(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

15/1996 Foru Dekretua, urtarrilaren 15ekoa, Nafarroan Bonelli arranoa ugaltzeko plana onesten duena

 

(1996ko 13. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 29an)

Atarikoa

Bonelli arranoa (Hieraaetus fasciatus Veillot, 1882) Nafarroan, Iberiar Penintsulako gainerako lekuetan bezala, gainbehera prozesu batean murgildua dago. Hirurogeita hamargarren hamarkadaren erdialdean zazpi bikote ziren Nafarroan; laurogeigarrenean, berriz, bost eta egun hiru leku besterik ez du hartzen.

Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeak ezartzen du "desagertzeko arriskuan" dauden espezieendako ugaltzeko plana antolatu behar dela. Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalagoan Bonelli arranoa agertzen da, desagertzeko zorian dagoen espezie bezala.

Behar-beharrekoa da beraz, neurri tekniko, administratibo legezkoak hartzea espezie hau mehatxupean duten faktoreak galarazteko eta behar diren ekintzak aurrera eramatea hura ugaltzeko.

Honako ugaltzeko plan hau, zeinaren azken buruko xedea baita Bonelli arranoaren itzaltze arriskua eginahalean suntsitzea, ekintza multzo baten ondorio da, xede hori Nafarroako lurraldean betetzeko behar adinako arau-indarra duen tresna batean gauzatua.

Hori horrela delarik, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak hala proposaturik, eta 1996.eko urtarrilaren 15eko bilkuran Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:

1. artikulua

Bonelli arranoa (Hieraaetus fasciatus) Nafarroan ugaltzeko plana, Foru Dekretu honen eraskinean agertzen dena, onetsi egiten da.

2. artikulua

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagokio Foru Dekretu honek agintzen dituen eta beragandik heldu diren iharduketak kudeatzea.

3. artikulua

1. Ugaltzeko Plana ekintza programen bidez eramanen da aurrera, eta horrela zehaztuko ditu denboran eta espazioan bere aurrikuspenen kunplimendua.

2. Ugaltzeko planean aipatzen diren neurriak ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak beste elkarte autonomoren batean honekin lotutako plan edo ekintzarik garatzen ari bada, hango erakunde eskudunekin kontsulta eta koordinazioa egiteko bide egokiak paratuko ditu.

Azken Xedapenetako Lehenbizikoa

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari esku ematen zaio Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERASKINA. Bonelli arranoa Nafarroan ugaltzeko plana

I.-Helburua.

Bonelli arranoa (Hieraaetus fasciatus, Veillot, 1882) Nafarroan ugaltzeko planaren helburua da espezie honen populazioari eustea eta hura haunditzea, populazio ugalkorra, populazio ez-egonkorra eta banaketa eremua Mediterranio aldeko gainerako populazioarekin lotura sortzerainokoak izan daitezen eta epe luzean bideragarritasun genetiko eta demografikoa berma dadin.

II.-Ezartze eremua.

2.1. Plan honen ezartze eremua, hau da Bonelli arranoaren ugalketa, hazkunde eta elikatze eremua, honako hau da:

-Irunberriko Arroileko Natur Erreserba (25-NR).

-Kaparretako Natur Erreserba (26-NR).

-Etxauriko Harmaila, horretarako Basa Faunaren Babesgune (14-BFBE) deklaratu delarik.

2.2. Hiru eremu hauek Basa Faunaren Babesgune dira Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen ondorioetarako eta eskudun erakundeei Babesgune Bereziko Eremu deklaratzea proposatu ahalko zaie, habitatak eta basa fauna eta flora babesteari buruzko Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

III.-Planaren helburuak eta ekintzak.

A) Kontserbazio ekintzak.

1. helburua: arrano heldu eta arrano gazteak elektrizitate sareko lineekin jotzean eta elektrokutatzean sortu daitezkeen heriotzak galaraztea.

1.1. Planaren eremuan elektrokuzio arriskua sortzen duten lineak kendu eginen dira hamar urteko epean, gehienez ere. Ezin izanen da linea berririk jarri.

1.2. Planaren hiru eremuen inguruan eta Kodes, Alaitz eta Leireko mendikateetan, bai eta Alaitz mendikateko hego eta ekialdeetan, edozein hegazti babestu elektrokutatu dela ikusten bada, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak elektrizitate sareko lineetan behar diren zuzenketak bultzatuko ditu, apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretuan proposatutako neurrien arabera, ahal dela gertakaria ikasi eta urte beteko epean gehienez ere.

1.3. Ugaltze garaian eta arrano gazteak gurasoen ardurapean daudenean kableak jotzeko arriskua galarazteko, ahal den neurrian ez da jarriko babesik gabeko elektrizitate linea berririk Planaren eremutik baino gutxiagora dauden inguruetan.

2. helburua: ehizak sortzen duen arriskua ttipitzea.

2.1. Planaren eremuan eragina duten ehiza antolatzeko planek kontutan izan beharko dute espeziea beren iharduketa eremuetan bizi dela, ugaltzeko plan honetan ezarritako aurrikuspenen arabera.

2.2. Planaren eremuan diren alderdien kopuruan aldaketak izan daitezke, Ehiza Antolatzeko Planek, behar bezala justifikatuta, halaxe ezartzen dutenean, beti ere Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 54.5 artikuluak xedatutako ehiza barrutietako erreserba portzentaien barrenean.

2.3. Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 9. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, salbuespen gisa planaren eremuan basurde ehiza baimentzen bada, denboraldi bakoitzeko urtarrilaren 15a baino lehenago egin beharko da, habia-eremuaren inguruko 500 metrotan burutzen bada, bederen.

3. Populazio ugalkorraren hazkunde tasa handitzea.

3.1. Planaren eremuan lasaitasuna bermatzea eta ugaltze garaian sor daitezkeen oztopoak galaraztea.

3.2. Planaren eremuaren barrenean ibilgailuendako bideak egitea mugatu edo baldintzatu ahalko da. Pista edo bide berriak egiteak haien erabilera mugatzea ekar dezake, behar bada, edo ingurugiro zuzenketak sartzea haietan, Bonelli arranoaren habitata kontserbatu ahal izateko. Zuzenketa neurri horiek Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimenduko ditu dagokion izapidean, uztailaren 19ko 229/1993 Foru Dekretuaren arabera.

Orobat, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den Foru Agindu bidez, habia-eremutik baino gutxiagora dauden pista eta bideetan aldi baterako mugapenak ezarri ahalko ditu, arranoak gurasoen ardurapean direnean nahiz kumeak hazitzen ari direnean lasaitasuna izan dezaten. Aldi bateko mugapena duten bideetan seinaleak, behar diren gisakoak, jarriko dira edo itxi eginen dira, mugapenak dirauen bitartean.

3.3. Habia-eremuetan kontrola eta begiramendua izanen da denboraldi kritikoan zehar, kasu honetan martxoaren 1etik uztailaren 31 arte. Begiramenduak erabatekoa behar du izan jai egunetan, iharduketa programan ezarritakoaren arabera. Begiramendua Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko inguruzainen ardura izanen da.

3.4. Debekaturik dago argazkigintza profesionala nahiz habien behaketa habia-eremutik baino gutxiagora, iharduketa programan egiten dena salbu eta hori ziurtasun neurriak hartuz. Urteko edozein sasoitan habiak ikusteko edo ugaltze garaian haietara hurbiltzeko Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko baimena, espreski emana, beharko da.

3.5. Planaren hiru eremuetan nahiz habia-eremuetako inguruetan, kilometro batean, delta hegalean, parapentean edo ultra-arinetan hegan ibiltzea debekatua dago. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aeronautika elkarteei zonalde hauetan hegan egiteko dauden mugapenen berri emanen die.

3.6. Iharduketa programaren barrenean eta denboraldi bakoitzean erabilitako habien kokagunearen arabera, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak, behar diren mugapenak ezarri ahalko ditu eskaladan maiz erabiltzen diren lekuetan, ugaltzen garaian sor daitezkeen eragozpenak ttipiago izan daitezen.

Erabilitako habien baino gutxiagora dauden harmaila eta eskalada bideetan eskaladan ibiltzea galarazia dago. Helburu hori betetzeko, Mendi-Kirol eta Eskaladako Nafarroako Federakundearen lankidetzaz behar izanez gero, denboraldi kritikoan, hau da, martxoaren 1etik uztailaren 31 bitartean, erabili ezingo diren eskalada bideetan aldez aurretik eta era egokian seinaleak paratuko dira.

Orobat, behar izanez gero, Mendi-Kirol eta Eskaladako Nafarroako Federakundearen lankidetzaz Bonelli arranoak habiak egiten dituen harmailetan eskalada bide berriak eraikitzea debekatu eginen da, bai eta egun espezieak habiak egiteko erabiltzen dituen lekuetan daudenak tresneriarik gabe utzi ere.

3.7. Bonelli arranoa ehizan ibiltzen den inguruetan balizko harrapakin ugari izan dadin ziurtatzea.

B) Jarraipen eta kontrol iharduerak.

4. helburua: Bonelli arranoaren ugaltze parametroez eta populazioaren bilakaeraz informazio eguneratua eskura izatea.

4.1. Urtero oharrak jasoko dira honakoei buruz: heldu ugalkorrak bertan diren ala ez; ezagunak diren bajak; gertatutako aldaketak; desagerpenaren balizko arrazoiak.

4.2. Bonelli arranoren bat, dela heldua, dela gaztea, hiltzen bada, ikertu eginen da nongoa den eta heriotzaren balizko zergatiak jakiteko. Ahalegina eginen da hildako arranoak jasotzeko heriotzaren zergatiak zehatz-mehatz aztertu ahal izateko.

4.3. Egun bere eremuak dituztenetatik kanpora arrano helduek edo gazteek izan ditzaketen elkartzeei edo beste edozein oharpenei buruzko berriak jasoko dira, gazteen sakabanatze eremuak izan daitezkeenak edo bikote ugalkor berrien behin-behineko pausalekuak zehazteko.

4.4. Bonelli arranoaren bikote guziei jarraipena eginen zaie denboraldi ugalkorrean eta bakoitzaren kasuan ohar hauek jasoko dira: erabilitako habia, errunaldiaren data, gutxi gora-behera, inkubazioaren arrakasta edo porrota, hegaldi tasa, produktibitatea eta, behar bada, ugaltzearen porrotaren momentua eta zioak.

4.5. Ahal izanez gero habietan abandonatutako arrautzak jasoko dira beren kutsadura maila aztertzeko eta tolorta zergatik gelditu diren jakiteko.

5. helburua: ugaltze plan honen barrenean hartutako neurriak zenbateraino diren eraginkorrak urtero begira dadila finkatzea.

5.1. Ugaltze planeko helburuak zenbateraino bete diren ebaluatuko da, emaitzak indarra hartu baino lehenagoko datuekin erkatuz.

Helburuak betetze horren ebaluazioan ondoko hauek hartuko dira kontutan: populazioen aldi bateko bilakaera, hilkortasun eta produktibitate tasak, espezieari buruz Komunitatean diren ezagupen zientifikoen hobetzea eta espeziea babesteko hartutako neurriak noraino betetzen diren.

5.2. Ugaltzeko plana populazioak noraino onartzen duen eta horretan aurrikusten diren heziketa eta zabalkundeak zer eragin duen neurtuko da.

Neurketa ukitutako gizatalde guziei (ehiztariak, eskalatzaileak, eskolaumeak), planaren aplikazio eremuaren barrenean den populazioari eta Nafarroako populazioari oro har eginen zaizkien kontsulta eta inkesten bidez gauzatuko da.

C) Ikerketa lanak.

6. helburua: espezia eta hark Nafarroako habitata nolatan erabiltzen duen hobeki ezagutu, batez ere kontserbazio neurriak definitu eta aplikatzeko xehetasunak.

6.1. Ikerketa neurri nagusiak honako hauek izanen dira:

-Denboraldi kritikoetan espezieak jasaten dituen eragin negatibo mota eta mailen ikerketa eta bikote ezberdinen ugaltze arrakastarekin duten zerikusiaren ebaluazioa.

-Hego-markaketaz eta radiojarraipenaz baliatuz honako hauek ikertuko dira: arrano gazteak gurasoen ardurapean dauden aldiko bilakaera, berezte aldia, gazteak nora biltzen diren maiz eta sakabanatze aurreko gazteen heriotzen balizko zergatiak.

6.2. Nafarroako Bonelli arranoaren eredu demografiko bat eginen da, ondoko hauetan oinarritua: helduen eta sakabanatze aurreko gazteen hilkortasun tasa, urteko produktibitatea, helduaro aurreko banakoen hilkortasuna, jatorrizko lurraldera egiten duten itzulera, populazio ez-egonkorra eta populazio ugalkorraren adinen egitura.

6.3. Ugaltzeko ahalmenean eta emaitzan beste espezieek duten eraginaren azterketa, bai eta Nafarroan Bonelli arranoak utzitako lurraldeetan berriro ere hedatzeko gaitasuna.

6.4. Nafarroako Bonelli arranoen arrautza tolorten egituraren azterketa kimikoa, baita horietan egon daitezkeen kutsagaiena ere.

