(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

320/1996 Foru Dekretua, irailaren 9koa, Natur Baliabideak Antolatzeko Planak egiteko prozedura ezartzen duena

 

(1996ko 116. NAON argitaratutako testua, irailaren 23an)

Atarikoa

Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 24. artikuluak xedatzen du, Natur Baliabideak Antolatzeko Planak egin eta onestean Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez ezartzen duen prozedurari lotu beharko zaiola, eta nahitaezko izapideak izanen direla interesatuei entzutea, jendaurrean paratzea, Planeko esparruaren barrenean dermioak osorik edo partzialki sartuak dituzten Toki Entitateei kontsulta egitea, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren txostena ekimena toki entitate batena eta Natur Parkeei buruzkoa denean, eta Nafarroako Ingurugiro Kontseiluaren txostena.

Arau horren 2. zenbakiak ezartzen du, Natur Baliabideak Antolatzeko Planen behin betiko onespena Nafarroako Gobernuari dagokiola, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposatu ondotik.

Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen aipatu 24. artikuluak agintzen duena betetzearren, eta horren aplikazioa bideratu ahal izateko, bidezkoa da Natur Baliabideak Antolatzeko Planak egin eta onesteko prozedura arautuko duen erregelamendua onestea.

Horrenbestez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko irailaren bederatziko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat, dekretatu dut:

1. artikulua. Nafarroako Gobernuak egitea.

Nafarroako Gobernuak sustatzen dituen Natur Baliabideak Antolatzeko Planak izapidatu eta onesteko, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Nafarroako Gobernuak hasiera batez onestea Planaren proiektua, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposatu ondotik.

Hasierako onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, bai eta Nafarroako egunkari hedatuenetako batean ere gutxienez. Aldi berean jendaurrean paratuko da eta entzutea emanen zaie Planeko esparruaren barrenean dermioak osorik edo partzialki sartuak dituzten Toki Entitateei, bi hilabetez gutxienez, epe horretan egokiak iruditzen zaizkien alegazioak egin ahal ditzaten.

b) Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiak alegazioei buruzko txostena egin eta gero, Planaren proiektua eta alegazioak Nafarroako Ingurugiro Kontseiluari igorriko zaizkio txostena egin dezan.

c) Bidezko diren eraskinekin, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Plana Nafarroako Gobernuari igorriko dio behin betiko onespena eman diezaion. Behin betiko onespenaren erabakia, Foru Dekretu erakoa izanen dena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2. artikulua. Toki entitateen ekimena.

Natur Parkeetako Natur Baliabideak Antolatzeko Planen izapidaketa eta onespena halako eskumenak dituzten toki entitateen ekimenez egiten denean, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Toki Entitatearen osoko bilkurak hasiera batez onestea Planaren proiektua.

Hasierako onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, bai eta Nafarroako egunkari hedatuenetako batean ere gutxienez. Aldi berean jendaurrean paratuko da eta entzutea emanen zaie Planeko esparruaren barrenean dermioak osorik edo partzialki sartuak dituzten beste Toki Entitate batzuei, bi hilabetez gutxienez, epe horretan egokiak iruditzen zaizkien alegazio eta oharrak egin ahal ditzaten. Epe berean, txostena eskatuko zaio Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Nafarroako Gobernuari igor diezaion.

b) Alegazioak eta txostena jaso ondoren, Nafarroako Ingurugiro Kontseiluari igorriko zaizkio Planaren proiektuarekin batera, arauzko txostena egin dezan.

c) Nafarroako Ingurugiro Kontseiluak bere txostena egin eta gero, Toki Entitateko osoko bilkurak behin-behinekoz onetsiko du Planaren proiektua, bidezko diren aldaketak barne, eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura igorriko, ondoren Nafarroako Gobernuari aurkezteko.

d) Nafarroako Gobernuak behin betiko onespena emanen du. Onespen erabakia Foru Dekretu erakoa izanen da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

Natur Baliabideak Antolatzeko Plana isilbidez onetsi dela ulertuko da, baldin eta espediente osoa Erregistroan aurkeztu eta sei hilabete igaro ondoren toki entitate sustatzaileari ebazpen bakar baten berri ere ematen ez bazaio. Aipatu entitateak Nafarroako Gobernuari eska diezaioke isilbidezko onespenaren egiaztagiria. Guztiendako administrazio prozedurari buruzko legeriak ezarritako legezko epean egiaztagiri hori luzatu edo adieraziz ebatziko da.

3. artikulua. Hautazko aurrerapena.

1. Hasierako onespena eman baino lehen, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak edo, hala bada, eskumena duen Toki Entitateko buruak Natur Parkeak direnean, Planaren Aurrerapen bat egin ahalko du eta jendaurrean egoteko epe bat ireki, hilabetekoa gutxienez, edozein interesatuk Aurrerapenaren gainean komenigarritzat jotzen dituen iradokizun eta oharrak egin ditzan.

2. Aurrerapenaren jendaurreratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, bai eta Nafarroako egunkari hedatuenetako batean ere gutxienez.

4. artikulua. Planaren aldaketa.

Planaren aldaketa puntualak Foru Dekretu honen 1. eta 2. artikuluetan araututako prozeduraren arabera eginen dira, bata Nafarroako Gobernuaren ekimena bada edo bestea horretarako eskumena duten Toki Entitateena izanez gero. Hala ere, jendaurrean egoteko eta Toki Entitateei entzuteko epea, gutxienez ere, hilabetekoa izanen da.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Indarrik gabe gelditu da urriaren 4ko 304/1993 Foru Dekretua, Natur Baliabideak Antolatzeko Planak egiteko prozedura ezartzen duena, bai eta Foru Dekretu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak ere.

Azken Xedapenetako Lehenengoa

Ahalmena eman zaio Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari, Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa