Castellano | Euskara | Français | English
2123/2007 EBAZPENA, abuztuaren 20koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko maisu-maistren kidegoan sartzeko oposizio-lehiaketa bidezko deialdiko parktikaldia arautzen duena
(2007ko 110. NAOn argitaratutako testua, irailaren 5ean)
Atarikoa
Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak martxoaren 22an emandako 492/2007 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko maisu-maistren kidegoan sartzeko oposizio-lehiaketa bidezko deialdia onetsi zen (2007ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 13koa).
Maisu-maistren kidegoan sartzeko oposizio-lehiaketa bidezko deialdiaren hamaikagarren eta hamabigarren oinarrietan ezartzen da aukeratutako izangaiek praktikaldia egin beharko dutela, oposizio-lehiaketa gainditu duten izangaiek irakaskuntzarako gaitasuna ba ote duten egiaztatzeko.
Beraz, deialdiaren oinarri horiei jarraikiz, bidezkoa da praktikaldia arautu eta hura baloratuko duen Batzorde Kalifikatzailearen kideak izendatzea.
Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 43/2005 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak laugarren puntuan ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, ebatzi dut:
Lehena
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko maisu-maistren kidegoan sartzeko oposizio-lehiaketa bidezko deialdiko praktikaldia Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak martxoaren 22an eman zuen 492/2007 Ebazpenaren bidez onetsi zen. Praktikaldiaren xedea deialdi horretan hautatutako izangaiek irakaskuntzarako gaitasuna ba ote duten egiaztatzea izanen da, eta ebazpen honetan ezartzen den prozeduraren arabera eginen da.
Bigarrena
Praktikaldiko Batzorde Kalifikatzaileak kide hauek izanen ditu:
-Batzordeburua: -Hezkuntza Departamentuko Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendaria, edo bere ordezko ikuskatzailea.
-1. batzordekidea: Hezkuntza Departamentuko Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari atxikitako ikuskatzaile bat.
-2. batzordekidea: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko bateko zuzendaria, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendariak izendatua.
-3. batzordekidea: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko bateko zuzendaria, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendariak izendatua.
-Batzordekide-idazkaria: Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileria Ataleko burua.
Batzorde Kalifikatzaileak praktikaldia zorroztasunez eta eraginkortasunez egiten den begiratuko du. Hori helburu, informazioa eta frogak eskatzen ahalko dizkio praktikaldiaren ebaluazioan parte hartzen duen edozein pertsonari.
Batzorde Kalifikatzaileak prozesua bukatzean ebaluatuko ditu izangaiak.
Hirugarrena
1. Tutoreak ikastetxeko zuzendariak izendatuko ditu, ahal dela izangaiaren espezialitatekoak diren eta destinoa izangaiaren praktikaldiko ikastetxean duten maisu-maistren artetik hautatuta eta, ezinezkoa bada, irakasle tutore ikasketaburua izendatuko da, edo ikastetxeko edozein irakasle, Batzorde Kalifikatzaileak hautatuta. Eta, hala behar izanez gero, irakasle tutorearen eginkizunak izangaiak praktikak zein ikastetxetan egin eta ikastetxe horretako ikuskatzaileak beteko ditu.
Zuzendariak tutorearen izendapenaren berri emanen die irakasle tutoreari, izangaiari eta Batzorde Kalifikatzaileari, 2007ko irailaren 15a baino lehen. Batzorde Kalifikatzailearentzako jakinarazpena Giza Baliabiden Zerbitzuko Langileria Atalera igorriko da.
Praktikaldian gorabeheraren batek eragozten badio tutoreari lan horretan aritzea, zuzendariak beste tutore bat izendatuko du, aipatu diren irizpideei jarraikiz, eta Batzorde Kalifikatzaileari jakinaraziko dio izendapen hori.
2. Irakasle tutoreak aholku eta argibideak emanen dizkie praktikaldiko funtzionarioei, urteko programazio orokorraren ondoko alderdiei buruz:
-Ikastetxearen hezkuntza-proiektua.
-Etapako curriculum-proiektua.
-Hobekuntza eta kalitateko proiektua.
-Atlante proiektua.
-Memoria administratiboa: Ikastetxearen Antolamendurako Agiria (IAA), estatistika, instalazioak, ekipamendua, etab.
-Gobernu organoen antolaketa eta funtzionamendua.
-Hezkuntza komunitatearen parte hartzea eta koordinazio didaktikoa.
Irakasle tutorea, ikasketaburua eta ikastetxeko zuzendaria praktiketako funtzionarioaren bi eskoletara joanen dira gutxienez, eta horiei buruzko txosten bana egin eta Batzorde Kalifikatzaileari igorriko diote abenduaren 31 baino lehen, eta beste bat praktikaldia bukatutakoan. Txosten horiek ebazpen honen I. eranskineko ereduaren eta jarraibideen arabera eginen dira.
3. Praktikaldia bukatzean, irakasle tutoreak, ikasketaburuak eta ikastetxeko zuzendariak txosten bana eginen dute, ebazpen honen II. eranskinean dauden alderdiei buruzko balorazioa eta interesgarritzat jotzen dituzten bestelakoen berri emateko. Txostena Batzorde Kalifikatzaileari igorriko diote.
Praktikak egiten ari diren funtzionarioek, destinoa eskola unitario edo osatugabe batean badute (halakotzat hartuko dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako etapako ziklo bakoitzean gutxienez unitate bat duten eskolak), ikastetxe horietako ikuskatzaileek praktikak egiten ari diren irakasleen ebaluazioa eginen dute, ebazpen honen I. eta II. eranskinei jarraikiz, eta zuzendaritzatik edo beste edozein informazio iturritatik biltzen ahalko dute beharrezko edo egoki deritzoten informazioa. Ebaluazioa Batzorde Kalifikatzaileari igorriko diote.
Izangaiak 2. maila lortzen ez duenean, kalifikazioa negatiboa izanen da, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan azaltzen diren adierazle guzti-guztietan.
Laugarrena
1. Lanpostuan txertatzeko jarduerak, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak martxoaren 22an eman zuen 492/2007 Ebazpenaren hamabigarren oinarriaren 3. puntuan aipatutakoak, ondoko hauek izanen dira: gelako programazioari eta ikasleen ebaluazioari buruzko jarduerak, irakasle tutoreak begiratuak, hala nola gobernurako organoen funtzionamenduari, parte hartzeari eta ikastetxearen koordinazioari buruzko informazioa, arreta berezia jarriz ikasleen tutoretzan.
2. Praktiketako funtzionarioek prestakuntza jarduera hau egin beharko dute: "Ikastetxeetan irakastearen oinarrizko alderdiak". Hori egitea ezinbesteko baldintza izanen da "gai" kalifikazioa lortzeko.
Irakasleen Prestakuntzako Atalak izangaien gaineko txostena igorriko dio Batzorde Kalifikatzaileari, eta hartan egiaztatuko da praktiketako funtzionarioek arestian aipatutako ikastaroa praktikaldian egin dutela edo hura bukatzean egiten ari direla.
3. Batzorde Kalifikatzaileak izangaiei amaierako txosten-memoria bat eskatuko die, gehienez ere hamabost foliokoa, ondoko alderdi hauei buruzko informazioa jasotzeko: praktikaldian egin duten lana, aurkitu dituzten oztopoak eta jasotako laguntzak.
Txosten-memoria hori praktiketako funtzionarioak Batzorde Kalifikatzaileari igorriko dio, praktikaldia bukatu eta hilabeteko epean. Izangaiari txosten-memoria hori egitea errazteko, ebazpen honen III. eranskinean txosten-memorian islatu behar diren zenbait alderdi edo atal jasotzen dira.
Bosgarrena
1. Batzorde Kalifikatzaileak izangaien ebaluazioa eginen du, ondokoak abiapuntutzat harturik:
a) Praktiketako funtzionarioak gelan egindako lanari buruzko txostenak, irakasle tutoreak, ikasketaburuak eta ikastetxeko zuzendariak beren aldetik egin beharrekoak, I. eranskineko ereduaren arabera.
b) Praktikaldiari buruzko txostenak, irakasle tutoreak, ikasketaburuak, ikastetxeko zuzendariak eta, behar izatera, ikuskatzaileak beren aldetik igorritakoak, II. eranskineko ereduaren arabera.
c) Izangaiaren amaierako txosten-memoria.
Destinoa eskola unitario edo osatugabe batean duten praktiketako funtzionarioen ebaluazioa egin behar denean, ikastetxeko ikuskatzaileak eginen du praktikaldiari buruzko txostena.
Izangaiak 2. maila lortzen ez duenean, kalifikazioa negatiboa izanen da, ezarri diren adierazle guzti-guztietan.
Kalifikazioa negatiboa bada a), b) eta c) ataletan aipatzen diren txostenetako edozein adierazletan, berriz egin beharko dira praktikak 2008-2009 ikasturtean.
Irakasle tutoreak, ikasketaburuak eta ikastetxeko zuzendariak beren txostenetan azaldu beharko dute zertan oinarritu diren eta zer dokumentazio erabili duten txostenak egiterakoan.
Batzorde Kalifikatzaileak, egokia iruditzen zaionean, txosten osagarri bat eskatzen ahalko dio ikastetxeko ikuskatzaileari, a), b) eta c) ataletan aipatutako puntu eta alderdiei buruz. Txosten hori egitea nahitaezkoa izanen da ikuskatzailearentzat, baldin eta a) eta b) ataletako txostenetan azaltzen diren puntuazioetakoren bat negatiboa bada eta kontraesana badago txosten horien eta izangaiaren txosten-memoriaren artean (aurreko c) atalean aipatutakoa).
Batzorde Kalifikatzailearen erabakia "gai" eta "ez gai" terminoetan adieraziko da. Praktiketako funtzionarioari "gai" kalifikazioa emanen zaio, irakasle tutorearen, ikasketaburuaren edo ikastetxeko zuzendariaren txostenetan kalifikazio positiboa dagoenean adierazle guzti-guztietan (hori lortzen da bakoitzean 2. mailara iritsiz gutxienez), betiere ikastetxeko ikuskatzaileak desadostasun txostena eman ez badu. Praktikak egiten ari diren funtzionarioei, destinoa eskola unitario edo osatugabe batean badute, "gai" kalifikazioa emanen zaie, ikastetxeko ikuskatzaileari eskatutako txostenak kalifikazio positiboa duenean adierazle guzti-guztietan.
2. Batzorde Kalifikatzaileak praktiketako funtzionarioen zerrenda, lortutako puntuazioa barne, igorriko dio Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari.
3. "Ez gai" kalifikazioa lortzen duten praktiketako funtzionarioek karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emandako ebazpen arrazoituaren bidez.
Seigarrena
Batzorde Kalifikatzailea 2007ko irailaren 30a baino lehen osatuko da. Batzordea ezin izanen da osatu kide guztiak bertan ez badaude, ezinbestean izan ezik, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak hala erabakitzen badu.
Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak baimena emanen du, justifikatutako arrazoiak medio, Batzordean baja sortu behar duten kideen ordezpenak egiteko.
Batzordeak ezin izanen du kalifikazioak ("gai" eta "ez gai") jasotzen dituen behin betiko aktarik idatzi, gutxienez batzordeburua, idazkaria eta batzordekideen erdiak bertan ez badaude. Nolanahi ere, Batzordea eratu ondoren, ezinbesteko arrazoiak edo ustekabeko gorabeherak direla-eta, ezinezkoa bada batzordekideren bat edo batzordeburua edo idazkaria bertan egotea, horren berri eman beharko zaio Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari, bidezkotzat jotzen duen ebazpena eman dezan.
Zazpigarrena
Praktikak 2007ko irailaren 1ean hasi eta 2008ko martxoaren 1ean bukatuko dira.
Batzordeak amaierako akta idatziko du 2008ko maiatzaren 31 baino lehen. Batzorde Kalifikatzaileak beharrezkotzat jotzen badu, txosten osagarri bat egiten ahalko du, bere jardueren garapenari buruz.
Zortzigarrena
Praktiketako funtzionarioren bat aldi baterako ezintasunean, amatasun bajan edo praktikaldia egitea galarazten dion beste egoeraren batean baldin badago, praktikaldiaren bukaera data atzeratzea eska diezaioke Batzorde Kalifikatzaileari, behar den ebaluazioa egin ahal izateko.
Ebaluazio Batzordeak baimena emanen du praktikaldia atzeratzeko, baldin eta izangaiak ebazpen honetan praktiketarako ezarri den aldia maiatzaren bigarren hamabostaldia baino lehen egin badezake.
Praktiketako funtzionarioaren gorabehera bereziak direla-eta, ezinezkoa bada praktikaldia 2007-2008 ikasturtean bukatzea eta 2007-2008 ikasturtean osorik egitea, Kalifikazio Batzordeak erabakitzen ahalko du 2007-2008 ikasturtean praktikak egiten benetan emandako denbora hurrengo ikasturtean kontatzea.
Bederatzigarrena
Praktikaldian praktiketako funtzionarioei azterketa medikoa eginen zaie, irakaslanean modu egokian aritzeko beharrezkoak diren baldintza fisiko eta psikikoak betetzen dituzten egiaztatu ahal izateko.
Azterketa medikoaren ondorioz baldintza guztiak betetzen ez dituztenek karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte.
Hamargarrena
Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hamaikagarrena
Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Hamabigarrena
Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuari eta Batzorde Kalifikatzaileko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.
I. ERANSKINA. Behaketa, gelan
PRAKTIKETAKO FUNTZIONARIOAK GELAN EGINDAKO LANAREN BEHAKETARI BURUZ ZUZENDARIAK, IKASKETABURUAK ETA IRAKASLE TUTOREAK EGIN BEHARREKO TXOSTENERAKO ADIERAZLEAK
Praktikak egiten ari den funtzionarioa:
Ikastetxea:
Adierazleak.
1.-Edukiak ikasleen adinera egokitzea, zorroztasun kontzeptuala galdu gabe.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Akats kontzeptual batzuk ikusi dira bere azalpen eta argibideetan. Oso hizkera jasoa erabiltzen du eta ikasleek ez diote ez ulertzen ez jarraitzen. Argi ikusten da arloko irakasgaia edo/eta didaktika gutxi menperatzen duela. Ez da seguru sentitzen eta azalpen nahiz argibideak ematean testuliburutik ez aldentzen saiatzen da. Azalpenak ez ditu argi eta koherentziaz ematen. Ikaskuntza mekanikoak sorrarazten ditu, esanguratsuak baino gehiago. Landutakoa ez du laburbiltzen ikasleei ulertzen laguntzeko eta ikasitakoan hutsunerik ez izateko. Unitate didaktikoa hastean, ez du kontuan hartzen ikasleek aldez aurretik zer dakiten.
2. maila.-Ikasleek ongi ulertzeko moduan ematen ditu azalpenak, terminologia egokia erabiliz. Hiztegi arrunta eta unitate didaktikoko terminologia batera erabiltzen ditu. Landutako eduki edo alderdiak egoki ulertzen dira. Ikasleek nabarmen bereganatzen dute ikasitakoa.
3. maila.-Irakasleak unitate didaktikoko edukiak oso ongi menperatzen dituela ikusten da; kontzeptu bat ikuspegi desberdinetatik eta zehaztasun eta abstrakzio maila desberdinen bidez azaltzen du. Ezin hobeki egokitzen da ikasleen pentsamoldera eta horiek nabarmen ikasten dute.
2.-Ikasleak motibatzeko eta beren interesa pizteko gaitasuna.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Ikasle gehienek ez dute "bat egiten" irakaslearekin. Jokaera pasiboa dute. Eskoletan "gogoa beste nonbait dutela" ematen du. Irakasleak ez ditu adibideak eta beste estrategia didaktiko batzuk erabiltzen gaiarekiko interesa pizteko, arreta mantentzeko eta lan giroa izaten laguntzeko. Irakasleak tarteka alde egiten du gelatik, inolako justifikaziorik gabe.
2. maila.-Ikasle gehienek klasea segitzen dute, nolabaiteko interesarekin. Batzuek interes handia erakusten dute. Baliteke talde txiki bat motibaziorik gabe egotea eta eskolaz "paso egitea", baina ez dira oztopo klasean. Ez dago inolako diziplina gabeziarik edo desordenik.
3. maila.-Ikasle gehienek irakaslearekin bereziki "bat egiten" dute. Egiten diren lanetan parte hartu eta motibazioz jokatzen dute. Lan giro ona ikusten da. Irakasleak ikaslea bideratu egiten du, akatsak zuzentzen dizkio eta asmatzen duenean adore ematen dio. Gainera, unitate didaktiko edo klaseko saio bakoitza hastean, sarrera edo motibaziorako jarduerak egiten ditu.
3.-Gelan lan giro ona sortzeko gaitasuna eta eskolako diziplina menperatzea.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Ez dago lan giro normalik klasean. Irakasleak ez du klasea "menderatzen". Desordena dago, beharrezkoa den isiltasuna falta da eta ez dago diziplinarik. Irakasleak denborarik gehiena ohartarazten eta ordena jartzeko ahaleginean pasatzen du. Azaldutakoa maiz errepikatu behar izaten du. Disrupzio maila handia da eta tentsioa dago gelan.
2. maila.-Lan giro normala dago klasean, berotasun handirik ez, baina "utzikeriarik" ere ez. Ez dago diziplina arazorik. Alde horretatik, giroa lasaia eta tentsiorik gabea da. Klaseko disrupzio kasu batzuk izan daitezke, baina irakasleak badaki horiek menderatzen eta ohiko egoerara itzularazten.
3. maila.-Oso lan giro ona dago. Berez ezartzen da diziplina. Ez dago inolako tentsiorik eta ikasleek beren lanean jartzen dute arreta. Irakaslearen agintea irakasle gisa duen ospearen ondorio da.
4.-Argitasuna eta koherentzia azalpenetan. Zalantzak argitzea.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Azalpenak nahasiak dira, ordenarik gabeak, ikasleek ulertzeko zailak, ez baita kontuan hartzen ez haien adin kronologikoa ez adimen adina. Deseroso sentitzen da ikasleek ez diotela ulertzen konturatzen denean. Esandakoa hitz berekin edo antzekoekin errepikatzeko joera du (batzuetan ozenago hitz eginez). Agertzen diren zalantzak argitzeko, testuliburua begiratzeko esaten die ikasleei, besterik gabe. Klasearen erdiak edo gutxiagok segi ditzake bere azalpenak.
2. maila.-Irakasleak nahiko argi azaltzen du unitate didaktikoaren edukia, zeinak zikloko programazioarekin koherentea izan behar baitu, eta kontzeptu zailak ikasleei ulerterraz egiten dizkie. Ikasleen %60 edo %70ak, gutxi gorabehera, lehenengo aldian ulertzen ditu azalpenak. Berriz azaldu eta gero, portzentajea %80ra edo gehiagora igotzen da.
3. maila.-Irakasleak azalpenak ematen dituen moduan, ikasle desmotibatuenek edo adimenez beste batzuk baino urriago direnek maila zehatz batean ulertzea lortzen dute. Adibideak, analogiak eta eguneroko bizitzako egoerak erabiltzen ditu azalpenetan laguntzeko (baina pasadizoz betetako klasea izan gabe). Funtsezko puntuak eta zailtasun handienekoak errepikatu egiten ditu eta gehiago nabarmentzen, hitz eta ikuspegi berberak erabili gabe. Ikasitakoa zabaltzeko, aberasteko eta finkatzeko jarduerak proposatzen ditu.
5.-Aniztasunari erantzun egokia emateko estrategiak diseinatzen ditu.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Ez da aniztasunari erantzuteko ahaleginik sumatzen. Irakasleak taldea homogeneoa balitz bezala ematen ditu azalpenak eta proposatzen ditu jarduerak. Gehienez ere, ikaskuntzan desfasea duten ikasleei laguntzeko jarduera batzuk aurreikusten ditu. Ez du aniztasunaren tratamenduarekiko sentsibilitaterik erakusten eta, beraz, arlo horretan ez du estrategia didaktikorik diseinatzen modu serio eta koherentean.
2. maila.-Irakasleak ahalegina egiten du azalpenak eta lana klaseko "batez besteko" egoerara egokitzeko, zailtasun gehien duten ikasleak ahaztu gabe. Denbora eta eremuen antolaketa aurreikusten du, ikasteko erritmo eta maila desberdinak dituzten ikasleei laguntzeko gela barnean; jarduera errazagoak planteatzen dizkie, unean-unean gehien behar dutenei laguntzeko, etab. Hori guztia gelako ikasle guztiekin lan egiteko joerari segituz.
3. maila.-Irakasleak aniztasunari erantzuteko moduan antolatua du klasea. Taldearentzako estrategiak eta bakarkako lanak bateratzen ditu. Ikasleek lan pertsonalizaturako jarraibideak dituzte. Gainera, beharrezkoa duten ikasleentzat curriculumak egokitzeko lanean parte hartzen du.
6.-Testuliburua eta beste material didaktiko batzuk erabiltzea.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Irakaslea testuliburuari hertsiki eta mekanikoki lotzen zaio. Ez du bere azalpenik ematen edo ekarpenik egiten liburukoa osatzeko. Noiz edo noiz, baina oso gutxitan, kontsultarako beste material bat edo beste baliabide material osagarri batzuk erabiltzen ditu. Baina, oro har, mekanikoki eta hitzez hitz segitzen ditu testuliburuko jarduerak.
2. maila.-Irakasleak gelako lanaren ardatz gisa erabiltzen du testuliburua. Hala ere, azalpenak zabaltzen ahalegintzen da eta ariketak hautatu edo berak prestatzen ditu. Noizean behin beste baliabide material batzuk erabiltzen ditu informazio osagarria lortzeko. Testuliburua irakaslearen xedeen zerbitzura dago eta ez alderantziz.
3. maila.-Irakasleak testuliburua modu sortzaile eta pertsonalean erabiltzen du. Beste baliabide bat gehiago da. Beste baliabide batzuk ere erabili ohi ditu (prentsa idatzia, ikus-entzunezko baliabideak eta teknologikoak, kontsulta liburuak, liburutegia, etab.), ikasten diren gaien lagungarri eta osagarri.
Data: ..............................
Sinadura: ..............................
II. ERANSKINA. Irakasle praktika
PRAKTIKETAKO FUNTZIONARIOAREN IRAKASLE PRAKTIKARI BURUZ IRAKASLE-TUTOREAK ETA IKASKETABURUAK EGIN BEHARREKO TXOSTENERAKO ADIERAZLEAK
Praktikak egiten ari den funtzionarioa: ...............................
Ikastetxea: ..................................
Adierazleak.
1.-Edukiak sekuentzia bidez egoki banatzen ditu ziklo osoan.
Puntuazioa - Maila
1. maila.-Ez dago inolako dokumenturik, edukiak zikloan (maila orokorrean) eta kurtsoan (berariazko mailan) nola banatuko diren azaltzen duenik. Uste da banaketa bat datorrela argitaletxe baten proiektuarekin eta ez dagoela ekarpen pertsonalik ikasleen arabera egokitzeko; ez dago denboraren arabera banatutako sekuentziarik.
2. maila.-Badago dokumentu bat, edukiak zikloan (maila orokorrean) eta kurtsoan (berariazko mailan) nola banatuko diren azaltzen duena. Sekuentziak denboraren arabera duen banaketa logikoa eta klaseari ongi egokitua da, edukiak antolatzeko ekarpen pertsonalak dauzka eta kontuan hartzen ditu irakasgaiaren egitura logikoa eta ikasleen ezaugarriak.
3. maila.-Gainera, sekuentziek lotura esplizitua dute aurreko kurtso edo ziklokoekin, errazago ulertzen laguntzeko.
2.-Klaseak prestatzen dituenean, proposatutako helburu eta edukiak betetzeko egokiak diren jarduerak programatzen ditu.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Ez dago jarduera didaktikorik programazioan. Ez da inolako dokumenturik ageri, klaseak aurretik prestatzen dituela erakusten duenik.
2. maila.-Klaseak prestatzen dituenean, jarduera bereiziak programatu ohi ditu, ikasleen erritmo eta ezaugarri desberdinei egokitzeko (irakaslearen koadernoan, bere programazioan edo beste edozein dokumentutan, jardueren plangintza sistematikoa ikusten da, eta ez funtsik gabekoa).
3. maila.-Klaseak xehero-xehero prestatzen ditu. Behar dituen jardueren eta materialen plangintza egiten du. Nabarmen osatzen ditu testuliburuko jarduerak, eta horrek aberastu egiten du lantzen ari diren unitate didaktikoaren trataera.
3.-Ebaluazio irizpideak ezarri eta aplikatzen ditu, bai eta kalifikazio irizpideak ere, eta horiek bat datoz aurreikusitako helburu eta edukiekin.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Ez du ongi zehaztutako irizpiderik ikasleek ikasten dutena ebaluatzeko, eta batzuk baldin baditu, ez datoz bat programazioan aurreikusitako helburu eta edukiekin. Ez du halako irizpideak biltzen dituen dokumenturik.
2. maila.-Programazioaren helburu eta edukiekin bat datozen ebaluazio eta kalifikazio irizpideak dauzka. Egiten dituen kontrol guztietan eta erabiltzen dituen behaketa eskaletan aplikatzen ditu, bai eta ikasleen lanak baloratzeko irizpideetan ere.
3. maila.-Aurrekoaz gain, irizpideak oso ongi azalduta daude. Helburuen eta edukien dimentsio guztiak biltzen dituzte: kontzeptuak, prozedurak, jarrerak. Ebaluazio irizpide bakoitzak adierazten du nola gauzatuko den, zein tresnaren bitartez eta nola ponderatuko den bildutako informazioa. Noiz aplikatuko diren azaltzeko informazioa ere ematen da. Horretaz guztiaz dokumentazio idatzia dago, eta horri esker ikus daiteke irizpideak badirela eta kurtsoan nola aplikatuko diren.
4.-Ebaluazioari buruzko planteamendu sistematiko eta zorrotza du. Hasierako ebaluazioa egiten du, ikasleek aurretik dakitenaren eta beren trebetasun eta jarreren gaineko informazioa lortzeko; ikaskuntzan izaten den aurrerapenari buruzko ebaluazioa egiten du, bai eta horien azken ebaluazioa ere.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Irakasleak ez du ebaluazioari buruzko planteamendu sistematiko eta zorrotza. Noizean behinka kontrolak egiten ditu, batere planifikaziorik gabe. Ez dago ebaluazioaren planteamendua biltzen duen dokumenturik.
2. maila.-Irakasleak ebaluazioari buruzko planteamendu sistematiko eta zorrotza du. Kurtsoaren hasieran ikasleen gaineko informazioa biltzen du, programazio orokorra egokitzeko eta ikasle guzti-guztiak ezagutzeko. Agerpen objektibo batzuek erakusten dute hasierako ebaluazioa egin dela eta irakasleak ikasle bakoitzari buruzko informazioa duela kurtso hasieratik. Hasierako ebaluazioko emaitzen arabera gehiago landu beharko liratekeen alderdiei buruzko jarraibideak ematen dituen dokumenturen bat bada. Denboraldi laburretan kontrolak edo informazioaren bilketa sistematikoa egiten ditu ikasleen ikaskuntzaren gainean (kurtsoan sei aldiz gutxienez). Dokumenturen batean azaltzen da nola egiten den ebaluazioaren azken sintesia.
3. maila.-Aurrekoaz gain, ikasle bakoitzari buruzko informazio idatzi sakona du, eta maiz itzultzen die informazioa ikasleei eta gurasoei (hiruhileko bakoitzean hiru aldiz gutxienez).
5.-Ikasleek ikasten dutena ebaluatzeko zenbait tresna dauzka eta aplikatu egiten ditu, eta bat datoz programazioan zehaztutako ebaluazio irizpideekin.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Ez du ikasleek ikasten dutena ebaluatzeko tresnarik edo eskasak dira eta noizean behin eta zorroztasun gutxirekin aplikatzen ditu.
2. maila.-Zenbait tresna dauzka, programazioko ebaluazio irizpideekin bat datozenak, programazioan ageri diren eduki mota desberdinak -kontzeptuak, prozedurak, jarrerak- ebaluatzeko (gutxienez: kontrolak, behaketa sistematikoaren orriak eta ikasleen lanak baloratzeko irizpideak).
3. maila.-Horretaz gain, aurreikusitako ebaluazio tresnak kalitate tekniko handikoak dira. Fidagarritasunaren eta baliozkotasunaren irizpide teknikoak errespetatzen dituzte.
6.-Ikasle bakoitzaren jarraipen pertsonalizatua egiten du eta ebaluazio prozesuko etapetan jasotako informazioa eta egindako behaketak erregistratzen ditu (lanen zuzenketak, proben emaitzak, ikasleen zailtasun eta lorpenak, ikaskuntzari buruz dituzten jarrerak...).
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Irakasleak ez ditu normalean behaketak erregistratzen eta ez du informazioa biltzeko tresnarik. Ikasten denaren azken ebaluazioaren emaitza gisa egiten dituen idatzoharrak baizik ez ditu erregistratzen.
2. maila.-Ikasten dena ebaluatzeko prozesu osoan erregistratzen ditu idatzoharrak (hasierako ebaluazioa, prozesukoa eta azkena), eta ikasleek ikaskuntzari buruz dituzten jarrerak, beren zailtasunak eta halakoak ere erregistratzen ditu.
3. maila.-Horretaz aparte, ikasle bakoitzaren fitxa bat dauka, eta bertan biltzen du: ikasleen ezaugarri pertsonalei buruzko informazio zehatza, egoeren aurrean izaten dituzten erreakzio eta zailtasunak, horiek erakusten baitute zer soziabilitate maila duten eta taldean edo gelan nola integratuta dauden, etab.
7.-Ebaluazio bilkuretan aktiboki parte hartzen du.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Ez du ebaluazio bilkuretan parte hartzeko interesik erakusten. Erraz jartzen ditu bilkuretara ez joateko aitzakiak. Ebaluazio bilkura osatzen duen irakasle taldearen eztabaida eta lanetan noiz edo noiz hartzen du parte.
2. maila.-Bilkuretako eztabaidetan parte hartu ohi du, eta proposamenak egiten ditu.
3. maila.-Bilkuretako eztabaida eta lanetan oso modu aktiboan parte hartu ohi du eta irakasle talde ebaluatzailea aberasten duten ekarpen eta proposamenak egiten ditu.
8.-Hezkuntzarako Laguntza Unitatearekin, zikloko irakasleekin eta KPBrekin batera lan egiten du, programazio orokorrean, zikloko programazioan, gelako programazioan eta ebaluazio bilkuretan, ezarritako neurriak prestatzeko, aplikatzeko eta horiei jarraipena egiteko.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Irakasleak ez du inolako lankidetzarik orientazioaren eta laguntzaren arloan aritzen diren beste profesional batzuekin, ezta aniztasunari erantzuteko plana prestatzen edo ikastetxeko irakaskuntzako organo kolegiatuek ematen dituzten jarraibideen aplikazio eta jarraipenean ere. Ez du talde lanerako joera handirik eta ez dago zikloan integratuta. Gutxitan esaten du zerbait irakaslanaren garapenari buruz.
2. maila.-Zikloko lankideekin batera aritzen da aniztasunari erantzuteko jarduerak, gelako programaziokoak, garapen kurrikularrekoak eta programazio orokorrekoak prestatzen.
3. maila.-Gainera, aktiboki parte hartu ohi du irakaskuntza jardueren jarraipena eta ebaluazioa egiten, eta horiek hobetzeko neurriak proposatzen ditu.
Data: .......................................
Sinadura: .......................................
PRAKTIKETAKO FUNTZIONARIOAREN IRAKASLE PRAKTIKARI BURUZ IKASTETXEKO ZUZENDARIAK EGIN BEHARREKO TXOSTENERAKO ADIERAZLEAK
Adierazleak
Praktikak egiten ari den funtzionarioa: ............................
Ikastetxea: ....................................
Adierazleak.
1.-Ordutegi pertsonala betetzen du: klasera joatea.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Ez du lan ordutegia betetzen. Ez da klasera joaten eta ez du arrazoi egokirik ematen.
2. maila.-Zehatz-mehatz betetzen du lan ordutegia. Ez du hutsik egiten, eta, egiten badu, arrozoi justifikatu bat izaten du.
3. maila.-Aurrekoaz gainera, ezinbesteko arrazoiengatik klasera joaterik ez duenean, beste aukera batzuk bilatzen ditu, ikasleei ahalik eta kalterik gutxien egiteko. Lan prestatua uzten du guardiako irakaslearentzat. Lan hori oso ongi prestatuta egon ohi da eta informazio eta orientazio asko izaten du.
2.-Ordutegi pertsonala betetzen du: puntualtasuna.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Ez du lan ordutegia betetzen. Klasera berandu iristen da eta ez du arrazoi egokirik ematen.
2. maila.-Zehatz-mehatz betetzen du lan ordutegia. Beti puntual iristen da, eta, noiz edo noiz berandu iristen denean, arrazoi justifikatua izaten du.
3. maila.-Aurrekoaz gainera, ordua baino lehentxeago iristen ahalegintzen da, klasea antolatzeko, ikasleak iristen direnerako dena prest egon dadin. Beharrezkoa denean, nahitaezko denbora baino gehiago behar duten aparteko egoerez arduratzeko prest agertzen da (aita edo amaren bat hartu, geroko utzi ezin diren presazko gaiak konpondu, etab.).
3.-Puntual joaten da deitzen diren bileretara.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Ez da puntual joaten bileretara (klaustroak, zikloko bilerak, etab.). Funts handirik gabeko aitzakiak jartzen ditu.
2. maila.-Bete beharrekoak zehatz-mehatz betetzen ditu. Beti puntual iristen da bileretara, eta, noiz edo noiz berandu iristen denean, arrazoi justifikatua izaten du.
3. maila.-Aurrekoaz gainera, bilera hasteko ordua baino lehentxeago iristen ahalegintzen da, bilera ezarritako orduan hasi ahal izateko. Bileretan, puntualtasunaren eta ordenaren aldeko giroa eta jarrerak sortzen laguntzen du.
4.-Korridoreetan, patioetan eta, oro har, ikastetxeko instalazioetan, ordena eta diziplina jartzen laguntzen du.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Bere irakasle eginkizunetan alde batera uzten du ikasleen sarrera-irteeretan, klase aldaketetan eta abarretan ordena eta diziplina jartzeko lana. Arduragabe jokatzen du jolasorduetako zainketan eta ikasleak ikastetxetik irteten direnean jarduera osagarriak egitera. Guardiak ez ditu behar bezala betetzen. Zenbaitetan ez du gogo onez hartzen beste irakasle batzuen ordezkapenak egitea.
2. maila.-Bere irakasle eginkizunak betetzen ditu ikasleen sarrera-irteeretan, klase aldaketetan eta abarretan ordena eta diziplina jartzeari dagokionez. Arduraz jokatzen du jolasorduetako zainketan eta ikasleak ikastetxetik irteten direnean jarduera osagarriak egitera. Guardiak behar bezala betetzen ditu. Ez du gogo txarrez hartzen beste irakasle batzuen ordezkapenak egin behar izatea.
3. maila.-Aurrekoaz gain, oso aktiboa da arlo hauetan: asko saiatzen da korridoreetan, patioetan eta halakoetan egin beharreko zainketa lanean.
5.-Bere lanean ordenatua, sistematikoa eta arduratsua da.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Bere lanean ez da ez ordenatua ez sistematikoa. Ez ditu garaiz aurkezten eskatzen zaizkion agiriak edo lanak. Bere dokumentazioa (programazioak, agiri administratiboak, etab.) ez dago ez ordenatuta ez antolatuta. Klaseak desorden itxura izaten du. Erantzunkizuna beste batzuen gain uzteko joera du.
2. maila.-Pertsona ordenatua da. Zehatz-mehatz betetzen ditu eskatutako lanak aurkezteko epeak. Bere klasean ordena nabari da; bere dokumentazioa antolatuta dago eta erraz aurkitzen du eskatzen zaiona. Arduraz egiten du lan.
3. maila.-Aurrekoaz gainera, ardura handiz eta prestasunez aritzen da lanean eta eskatzen zaizkion zereginetan. Zereginak arin eta eraginkortasunez egiten ditu.
6.-Gogo onez hartzen ditu ikastetxean denenak diren zereginak.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Gehienetan ez du gogo onez hartzen ikastetxean denenak diren zereginetan laguntzea. Bere klaseetatik kanpoko arloetan lan egiteko gogo handirik ez du erakusten.
2. maila.-Ikastetxeko zereginen baterako dei egiten zaionean, laguntza ematen du. Ez dio besterik gabe uko egiten ikastetxeak funtzionamendu hobea izateko beharrezkoak diren lanei.
3. maila.-Aurrekoaz aparte, gogo onez hartzen ditu beti ikastetxeak funtzionamendu hobea izateko beharrezkoak diren lan eta zereginak. Bere lankideei kemena eta motibazioa eransten die, ikastetxeak funtzionamendu hobea izateko beharrezkoak diren lan eta zereginetan laguntzeko.
7.-Talde lanerako gaitasuna erakusten du.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Gehienetan ez du gogo onez hartzen taldean lan egitea. Taldean aritzen denean, jarrera pasiboa izaten du eta ez du parte hartzen, edo oztopatu egiten du taldeko lana.
2. maila.-Talde lanen baterako dei egiten zaionean, laguntza ematen du. Ez die besterik gabe uko egiten talde lanei.
3. maila.-Aurrekoaz aparte, gogo onez hartzen ditu beti talde lanerako beharrezkoak diren lan eta zereginak. Buruzagi petoa da.
8.-Klaustroetan eta gainerako parte-hartze eta lankidetza organoetan parte hartzen du.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Gehienetan jarrera negatiboak izaten ditu klaustroetan.
2. maila.-Gehienetan jarrera positiboak izaten ditu klaustroetan. Eskola Kontseiluan lantzen diren gaietan interesa izaten du. Bere iritzi eta proposamenak ezarritako bideetatik helarazten ditu.
3. maila.-Aurrekoaz gainera, aktiboki hartzen du parte klaustroetan, klaustroari batasuna eta koherentzia ematen dioten ideia eta proposamen eraikitzaileak aurkeztuz.
9.-Jarduera osagarrietan eta eskolaz kanpokoetan aritzen da.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Ez du interesik jartzen jarduera osagarrietan. UPOn onetsitako jarduera osagarriak ez ditu betetzen edo oso modu errutinarioan egiten ditu, curriculumaren ingurunetik kanpo.
2. maila.-Interesa jartzen du jarduera osagarrietan. UPOn onetsitako jarduera osagarriak modu positiboan egiten ditu. Zikloko bileretan jarduera osagarriak proposatzen ditu, ikaskuntzarako lagungarri den baliabide didaktiko gisa.
3. maila.-Horretaz aparte, aktiboki parte hartzen du jarduera osagarrien diseinuan. Sortzailea da jarduera osagarri berriak proposatzen dituenean. Dedikazio berezia izaten du era horretako jardueretan. Eskolaz kanpoko jardueretan ere proposamenak egiten ditu eta nolabait parte hartzen du.
10.-Modu pertsonalizatuan arduratzen da ikasleez.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Ez da behar bezala arduratzen ikasleez, eta ez ditu orientatzen ikaste prozesuan eta garapen pertsonalean. Sentsibilitate gutxi erakusten du neska-mutikoen artean egunez egun sortzen diren arazo eta zailtasunen aurrean. Ikasleei ez die inolako jarraipenik egiten behar hori dutenean.
2. maila.-Ikasle bakoitzaren egoerarekiko interesa erakusten du, hala arlo akademikoan nola garapen pertsonalekoan. Ikasle bakoitzari gertatzen zaionaz arduratzen da. Klasera joaten ez diren ikasleen jarraipena egiten du egunero, eta agertu ez izanaren arrazoiez interesatzen da.
3. maila.-Aurrekoaz gainera, ikasleek konfiantza handia dute irakaslearengan, eta berarengana jotzen dute arazoren bat dutenean. Irakasle bikaina da bai hezkuntzaren arloan bai giza balioetan.
11.-Modu pertsonalizatuan hartzen ditu gurasoak edo legezko tutoreak.
Puntuazioa - Maila [ ]
1. maila.-Gurasoak ez ditu behar bezala hartzen, eta ez dizkie behar diren argibideak ematen beren seme-alabek eskolan duten egoerari buruz. Sentsibilitate gutxiz jokatzen du gurasoekin izaten dituen harremanetan. Behin eta berriz izaten dira kexak hori dela eta.
2. maila.-Ikasle bakoitzak arlo akademikoan eta garapen pertsonalekoan duen egoerari buruz gurasoekin hitz egiteko interesa erakusten du. Gorabeheraren bat izanez gero, horren berri emateaz arduratzen da. Ez da zain egoten gurasoek elkarrizketa bat eskatu arte, planteamendu sistematikoa baitu haiekin guztiekin hitz egiteko.
3. maila.-Aurrekoaz gainera, gurasoek konfiantza handia dute irakaslearengan, eta berarengana jotzen dute arazoren bat dagoenean. Gurasoek irakasle bikaintzat dute, bai hezkuntzaren arloan bai giza balioetan.
Data: .........................................
Sinadura: .........................................
III. ERANSKINA. Praktiketako irakasleen txosten-memoria
Praktiketako izangaiak Batzorde Kalifikatzaileari aurkeztu behar zaion txosten-memoria egin eta garatzeko erraztasun handiagoa izan dezan, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak eskema hau jarraitzea proposatzen du:
1.-Irakaslana gelan.
2.-Ikastetxean ematen den denbora.
3.-Gainditu beharreko jarduerak:
-Didaktikoak
-Instituzionalak
-Ikastetxean integratzeari buruzkoak
4.-Izangaiak emandako irtenbideak.
5.-Jasotako laguntza:
-Tutorearena
-Ikasketaburuarena
-Irakaskuntza taldearena
-Zuzendaritza taldearena
-Aipagarria iruditzen zaion bestelako laguntza.