Castellano | Euskara | Français | English
(2000ko 56. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 8an)
Atarikoa
Abeltzaintza Zerbitzuak proposatu du abeltzainen ibilgailuak abere biziak garraiatzeko ibilgailuen erregistroan erregistratu beharretik salbuets daitezela, abereak hiltegietara eramaten edo abeltzaintzaren berezko joan-etorrietan badihardute, beti ere Nafarroako Foru Komunitatean.
Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2.b) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua
1. Gehienez ere batera bost abelburu baino gutxiago eraman ditzaketen ibilgailuak abere biziak garraiatzeko ibilgailuen erregistroan erregistratu beharretik salbuesten dira, baldin eta ibilgailuak garraioaren nekazari arduradunenak badira eta abereak hiltegietara eramaten edo abeltzaintzaren berezko joan-etorrietan badihardute, beti ere Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako abeltzainek administrazio jarduerak hobeki kudea ditzaten.
2. Ibilgailu horietan abereen ongizatea eta babesa aintzakotzat hartuz eginen da garraioa. Gainera, abereak garraiatzen diren bakoitzean garbitu eta desinfektatuko dira ondoren eta, beharrezkoa izanez gero, beste abere batzuk sartu baino lehen.
3. Horretarako, abeltzainek "garbitua eta desinfektatua" adierazten duen inprimakia bete beharko dute, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko barrutian barrutiko edo eskualdean eskualdeko abeltzaintza bulegoetan edo bulego nagusietan luzatuko dena.
4. Garraioa egiten den bitartean, abeltzainek, gainera, abeltzaintza ustiategiaren titularren txartela eraman beharko dute aldean, edo haren fotokopia konpultsatua edo Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak kautoturiko kopia.
2. artikulua
Foru Agindu honetarako, abeltzaintzat joko dira abeltzaintzan diharduten pertsona fisiko edo jurdikoak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistro eta Erroldan izena emanak badira.
Azken Xedapenetako Lehena
Foru Agindu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko xedapen guztiak indarrik gabe uzten dira.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.