Castellano | Euskara | Français | English
51/2007 FORU AGINDUA, martxoaren 8koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, nekazari gazteak beren gain hasi direla eta nekazaritza ustiategietako inbertsioak eta eraldatu eta merkaturatzekoak hasi direla jakinarazteko prozedura ezartzen duena, Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 urteetarako Planaren esparruan
(2007ko 32. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 14an)
Atarikoa
Kontseiluak, irailaren 20ko 1698/2005 EE Erregelamenduaren bidez, Europar Batasunak landa garapenerako FEADERen bidez finantzaturiko laguntzari buruzko arau orokorrak ezarri zituen. Erregelamendu hori Nekazaritza aldeen garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsa-FEADERen bidez landa garapenerako ematen den laguntzari dagokio.
Europar Batasuneko erregelamendu horren barruan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa Landa Garapenerako 2007-2013 urteetarako Programa prestatzen ari da. Programa horrek bat etorri behar du Landa Garapenerako 2007-2013 Esparru Nazionalarekin. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak zehaztu behar du esparru hori. Programa hori prestatu ondoren, Europar Batzordeari igorriko zaio, onets dezan. Gero, 2007ko lehen lau hilabeteetan, bertan aipatzen diren laguntzei buruzko arauak argitaratuko dira.
Arau horietan laguntzaren osagaiak zehaztuko dira, Europar Batasunean aplikatzekoak diren erregelamenduekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat. Osagai horien artean laguntza eskabideak aurkezteko epea dago.
Hala ere, 1698/2005 EE Erregelamenduko 71. artikuluan xedaturikoarekin bat, FEADERen laguntzaren xede izan daitezkeen gastuak 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera pagatu diren laguntzak direnez, nekazari gazteak beren gain hasteko, nekazaritzako ustiategiak modernizatzeko eta nekazaritza produktuak eraldatu eta merkaturatzeko laguntzei buruzko arauek indarra hartzen ez duteino, bidezko da prozedura ezartzea nekazariek eta enpresek beren gain hasteko edo inbertsio proiektua hasteko eguna jakinarazi ahal dezaten, haien berri izan ahal izateko eta, bidezko bada, ez hasteko aurretiazko akta egiteko.
Neurri honen xedea onuradunendako edozein eragozpen saihestea da, beren gain hasteko edo inbertitzeko erabakiak hartzerakoan. Hala ere, haren ondorio bakarra proiektuak hasteko eguna finkatzea da, haien ondoriozko gastu guztiak dirulaguntzen xede izan ahal daitezen, arauetan ezartzen diren betebeharrak betetzen badituzte.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:
Artikulu Bakarra
Nekazariak beren gain hasiko direla edo inbertsio proiektuak hasiko direla aldez aurretik jakinaraztea.
1. Beren gain hasi nahi duten nekazariek edo nekazaritza ustiategietan inbertsioak edo nekazaritza produktuak eraldatu eta merkaturatzekoak egin nahi dituztenek, Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren barruan ezartzen diren laguntzak hartu nahi badituzte, aldez aurretik jakinarazten ahalko diote Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.
2. Jakinarazpen hori eskabide orokorraren bidez eginen da eta kontu hauek bildu beharko ditu:
-Eskatu nahi den laguntza mota (beren gain hastekoa, nekazaritza ustiategiak modernizatzekoa edo nekazaritza produktuak eraldatu eta merkaturatzekoa).
-Inbertsioen azalpen laburra.
-Aurreikusten den gastuaren zenbatekoa, gutxi gorabehera.
-Hasteko aurreikusten den eguna.
-Inbertsioen tokia, herria, poligonoa eta lurzatia aipatuz.
-Beste edozein argibide interesgarri.
3. Bidezko denean, Administrazioak jarduera hasi aitzineko akta eginen du.
Azken Xedapen Bakarra
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.