(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Foru Agindua, maiatzaren 28koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana; beraren bidez laguntzak ezarri dira nekazaritzako sozietateak eratzeko nekazaritzako azpiegiturak behar diren aldeetan, lursailak, gutxienez ...

FORU AGINDUA, maiatzaren 28koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana; beraren bidez laguntzak ezarri dira nekazaritzako sozietateak eratzeko nekazaritzako azpiegiturak behar diren aldeetan, lursailak, gutxienez ere ureztalurren ustiapenerako oinarrizko azalera izan behar dutenak, ureztalur bihurtzeko edo oraingo ureztalurrak presiozko ureztaketaren bidez modernizatzeko

(2003ko 90. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 14an)

Atarikoa

Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduko 7. artikuluan laguntzak ezarri ditu nekazaritzako sozietateak eratzeko nekazaritzako azpiegiturak behar diren eremuetan, hain zuzen ere nekazaritzako lurrak ureztalur bihurtzeko edo oraingo ureztalurrak modernizatzeko presiozko ureztaketa ezarriz, beti ere aurrean aipatutako foru legean ureztalur-unitateez ezarritako baldintzak betez. Sozietate horien helburu nagusia nekazaritza izan behar da: kideek gutxienez ere ureztalurren oinarrizko azalera landu behar dute denek batera. Jarduera horren osagarri nekazaritzarekin lotutako industriako eta energia-sorkuntzako jarduerak ere egin ditzakete.

Erregelamendu betearazle horretan xedatutakoa aplikatuko bada, haren arauak foru agindu baten bidez garatu behar dira.

Aipatu foru dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari ahalmena ematen dio hura garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea nekazaritzako azpiegiturak behar diren aldeetan nekazaritzako sozietateak eratzeko laguntza publikoak ezartzea da, hain zuzen ere lursailak ureztalur bihurtzeko edo oraingo ureztalurrak presiozko ureztaketa-sistemen bidez modernizatzeko; lursailek Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean ureztalur-unitateez ezarritakoa bete behar dute.

2. artikulua. Titularren betekizunak eta baldintzak.

Sozietatea Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko 44. eta 45. artikuluen itzalpean eratu ahal izateko eta foru agindu honetan ezarritako dirulaguntzak jaso ahal izateko, sozietatera lurrak ekartzen dituzten titularrek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Esku hartzen den eremuan dituzten lurren azalera ureztalurren oinarrizko unitatearena baino txikiagoa bada, titularrek lur guztiak ekarri behar dituzte nekazaritzako sozietate berrira.

b) Esku hartzen den eremuan dituzten lurren azalera zeinahi ere dela, nekazaritzan zuzenean jarduten jarraitu nahi ez duten titularrek baja eman behar dute esku hartuko den eremuko titular gisa Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan.

Sozietateko bazkide bakoitzak finka bat baizik ezin gorde izanen du beretzat, hain zuzen ere merkataritzarako erabiliko ez den nekazaritzako saila, gehienez ere koadro izanen dituena.

3. artikulua. Eratzeko epea.

Nekazaritzako sozietateak ureztaketarekin esku hartzeko eremuko nekazaritzako azpiegiturei buruzko foru dekretua ematen denetik lurzati-berrantolamenduaren oinarriak onetsi arteko epealdian eratu behar dira.

4. artikulua. Baldintzak.

Hala eratuko diren nekazaritzako sozietateek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Beraien xede nagusia nekazaritza izan behar da; osagarri gisa nekazaritzarekin lotutako industriako eta energia-sorkuntzako jarduerak ere egin ditzakete.

b) Nekazaritzako azpiegituretan esku hartuko den eremurako ezarritako oinarrizko ureztalur-unitatera iritsi behar dira.

c) Hiru bazkide izan behar dira gutxienez, eta haietako batek zuzenean eta pertsonalki jardun behar du sozietatearen lanetan.

d) Erabakiak hartzen dituzten organoetako ordezkari gehienek nekazaritza izan behar dute jarduera nagusia.

e) Sozietateek hamabost urte iraun behar dute gutxienez.

f) Sozietatea eskritura publikoaren bidez eratu behar da.

g) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatu behar dira.

h) Helbide soziala Nafarroan izan behar dute.

5. artikulua. Laguntzak.

Foru agindu honetan adierazitako moduan eratzen diren nekazaritzako sozietateek, hemen ezarritako konpromisoak betez gero, laguntza hauek jasotzen ahalko dituzte:

a) Bazkideek ekarritako lurren balioaren ehuneko hamarreko oinarrizko dirulaguntza; lurren balioa zehazteko, esku hartu baino lehen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak eremurako ezarritako moduluak aplikatuko dira. Dirulaguntzaren oinarri den azalera ezin da izan foru dekretuan nekazaritzako azpiegituretan esku hartuko den eremurako ezarritako oinarrizko ureztalur-unitatea halako bi baino gehiago.

b) Nekazaritzako sozietatearen lurren azalera oinarrizko ureztalur-unitatea halako bi bada, edo gehiago, dirulaguntzaren portzentajea %15 izanen da.

c) Portzentaje beste 2 igoko da nekazaritzako sozietatea eratu aurretik nekazaritzari uzten dion jabe bakoitzeko (nekazaritzari uzteko lur jabeak baja eman behar du Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan.

d) Nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbatekoa ez da izanen lurren balioaren %25 baino gehiago; balorazioa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak eginen du esku hartuko den eremurako ezarritako moduluak aplikatuz.

6. artikulua. Eskabideak.

1. Laguntza eskaerak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari zuzenduko zaizkio, edo bestela Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako bideetatik aurkeztu ahalko dira.

2. Eskabideak aurkezteko epea nekazaritzako azpiegituretan esku hartzeko foru dekretua onesten den egunean hasiko da eta lurzati-berrantolamenduaren oinarriak onesten diren egunean amaituko da.

3. Laguntza eskaerari agiri hauek erantsiko zaizkio, gutxienez:

a) Sozietatearen IFKren fotokopia.

b) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko inskripzioaren ziurtagiria.

c) Erregistroan baja ematen duten ustiategien ziurtagiria.

c) Sozietatea eratzeko eskritura publikoa eta haren estatutuena.

e) Eratutako sozietate gutxienez 15 urtean iraunarazteko konpromiso idatzia.

f) Sozietateko kide bakoitzak ekarritako lurzatien zerrenda eta esku hartuko den eremuan kideek sozietatetik kanpo beretzat gordetako lurzatiena, zeinek bere azalera adierazita duela.

g) Sozietateko kide batek, gutxienez, zuzenean eta pertsonalki ustiapen lanetan parte hartuko duelako konpromisoa, idatzizkoa.

7. artikulua. Ematea eta ordainketa

1. Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien zuzendari nagusiak, aurkeztutako agiriak eta egindako txostenak ikusirik, eskaerak ebatziko ditu.

2. Administrazio ebazpenak agiriak aurkezten direnetik sei hilabete igaro aurretik jakinarazi behar dira, beti ere aurrekontuan nahikoa diru badago. Epealdi horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, gaitziritzi egin zaiola pentsatu beharko du.

8. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Foru agindu honetan aurreikusita dagoen dirulaguntza hartzen dutenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egiten duen edozein egiaztapen onartzea, eman edo hartutako dirulaguntzekin zerikusia dutenak.

b) Helburu bereko beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu izanaren berri ematea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.

c) Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntza kobratu izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

d) Laguntza jasotzeko ezarri diren baldintza guztiak betetzea 15 urtean gutxienez.

9. artikulua. Laguntza itzultzea.

Dirulaguntzak emateko eskatzen diren baldintza eta konpromisoak bete ezean, laguntzak oso-osorik itzuli beharko dira, baita bidezko diren berandutza korrituak ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuenak, xedatzen du arau-hauste eta zehapenen araubidea.

2. Arau-hausteak zehazteko eta zehapenak jartzeko prozedura abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuari lotuko zaio, hots, nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloko zehapen prozedura administratiboa onesten duenari.

11. artikulua. Laguntzei uko egitea.

Onuradunen bati eman zaion dirulaguntza interesatzen ez bazaio, laguntzari uko egiten diola jakinarazi beharko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari idatziz, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hogeita hamar eguneko epean. Hala egiten ez badu, onuradunak laguntza eta baldintzak onartzen dituela ulertuko da.

Lehen Xedapen Gehigarria

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoari men eginen zaio.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Foru agindu honen aplikazio bidean ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hirugarren Xedapen Gehigarria

Foru agindu hau aplikatzeko gastuak Nafarroako Aurrekontu Orokorreko 720001-72120-7700-531202 kontusailaren kargura ordainduko dira ("Ustiategien oinarrizko azalerak eratzeko laguntzak").

Azken Xedapen Bakarra

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa