(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak :
    • 172/1994 Foru Dekretua, irailaren 19koa, Kontsumitzaile eta Erabiltzailearen Defentsarako, gai horri buruzko lege-hausteak zehatzeko prozedura ezartzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

172/1994 Foru Dekretua, irailaren 19koa, Kontsumitzaile eta Erabiltzailearen Defentsarako, gai horri buruzko lege-hausteak zehatzeko prozedura ezartzen duena

(1994ko 121. NAOn argitaratua, urriaren 7an)

Atarikoa

Administrazio Publikoaren Araubide Juridikoari eta Guztiendako Prozedura Administratiboari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak (APA-GPA) bere IX. Tituluan lege-hausteak zehatzeari buruzko oinarrizko printzipioak eta prozedura ezarri zituen, eta horri esker bermatuta dago administratuek prozedura bateratua izan dezaten, beti ere Konstituzioarekin bat, Administrazio Publiko guztien aurrean, eta hain zuzen ere, horiei dagokie prozedura berarizkoak ezartzea, hori guztia bakoitzaren eskumenen arabera.

Bestalde, Lege horretan bertan, abuztuaren 4ko 14/1993 Errege Dekretu-Legearen bidez aldatu baitzen, xedatu zen Legeak indarra hartu eta hurrengo hemezortzi hilabeteko epearen barrenean horretara egokitu behar zirela administrazio prozedurak zuzentzen dituzten arau guztiak.

Kontsumitzaile eta Erabiltzailearen Defentsa eramatea Administrazioaren betebeharretako bat da eta zehapenak ezartzeko berak duen ahalmena ezinbestekoa da. Bestetik ere, gai horretan Nafarroako Gobernuak ditu eskumenak ez beste inork, izan ere horrelaxe agertzen baita Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 56.1 d) artikuluan, beraz, Foru Komunitateko Administrazioari dagokio Nafarroaren barrenean arlo hori zuzenduko duen zehapen prozedura ezartzea, Kontsumitzaile eta Erabiltzailearen Defentsari buruzko aferetan.

Horrenbestez, Foru Dekretu honen helburua da azaroaren 26ko aipatu 30/1992 Legearen 127.etik 138.era bitarteko artikuluetan eta hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa garatzea, horrela kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsarako gaiei buruzko zehapen prozedura arautuz. Lege-hausteen tipifikazio eta kalifikazioa, baita zehapenen zenbatekoa ere, arlo hori zuzentzen duten lege eta erregelamenduetan finkatuta daudenak izanen dira.

Horiek horrela, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamalauko irailaren hemeretzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

1. artikulua. Aplikazio esparrua.

Foru Dekretu honetan ezarritako zehapen prozedura aplikatuko zaie Kontsumitzaile eta Erabiltzailearen Defentsarako uztailaren 19ko 26/1984 Legean eta horren arau osagarrietan ezarrita dauden lege-hausteei.

2. artikulua. Lege-hausteak eta zehapenak.

Lege-hausteen tipifikazioa eta kalifikazioa, baita zehapenen zenbatekoa eta graduazioa ere, ondoko hauetan ezarrita dagoenari jarraikiz ezarriko dira: Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorrean, kontsumitzailearen defentsari eta nekazaritzako elikagaiei buruzko lege-hausteak eta zehapenak arautzen dituen ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuan, eta aplikatzen ahal diren gainerako lege eta xedapenetan ezarritakoak, beti ere bakoitzaren eskumenen esparruak errespetatuz.

3. artikulua. Foru Komunitateko Administrazioaren eginbeharra eta zehapen espedienteak izapidatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kontsumitzaile eta erabiltzailearen defentsarako, arlo horretako zehapen espedienteak izapidatuko ditu azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako printzipioen arabera, beti ere Foru Dekretu honetan aipatzen diren salbuespenak salbuespen izanik.

4. artikulua. Behin-behineko neurriak.

1. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 72. eta 136. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, ebazpen organo eskudunak edozein unetan behin-behineko neurriak har ditzake, beti ere horretarako arrazoiak emanez, hori guztia etor daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna bermatu, prozedura behar bezala burutu, guztien interesak bete eta lege-haustearen ondorioz sortutako kalteak galarazteko.

Luzaezinezko premiazkotasuna dela eta, prozedurari hasiera emateko organo eskudunak edota organo instruktoreak behar adina behin-behineko neurri har ditzakete.

2. Behin-behineko neurriak ondoko hauek izan daitezke: iharduerak behin-behinekoz gelditzea eta fidantzak uztea, baita produktuak erretiratzea edota zerbitzuen behin-behineko geldiarazpena eta arau berarizkoetan ezarritako gainerako guztiak ere.

5. artikulua. Aurreko ekintzak.

1. Zehapen prozedurari hasiera eman aitzin, informazio epea irekitzen ahal da kasuaren zehaztasunak hobeki ezagutu eta prozedurari hasiera ematea egokia den ala ez jakiteko. Aurreko eginbide hauek guztiak kontsumitzaile eta erabiltzailearen defentsarako zaintza, kontrola eta ikuskaritzari buruzko eskumenak dituzten organoek eginen dituzte, hain zuzen ere, prozedurari hasiera emateko edo ebazteko dagoen organo eskudunak zehazten duen pertsonek edo administrazio organoek.

2. Aurreko informazio epea izaera konfidentzialekoa eta isilpekoa izan daiteke eta ez da hamabost egunekoa baino luzeagoa izanen, beste epe zehatz bat edo batzuk espreski ematea erabakitzen ez bada behintzat.

Froga teknikoak egiten diren bitartean ez da kontatuko epe hori.

3. Zehapen prozedurari ez diote hasiera emanen ikuskaritza eta zaintzarako ekintzek, ez eta horiek agertarazteko erabiltzen diren agiriek ere, laginak hartzeak edota Administrazioak ikuskaturiko analisi edo kontrolek edota arestiko atalak aipatzen duen aurreko informazio epeak ere.

6. artikulua. Zehapen prozedurari hasiera ematea.

1. Prozedurari beti ofizioz eman beharko dio hasiera organo eskudunak, bai bere ekimenaz bai aginteren batek zein administrazio organo batek horrela adierazita edota salaketaren bidez.

2. Zehapen prozedurei hasiera emateko ondokoa bete beharko da guttienez:

a) Ustez erantzule diren pertsonak identifikatzea.

b) Prozedura irekitzea sorrarazi duten ekintzak adieraztea.

c) Prozeduraren Instruktorea eta Idazkaria izendatzea, eta horiek ezesteko araubidea zehaztea.

d) Espedientea ebazteko organo eskuduna eta eskumen hori eman zion araua adieraztea.

3. Zehapen prozedurari hasiera eman edo hura izapidatzen duen administrazio organoak, hasiera emateko modua zeinahi izanda, erabaki dezake horren edukin berberakoak izan edo horrekin antzekotasunak dituzten beste batzuei atxikitzea. Atxikitzea erabakitzen duen ebazpenaren aurka ez daiteke inolako helegiterik jarri.

4. Zehapen prozedurari hasieraren berri instrukzioaren ardura hartzen duen organoari emanen zaio, eta lege-haustearen ustezko erantzuleari eta, baldin baleude, gainerako interesatuei igorriko.

7. artikulua. Instrukzioa.

1. Prozeduraren instrukzioa eramango du horretarako eskuduna den organoak, beti ere hura ebazteko organoa ez bada, eta APA-GPA Legearen 28. eta 29. artikuluek aipatzen duten abstentzio eta ezespen arrazoietara makurtuko da.

2. Zehapen prozeduraren instruktorea izanen da haren izapidaketaren erantzule zuzena eta horretarako behar dituen aurrekin, txosten eta baliabide material nahiz pertsonalak eska ditzake. Objektibitate eta askatasun osoz ihardungo du bere eginkizunetan, gai horri buruzko lege, erregelamendu eta gainerako xedapen zuzentzaileetan ezarritakoaren arabera.

3. Zehapen prozedura izapidatzerakoan Instruktoreak oztoporik aurkituko balu, eta horregatik izapidaketa galarazi, oztopatu edo bestelakotuko balitz, idatziz emanen lioke horren berri berau izendatu zuen organo edo aginteari, hori guzia aipatu oztopoak ezabatu edo gorabehera horiek konpon ditzan.

4. Ekintzen hasierako azterketarako behar diren iharduketa guztiak ofizioz sustatu eta aurrera eraman ditzake Instruktoreak, izan ere datu eta informazio garrantzitsuak izan baitaitezke zehapena merezi duten erantzukizunak ezagutzeko.

8. artikulua. Kargu Plegua.

Instruktoreak kargu plegua idatziko du eta bertan ondoko hau azalduko:

a) Ustezko erantzule diren pertsona edo pertsonen identifikazioa.

b) Lege-haustearen edo lege-hausteen ekintzak eta inguruabarrak xehekatuak.

c) Lege-haustearen edo lege-hausteen tipifikazioa.

d) Lege-haustearen edo lege-hausteen kalifikazioa.

e) Proposatzen den/diren zehapena/ak, instrukzioaren ondorioz sor daitezkeenak galarazi gabe.

9. artikulua. Alegazioak.

Kargu pleguaren jakinarazpena gertatu eta hurrengo hamabost eguneko epearen barrenean, lege-haustearen ustezko erantzuleak alegazioak egin ditzake eta bidezko juzkatzen dituen datuak, informazioak edo agiriak ekar ditzake.

10. artikulua. Froga.

1. Alegazioak eta frogen proposamena, halakorik balitz, jaso ondoren edo arestiko lerroaldeak aipatzen duen epea iraganik, instruktoreak, hala juzkatzen badu, froga-epea irekitzea erabakiko du gehienez hogeita hamar egun eta gutxienez hamar egunekoa izanen dena, hori guztia 30/1992 Legearen 80 eta 137.4 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

2. Froga teknikoak eta interesatuek proposaturiko espedienteak, aurkakoak nahiz erabakitzaileak, egin edota haien emaitzak espedientean idazten diren bitartean emandako denbora ez da konputatuko prozedura ebazteko dagoen epearen ondorioetarako, hori guztia Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 43.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

11. artikulua. Txostenak.

Prozeduraren ebazpena emateko, espedientea ebazteko egoki juzkatzen diren txostenak eskatuko dira, horiek eskatzeko arrazoiak emanez.

12. artikulua

1. Alegazioak egiteko eta, hala balitz, frogak egiteko epea iraganik eta egoki juzkatzen diren eginbideak egin ondoren, instruktoreak mantentzen baldin badu kargu plegua horixe igorriko dio organo eskudunari, aurkezten diren alegazioekin batera, eta hondarreko horrek emanen du behar den ebazpena edo, hala balitz, Instruktoreari aginduko dio egoki juzkatzen dituen eginbide osagarriak egin ditzan.

2. Alegazioak eta froga eginda, ekintza berriak edota kargu pleguan agertzen direnak baino larritasun handiagokoak sortuko balira, instruktoreak interesatuari jakinaraziko lioke kargu plegu berria eta dagokion zehapena, hondarreko horrek egoki juzkatzen duen guztia hamabost eguneko epean alega dezan.

13. artikulua. Ebazpena.

1. Organo eskudunak ebazpena emanen du, arrazoitua beti ere, eta espedientean planteatzen diren gorabehera guztiak ebatziko.

2. Zehapen prozedurak ebazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez ere zehapen espedientea irekitzea agindu den egunetik hasita, hori guztia lege-haustearen arrazoia edozein dela. Epe hori beste sei hilabetez luza daiteke gehienez, baina espedientea ireki zuen organoak eman beharko ditu horretarako arrazoiak. Azkeneko horren aurka ezinezkoa izanen da helegiterik jartzea.

14. artikulua. Ebazpenak argitaratzea.

1. Zehapen espedientea ebatzi behar duen aginteak erabaki dezake ezarritako zehapenak argitaratzea, administrazio bidean irmotasuna hartzen dutenean, eta horretarako, izen-deiturak, zehatutako pertsona natural zein juridikoen izena, lege-haustearen nolakotasuna eta izaera argitara eman beharko ditu, hori guztia ondoko inguruabarrak biltzen direnean:

-Kaltea erabatekoa edota alde anitzekoa denean, kontsumitzaile edo erabiltzaileen interes ekonomiko legitimoen gainean.

-Eskarmentua emateko, antzeko lege-hausteak lehenagotik ere eginak izateagatik, hura ageriko asmo txarrez egina izateagatik edo beste inguruabarrengatik.

Gainerako kasuetan, arestian aipatutako inguruabarrak biltzen ez direnean, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideen aurkako lege-hausteengatik ezarritako zehapen irmoen gaineko informazioa emanen zaio halaxe eskatzen duenari.

Xedapen Iragankor Bakarra

Foru Dekretu honek indarra hartu aitzin eta horren aplikazio esparrukoak izanik lehenagotik hasita dauden zehapen prozedurei ez zaie berau aplikatuko eta artean aplikatu behar zitzaien arauteria aplikatuko zaie orain ere.

Azken Xedapen Bakarra

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa