Castellano | Euskara | Français | English
(2011ko 55. NAOn argitaratua, martxoaren 21ean)
Atarikoa
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen xede nagusia da populazioaren gizarte ongizatea lortzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, gizarte zerbitzuez baliatzeko eskubide unibertsala bermatuz. Halaber, foru lege horren beste helburu bat gizarte zerbitzuen sistema egokia eratzea da, zerbitzu ezin hobeak ematea ahalbidetuko duena, pertsonen autonomia, duintasuna eta bizi kalitatea bermatzeko.
Abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen aplikazio eremua, alde batetik, 3., 6., 7. eta 8. artikuluetan dago zehaztuta, horietan ezartzen baita nor diren gizarte zerbitzuen hartzaileak eta zein eskubide eta betebehar dituzten.
Beste alde batetik, gizarte zerbitzuen sistema publikoa ere foru legearen aplikazio eremuaren barnean dago. Foru legearen 9. artikuluak dioenez, Nafarroako administrazio publikoek ematen dituzten prestazio tekniko eta ekonomikoek, plan, programa eta talde tekniko guztiek osatzen dute sistema hori. Esparru juridiko horretan, 69. artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen sistemakoak diren gizarte zerbitzuak eman ahal izateko, beharrezkoa izanen da, zerbitzuok 75. artikuluan aurreikusitako erregistroan inskribaturik egoteaz gain, 76. artikuluan aurreikusitako administrazio baimenak lortu eta haiei eustea. Baimen horien xedea baldintza jakin batzuk eta kalitatearen gutxieneko estandarrak beteko direla bermatzea da.
Azkenik, 83. artikuluak ezartzen duenez, foru lege horren aplikazio esparruan dauden entitate publiko eta pribatuek egindako jarduketa guztiak egonen dira gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuaren ikuskapenaren eta kontrolaren mende.
Irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari eskumenak ematen dizkio programak, zentroak eta zerbitzuak kontrolatu eta ikuskatzeko, familiaren, adingabeen babesaren eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikaren arloetan. Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak ikuskapen planak prestatuko ditu gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuetarako, eta ikuskapen lana kontrolatu eta koordinatuko du. Azkenik, Ikuskapen Atalak, gizarte gaien, familiaren, adin txikikoen babesaren eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politiken esparruan, foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu. Bereziki, hurrengo eskudantziak izanen ditu:
a) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuek eta horien hartzaileek Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean xedatutakoa betetzen ote duten kontrolatu eta ikuskatzea, Departamentuko gainerako unitate organikoekin elkarlanean.
b) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuen baimen administratiboak kudeatu eta tramitatzea.
c) Gizarte Zerbitzuen Erregistroa kudeatzea.
Beraz, hortik ondorioztatzen da gizarte zerbitzuak ikuskatzeko eskumena, aurrean esandako guztiaren arabera, ez dela bakarrik hartu behar zentro eta zerbitzuek baliabideen eta eginkizunen arloan indarreko araudia nola betetzen duten kontrolatzeko eskumen gisa, zeren gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideen zaintza eta errespetua ere kontrolatu behar dira. Gainera, pertsonek beren beharretarako laguntza egokia, hots, laguntza osoa, integratua eta banakakoa jaso dezaten ere zaindu behar da.
Eta premisa horiek izanen dira Ikuskapen Plan honen jarduketa lerro nagusien oinarriak.
2011. urterako Ikuskapen Planak baditu aurreko planarekiko desberdintasun batzuk.
Egoitzako zerbitzuen erabiltzaileen eskubideen ikuskapen-lerroari eutsi zaio, eta arreta berezia eskainiko zaio lotura fisiko eta farmakologikoen gaiari. Alde horretan, Zentroei aholkua emateko eta erreferentzia-taldeak trebatzeko lan zehatza eginen da, loturak zentzuz erabil daitezela lortzeko eta erabiltzaileen duintasuna, askatasuna eta autonomia hobeto babesteko. Horretarako, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak urteko lehen seihilekoan loturen erabilerarako Protokoloa eginen du, esparru horretan jardunen duten Zentroen erreferentzia izan dadin.
Halaber, ohiko ikuskatzeen oinarrizko lerroa ere mantendu da, bai egoitzetan bai eguneko zentroetan. Aurreko planean egoitza ez diren gainerako zentroetarako aurreikusita zeudenak kenduko dira.
Itunen ikuskapenari dagokionez, Nafarroako Mendekotasun Agentziak itunen klausula zehatzei buruz egin ditzakeen eskari zehatzen mendean uzten da, aurreko urteko plana bezala.
Laguntzen kontrolerako lerroari dagokionez, Oinarrizko Errentaren 200 espediente ikuskatuko dira, iaz baina %50 gehiago. Horrez gain, dauden salaketak eta eskari zehatzak -kudeaketa organo eskudunek ez-betetze zehatzen zantzuak daudenean egin ditzaketenak- ere ikuskatuko dira. Mendekotasunerako etxeko laguntzen arloan, 200 espediente ikuskatuko dira ausaz, Nafarroako Mendekotasun Agentziak egiten dituen salaketa eta eskari zehatzez gain.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz, agindu dut:
1. Nafarroako Gizarte Gaietako Ikuskapen Plana onestea 2011. urterako. Foru agindu honen eranskinean dago.
2. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari baimena ematea behar diren neurriak har ditzan Ikuskapen Plan horretan ezarritako programak gauzatzeko eta bertan ezarritako helburuak betetzeko.
3. Ikuskapen Plana Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
ERANSKINA. Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Ikuskapen Plana
2011. Urterako
Lehenengoa. Organo arduraduna.
Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko Ikuskapen Atala da Plana betearazteko ardura duen administrazio organoa, irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuarentzat onetsitako egitura organikoaren arabera. Plana indarra duen arau esparruari jarraituz garatuko da.
Bigarrena. Helburuak.
1. Gizarte zerbitzuen hartzaileek beren beharretarako laguntza egokia jaso dezaten arduratzea.
2. Indarra duen legediak gizarte zerbitzuen hartzaileei onartzen dizkien eskubideak, batez ere egoitzetako erabiltzaileen eskubide berariazkoak, errespetatzen ote diren begiratzea.
3. Zentroei aholkua eta trebakuntza ematea lotura fisiko eta farmakologikoen arloan, loturak zentzuz erabil daitezela lortzeko eta erabiltzaileen duintasuna, askatasuna eta autonomia hobeto babesteko.
4. Zentro eta zerbitzuen baliabide eta eginkizunei buruzko baldintzak indarra duen araudiari egokitzea. Horrela, kalitateko laguntza emateko gai diren gizarte zerbitzuen sarea sendotuko da.
Hirugarrena. Prozedura.
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak, 2011. urtean, Plan honetan jasotako ikuskapen jarduketak eginen ditu, eta aurkezten diren salaketa, kexa eta erreklamazioei erantzuteko behar direnak ere bai.
Jarduketa bereziak ere egin ahal izanen dira, bi zuzendaritza nagusietako edozeinek bere ekimenez, goragokoen aginduz edo beste organo baten eskaera arrazoituari erantzunez.
Laugarrena. Ikuskapen lanetan aplikagarriak izanen dira gizarte gaiei eta familiari buruzko arau guztiak. Bereziki, honako arau hauek erabiliko dira maizenik ikuskapen lanetan:
1) Abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
2) Maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua. Aurreko foru legearen xedapen indargabetzaile bakarrean ezarritakoari jarraituz aplikatuko da.
3) Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea.
4) Ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea, Kontratu Publikoei buruzkoa.
5) Laguntza bakoitzari buruzko arau berariazkoak eta itun bakoitzeko kontratu-arauak.
Bosgarrena. Oinarrizko jarduketa lerroak.
Oinarrizko jarduketa lerroek hurrengo helburuak lortzea izanen dute xede:
I. Gizarte zerbitzuen hartzaileei, batez ere egoitzetan daudenei, beren eskubideak errespetatuko zaizkiela bermatzea. Garrantzi berezia ematea lotura fisiko eta farmakologikoen gaiari.
II. Zentro eta zerbitzuak gainbegiratu eta kontrolatzea.
III. Mendekotasuna duten pertsonei arreta etxean emateko laguntzak eta bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan dauden pertsonentzako Oinarrizko Errenta kontrolatzea.
IV. Itunak betetzen direla egiaztatzea.
Seigarrena. Metodologia.
Ikuskatzailetzak, legez dituen eskumenak erabiliz, oinarrizko jarraibide hauei loturik jardun behar du:
1. Ikuskatzaileak zentro eta zerbitzuetako instalazio eta lokal guztietara sartu ahal izanen dira. Era berean, ikuskapenaren xedea betetzeko eta ikuskatzeko ahalmenak behar bezala erabiltzeko beharrezkoak edo jakingarriak diren agiri, datu eta argibide guztiak eskuratu behar zaizkie. Ikuskatzaileen lana oztopatzea arau-hauste larritzat sailkatuta dago Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 86. artikuluko n) letran.
2. Bisita arruntak bidezkoa denean soilik iragarriko dira aldez aurretik, eta ikuskatzaile akreditatuaren identifikazioarekin hasiko dira.
3. Ikuskapen bisitak, haien arrazoia edozein izanda ere, lanegunetan nahiz jaiegunetan egiten ahal dira, egunez edo gauez.
4. Ikuskatzaileek beren lanean datu pertsonalen babesari buruzko arau aplikagarriak bete behar dituzte.
5. Departamentuko organo eta erakundeek Ikuskatzailetzari lagundu behar diote ahalik arinen eta eraginkortasunez, hala eskatzen zaien guztietan.
6. Plana bete aurretik, oinarrizko lerro bakoitzeko ikuskapen protokoloak onetsiko dira.
Zazpigarrena. Gizarte zerbitzuen ikuskapenaren oinarrizko jarduketa lerroak 2011. urtean.
I. Egoitzetako gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideen errespetua bermatzeko oinarrizko jarduketa lerroa. Garrantzi berezia ematea lotura fisiko eta farmakologikoen gaiari.
Helburua.-Ikuskapen lanaren bidez egiaztatu egin behar da gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubide jakin batzuk errespetatzen direla: Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 6. eta 8. artikuluetan arautzen direnak, Autonomia Pertsonalaren Sustapenari eta Mendekotasuna duten Pertsonentzako Laguntzari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen ildoari jarraituz.
Ikuskapen Plan honen indarraldian, bereziki, egoitza zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak errespetatzen direla egiaztatuko da hauei dagokienez: adinekoentzako arreta, ezgaitasunak dituzten pertsonak, gizarte bazterkeria, adingabeak eta genero bortizkeria.
Eskubideak errespetatzen direla egiaztatzeko, zerbitzu horiei egiten zaizkien bisitetan, bisitaren arrazoia edozein dela ere, erabiltzaileen eskubide hauek aztertuko dira nagusiki:
1. Zentroko langileen eta erabiltzaileen aldetik tratu duina hartzeko eskubidea.
2. Beren eskubideei buruzko informazioa eta beren egoeraren balorazioa jasotzea, eta eraginen dien edozein esku-hartzeren aurretik informazioa jasotzea, berariazko baimena eman ahal izateko.
3. Banakako laguntza hartzea, bakoitzaren beharren araberakoa.
4. Intimitaterako eta pribatutasunerako eskubidea.
5. Kexa eta iradokizunen sistema erabili ahal izatea.
6. Zentroetan parte hartu ahal izatea.
7. Sendagileak agindu gabe eta gainbegiratu gabe immobilizazio edo murrizketa fisiko edo tratamendu farmakologikorik ez jasateko eskubidea, erabiltzailearen nahiz hirugarrenen segurtasun fisikorako arrisku berehalakorik ez badago.
Zerbitzuen hartzaileen eskubideak errespetatzen direla egiaztatzeko, ikuskapen bisita arruntetan, bide hauetako edozein erabili ahal izanen da:
-Ikuskatzaileek begiratzea.
-Zentroko arduradunek informazioa ematea.
-Zentroko erabiltzaileek informazioa ematea.
Eskubideak egiaztatzeko bidea zuzeneko behaketa denean, ikuskatzaile guztientzat aldez aurretik finkatutako irizpide homogeneoak hartuko dira kontuan.
Jarduera honen epeen planifikazioa bat etorriko da oinarrizko II. lerroko II.3.1. programan aurreikusitako ikuskapen arrunten planifikazioarekin.
Lotura fisiko eta farmakologikoen gaian, aurten berrikuntza bat egonen da: Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak zentroei aholkua ematen jardunen du loturak zentzuz erabil daitezela lortzeko. Horri dagokionez, trebakuntzaren bitartez, kudeaketa-erakundeetan eta zentro publikoetan loturen erabilerarako erreferentzia-taldeak sor daitezela bultzatuko da.
Halaber, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak "Lotura fisiko eta farmakologikoen erabilerarako protokoloa" sortuko du. Protokolo horren bitartez jarraibide batzuk ezarriko dira, zentroei aholkua emateko, dela loturak erabiltzean erabiltzaileen eskubideak bermatzeari dagokionez, dela loturen zentzuzko erabilerari dagokionez.
II. Zentro eta zerbitzuak gainbegiratu eta kontrolatzeko oinarrizko jarduketa lerroa.
II.1. programa. Lanean ari diren zentro eta zerbitzu guztiei behin betiko baimena ematea.
Helburua.-Behar diren baimenak izan gabe lanean ari diren zentro eta zerbitzu guztien egoera administratiboa erregularizatzea.
II.2. programa. Baimen berriak eman eta Gizarte Zerbitzuetako Entitate, Zerbitzu eta Zentroen Erregistroko inskripzio berriak egitea.
Helburua.-Behar diren ikuskapen lanak egitea baimenak emateko prozeduretan (funtzionamendu baimenak, titulartasuna aldatzekoak, instalazioetan aldaketa garrantzitsuak egitekoak, eginkizunak eta helburuak aldatzekoak edo jarduerari uztekoak) eta Gizarte Zerbitzuetako Entitate, Zerbitzu eta Zentroen Erregistroan inskripzioak egin, kendu edo aldatzeko prozeduretan.
II.3. programa. Zentro eta zerbitzuek baliabideei eta eginkizunei buruzko baldintzak nola betetzen dituzten uneoro kontrolatzea.
Helburuak.
II.3.1. Urtean gutxienez bisita bat egitea egoitza eta eguneko zentroen %70ean, arlo hauei dagokienez: adinekoentzako arreta, ezgaitasunak dituzten pertsonak, gizarte bazterkeria, adingabeak eta genero bortizkeria.
Ikuskapenaren bidez, batez ere, maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuan zentro eta zerbitzuen funtzionamendurako eskatzen diren baldintza orokorrak eta baliabide mota bakoitzerako baldintza bereziak betetzen direla egiaztatu behar da. Honako hauek arreta bereziz aztertuko dira:
a) Azpiegiturak kontrolatzea, bereziki zentroen segurtasuneko sektore-araudia betetzen dela egiaztatzeko.
b) Giza baliabideak eta langileriaren antolaketa.
c) Aplikatzekoa den araudiak eskatutako programak.
d) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarrita dauden xedapenak betetzea. Agindu horren bidez, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezarri dira. Zehazki, landutako produktuetan eta gainerakoekiko komunikazioetan kanpoko seinaleei buruzko xedapenak betetzen diren kontrolatuko da Nafarroako Gobernuaren titulartasuneko zentro eta zerbitzuetan, titulartasun pribatukoak izanik plaza guztiak itunduta dituztenetan eta titulartasun pribatukoak izanik plazen %25 itunduta dituztenetan.
III. Mendekotasuna duten pertsonei arreta etxean emateko laguntzak eta bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan dauden pertsonentzako Oinarrizko Errenta ikuskatzeko oinarrizko lerroa.
III.1. Familian zainketak jasotzeko prestazio ekonomikoa.
III.2. Oinarrizko Errenta.
Helburua:
Lehenengo kasuan, ikuskapenak honako hauek egiaztatzea izanen du helburu:
a) Laguntzak benetan mendeko pertsona modu egokian zaintzeko erabiltzen direla. 200 espediente ikuskatuko dira ausaz, baita ez-betetzeen zantzuak dituzten espedienteak ere, dela salaketengatik, dela kudeaketa-organoak eskatuta.
b) Araudian laguntzak eskuratzeko eskatzen diren baldintzak egiaztatzea, laguntza horiek kudeatzen dituzten Nafarroako Mendekotasun Agentziaren unitate organikoek hala eskatzen badute.
Bigarren kasuan, Oinarrizko Errenta:
a) Bizilekuari eta bizikidetza unitateari buruzko eskakizuna betetzen den ala ez egiaztatuko da. Oinarrizko Errentaren 200 espediente ikuskatuko dira.
b) Oinarrizko Errenta jasotzen dutenek lan-eskaintzei arrazoirik gabe uko egin dieten ala ez egiaztatuko da. Bigarren atalari dagokionez Oinarrizko Errentaren 1000 espediente ikuskatuko dira.
IV. Itunetako baldintza tekniko eta ekonomikoak betearazteko oinarrizko jarduketa lerroa.
IV.1. programa. Itunen ikuskapenaren lerroan, Ikuskapen Atalak Nafarroako Mendekotasun Agentziarekin batera jardunen du. Hala, Agentzia hark eskatuta itunen klausula zehatzei buruzko ikuskapen zehatzak eginen ditu.