iharduerak praktikatzen badira, eskabidea Osasun Departamentuan aurkeztuko da.
Beste Komunitate Autonomoetan kokatutako establezimenduen titularrek beren inskripzioa Foru Komunitate honetako Erregistroan egitea eskatzen badute, Zerbitzuen sailean soilik, eskabidearekin batera ekarri beharko dute titularitate beraren establezimenduaren inskripzioari dagokion egiaztagiria, beti ere, aipatu establezimendua kokatzen deneko Komunitate Autonomoko Erregistroan egina.
6. Erregistroan inskripzioa egin beharretik at geldituko dira:
a) Material kliniko edo farmazeutikoa, ingurune kirurgikoa desinfektatzeko gaiak edo norberaren higienerako erabiltzen diren plagizidak fabrikatu, manipulatu, biltegiratu edo merkaturatzen dituzten establezimenduak.
b) Albaitaritzako sendagaiak kontrolatzeari buruzko araubidean jasotzen diren produktuak fabrikatu, manipulatu, biltegiratu edo merkaturatzen dituzten establezimenduak.
c) Etxerako edo norberaren higienerako erabiltzeko baimena duten plagizidak bakarrik merkaturatzen dituzten establezimenduak, ETSaren 10. artikuluko 10.2.3 puntuak aipatzen duen bezala.
2. artikulua
1. Eredu ofizialeko inprimakietan behar bezala betetako eskabideetan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako zuzendari nagusiari edo, hala behar denean, Osasun Departamentuko zuzendari nagusiari zuzenduta, adieraziko da Erregistroan inskripzio berririk edo lehengoa berritzea eskatzen den. Horrekin batera deklarazio bat ere ekarriko da hurrengo idazatian biltzen diren datuak betetzen direla egiaztatzen duena.
2. Deklarazioan datu hauek agertaraziko dira:
a) Titularraren izena.
b) Establezimenduaren edo zerbitzuaren izena, baldin eta titularraren izena ez bada.
c) Establezimendua edo zerbitzuaren helbidea zein kale, bide, zenbaki edo kilometro puntutan dagoen eta telefono, telex edo telefaxaren zenbakia.
d) Establezimendu edo zerbitzuaren ihardueren barrutia ETSko 4.1 artikuluan zehazten direnen artean zein adarretara hedatzen den.
e) Establezimenduan burutzen diren iharduera motak edo ematen diren tratamendu edo zerbitzu erak.
f) Establezimenduaren deskripzioa, kokapenaren krokis bat ere barne dela eta beste bat barneko banaketarena, edo zerbitzuari atxikiriko materialaren eta ekipoen zerrenda. Eskatzaileak agiri bidez frogatuko du ETSn ezarritako baldintzak bete dituela.
g) Fabrikatu, biltegiratu, manipulatu edo erabili beharreko plagizida moten deskripzioa, ETSko 3. artikuluan ezarritako sailkapenari lotuz.
h) Establezimenduari edo zerbitzuari atxikiriko langileen zerrenda, zehaztuz erantzukizun bereziko lanpostuetan ari diren pertsonen titulazioa edo gaitasuna, edo espreski hura eskatzen duten ihardueretan aritzen direnena ETSko 6. artikuluko 4. idazatia aplikatuz.
i) Establezimenduen kasuan, iharduera sailkatuaren udal lizentzia, edo eskatu izanaren frogagiria.
3. artikulua
1. Udaleko agintariei argibide txostenak eskatu ahalko zaizkie eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean, bereziki iharduera sailkatuaren lizentziari dagokionez ETSko 6. artikuluan eskatu baldintzak betetzeaz zalantzarik baldin badago.
2. Inskripzioa Erregistroan egiterakoan establezimendua irekitzeko ETSko 3. artikuluan zehaztutako arriskugarritasun motaren eta kategorien gainean udal lizentziak, edo Foru Dekretu honen 4. artikuluak aipatzen duen osasun txostenak, ezarri ditzaketen mugapenak hartuko dira kontuan.
3. Ikuskaritza eta kontrol ofizialen eraginkortasuna hobetzeko asmoz, Erregistroko bulegoek luzatzen dituzten ziurtagirietan sartu beharko dira 2. artikuluko a), b), c), d), e) eta g) letretan dagoen informazioari dagozkion datuak ere.
4. Establezimendu edo zerbitzuaren titularrak bere ardura izanen du Erregistroko inskripzio agiria ikuskaritza eta kontrol zerbitzuen eskura edukitzea..
4. artikulua
1. Erregistroko organo kudeatzaileek, behar denean, igorriko diote Osasun Departamentuko organo tekniko eskudunari inskripzio eskabidearen kopia bat eta Foru Dekretu honen 2. artikuluan aipatzen den dokumentazioa, hura jaso eta gehienez hogeita hamar eguneko epean eskabidearen manuzko txostena luza dezan, Foru Dekretu honek aipatzen duen plagiziden fabrikazio, biltegiratze, merkaturatze eta aplikazioaz ETSan ezarritako baldintzak betetzearen gainean. Lotesleak izanen dira txosten negatiboak zein betearazteko behar diren neurri zuzentzaile edo osagarriak.
2. ETSan ezarritako betebehar eta baldintzak betetzen direla zaindu eta ikuskatze lanak Osasun Departamentuko organo teknikoen esku egonen dira, iharduera sailkatuen arloan Foru Komunitateko toki entitateei eta Administrazioko beste departamentuei dagozkien eskumenak galarazi gabe.
5. artikulua
1. Erregistroan inskribatzeko baimena eman edo ukatu eginen da eskatzaileak ekarritako dokumentazioa aski den ala ez ikusita, eta aurreko artikuluak aipatzen duen osasun txostena kontuan hartuta. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako Departamentuak edo, hala behar denean, Osasun Departamentuak jakinaraziko dio eskatzaileari Erregistroan inskribatua izan dela eta zein zenbaki duen, edo kasua bada, ezezko ebazpen arrazoituaren berri emanen dio.
2. Inskripzio eskabidea aurkeztu zenetik hiru hilabete iragan ondoren, eta hari buruzko ebazpenik eman ez bada, onetsitzat hartuko da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43.2 artikuluan xedatutakoa betez.
3. Erregistroan egin inskripzioak hamar urteko balioaldia izanen du inskripzioa egiten den egunetik aitzina. Titularrak inskripzioa berritu nahi badu indarraldiko azken bi hilabeteen barrenean eskatu beharko du, eskabidearekin batera aurreko inskripzioa lortzeko eskatu zitzaion dokumentazioa, eguneratua, aurkeztuko duelarik.
Era berean, eskatzaileak lehenbiziko inskripzioaren edo ondoko berritzeen ondotik ekarritako argibidean gertatzen den funtsezko edozein aldaketaren berri eman beharko du Erregistroko bulegoan.
4. Erregistroko inskripzioak deuseztatuko dira honako hauetan:
a) Inskripzioaren titularrak eskatzen duenean.
b) Ikuskaritza ofizial baten txostenaren ondorioz edo beste edozein motatako arrazoiz, iharduera horien funtzionamendua arautzen duen arautegia ez dela bete frogatzen baldin bada, erantzukizunak eskatzea edo ihardueri dagokion udal lizentzia ezeztatu edo ukatzea galarazi gabe.
c) Erregistroan egin inskripzioaren balioaldia akitzen denean, non ez den berritzea eskatzen.
Establezimendu eta zerbitzuen titularrak beharturik daude erregistroko inskripzioa deuseztatzeko eskatzera, beren iharduera uzten badute.
6. artikulua
Erregistraturiko establezimendu eta zerbitzuek, beraiek bezala Erregistroan inskribatzera behartuak dauden pertsona fisiko edo juridikoekin dituzten harreman komertzialetan, horri buruzko egiaztagiriak eskatuko dituzte, eta dagokion inskripzio zenbakia agertaraziko dute burututako eragiketen agiri komertzialetan.
7. artikulua
Establezimendu eta zerbitzuak beharturik egonen dira Foru Administrazioan plagiziden arloan eskudun diren departamentuei ihardueraren gainean eskatzen duten informazioa ematera, estatistikan sartzeko eta plagiziden erabilpenaren ikuskaritza eta kontrolari bide emateko.
II. KAPITULUA. Mugimenduen Liburu Ofiziala
8. artikulua
1. Plagizida Arriskutsuei buruzko Mugimenduen Liburu Ofiziala, hemendik aitzina MLO, edukitzera beharturik egonen dira, eta behar bezala betetzera, edozein motatako lagapenaren bitartez toxiko edo hagitz toxiko gisa sailkatutako plagizidak eskuratu edo saltzen dituzten planta formulatzaileak eta gainerako establezimenduak, ETSko 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.
MLOn notatu beharretik at geldituko dira honako plagizidak: norberaren higienerakoak, material kliniko, farmazeutiko eta ingurune kirurgikoetarako desinfektanteak, eta albaitaritzako medikamenduak diren produktu zoosanitarioak.
MLO eduki beharra izanen dute tratamentuen emaile eta enpresek, plagizida erosi badute hirugarrenen kontura emateko asmoz.
2. 1993.eko otsailaren 24ko Aginduak ezarritakoari lotuko zaizkio MLOaren ezaugarriak, bai eta notazioak eta Erregistroa kudeatzen duen erakundeak burututako eginbidearen formazko egintza ere.
III. KAPITULUA. Plagiziden erabiltzaile eta emaileentzako ikastaroak
9. artikulua
1. 1994.eko martxoaren 8ko Aginduaren laugarren artikuluan xedatutakoarekin bat, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako zuzendari nagusia agintari eskudun hautatua izan da plagizida fitosanitarioak eta abeltzaintzarakoak erabiliko dituzten pertsonak trebatzeko ikastaro edo probak homologatu eta ebaluatzearen tramitazioa egiteko.
Era berean, Osasun zuzendari nagusia agintari eskudun hautatua izan da ingurugirorako eta elikagaien industriarako plagizidak erabiliko dituzten pertsonak trebatzeko ikastaro edo probak homologatu eta ebaluatzearen tramitazioa egiteko.
Ikastaro horiek, arau horrekin bat etorriz, Osasun eta Kontsumo Ministerioak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, biek elkarrekin, homologatuko dituzte.
2. Ikastaro horiek antolatu gogo dituzten irakaskuntzako entitateek edo zerbitzu ofizialek dagokien eskabidea aurkeztuko dute ikastaroaren memoriarekin batera, datu hauek ere barne direla:
-Entitate edo zerbitzu antolatzaileak (sozietatearen izena).
-Ikastaroko programaren helburuak.
-Irakaskuntza programa, unitate didaktikoen edukia eta irakastorduak, teorikoak eta praktikoak.
-Irakasle zerrenda, titulazioa adieraziz.
-Baliabide materialak eta eskura dauden ekipoak ariketa praktikoak egiteko.
3. 1994.eko martxoaren 8ko Aginduaren hirugarren artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako zuzendari nagusia izanen da agintari nagusi, produktu fitosanitarioak eta abeltzaintzarakoak emateko agiria, Agindu horretako bigarren artikuluan zehaztutako mailei dagokien trebakuntzarena, luzatuko duena Foru Komunitatearen eremuan.
Era berean, Osasun zuzendari nagusia izanen da agintari nagusi ingurugirorako eta elikagaien industriarako plagizidak emateko agiria, Agindu honetako bigarren artikuluan zehaztutako mailei dagokien trebakuntzarena, luzatuko duena Foru Komunitatearen eremuan.
Agiriaren balioaldia hamar urtekoa izanen da luzatzen denetik aitzina.
Lehen Xedapen Gehigarria
Osasun kontseilariak eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilariak elkarrekin emanen duten Foru Aginduaren bitartez plagiziden arloko Batzorde Aholkulari baten osaketa eta arauak ezarriko dituzte. Batzorde horretan parte hartuko dute plagiziden arloan eskumenak dituzten Nafarroako Gobernuko Departamentu eta Erakundeen ordezkariek.
Bigarren Xedapen Gehigarria
Foru Dekretu honetan jaso ez den kasuetan honakoak aplikatuko dira: azaroaren 30eko 3349/1983 Errege Dekretua, otsailaren 8ko 162/1991 Errege Dekretua, martxoaren 11ko 443/1994 Errege Dekretua eta Gorteekiko Harremanetarako Ministerioaren eta Gobernuko Idazkaritzaren 1993.eko otsailaren 24ko Aginduak eta Lehendakaritza Ministerioaren 1994.eko martxoaren 8ko Agindua.
Lehen Xedapen Iragankorra
Foru Dekretu hau argitaratu aitzinetik Erregistroan eginiko inskripzioak, indarrean daudenak, baliokidetu eginen dira arau honetan xedatutakoaren ondorioetarako eta bost urteko balioaldia izanen dute, azken inskripzioaren datatik hasita.
Bigarren Xedapen Iragankorra
Gaur egun produktu fitosanitarioetarako erabiltzen diren MLOak, liburu eta taloitegi eredukoak, 1993.eko otsailaren 24ko Aginduan ezarritakora egokitzen ez direnak, beste batzuekin ordezteko, sei hilabeteko epea izanen da Foru Dekretu honek indarra hartzen duen datatik aitzina. MLOak 1993.eko otsailaren 24ko Aginduan ezarri eredu eta ezaugarriei egokitzeko arauak eskatzen dituenari Erregistroan.emanen dizkiote.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Indarrik gabe gelditzen da abenduaren 5eko 256/1986 Foru Dekretua, Foru Komunitatean Plagiziden Establezimendu eta Zerbitzuen Erregistro Ofiziala arautzen duen hura, eta Foru Dekretu honetan xedatutakoaren kontrako lerrun bereko edo beheragoko xedapenak oro.
Azken Xedapenetako Lehena
Ahalmena ematen zaie Osasun kontseilariari eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilariari beren eskumenen garapenean Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren arau guztiak eman ahal ditzaten.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.