(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

141/2011 FORU DEKRETUA (indargabetua)

141/2011 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 24KOA, LANDA GARAPEN, INDUSTRIA, ENPLEGU ETA INGURUMEN DEPARTAMENTUAREN EGITURA ORGANIKOA EZARTZEN DUENA

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2011ko 172. NAOn, abuztuaren 31n argitaratua; akats zuzenketa, 2011-09-2ko NAO)

Atarikoa

Nafarroako Gobernuko lehendakariak uztailaren 1ean emandako 10/2011 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua ezarri ziren. Foru Dekretu hori 131. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 2an.

Era berean, uztailaren 26ko 109/2011 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, geroko garapena galarazi gabe. Dekretu hori 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 29an.

Foru dekretu honen helburua, beraz, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren egitura organiko berria finkatzea eta garatzea da.

Horiek horrela, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko abuztuaren 24ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren eskumenen esparrua.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan bereganatuak dituen eskumenak gauzatzea: nekazaritza, abeltzaintza, elikadura eta landa garapena; ingurumena babestu eta zaintzea; ur baliabideak; industria, energia eta meatzaritza; industria jarduera sustatzea; ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza, kalitatea eta lehiakortasuna bultzatzea; informazioaren gizartea garatzea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea; energiaren eta meategietako baliabideen kontrola; energia berriztagarriak sustatzea; Nafarroako enpresak nazioartera ateratzea; lan harremanak eta ekonomia soziala sustatu eta antolatzea; enplegua lortzeko politika aktiboak eta lan bitartekotza sustatzea; bai eta antolamendu juridikoak ematen dizkion gainerako eskudantziak ere.

2. artikulua. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilaria.

1. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak, Departamentuko titularra baita, eta uztailaren 26ko 109/2011 Foru Dekretuaren 1. artikuluan zehaztutako eskumen esparruari loturik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ezarritako eskudantziak izanen ditu.

2. Era berean, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari dagozkio, departamentuko titularra baita, Nafarroako Foru Komunitateko Nekazaritza Kontseiluko burutza eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Nafarroako Lurralde Batzordeko burutza.

3. artikulua. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren antolamendu orokorra.

1. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak, bere titularraren zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu:

a) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia.

b) Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia.

c) Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusia.

d) Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusia.

e) Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusia.

f) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.

2. "Nafarroako Enplegu Zerbitzua" erakunde autonomoa Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari atxikirik egonen da.

4. artikulua. Zuzendaritza nagusien eskudantziak.

Foru dekretu honen 2.2 artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko zuzendaritza nagusiek, kontseilariaren goi zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan esleitutako esparruan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritako eskudantziak izanen dituzte eta, horiez gain, indarra duten xedapenek esleitzen dieten edo Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak agintzen dien beste edozein.

5. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskudantziak.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak, foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztu den eskumenen esparruan eta Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariaren goi zuzendaritzapean, berari atxikita baitago zuzenean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 23. artikuluan eta idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuan ezarritako eskudantziak izanen ditu, bai eta indarra duten xedapenek esleitzen dioten edo Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak agintzen dion beste edozein ere, eta horretarako behar diren ebazpenak emanen ditu.

6. artikulua. Zerbitzuen eskudantziak.

Zerbitzuek, departamentuko goragoko organoen zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan bakoitzari esleitutako esparru materialean, ondoko eginkizunak izanen dituzte: beren menpeko atalak edo unitate organikoak planifikatu, koordinatu, zuzendu eta kontrolatzea; prozedurak arindu, arrazionalizatu eta errazteko printzipioak bultzatu eta sustatzea; indarra duten xedapenek berariaz ezarritakoak eta departamentuko organo eskudunek banatzen edo eskuordetzen dizkietenak.

7. artikulua. Atalen eskudantziak.

Atalek, departamentuko goragoko organoen zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan bakoitzari esleitutako esparru materialean, ondoko eginkizunak izanen dituzte: beren eskumenen esparruko lanak gauzatzea eta gainean duten buruarentzako txostenak eta proposamenak egitea, haien menpeko unitateek edo bulegoek egiten dituzten lanak koordinatu, zuzendu eta kontrolatzea eta departamentuko organo eskudunek agintzen dizkieten gainerako guztiak.

II. KAPITULUA. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia

1. atala. Eskumenen esparrua eta egitura

8. artikulua. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aipatzen diren eskudantziak izanen ditu, arlo hauetan:

-Nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpena.

-Landareen eta abereen osasuna.

-Mintegiko haziak eta landareak.

-Nekazaritzako aseguruak.

-Nekazaritzako eta abeltzaintzako ikerketa eta garapena koordinatzea.

-Nekazarien eta abeltzainen errentetarako laguntzak.

-Merkatuak erregulatzea eta haietan esku hartzea.

-Siloen Oinarrizko Sarea mantentzea eta zaintzea.

-Fruta eta barazki ekoizleen erakundeak eta nekazaritzako ekoizleen elkarteak.

-Nekazariendako eta abeltzainendako laguntzak.

-Erakunde Ordaintzailearen zuzendaritza.

-Erakunde Ordaintzailearen baliabide informatikoak kudeatzea.

-Nekazaritzaren arloko prestakuntza.

-Indarra duten xedapenek Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari esleitzen dizkiotenak Zuzendaritza Nagusiaren beraren esparruan eta, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsari (NBEUF) Erakunde Ordaintzailearen eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsari (LGENF) loturik, Nafarroako Foru Komunitateari dagozkionak.

9. artikulua. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

1. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek izanen ditu:

a) Nekazaritza Zerbitzua.

b) Abeltzaintza Zerbitzua.

c) Erakunde Ordaintzailearen Koordinaziorako Zerbitzua.

2. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren menean egonen da, zuzenean, Barne Auditoretzako Atala.

2. atala. Nekazaritza Zerbitzua

10. artikulua. Nekazaritza Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Nekazaritza Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

-Nekazaritzako ekoizpen bideak kontrolatzea elikagaien segurtasunaren, fitosanitarioen erabileraren, lohien eta ongarrien esparruan.

-Nekazaritzako ekoizpen iraunkorraren sistemak sustatzea.

-Landare osasuna kontrolatzea.

-Mintegiko landareak eta haziak kontrolatu eta ziurtatzea.

-Prestakuntza, aholkularitza teknikoa eta nekazaritzako ikerketaren eta berrikuntzaren emaitzen transferentzia.

-Laguntzen eskaera bakarra antolatzea, Batzordearen 2009ko azaroaren 30eko 1122/2009 (EE) Erregelamenduaren arabera.

-Nekazari eta abeltzainendako laguntzak, Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduan ezarritako Kudeaketa eta Kontroleko Sistema Integratuan sartuak, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) kargura emanak, eta sistema horrekin parekatuak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) eta Nafarroako Gobernuaren bidez kofinantzatuak.

-Merkatuko krisien prebentzioaren eta kudeaketaren arloko jarduketak.

-Mahastietako ekoizpen ahalmena, ekoizpenaren, uztaren eta izakinen aitorpenak eta legez kanpoko mahastietatik ateratzen diren ekoizpenen xedearenak kontrolatzea.

-Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) laguntzak fruta eta barazki ekoizleen erakundeen programa eragileetarako, destilazioetarako eta mahastiak berregituratzeko, eta beste batzuk, Merkatuen Antolakunde Bateratutik ateratzen direnak.

-Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) laguntzak, elikagaiak dohainik banatzeko.

-Nekazaritzako aseguruen kontratazioa sustatzea.

-Hondamendi naturalen parekoak diren baldintza klimatologiko kaltegarriek nekazaritzako ustiategietan eragiten dituzten kalteak.

-Siloen oinarrizko sarea mantentzea eta zaintzea.

11. artikulua. Nekazaritza Zerbitzuaren egitura.

Nekazaritza Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Landareen Ekoizpen eta Osasun Atala.

b) Merkatuen Erregulaziorako Atala.

c) Etekinetarako Laguntzen Atala.

d) Mahastizaintza Atala.

12. artikulua. Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalaren eskumenen esparrua.

Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: nekazaritzako ekoizpen bideak kontrolatzea elikagaien segurtasunaren, fitosanitarioen erabileraren, lohien eta ongarrien esparruan, nekazaritzako ekoizpen iraunkorraren sistemak sustatzea, landare osasuna kontrolatzea, mintegiko landareak eta haziak kontrolatu eta ziurtatzea, eta prestakuntza, aholkularitza teknikoa eta nekazaritzako ikerketaren eta berrikuntzaren emaitzen transferentzia.

13. artikulua. Merkatuen Erregulaziorako Atalaren eskumenen esparrua.

Merkatuen Erregulaziorako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: merkatuko krisien prebentzioa eta kudeaketa, ekoizpenaren, uztaren eta izakinen aitorpenei buruzko mahastizaintzako eta ardogintzako kontrola, baita legez kanpoko mahastietatik ateratzen diren ekoizpenen xedearena ere, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) laguntzak fruta eta barazki ekoizleen erakundeen programa eragileetarako, destilazioetarako eta mahastiak berregituratzeko, eta beste batzuk, Merkatuen Antolakunde Bateratutik ateratzen direnak, elikagaiak dohainik banatzea, nekazaritzako aseguruen kontratazioa sustatzea, hondamendi naturalen parekoak diren baldintza klimatologiko kaltegarriek eragiten dituzten kalteak, eta siloen oinarrizko sarea mantendu eta zaintzea.

14. artikulua. Etekinetarako Laguntzen Atalaren eskumenen esparrua.

Etekinetarako Laguntzen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: nekazari eta abeltzainendako laguntzak, Kudeaketa eta Kontroleko Sistema Integratukoak, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) kargura emanak edo Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez kofinantzatuak, eta Kudeaketa eta Kontroleko Sistema Integratuaren parekoak diren Estatuko laguntzak.

15. artikulua. Mahastizaintza Atalaren eskumenen esparrua.

Mahastizaintza Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: mahastizaintzako osasuna kontrolatzea, mahatsondo landareak kontrolatu eta ziurtatzea, prestakuntza, aholkularitza teknikoa eta nekazaritzako ikerketaren eta berrikuntzaren emaitzen transferentzia.

3. atala. Abeltzaintza Zerbitzua

16. artikulua. Abeltzaintza Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Abeltzaintza Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

-Abere ekoizpena sustatu eta garatzea.

-Abere osasuna kontrolatu eta zaintzea.

-Elikagaien Katea Kontrolatzeko Plana koordinatzea, nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpen primarioari dagokionean.

-Elikagaien Katea Kontrolatzeko Planeko programak, abeltzaintzako ekoizpen primarioari dagozkionak, gauzatzea.

-Abeltzaintzaren arloko ikerketaren eta garapenaren emaitzak jakinaraztea.

-Abeltzaintzako ustiategiak erregistratzea eta abereak identifikatzea.

-Abeltzainen elkarteendako eta entitateendako laguntzak.

-Eskualdeetako Albaitaritza Bulegoak koordinatzea.

-Abere laborategia, eta nekazaritzako elikagaien beste laborategi batzuekin koordinatzea.

17. artikulua. Abeltzaintza Zerbitzuaren egitura.

Abeltzaintza Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Abere Ekoizpenaren Atala.

b) Abere Osasuneko Atala.

c) Elikagaien Segurtasunaren eta Abeltzaintzako Langelen Atala.

18. artikulua. Abere Ekoizpenaren Atalaren eskumenen esparrua.

Abere Ekoizpenaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: abere ekoizpena, abeltzaintzako ustiategien, gune zoologikoen eta abeltzaintzako zentsuen erregistroa, lagun egiteko animaliak hazi, saldu eta mantentzeko establezimenduen erregistroa, abereak identifikatu eta kontrolatzea, Abere Trazabilitatearen Estatuko Sistema Integrala (SITRAN), abeltzaintzako ikerketaren eta saiakuntzaren emaitzak jakinaraztea, esnearen kalitatea eta higienea kontrolatzea, esne kuota eta esnearen tasa osagarria kudeatzea, bertako arrazak eta azienda hazleen elkarteak sustatzea, abere lehiaketak, hiltegietan kanalen sailkapena kontrolatzea, ekoizpen sistema iraunkorrak sustatzea, eta erregistroak eta kontrolak egitea abere elikagaien arloan.

19. artikulua. Abere Osasuneko Atalaren eskumenen esparrua.

Abere Osasuneko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: abereen osasuna, saneamenduko kanpaina ofizialak, abereen gaixotasunak kontrolatu eta desagerrarazteko planak, abereen mugimenduen kontrola, herrilarreetan bazkatzen diren abereen osasunaren babesa, Batasunaren barnean abere biziak eta haien produktuak trukatzen dituzten agenteak, agente ziurtatzaileak, osasunaren arloko babes elkarteak, giza kontsumorako ez diren abere-azpiproduktuak, larrialdi eta hondamendietarako planak, abere laborategia eta beste laborategi batzuekin koordinatzea.

20. artikulua. Elikagaien Segurtasunaren eta Abeltzaintzako Langelen Atalaren eskumenen esparrua.

Elikagaien Segurtasunaren eta Abeltzaintzako Langelen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: Eskualdeetako Albaitaritza Bulegoak eta Arloetako Bulegoak koordinatzea, Elikagaien Katea Kontrolatzeko Plana (EKKP) koordinatzea, nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpen primarioari dagokionean, abeltzaintzako ekoizpen primarioari dagozkion EKKPko programak gauzatzea, abeltzaintzako ekoizpeneko osasun alertak koordinatzea, produktu eta material zoosanitarioen fabrikatzaileak eta banatzaileak, sendagaiak eta sendagai-pentsuak, abeltzaintzako hondakinei buruzko plan nazionala, abereen ongizatea eta babesa ustiategietan eta garraioan, abere biziak garraiatzeko ibilgailuak, Batasunaren barnean eta Estatuan abereak eta material genetikoa trukatzea, abeltegietan eska daitezkeen baldintzen gaineko kontrola, abere elikagaien eta zezen ikuskizunen arloko erregistroak eta kontrolak.

4. atala. Erakunde Ordaintzailearen Koordinaziorako Zerbitzua

21. artikulua. Erakunde Ordaintzailearen Koordinaziorako Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Erakunde Ordaintzailearen Koordinaziorako Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

-NBEF (Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsa) Koordinazio Erakundearekiko harremanak koordinatzea, NBEUF eta LGENF funtsek ematen dituzten laguntzei dagokienez.

-Nekazaritzako Europako Funtsen gastuetarako aurrefinantziazio nazionaleko sistemaren eta horien kontuak likidatzeko prozesuaren koordinazio finantzarioa.

-NBEUF eta LGENF funtsen kargura aurrerakinak jasotzeko abalen eta diruzkoak ez diren beste berme batzuen gordailua, kontrola eta jarraipena.

-Erakunde Ordaintzailearen informazio sistemen plana eta prestakuntza plana prestatu eta aplikatzea.

-Departamentuak, erakunde ordaintzailea den aldetik, egiten dituen ordainketak gauzatzea eta kontabilizatzea.

-Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak ezarritako Kudeaketa eta Kontrolerako Sistema Integratua eta baldintzazkotasuna koordinatzea.

-Tokian berean egiten diren kontrolak, erakunde ordaintzaileak tramitatutako laguntzak aplikatzeko araudiak eskatzen dituenak, eta baldintzazkotasunaren kontrola.

-Nekazaritzako ustiategien, horien ekoizpen elementuen, kuoten eta eskubideen inguruko erregistroak.

-Nekazaritzako lurzatiak identifikatzeko sistema eta 73/2009 (EE) Erregelamenduan ezarritako ordainketa eskubideak identifikatu eta erregistratzeko sistema kudeatu eta mantentzea.

22. artikulua. Erakunde Ordaintzailearen Koordinaziorako Zerbitzuaren egitura.

Erakunde Ordaintzailearen Koordinaziorako Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Koordinazio Atala.

b) Ikuskapenen Atala.

c) Nekazaritzako Erregistroen Atala.

23. artikulua. Koordinazio Atalaren eskumenen esparrua.

Koordinazio Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: erakunde ordaintzailearen esparruan Europar Batasunaren esku jarri beharreko informazioaren bilketa koordinatzea, urteko kontua aurkeztea, kontuak likidatzeko prozedurak, eta laguntzak kudeatu eta kontrolatzeko alderdi horizontalak, laguntzak homogeneoki aplika daitezela sustatzeko, eta halaber, NBEUF eta LGENF funtsen kontabilitatea eta erakunde ordaintzailearen zordunen, aurrerakinen eta bermeen erregistroa.

24. artikulua. Ikuskapenen Atalaren eskumenen esparrua.

Ikuskapenen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: tokian berean egiten diren kontrolak, erakunde ordaintzaileak tramitatutako laguntzak aplikatzeko araudiak eskatzen dituenak, eta baldintzazkotasunaren kontrolak.

25. artikulua. Nekazaritzako Erregistroen Atalaren eskumenen esparrua.

Nekazaritzako Erregistroen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: mahastizaintzaren, ustiategien, makineriaren eta landa errentamenduen inguruko erregistroak eta nekazaritzako ustiategien eta horien ekoizpen elementuen, kuoten eta eskubideen inguruko gainerako erregistroak, nekazaritzako lurzatiak identifikatzeko sistemak kudeatu eta mantentzea eta 73/2009 (EE) Erregelamenduan ezarritako ordainketa eskubideak identifikatu eta erregistratzeko sistema.

5. atala. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren menpeko atala

26. artikulua. Barne Auditoretzako Atalaren eskumenen esparrua.

Barne Auditoretzako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: Batasunaren funtsen bidez finantzatzen diren espedienteen kontrol teknikoa, erakunde ordaintzailearen prozedurak egiaztatzea eta biltegietan gordetzen diren nekazaritzako produktuak kontrolatzea esku-hartze publikoan.

III. KAPITULUA. Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia

1. atala. Eskumenen esparrua eta egitura

27. artikulua. Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

-Nekazaritzako azpiegituren erreforma eta garapena.

-Ureztalur berriak sortzea eta jadanik daudenak gaurkotzea eta sendotzea.

-Nekazaritzako azpiegituretarako laguntzak.

-Herri ondasunak zaindu eta berreskuratzea.

-Landa inguruneko jardueren aniztasuna bultzatzea, baita landa ingurunea bera garatzea ere, betiere horren arloko programazioari jarraikiz.

-Landa garapeneko LEADER programako parte-hartzaile diren Tokiko Ekintza Taldeen koordinatu eta kontrolatzea.

-Nekazaritza ustiategien eraginkortasuna hobetzea.

-Kalitate deiturak.

-Prozesuen eta produktuen kalitatea sustatu, babestu eta kontrolatzea.

-Nekazaritzako produktuen eta nekazaritzako elikagaien merkaturatzea sustatzea.

-Nekazaritzan eta nekazaritzako elikagaien arloan kooperatibak eta elkarteak sortzen laguntzea.

-Landa garapenaren arloko neurriak bultzatu eta koordinatzea.

-Nekazaritzako baliabide naturalen inbentarioa eta ebaluazioa egitea.

-Landa Garapeneko Programen Kudeaketaren Agintaritzaren eginkizunak betetzea, programa horien prestaketa eta aldaketa zuzenduz, baita haien jarraipena eta ebaluazioa ere.

-Indarra duten xedapenek Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari esleitzen dizkiotenak, zuzendaritza nagusiak bere duen esparruan.

28. artikulua. Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek izanen ditu:

a) Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua.

b) Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzua.

c) Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzua.

2. atala. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua

29. artikulua. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

-Nekazaritzako azpiegituren erreforma eta garapena.

-Ureztalur berriak sortzea eta jadanik daudenak gaurkotzea eta sendotzea.

-Landa garapeneko programazioan aurreikusita dauden nekazaritzako azpiegiturei buruzko neurriei dagozkien ordainketak kudeatzea.

-Herri ondasunak defendatzea eta berreskuratzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

30. artikulua. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren egitura.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Nekazaritzako Azpiegituren Berrikuntzaren Atala.

b) Ureztaketa Atala.

c) Herrilurren Atala.

31. artikulua. Nekazaritzako Azpiegituren Berrikuntzaren Atalaren eskumenen esparrua.

Nekazaritzako Azpiegituren Berrikuntzaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: nekazaritzako azpiegituren berrikuntza eta garapena, landa garapenari buruzko programazioan nekazaritzako eta abeltzaintzako azpiegiturei buruz ezarritako neurrien kudeaketa barne.

32. artikulua. Ureztaketa Atalaren eskumenen esparrua.

Ureztaketa Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: ureztalur berriak sortzeko eta lehendik daudenak gaurkotzeko lanen espedienteak tramitatzea, ureztalurrak sortu, hobetu eta finkatzeko laguntzak kudeatzea, eta landa garapenari buruzko programazioan nekazaritzako ur-baliabideei buruz ezarritako neurriak kudeatzea.

33. artikulua. Herrilurren Atalaren eskumenen esparrua.

Herrilurren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: herrilurrei buruzko txostenak egitea eta espedienteak tramitatzea, eta herrilurrei buruz eta kargen berrerosteari buruz aholku ematea eta arlo hori kontrolatzea.

3. atala. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzua

34. artikulua. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

-Nekazaritza ustiategien eraginkortasuna hobetzea.

-Kalitate deiturak.

-Nekazaritzako elikagaien prozesuen eta produktuen kalitate kontrola sustatu, babestu eta kontrolatzea.

-Nekazaritzako produktuen eta nekazaritzako elikagaien merkaturatzea sustatzea.

-Nekazaritzan eta nekazaritzako elikagaien arloan kooperatibak eta elkarteak sortzen laguntzea.

-Laborategi enologikoa eta enologiaren arloko saiakuntza eta ikerketa.

35. artikulua. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuaren egitura.

Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atala.

b) Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atala.

c) Enologia Atala.

36. artikulua. Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalaren eskumenen esparrua.

Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: laguntzak ematea nekazaritzako ustiategietan inbertitzeko, nekazari gazteek beren lehenbiziko instalazioa jartzeko, nekazaritza garaia baino lehen uzteko, elkarlanean erabiltzeko makinak eta tresnak erosteko eta nekazarien kooperatibak eta elkarteak sortzeko.

37. artikulua. Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalaren eskumenen esparrua.

Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: nekazaritzako elikagaien kalitatearen sustapena eta kontrola, elikagaien prozesuen normalizazioa, eta elikagaien kalitate deituren, partzuergoen eta talde marken sustapena.

38. artikulua. Enologia Atalaren eskumenen esparrua.

Enologia Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: ardogintzako saiakuntza eta ikerketa eta mahastizaintzako eta ardogintzako laborategiak.

4. atala. Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzua

39. artikulua. Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

-Landa aniztasuna eta garapena bultzatzea, landa garapeneko programazioaren barnean.

-Landa garapeneko LEADER programako parte-hartzaile diren Tokiko Ekintza Taldeen koordinatu eta kontrolatzea.

-Batasuneko programak prestatu, tramitatu eta aldatzea, baita haien jarraipena eta ebaluazioa egitea ere. Orobat, programa horiek garatzeko behar diren aholku teknikoak, argibideak eta publizitatea bere gain hartuko ditu.

-Landa eremu andeatuetako berariazko garapen programak prestatu eta tramitatzea.

-Zuzendaritza Nagusiari ordezkaritza lanetan laguntzea erakunde hauen aurrean: Landa Garapeneko Landa Sare Nazionaleko lantalde eta batzordeak, Landa Garapeneko Plan eta Esparru Estrategiko Nazionalak, eta departamentuaren partaidetza duten Batasuneko beste programa batzuk.

-Landa Garapeneko Batzordetik eta Europako nahiz Estatuko beste erakunde batzuetatik heldu diren legeak, dokumentazioa eta argibideak biltzea eta haien jarraipena egitea, baita horiek departamentuetako unitateei, sektoreari eta haren erakunde ordezkariei jakinaraztea ere.

-Hierarkiako goreneko organoek Batasunaren politikei buruz agintzen dizkioten guztiak.

40. artikulua. Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuaren egitura.

Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Plan eta Programen Atala.

b) Landa Aniztasunerako Atala.

41. artikulua. Plan eta Programen Atalaren eskumenen esparrua.

Plan eta Programen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: landa garapena bultzatzeko plan eta programak prestatzea, haien jarraipena egitea eta ebaluatzea, baita Batasuneko politiken eta landa garapenaren inguruko aholku teknikoak eta argibideak ematea eta publizitatea egitea ere.

42. artikulua. Landa Aniztasunerako Atalaren eskumenen esparrua.

Landa Aniztasunerako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: landa aniztasuna bultzatzea eta landa garapenerako LEADER programan parte hartzen duten Tokiko Ekintza Taldeak koordinatu eta kontrolatzea. Landa garapeneko programazioan aurreikusita dauden LEADER neurriei eta aniztasun neurriei dagozkien ordainketak kudeatuko ditu.

IV. KAPITULUA. Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusia

1. atala. Eskumenen esparrua eta egitura

43. artikulua. Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

-Industria jarduera eta enplegua sustatzea.

-Nekazaritzako industrien eta nekazaritzako elikagaien industrien antolamendua eta sustapena.

-Ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza.

-Nafarroako enpresak nazioartera ateratzeko sustapena.

-Industria, energia eta meatzaritza.

-Industria eta energia arloko azpiegiturak.

-Industria berrantolatzea.

-Pisuak, neurriak eta metalen kontrastea.

-Informazioaren gizartea sustatzea.

-Indarra duten xedapenek Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari esleitzen dizkiotenak, zuzendaritza nagusiak bere duen esparruan.

44. artikulua. Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

1. Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek izanen ditu:

a) Enpresa Sustapenaren Zerbitzua.

b) Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzua.

c) Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua.

d) Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzua.

2. Halaber, Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren barnean dago Proiektu Estrategikoen eta Enpresa Politiken Atala.

2. atala. Enpresa Sustapenaren Zerbitzua

45. artikulua. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

-Enpresa jarduera sustatu eta garatzea.

-Jarduera ekonomikoen arloak sustatzea.

-Enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea.

-Enpresen lankidetza sustatzea.

46. artikulua. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuaren egitura.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Inbertsioa eta Jarduera Ekonomikoen Arloak Sustatzeko Atala.

b) Enpresen Lehiakortasunaren Atala.

47. artikulua. Inbertsioa eta Jarduera Ekonomikoen Arloak Sustatzeko Atalaren eskumenen esparrua.

Inbertsioa eta Jarduera Ekonomikoen Arloak Sustatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: enpresa jarduera garatu eta sendotzea, produkzio-inbertsioa sustatzea eta jarduera ekonomikoen arloak sustatzea.

48. artikulua. Enpresen Lehiakortasunaren Atalaren eskumenen esparrua.

Enpresen Lehiakortasunaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: enpresen lehiakortasuna hobetzea, enpresa sarea dibertsifikatzea eta enpresak onbideratu eta bultzada ematea.

3. atala. Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzua

49. artikulua. Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

-Nafarroako Plan Teknologikoa koordinatu eta haren jarraipena egitea.

-Ikerketaren, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren sustapena.

-Zentro teknologikoak koordinatzea eta baliabideak optimizatzea.

50. artikulua. Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuaren egitura.

Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Berrikuntza Sustatzeko Atala.

b) Teknologiaren eta Ezagutzaren Transferentziaren Atala.

51. artikulua. Berrikuntza Sustatzeko Atalaren eskumenen esparrua.

Berrikuntza Sustatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu, honako arlo hauetan: ikerketaren, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren sustapena.

52. artikulua. Teknologiaren eta Ezagutzaren Transferentziaren Atalak izanen dituen eskumenen esparrua.

Teknologiaren eta Ezagutzaren Transferentziaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu, honako arlo hauetan: zentro teknologikoak bultzatu eta koordinatzea eta zentro teknologikoek, enpresek sortutako ezagutza transferitu eta erabiltzea.

4. atala. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua

53. artikulua. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Energiaren, Meatzaritzaren, eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

-Energia berriztagarriak eta energia aurreztea eta energia eragimena.

-Plangintza energetikoa. Energia ekoitzi, garraiatu eta banatzeko azpiegiturak eta instalazioak.

-Meatzaritzako segurtasuna antolatzea.

-Segurtasuneko erregelamenduei lotutako entitateak, instalazioak eta produktuak kontrolatu eta ikuskatzea.

-Enpresen erregistroa.

-Profesionalei industriako segurtasunaren arloko egiaztagiriak ematea.

-Ibilgailuen azterketa teknikoa eta aldizkako azterketak.

-Kontrol metrologikoa.

54. artikulua. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren egitura.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Energiaren eta Meategien Atala.

b) Enpresen Erregistroaren Atala.

c) Industria Segurtasunaren Atala.

55. artikulua. Energiaren eta Meategien Atalaren eskumenen esparrua.

Energiaren eta Meategien Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: energia berriztagarriak eta energia aurreztea eta energia eragimena; plangintza energetikoa, energia ekoitzi, garraiatu eta banatzeko azpiegiturak eta instalazioak; eta meatzaritzako segurtasuna antolatzea.

56. artikulua. Enpresen Erregistroaren Atalaren eskumenen esparrua.

Enpresen Erregistroaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: enpresen erregistroa eta kontrola, kontrolerako erakunde baimenduak, profesionalen egiaztagiriak eta patenteak eta markak.

57. artikulua. Industria Segurtasunaren Atalaren eskumenen esparrua.

Industria Segurtasunaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: segurtasuneko erregelamenduei lotutako instalazioak eta produktuak, jasogailuak eta garabiak, ibilgailuen azterketa teknikoa eta aldizkako azterketak, eta kontrol metrologikoa.

5. atala. Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzua

58. artikulua. Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak izanen dituen eskumenen esparrua.

Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

-Telekomunikazioetako azpiegiturak.

-Telebista hedatzeko zerbitzua.

-Informazioaren Gizartea Sustatzeko Plana koordinatu eta haren jarraipena egitea.

-Informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera sustatzea.

59. artikulua. Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak izanen duen egitura.

Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak barnean du Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizartearen Sustapenerako Atala. Atal horrek foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: telekomunikazioen azpiegiturak, telebista hedatzeko zerbitzua, informazioaren gizartea sustatzeko planaren koordinazioa eta jarraipena eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera sustatzea.

6. atala. Proiektu Estrategikoen eta Enpresa Politiken Atala

60. artikulua. Proiektu Estrategikoen eta Enpresa Politiken Atalaren eskumenen esparrua.

Proiektu Estrategikoen eta Enpresa Politiken Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: enpresa proiektu estrategikoak koordinatzea, sozietate publikoek kudeatutako proiektuak koordinatzea, enpresa politikak koordinatzea, Moderna Planeko proiektuak koordinatzea.

III. KAPITULUA. Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusia

1. atala. Eskumenen esparrua eta egitura

61. artikulua. Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

-Lan harremanak.

-Laneko arriskuen prebentzioa.

-Ekonomia soziala eta lan autonomoa.

-Indarra duten xedapenek Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari esleitzen dizkiotenak, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak bere duen esparruan.

62. artikulua. Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak Lan Zerbitzua du bere egituran.

2. atala. Lan Zerbitzua

63. artikulua. Lan Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Lan Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Lan harremanak.

b) Laneko arriskuen prebentzioa.

c) Ekonomia soziala eta lan autonomoa.

64. artikulua. Lan Zerbitzuaren egitura.

Lan Zerbitzuak honako atal hauek izanen ditu:

a) Lan Harremanen eta Arriskuen Prebentzioaren Atala.

b) Koordinazioaren eta Laguntza Teknikoaren Atala.

c) Ekonomia Sozialaren, Lan Autonomoaren eta Lan Erregistro Publikoen Atala.

65. artikulua. Lan Harremanen eta Arriskuen Prebentzioaren Atalaren eskumenen esparrua.

Lan Harremanen eta Arriskuen Prebentzioaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Lantokiak irekitzearen, eraikuntza obretako segurtasun eta osasun planen eta amiantoarekin zerikusia duten lan planen inguruko eginkizunak.

b) Laneko arriskuen prebentzioan aritzen diren entitateak baimentzea, eta eraikuntzaren sektorean baimendutako enpresak eta amiantoaren arriskua duten enpresak erregistratzea.

c) Zehapen espedienteak.

d) Lan arloko eztabaidetan bitartekotza eta arbitraje lana egitea, eta lan prozedurak, taldekoak zein banakakoak, lan arloko jurisdikzioan tramitatu aurreko adiskidetzea.

e) Grebak eta ugazaben itxierak.

f) Enplegu erregulazioa, taldeen lan harremanak eteteko edo amaitzeko baimenak eman ahal izateko.

g) Adingabeen lanarekin lotutako baimenak eta laneko jaiegunak zehaztea.

66. artikulua. Koordinazioaren eta Laguntza Teknikoaren Atalaren eskumenen esparrua.

Koordinazioaren eta Laguntza Teknikoaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Lan merkatuaren bilakaeraren jarraipena eta Enplegu Planaren ebaluazioa.

b) Enpresen gizarte erantzukizuna sustatzea.

c) Zeharkako jarduketak eta proiektuak garatzea.

d) Zuzendaritza nagusiko gainerako unitateei laguntza teknikoa ematea.

67. artikulua. Ekonomia Sozialaren, Lan Autonomoaren eta Lan Erregistro Publikoen Atalaren eskumenen esparrua.

Ekonomia Sozialaren, Lan Autonomoaren eta Lan Erregistro Publikoen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Ekonomia soziala sustatzea.

b) Lan kooperatiba eta sozietateak.

c) Langile autonomoak.

d) Hitzarmen kolektiboen, hauteskunde sindikalen, lanbide erakundeen, enpresa elkarteen eta aldi baterako laneko enpresen erregistro publikoak eta agindutako beste batzuk.

IV. KAPITULUA. Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusia

1. atala. Eskumenen esparrua eta egitura

68. artikulua. Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, ingurumena eta ur baliabideak zaindu eta babesteari dagokionez. Berariaz, hauxe dagokio:

-Gai hauen gaineko plangintza: hondakinen kudeaketa, ur baliabideak, naturgune babestuak, kutsaduraren kontrako borroka eta oihan ondarea.

-Gai hauen gaineko koordinazioa: ingurumen hezkuntza, ingurumen osasuna, biosegurtasuna eta Foru Komunitateak ingurumenaren arloko politikan parte hartzeak dakartzan beste guztiak.

-Nafarroako Foru Komunitateko naturgune babestuak, oihan ondareko finkak eta abelbideen sarea kudeatzea.

-Hondakin kudeaketa eta urarekin lotutako natur baliabideen kudeaketa ingurumenaren aldetik kontrolatzea.

-Ingurumenaren arloko ebaluazioa eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak.

-Ikerketa eta prestakuntza eta heziketa jarduerak sustatzea ingurumenarekin eta mendien ustiapen eta erabilera antolatuarekin zerikusia duten gaietan.

-Beste administrazio batzuekin lankidetzan aritzea ingurumenaren arloko gaietan.

69. artikulua. Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek izanen ditu:

a) Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua.

b) Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua.

c) Uraren zerbitzua.

2. atala. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua

70. artikulua. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu ingurumenaren kutsaduraren aurkako kontrolaren eta aurreneurrien arloan, baita ingurumenaren ebaluazioari buruzkoak eta bere jarduera esparruan agintzen zaizkionak ere.

71. artikulua. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren egitura.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atala.

b) Ikuskapen, Airearen Kalitate eta Klima Aldaketaren Atala.

c) Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atala.

d) Hondakinen Atala.

72. artikulua. Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalaren eskumenen esparrua.

Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu ingurumena zaintzeko aurreneurrien arloan eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Ingurumenaren arloko baimen integratua emateko espedienteei buruzko txostenak egitea eta espediente horiek kontrolatu eta tramitatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

b) Ingurumena babesteko jarduera sailkatuei buruzko araudiaz aholku teknikoak ematea toki entitateei.

c) Ingurumenaren gaineko txostenak egitea, ingurumeneko ebaluazio estrategikoko plan eta programetako administrazio prozeduretan, baita ingurumenaren gaineko eraginari buruzkoak ematea ere, horiek guztiak kutsadura murrizteko asmoz.

d) Jarraibideak, irizpideak eta arau proposamenak ematea, aipaturiko 4/2005 Foru Legearen a, b eta c epigrafeetan aipatzen diren jarduerei buruz.

e) Ingurumenaren arloko kudeaketa eta ikuskapenerako Europar Batasuneko sistemaren (EMAS) erregistroa mantentzea.

f) Kutsadura murrizteko edo hari aurrea hartzeko inbertsioetarako diru-laguntzak eta laguntzak emateko espedienteak tramitatzea eta arlo horretako baliokidetza ziurtagiriak luzatzeko tramiteak egitea.

g) Ur jabari publikora egiten diren isurketen gaineko ingurumeneko txostenak egitea, Uren Legean eta dagokion foru araudian xedatutakoari jarraikiz.

h) Hotsari buruzko mapa estrategikoak egitea Iruñerriko Aglomerazioari dagokionez, eta hotsaren arloko ekintza planen ebaluazioa, kontrola eta proposamena, Foru Administrazioaren eskumenen esparruan.

73. artikulua. Ikuskapen, Airearen Kalitate eta Klima Aldaketaren Atalaren eskumenen esparrua.

Ikuskapen, Airearen Kalitate eta Klima Aldaketaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak kontrolatu eta ikuskatzea, airearen kalitatea zaintzea eta klima aldaketari aurrea hartzeko eta arintzeko jarduketak planifikatzea eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Industria jarduerei dagozkien ingurumen ikuskapenerako planak prestatu eta gauzatzea.

b) Industria jarduerak kontrolatu eta ikuskatzea atmosferara iristen diren isuriak direla-eta, berotegi efektuko gasak barne, isuri likidoak, hondakinak sortzea eta kudeatzea eta hotsak eta dardarak sortzea.

c) Ingurumen ikuskapeneko lanetarako egiaztapena duten kontrol-organoak kontrolatu eta zaintzea.

d) Ingurumen ikuskapenaren arloan eskumenak dituzten agintariekin koordinatzea.

e) Ingurumen atmosferikoaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatzea eta atmosferaren saneamendu planak prestatzea.

f) Atmosfera babesteko eta atmosferako kutsaduraren ondorio kaltegarriak gutxitzeko plan eta programak prestatzea.

g) Klima Aldaketari buruzko Politiken Koordinazio Batzordean eta Klimaren Kontseilu Nazionalean parte hartzea bultzatzea.

h) Klima aldaketari aurrea hartzearen eta haren ondorio kaltegarriak gutxitzearen arloko ekintza planen eta estrategien proposamenak egitea.

74. artikulua. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalaren eskumenen esparrua.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu ingurumenaren gaineko eragina aztertzearen arloan eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Ingurumenean eragina izan dezaketen jarduerak ezartzeko planak eta jarraibideak ematea.

b) Planetan eta programetan ingurumen arloko ebaluazio estrategikoaren prozeduretako txostenak egitea eta prozedura horiek tramitatzea, indarra duen legediak ezarritakoari jarraikiz.

c) Ingurumenaren gaineko eragina baimentzeko prozeduretako txostenak egitea eta tramitatzea.

d) Ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko espedienteen gaineko txostenak egitea eta tramitatzea.

e) Ingurumenaren gaineko kalte, eragin eta ukipenen aurkako neurri zuzentzaileak betetzeari buruzko jarraipena eta kontrola.

f) Azpiegiturek ingurumenaren gainean duten eragina zuzentzeko inbertsioetarako diru-laguntzen eta laguntzen espedienteak tramitatzea.

75. artikulua. Hondakinen Atalaren eskumenen esparrua.

Hondakinen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu hondakinen kudeaketaren arloan eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko Plan Integratuaren jarraipena.

b) Edozein motatako hondakinak sortzearen eta kudeatzearen arloko ingurumen kontrola eta jarraipena.

c) Hondakinak kudeatzeko sistema integratuei baimena emateko espedienteen gaineko txostenak egitea eta espediente horiek kontrolatu, tramitatu eta jarraipena egitea.

d) Hondakin sortzaileei eta hondakinen arriskutsuen kudeatzaileei baimena emateko espedienteen gaineko txostenak egitea eta espediente horiek tramitatzea.

e) Hondakin arriskutsuen sorrera ahalik gehien murrizteko planak onets daitezela proposatzea.

f) Europar Batasunaren barnean hondakinak garraiatzeko espedienteen gaineko txostenak egitea eta espediente horiek kontrolatu eta tramitatzea.

g) Hondakin arriskutsuen sortzaile txikien eta hondakinen garraiatzaileen erregistroak mantentzea, bai eta hondakin sortzaileen eta kudeatzaileen datu baseak ere.

h) Kutsaturiko lurren deklarazioa eta lur horiek lehengoratzeko proiektuen onespena proposatzea.

3. atala. Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua

76. artikulua. Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: biodibertsitatea zaintzea eta modu iraunkorrean erabiltzea, bereziki mendiak babestu eta hobetzea, oihanak modu iraunkorrean aprobetxatzea, naturguneak zaindu eta kudeatzea, espezieak babestea eta ehiza eta arrantza kudeatzea, baita bere jardueraren esparruan agintzen zaizkion gainerako zereginak ere.

77. artikulua. Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren egitura.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Habitaten Atala.

b) Oihanak Kudeatzeko Atala.

c) Plangintza eta Laguntza Atala.

d) Ehiza eta Arrantza Atala.

e) Ingurumena Zaintzeko Atala

78. artikulua. Habitaten Atalaren eskumenen esparrua.

Habitaten Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu espezieak eta naturguneak zaindu eta babestearen arloan eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Nafarroako Naturguneen Sarearen eraketa sustatzea eta, bereziki, Natura 2000 Sarea.

b) Naturguneen kudeaketa eta deklarazioko plan proposamenak prestatzea, Natura 2000 Sarekoak barne.

c) Naturgune horien kudeaketa arautzeko zainketa-irizpideak ezartzea.

d) Naturguneen kudeatzaileek irizpide horiek aintzat hartuko dituztela bermatzea eta Nafarroako Sare hori osatzen duten taxonak eta habitatak zaintzeko behar diren neurriak hartzea.

e) Flora eta faunako espezieen populazioei buruzko azterlanak, zentsuak eta, oro har, jarraipena egitea, eta dagozkien datu-baseak sortu, mantendu eta erabiltzea.

f) Mehatxupean dauden espeziak babestu eta berreskuratzeko behar diren neurriak aplikatuko direla ziurtatzea.

g) Naturguneetako erabilerei eta jarduerei buruzko aginduzko txostenak egitea, bereziki Natura 2000 Sarekoei buruz.

h) Naturgune babestuetako erabileren mugaketaren ondorioz bidezkoak diren kalte-ordainak tramitatzea.

i) Basa animaliak harrapatzeko Nafarroan erabiltzen diren tresnen eta metodoen kontrola.

79. artikulua. Oihanak Kudeatzeko Atalaren eskumenen esparrua.

Oihanak Kudeatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu oihanen arloan eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Antolatuak dauden mendiak aprobetxatu eta hobetzeko urteko planak prestatu, onetsi eta jarraipena egitea.

b) Antolatuak ez dauden mendietan, hala herri mendietan nola partikularretan, mozketak egiteko baimenak prestatu, onetsi eta jarraipena egitea.

c) Mendiak antolatzeko proiektuak eta haien ikuskapenak eta oihanak kudeatzeko plan teknikoak prestatu eta haien jarraipena egitea.

d) Mendi babesleen eta onura publikokoen katalogoak mantentzea.

e) Okupazioak, desafekzioak eta mendi katalogatuak ukitzen dituzten ekintza guztiak baimentzeko espedienteen gaineko txostenak egitea.

f) Oihan lurrak ukitzen dituzten era guztietako jarduketen, planen eta proiektuen gaineko txostenak egitea.

g) Oihanetako suteei aurrea hartzeko behar diren neurriak planifikatu eta gauzatzea.

h) Nafarroako Larrialdietako Agentziari laguntza teknikoa ematea suteak itzaltzeko lanetan, hala eskatzen zaionean.

i) Oihanetako gaixotasun eta izurriteen jarraipena eta kontrola egitea.

j) Foru Komunitateko zuhaitz bereziak babestea.

k) Oihanei buruzko ikerketa eta esperimentaziorako ekintzak eta proiektuak garatzea.

l) Oihan estatistika egitea.

m) Oihan produktuen erabilera iraunkorra sustatzea.

n) Oihan sektoreari laguntzea.

o) Nafarroako Oihan Ondareko finkak kudeatzea, Urbasa-Andiako eta Bertizko natur parkeak barne.

p) Oihanetako lanetarako laguntzen gainean txosten teknikoak egitea.

q) Errekak eta oihanak lehengoratzeko behar diren neurriak gauzatzea, baita mendiak mantendu, hobetu eta modu iraunkorrean erabiltzeko ere.

r) Oihangintzako Aholku Kontseiluko idazkaritza lana egitea.

80. artikulua. Plangintza eta Laguntza Atalaren eskumenen esparrua.

Plangintza eta Laguntza Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu laguntzen eta abelbideen kudeaketaren arloan eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Done Jakue Bideko ingurumen balioak zaindu eta hobetzea.

b) Abelbideak babestu, lehengoratu eta kudeatzea.

c) Oihan kontuetarako laguntzen aldian aldiko deialdiak prestatzea.

d) Natura 2000 Sareari lotutako laguntzen deialdiak prestatzea.

e) Europar Batasunarekin batera finantzaturiko programetako deialdiak prestatzea, Zerbitzuak tramitatuz gero.

f) Diru-laguntzen kanpaina horietako espedienteak kudeatzea.

g) Europar Batasuneko programen jarraipena egitea, Zerbitzuak kudeatzen dituen neurriak biltzen badituzte.

81. artikulua. Ehiza eta Arrantza Atalaren eskumenen esparrua.

Ehiza eta Arrantza Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu ehizaren eta arrantzaren arloetan eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Nafarroan ehiza eta arrantza osorik planifikatzea.

b) Ehiza eta arrantzako fauna sedentarioaren eta migratzailearen populazioaren jarraipena eta kontrola.

c) Arrantza antolatzeko planak aplikatzea.

d) Ehiza eta arrantza kudeatzeko aholkularitza teknikoa.

e) Ehiza eta arrantza debekuei buruzko eta harrapatu eta merkaturatu daitezkeen animali espezieei buruzko urteroko xedapenen proposamenak egitea.

f) Ehiza eta arrantzarako administrazio baimenak kudeatzea.

g) Nafarroako ehiza barrutiak kudeatzea.

h) Ehizari lotutako laguntzen deialdiak prestatu eta kudeatzea.

i) Ehiza eta arrantza lizentziak kudeatzea.

j) Arrain-haztegien, arrain-birpopulatzeen eta animaliak sendatzeko zentroen kontrola eta jarraipena.

k) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen 4.4 eta 6. artikuluek aipatzen dituzten baimenak kudeatzea.

l) Ehiza eta Arrantzako Aholku Batzordeen idazkaritza lana egitea.

82. artikulua. Ingurumena Zaintzeko Atalaren eskumenen esparru materiala.

Ingurumena Zaintzeko Atalak honako eskudantzia hauek izanen ditu: basozainen berariazko araubidea arautzen duen azaroaren 3ko 132/2005 Foru Dekretuak basozainei esleitzen dizkionak zainketaren, ikuskapenaren eta kudeaketaren arloetan.

4. atala. Uraren Zerbitzua

83. artikulua. Uraren Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Uraren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: ur baliabideak, ingurumen informazioa eta natur baliabideen ebaluazioa, baita bere jardueraren esparruan agintzen zaizkion gainerako zereginak ere.

84. artikulua. Uraren Zerbitzuaren egitura.

Uraren Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Ur Baliabideen Atala.

b) Ibaiertzak Lehengoratzeko eta Obra Hidraulikoetarako Atala.

c) Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atala.

d) Hiri Ingurumenaren Atala.

85. artikulua. Ur Baliabideen Atalaren eskumenen esparrua.

Ur Baliabideen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu ur baliabideen kudeaketaren arloan eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Ur kontzesioetarako espedienteen gaineko txostenak egitea eta espediente horiek tramitatzea.

b) Uraren plangintza eta kudeaketari eta uholdeen aurkako prebentzio eta babes neurriei buruzko azterlanak eta ikerketak bildu eta egitea.

c) Ikerketa hidrogeologikoak eta prospekzioak kudeatu eta garatzea, ur eskakizunak sortzen dituen arazoak konpondu ahal izateko.

d) Uren kontrol piezometriko eta hidrometrikoko sareak eta kalitatearen kontrolekoak prestatu, ezarri eta mantentzea.

e) Datu hidrologiko eta hidrogeologikoen bankua mantendu eta ustiatzea eta informazioa ematea.

f) Plangintza hidrologikoaren kudeaketa eredua mantendu eta erabiltzeko hautabideen gaineko ikerketak egitea.

g) Ura kutsaduratik babesteko jarduketak.

h) Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzailearen jarraipena egitea ingurumenaren aldetik.

i) Eskaera egiten duten udal, erakunde eta entitateei uren arloan aholkuak eta laguntza ematea.

86. artikulua. Ibaiertzak Lehengoratzeko eta Obra Hidraulikoetarako Atalaren eskumenen esparrua.

Ibaiertzak Lehengoratzeko eta Obra Hidraulikoetarako Atalak ibaietako jardueren arloko eskudantziak izanen ditu eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Ibaialdeak kudeatzeari buruzko azterlanak.

b) Ibai inguruneak lehengoratu, atondu edo mantentzeko jarduketak.

c) Ibai inguruneetako jarduketak egiteko deialdiak eta laguntza emateak kudeatzea.

d) Ibai inguruneak lehengoratzeko eta mantentzeko lanetan, Ur Konfederazioek eskatzen dituzten espedienteen gaineko txostenak egitea.

87. artikulua. Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalaren eskumenen esparrua.

Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu ingurumenari buruzko informazio eta hezkuntzaren arloan eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Ingurumen hezkuntzako plan eta programak prestatu, jarraitu eta gauzatzea.

b) Ingurumenari buruzko programak eta jarduerak, prestakuntzakoak, zabalkundekoak eta hezkuntzakoak, planifikatu, koordinatu eta gauzatzea.

c) Nafarroako Ingurumenari buruzko Informazio Sistema diseinatu, mantendu eta ustiatzeko lanak koordinatzea, Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistema-SITNAren garapenarekin batera.

d) Ingurumenari buruzko estatistiken eta adierazleen prestakuntza eta mantentzea koordinatu eta laguntzea

e) Ingurumena zaintzeko laguntzaile eta boluntarioen jarduerak sustatu eta kudeatzeko behar diren ekintzak egitea natur inguruneko eta hiri inguruneko eremu guztietan.

f) Herritarrek ingurumenari buruz egiten dituzten informazio eskaerei erantzuna ematea.

g) Natur baliabideen inbentarioen eta ebaluazioaren inguruko koordinazioa, eta lurzoruak andeatzetik babestearen arloko ikerlanak.

h) Ingurumen faktoreen jarraipen sareak diseinatu eta inplementatzearen inguruko koordinazioa, klimatologia barne.

88. artikulua. Hiri Ingurumenaren Atalaren eskumenen esparrua.

Hiri Ingurumenaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu hiri ingurumenaren kudeaketaren arloan eta, zehazki, ondoko hauek:

a) Hiri ingurumenean garapen iraunkorrerako politika sustatzeko behar diren jarduerak egitea.

b) Udaletako ingurumenaren arloko auditoretzen aplikaziorako behar diren neurriak proposatu eta gauzatzea.

c) Agenda 21 Toki Ekintzako Planak garatzeko laguntza ematea.

d) Hirietan natura berrezarri eta zaintzeko estrategiak garatzeko behar diren jarduerak egitea.

e) Nafarroako Toki Entitateen Sareko idazkaritzan aritzea, iraunkortasunari begira.

V. KAPITULUA. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia

89. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.

Idazkaritza Tekniko Nagusiak atal hauek izanen ditu:

a) Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Araubide Juridikoaren Atala.

b) Ingurumenaren eta Uraren Araubide Juridikoaren Atala.

c) Laguntza Juridikoaren Atala.

d) Aurrekontuen Kudeaketarako Atala.

e) Informazioa Kudeatzeko Atala.

f) Kudeaketa Administratiboaren Atala.

g) Modernizazioa Bultzatzeko Atala.

h) Laguntza Teknikoaren Atala.

90. artikulua. Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Araubide Juridikoaren Atalaren eskumenen esparrua.

Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Araubide Juridikoaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu Idazkaritza Tekniko Nagusiari esleitutako eginkizun juridikoei dagokienez, honako arlo hauetan: nekazaritza, abeltzaintza, elikadura eta landa garapena; halaber, bere zeregina izanen da arlo horietako zehapen espedienteen eta ondare erantzukizunekoen instrukzioa eta ebazpen proposamena egitea.

91. artikulua. Ingurumenaren eta Uraren Araubide Juridikoaren Atalaren eskumenen esparrua.

Ingurumenaren eta Uraren Araubide Juridikoaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu Idazkaritza Tekniko Nagusiari esleitutako zeregin juridikoei dagokienez, honako arlo hauetan: ingurumena eta ura; halaber, bere zeregina izanen da arlo horietako zehapen espedienteen eta ondare erantzukizunekoen instrukzioa eta ebazpen proposamena egitea.

92. artikulua. Laguntza Juridikoaren Atalaren eskumenen esparrua.

Laguntza Juridikoaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu Idazkaritza Tekniko Nagusiari esleitutako zeregin juridikoei dagokienez, honako arlo hauetan: Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren eskumenekoak diren gaiak, foru dekretu honen 90. eta 91. artikuluetan jaso ez direnak; halaber, bere zeregina izanen da arlo horietako zehapen espedienteen eta ondare erantzukizunekoen instrukzioa eta ebazpen proposamena egitea.

93. artikulua. Aurrekontuen Kudeaketarako Atalaren eskumenen esparrua.

Aurrekontuen Kudeaketarako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu honako arlo hauetan: aurrekontuaren aurreproiektua egitea, kontabilitatea, kudeaketa eta aurrekontu betearazpenaren informazioa.

94. artikulua. Informazioa Kudeatzeko Atalaren eskumenen esparrua.

Informazioa Kudeatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

-Telekomunikazio eta informazio sistemen inguruan diren premiak identifikatzea, eta Departamentuko unitate administratiboek gai horren gainean egiten dituzten eskaerak bideratzea.

-Erabiltzaileen errekerimenduak eta asetzeko xedeak bildu, definitu eta lehenestea, hori guztia Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean, informazio sistemak eta aplikazio informatikoak eratu eta ezartzeko, auditoretzarako eta kontrolerako, informazioaren segurtasunari dagokionez, departamentuetakoak edo korporatiboak izan.

95. artikulua. Kudeaketa Administratiboaren Atalaren eskumenen esparrua.

Kudeaketa Administratiboaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

-Giza baliabideak.

-Erregistroa eta herritar, enpresa eta entitateentzako informazioa.

-Eskualdeetako eta Arloetako Bulegoak.

-Agintzen zaizkion gainerakoak.

96. artikulua. Modernizazioa Bultzatzeko Atalaren eskumenen esparrua.

Modernizazioa Bultzatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

-Departamentuko unitate organikoen lan metodoak hobetzeko beharrezkoak diren erreformak proposatu eta bultzatzea.

-Eguneko gai zerrendak eta jakinarazpen administratiboak tramitatzea.

-Agintzen zaizkion gainerakoak.

97. artikulua. Laguntza Teknikoaren Atalaren eskumenen esparrua.

Laguntza Teknikoaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

-Departamentuko estatistikak prestatu eta koordinatzea eta horien zabalkundea egitea.

-Departamentuaren eraikinak eta instalazioak eta departamentuari atxikitako finkak.

-Agintzen zaizkion gainerakoak.

Lehenengo Xedapen Gehigarria. Eskumenak banatzeko betebehar orokorrak.

Indarra duten arauek organo bati ematen dizkioten eskumenak hierarkian menpeko diren beste organo batzuen artean banatzen ahal dira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den xedapen orokor baten bitartez, eskumenak esleitzeko arauetan finkatutako baldintzak bete beharra galarazi gabe.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusian eskumenak banatzea.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren esku uzten dira, bere eskumenen esparruan, indarra duen araudiak Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari esleitzen dizkion eskumen administratiboak, arlo honetakoak: kontratazioa, ondare erantzukizuna eta zehazpen espedienteen ebazpena.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusian eskumenak banatzea.

Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren esku uzten dira, bere eskumenen esparruan, indarra duen araudiak Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari esleitzen dizkion eskumen administratiboak, arlo honetakoak: kontratazioa, ondare erantzukizuna eta zehazpen espedienteen ebazpena.

Laugarren Xedapen Gehigarria. Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusian eskumenak banatzea.

Enpresaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren esku uzten dira, bere eskumenen esparruan, indarra duen araudiak Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari esleitzen dizkion eskumen administratiboak, arlo honetakoak: kontratazioa, ondare erantzukizuna eta zehazpen espedienteen ebazpena.

Bosgarren Xedapen Gehigarria. Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusian eskumenak banatzea.

Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiaren esku uzten dira, bere eskumenen esparruan, indarra duen araudiak Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari esleitzen dizkion eskumen administratiboak, arlo honetakoak: kontratazioa eta ondare erantzukizuna.

Seigarren Xedapen Gehigarria. Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusian eskumenak banatzea.

1. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku uzten dira, bere eskumenen esparruan, indarra duen araudiak Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari esleitzen dizkion eskumen administratiboak, arlo honetakoak: kontratazioa, ondare erantzukizuna eta zehazpen espedienteen ebazpena.

2. Era berean, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku uzten dira, bere eskumenen esparruan, indarra duen araudiak Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari esleitzen dizkion eskumen administratiboak, arlo honetakoak: ingurumena babesteko esku hartzea, ehiza eta arrantza.

Zazpigarren Xedapen Gehigarria. Eskumenak Zerbitzuko zuzendariei banatzea.

Departamentuko zerbitzuetako zuzendarien esku uzten dira, beren eskumenen esparruan, indarra duen araudiak Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zehapen espedienteak irekitzearen arloan esleitzen dizkion eskudantzia administratiboen titulartasuna eta eskudantzia horiek erabiltzeko ahalmena.

Zortzigarren Xedapen Gehigarria. Izendapenak berrestea.

1. Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

-Merkatuen Erregulazio eta Esku-hartze Ataleko buruarena, hemendik aurrera Merkatuen Erregulaziorako Ataleko burua izanen dena.

-Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko Kudeaketa Administratiboaren Ataleko buruarena, hemendik aurrera Nekazaritzako Erregistroen Ataleko burua izanen dena.

-Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa Ekonomikoaren Ataleko buruarena, hemendik aurrera Aurrekontuen Kudeaketarako Atalekoa burua izanen dena.

-Nekazaritzako Elikagai Industriak Sustatzeko Ataleko buruarena, hemendik aurrera Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Ataleko burua izanen dena.

-Nekazaritzako Ustiategiak Sustatzeko Ataleko buruarena, hemendik aurrera Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Ataleko burua izanen dena, aurreko burutza merezimendu lehiaketa bidez lortzearen ondoriozko baldintzak izan ezik.

-Inbertsioa Sustatzeko Ataleko buruarena, hemendik aurrera Inbertsioa eta Jarduera Ekonomikoen Arloak Sustatzeko Ataleko burua izanen dena.

-Lehiakortasunaren eta Enpresen Berrantolamenduaren Ataleko buruarena, hemendik aurrera Enpresen Lehiakortasunaren Ataleko burua izanen dena.

-Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Ataleko buruarena, hemendik aurrera Energiaren eta Meategien Ataleko burua izanen dena.

-Informazioaren Gizartea Sustatzeko Ataleko buruarena, hemendik aurrera Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizartearen Sustapenerako Ataleko burua izanen dena.

-Industria Erregistroaren Ataleko buruarena, hemendik aurrera Enpresen Erregistroen Ataleko burua izanen dena.

2. Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizartearen Sustapenerako Atalak gaur egungo baldintza berak izaten jarraituko du.

Bederatzigarren Xedapen Gehigarria. Unitateen jarraipena.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalak baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin jarraituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekotasunez, egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte izan dituzten eginkizunekin bat.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira:

1. 124/2007 Foru Dekretua, irailaren 3koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

2. 128/2007 Foru Dekretua, irailaren 3koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

3. Foru dekretu honek ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena. Aurrekontu aldaketak.

Ahalmena eman zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Garatzeko ahalmenak.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Hirugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa