(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

31/2010 Foru Agindua, otsailaren 22koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Farmakozaintzaren Aholku Batzorde Teknikoa sortzen duena

 

(2010eko 37. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 24an)

Atarikoa

Nafarroako Farmakotzaintzaren Batzorde Teknikoa 1991ko maiatzaren 6ko Foru Aginduaren bidez sortu zen, Osasun eta Kontsumo Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak, farmakozaintza programa bat egiteko, sinatu zuten lankidetza hitzarmen bat aplikatuz. Gero, ekainaren 13ko 225/1991 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Farmakozaintza Zentroa sortu zen.

Abenduaren 22ko 126/2008 Foru Dekretuaren bidez, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretua aldatu zen, eta horren ondorioz Nafarroako Farmakozaintza Zentroa Osasun Zuzendaritza Nagusiari atxiki zitzaion.

Nafarroako Farmakotzaintzaren Batzorde Teknikoa sortu zenetik igarotako denbora eta Nafarroako Farmakozaintza Zentroaren atxikipenaren aldaketa kontuan harturik, egokitzat jo da batzorde horren ordez aholku batzorde tekniko bat sortzea, foru agindu honen bidez sortzen dena alegia, Osasuneko kontseilariak osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzeari buruz 1990ko urtarrilaren 12an eman zuen Foru Aginduan ezarritakoarekin bat.

Horrenbestez, osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzeko Osasuneko kontseilariaren 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, agindu dut:

Lehena

Nafarroako Farmakozaintzaren Aholku Batzorde Teknikoa sortzea.

Bigarrena

Nafarroako Farmakozaintzaren Aholku Batzorde Teknikoa kide hauek osatuko dute:

-Batzordeburua: Nafarroako Farmakozaintza Zentroko zuzendaria.

-Idazkaria: Nafarroako Farmakozaintza Zentroko teknikari bat.

-Batzordekideak:

-Nafarroako osasun sareko ospitaleetako hamar espezialista; horietatik lau farmazialariak izanen dira.

-Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzako bi ordezkari.

-Adimen Osasuneko Zuzendariordetzako ordezkari bat.

-Osasun Departamentuak Osasun eta Kontsumo Ministerioko Pazienteen Segurtasunerako Batzorde Teknikoan duen ordezkaria.

-Osasun Laguntzaren Zerbitzuko funtzionario bat.

Nafarroako Farmakozaintzaren Aholku Batzorde Teknikoko kideak Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez izendatuko dira.

Hirugarrena

Nafarroako Farmakozaintzaren Aholku Batzorde Teknikoak eginkizun hauek izanen ditu:

-Osasun Zuzendaritza Nagusiari farmakozaintzaren arloan aholkuak ematea.

-Nafarroako Farmakozaintza Zentroari aholkuak ematea jasotako kontrako erreakzioen ebaluazioan.

-Farmakozaintza arloko jarduerak bultzatzea, kontrako erreakzioen susmoei buruzko abisuak sustatzeko eta osasun zentro eta laguntza esparru bakoitzean farmakozaintza programa bat ezarri eta garatzeko, pazientearen segurtasuna hobetzea helburu.

-Botiken ebaluazioari eta haien arriskuen kudeaketari buruzko azterlanak bultzatzea osasun zentroetan.

-Osasun Zuzendaritza Nagusiari laguntzea botiken segurtasunari buruzko ezagutzaren hedapen lanetan osasun laguntzaren esparruan.

Laugarrena

Batzordea bere barne funtzionamendurako arauetan eta, horrelakorik ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoentzat ezarritako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz erregulatuko da.

Batzordeak urtean bitan edo hiruretan eginen ditu bilkura arruntak. Hori horrela, bere lanak jarraituak izan daitezen, azpibatzorde bat sortu beharko da, zazpi kidez osatua, Osasuneko zuzendari nagusiak batzordeko kideen artean aukeratuak. Azpibatzordeak Nafarroako Farmakozaintzaren Aholku Batzorde Teknikoaren eginkizunak bere gain hartuko ditu bilkuren arteko aldietan, eta bereziki, Farmakozaintza Zentroari kontrako erreakzioen ebaluazioaren gainean aholku emateko eginkizunak.

Bosgarrena

Indarrik gabe uztea Osasuneko kontseilariaren 1991eko maiatzaren 6ko Foru Agindua, Nafarroako Farmakozaintzaren Batzorde Teknikoa sortu zuena.

Seigarrena

Foru agindu hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Osasun Laguntzaren Zerbitzuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari eta Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziari, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Zazpigarrena

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa