Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2000ko 143. NAOn argitaratua, azaroaren 27an. Aldaketak: 15/2003 Foru Legea, martxoaren 17koa; 14/2003 Foru Legea, martxoaren 17koa; 14/2001 Foru Legea, ekainaren 20koa; 11/2001 Foru Legea, maiatzaren 24koa)
Zioen Azalpena
Nekazaritza eta abeltzaintza gaur egun, herrialde garatuetan, gizartearen eginkizuntzat jotzen dira, alegia, bi giza jarduera horiek hasiera batean elikagaien ekoizpidea baziren ere edo gero lehen sektorea deritzoneko jarduera ekonomikotzat hartzen baziren ere (bigarren sektore edo industri sektorearen eta hirugarren sektore edo zerbitzuen sektorearen aldean), egun hori dena baino askoz gehiago dira.
Gaur egun, Europako Batasuneko 2000 Agendako Europako Batasunaren Nekazaritza Politikaren berrikuntzak ohartarazi izan duen bezala, nekazaritzak eta abeltzaintzak eragin nabarmena lortu dute gizartean, herriak hustea saihesten edo atzeratzen lagundu baitute. Herrietako biziguneen mantentzeak ondorio pozgarri asko ditu, bertako ohiturei eta ingurumenaren orekari eusten baitzaie horrela.
Gainera, bi jarduerak nekazaritzako elikagaien industriaren oinarriak dira. Izan ere, azpisektore horrek gero eta balio estrategiko handiagoa du industriaren dibertsifikazioan eta, horren ondorioz, beste azpisektore ekonomiko batzuekiko independentzia areagotuz doa, bereziki Nafarroako Foru Komunitatean, hemen nekazaritzako elikagaien industria sektoreetan bigarren baitago jadanik, jardueren garrantziari dagokionez.
Nekazaritza eta abeltzaintza gizakien elikagaien eta jangarrien kalitatearekin loturik daude. Izan ere, XX. mendeko azken urteetan nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagaien ekoizpenean akatsak gertatu direneko garai tamalgarri eta arriskugarri asko izan dira, baita gizarte aurreratu bat duten herrialde batzuetako eskualde handietan ere. Kalitateko nekazaritza eta abeltzaintza herritarrendako osasun berme bat dira eta izanen dira geroan, gizakiak bi haien ondoriozko elikagai eta jangarriez elikatzera beharturik baitaude.
Abeltzaintzaren barruan, abereen osasuna eragile erabakigarri bat da, kezkaren eta lanaren zioa, bai agintari publikoendako, bai haien inguruan bizi diren sektore pribatuetarako. Abereen osasunak interes berezia du osasun publikoagatik, baina, baita, pentsatzekoa denez, zio sozioekonomikoengatik ere, eta nekazaritzan diharduten agente ekonomikoendako, bai hura sustatzen duten Administrazio Publikoetarako, eta ingurumena babesteagatik ere bai, jakina.
Halaber, nekazaritzako ekoizpen-bilbeak eskualdeetako eta estatuetako muga estuak gainditzen ditu, eta nazioartean eta mundu osoan kokatzen da, hots, askoz zabalagoa den eremu batean. Horregatik osasun murriztapenek eragin handia dute abeltzaintzan eta hau haien menpe egoten da. Osasuna muga gaindiezin bat da abereengandik ekoizturiko elikagaietarako, Espainiako, Europako Batasuneko eta beste herrialdeetako merkatuetan, gehienbat, gaur egun, merkataritzaren joerak garai egoki batean baitaude, bereziki haien kalitatea dela-eta entzute eta prezio handia duten produktuetan.
Gogoeta horiengatik guztiengatik beharrezkoak dira, alde batetik, benetako osasun kontrol bat, epizootia batzuk errotik desagertaraztea ahalbidetuko duena, eta, bestetik, zainketa iraunkor eta erabatekoaren mantentzea, kanpotik eritasunik sar ez dadin, abereak edo haien ondoriozko produktuak hemen sartzean. Horrenbestez, osasun publikoa oso loturik dago eritasun zoosanitarioak (tuberkulosia, bruzelosia, satarra, salmonelosia, ekinokokosia, lehismaniosia, etab.) desagertarazteko lorturiko garapen mailarekin. Botika batzuen kontrolak ere garrantzi berezia badu, kalte eragin baitiezaiekete abeltzaintzako produktuen kontsumitzaileei behar bezala erabiltzen ez direnean edo aginduzko itxaronaldiak gordetzen ez direnean. Horrek beharrezko egiten du abeltzaintzako enpresaren albaitaritza kontrola egitea, preskripzio fakultatiboa egin dadin, botiken bidezko tratamenduen errezeta ofiziala luzatuz eta haien aplikazioa kontrolatuz.
Orain arte abereen osasuna Estatuko 1952ko Epizootiei buruzko Legean arautzen zen, hein batean. Hartatik abiatuta, erregelamendu batzuk garatu dira, denboran zehar gertaturiko egoeretara egokituak. Hala ere, legezko arauteriaren gehiena zaharkiturik zegoen eta ez zen aski abeltzaintza modernoago eta lehiakorrago baten erronkei aurre egiteko.
Nafarroako Foru Komunitateak ere arau batzuk eman ditu abereen osasunari buruz, bai legeak, bai, gehienbat, erregelamenduak, baina osotasunik izan gabe eta arlo osoa bildu gabe. Xedapen nagusien artean, maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legea ageri da, herri bazkalekuak erabiltzen dituzten abereen osasun babesari buruzkoa, gaur egun artikulu gehienetan gainditua, denboraren denboraz.
Arrazoi hauengatik komenigarritzat jotzen da abereen osasunari buruzko foru lege bat osatzea, legezko maila formalean kodetako balioko duena, Nafarroako osasun garapenak arlo honetan aurreratuen dauden Europako Batasuneko herrialde eta eskualdeetako maila lor dezan.
Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 50. artikuluko 1. idatz-zatiak Nafarroari eskumen osoa aitortzen dio, foru araubidearen bitartez bereganatu baitu, nekazaritzako eta abeltzaintzako arloetan, ekonomiaren antolamendu orokorraren barruan.
Eskumen oso horren titulartasunak ahalbidetzen dio Foru Komunitateari legegintzarako gaitasuna erabiltzea (Lege Organiko bereko 40. artikuluko 1. idatz-zatia), foru legeak onetsiz (20. artikuluko 1. idatz-zatia).
Halaber, Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera nekazaritza, abeltzaintza eta mendien arloetako zerbitzuak eskualdatzeko abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuak eginkizun eta zerbitzuen zerrenda luze bat ezarri zuen. Foru Komunitateak, abereen osasunari dagokionez, eginkizun eta zerbitzu horien trasferentziak bereganatu ditu gauzatu zirenetik: abereen eta haien ustiategien kontrola eta zainketa epizootiak atzemateko eta haietariko baten bat agertuz gero behar diren neurriak hartzeko; Estatu osorako interesgarritzat jotzen ez diren abere saneamenduko kanpainak planifikatu, antolatu, zuzendu, burutu eta ebaluatzea; Estatu osorako interesgarritzat jotzen diren abere saneamenduko kanpainak bere esparruan antolatu, zuzendu, burutu eta ebaluatzea; abereen eritasunen kontrako neurriak gomendatzea; Aziendaren Osasuna Zaintzeko Elkarteak bultzatzea; abereak eta haiengandik sorturiko produktuak eraman eta ekartzeko behar diren neurri zoosanitarioak hartzea; abere kontzentrazioak, abeltzaintzako ustiategiak, hazitarako abereen egonlekuak, Estatuarenak ez diren ugalketa zentroak eta gune zoologikoak baimendu, sailkatu, erregistratu eta abereen osasunari dagokionez kontrolatzea; bere esparruan produktu eta material zoosanitarioen banatzaileen erregistroa kudeatzea; abereen saneamenduko kanpainak eta abereen osasunerako programak garatzeko dirulaguntzak kudeatzea; eritasunen bat agertzen denean nahitaez ofizialki aitortu behar izatea; eta eritasunik gabeko eremuak zein diren ofizialki deklaratzea.
Nafarroako eskumenen aniztasunak ahalbidetzen du eta komenigarri egiten, legezko testu bakar bat prestatzea, abereen osasuna arautuko duena, sektore horretan berean Estatuko Administrazioak bere eskumenen arabera garatu ditzakeenak galarazi gabe, Estatuko Administrazioaren menpe baitaude aduana eta arantzel araubideak, kanpoko merkataritza, ekonomiaren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa, kanpoko osasuna, osasunaren oinarriak eta koordinazio orokorra eta medikamentuei buruzko legeria.
Foru legearen edukian sartuta, I. kapituluak haren xedea eta hura aplikatzeko eremua ezartzen ditu, alegia: Nafarroan abeltzaintzari loturiko abereen osasuna bermatzea; giza osasuna abereak jotzen dituzten eritasun kutsagarri eta eritasun parasitarioetatik eta haiengan erabiltzen diren osasun produktuetatik babestea eta abeltzaintzako ustiategien errentagarritasuna hobetzen laguntzea.
II. kapitulua abeltzaintzako ustiategiez arduratzen da. abeltzaintzako ustiategiek abeltzaintzako ustiategiko liburu bat eduki behar dute eta Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatu beharko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen onura eta laguntza publikoak eskuratu ahal izateko, ez bakarrik Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontu, abenduaren 15eko 20/1997 Foru Legeak gaur egun behartzen duen bezala, baizik eta Europako Nekazaritzaren Orientabide eta Bermerako Funtseko bermearen sailetik datozen zuzeneko laguntzak eskuratu ahal izateko, ingurumena errespetatzen duten abeltzaintzako ustiategiak lortzeko neurri juridikoa den aldetik.
III. kapituluak ezartzen du erregelamenduz xedatzen diren abereak identifikatu beharra, haien abiapuntua edo haien ibilbidea atzemateko moduan, Europako Batasunean indarra duten betebeharrekin bat.
Foru legeak osasun jarduketa orokorrak eta osasun jarduketa bereziak bereizten ditu. IV. kapitulua lehenbizikoez arduratzen da: haien helburua da abereen osasuna zaindu eta kontrolatzea, eta zerrenda ofizialetan aipatzen diren eritasunak agertzean edo agertu direla susmatzean burutzen dira. Jarduketa orokorren artean administrazioarenak sartzen dira, hala nola: eritasunak agertu direla jakinarazi beharra, baita agertu direla susmatzen dela jakinarazi beharra eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak eritasun bat agertu dela eta iraungi dela ofizialki deklaratu beharra ere. Halaber, haien barruan jarduketa teknikoak sartzen dira, aurrea hartzeko osasun jarduketak, adibidez, txertoaren eta tratamenduaren bidez, abereen joan-etorriak, transhumantzia eta garraioa kontrolatuz, abere lehiaketak kontrolatuz, abere hilak tratatuz, etab. Foru lege honek jarduketa osagarri batzuk ere biltzen ditu, hala nola, abereak ustiatzeko baldintzak, ustiategien arteko distantziak, abere trinkotasuna edo abereak herri bazkalekuetara sartzeko baldintzak.
Osasun jarduketa berezien artean, V. kapituluak biltzen ditu Administrazio Publikoek bultzatzen dituzten eritasunak kontrolatu eta desagertarazteko programak, abeltzaintzako ustiategiak osasun kontuetarako sailkatutzat jo beharra, abereak nahitaez hiltzea, ordaina izaten ahalko duena, foru legeak berak tasatzen dituen kasuetan izan ezik, eta Aziendaren Osasuna Zaintzeko Elkarteei eustea, nortasun juridikoa izanen dutenei, ustiategien osasun maila hobetzeko.
VI. artikuluak neurri egokiak ematen ditu abereendako botikak eta abere ekoizpenean erabiltzen ahal diren lehengaiak hobeki kontrolatzeko. Neurri horiek dira, alde batetik, Nafarroako Gobernuari legezko gaitasuna ematea arlo hau erregelamenduz arautu dezan, produktuak prestatu eta erabiltzeko fase guztietan; bestaldetik, establezimenduen erregistro ofizial bat sortuko da, non Nafarroan kokaturiko establezimenduak inskribatu beharko baitira, botika horiek prestatu edo luzatzen dituztenak. Ez da ahantzi behar, gainera, abereei botikak edo pentsu botikadunak eman baino lehen albaitariaren preskripzioa behar dela.
VII. kapituluak osasun ikuskaritzak aztertzen ditu eta eskumen handiak ematen dizkiete Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren menpeko ikuskariei foru legea berehala eta egiazki betetzen dela bermatzeko, ez-betetzeak gerta litezke eta. Halaber, ikuskatuen eginbeharrak zehazten dira, Osasun Administrazio Publikoarekiko elkarlanean aritu beharrari dagokionez.
Azkenik, VIII. kapituluak abereen osasunaren arloko zehapen araubidea ezartzen du, eta honela sailkatzen ditu arau-hauste administratiboak: arinak, larriak eta oso larriak. Litezkeen arau-hausleak, bidezko diren zehapenak eta horien mailaketa, preskripzioa eta zehapenak ezartzeko eskumenari eta prozedurari buruzko arauak ere biltzen ditu.
I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Foru lege honen xedea da helburu publiko hauek lortzeko neurri juridiko eta administratiborik egokienak ezartzea:
a) Nafarroako abeltzaintzaren osasuna hobetzea, abereak jotzen dituzten eritasun kutsagarriei eta eritasun parasitarioei aurrea hartuz eta haiek kontrolatuz, gizakiei ez transmititu arren.
b) Abereengan produktu zoosanitarioak erabiltzearen ondoriozko zuzeneko arriskuei aurrea hartzea eta haiek desagertaraztea, aplikatzen zaizkion aberearen metabolismoaren ondoriozko hondar eta produktuak barne.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
Foru lege hau aplikatzeko eremua Nafarroa izanen da eta ondokoak ukituko ditu:
a) Abere guztiak, haien ustiategiak eta haien produktuak. Lege honetatik kanpo gelditzen dira, hala ere, konpainiako animaliak, animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen bidez arautuko baitira.
b) Produktu zoosanitarioak, haiek eta, hala bada, abereendako janak prestatu, banatu, salerosi eta aplikatzeko establezimendu eta baliabideak.
c) Pertsona fisiko edo juridikoen jarduerak, baita entitate publiko edo pribatuenak ere, foru lege honen helburuekin loturik badaude.
3. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren bidez, abereen osasunari loturiko eskumen hauek erabiltzea:
a) Abereak eta haien ustiategiak kontrolatu eta zaintzea, epizootiak atzemateko eta baten bat agertuz gero behar diren osasun neurriak hartzeko.
b) Estatu osorako interesgarritzat jotzen ez diren abere saneamenduko kanpainak planifikatu, antolatu, zuzendu, burutu eta ebaluatzea.
c) Estatu osorako interesgarritzat jotzen diren abere saneamenduko kanpainak Nafarroako Foru Komunitatean antolatu, zuzendu, burutu eta ebaluatzea.
d) Abereen eritasunen kontrako neurriak gomendatzea.
e) Aziendaren Osasuna Zaintzeko Elkarteak bultzatzea.
f) Abereak eta haiengandik sorturiko produktuak eraman eta ekartzeko behar diren neurri zoosanitarioak hartzea.
g) Abere kontzentrazioak, abeltzaintzako ustiategiak, hazitarako abereen egonlekuak, Estatuarenak ez diren ugalketa zentroak eta gune zoologikoak baimendu, sailkatu, erregistratu eta abereen osasunari dagokionez kontrolatzea.
h) Nafarroako lurraldean abereen elikadurarekin loturiko produktu eta material zoosanitarioaren ekoizle eta banatzaileen erregistroa kudeatzea.
i) Abereen saneamenduko kanpainak eta abereen osasunerako programak garatzeko aurrekontu orokorrek ezartzen dituzten dirulaguntzak kudeatzea.
j) Nafarroako Foru Komunitatean eritasunen bat agertzen denean nahitaez ofizialki deklaratu behar izatea.
k) Nafarroan eritasunik gabeko eremuak zein diren ofizialki deklaratzea.
l) Abereen ongizateari eta animalien babesari buruzko arautegia betearaztea, abeltzaintzako ustiategietan eta abereen garraioan.
II. KAPITULUA. Abeltzaintzako ustiategiak
4. artikulua. Definizioa.
Foru Lege honetan, abeltzaintzako ustiategitzat jotzen dira titular batek, abeltzaintzan diharduelarik, enpresa moduan antolaturiko ondasun eta eskubideak, unitate tekniko-ekonomiko bat osatzen badute eta bertan abereak eduki, hazi edo maneiatzen badira. Arrazoi teknikoak direla-eta ekoizpen unitate batzuetan banaturik egoten ahalko dira.
5. artikulua. Ustiategien titularren betebeharrak.
Hona hemen ustiategien titularren betebehar orokorrak:
a) Abereen osasunari buruzko arautegiak behartzen duenean, ustiategiak ezartzeko aginduzko baimen administratiboa eskatzea.
b) Ustiategia foru lege honetan, indarra duten xedapenetan eta hura garatzen dutenetan aipatzen den higiene eta osasun egoeran mantentzea, eta abereen osasun egoera ona bermatzea.
c) Abereez arduratu eta haiek zaintzea, haien osasun egoerari eta haien ongizateari eusteko.
d) Ustiategietan abereak ekarri edo ordeztea, indarra duen osasun arautegia betetzen duten abereekin, horretarako gai diren ustiategi edo instalazioetatik datozenekin.
e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak foru lege honekin eta indarra duten gainerako xedapenekin bat ezartzen dituen osasun arloko neurriak aplikatzea eta noiznahi ere harekin elkarlanean aritzea, abereen osasuna bermatzeko.
6. artikulua. abeltzaintzako ustiategiko Liburua.
1. Erregelamenduz ezartzen diren abeltzaintzako ustiategien titularrek abeltzaintzako ustiategiko Liburua eguneratuta eduki beharko dute, bana espezie guztiendako eta bana abeltzain edo abere eragile guztiendako. Batera abeltzain edo abere eragile lanetan aritzen direnek bi erregistro liburuak eduki beharko dituzte eta bi jardueretan arituko dira bata bestetik bereizita.
2. abeltzaintzako ustiategiko Liburuak ustiategiko abereen zerrenda edukiko du, abereen jaiotza, heriotza, edo trukaketen ondoriozko altak eta bajak eta belarrietako arrakaden aldaketak edo abereak identifikatzeko nahitaezko beste sistema batzuenak barne, baita erregelamendu bidez ezarriko diren beste gorabehera batzuk ere.
3. Administrazioarekin loturiko edozein jarduera, abeltzainen edo abere eragileen lanbideari dagokiona, egiteko eskatzen ahalko da Ustiategiko Liburua aurkez dadila.
4. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari dagokio abeltzaintzako ustiategiko Liburua egitea.
5. Abeltzaintzako ustiategiko liburua oinarrizko agiritzat joko da estatistika, epizootiologia eta osasun arloetako argibideak lantzeko eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan erabiltzeko.
7. artikulua. Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroa.
1. Nafarroako abeltzaintzako ustiategiek Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egon beharko dute, uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuarekin bat.
2. Nahitaezkoa izanen da Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturik egotea edo, kasua bada, inskripzioa eskatu izana, honako hau lortu ahal izateko:
Foru Komunitateko administrazioak abeltzaintza bultzatzeko ematen dituen onura eta laguntza publikoak, Nafarroako aurrekontu orokorren kontu direnak osorik edo hein batean.
Europako Batasunaren Nekazaritza Politikako laguntza araubideen arabera, abeltzaintzari zuzenean ematen zaizkion ordainketak, Nekazaritza Bideratu eta Bermatzeko Europako Funtseko bermearen sailak osorik edo hein batean finantzaturik daudenak.
3. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren dirulaguntzak lortzeko baldintza da abereen osasunari buruzko arautegia uneoro betetzea, hurrengo artikuluan xedatutakoarekin bat.
8. artikulua. Akatsak dituzten ustiategiak.
1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua ohartzen bada ustiategi batek abereen osasunari buruzko arautegia ez duela betetzen, Departamentu horrek haren titularrari eskatuko dio akatsak zuzen ditzan, epe bat emanda. Epe hori, behar bezala frogaturiko kasu berezietan izan ezik, gehienez ere sei hilabetekoa izanen da.
Epe hori interesatuak akatsak zuzendu gabe iraganik, Departamentuak:
a) Arduradunari zehapen espedientea irekiko dio.
b) abeltzaintzako ustiategiaren titularrarendako dirulaguntzak bertan behera utziko ditu, abeltzaintzarekin zerikusirik dutenak eta Nafarroako Aurrekontu Orokorretan edo Europako Nekazaritzaren Orientabide eta Bermerako Funtseko bermearen sailean aipatzen direnak, zuzentzen ez diren bitartean.
c) Abereen osasunari kalteak saihesteko behar diren aurreneurriak hartzea.
2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak akatsik larrienak dituzten kasuetan ustiategitik ateratzeko debekua ematen ahalko du funtzionamendua, baita aurreneurri gisa ere, eta arriskuak kendu edo gutxitzeko behar diren neurriak hartu beharko ditu.
9. artikulua. Osasun egokitzapenerako laguntzak.
Abereen osasunari buruz indarra duen arautegira egokitzeko, abeltzaintzako ustiategien titularrek Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ematen dituen laguntza publikoak hartzen ahalko dituzte, nekazaritza ustiategietako inbertsioetarako laguntzei buruzko arautegiarekin bat. Arautegi hori erregelamendu bidez ezarri zuen Nafarroako Gobernuak, Europako Batasunak herriak garatzeko ematen dituen laguntzen barruan.
III. KAPITULUA. Abereen identifikazioa
10. artikulua. Abereen identifikazioa.
1. Foru lege honen xede diren abereak, kasuan-kasuan erregelamendu bidez zehaztuko direnak, aberearen abiapuntuko ustiategi edo tokia eta haren ibilbidea, haren bizitzako edozein momentutan ezagutu ahal izateko moduan identifikatu beharko dira.
2. Abere bakoitzaren identifikazioa, edozein operazio epizootiologiko baino lehen, egoera eta prozesu bereziak atzemateko, Europako Batasuneko arautegiarekin bat eginen da eta, hala bada, baita Estatukoarekin bat ere. Betiere, abereen joan-etorriei eta haien osasunari gaineratzen ahalko zaizkien kontrolen eragina eta haien ekoizpenen kalitatea bermatuko dira.
IV. KAPITULUA. Osasun jarduketa orokorrak
1. atala. Definizioa
11. artikulua. Definizioa.
1. Osasun jarduketa orokortzat jotzen dira abereen osasuna zaindu eta kontrolatzeko xedatu behar direnak eta arloari buruz dauden zerrenda ofizialetan aipatzen den eritasunen bat agertzean edo agertu dela susmatzean burutu behar direnak.
2. Hona hemen osasun jarduketa orokorrak:
a) Osasun jarduketa administratiboak: jakinaraztea, eritasunak atzeman direla ofizialki deklaratzea eta eritasunak desagertu direla ofizialki deklaratzea.
b) Osasun jarduketa teknikoak:
-Azterlan epizootiologikoa, lehen fokuaren ikerketa eta eritasunaren diagnostikatzea.
-Eritasunei aurrea hartzeko eta tratatzeko osasun jarduketak.
-Abereen joan-etorriak, transhumantzia eta garraioa kontrolatzea.
-Abere lehiaketak kontrolatzea.
-Abere hilak tratatzea.
-Osasun jarduketa osagarriak.
2. atala. Jakinarazpena
12. artikulua. Nahitaezko jakinarazpenak eta komunikazioak.
Abereen jabe, administratzaile edo arduradunek eta ustiategian diharduten albaitariek baldin eta badakite edo susmatzen badute, abereengan eritasunen bat agertu dela, berehalaxe jakinarazi beharko diote Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, eritasun hori, kutsagarritasunagatik edo hilkortasun eta hilgarritasunagatik, indarra duen arautegiaren arabera, nahitaez aitortu beharreko eritasun kutsagarritzat edo eritasun parasitariotzat jotzen ahal bada.
Halaber, ustiategien, abereen, ume-botatzeen edo abere produktuen osasun egoerari buruz argibideak emanen dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak edo abereen osasunaren arloan indarra duten xedapenek hala egitera behartzen dituztenean.
3. atala. Lehen fokuaren ikerketa, eritasunen diagnostikatzea eta neurri osagarriak
13. artikulua. Bisitaldiak, egiaztapenak eta jarduketak.
1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, bere zerbitzu teknikoen bidez, abeltzaintzako ustiategiak bisitatuko ditu.
2. Departamentuak jakinen balu abereren bat gaixo dagoela edo nahitaez aitortu beharreko eritasunen batek jo duela susmatuko balu, beherala ikuskatuko luke, eritasuna diagnostikatzeko, haren zabalpena saihesteko neurriak hartuko lituzke eta fokuaren jatorria zehazteko ikerketak eginen.
3. Informazio epizootiologiko hobea lortzeko edo diagnostiko hobea egiteko asmoz, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko zerbitzu eskudunek igortzen dituzten teknikariei utziko zaie hiltegietan sartzen.
4. Gizakiari trasmititzen ahal zaion eritasun bat diagnostikatzen denean, horren eta jarduketa guztien berri emanen zaio berehala Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari. Eritasunak basa fauna jo baleza, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari jakinaraziko litzaioke.
14. artikulua. Abereak ustiategitik ateratzeko debekua eta bakartu beharra.
1. Albaitari ofizialek kontrolaturik, abereak, ustiategiak eta abere produktuak bolada baterako ustiategitik ateratzeko debekaturik egoten eta berrogeialdian bakartzen ahalko dira. Aldi horiek iraupen egokia izanen dute, bereziki, inkubaldi edo itxaronaldiaren arabera edo diagnostikoa erabakitzeko denboraren arabera, baita abereak, ustiategia edo produktuak abeltzaintzarako, basa faunarako edo gizakiendako arriskugarriak izan ez daitezen behar den denboraren arabera ere.
2. Ustiategitik ateratzeko debekuak eta bakartzeak ustiategiko abere gaixo, susmagarri eta osasuntsuak ere ukitzen ahalko dituzte eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ofizialki kontrolatu eta ikuskatuko ditu.
3. Behar diren kasuetan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak agintzen ahalko du eritasunerako joera duten abereak arrisku handikoak diren edo izan daitezkeen eremuetatik eraman daitezela.
4.
4. atala. Eritasunak agertu eta iraungi direla ofizialki deklaratu beharra
15. artikulua. Eritasuna agertu dela ofizialki deklaratu beharra.
1. Nahitaez aitortu beharreko eritasunen bat diagnostikatzen denean, baita zabaldu ahal izateko trinkotasun handia izateagatik hala egitea komeni denean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak ofizialki deklaratuko du, Foru Agindu baten bidez. Foru Agindu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta Estatuko Administraziora igorriko da, behar diren ondorioak izan ditzan.
2. Adierazpen ofizialak datu hauek bilduko ditu: eritasunaren izena, fokuaren tokia, haren eraginpeko eremuak eta eremu bakoitzean hartu behar diren neurriak.
16. artikulua. eritasunaren iraungipen ofiziala.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak ofizialki deklaratuko du eritasun bat iraungi dela, hura agertu zenean erabili zen prozedura bera erabiliz, azkeneko heriotza edo sendakuntzaz geroztik erabakitzen den denbora iragan ondoren. Iraungipenak berarekin ekartzen ahalko ditu albaitaritzako epizootiologiagatik komeni diren aurreneurriak.
5. atala. Aurrea hartzeko eta tratatzeko osasun jarduketak
17. artikulua. Txertatu eta tratatzeko kanpainak.
1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak osasun tratamenduetarako edo nahitaezko txertaketarako kanpainak egiteko agindua ematen ahalko du, "eraztun" inmunitarioak eta osasun "kordoiak" sortzeko, horrela eritasuna zabal ez dadin eta ondoko lurraldeetako abereen osasun defentsa gauzatu ahal dadin.
2. Halaber, Departamentuak debekatzen ahalko ditu txertaketak Nafarroako Foru Komunitate osoan edo eremu batean, uste duenean eritasunen bat aski kontrolaturik dagoela, txertatu ondoko diagnostikorako arazoak sortzen direnean edo eritasun baten aurrean osasun kalifikazioa lortzeko.
18. artikulua. Txertaketen arautegia eta borondatezko tratamenduak.
1. abeltzaintzako ustiategien titularrek askatasun osoz edozein eritasun kutsagarriri edo eritasun parasitariori aurrea hartzen ahalko diote, teknikari eskudun batek behar bezala kontrolatuz gero. Teknikari horrek jarduketa horiek jakinarazi beharko dizkio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, kasuan-kasuan erabakitzen den moduan eta epean.
2. Hala erabakitzen denean, aurreko idatz-zatian aipatzen diren jarduketak egiteko, aldez aurretik Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak baimena eman beharko du.
6. atala. Abereen joan-etorriak, transhumantzia eta garraioa
19. artikulua. Abereak garraiatzeko agiriak. Jatorri eta osasuneko gidaliburua.
1. Abereak garraiatu eta toki batetik bestera eramateko, edozein baliabide erabiliz, ezartzen den eremutik kanpo, hots, abeltzaintzako ustiategia dagoeneko eremutik kanpo, Jatorri eta Osasuneko Gidaliburuaren beharra izanen da. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko albaitaritza zerbitzu ofizialek edo hark gaituek luzatuko dute gidaliburu hori eta egiaztatuko dute abereek azienda garraiatzeko indarra duen osasun arautegia betetzen dutela eta jatorriko eremuan ez dela epizootiarik deklaratu, toki batetik bestera eramatea eragozten dienik.
2. Aurreko idatz-zatian aurreikusten diren agiriak beharrezkoak izanen dira abereak beste ustiategi batera eramaten direnean, edo herri bazkalekuetara, hiltegira edo feria bat, txapelketa bat edo abere biziak dauden beste edozein lehiaketa egiteko den esparru batera.
20. artikulua. Jatorri eta Osasuneko Gidaliburuaren agiri erraztua eta alternatiboa.
1. Jatorri eta Osasuneko Gidaliburuaren ordez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, Foru Agindu baten bidez, baimena ematen ahalko du Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean zehazten diren abereak tokiz aldatzeko osasun agiria erabiltzeko, xede hauetarako: kumeak izateko, bizitzeko, hiltegira eramateko, gizentzeko, kiroletarako, aisialdirako edo lanerako, abeltzainek edo haien ordezkariek bete beharrekoa, ustiategiaren, eremuaren edo Nafarroa osoaren osasun bermeengatik posible denean.
2. Agiri horiek berrogeita zortzi orduko balioa izanen dute, ematen direnetik hasita. Agiri horien kopia Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko kasuan kasuko menpeko bulegora igorri beharko da, gehienez ere zazpi eguneko epean, joan-etorria egiten denetik hasita, joan-etorri hori segitzeko eta behar diren ikuskapenak egiteko.
3. Ustiategiaren titularrak edo haren ordezkariak osorik beteko ditu agiriak, eta haien gaineko erantzukizun guztia izanen du.
4. Osorik ez dauden agiriek ez dute baliorik izanen ez eta foru agindu honetan edo hau garatzen duen arauan xedaturikoarekin bat ez datozenek ere.
5. Artikulu honetan aipatzen diren agiriek ezin babestuko dute, behin ere, abere gaixoen lekualdatzerik ez eta osasun kanpaina ofizialetan positibo diagnostikatzen direnenik ere.
6. Salerosteko ustiategien titularrei eta abereak salerosten diharduten pertsona fisiko edo juridikoei, abereen ekoizpenarekin lotura finkorik ez badute, ez zaie emanen lekualdatze agiririk.
7. Zehaztuko diren kasuetan, abere hartzaileak lekualdatze agiriaren kopia bat aurkeztu beharko du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan, abereak bere ustiategian sartu eta gehienez ere zazpi eguneko epean.
8. Eremu batean eritasun kutsagarri edo eritasun parasitario hedakor bat deklaratzen denean, edo inguruabar epizootiologikoengatik hala komeni denean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak bertan behera uzten ahalko ditu agiri horiek, eta debekatzen ahalko du agiri horiek erabiltzea; albaitaritza zerbitzuek bisitatu eta ikuskatu beharko dute. Zerbitzu horiek erabakiko dute bidezko den abereak lekualdatzea eta, baiezkoan, Jatorri eta Osasuneko Gidaliburua emanen dute.
21. artikulua. Albaitaritza zerbitzuekin elkarlanean aritu beharra.
Lekuz aldatzen diren abereen jatorri, garraio eta helmugarekin zerikusirik duten pertsona fisiko eta juridiko guztiak behartuta daude albaitaritza zerbitzu ofizialei laguntza ematera kontrol eta ikuskaritza lanetan.
22. artikulua. Agiririk gabeko abereak.
1. Aginduzko osasun agiriak izan gabe tokiz aldatzen diren abereak agirigabetzat joko dira, eta, beraz, susmatuko da eritasun kutsagarriek edo eritasun parasitario hedakorrek joak direla.
2. Halaber, osasun agirian agertzen ez den helmuga batera eramaten diren abere multzoak ere agirigabetzat joko dira.
3. Indarra duen legeriaren arabera identifikaturik ez doazen abereak ere agirigabetzat joko dira.
23. artikulua. Abere agirigabeak atxilotu, bakartu eta aztertu beharra.
1. Abere agirigabeak atxilotu eta, hala bada, bakartuko dira, eritasun kutsagarriak edo eritasun parasitarioak joak direla susmatzen bada, foru lege honetan aipatzen diren baldintzetan. Bidezko agiriak eman ondoren, ibilbideari lotzen ahalko zaizkio, edo abiapuntura itzultzen edo hiltegira bidaltzen ahalko dira, baita "in situ" hiltzen edo agintaritza eskudunak erabakitzen duen ustiategi edo lazaretoan geldiarazten ere.
2. Abereak bakartu eta miatzeko prozesuaren gastuak abereen jabearen edo atxilotzen direnean haien arduraduna denaren kontu izanen dira
24. artikulua. Garraiobideak.
1. Azienda garraitzeko ibilgailuek Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak horretarako sortu duen erregistroan inskribaturik egon beharko dute.
2. Garraiorako erabiltzen diren ibilgailuek baimenaren txartela eta garraioko liburu bat eraman beharko dituzte. Azken horretan, ondokoak agertuko dira, gutxienez ere: garraiatzen den aziendaren identifikazioa, aplikatzekoa dena, abiapuntua, helmuga eta garraioa egiten den eguna.
3. Ibilgailu horiek desinfektatu beharko dira eta, kasua bada, desintsektatu, erregelamendu bidez ezartzen den moduan, azienda garraiatu baino lehen eta gero. Hori agiri bidez frogatu beharko da. Desinfekzioak betiere ura eta ingurumena kutsatzea saihestuko du.
4. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, Foru Agindu baten bidez, garraiorako araubide erraztu bat ezartzen ahalko du, beren ibilgailu batean beren azienda daramaten abere jabeei aplikatzekoa, garraiatzen diren abelburuek Nafarroako Foru Komunitatearen barruan ezartzen den kopurua edo gutxiago egiten badute. Betiere, abereen ongizateari buruzko gutxieneko arauak bermatu beharko dira, baita ibilgailua garbitu eta desinfektatzekoak ere.
7. atala. Abere lehiaketak
25. artikulua. Baimena eta aurreneurriak.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak zehazten dituen abere lehiaketek haren baimena eduki beharko dute, udal, erakunde edo entitate antolatzaileek eskaturik, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan.
8. atala. Abere hilen tratamendua
26. artikulua. Abere hilen suntsipena.
1. Edozein ziorengatik hiltzen diren abereen jabe edo edukitzaileak beharturik daude abere hilak unean-unean indarra duen arautegian aurreikusiriko tokietan eta sistemen bidez higienikoki suntsitzera. Debeku da abere hilak edo hiltzorian daudenak beste edozein tokitan eskutik uztea, horretarako baimentzen diren saien bazkatokiak eta mandotegiak kasuan-kasuan ezartzen diren baldintzetan erabiltzea galarazi gabe. Administrazioak baimendutako sai-bazkatokien edo mandotegien osasun-jarraipena eginen du.
2. Ezin izanen da animalien gorpurik edo haien zatirik erabili, animali azpiproduktuak prestatzeko, gero beste animalia batzuei jaten emateko, laguntasuneko animaliak barne; guztiz debekatuta dago haiek erabili eta aprobetxatzea, Europar Batasuneko eta nazioko egungo araudi oinarrizkoek baimendutako salbuespenak ez badira.
Animali proteina eraldatuen erabilpena animaliendako elikagaiak prestatzeko, Europako komunitateko eta Espainiako osasun arau oinarrizkoei lotuko zaie.
Nolanahi ere, giza kontsumorako hil ez diren animalien gorpuak eta proteinak ezin izanen dira erabili ezein motatako azpiproduktu prestatzeko ez eta beste animalia batzuei, laguntasunekoak barne, jaten emateko, eta guztiz debekatuta dago haiek erabili eta aprobetxatzea, erregai gisa ez bada.
3. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak antolatu eta finantzatuko ditu ustiategietan teknikariek eskatutako osasun hustuketak direla-eta, bai garrantzi bereziko gaixotasunen ondorioz, hildako animaliak biltzeko planak.
9. atala. Osasun jarduketa osagarriak
27. artikulua. Abereak ustiatzeko baldintzak.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak begiratuko du, kasu bakoitzen aurreikusten diren baldintzen bidez, azienda eta aziendak darabiltzan bizitegi, baliabide eta zerbitzuak ustiatzeko baldintzak egoki direla abereen osasun, fisiologia, etologia eta ongizateari dagokionez.
28. artikulua. Distantziak.
Gaixotasunak zabaltzea eragozteko aurreneurri gisa, abeltzaintzako ustiategiek erregelamendu bidez ezartzen diren distantziak izanen dituzte elkarrengandik eta abeltzaintza kontzentrazioan eta abeltzaintza motako nekazaritzako industrian diharduten instalazioetatik.
Distantzia horiek ezartzeko, eskualdearen ezaugarriak eta abere espezieenak hartuko dira kontuan.
29. artikulua. Abere dentsitatea.
Inguruabar epidemiologikoengatik hala komeni denean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den Foru Agindu baten bidez, ezartzen ahalko du eremu batean errespetatu behar den gehieneko abere dentsitatea.
30. artikulua. Herri bazkalekuetako sarbidea.
1. Baldintza hauek betetzen dituen azienda sartzen ahalko da bakarrik herri bazkalekuetan:
a) Abereen eritasunak desagertarazteko programen ondorioz abereen saneamenduko kanpaina ofizialen menpe egon diren espezieen kasuan, osasun kalifikazioa duten ustiategieetatik etortzea, edo, bestela, erregelamendu bidez ezartzen diren betebeharrak betetzen dituzten ustiategietatik etortzea.
b) Eritasun kutsagarrien edo eritasun parasitario hedakorren sintomarik ez izatea.
c) Foru agindu honetan xedatuaren arabera identifikaturik egotea.
2. Txerri-aziendaren larretzeak aldez aurretik Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren baimena beharko du, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan.
31. artikulua. Desinfekzioa, bizkarroi gabetzea eta antzeko eginkizunak.
1. Desinfekzioa, intsektu, bizkarroi- eta arratoi-gabetzea eta antzeko ekintzak, kasuan-kasuan, tokietan, lanabesetan edo bestelako gaietan, abereen bizitegiak edo garraiobideak badira, edo besterik gabe abereak ukitzen badituzte, nahitaez eta aldian-aldian egin beharko dira, borroka zoosanitarioko planetan, eta abeltzain eta tratularien ohiko eginkizuna izan beharko dute. Merkaturatuak izateko baimena duten produktuak erabiliko dira horretarako, betiere Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko albaitaritza zerbitzuek edo hark gaituriko zerbitzuek ikuskaturik. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ere ikuskatzen ahalko ditu, ingurumena babesteko eskumenen barruan.
2. Abere lehiaketak egiten diren lokal eta lurretan, antolatzaileek erabili baino lehen, erabili bitartean, eta erabili ondoren garbituko dituzte, desinfektatuko eta desintsektatuko, kasuan kasuan egoki diren produktuekin.
32. artikulua. Fokuak iraungitzeko jarduketa osagarriak.
1. Edozein eritasun kutsagarriren edo eritasun parasitarioren foku bat ofizialki iraungitzen denean, zehatz-mehatz garbituko dira abere infektatuak ukitu dituzten lanabes edo materialak biltzeko tokiak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko albaitari ofizial edo gaitu batek eta, hala bada, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko teknikari batek ikuskaturik. Desinfektatu ere eginen dira eta bertako intsektu eta arratoiak hil ere bai.
2. Halaber, fokua ofizialki iraungirik, ustiategiko abereak bakarrik ordezten ahalko dira Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ezartzen dituen modu eta baldintzetan, eritasunaren arabera.
V. KAPITULUA. Osasun ekintza bereziak
1. atala. Eritasunak kontrolatu eta desagertarazteko programak
33. artikulua. Kontzeptua.
1. Foru lege honen ondorioetarako, hauek hartuko dira eritasunak kontrolatu eta desagertarazteko programatzat: osasun ekintza bereziak, Nafarroako Foru Komunitatean nahitaez egin beharrekoak, abereen prozesu patologikoak kontrolatu edo desagertarazteko helburua duten albaitaritzako epizootiologiako teknika berariazkoak, prozesu patologiko horiek prebalentzia handia baldin badute abereen eta gizakien populazioan, edo abeltzaintzako ustiategien bideragarritasun ekonomikoa kolokan jartzeko arriskua ekartzen badute.
2. Eritasunak kontrolatu eta desagertarazteko programak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren foru agindu bidez ezarriko dira. Foru agindu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta haren berri emanen da Nafarroan argitaratzen diren egunkarien bidez.
34. artikulua. Osasun ekintzen programa bereziak.
1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak osasun ekintzen programa bereziak egin ditzake Nafarroako eremu jakin batzuetan, eremu horietan aurreko artikuluko lehenbiziko atalean aipatzen diren premia sanitarioak baldin badaude.
2. Osasun ekintzen programa bereziak nahitaez egin beharrekoak dira ezartzen diren eremuetako abeltzaintzako ustiategientzat.
35. artikulua. Osasun bermeak.
1. Abereen titularrak, salerosketako operadoreak edo abereen arduradunak behartuak daude foru lege honetan ezarritako neurriak betetzera, betiere Administrazioak eskaintzen dituen programei dagokienez (eritasunak kontrolatu eta desagertarazteko programei dagokienez, alegia). Neurrietan erabaki bezala bete beharko dute gainera.
2. Eritasunak kontrolatu eta desagertarazteko programak egiten ari diren bitartean, debekatua dago abereak ustiategitik kanpora ateratzea, diagnostikatzeko prozesuan behinik behin, non eta ez dagoen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren horretarako ahalmena.
36. artikulua. Teknikarientzako ahalmena.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak baimena eman diezaieke teknikari gaituei eritasunak kontrolatu eta desagertarazteko programak egiteko. Teknikariak behartuak daude egindakoaren berri ematera, behar den denboran eta moduan.
37. artikulua. Abeltzaintzako ustiategiei osasun kalifikazioaren deklarazioa ematea.
1. Eritasunak kontrolatu eta desagertarazteko programak egitearen ondorioz, programak nahitaezkoak izan ala ez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ustiategiari "osasun koalifikazioaren deklarazioa" ematea izanen du.
2. Deklarazioa ofizioz emanen zaio edo ustiategiaren titularrak eskatuta, betiere aurreikusten diren osasun egiaztapen egokiak egin ondoren. Eritasun kutsagarri edo eritasun parasitarioen baten aztarnarik baldin badago, edo kalifikaziorako baldintzaren bat betetzen ez bada, eman gabe utziko da deklarazioa, eritasuna erabat desagertu arte.
38. artikulua. Ordaineko abelburuak osasun kalifikazioa duten ustiategietan.
1. Osasun kalifikazioa duten ustiategietan edo kalifikazio prozesuan daudenetan ordaineko abelburuak ofizialki kaltegabe deklaratutako ustiategietako abereak izanen dira, xede-ustiategiaren arabera. Ordaineko abelburuek eritasun bakoitzerako ezarritako epeetan aztertuak behar dute izan.
2. Ordaineko abelburuek berrogeialdia iragan beharra dute. Aldi horretan azterketa eta analisiak eginen zaizkie abereei.
2. atala. Nahitaez hil beharra
39. artikulua. Agindua.
1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak abereak hiltzeko agindu dezake eritasunak kontrolatzeko, gaitz horien larritasuna eta zabaltzeko gaitasuna kontuan hartuta.
Hiltzeko aginduarekin batera interesatuari eritasunaren diagnostikoa jakinaraziko zaio, baita egoera konpontzeko gerorako aholkuak eta jarraibideak ere.
Halaber, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ustiategi baten saneamendu-hutsaldia agindu ahalko du inguruabarren arabera hori komenigarria bada. Horretarako araubidea erregelamendu bidez zehaztuko da. Horretaz gain, abeltzainaren errentarako laguntzak sortuko dira, ustiategiko jardueraren geldialdiak irauten duen bitarterako.
2. Agintari eskudunek nahitaezko deklaratzen duten hilketak berekin dakar kalteordaina, araudi eta baremo indardunen araberakoa.
3. Horretarako jarritako epearen barrenean, jabeek eri dauden abereak hiltzen ez badituzte, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egin lezake. Horrela balitz, horretan sortzen diren gastuak jabearen kontu izanen lirateke.
4. Nahitaezko deklaratutako hilketa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak erabakitzen dituen tokian eta epean eginen da.
5. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak pizgarriak ezarriko ditu nahitaez hil behar izandako azienda ordezten laguntzeko.
40. artikulua. Kalteordainak jasotzeko salbuespenak.
Honako kasuotan jabeek ez dute kalteordainik jasoko abereak aginduz hiltze aldera.
1. Abeltzaintzako ustiategia izena emana ez badago Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan edo izena emateko eskaririk egin ez badu.
2. Abeltzaintzako Ustiategien Liburua falta badute, edo liburua eguneratu gabe baldin badago diagnostikoaren aurreko azken hiru hilabeteetan, hori egitea aginduzkoa duten azienden kasuan.
3. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari berehala jakinarazi ez bazaio ustiategian bazela nahitaez deklaratu beharreko eritasun bat.
4. Egitez edo ez-egitez, ustiategiak eritasuna zabaldu edo zabaltzen lagundu baldin badu.
5. Arduradunek trabak jarri badituzte ustiategia edo instalazioak ikuskatzen ez uzteko.
6. Ustiategian edo instalazioetan higiene eta desinfekzio kaskarra dagoela atzematen denean.
7. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak jarritako arauak ez betetzeagatik (aziendaren osasunari buruzkoak edo bitarteko edo behin betiko neurriak).
8. Osasun arloko dokumentazioetan edo identifikazio marketan manipulazioaren arrastorik baldin badago.
9. Diagnostikoaren probetako edozeinetan emaitzen fidagarritasuna alda dezakeen edozein manipulazio antzematzen denean.
10. Abereak Administrazioak eritasunaren berri izan baino lehenago hiltzen direnean, non ez den egiaztatzen zuzeneko eta berehalako lotura dagoela eritasun horren aurreko heriotzen artean.
11. Erositako aziendak lehendik eri bazeuden, edo infekzioa zegoen eskualde batetik edo osasun arloko kalifikazio txarragoko ustiategietatik erosiak baziren.
12. Ustiategian nahitaez identifikatu beharreko abererik identifikatu gabe agertzen bada, horretarako arrazoi justifikaturik izan gabe.
13. Aziendak garraiatzeko debeku-neurri bitartekoak bete gabe, abereak saldu edo erosi izana.
14. Ustiategira sartu izana foru lege honetan edo hura garatzeko arauetan xedatutako osasun bermeak betetzen ez dituen abereren bat, edo jatorri ezezaguneko abereren bat edo behar adinako osasun kreditazioa falta duen abereren bat.
15. Ustiategian agertzen bada abereren bat, ustiategikoa bai baina aurreko faseetan saneamendua egin zenean ikertu ez zena, titularrari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik.
16. Aberea ezarritako epean ez hiltzea.
17. Aberea baimenik gabeko tokiren batean hiltzea.
3. atala. Aziendaren Osasuna Zaintzeko Elkarteak
41. artikulua. Definizioa eta laguntzak.
1. Aziendaren Osasuna Zaintzeko Elkarteak nortasun juridikoa duten elkarteak dira, nekazariek osatuak, beren ustiategien maila sanitario-zooteknikoa igotzeko helburua dutenak. Horretarako honelako programak erabaki eta eginen dituzte: profilaxi programak, aziendaren eritasunen kontrako borroka-programak eta baldintza higienikoak hobetzeko programak. Horiek denek produkzio maila eta produktuen osasun maila goratzeko xedea dute.
2. Aziendaren Osasuna Zaintzeko Elkarte bakoitza unitatetzat hartuko da, bai osasun programa garatzeko, bai lortuko lituzkeen dirulaguntza publikoak eskuratzeko.
3. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari dagokio Aziendaren Osasuna Zaintzeko Elkarte bakoitza onartzea, arau bidez erabakitzen diren betebeharren arabera.
4. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onartzen dituen Aziendaren Osasuna Zaintzeko Elkarte guztiak Departamentuan izanen den Aziendaren Osasuna Zaintzeko Elkarteen erregistroan inskribatuko dira. Muntako aldaketak eta onartutako Aziendaren Osasuna Zaintzeko Elkarteen desegitea ere erregistro horretan jasoko dira.
5. Aziendaren Osasuna Zaintzeko Elkarteak, Departamentuak onartutakoan, behartuak daude gogotik laguntzera azienden eritasunen kontra borrokatzeko osasun neurriak antolatzen, kontrolatzen eta jartzen, baita elkartuen artean egitera ere erabakitzen diren zabalkuntza-kanpainak.
6. Elkarte bat Aziendaren Osasuna Zaintzeko Elkartetzat hartzeko baldintzak edo onetsitako osasun programa ez betetzeak errekonozimenduaren iraungipena ekar lezake Foru Agindu honen ondorioetarako.
7. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak dirulaguntzak eman diezazkieke onartutako Aziendaren Osasuna Zaintzeko Elkarteei, betiere aurrekontuan horretarako dagoen diruaren arabera.
VI. KAPITULUA. Albaitaritzako botiken eta substantzien kontrola aziendaren ustiapenean
42. artikulua. Albaitaritzako botiken nahitaezko preskripzioa.
Gizon-emakumeok kontsumitzen ditugun abereendako botikak erabiltzeko nahitaezkoa izanen da albaitari batek errezetaz agintzea.
43. artikulua. Albaitaritzako botiken eta pentsu botikadunen arautzea.
1. Nafarroako Gobernuak, Estatuak gai horretan dituen eskumenak deusetan ukatu gabe, albaitaritzako botikak prestatu, eduki, gorde, erabili, bildu, banatu, agindu eta saltzeko baldintzak arautuko ditu.
2. Pentsu botikadunak prestatu, eduki, gorde, erabili, bildu, banatu, agindu eta saltzeko baldintzak ere arautuko ditu, baita aziendaren bazkan sartzen diren gehigarriena ere.
44. artikulua. Establezimenduen erregistroa.
1. Albaitaritzako botikak eta pentsu botikadunak prestatu, banatu, nahasi, bildu edo saltzen dituzten Nafarroako establezimenduek izena emana izan beharko dute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren menpeko Establezimenduen Erregistro Ofizialean. Erregistro honetatik kanpo geldituko dira farmaziak, araudi berariazkoa izanen baitute.
2. Erregistroan sartzea erabakitzen duen egintzak berekin dakar, jarduerarako behar diren baimen administratiboak deusetan ukatu gabe, araudi berariazkoari segituz funtzionatzeko baimena, baita programa zoosanitarioa onestea ere abeltzaintzako entitateen kasuan.
45. artikulua. Albaitaritzako botika prestatu, banatu, agindu, saldu eta erabiltzea.
Nafarroako Gobernuak honakook arautuko ditu:
a) Auto-txertoak egiten dituzten establezimenduen lokal eta instalazioei baimena emateko baldintzak eta horiek Establezimenduen Erregistro Ofizialean inskribatzea.
b) Pentsu botikadunak egiten dituzten establezimenduek bete behar dituzten baldintzak.
c) Albaitaritzako botiken banaketan handizkako salmentarako biltegiek bete behar dituzten baldintzak. Zuzendari tekniko farmazeutikoaren presentzia eta jarduketa profesionala beharrezkoa duten kasuak.
d) Establezimendu baimenduentzako arauak albaitaritzako botikak saltzeko. Establezimendu horiek bete behar dituzten baldintzak.
e) Produktore eta banatzaile baimenduek albaitaritzako botiken eta pentsu botikadunen fabrikazioan erabil ditzaketen substantzia aktiboei buruzko transakzio guztien erregistro xehekatuak.
f) Albaitaritzako botiken eta pentsu botikadunen erabilera klinikorako legez gaiturik dauden albaitariek errezetaren bidez agintzeko arauak, baita albaitariaren, abeltzainaren eta establezimendu saltzaileen betebeharrak ere.
g) Abereendako botiken aplikazioa eta erabilera.
h) Osasun Departamentuak albaitaritzako entsegu klinikoak egiteko ematen duen baimena.
46. artikulua. Botika bidezko tratamenduen liburua.
Ustiategi bakoitzak botika bidezko tratamenduen liburu bat izan behar du, eguneratua, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak emana. Bertan, titularrak adierazi behar du zer abere ari diren tratamendua hartzen, zer produkturekin, noiz hasi eta noiz bukatu zen tratamendua eta produktu hori nori erosi zitzaion. Albaitariak, bestetik, emandako tratamenduaren oinarrizko ezaugarriak agertaraziko ditu, baita abereari emandako produktua kentzeko aldia ere.
VII. KAPITULUA. Osasun ikuskapenak
47. artikulua. Eskumenak.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari dagokio foru lege honetan ezarritakoa betearazteko behar diren ikuskapen-lanak egitea.
48. artikulua. Osasun ikuskatzaileen eskumenak.
1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren zerbitzuan foru lege honetan ezarritako ikuskapen-lanak egiten dituzten langileak agintearen agentetzat hartuko dira eta honako hauetarako eskubidea izanen dute:
a) Honako hauetan sartu ahal izateko eta ikuskatzeko: nekazaritzako jabetzak, mendiak, natur guneak; abeltzaintzako ustiategiak; azienda eta aziendaren produktuak ekoizteko, biltzeko, erabiltzeko, kontserbatzeko eta merkaturatzeko tokiak; garraiobideak; abereen osasun produktu eta materialak produzitu, bildu eta merkaturatzeko tokiak.
b) Foru lege hau urratu duten produktu edo salerosketa-gaien atxikipena agintzeko.
c) Behar diren laginak hartzeko, edukitzailearen kargura, zentro espezializatuetan aztertu eta analizatzeko.
d) Ezarrita dagoen informazioa eta behar diren egiaztagiriak eskatzeko.
e) Abelburu-talde bat ustiategitik ateratzeko debekua edo hiltzeko agindua emateko, edo abereen produktuak edo bestelako materialak ateratzeko debekua edo horiek desegiteko agindua emateko, baldin eta abere eritasun batek joak dauden susmoa edo ziurtasuna badago.
f) Beren eginkizunei hertsiki loturiko prebentzio neurriak edo bitarteko neurriak hartzeko.
2. Ikuskapenaren ondorioz, ikuskatzailearen iritziz abere osasunerako arrisku larria edo berehalakoa baldin badago, azienda, aziendaren produktuak, osasun produktuak eta bestelako materialak eta garraiobideak ez mugitzeko eta ustiategitik ez ateratzeko aginduko du eta berehala horren berri emanen dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari erabaki dezan neurri horiekin segitu ala ez.
49. artikulua. Presuntzioak.
1. Ikuskapenaren aktetan jasotako egintzak egiazkotzat hartuko dira, non ez den frogatzen gezurrezkoak direla zuzenbidean onartzen diren bideetako edozeinen bitartez.
2. Eskatzen den dokumentazioa osorik edo parte batean faltatzea edo oker betetzea arau-haustearen presuntziotzat hartuko da, kontrakorik frogatzen ez bada, horrek eragina baldin badu egotzitako egintzetan edo horien kalifikazioan, funtsezko elementuei dagokienez.
50. artikulua. Ikuskapena egin zaienen betebeharrak.
Ikuskapena egiten zaien pertsona fisiko edo juridikoak honakoetara behartuak daude:
a) Instalazio, produktu edo zerbitzuei buruzko informazio oro ematera, eta ikuskatzaileei informazio hori egiaztatzen uztera.
b) Dokumentazio horren kopia edo fotokopia egiten uztera.
c) Produktuen edo salerosketa-gaien probak edo laginak egiten uztera, behar diren kantitate horiexetan.
d) Eta, oro har, ikuskapena egiten uztera eta horretarako erraztasun guztiak ematera.
VIII. KAPITULUA. Zehapenen araubidea
51. artikulua. Aziendaren osasunaren kontrako arau-hausteak
Aziendaren osasunaren kontrako arau-haustetzat hartuko dira, eta, hortaz, erantzukizun administratiboak sortuko, foru lege honetan ezarritakoa urratzen duten egiteak edo ez-egiteak, deusetan ukatu gabe erantzuleei bide penalean, zibilean edo bestelakoetan egotz lekizkiekeen erantzukizunak.
52. artikulua. Erantzuleak.
Hauek izanen dira foru lege honetan tipifikatutako arau-hausteen erantzuleak:
a) Ustiategiaren titular edo arduradunak, baita aziendaren jabea ere, betebehar formalak hautsi direnean (aginduzko baimen administratiboak, erregistroa, liburuak, dokumentazioa...).
b) Ibilgailuaren gidaria edo garraiolaria, garraioan atzematen diren arau-hausteen kasuan, deusetan ukatu gabe ibilgailuaren jabearen erantzukizuna.
c) Merkaturatzeko baimenaren titularra, albaitaritzako botika gisa eta pentsu botikadun gisa baimenduak dauden produktuen arau-hausteen kasuan.
d) Produktuen edukitzailea, legez onartuak ez dauden produktuen arau-hausteen kasuan.
e) Operadore edo merkatariak, handizkako saltzaileak edo banatzaile edo erosleak, aziendaren salerosketaren kasuan.
f) Arau-hausteen zuzeneko egileak, gainerako kasuetan.
2. Arau-haustea pertsona juridiko bati egozten zaionean, hauek ere hartuko dira erantzuletzat: kudeaketa-erakundeak edo zuzendaritza-taldeak osatzen dituztenak, eta osasun zaintzaren teknikari arduradunak eta, produktu farmakologiko edo biologikoen kasuan, produktuak egitearen edo kontrolatzearen arduradunak.
53. artikulua. Sailkapena.
Foru Lege honen ondorioetarako, aziendaren osasunaren kontrako arau-hausteak arin, larri edo oso larritzat har daitezke:
54. artikulua. Arau-hauste arinak.
1. Titularrak foru lege honetan eta gainerako xedapen indardunetan edo legea garatzekoetan abeltzaintzako ustiategientzat ezarritako baldintza higieniko-sanitarioak ez betetzea, aziendaren osasunerako eritasun-arriskurik ez dagoenean.
2. Abeltzainak bere jarduketak egitea edo abere biziak saldu edo erostea, Abeltzaintzako Ustiategien Liburua eduki gabe edo behar bezala eguneratua izan gabe.
3. Ezarritako epeetan aginduzko dokumentazioa edo datuak ez bidaltzea, edo akatsen berri eman ondoren datu guztiak ez aurkeztea zuzentzeko epean.
4. Taloitegietan edo salmenten fakturen matrizetan, edo erosketen fakturetan, erregistroetan eta xedapen indardunek agintzen dituzten bestelako dokumentuetan dauden hutsune edo akatsak, horien ondorioz ikuskapenean errakuntzarik ekartzen ez badute.
5. Abereendako botiken produkzio, fabrikazio eta merkaturatzean zuzeneko edo zeharkako interesak dituztenek pizgarriak, sariak edo opariak zuzenean edo zeharka eskaintzea agintzeko, banatzeko edo emateko zikloan sarturik dauden profesionalei edo beren ahaideei, komenentziako pertsonei edo abeltzainei.
6. Abeltzaintzako ustiategietan albaitaritzako botikak edo substantzia botikadunak edukitzea horien errezetaren kopiarik izan gabe.
7. Ondoko egiteak edo ez-egiteak, baldin eta gertatzen badira eritasunaren deklarazio ofizialik gabe edo arrisku epizootiologikoei loturiko neurri bereziak ofizialki hartu ez badira, edo osasun ekintza bereziak falta direnean eta betiere ukitutako abere espezie hauei dagokienez:
a) Albaitaritzako zerbitzuei ez laguntzea ustiategiaren eta lokalen zaintza eta erabileraren baldintza higienikoen kontrolean, edo ez betetzea horretarako ezarrita dauden neurriak edo jar litezkeenak.
b) Abere biziak abandonatzea edo horiek ez zaintzea eta ez kontrolatzea.
c) Abere hilak, beren produktuak edo lehengaiak abandonatzea, horiek eritasunak hedatzeko arriskurik ez dakartenean edo aziendaren osasunerako kaltegarriak ez direnean.
d) Hiltegira eraman beharreko abere biziak garraiatzea osasun bermerik gabe edo legez eskatzen den dokumentazio administratiboa izan gabe.
e) Azienda identifikatzeko foru lege honetan ezarri diren beharkizunak ez betetzea, arau-haustea larritzat edo oso larritzat hartzen ez bada.
f) Aziendaren garraioan higienea ziurtatzeko jarritako betebeharrei kasurik ez egitea, edo azienda garraiatzeko ibilgailuak behar den erregistro administratiboan izen-emanak ez egotea.
8. Aginduzko dokumentuak ez luzatzea edo erregistroetan ez egotea, edo dokumentu horiek aziendaren osasunari buruzko arauak betetzeko funtsezkoak diren datuak bete gabe izatea.
9. Aginduzko erregistroetan inskribatu gabe egotea.
55. artikulua. Arau-hauste larriak.
1. Titularrak foru lege honetan eta gainerako xedapen indardunetan edo legea garatzekoetan abeltzaintzako ustiategientzat ezarritako baldintza higieniko-sanitarioak ez betetzea, aziendaren osasunerako eritasun-arriskua dagoenean.
2. Lagundu nahi ez izatea edo trabak jartzea foru lege hau betetze aldera agintari eskudunek edo beren agente eta zerbitzu teknikoek datuak edo informazioa eskatzen dizkiotenean, edo okerreko informazioa ematea.
3. Laborategiek edo diagnostikorako zentroek foru lege honen ondoriozko beharkizunak ez betetzea, eta albaitaritzako zerbitzuen axolagabekeria frogatua.
4. Hiltegien arduradunek lagundu nahi ez izatea edo trabak jartzea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren zerbitzuei beren eginkizunak hobeki betetzeko behar diren egiaztapenetan.
5. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak agintzen dituen neurriak ez jartzea, edo horien aurreko axolagabekeria edo arau horiei kontra egitea edo horretan ez laguntzea, kasu hauetan:
-Foku epizootiko bat desagertarazteko.
-Fokua agertzea galarazteko edo
-Abereek baimenik gabe eman zaizkien botika, produktu edo substantziak kanporatu dituztela ziurtatzeko, ontziak ere kanporatu direla ziurtatzeko.
6. Administrazioak ikerketapeko ustiategiei jarritako neurriak ez betetzea. Abereengan hondarrak edo produktuak egonda neurriak ez betetzea.
7. Nahitaez deklaratu edo jakinarazi beharreko eritasunak daudenean hala dela ezkutatzea edo ez jakinaraztea.
8. Abeltzaintzako ustiategien edo horiei loturiko jardueren arduradunek axolagabekeria erakustea eritasunak deklaratzerakoan edo arauzko neurri zoosanitarioak hartzerakoan.
9. Eri dauden abereak edo eritasunak kontrolatu eta desagertarazteko programei dagokienez saneatu gabe dauden ustiategietatik datozen abereak aprobetxamendu komuneko ur-aska edo larreetara joatea.
10. Aprobetxamendu komuneko larreetan foru lege honetan azienda bazkatzeari buruz ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten aziendak sartzea.
11. Ustiategi saneatuetan edo saneatzen ari diren ustiategietan eri dagoen azienda edo eri dagoelako susmopean dagoen azienda sartzea, osasun egoera egokiari buruzko bidezko dokumentaziorik gabe. Ustiategi saneatu gabeetatik edo osasun araudiak agintzen dituen baldintzak jarri ez diren ustiategietatik azienda sartzea.
12. Abereen nahitaezko hilketan ez laguntzea behar den denboran eta moduan, eta abereak hiltzea ez onartzea edo oztopoak jartzea.
13. Abereak toki batetik bestera eramateko osasun dokumentazioa ematea, abereak eri daudenean edo eri dauden susmoa dagoenean, edo abereak lekuz aldatzeko debekua dagoen eremu batekoak direnean.
14. Aurreko artikuluko 7. zenbakian aipatutako egiteak edo ez-egiteak, eritasunaren deklarazio ofiziala dagoenean, arrisku epizootiologikoa dela-eta adierazten diren eritasunei loturiko neurri bereziak ofizialki hartu direnean, edo osasun ekintza bereziak antolatu direnean gaixoturiko abere espezie horientzat.
15. Abereak edo gorpuak edo produktuak edo lehengaiak abandonatzea aziendaren eritasunak hedatzeko arriskua dagoenean.
16. Giza kontsumorako abereei albaitaritzako botikak edo pentsu botikadunak ematea, albaitariaren agindurik gabe.
17. Preskripzioaren, salmentaren eta ematearen zikloan sartuak dauden albaitarien lana, jardunean ari badira, albaitaritzako bisiten delegatuen eta albaitaritzako botiken laborategien ordezkari, komisiodun edo agenteen eginkizunekin.
18. Albaitaritzako botiken etxerako salmenta, herriz herriko salmenta, katalogo bidezko salmenta, posta bidezkoa, edo sistema informatiko edo telematikoen bidezkoa, deusetan ukatu gabe legez jendeari saltzeko baimena duten entitateentzako banaketa edo salmenta.
19. Abereendako formula magistralen edo albaitaritzako autotxertoen publizitatea.
20. Nahitaez deklaratu beharreko edozein eritasun kutsagarri edo eritasun parasitarioen berri ez ematea, eritasuna azaleratzean.
21. Eritasun kutsagarriak edo eritasun parasitarioak kontrolatzeko edo ez hedatzeko edo osasun tratamenduak edo nahitaezko txertaketak egiteko agindutako neurriak ez betetzea, hartzen ez uztea edo horietan ez laguntzea.
22. Txertaketak egitea horretarako aginduzkoa den albaitarien kontrolik gabe, edo lan hori egin duten albaitariek lan horien berri ez ematea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.
23. Edonork, fakultatiboa izan ala ez izan, txertoak edo bestelako tratamendu prebentiboak jartzea albaitaritzako zerbitzuen baimenik gabe, egin beharra dagoenean.
24. Abere bizien zirkulazioa eta garraioa, hiltegira eramateko ez denean, edo produktuak edo lehengaiak edo horien sailekoak garraiatzea, osasun bermerik gabe edo behar den dokumentazio administratiboa izan gabe.
25. Sariketak antolatzea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren baimenik izan gabe, nahitaezkoa denean.
26. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak agindutako desinfekzio, desparasitazio eta antzeko lanak ez egitea edo horietan ez laguntzea.
27. Gaixotutako abereak edo ustez eritasun kutsagarri edo eritasun parasitarioa duten abereak hiltzea horretarako behar den baimena izan gabe.
28. Baimendutako establezimenduetan albaitaritzako botikak saltzea fakultatibo arduradunaren jarduketa profesionalik gabe.
56. artikulua. Arau-hauste oso larriak.
Honako hauek arau-hauste oso larriak dira:
1. Abere bakoitza identifikatzeko seinale eta marka arauzkoak manipulatu, aldatu, kendu edo faltsifikatzea.
2. Edonork, fakultatiboa izan ala ez izan, aziendari edozein substantzia ematea eritasunen diagnostikoa okertzeko edo zailtzeko asmoz.
3. Baimenik gabeko edo inskribatu gabeko edozein botika edo produktu ematea, edo albaitaritzako botikak erabiltzea aginduzko itxaron-aldiak bete gabe.
4. Establezimendu saltzaileek edo abeltzaintzako ustiategietan edo antzeko lokaletan albaitaritzako edozein botika edukitzea baldin eta botika horiek abereei emateko ofizialki onartuak ez badaude indarra duen legerian.
5. Administrazio Publikoari gezurrezko informazio edo dokumentazioa ematea, arau-haustea arintzat edo larritzat hartzen ez denean.
6. Aziendaren jabeek edo arduradunek ez uztea abereak arrisku haundikotzat hartutako eremu batetik ateratzen, horrela agindu denean.
7. Hauei probetxua ateratzeko edozein trikimailu:
-Animalia hiletatik lortutako haragia edo produktuak.
-Nahitaez sakrifikatu beharreko abereetatik lortutako kanal edo errai dekomisatuak.
8. Dekomisaturiko gorpuak, erraiak edo hondakinak tratatu eta aprobetxatzeko jarduerak.
9. Baimendu edo erregistratu gabeko produktuak erabiltzea bektore mekaniko edo biologikoak, gordailu biotikoak, parasito-eramaile bitartekoak eta parasitoak edo parasito-moduak kontrolatzeko.
10. Edozeinek, fakultatiboa izan ala ez izan, edozein substantzia ematea edo edozer egitea edo abereak manipulatzea diagnostikoetan okerreko positiboak edo negatiboak atera daitezen, azienda saneatzeko kanpainen edo osasun programa berezien xede diren eritasunei dagokienez.
11. Osasun arloko dokumentuak manipulatzea.
12. Kontrolatu eta desagertarazteko programen edo osasun programa berezien xede diren eritasunak jotako dauden abereak edo horiek diagnostiko probetan positibo eman dutenak "aurrerako" asmotan saldu edo erostea.
13. Eritasun infektokutsagarri eta eritasun parasitarioaren ondorioz hildako abereen gorpuak, kanalak edo hondakinak edo bestelako produktuak garraiatzea osasun bermerik gabe eta behar den baimena izan gabe.
57. artikulua. Arau-hausteak eta delituak.
1. Abereen osasunari buruzko arautegiaren hauste administratiboa delitua edo hutsegitea izan badaiteke, Nafarroako Foru Komunitateak, espedientea irekita, jurisdikzio eskudunari jakinaraziko dizkio gertaera horiek.
2. Prozedura penal bat hasita, zehapen prozedura administratiboa bertan behera utziko da haren ebazpen irmorik ez dagoeneino.
3. Behin ere ezin ezarriko da zehapen administratiborik prozesu penal batean kondena eragin duten gertaerengatik, bai ordea kondena eragin ez duten beste gertaera batzuengatik.
4. Auzitegiek erabakitzen badute ez dagoela erantzukizun penalik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak segituko du zehapen espedientea izapidatzen.
Kasu horretan, ebazpen judizial irmoen bidez frogatutzat ematen diren gertaerak lotesleak izanen dira Administrazioarendako zehapen espedientean.
58. artikulua. Zehapenak.
1. Arau-hauste arinak 20.000 pezetatik 100.000 pezeta bitarteko (120,2 eurotik 601 eurora) isun batez zehatuko dira; arau-hauste larriak 100.000 pezetatik milioi bat pezeta bitarteko (601 eurotik 6.010 eurora) isun batez; eta oso larriak milioi bat pezetatik 40 milio pezeta bitarteko (6.010 eurotik 240.400 euro) isun batez.
2. Nafarroako Gobernuak aldian-aldian aldatuko ditu aipaturiko zenbatekoak. Horretarako kontuan hartuko ditu kontsumorako prezioen indizeen aldaketa, azienda biziaren prezioa edo nekazaritzako industriaren bidez eraldatu ez diren abere produktuena.
3. Zehapenaren zenbatekoa ez da behin ere izanen arau-hauslearen mozkina baino gutxiagokoa.
4. Zehapenaren zenbatekotik hildako abereen balioa kenduko da, aginduzkoa izan arren kalteordainik hartu ez dutenean.
5. Ezartzen diren zehapenak ukatu gabe, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, erabakitzen ahalko du, arau-hauste larri edo oso larrietan, hausleak hartzekoak dituen edo nekazaritzaren arloan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eskatu dizkion laguntza publiko guztien ehuneko 50 edo 100 kentzea, bertan behera uztea edo ukatzea.
6. Larritzat jotzen diren arau-hausteen kasuetan, dekretatzen ahako da ustiategia aldi baterako itx dadila eta abereen osasunarekin zerikusirik duten ustiategi edo jarduerak zuzentzeko gaitasuna ken dakiola, gehienez ere urtebetez. Arau-hauste oso larrien kasuan, urte batetik bost urte bitarte itx dadila dekretatzen ahalko da edo gaitasuna ken dakiola.
59. artikulua. Kalteordainak.
Arau-hausteak kalteren bat eragiten badio Nafarroako Foru Ogasunari, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak exekuzio bidez finkatzen ahalko ditu bidezko kalteordainak.
60. artikulua. Eskumena eta prozedura.
1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari dagokio zehapenak ezartzeko eskumena.
Hala ere, hark abeltzaintzaren arloan eskudun den zuzendari nagusiaren esku uzten ahalko du eskumenaren erabilera.
2. Foru lege honetan aurreikusten diren arau-hausteen ondoriozko zehapenak erregelamendu bidez ezartzen den zehapen prozedura administratiboari jarraituz instruitu eta ezarriko dira.
3. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, espedientea irekitzen duen Foru Aginduan edo, gero, arrazoiak emanda, azkeneko ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko behin-behineko neurriak hartzen ahalko ditu, baita interes publikoari edo beste norbaiti kaltea saihesteko behar direnak ere.
61. artikulua. Zehapenen mailaketa.
1. Zehapenak ezartzean oreka mantendu beharko da arau-haustearen egintzaren eta aplikatzen den zehapenaren artean. Bereziki irizpide hauek erabiliko dira zehapena mailakatzeko:
a) Asmo txarrik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.
b) Abereen osasunari, osasun publikoari edo ingurumenari eraginiko kaltea edo arriskua.
c) Berrerorketa, urtebetean, abereen osasunari buruzko arautegia behin baino gehiagotan hausteagatik, horrela adierazia denean, ebazpen irmoaren bidez, bide administratiboan.
d) Arau-hauslearen kargua edo eginkizuna, edo jarduearen ezagueraren maila, haren lanbideagatik eta haien ikasketengatik.
e) Arau-hausleak Administrazioari laguntzea gertaerak argitzen eta babesturiko ondasuna ordaintzen.
f) Arau-hausteen metaketa jarrera berean.
2. Bi urteko epean berreroriz gero edo araua hautsiz gero, zehapenaren zenbatekoa ehuneko 50 gehituko da. Epe horretan bi aldiz gehiago berreroriz edo hautsiz geroz, gehitzea ehuneko 100ekoa izanen da.
3. Gertaera berari bi arau-hauste administratibo edo gehiago badagozkio, larrienari dagokion zehapena ezarriko da, maila ertainean edo gehienekoan.
62. artikulua. Isuna gutxitzea.
Ezarririko isunaren zenbatekoa ehuneko 30 gutxituko da, betebehar hauek betetzen direnean:
a) Isunaren gainerakoa gehienez ere hilabeteko epean pagatzen denean, zehapena ezartzen duen ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Arau-hausleak aurreko idatz-zatian aipatzen den epean Nafarroako Foru Komunitateari eraginiko kalteen ordainaren zenbateko osoa pagatzen duenean, hala bada.
c) Arau-hausleak idatziz adierazten duenean ados dagoela ezarri zaion zehapenarekin eta eskatzen zaion kalteordainarekin eta epe horretan espreski uko egiten dionean edozein inpugnaziori.
63. artikulua. Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa.
1. Aziendaren osasunaren arau-hausteak ondoko epe hauetan preskribituko dira: arinak, sei hilabetetan, larriak, bi urtetan eta oso larriak, hiru urtetan.
2. Epe horiek arau-haustea egin zen egunean hasiko dira eta, hori jakinen ez balitz, zehapen espedienteari hasiera eman zitzaion egunean.
Zehapen espedienteari hasiera eman ahalko zaio arau-haustea osatzen duten egintzen berri ematen duten kanpoko zeinuak agertzen direnean.
3. Zehapen prozedura hasten den unean, interesatua jakinaren gainean dagoela, arau-haustearen preskripzioa eten eginen da eta, ustezko erantzuleari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik espedientea hilabete batez geldirik baldin badago, preskripzioaren epea berriz hasiko da.
4. Jarduera jarrai baten ondoriozko arau-hausteetan, jarduera hori bukatzen den egunean hasiko da preskripzioaren epea, edo, bestela, arau-hausteari buru ematen dion azken egintzaren egunean.
5. Arau-hauste arinengatik ezarritako zehapenak urte bateko epean preskribituko dira, larriak, bi urteko epean eta oso larriak, hiru urteko epean. Epe horiek zehapena ezartzeko ebazpena irmoa izan eta biharamunean hasiko dira.
6. Beterazpen prozedura hasten den unean, interesatua jakinaren gainean dagoela, zehapenaren preskripzioa eten eginen da eta, ustezko erantzuleari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik prozedura hilabete batez geldirik baldin badago, preskripzioaren epea berriz hasiko da.
64. artikulua. Isunen jakinarazpena.
Arau-hauste larri edo oso larriengatiko isunak, administrazio bidean irmotutakoan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean jakinaraz daitezke. Jakinarazpenak honako datuok izanen ditu: zehapena zenbatekoa den, nor d(ir)en lege-hauslea(k), nolako arau-haustea den, eta kalteordainik eskatzen bada, zenbatekoa den.
65. artikulua. Isun hertsatzaileak
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, ohartarazi ondoren, isun hertsatzaileak jar ditzake, behin eta berriz hamabost egun baliodunetik behin gutxienez. Isuna ez da inola ere izaten ahalko isun nagusiaren % 20tik goitikoa. Isun hertsatzailearen goiko muga milioi bat pezetakoa izanen da (6.010 euro).
66. artikulua. Zehapenez besteko neurriak.
Honako neurriok ez dute zehapen izaerarik izanen:
a) Aginduzko baimen edo erregistroak falta dituzten enpresak, instalazioak, ustiategiak, lokalak edo garraiobideak itxiaraztea, edo beren funtzionamendua geldiaraztea baimena lortzeko zuzendu behar diren okerrak zuzendu arte edo bete behar diren baldintzak bete arte.
b) Abere lote bat hiltzea edo haragiak edo bestelako materialak suntsitzea, infektatuak daudenean edo infektatuak dauden susmoa dagoenean.
Lehenbiziko Xedapen Gehigarria. Aziendaren ugaltzea.
1. Hazitarako abereen egonlekuak eta hazi-sartze artifizialerako zentroak ezartzeko, aurretik Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren baimena beharko da, zentroa pribatua izan edo Administrazio Publikoen menpeko izan.
2. Erregelamendu bidez, aipatutako egonlekuen eta zentroen funtzionamenduari buruzkoak arautuko dira, Nafarroako aziendaren egoera zoosanitarioan eragina izan dezakeen horri dagokion guztian.
3. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak osasun kontrolpeko ugalketa programak gara ditzake edo horietan lagundu.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Osasun ekintzen betearazpen subsidiarioa.
1. Eritasun kutsagarri edo eritasun parasitario baten kontra borrokatu beharra duten partikularrek edo entitate publiko edo pribatuek horretarako erabakitzen diren osasun ekintzak bete beharko dituzte.
2. Ekintza horiek egin beharra dutenek arestian esandakoa betetzen ez badute, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak subsidiarioki eginen ditu, bere baliabideak erabiliz edo besteren zerbitzuak erabiliz, baina horien gastuak interesatuari likidatuko dizkio. Gastu horiek ordaintzea premiamendu bidez eskatzen ahalko zaio, deusetan ukatu gabe horretaz gain bidezko izan litezkeen zehapenak.
Hirugarren Xedapen Gehigarria. Herri larreak sortu eta hobetzeko laguntzak.
Larretarako herri lurrak sortu eta hobetzeko Nafarroako Toki Entitateek bultzatzen dituzten proiektuetarako Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak ematen dituen dirulaguntzak hartzekotan, Toki Entitateek aurretik araudi berezi bat onetsi beharko dute, aprobetxamenduak ematen dizkiena, gutxienean hamabost urtez, nekazaritzako araudiaren arabera titulu nagusi gisa nekazari izatearen baldintza betetzen duten abeltzainei, beste arauez gain. Halaxe du jarria betebeharra Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 174. artikuluak.
Laugarren Xedapen Gehigarria. Animalien pentsuak kontrolatu eta suntsitzea.
1. Foru lege honek indarra hartu eta hilabeteko epean, osagaien artean giza kontsumorako hil ez diren beste animalia batzuen gorpuen elementuak dauzkaten animalientzako pentsu konposatu guztiak suntsitu beharko dira.
2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, foru lege honek indarra hartu eta hilabeteko epean, erregelamendu bidez garatuko du beste animalia batzuk elikatzeko pentsuen fabrikaziorako legean ezarritako baldintzak betetzen ez dituen animaliarik erabil ez dadin kontrolatzeko prozedura.
Lehen Xedapen Iragankorra
Bigarren Xedapen Iragankorra
Nafarroako Gobernuak foru lege honetan aurreikusten diren arauzko xedapenak onetsi bitartean, honako hauek segituko dute indarra izaten, foru legeari kontra egiten ez dion guztian:
-Larreetan bazkatzen den aziendaren osasun babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legea garatzen duen erregelamendua, otsailaren 20ko 35/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia.
-Maiatzaren 8ko 92/1985 Foru Dekretua, Ahuntzen bruzelosia saneatzeko kanpaina onesten duena.
-Nafarroako behi azienda saneatzeko kanpaina ofizialak garatzen dituen erregelamendua, maiatzaren 23ko 145/1986 Foru Dekretuaren bidez onetsia.
-Urriaren 19ko 233/1989 Foru Dekretua, Herri, eskualde eta herrialde mailako azienda sariketak arautzen dituena.
-Nafarroako ardi azienda saneatzeko kanpaina garatzen duen erregelamendua, maiatzaren 29ko 121/1987 Foru Dekretuaren bidez onetsia.
-269/1996 Foru Dekretua, uztailaren 1ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko albaitaritza sendagaiak eta pentsu sendagaidunak arautzen dituena.
-17/1997 Foru Dekretua, urtarrilaren 27koa, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteen funtzionamendua Nafarroan arautzen duena.
-369/1997 Foru Dekretua, abenduaren 9koa, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta nekazaritzako elikagaien arloetan zehapenak ezartzeko administrazio prozedura onesten duena, abeltzaintzaren sailean.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
1. Indarrik gabe geldituko dira foru lege honen edukiari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
2. Zehatzago, indarrik gabe geldituko da maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legea, herri larreetan bazkatzen diren azienden osasun babesari buruzkoa.
Azken Xedapenetako Lehenbizikoa
Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau garatu eta aurrera eramateko behar diren arauzko xedapenak emateko.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.