6.5. Nafarroako Bonelli arranoaren dieta eta produktibitatean elikaduraren aldaketak izan dezakeen garrantziaren ebaluazioa.

6.6. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak Bonelli arranoaren espeziearen biologiaz, egoera zehazteaz eta Mediterranio aldeko populazioaren bilakaeraz ezagupenak sakontzeko egin daitezkeen autonomiaz gaindiko ikerketa proiektuetan parte hartuko du.

D) Heziketa eta zabalkunde iharduerak.

7. helburua: Bonelli arranoaren egoera, arazo eta babes beharrekiko gizarte talde guzien sentsibilitatea handitzea.

7.1. Nafarroako Gobernuaren meneko natura interpretatzeko zentroen barrenean, planaren aplikazio eremutik hurbil diren horietan, alegia, berariazko ekintzak antolatuko dira espeziearen biologia, behar diren babes neurriak eta Nafarroan Bonelli arranoa berreskuratzeko planaren berri emateko.

7.2. Planaren aplikazio eremutik hurbil dauden ikastetxeetan, hezkuntza kanpainak antolatuko dira ume eta gazteen sentsibilizazioa handitzeko Nafarroako Bonelli arranoa kontserbatzearekiko.

7.3. Xede honekin unitate didaktikoak eta dibulgazio materiala prestatuko dira. Horiek eskola programazioetan sartu nahi dituzten irakasleen esku egonen dira.

7.4. Gizarte talde guztiendako dibulgazio kanpainak prestatzea.

7.5. Horretarako zabalkunde liburuxkak argitaratuko dira eta horietan, laburturik, honako hauek sartuko: espeziearen ezaugarri biologiko eta ekologiko nagusiak, Nafarroan izan duen populazio bilakaera, heriotzen zergatiak, hura kontserbatzeko hartu beharreko neurriak eta Bonelli arranoa Nafarroan ugaltzeko planaren lerro nagusiak.

7.6. Bonelli arranoa Nafarroan ugaltzeko planaren izaera eta edukinen berri emanen zaie toki entitateei, ehiza teknikariei, Mendi eta Eskaladako Nafarroako Federakundeari eta delta hegaleko taldeetako arduradunei.

7.7. Prestakuntza ikastaroak antolatuko dira Nafarroako Gobernuko inguruzainentzako eta Foruzaingoko Ekologia Ataleko kideentzako, espeziea, egungo egoera eta ugaltze plan hau ongi ezagut dezaten.

Iruñea, Lizarra, Agoitz, Tafalla eta Tuterako errondetako inguruzainei, baldin populazio ugalkorra kontrolatu behar badute, ikastaroak emanen zaizkie.

7.8. Estatuko Administrazioko eta Komunitate Autonomoetako natura eta ingurugiroa zaintzeko zerbitzuei plan honen kopia bat igorriko zaie, beharrezkotzat jotzen dituzten neurri osagarriak hartu eta Bonelli arranoa babesteko autonomiaz gaindiko akordioetara heltzeko bideak azter ditzaten.

IV.-Ekintza programa.

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, ahal dela urtero, ekintza programa prestatuko du. Programan xehetasun hauek aurkeztuko dira:

-Ihardueren laburpena eta planaren helburuak noraino bete direnaren ebaluazioa.

-Aurreko ekintza programako aurrekontuko kontusailetan agertzen diren gastuak, xeheki emanak.

-Hurrengo urteko denboraldi biologikoan lehentasuna duten helburuak, ugaltzeko planaren helburu orokorren barrenean.

-Kanpaina berrian egin nahi diren ekintzak, horien egutegi behin-behinekoarekin batera.

-Ekintza horiek aurrera eramateko langileen arloan eta bestelako materialetan izanen diren premien aurrikuspena.

-Ekintza programa gauzatzeko behar den aurrekontu dotazioaren kalkulu xehetua.

-Nafarroako Gobernuari dagozkion finantza lerroak eta aurrekontuen kontusailak, xeheki emanak.

V.-Indarraldia.

Ugaltze plan hau bere osoan aplikatuko da indarrean sartzen denetik harik eta espeziea "desagertzeko arriskuan" bezala katalogatuetatik ken daitekeen arte. Espeziearen edo haren habitataren kontserbazio egoeran mamizko aldaketarik izaten bada, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak zilegi izanen du berrikuste prozesu bati ekitea, eta horren buruan bai planaren helburu orokorrak eta bai plana burutzeko ekintza xehetuak berriz definitzea. Nolanahi ere, laur urtetik behin berrikusiko da.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa