Castellano | Euskara | Français | English
(2005eko 25. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 28an)
Atarikoa
Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen onespenak Nafarroako Gobernuaren eta Foru Komunitateko Administrazioaren antolamenduan aldaketa handia ekarri du. Berritasunen artean, nabarmentzekoak dira departamentuen egituraketa berria, hau da, zuzendaritza nagusi bat edo batzuk eta Idazkaritza Tekniko Nagusia, eta zuzendari nagusiei berezko eskumen propioak ematea.
Foru Komunitateko Administrazioaren egitura foru lege horretara egokitzeak departamentuen berregituraketa prozesu bat eskatzen du eta Administrazioaren departamentu bakoitzaren egitura berria garatu behar da. Beraz, foru dekretu honek bi xede ditu: Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organiko berria finkatzea eta garatzea.
Horrenbestez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bosteko otsailaren hogeita lauko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat, dekretatu dut:
I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak
1. artikulua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren eskumenen esparrua.
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak baliatu behar ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari ondoko arloetan esleitu zaizkion eskumenak: Nafarroako errepide sarea proiektatu, egin, zaindu, ustiatu eta defendatzea; interes orokorreko obra hidraulikoak, trenbideetakoak eta aireportuetakoak edo agintzen zaizkion antzeko obrak kudeatzea; geologia eta geoteknia; kartografia; garraioari buruzko politika planifikatu, koordinatu eta gauzatzea, eta indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eskurantzak.
2. artikulua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria.
1. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak, Departamentuaren titularra denez gero, Nafarroako Gobernuari eta beraren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 41. artikuluan ezarritako eskurantzak baliatu behar ditu, foru dekretu honetako 1. artikuluan zehaztu den eskumen-eremuaren barruan.
2. Bereziki, jendaurrean paratutako proiektuen behin betiko onespen teknikoa eta, baita ere, desjabetzapenaren ondorioetarako, jendaurreko tramitea ireki eta ebaztea bere esku izanen dira.
3. Halaber, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko titularra denez gero, kontseilaria organo kolegiatu honetako lehendakaria da:
-Nafarroako Garraioen Kontseilua.
4. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan Kontseilariaren Kabinetea dago, hari laguntza politikoa eta teknikoa emateko; Kabinetea Nafarroako Gobernuari eta beraren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 19. artikuluan ezarritakoari lotu behar zaio eta kontseilariaren menpean dago zuzenean.
3. artikulua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren antolamendu orokorra.
1. Hauxe da Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura, beraren titularraren goi-zuzendaritzapean:
a) Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.
b) Garraio Zuzendaritza Nagusia.
c) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.
4. artikulua. Zuzendaritza nagusien eskurantzak.
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko zuzendaritza nagusiek, kontseilariaren goiko zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan esleitutako esparru materialean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluan eta azken xedapenetako lehenbizikoan ezarritako eskurantzak izanen dituzte eta, horietaz gainera, indarra duten xedapenek esleitzen dioten edo Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak haren esku uzten duen beste edozein.
5. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskurantzak.
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikoak, foru dekretu honetako 1. artikuluan zehaztu den eskumen-eremuaren barruan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 23. artikuluan eta idazkaritza nagusi teknikoak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritako eskurantzak (aurrekontu kudeaketaren arlokoak barne) baliatuko ditu Departamentuko kontseilariaren goi-zuzendaritzapean, berari atxikita baitago zuzenean, bai eta indarreko xedapenek emandakoak eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak agintzen dizkion guztiak ere, eta horretarako behar diren ebazpenak emanen ditu.
6. artikulua. Zerbitzuen eginkizunak.
Zerbitzuek ondoko eginkizunak izanen dituzte Departamentuko goragoko organoen zuzendaritzapean, bakoitzak bere eskumen-eremuan: euren menpeko atalak edo unitate organikoak planifikatzea, koordinatzea, zuzentzea eta kontrolatzea; prozedurak azkartzea, arrazionalizatzea eta erraztea bultzatu eta sustatzea; indarreko xedapenek berariaz ezarritakoak eta Departamentuko organo eskudunek banatzen edo eskuordetzen dizkietenak.
7. artikulua. Atalen eginkizunak.
Atalek, departamentuaren goi mailako organoen zuzendaritzaren menpean, eta dagokien esparru materialaren barruan, ondoko eginkizun hauek izanen dituzte: lanak betearaztea eta gainean duten buruarentzako txostenak eta proposamenak egitea, haien menpeko unitateek edo bulegoek egiten dituzten lanak koordinatu, zuzendu eta kontrolatzea eta Departamentuko organo eskudunek agintzen dizkieten gainerako guztiak.
II. KAPITULUA. Herri Lan Zuzendaritza Nagusia
1. atala. Eskumenen esparru materiala eta egitura
8. artikulua. Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren eskumen-eremua.
Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak ditu ondoko arlo hauetan:
-Nafarroako Errepide Sarea planifikatu, programatu, proiektatu, burutu eta zaintzea.
-Interes orokorreko lan hidraulikoen eta trenbide eta aireportuetako obren kudeaketa integrala, baita agintzen zaizkion antzeko beste obra batzuena ere, beste erakunde eta administrazio batzuekin koordinaturik, deusetan galarazi gabe haien eskumenak, hala proiektu fasean nola obren exekuzio eta ustiapen faseetan.
-Ingurumenaren arloko neurriak azpiegituren plangintzan eta proiektuetan sartzea, eta Zuzendaritza Nagusiaren eskumeneko azpiegitura publikoekin zerikusia duten ingurumen arloko programak garatzea.
-Segurtasuna eta osasuna zaintzea Zuzendaritza Nagusiaren eskumenekoak diren eraikuntza proiektu eta obretan.
-Geologia eta geoteknia.
-Topografia, geodesia eta kartografia.
-Departamentuaren esku dauden azpiegitura lanetarako desjabetzapenak, proiektuen behin betiko onespen teknikoa eta jendaurreko tramitea ireki eta ebaztea izan ezik.
-Nafarroako Errepide Sarea ustiatzea eta babestea.
-Nafarroako Errepide Sarearen ustiapen eta babesaren arloan baimenak ematea.
-Nafarroako Errepide Sarearen ustiapen eta babesaren arloko zehapen espedienteak egitea. Zuzendari nagusiaren eginkizunak dira espedienteak abiaraztea eta ebaztea.
-Bere eskumen-eremuko jardueretarako dirulaguntzen deialdiak egitea eta dirulaguntzak ematea.
-Indarreko xedapenek Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari emandakoetatik Zuzendaritza Nagusiaren eskumen-eremukoak diren gainerako guztiak.
9. artikulua. Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren egitura.
Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren egituran zerbitzu hauek daude:
a) Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzua.
b) Bide eta Eraikuntza Zerbitzua.
c) Zainketa Zerbitzua.
2. atala. Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzua
10. artikulua. Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuaren eginkizunak.
Foru dekretu honetan jasotako eginkizunak izanen ditu bere gain Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak, ondoko gaiak direla eta:
-Zuzendaritza Nagusiak sustatzen dituen azpiegituretan egin beharreko inbertsioak antolatu eta programatzea.
-Nafarroako Errepide Sarean egin beharreko obrei dagozkien eraikuntza proiektuen garapenaren kudeaketa integrala.
-Interes orokorreko lan hidraulikoen eta trenbide eta aireportuetako obren kudeaketa integrala, baita agintzen zaizkion antzeko beste obra batzuena ere, beste erakunde eta administrazio batzuekin koordinaturik, deusetan galarazi gabe haien eskumenak, hala proiektu fasean nola obren exekuzio eta ustiapen faseetan.
-Ingurumenaren arloko neurriak azpiegituren plangintzan eta proiektuetan sartzea, eta Zuzendaritza Nagusiaren eskumeneko azpiegitura publikoekin zerikusia duten ingurumen arloko programak garatzea.
-Departamentuaren eskumeneko azpiegitura obretarako desjabetzapenak.
-Geologia eta geoteknia.
-Topografia, geodesia eta kartografia.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak.
11. artikulua. Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuaren egitura.
Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak atal hauek ditu:
a) Proiektu Atala.
b) Garraioko Azpiegiturak Kudeatzeko Atala.
c) Ingurumena Zaintzeko Atala.
d) Desjabetzapen Atala.
e) Geologia eta Geoteknia Atala.
f) Kartografia Atala.
g) Espedienteen Administrazio eta Kontrolerako Atala.
12. artikulua. Proiektu Atalaren eginkizunak.
Proiektu Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu Nafarroako Errepide Sareko bide-azpiegiturak programatu eta proiektatzearen alorrean, eta berariaz honako hauek:
-Inbertsioen planeamendua eta programazioa.
-Errepide eta obra publikoei buruzko bideragarritasun azterlanak, alternatiben azterlanak, plan sektorialak, aurreproiektuak eta proiektuak prestatu eta kudeatzea, behin betikoz onetsi arte.
-Enpresa aholku-emaileei agintzen zaizkien proiektu, azterlan eta zerbitzuen zuzendaritza lana egitea.
-Planeamenduaren aldetik bide sarea ukitzen duten hirigintzako ekimenak edo hirugarrenen ekimenak gainbegiratzea eta horien inguruko txostenak egitea.
-Proiektuak normalizatzea eta araudi teknikoa argitaratzea.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak.
13. artikulua. Garraioko Azpiegiturak Kudeatzeko Atalaren eginkizunak.
Garraioko Azpiegiturak Kudeatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu trenbide eta aireportuetako obren alorrean, eta berariaz honako hauek:
-Foru Komunitateko trenbide eta aireportuetako azpiegitura hobetu eta egokitzeko beharrezkoak diren ekintzak sustatzea, bai eta garraiobide aldaketak egiteko bide ematen duten ekintzak ere.
-Nafarroako trenbide eta aireportuetako azpiegituren arloan eskumena duten erakunde publiko nahiz pribatuekin koordinatzea.
-Horrelako azpiegituren arloan ezartzen diren helburuak lortzen laguntzeko jarduketak sustatzea.
-Alternatibei nahiz bideragarritasunari buruzko azterlanak eta aurreproiektu nahiz proiektuak egitea, trenbide nahiz aireportuetako azpiegiturei buruz eta azpiegitura intermodalei buruz.
-Trenbide eta aireportuetako azpiegiturak, edo azpiegitura intermodalak, eraiki edo hobetzearekin zerikusia duten obrak oso-osorik proiektatu, egin eta kudeatzea, betiere Foru Komunitatearen eskumenen esparruan.
-Trenbide sarea edo aireportuetako azpiegiturak ukitzen dituzten hirigintza ekimenak edo hirugarrenen ekimenak gainbegiratzea eta horiei buruzko txostenak prestatzea, plangintzaren arloan dagozkion eskumenen barrenean.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak.
14. artikulua. Ingurumena Zaintzeko Atalaren eginkizunak.
Ingurumena Zaintzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu ingurumenaren arloko neurriak Zuzendaritza Nagusiaren eskumeneko azpiegituren plan eta proiektuetan sartzearen alorrean, eta berariaz honako hauek:
-Proiektu eta planak prestatzeko orduan aholku ematea ingurumenaren ikuspegitik obren konponbide onenak lortzeko.
-Ingurumena babesteko eskumena duten erakundeekin harremanak izatea.
-Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanak egin eta zuzentzea.
-Azpiegitura proiektuen tratamendu estetikoari, edergarriari eta ekologikoari buruzko neurriak eta ingurumenaren gaineko eraginaren tratamenduaren ingurukoak prestatu, landu, hartu eta aplikatzea.
-Obren hondakindegietarako tratamendu egokia zehaztu eta aplikatzea, proiektu mailan.
-Ingurumena zaintzeko aurreneurri eta jarduketa osagarriak.
-Ingurumenari buruzko ikerkuntzan diharduten unibertsitateekin eta beste entitate batzuekin lankidetzan aritzea.
-Ingurumenaren arloko ikerkuntza, garapen eta berrikuntza lanak egitea, azpiegitura publikoei dagokienez.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak.
15. artikulua. Desjabetzapen Atalaren eginkizunak.
Desjabetzapen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu Departamentuaren eskumeneko azpiegitura obretarako desjabetzapenak kudeatzearen alorrean, bai eta indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak ere.
16. artikulua. Geologia eta Geoteknia Atalaren eginkizunak.
Geologia eta Geoteknia Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu geologiaren eta geotekniaren alorrean, eta berariaz honako hauek:
-Geologiari eta geoteknikari buruzko azterketa eta obrak antolatu, kudeatu eta garatzea, lurzoruaren ezaugarri fisikoen datu baseak prestatzea eta gai horien inguruko gainerako lanak.
-Arrisku geologikoko guneak, bereziki harrizko ezpondak, ikertzea; jarduketa planak prestatzea, kudeatzea eta garatzea.
-Ikerkuntza espeleologikoa laguntzea, bai eta Nafarroako leize eta osin geologikoak zaindu eta babestea ere.
-Geologiaren eta geotekniaren integrazio teknologikoa Zuzendaritza Nagusiaren eskumeneko obren proiektu eta exekuzio lanetan.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak.
17. artikulua. Kartografia Atalaren eginkizunak.
Kartografia Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu topografiaren, geodesiaren eta kartografiaren alorretan, eta berariaz honako hauek:
-Topografia eta geodesia gaiekin zerikusia duten jarduera oro antolatu, kudeatu eta garatzea, baita kartografia prestatu eta ekoiztea ere.
-Kartografiako produktuak ematea.
-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dokumentazio kartografikoa artxibatu eta zaintzea.
-Kartografi lan eta bitartekoen integrazio teknologikoa bai Departamentuaren berezko jardueretan bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentuen jardueretan.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak.
18. artikulua. Espedienteen Administrazio eta Kontrolerako Atalaren eginkizunak.
Espedienteen Administrazio eta Kontrolerako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuaren jarduketa administratiboen alorrean, eta berariaz honako hauek:
-Inbertsioen eta horien inguruko estatistika datuen bilakaeraren segimendua egitea.
-Tramitatzen diren espedienteen normalizazioa, koordinazioa, kontrola eta segimendua.
-Departamentuaren jarduerari buruzko urteko memoriak eta txostenak egitea.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak.
3. atala. Bide eta Eraikuntza Zerbitzua
19. artikulua. Bide eta Eraikuntza Zerbitzuaren eginkizunak.
Bide eta Eraikuntza Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu Nafarroako Errepide Sareko obrak eta Foru Komunitateko beste obra publiko batzuk egitearen alorrean.
20. artikulua. Bide eta Eraikuntza Zerbitzuaren egitura.
Bide eta Eraikuntza Zerbitzuak honako atal hauek ditu:
a) Obren I. Atala.
b) Obren II. Atala.
c) Obren III. Atala.
d) Kontzesio Obren Atala.
e) Eraikuntzako Segurtasun eta Kalitate Kontrolerako Atala.
f) Obrak Ikuskatzeko Atala.
21. artikulua. Obren I., II. eta III. Atalen, Kontzesio Obren Atalaren eta Obrak Ikuskatzeko Atalaren eginkizunak.
1. Obren I., II. eta III. Atalek, Kontzesio Obren Atalak eta Obrak Ikuskatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen dituzte Nafarroako Errepide Sareko obrak egitearen alorrean, eta berariaz ondotik adierazten direnak, denentzat berdinak, baina kasuan-kasuan atal bakoitzari esleitzen zaion obra eremuari dagokionez:
-Obrak hasi aurreko fasean: proiektuak aztertzea, haien zuinketaz eta bideragarritasunaz arduratzea, hasteko agintzea, lanen programa eta egutegia onestea eta, behar denean, ukituriko zerbitzuak kudeatzea.
-Obrak egiteko fasean: lanak zuzentzea, gainbegiratzea eta haien kudeaketa teknikoaz, ekonomikoaz eta administratiboaz arduratzea, bai eta obrak osorik burutzeko beharrezkoak diren jarduketa nahiz txosten guztiak egitea ere; hobekuntza edo lan osagarriak proposatu eta garatzea, are proiektuak berak egitea ere; segurtasun eta osasun alorretan arauturiko jarduketak garatu eta sustatzea; obrek ukituriko beste administrazio batzuekin eta partikularrekin harremanak bideratzea; eta kanpoko lankideen esku utzitako aholkularitza teknikoen lana zuzentzea eta lan hori obra zuzendaritzan integratzea.
-Bukaerako fasean: obren onarpena, ikuskapena, beharrezko diren izapideak, lanen azken gainbegiratua eta geroko jarraipena egitea.
-Oro har, atalen esku uzten diren obra edo jarduketa guztien kudeaketa integrala eta jarraipen osoa egitea.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkieten gainerako eginkizunak edo dagokien jarduera-esparruaren barnean haien esku uzten direnak.
2. Aurreko eginkizun horiez gain, Kontzesio Obren Atalak, herri lanen kontzesioetarako kontratuetan, eta zerbitzu ekonomiko eskudunekin lankidetzan, kontzesio kontratuak kudeatuko ditu eta haien jarraipena eginen du.
3. Lehenbiziko idatz-zatian ezarritakoez gain, honako eginkizun hauek izanen ditu Obrak Ikuskatzeko Atalak:
-Obrei buruzko hileko txostenen kontrola eta jarraipena.
-Aldian-aldian txostenak egitea Zuzendaritza Nagusiaren obrei buruz oro har, epeak, aurrekontuak eta exekuzioaren aurreikuspenak betetzen diren aztertzeko.
-Ingurumenaren arloko neurriak kontrolatu eta kudeatzea obretan.
-Obrak ingurumenean integratzeko eta edertzeko egiten diren inbertsioak kudeatzea.
-Obretako Ingurumena Zaintzeko Batzordeetan parte hartzea.
-Obren hondakindegietarako tratamendu egokia aplikatzea.
-Obra berezien jarraipen bideografikoa egitea.
-Obraren amaierako txostena egitea, onarpen aktaren aurrekoa.
-Obren likidazio proiektuak berrikustea.
-Obren nondik norakoari buruzko txostenak egitea bermealdian.
22. artikulua. Eraikuntzako Segurtasun eta Kalitate Kontrolerako Atalaren eginkizunak.
Eraikuntzako Segurtasun eta Kalitate Kontrolerako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu Nafarroako Errepide Sareko obren burutzapenaren alorrean eta eraikuntza proiektu eta obretako segurtasun eta osasunaren alorrean. Berariaz honako eginkizun hauek izanen ditu:
-Proiektu-egileei eta obra zuzendariei aholku ematea segurtasun eta osasunari buruzko gaietan, indarra duen araudiari jarraikiz.
-Obretako segurtasunaren koordinazioaren arloko kontratuak kudeatzea, hala behar denean, obra zuzendaritza guztietan integratzeko.
-Obra kontratazioetan segurtasun eta osasunari buruzko neurriak betetzen ote diren begiratzea eta horri buruzko aholkuak ematea.
-Obretako segurtasunarekin eta osasunarekin zerikusia duten gai guztien jarraipen estatistikoa egitea.
-Segurtasun eta osasun arloetan hirugarrenak prestatzea.
-Harremanak izatea segurtasun eta osasunaren arloan eskumena duten beste organo batzuekin.
-Laborategiko entseiuak sustatu, egin eta kontrolatzea.
-Materialen laborategia kudeatzea; ziurtagiriak eta homologazioak.
-Kalitate kontrolaren inguruko estatistikak, txostenak eta memoriak egitea.
-Azpiegituretan egin beharreko inbertsio planak betearazten laguntzea.
-Atalean erabiltzen diren higiezin, biltegi, lokal, makina eta materialak zaindu eta mantentzea.
-Beraren esku uzten diren obrak zuzentzea, foru dekretu honetako 21.1 artikuluan ezarritako eginkizunak betez.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak.
4. atala. Zainketa Zerbitzua
23. artikulua. Zainketa Zerbitzuaren eginkizunak.
Foru dekretu honetan jasotako eginkizunak izanen ditu bere gain Zainketa Zerbitzuak, ondoko gaiak direla eta:
-Nafarroako Errepide Sarearen zainketa integrala.
-Errepide Sarea ustiatzea eta babestea; arlo horretako baimenak eta zehapen espedienteak izapidatzea.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak.
24. artikulua. Zainketa Zerbitzuaren egitura.
Zainketa Zerbitzuak honako atal hauek ditu:
a) Zainketa Atala.
b) Ustiapen Atala.
c) Bide Segurtasunaren eta Kontrol Zentroaren Atala.
25. artikulua. Zainketa Atalaren eginkizunak.
Zainketa Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu Nafarroako Errepide Sarearen zainketa integralaren alorrean, eta berariaz honako hauek:
-Errepideak egoera onean edukitzea, erabilera eta funtzionaltasunari dagokienez. Bide sareko larrialdietarako laguntza zerbitzua. Neguan errepideak erabilgarri egoteko mantentze-lanak.
-Bide-sareko seinalizazio, balizamendu eta argiztapen lanak.
-Errepideak osorik zaintzeko programa eta inbentarioak prestatzea.
-Nafarroako Errepide Sareko zoladuren eta errepideen egoeraren bilakaeraren inbentarioak egitea. Zoladurak sendotzeko jarduketa planak egin eta garatzea.
-Nafarroako Errepide Sarean egin beharreko zainketa eta hobekuntza obrei dagozkien proiektuak prestatu eta obra horiek egin eta kudeatzea.
-Bide sareko errepideetako zoladura sendotzeko eta zeharbideak eta puntu bereziak hobetzeko obra proiektuak prestatu eta obra horiek egin eta kudeatzea.
-Estatistikak, txostenak eta memoriak egitea.
-Beste erakunde eta entitate batzuekin harremanak izatea eta koordinatzea.
-Atalean erabiltzen diren higiezin, biltegi, lokal, makina eta materialak zaindu eta mantentzea.
-Zainketa zentro berrien proiektuak zuzentzea eta obra horiek gainbegiratzea.
-Nafarroako Errepide Sareko atsedenguneetako mantentze-lanak egitea, oinezkoen babesguneetako, biribilguneetako eta behatokietako landareak eta elementu apaingarriak zaintzea eta errepideei loturik dauden inguruetako landareen tratamendua egitea.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak.
26. artikulua. Ustiapen Atalaren eginkizunak.
Ustiapen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu Nafarroako Errepide Sarearen ustiapen eta babesaren alorrean, eta berariaz honako hauek:
-Nafarroako errepideak babesteko kontrola eta esku-hartzea.
-Baimenak izapidatzea.
-Eskabideen tramitazioa errazteko informazio eredu eta inprimakiak ezartzea.
-Zainketa Ataleko langileekin batera, aurretik baimendutako lanen zuinketa eta onarpen aktak egitea, lan horiek hobeki kontrolatzeko eta errepidearen ustiapena hobea izan dadin.
-Bide sarea ukitzen duten hirigintzako ekimenak edo hirugarrenen ekimenak gainbegiratu eta horiei buruzko txostenak kontrolatzea, Errepide Sarearen babesari begira.
-Errepideak babesteko arautegian xedatutakoaren indarrez irekitzen diren zehapen espedienteak izapidatzea.
-Garraioak ikuskatzeko eta lurraldea antolatzeko arloetan lan osagarriak egitea.
-Beste erakunde eta entitate batzuekin harremanak izatea eta koordinatzea.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak.
27. artikulua. Bide Segurtasunaren eta Kontrol Zentroaren Atalaren eginkizunak.
Bide Segurtasunaren eta Kontrol Zentroaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu Nafarroako Errepide Sarearen zainketa integralaren alorrean, eta berariaz honako hauek:
-Bide segurtasunari dagokionez, istripu-tasen azterketak, arazoen analisi sistematikoak eta konponbideen proposamenak egitea.
-Istripuak eta horien zergatikoak ikuskatzea.
-Istripu ugariko tarteen eta tarte horiek kentzeko programen bilakaeraren segimendua egitea.
-Istripu ugariko tarteak kentzeko eta bide segurtasuna hobetzeko programen barrenean, azterlanak eta proiektuak prestatzea eta, behar denean, obrak kontratatu eta oso-osorik zuzentzea.
-Trazadura, lotune edo bidegurutzeen diseinuak prestatzen laguntzea, bide segurtasuna hobetzearren.
-Prestatzen diren proiektuak eta burutzen diren obrak gainbegiratzea, bide segurtasunaren ikuspegitik, eta behar diren txostenak egitea.
-Nafarroako Errepide Sareko Kontrol Zentroa ustiatzea. Honako zerbitzu hauek eskainiko ditu:
-Erabiltzaileei errepide sarearen egoeraren berri ematea etengabe.
-Bideetako seinalizazioa, informazio panel aldakorren bidez.
-Trafiko aforoen inguruko informazioa jasotzea.
-Zainketa Zerbitzuaren menpeko errepide guztietako S.O.S. zutoinen sarea integratzea.
-Errepide sareko tunelen kontrol zentralizatua.
-Meteorologiako estazioek ematen duten informazioaren kontrol zentralizatua.
-Zainketa integralean laguntzea. Negu aldeko erabilgarritasuna. Alerta egoerak.
-Errepide sareko argi-hartuneen kontrol zentralizatua.
-Errepide sarea kudeatzeko inbentario teknikoen mantentze-lanak.
-Nafarroako Errepide Sarearen erabilera neurtzea. Trafikoaren eta haren bilakaeraren azterketa. Prognosia. Planeamendu arloekin lankidetzan aritzea.
-Batzorde teknikoetan parte hartzea.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak.
III. KAPITULUA. Garraio Zuzendaritza Nagusia
1. atala. Eskumenen esparru materiala eta egitura
28. artikulua. Garraio Zuzendaritza Nagusiaren eskumen-eremua.
Garraio Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak ditu ondoko arlo hauetan:
-Garraioaren arloko politikaren planifikazioa, koordinazioa, antolaketa, kudeaketa eta jarraipena.
-Garraioaren arloko baimenak ematea.
-Garraioaren arloko zehapen espedienteak egitea. Zuzendari nagusiari dagokio espedienteak abiaraztea eta ebaztea.
-Bere eskumen-eremuko jardueretarako dirulaguntzen deialdiak egitea eta dirulaguntzak ematea.
-Segurtasuna eta osasuna zaintzea Zuzendaritza Nagusiaren eskumenekoak diren eraikuntza proiektu eta obretan.
-Indarreko xedapenek Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari emandakoetatik Zuzendaritza Nagusiaren eskumen-eremukoak diren gainerako guztiak.
29. artikulua. Garraio Zuzendaritza Nagusiaren egitura.
Garraio Zuzendaritza Nagusiaren egituran zerbitzu hauek daude:
a) Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzua.
b) Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzua.
2. atala. Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzua
30. artikulua. Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuaren eginkizunak.
Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu garraioaren arloko plangintzaren eremuan, eta berariaz honako hauek:
-Jendea eta salgaiak garraiatzeko zerbitzu publiko nahiz pribatuaren arloko plangintza.
-Garraio azpiegituren sustapena eta garapena: autobus geltokiak, geralekuak eta garraio zentroak.
-Lankidetzarako eta jarduketarako ildoak ezartzea garraio mota guztietako zerbitzuak eskaintzeaz arduratzen diren eragile publiko nahiz pribatuen aurrean aritzeko, xedea izanik Foru Komunitatean gizarte eta industri politikan finkaturiko helburuak betetzeko baldintza egokiak lortzea.
-Iruñerriko Hiri Garraiorako Planak formulatzea, Iruñerriko Hiri Garraiorako Batzordearen bidez, bai eta plan horien aplikazioaren jarraipena eta ekainaren 1eko 8/1998 Foru Legean Batzorde horri esleitutako koordinazio lanak egitea ere.
-Garraioarekin zerikusia duten jarduera eta xedapen guztietan aholku ematea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste unitateekin koordinatzea.
-Garraio-jarduera antolatzeko arauak aztertu eta prestatzea, bai eta, planeamendua gauzatzeko, esparru juridikoan beharrezkoak diren gorabeherak ere.
-Garraioaren arloan, txosten juridikoak ematea eta indarrean den araudiari buruzko informazioa eman eta bilketa-lana egitea.
-Garraioaren arloko errekurtso administratiboak izapidatzea.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak.
31. artikulua. Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuaren egitura.
Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak honako atal hauek izanen ditu bere egituran:
a) Garraioen Plangintza eta Proiektuetarako Atala.
b) Garraioen Araubide Juridikoaren Atala.
32. artikulua. Garraioen Plangintza eta Proiektuetarako Atalaren eginkizunak.
Garraioen Plangintza eta Proiektuetarako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu garraioaren arloko plangintzaren eremuan, eta berariaz honako hauek:
-Edozein modutako garraio-zerbitzuei buruzko plangintza, azterlan eta proiektuak egitea.
-Departamentuarekin eratu edo gauzatzen diren batzordeetan, proiektuetan eta lankidetza-hitzarmenetan parte hartzea, bai eta horien garapenari buruz aldizkako txostenak osatzea ere.
-Garraio azpiegituren sustapena eta garapena: autobus geltokiak, geralekuak eta garraio zentroak.
-Salgai arriskugarri eta galkorren garraioari buruz aholku ematea.
-Garraio arloko segurtasun kontseilariaren figurarekin loturik dauden eginkizunak kudeatzea.
-Zerbitzuaren dirulaguntzen espedienteak kudeatzea.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak.
33. artikulua. Garraioen Araubide Juridikoaren Atalaren eginkizunak.
Garraioen Araubide Juridikoaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu garraioaren alorrean, eta berariaz honako hauek:
-Nafarroako Foru Komunitatearen eskumeneko arloetan garraioaren jarduera erregulatzeko araudia aztertu eta prestatzea.
-Errekurtso administratiboak izapidatzea.
-Txostenak egitea, garraio zerbitzuak kontratatzen direnean eta garraioren arloko jardueretarako Foru Komunitateko Administrazioak sustaturiko dirulaguntzak ematen direnean.
-Zuzendaritza Nagusian sartuak diren zerbitzuen jarduketei buruzko aholkularitza eta txosten juridikoak.
-Foru Komunitateko, Estatuko eta Europako Batasuneko garraio arloko arauak biltzea.
-Nafarroako Garraioen Kontseiluaren Idazkaritza.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak.
3. atala. Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzua
34. artikulua. Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuaren eginkizunak.
Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu garraioaren antolamendu eta kudeaketaren alorrean, eta berariaz honako hauek:
-Garraiolarien eta garraio jarduera lagungarri eta osagarriak egiten dituzten enpresen erregistro orokorra kontrolatu eta kudeatzea.
-Baimenak kudeatzea eta gaitasun-tituluak ematea.
-Lanbiderako gaitasuna neurtzeko probak antolatzea eta prestakuntza-planak garatzea.
-Garraioaren arloko ikuskatzailetza.
-Zehapen espedienteak izapidatzea.
-Nafarroako garraioaren arloan Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeak ematen dizkion eginkizunak betetzea.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak.
35. artikulua. Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuaren egitura.
Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak atal hauek ditu:
a) Garraioen Ustiapenerako Atala.
b) Garraioen Ikuskatzailetzaren eta Arbitraje Batzordearen Atala.
36. artikulua. Garraioen Ustiapenerako Atalaren eginkizunak.
Garraioen Ustiapenerako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu garraioaren antolamendu eta kudeaketaren alorrean, eta berariaz honako hauek:
-Garraiolarien eta garraio jarduera lagungarri eta osagarriak egiten dituzten enpresen erregistro orokorra kudeatzea. Salgaien eta bidaiarien garraiorako eta horren inguruko jarduera osagarrietarako baimenak kudeatzea.
-Garraio arloko lanbiderako gaitasun-tituluak erregistratu eta ematea, bai eta deialdiak eta probak antolatzea ere.
-Garraioaren arloko prestakuntza bultzatu, proposatu eta gauzatzea.
-Jende-garraio erregular orokor nahiz bereziei (taxi eta anbulantziei) buruzko espedienteak kudeatzea eta horien gaineko txostenak egitea.
-Zerbitzuaren dirulaguntzen espedienteak kudeatzea.
-Jendearentzako garraio-zerbitzuen gaineko prozeduren katalogoa osatu eta mantentzea.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak.
37. artikulua. Garraioen Ikuskatzailetzaren eta Arbitraje Batzordearen Atalaren eginkizunak.
Garraioen Ikuskatzailetzaren eta Arbitraje Batzordearen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu garraioaren antolamendu eta kudeaketaren alorrean, eta berariaz honako hauek:
-Garraioaren arloan ikuskapen planak proposatu, prestatu eta gauzatzea eta ikuskapen orokorra, hala nola Foruzaingoarekin eta Guardia Zibilarekin eta beste administrazio publikoekin koordinatzea.
-Zehapen espedienteen tramitazioa, instrukzioa eta proposamenak egitea.
-Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeko lehendakaritza.
-Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeari esleituriko eginkizunen zuzendaritza eta kudeaketa.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak.
IV. KAPITULUA. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikoa
38. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.
Idazkaritza Tekniko Nagusiak atal hauek ditu bere egituran:
a) Araubide Juridikoaren Atala.
b) Barne Araubidearen eta Administrazio Laguntzaren Atala.
39. artikulua. Araubide Juridikoaren Atalaren eginkizunak.
Araubide Juridikoaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu Idazkaritza Nagusi Teknikoei dagozkien eskumen juridikoen alorrean, bai eta indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak ere.
40. artikulua. Barne Araubidearen eta Administrazio Laguntzaren Atalaren eginkizunak.
Barne Araubidearen eta Administrazio Laguntzaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu Idazkaritza Nagusi Teknikoei dagozkien eskumen administratiboen alorrean, eta berariaz honako hauek:
-Behar den guztia prestatzea Departamentuaren zerbitzu administratibo eta orokorrek funtzionamendu egokia izan dezaten.
-Langileen arloan Idazkaritza Nagusi Teknikoaren eskumenekoak diren gaiak izapidatzea.
-Agirien konpultsa lanak antolatu eta egitea.
-Departamentuko agirien sarrera eta irteera erregistroa kudeatzea.
-Departamentuko organoen administrazio egintzen jakinarazpenak prestatzea.
-Idazkaritza Nagusi Teknikoko unitate organikoei administrazio lanetan laguntzea.
-Indarreko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo dagokion jarduera-esparruaren barnean haren esku uzten direnak.
Lehen Xedapen Gehigarria. Eskumenak banatzeko betebehar orokorrak.
Foru dekretu honetan eta indarra duten gainerako arauetan Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko organo bati emandako eskumenak harekin mendetasun-lotura hierarkikoa duten organoen esku utzi ahalko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den xedapen orokor baten bidez. Betiere, eskumenak esleitzen dituzten arauetan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Eskumenak banatzea.
Foru dekretu honetan Garraio zuzendari nagusiari garraioaren arloko zehapen espedienteak abiarazteko eta ebazteko ematen zaizkion eskumenak Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuko zuzendariaren esku utzi dira.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetu beharreko arauak.
Indarrik gabe gelditzen dira:
1.-Urriaren 20ko 647/2003 Foru Dekretua, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.
2.-Foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
Azken Xedapenetan Lehenbizikoa. Aurrekontuaren aldaketak.
Ahalmena eman zaio Ekonomia eta Ogasun kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena. Garatzeko ahalmenak.
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetan Hirugarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek 2005eko martxoaren 1ean hartuko du indarra.